
40. zk., 2026ko otsailaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
900
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 13koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektua».
Santurtzi-Kabiezes tarteko Bilboko Hiri Trenbidearen trazadura-proiektua 2001eko azaroaren 7ko Ebazpenaren bidez onartu zen. Proiektu hartan definitutako trazadurak BHTren 2. linea Kabiezes auzoan amaitzen zuen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialak, 2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretu bidez onartuak eta 2005eko otsailaren 22ko 34/2005 Dekretu bidez aldatuak, aurreikusten du BHTren 2. linea Santurtziko erdigunetik Kabiezeseko geltokiraino luzatzea, baita Kabiezesen kotxetegi berriak ezartzea ere. Horren ondorioz, 2005ean «Kabiezes eremuko eta Mamarigarako sarbide berriaren Bilboko Metroaren trazadura-proiektuaren aldaketa» izeneko dokumentua idatzi zen. Aldaketa horrek Santurtzi-Kabiezes tarteko trazadura-proiektuan jasotakoa eguneratzen zuen, hiru elementu berri sartuz: kotxetegietarako lotura teknikorako adar bat, Santurtziko Mamariga auzorako sarbide bat BHTren 2. lineako etorkizuneko Santurtzi geltokitik, eta Kabiezeseko trakzio azpiestazio elektrikorako lotura teknikoa. Kotxetegien kokapena Ortuellako udal mugartean planteatu zen, Ballonti ardatzaren etorkizuneko trazaduraren, A 8 autobidearen eta Iberdrolaren azpiestazioaren inguruan.
2006ko urtarrilaren 16ko Ebazpenaren bidez, aipatutako trazadura-proiektuaren aldaketa jendaurrean jarri zen. Jendaurreko izapidean, Ortuellako Udalak alegazio bat aurkeztu zuen, proposatutako trazaduraren eta kotxetegien lerrokadurak aldatzea eskatuz, Goiarzu baserriaren gaineko eragina saihesteko. Trazaduraren aldaketa 2008ko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez onartu zen (2008ko apirilaren 29ko EHAAn argitaratua), Ortuellako udal mugartean kokatutako kotxetegiei dagokienez izan ezik. Ebazpenak berariaz adierazi zuen «... Ortuellako Udalak eskatutakoarekin bat etorriz, kotxetegien kokapena aldatuko dela, eta aldaketa hori azterlan informatibo berri batean jasoko dela».
Horren ondorioz, BHTren Kabiezesko kotxetegien azterlan informatiboa idatzi zen, eta 2016ko apirilaren 19an onartu zen Garraio Azpiegituren zuzendariaren Ebazpenaren bidez. Azterlanak etorkizuneko kotxetegiak eta haien trenbide plataforma Ballonti ibarbidearen eta A 8aren artean kokatzen ditu, eta, gainera, lotura trazadura, Uriosten 2. linearen amaierako geraleku berria eta haren ondoan aparkaleku disuasorio bat jasotzen ditu.
Ingurumen organoak 2011ko abuztuaren 1ean adierazi zuen ez zela beharrezkoa ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura aplikatzea.
Dokumentuaren xedea da Kabiezesko etorkizuneko kotxetegien eta haien trenbide plataformaren oinarrizko proiektua garatzea, Ballonti ibarbidearen eta A 8aren arteko eremuan. Oinarrizko proiektu honek eraikuntza proiektuaren aurreko fasea osatzen du, eta azpiegitura berriaren ezaugarri geometrikoak zehazten ditu, baita ukitutako ondasun eta eskubideen definizio zehatza ere, 2015eko irailaren 29ko 38/2015 Trenbide Sektorearen Legearen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua hogeita hamahiru milioi zortziehun eta hirurogeita sei mila eta berrogeita hamabost (33.866.055) eurokoa da. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua berrogeita zortzi milioi zazpiehun eta hirurogeita hiru mila zazpiehun eta hogeita hamabi euro eta berrogeita hemeretzi zentimokoa (48.763.732,59) da, bez barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: berrogeita bat milioi ehun eta berrogeita zortzi mila seiehun eta bost euro eta berrogeita bost zentimokoa (41.148.605,45), BEZik gabe.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak oinarrizko proiektuei ezartzen dizkieten betekizunak betetzen dituela.
Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak 11.2.b) artikuluan.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, berrogeita zortzi milioi zazpiehun eta hirurogeita hiru mila zazpiehun eta hogeita hamabi euro eta berrogeita hemeretzi zentimo (48.763.732,59) da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Jendaurrean jartzen da, guztiek horren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 13a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS