Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2026ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
930

35/2026 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien 2026. urterako igoera onartzen duen Erabakia.

2026ko otsailaren 17an egindako bilkuran, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien 2026. urterako igoera onartzen duen Erabakia, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien 2026. urterako igoera onartzen duen Erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 24KO 35/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOAN DIHARDUTEN LANGILEEN ORDAINSARIEN IGOERA, 2026. URTERAKO

Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legearen 19. artikulutik 24. artikulura bitartean ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsariak, eta xedatzen du lan-kontratukoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak aurrekontu-ekitaldian indarrean daudenak izango direla, bat etorriz administrazio publikoetako funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauekin.

19. artikuluko 13. eta 14. apartatuek lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen, parekatuen eta behin-behineko langileen 2026ko ekitaldirako ordainsariak arautzen dituzte; 22. artikuluko 1. apartatuak zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako zuzendaritza-kideen ordainsariak aurreikusten ditu; 19. artikuluko 9. apartatuak lan-kontratupeko langileen ordainsariak ezartzen ditu, eta, azkenik, Ertzaintzako langileen ordainsariak 20. artikuluan arautzen dira.

Sektore publikoaren eremuko ordainsarien arloan presako neurriak onartzen dituen abenduaren 2ko 14/2025 Errege Lege Dekretuak % 1,5eko soldata-igoera finkagarria ezartzen du 2026an sektore publikorako, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeuden zenbatekoekiko. Ordainsari-igoera hori homogeneotasunaren arabera hartuko da kontuan konparazioaren bi aldietarako, bai langileei dagokienez, bai langileen antzinatasunari dagokionez, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorio ekonomikoak.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 17.2 f) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta gainerako langileen ordainsari-baldintzak aplikatzeko arauak eta jarraibideak urtero ezartzea.

Horregatik, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaio, hark onar dezan, sektore publikoko langileen ordainsarien % 1,5eko igoera osagarria 2025eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izango dituena.

Horiek horrela, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, 2026ko otsailaren 17an egindako bilkuran, hau

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Baimentzea, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeuden urteko guztizko ordainsarien % 1,5eko igoera orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko entitate publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako lan-kontratudunak ez diren langileentzat, baita lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekoentzat eta behin-behineko langile eta zuzendaritza-kideentzat ere.

Bigarrena.– Oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:

a) 2026ko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan, soldata eta hirurtekoengatik, hamabi hilabeteri dagozkien zenbateko hauek:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

b) 2026ko ekaineko eta abenduko aparteko paga bakoitzean, soldata eta hirurtekoengatik, zenbateko hauek:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Hirugarrena.– Bat etorriz Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 122.2.a).1 artikuluan ezarritakoarekin, hau izango da 12 hilekori dagokion lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoa 2026. urtean, lanpostu-maila bakoitzari dagokiona:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Laugarrena.– Hau izango da Ertzaintzako kategoria bakoitzean 12 hilekori dagokion lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoa 2026. urtean:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Bosgarrena.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak, halaber, % 1,5 igoko dira 2025eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.

Seigarrena.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Zazpigarrena.– Behin-behineko langileen ordainsariak % 1,5 igoko dira 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

Zortzigarrena.– Justizia Administrazioko langileen ordainsariak berariazko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Bederatzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, haren organismo autonomoetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan diharduten langile lan-kontratudunen ordainsariak % 1,5 igoko dira 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Hamargarrena.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateen zerbitzuan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masak ezin izango dira igo % 1,5 baino gehiago, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2026ko soldata-masaren gehieneko muga, eta negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko da nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.

Hamaikagarrena.– Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, haien zenbateko indibidualak ezin izango dira igo % 1,5 baino gehiago, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.

Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.


Azterketa dokumentala