Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2026ko otsailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
899

AGINDUA, 2026ko otsailaren 18koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuei gazteriaren arloan programak eta jarduerak garatzeko dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia egin eta ezartzen duena.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio gazte-politikaren arloko eskumen esklusiboa.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio gazteriaren eta emantzipazioaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila beste erakunde batzuekin batera aritzen da Euskal Autonomia Erkidegoan gazteriaren arloko jarduerak sustatzen. Horretarako, sail horrek, agindu honen bidez, bideak ezartzen ditu pertsona juridiko pribatuei laguntza eraginkorra emateko, baldin eta helburuen artean badute deialdi honek zehazten dituen eremuetako batean jardueraren bat garatzea.

Agindu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren eremuan bideratutako laguntza hori gazteen integrazioari laguntzeko tresna osagarri gisa planteatzen du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei gazteriaren arloko programak gauzatzeko aukera emanez, erakunde horiek libreki egindako diseinuaren arabera, eta gazteriaren arloko eragileen ekimen sortzailea murriztu dezakeen muga zorrotzik ezarri gabe.

Azaldutakoaren arabera, deialdi honen bidez laguntza-esparru bat diseinatzen da gazteriaren arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuentzat. Esparru horrek, hain zuzen ere, behar bezain zabala izan beharko du, urteko jarduera edo programa bat zorroztasunez eta nahi duten ikuspegitik gauzatu nahi duten erakunde guztiek dirulaguntza eskuratzeko modua izan dezaten (betiere, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9.1.i) artikuluak emandako eskumenari jarraikiz).

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren 2025-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea eta 2026. urtean gazteriaren arloan programak eta jarduerak garatzeko dirulaguntzen deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari. Haren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 18a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

I. ERANSKINA
2026. URTEAN GAZTERIA ARLOAN EGITARAUAK ETA JARDUERAK GARATZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO MODUA EZARTZEN DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuentzako dirulaguntzak arautzea eta emateko deialdia egitea, gazteria-arloan urteko programak eta jarduera zehatzak gauzatzeko 2026ko ekitaldian.

Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza horietarako 900.000 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura. Horietatik, 450.000 euro 2026. urterako ordainketa-kredituari dagozkio eta 450.000 euro 2027. urterako konpromiso-kredituari.

Hirugarrena.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntza horien onuradunak izan ahalko dira beren egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak.

Laugarrena.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Erakunde eskatzailea legez eratuta eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egon beharko da.

2.– Erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar ditu. Halaber, Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar ditu.

Bosgarrena.– Erakunde onuradun izateko debekuak.

1.– Ezingo dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona juridikoak.

2.– Ez da dirulaguntzarik, ezta inolako baliabiderik ez funts publikorik emango, zuzenean zein zeharka, LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen duen inongo pertsona juridikori, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutakoaren arabera.

Seigarrena.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak eta programak.

1.– Honako esparruetan garatzen diren 2026. urtean zehar egingo diren programak edo jarduera zehatzak lagundu ahal izango dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren bizi kalitatea hobetzea eta sustatzea helburu duten lurraldez gaindiko urteko jarduera-programak.

b) Erakundeen arteko sustapena, ezagutza, berrikuntza, gizarte-sentsibilizazioa, lankidetza eta sare-lana bultzatzeko eta indartzeko ekimenak, Astialdi Hezitzailea Auzoetan 2030 – Astialdi Hezigarria Sustatzeko 2030 Euskal Estrategiaren esparruan.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan aitortuta dauden irabazi asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko animazio soziokulturalerako eskolek antolatutako animazio soziokulturalerako ikastaroak. Atal honetako dirulaguntzak 500 eurokoak izango dira, gehienez, ikasle bakoitzeko.

d) Urteko programaziotik kanpo dauden jarduera zehatzak, gazteriaren bizi kalitatea sustatzea eta hobetzea helburu dutenak. Jarduera horiek helburu eta eduki berritzaileak edo eragin soziala izan beharko dute.

2.– Aurreko atalean jasotako programa eta jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izango dira.

3.– Lurraldez gaindiko programa edo jardueratzat hartuko dira argi ta garbi Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko hartzaileengana zuzentzen direnak. Inguruabar hori jardueraren fase guztietan bete beharko da: planifikazioan eta prestakuntzan, inplementazioan eta, azkenik, ebaluazioan edo jarraipenean. Lurralde historiko bateko baino gehiagoko pertsonek jardueretan parte hartzeko duten aukera hutsak ez die lurraldez gaindiko izaera ematen.

4.– Eskabide berean izaera desberdina duten jarduerak badaude, jarduera bakoitzerako helburuak, hartzaileak eta diru-sarrera eta gastuak zehaztu beharko dira.

Zazpigarrena.– Dirulaguntzaren xedeak baztertutako jarduerak eta programak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geldituko dira jarduera hauek:

a) Osasun-arrazoiengatik edo beste egoera sozial batzuengatik premia bereziak dituzten kolektiboei soilik zuzendutako jarduerak, zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan daudenak eta Eusko Jaurlaritzako beste organo batzuen edo beste administrazio batzuen ardurapean daudenak.

b) Ikastetxeetako curriculuma garatzeko programak eta jarduerak, ikasturte-amaierako bidaiak edo eskolaz kanpoko antzeko beste jarduera batzuk, zuzenean edo zeharka ikasleentzat antolatuak, bai eta ikastetxeetako ikasleen familia-elkarteek (gurasoek) antolatutako jarduerak ere.

c) Inauteriak, dantzak, kontzertuak, herriko jaiak, desfileak eta gainerako jai-emanaldiak.

d) Udalekuak, kanpamentuak, ibilaldi ibiltariak edo auzolandegiak edo gazte-boluntariotzakoak.

e) Kirol-klub edo -federazioen berezko jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol-jarduerak.

f) Jarduera fisikoa indartzera bideratutako jarduerak edo osasunerako hezkuntza eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzera bideratutakoak.

g) Zeharkako kostuen eta azpikontratatutako zerbitzuen kostuen batura jardueraren gastu-aurrekontuaren % 80 baino gehiago diren jarduerak.

h) Publizitate-kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak egitea xede duten proiektuak.

i) Autofinantzaketa-maila % 20tik beherakoa duten jarduerak edo programak. Hau da, erakunde eskatzaileak diruz lagunduko den jarduera edo programara bideratuko dituen diru-sarrera propioen eta jardueraren guztizko aurrekontuaren arteko proportzioa % 20 edo gehiagokoa ez izatea.

Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetza ez duten erakunde pribatuetatik datozen ekarpen ekonomikoak.

j) Laguntzetarako deialdi espezifikoak dituzten kirol- eta arte-jarduerak edo bestelakoak.

k) Web-inguruneetan, datu-baseetan edo programa eta aplikazio informatikoetan produktuak diseinatzea, garatzea, hobetzea, aldatzea, mantentzea edo zabaltzea helburu duten jarduerak.

l) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzarako Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako sexuagatiko edo askotariko diskriminazioko faktoreengatiko diskriminatzaileak diren jarduerak.

Zortzigarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagunduko diren gastuak izango dira dirulaguntzaren xede den jardueraren edo proiektuaren izaerarekin, zalantzarik gabe, bat datozenak eta Agindu honetan edo emakida ebazpenean, zein izan litezkeen aldaketetan zehaztutako epe barruan egiten direnak eta behar-beharrezkoak direnak.

Diruz lagun daitezkeen gastuen erosketa-kostua ezingo da, inolaz ere, merkatuko balioa baino handiagoa izan.

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak bi multzotan banatuko dira:

a) Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak izango dira lagundutako jardueraren edo programaren exekuzioari lotutako berariazko kostuak eta, ondorioz, haiei zuzenean egotz dakizkiokeenak.

Dirulaguntzaren xede diren jardueraren edo programaren publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastu zuzenek ezingo dute jardueraren edo programaren aurrekontuaren % 20 gainditu.

b) Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Aurkeztutako programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20 arterainoko kopurua sartu ahal izango da zeharkako gastu gisa, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat programari edo jarduerari eslei dakiokeenean. Inguruabar hori behar bezala justifikatu beharko da.

3.– Inbertsio-gastuak ez dira, inolaz ere, diruz lagunduko. Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak izango dira baldin eta dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen baditu eta diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia badute.

Zeharkako zergak ez dira dirulaguntza jasotzeko gastutzat hartuko berreskuratu edo konpentsatu baldin badaitezke, ezta norberaren errentaren gaineko zergak ere.

4.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jardueraren % 50 azpikontratatuko ahal izango du gehienez. Azpikontratazioa abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutako baldintzetan egingo da.

Azpikontrataziotzat hartuko dira erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea.

5.– Erakunde onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera garatzeko hirugarren batekin kontratatzen badu eta diruz lagun daitekeen zenbatekoak sektore publikoko kontratazio araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen baditu, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinekin hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egiteko, emateko eta hornitzeko erakunde nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

6.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan oinarri honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak badaude, edota diruz lagun badaitezke ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio-Batzordeak gastu horiek ezabatuko ditu dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarritzat hartuko den gastu-aurrekontua zehazteko.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntzak izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek dirulaguntza honi lotutako izapide guztiak bitarteko telematikoak erabilita egin beharko dituzte. Eskabidea bera eta haren ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliz egingo dira, ondorengo helbidean: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050913

2.– Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren fitxa, bai eta eskabide-inprimakia, helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050913

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta eskabideari erantsitako egiaztagiriak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidea ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango da. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, ondorengo helbidean: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan onartzen diren identifikazio- eta sinadura-sistemak ondorengo helbidean daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Hamargarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabilita aurkeztuko da. Eskabidearen edukia II. eranskinean jaso da.

Eskabidea aurkezteko hilabeteko epea izango dute erakunde interesdunek, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuari edo jarduerari buruzko memoria zehatza, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne. Memoriaren edukia III. eranskinean jaso da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050913

b) Identifikazio Fiskalaren Zenbakia egiaztatzeko txartelaren fotokopia.

c) Erakundearen inskripzioa egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua eta dagokion erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia.

Erakunde eskatzaileak b) eta c) puntuetan aipatutako dokumentazioa aurretik aurkeztu badu administrazio honetan eta indarren badago, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, nahikoa izango da dokumentazio hori zein Zuzendaritza edo sailetan aurkeztu den adieraztea, administrazioak ofizioz egiazta dezan.

3.– Halaber, jarduera hobeto baloratzeko erakunde eskatzaileak egokitzat jotzen duen dokumentu oro aurkeztu ahal izango du.

4.– Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari eta horiek egiaztatzeko behar diren frogak egin ahal izango ditu.

Hamaikagarrena.– Erakunde eskatzailearen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidea aurkeztean eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari bere elkarreragingarritasun zerbitzuen bidez zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak betetzen dituen automatikoki egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Erakunde onuradunak aurka eginez gero, erakunde interesdunak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik.

2.– Organo kudeatzaileak egiaztatuko du erakunde onuradunak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez dela kaudimengabetzat jo ezein prozeduratan, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez dagoela esku-hartze judizialaren mende eta ez dagoela desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

3.– Organo kudeatzaileak egiaztatuko du erakunde onuradunak ez duela urratzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak 45. artikuluan ezarritako betebeharra; hau da, 50 langile edo gehiagoko enpresek berdintasun-plan bat indarrean izatea, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboak betebehar hori ezartzen duenean edo lan-agintaritzak zehapen-prozedura batean erabaki duenean zehapen osagarrien ordez plan hori egitea eta aplikatzea.

4.– Dirulaguntzen Araubidea ezartzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira, eskabide-ereduan (II. eranskina).

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datu, azalpen edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa zuzena ez bada, faltsua bada edo horietako bat falta bada, prozedura etengo da egitate horren berri izan den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Gainera, hori gertatu dela adierazteko Administrazio Publikoak ematen duen ebazpenak, bidezkoa izanez gero, interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela ezarri ahal izango du.

Hamabigarrena.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, erakunde interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez. Zuzenketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka prozedura erabilita emango dira. Horretarako, Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabide guztiak alderatu eta Agindu honen hamabosgarren oinarrian jasotako hautaketa eta balorazio-irizpideen arabera lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du haien artean. Nolanahi ere, dirulaguntza jaso ahal izateko 40 puntuak gainditu beharko dira.

Hamabosgarren oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak aplikatu ondoren lortutako puntuazioa zehaztuta, Balorazio Batzordeak kasu bakoitzerako eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du onartutako aurrekontuaren % 80aren gainean kalkulatuta. Ehuneko hori lortzeko, honako formula hau erabiliko da:

100 x (lortutako puntu kopurua – 40)/30

Formulatik ateratzen den emaitza 70 baino handiagoa denean, Balorazio Batzordeak eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa ematea proposatuko du. Edonola ere, dirulaguntzen zenbatekoari eta mugei buruz hamaseigarren oinarrian jasotakoa bete beharko da.

Zenbatekoak hamartarrak baditu, hurbilen duen zenbaki osora biribilduko da.

2.– Dirulaguntzak puntuazio-ordenaren arabera banatuko dira bigarren oinarrian jasotako zuzkidura-ekonomikoa agortu arte, betiere eskabideak oinarri honen lehen puntuan ezarritako 40 puntuak gainditu baditu.

Balorazio Batzordeak egindako balorazio-txostenak lagunduko dituen jarduera edo proiektuak eta baztertzen dituenak bereiziko ditu. Irizpide bera jarraituko da eskabide berean izaera desberdina duten jarduerak badaude eta guztiak diruz laguntzeko modukoak ez direnean.

Hamalaugarrena.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko Balorazio Batzordea eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

– Lehendakaria: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria edo arduraduna.

– Kidea: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria edo arduraduna.

– Idazkaritza: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzako teknikaria.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Gazteria eta Emantzipazio zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.– Hamabosgarren oinarrian ezarritako balorazio eta esleipen irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak balorazio-txostena aurkeztuko dio laguntzak kudeatzen dituen Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari. Organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du.

Hamabosgarrena.– Balorazio-irizpideak.

Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa honako irizpide hauen araberakoa izango da:

1.– Erakunde eskatzaileak jarduera edo programa horretarako dituen diru-sarrera propioen eta jarduerara bideratuko duen aurrekontu osoaren arteko proportzioa.

Diru-sarrera propioen portzentajea, betiere % 20koa edo handiagoa bada, 10 punturekin baloratuko da, gehienez.

2.– Programaren edo jardueraren hedapen esparru geografikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetan hedapena duten jarduerei puntuazio handiagoa emango zaie. 10 puntu, gehienez.

3.– Programa edo jarduera. Kontuan hartuko da programa edo jardueraren xedeak Astialdi Hezigarria Sustatzeko 2030 Euskal Estrategiak zehaztutako helburu espezifikoekin lerratuta dauden, bai eta zuzentzen zaien gazteen beharrizanen azterketan oinarrituta dauden. Gehienez 25 puntu.

4.– Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren/inplementazioaren kalitatea. Kontuan hartuko da proposatutako proiektuaren fase guztien (prestaketa, jardueren egikaritzea eta ebaluazioa) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea eta proiektuaren helburuen, proposatutako jardueren eta horietara bideratutako aurrekontuaren arteko koherentzia. Halaber, kontuan hartuko da parte hartzen duten gazteen babesa eta segurtasuna bermatzeko neurri zehatzak egotea, indarrean dagoen araudiak eskatzen duenetik harago, bai eta proiektua eta haren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetzeko amaierako- ebaluazio prozesu bat txertatzea. Gehienez 15 puntu.

5.– Euskararen erabilera. Euskara erabiltzea jarduera edo egitaraua garatzerakoan, bai giza baliabideei dagokienez bai baliabide materialei dagokienez. Gehienez 12,50 puntu.

6.– Genero-ikuspegia. Emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak sistematikoki aintzat hartzea proiektuaren garapenean eta ezberdintasunak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea xede duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea. Gehienez ere 12,50 punturekin baloratuko da.

7.– Proiektuaren eragina eta hedapena. Programa edo jardueraren ondorioz onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua baloratuko da, proiektuaren inpaktua parte hartzaileengan, erakundeengan eta garatuko den ingurunean, bai eta haren emaitzen hedapenerako eta ustiapenerako aurreikusitako neurriak. Gehienez 15 puntu.

Hamaseigarrena.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak diruz laguntzeko onartutako gastu-aurrekontuaren % 80ra artekoak izan ahalko dira, eta ezingo dute, inolaz ere, ehuneko hori gainditu.

Aurreko paragrafoan jasotakoa eragotzi gabe, erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 50.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko du.

Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako beste dirulaguntza edo sarrerekin, betiere hamaseigarren oinarrian jasotako muga betetzen bada eta gainfinantzaketarik ematen ez bada.

Gainfinantzaketa gertatzen bada emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da dagokion gehieneko mugaraino.

Hemezortzigarrena.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari dagokio Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzen kudeaketa.

Aurkeztutako espedienteak eta Balorazio- Batzordeak egindako txostena aztertu ondoren, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak behin-behineko ebazpen proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.

Behin-behineko ebazpen-proposamena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalean eta, hala badagokio, 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.

Epe hori igarota, eta, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak ebatzita, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzak dirulaguntzen behin betiko esleipen- ebazpen proposamena igorriko dio ebazteko eskuduntza duen organoari.

Hemeretzigarrena.– Esleipen-ebazpena eta jakinarazpena.

Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea izango da dirulaguntzak esleitzeko behin betiko ebazpena emango duen organoa.

Ebazpen hori erakunde interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalean egingo dira.

Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntza, denek jakin dezaten.

Sei hilabeteko epea amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jasotzen ez badu, bere eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Esleipen-ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio bideari. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Hogeigarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak ez badio berariaz uko egiten, dirulaguntza onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduerek edo programek Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzaren dirulaguntza jaso dutela iragarriko dute, berariaz, diruz lagundutako jarduerarekin edo programarekin zerikusia duten programetan, iragarki-karteletan, argazkietan eta argitaratzen den bestelako material grafiko zein soinudunetan.

Betebehar horrek ez die eragingo amaituta dagoen proiektu edo jarduera bat aurkeztuta dirulaguntzaren onuradun gertatzen diren erakundeei.

c) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatuko da diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

Horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira. Halaber, euskara toki nabarmenean jarriko da Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan hizkuntza sustatzeko ezarritako neurriak betetzeko.

d) Halaber, ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiliko dira dirulaguntza jaso duen jarduera edo proiektuaren ondorioz sortzen diren agiri eta material guztietan.

Hogeita batgarrena.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, aurreko oinarriaren a) apartatuan aipatutako epea igaro ondoren, betiere erakunde onuradunak dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badio.

b) Bigarren zatia, likidazioaren emaitzari dagokiona, emandako dirulaguntzaren erabilera hurrengo oinarrian ezarritako moduan justifikatu ondoren.

Nolanahi ere, bigarren ordainketa 2027. urtean egingo da.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Hogeita bigarrena.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu sinplifikatuaren arabera egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez.

Justifikazioa diruz lagundutako jarduera bukatutakoan aurkeztuko da eta, betiere, 2027ko martxoaren 1a baino lehen.

2.– Justifikazio-kontu sinplifikatuaren eredua IV. eranskinean jasotzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0050913

Justifikazio-kontu erraztuak ondorengo edukia izango du:

a) Burututako jarduera edo egitarauaren memoria zehatza.

b) Gauzatutako aurrekontuaren diru sarrerak eta gastuak eta diruz lagundutako jardueretan egindako gastuen zerrenda sailkatua.

Aipatutako aurrekontuak diruz lagundutako jarduerak jaso dituen beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko informazio xehatua jasoko du, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Diruz lagundutako jardueren gastuen zerrendak hartzekodunaren eta gastu-frogagiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen-eta ordainketa -datak jasoko ditu.

3.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesletzaren aipamena berariaz jasoko duten egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen hizkuntza bertsio desberdinen aleak edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan.

4.– Diruz lagunduko diren hautatutako proiektuen edo jardueren gastu-egiaztagiriak egiaztatzeko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak ondoren zehaztutako laginketa-teknika erabiliko du:

a) Diruz lagundutako jardueren edo proiektuen zerrenda egingo da, erakunde onuradunen izenaren arabera ordenatuta, eta bakoitzari zenbaki korrelatibo bat esleituko zaio.

b) Hautatutako jarduera edo proiektu bakoitzari esleitutako zenbakiaren azken digitua Agindu hau argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren zenbakiaren azken digituarekin bat datorrenenean, erakunde onuradunek hautatutako jarduera edo proiektuaren gastu-egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Adibidez, Agindua 234 zenbakia duen aldizkarian argitaratzen bada, 4., 14., 24., 34., 44. eta abar zenbakia esleitu zaien proiektu edo jarduerei gastu-egiaztagiriak aurkeztea eskatuko zaie.

5.– Justifikazio memorian sexuaren arabera banakatuko da ondorengo informazioa: jarduera edo programaren azken erabiltzaileak, dirulaguntzaren xede den jardueran edo programan parte hartu duten giza baliabideak eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den jarduera edo programarako kontratatu diren langileak.

Hogeita hirugarrena.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea betetzen bada, edo bestelako erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa doitu beharko balitz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuko da eta lege bereko 40. artikuluan jasotako prozedura jarraituko da.

Nolanahi ere, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da eta kontuan hartuko da dirulaguntza erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzea eta erakunde onuradunek beren konpromisoak argi eta garbi bete dituztela egiaztatzea. Hala, proiektuaren jarduera zehatzen edo helburu partzialen ez betetzeak horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia itzuli beharra ekarriko du.

Hogeita laugarrena.– Ez betetzeak.

Hauek izango dira ez-betetze kasuak:

1.– Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea.

a) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

b) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea.

c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako beste edozein ez betetze.

2.– Oinarri honetan jasotako ez betetze kasuren bat gertatuz gero, erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari itzuli beharko dizkiote jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan zehatutako prozedurarekin bat etorriz.

Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan hartuko da laguntzak nabarmen hurbildu behar duela erabateko betetze mailara, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatu behar duela bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela. Hala, proiektuaren jarduera zehatzak edo helburu partzialak betetzen ez badira, jarduera horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia itzuli beharko da.

Hogeita bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Gazteriako laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

– Helburua: Gazteriaren arloan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzak izapidetzea eta ematea.

– Legitimazioa:

* Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

* Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egindako misio bat betetzeko, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak:

* Ekonomia eta Ogasun Saila (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa).

– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

(www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

ID:1247.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala