
40. zk., 2026ko otsailaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (327 KB - 39 orri.)
- EPUB (357 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
897
AGINDUA, 2026ko otsailaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena. Horren bidez, ezartzen da zein izango den egutegi komuna Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko eta haiek onartzeko 2026-2027ko ikasturterako; era berean, jarraibideak onartzen dira ikasleok ikastetxe guztietan matrikulatzeko.
Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak arautzen du zein den ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura hezkuntza-arloko eskumena duen sailak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita eta azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak aldatutako udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Hori horrela, dekretu horren 10. artikuluan adierazten du ezen, urtero, hezkuntza-arloko eskumena duen sailburuaren aginduaren bidez, epe komun bat ireki beharko dela eskabideak aurkezteko, eta prozeduraren hurrengo faseetako epeak finkatu beharko direla.
Bestalde, azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak, 1/2018 Dekretua aldatzen duenak, aldaketa batzuk sartzen ditu ikasleak onartzeko prozesuan. Aldaketa garrantzitsuenetako bat da hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasletzat hartzen direla, besteak beste, ikaskuntza-hizkuntza ezagutzen ez dutenak, gizarte- eta hezkuntza-arloan kalteberatasun-egoeran daudenak edo hezkuntza-sisteman berandu sartzen direnak. Ildo horretan, aipatutako dekretuak, indarrean dagoen oinarrizko araudiaren arabera, ezartzen du ezen ikasle horientzat plazak gordetzeko betebeharra gauzatu behar dela kontuan hartuta zein den ikastetxe bakoitzean hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen proportzioa, ikastetxean handitu ez dadin mota horretako ikasleen proportzioa.
Ildo beretik, 132/2022 Dekretuak azpimarratzen du eskola-plazen eskaintzaren plangintza egokitu behar dela benetako eskolatze-premietara, gehiegizko eskaintzarik egon ez dadin, baina eskaintza gutxiegi ere ez. Laburbilduz, bai eskaintzaren plangintzak, bai onarpena arautzen duten mekanismoek lagundu egin behar dute aniztasuna eta kalteberatasuna modu orekatuan banatzen funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztien artean, ikasleak ez bereizteko arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik.
Era berean, administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalmenetik abiatuta eta hezkuntza-eskaintza planifikatzeko eta hezkuntza-sistema publikoaren kalitatea etengabe hobetzeko esparruan, Hezkuntza Sailak bultzatzen du Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren Programa arian-arian ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko 3 ikastetxe publikotan, Batxilergoko irakaskuntzen eskaintza integratu gisa eta ikasleei nazioarteko prestakuntza zorrotza eta hezkuntza-sistemaren printzipioekin eta helburuekin bat datorrena ematera bideratuta.
Nazioarteko Batxilergoaren Diploma Programa (International Baccalaureate Diploma Programme) txertatzeko agindu honen bidez araututako onarpen-prozedura orokorrean, beti errespetatu beharko dira berdintasunaren, objektibotasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak eta diskriminaziorik ezaren printzipioa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko Lege Organikoak ezartzen baititu; eta bermatuko da ezen aplikagarriak diren irizpideek eta prozedurek ez dutela inolako murrizketarik ekarriko familiek ikastetxea askatasunez aukeratzeko duten eskubidean, eta ez dela sortuko justifikaziorik gabeko tratu desberdinik.
Horretarako, agindu honek bermatzen du ezen, Nazioarteko Batxilergoaren Diploma Programara sartzeko, bete egiten direla Batxilergoko gainerako irakaskuntzek dituzten printzipio orokor berberak, eta haiek onarpen-prozedura arruntean integratuta, eta esparru arauemaile argi eta garden bat ezartzen dela interpretaziorik egon ez dadin segurtasun juridikorik gabeko egoerarik sor dezakeenik.
Ondorioz, agindu hau ematen da; bertan, ezarriko da zein diren eskabideak aurkezteko eta haiek ebazteko epeak. Halaber, agindu horietan zehaztuko da interesdun bakoitzak zer dokumentazio aurkeztu behar duen, kasuan-kasuan, eskabidearekin batera, egiaztatzeko zer irizpide nahi duen kontuan hartzea onarpen-prozeduran, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.
Hori dela eta, ezarri behar da zer egutegi eta prozedura-arau bete behar diren Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan Batxilergoko ikasleak 2026-2027ko ikasturterako onartzeko prozeduran. Era berean, eta horren ondorioz, prozedura bat aginduko da ikasleak matrikulatzeko hezkuntza-maila horretako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe guztietan. Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau 2026-2027ko ikasturtean aplikatuko da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko prozesuan. Era berean, hezkuntza-maila horretako ikasleak matrikulatzeko prozesuan ere aplikatuko da.
Era berean, agindu hau aplikatu egingo zaio Nazioarteko Batxilergoko Diploma Programan onartzeko prozedura espezifikoari, zeina ikastetxe baimenduetan ematen baita; III. eranskinean ezarritakoaren arabera. Ikasle horiek, programa horretaz gain, gure Hezkuntza-sistemako Batxilergoa ere egingo dute aldi berean; beraz, ikasketak amaitutakoan, gure sistemako batxiler-titulua eta nazioarteko Batxilergoko diploma lortuko dituzte.
2. artikulua.– Onarpen- eta matrikulazio-egutegia.
1.– Egutegi hau ezarri da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan Batxilergoko ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onartu eta matrikulatzeko:
a) Ikastetxeak Hezkuntza Sailaren aplikazio informatikoan sartzea Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak baremoko puntuazioa emateko ezarritako irizpideak jasotzen dituen dokumentua: 2026ko martxoaren 10eko 23:59ak baino lehen. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak irizpide horiek baliozkotzea: 2026ko martxoaren 13ra arte, barne.
b) Administrazioak definitzea zein den ikastetxe, ikasturte, batxilergoko modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen hasierako eskaintza: 2026ko martxoaren 13ko 23:59ak baino lehen.
c) Ikastetxean bertan plaza erreserbatzeko eskaera egiteko epea: 2026ko martxoaren 6tik 13ra arte, biak barne.
d) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea: martxoaren 16tik 27ra, biak barne.
e) Administrazioak aukera izango du aldatzeko ikastetxe, ikasturte, batxilergoko modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen hasierako eskaintza: 2026ko apirilaren 23ko 23:59ak arte.
f) Ikastetxeek baremazioa amaitzea: 2026ko apirilaren 24ko 23:59ak baino lehen.
g) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: 2026ko apirilaren 15eko 23:59ak baino lehen.
h) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendak argitaratzea: 2026ko maiatzaren 5eko 23:59ak baino lehen.
i) Ikastetxean bertan plaza erreserbatzeko eskaeran edo onartzeko eskabidean atzera egitea: 2026ko maiatzaren 11ra arte, egun hori barne.
j) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendei erreklamazioak egitea: 2026ko maiatzaren 11ra arte, egun hori barne.
k) Erreklamazioak ebazteko epea: 2026ko maiatzaren 15eko 23:59ak arte.
l) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak argitaratzea: 2026ko maiatzaren 19ko 23:59ak baino lehen.
m) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea: 2026ko ekainaren 19ra arte, egun hori barne.
n) Ohiko matrikulazio-aldia: 2026ko ekainaren 15etik 30era arte, biak barne.
ñ) Ezohiko matrikulazio-aldia: 2026ko uztailaren 1etik irailaren 30era, biak barne.
o) Itxarote-zerrendaren indarraldia: 2026ko irailaren 30eko 23:59ak arte.
p) Ikasleen onarpena bermatzeko egungo lurralde-batzordeen indarraldia: 2026ko irailaren 30eko 23:59ak arte.
q) Matrikula baliogabetzea eskatzeko epea: 2027ko apirilaren 30eko 23:59ak arte.
2.– I. eranskineko hogeita hamalaugarren jarraibidearen bat etorriz, 2026-2027 ikasturteko eskola-plaza duten pertsonek matrikula formalizatu beharko dute aipatutako matrikula aldi arruntean, hau da, 2026ko ekainaren 15etik 30era bitartean, biak barne –matrikula formalizatu beharko dute hala plaza erreserbatuta dutenek, I. eranskineko zazpigarren eta bederatzigarren jarraibideetan aurreikusitakoaren arabera, nola onartuak izan direnek–. Formalizatu ezean, ulertuko da uko egiten diotela esleitutako plazari edo, hala badagokio, erreserbatutakoari.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako matrikula-formalizatzeak ez du eragozten ikaslea beste eskola-plaza batera eta, hala badagokio, ikastetxe batera aldatzea uztailaren 1etik irailaren 30eko 23:59ak arte, baldin eta plazaren bat libre badago eta horretarako eskubide handiena badagokio, kontuan hartuta hogeita hamabigarren jarraibidearen 4. apartatuan aipatutako itxarote-zerrendako hurrenkera eta agindu honen 4. artikuluan aipatutako prozedura.
3. artikulua.– Argibideak eta zerrendak argitara ematea.
Onarpen- eta matrikulazio-egutegian aurreikusitako zerrenda osoak, pertsona batek eskatutako plazei buruzkoak, pertsona horrentzat argitaratuko dira Hezkuntza Sailaren atarian, Internet Ikasgunean (https://ikasgunea.euskadi.eus). Ikastetxeek eskatzaileei sarbidea emango diete zerrenda horietara jotzeko.
Baremaziora jo behar izan den kasuetan, eskatzaileek aukera izango dute nork bere puntuazio banakatura sartzeko, bai eta ikastetxe, maila eta eredu berean puntuazio handiagoa lortu duten eskatzaileenetara ere. Era berean, ikastetxe, maila eta eredu bereko gainerakoen puntuazio osoaren berri jaso ahal izango dute.
Hala eta guztiz ere, baremazio-irizpideak kontzeptu berean taldekatuko dira, zeinetan biltzen baitira bereziki babestu beharreko datu pertsonalak.
Kasu guztietan, datu pertsonalak babesteko araudia errespetatuko da, agindu honen 8. artikuluan jasotzen den bezala.
4. artikulua.– Ezohiko matrikulazioa.
Ezohiko matrikulazioak egingo dira agindu honen 2. artikuluan ezarritako egunetan, eta egokituko dira hogeita hamalaugarren jarraibidearen 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakora.
Ezohiko matrikulaziorako epea amaitu ondoren, kontuan hartuko da zer adierazten den hogeita hamalaugarren jarraibide horren 4. paragrafoan.
5. artikulua.– Estatistika-datuak balidatzea.
Ikastetxe guztiek 2026ko uztailaren 1etik 3ra bitartean –biak barne– balidatu beharko dituzte Batxilergoan matrikulatzeko ohiko aldiari dagozkion estatistika-datuak; horretarako, erabili beharko dute Hezkuntza Sailak xede horretarako diseinatutako aplikazio informatikoa.
Era berean, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean ere balidatu beharko dituzte aplikazio horretan matrikularen behin betiko estatistika-datuak.
6. artikulua.– Datuak grabatzeko prozesua amaitzea.
Batxilergoko ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesuak guztiz amaituta egon beharko du 2026ko irailaren 30eko 23:59ak baino lehen.
7. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan, bermatu egingo da euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea, eta erabiltzen duten hizkuntza berean jasoko dute arreta.
2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeko partaideek euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute beren jardunean. Era berean, bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izango direla aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta, oro har, testu idatzietan.
8. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Eskabideko eta aurkeztutako dokumentuetako datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen honetako tratamendu-jardueran sartuko dira: Ikastetxeetako ikasleen onarpena eta matrikula.
Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Araubide Orokorreko Ikasketetako (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleak onartzea eta matrikulatzea EAEko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Araubide Bereziko Ikasketetako (Ikasketa artistikoak, Kirol-ikasketak eta Hizkuntza-ikasketak) ikasleak onartzea eta matrikulatzea EAEko ikastetxe publiko eta pribatuetan.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Foru-aldundiak.
EAEko udalak.
Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
Justizia eta Giza Eskubideen Saila.
Eskubideak: eskatzaileek eskubidea izango dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, eta beste eskubide batzuk ere izango dituzte, informazio gehigarrian jasotzen direnak.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045500-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Tratamendu honetan bildutako datuak Hezkuntza sailaren honako tratamendu-jarduera hauetan erabiliko dira:
9. artikulua.– Jarraibideak onestea.
Batxilergoko ikasleen onarpen-prozeduraren eta matrikulazioaren jarraibideak onesten dira, eta agindu honetako I. eta II. eranskinetan dauden informatika-prozeduraren jarraibide osagarriak ere bai.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuek eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako atzerriko ikastetxeek dagokien aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte beren ikastetxeetan matrikulatutako Batxilergoko ikasleen datuak. Datu horiek sartzeko epea 2026ko irailaren 30eko 23:59an amaituko da.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 12a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
I. ERANSKINA
JARRAIBIDEAK, BATXILERGOKO IKASLEAK 2026-2027KO IKASTURTERAKO HEZKUNTZA SAILAREN MENDEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN ONARTZEKO -ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK
Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.
Batxilergoko ikasleak Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan onartzeko 2026-2027ko ikasturterako, bete egingo da hala Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren II. tituluaren III. kapituluan xedatzen dena, aurreko legea aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak emandako idazkeran, nola urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretua eta Hezkuntzako sailburuaren agindu bat, zeinaren bidea ezartzen baita zein diren 2026-2027ko ikasturterako izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna, onarpen-epea eta ikasleak onartzeko jarraibide hauek.
Bigarrena.– Onarpena bermatzeko lurralde-batzordeak.
Ikasleen onarpena bermatzeko egungo lurralde-batzordeek jarraituko dute beren egitekoak betetzen agindu honen 2. artikuluan ezarritako egunera arte.
Haren osaerak errespetatu behar du urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren (azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak aldatua) 15. artikuluaren azken paragrafoan ezarritako partaidetza. Ondorioz, batzorde horietan sartuko dira lau ikasle, ikasle-elkarteek izendatuak eurak, bi Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetakoak eta bi itunpeko ikastetxeetakoak. Toki-administrazioko ordezkariak, familienak eta ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuetakoak, berriz, kolektibo edo instituzio horiek izendatuko dituzte. Izendapen guztietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa erabiliko da.
Hirugarrena.– Eragin-eremuak.
Ikastetxeetako iragarki-taulan kontsultatu ahal izango da zein diren Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan eta 1/2018 Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen diren eragin-eremuak eta eremu mugakideak, ikastetxe, modalitate eta hizkuntza-eskakizun bakoitzari dagozkionak.
Era berean, Hezkuntza Sailaren Interneteko «Ikasgunea» atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) kontsultatu ahal izango da zein ikastetxe dauden ikaslearen bizilekuaren eragin-eremuetan.
Agindu honen III. eranskinean zerrendatutako ikastetxeek eskaintzen duten Nazioarteko Batxilergoko Diploma programan taldean onartzeko, programa horren salbuespenezko izaera kontuan hartuta, EAEko lurralde osoa hartuko da eragin-eremu bakartzat.
Laugarrena.– Zer Batxilergo mota eta hizkuntza-eredu eskaintzen diren.
Hezkuntza Sailak baimenduko du zer Batxilergo mota eskainiko diren 2026-2027ko ikasturtean hizkuntza-eredu bakoitzean Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan.
Itunpeko ikastetxe pribatuetan, berriz, ikastetxeek eurek zehaztuko dute zer hizkuntza-eredutan eskainiko diren Batxilergo motak, baldin eta Hezkuntza Sailaren baimena badute. Itunpeko ikastetxe pribatu batean Batxilergoko taldeak eskaintzeak ez du esan nahi itunpekoak izango direnik.
III. eranskinean zerrendatutako ikastetxeetan, hainbat plaza eskainiko dira Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programako talde bat eratzeko. Ikasle horiek, programa horretaz gain, gure Hezkuntza-sistemako batxilergoa ere egingo dute aldi berean; beraz, ikasketak amaitutakoan, gure sistemako batxiler titulua eta Nazioarteko Batxilergoko diploma lortuko dituzte.
Bosgarrena.– Zehaztea zenbat plaza egongo diren ikasleentzat.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoei eta itunpeko pribatuei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean, eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez, talde horietako bakoitzean, bat etorriz ikasle-kopuruari eta ikastetxean segitzeko eskubideari buruzko araudian xedatutakoarekin.
Seigarrena.– Plazak erreserbatzea hezkuntza-laguntzako premia berezia duten ikasleak eskolatzeko.
1.– Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko guztiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek plaza kopuru jakin bat erreserbatu beharko dute hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko; hau da, ohiko hezkuntza-arreta ez den beste bat behar duten ikasleak eskolatzeko. Plaza-kopuru hori erreserbatu beharko dute harik eta ebaluazio arruntaren eta apartekoaren ondoriozko aurreinskripzio- eta matrikula-epea amaitu arte.
2.– Arrazoi hauengatik sor daitezke hezkuntza-laguntzako premia bereziak: heltze-atzerapena, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak, arreta- edo ikaskuntza-nahasmenduak, ikaskuntza-hizkuntzaren ezjakintasun larria, hezkuntza-eta gizarte-zaurgarritasun egoeran egotea, adimen-gaitasun handiak, hezkuntza-sisteman berandu sartu izana edo baldintza pertsonalak edo eskola-historiakoak. Erreserbatutako plazak eskuratu ahal izateko, egiaztatu beharko da zein diren ikaslearen hezkuntza-laguntzako premia bereziak, bai iragandako ikasturtean matrikulatuta egon zen ikastetxearen txostenaren bidez, bai Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan dagokion hezkuntza-laguntzako zerbitzuaren bidez.
3.– Hezkuntza Sailak zehaztuko du zenbat plaza erreserbatu beharko dituen ikastetxe bakoitzak ikasturte, etapa eta hizkuntza-eredu bakoitzean, artikulu honen 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, eta onarpen-prozesua hasi aurretik emango die horren berri ikastetxeei.
4.– Zehazteko zenbat plaza gorde beharko duen ikastetxe bakoitzak hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat, Hezkuntza Sailak ahaleginak egingo ditu ikasle horiek modu orekatuan banatzeko funts publikoen laguntza duten ikastetxe guztien artean, hezkuntza-sisteman sartzea erraztuko duten baldintzetan.
Zazpigarrena.– Lehentasunak.
1.– Ikastetxe, mota eta hizkuntza-eredu berean jarraitu behar izanez gero Batxilergoa egiten, ez da onarpen-eskabiderik egin behar, baina bai plaza erreserbatzeko eskaera, agindu honen 2. artikuluan horretarako ezarritako epean. Hala ere, ikastetxe batean Batxilergo mota jakin batean eta hizkuntza-eredu jakin batean matrikulatuta dagoen edozein ikaslek hurrengo ikasturtean ikastetxe horretan matrikulatuta jarraitu behar badu baina batxilergo mota edo hizkuntza-eredua aldatu nahi badu, dagokion eskabidea egin beharko du, eta onarpen-prozesuan hartu beharko du parte, beste ikastetxeetatik datozen eskatzaileekin lehian.
2.– 2025-2026ko ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastetxe batean egin duten ikasleek ikastetxe eta hizkuntza-eredu horretan bertan egin ahal izango dute Batxilergoa, agindu honen 2. artikuluan horretarako ezarritako epean plaza erreserbatzeko eskaera egin ondoren, onarpen-eskabidea egin beharrik gabe, salbu Arte Batxilergoan (bi adarretako edozeinetan) eta Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programaren kasuan, batxilergo mota horiek dituzten ezaugarri bereziak direla eta. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan hizkuntza-eredu batean eskolatu arren, ikastetxe horretan Batxilergoan ez badago hizkuntza-eredu hori, Agindu honetako 2. artikuluan horretarako ezarritako epean plaza erreserbatu ondoren, ikasle horiek aukera dute Batxilergoko 1. mailan beren ikastetxean dauden hizkuntza-ereduetan matrikulatzeko, onarpen-eskabiderik egin beharrik gabe, salbu Arte Batxilergoan matrikula egin nahi badute (bi adarretako edozeinetan) edo Nazioarteko Batxilergoko Diploma programan matrikulatu nahi badute.
3.– Ikasleek norbere ikastetxean segitzeko eskatu eta gero, zenbat plaza behar diren bermatzeko ikasleek duten eskubidea norbere ikastetxean geratzeko, zeina aurreko bi apartatuetan aipatzen baita, hainbat plaza erreserbatuko dira ikasturte, hizkuntza-eredu eta Batxilergoko modalitate bakoitzean.
4.– 2025-2026ko ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin duten ikasleek lehentasuna izango dute baldin eta eskabidea egiten badute Batxilergoa egiteko dagokion ikastetxeari atxikitako ikastetxe batean. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, salbu Arte Batxilergoan matrikula egin nahi dutenak (bi adarretako edozeinetan) edo Batxilergo Diplomaren programa egin nahi dutenak, modalitate horien ezaugarri bereziengatik. Lehentasun hori galdu egingo da baldin eta plaza eskatzen bada Zientzien eta Teknologia Batxilergoa, Batxilergo orokorra edo Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa egiteko atxiki gabeko ikastetxe batean.
5.– Musika- eta dantza-ikasketa arautuak eta Batxilergoa aldi berean egiten ari diren ikasleek eta errendimendu handiko kirol-programetan dihardutenek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehaztutako Batxilergoko ikastetxeetan, eta atxiki gabeko ikastetxe batetik datozen ikasleen aurretik egongo dira. Lehentasun hori galdu egingo da baldin eta plaza eskatzen bada beste ikastetxe batean. Ez da beharrezkoa izango egiaztagiria aurkeztea, baldin eta ikaslea matrikulatuta badago EAEko Musikako irakaskuntza arautuko ikastetxe batean.
Apartatu honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleek bete behar dituzte ikasleentzat aurreko apartatuan jasotzen diren eskubideak.
Agindu honen IV. eranskinean agertzen da zein diren atal honetan aipatzen diren ikastetxeak.
6.– Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programako taldeen kasuan, ikasleek lehentasuna izango dute baldin eta gure Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu badute hezkuntza-sisteman eta azken ikasturteko batez besteko nota 8,25ekoa edo handiagoa bada eta bikain kalifikazioa lortu badute Ingelesean, Euskaran eta Literaturan. Lehentasun-maila hori duten ikasleek plaza guztiak betetzen ez badituzte, bigarren lehentasun-maila batean onartuko dira batez besteko nota 8,25ekoa edo handiagoa dutenak baina Ingelesean, Euskal Hizkuntzan eta Literaturan bikain kalifikaziorik ez duten pertsonak. Eskatzaileak ez badu egin DBH EAEn, bere espediente akademikoa aurkeztu beharko du, eta ikastetxeak DBHko azken ikasturteko batez besteko nota kalkulatu eta sartuko du. Batez bestekoa kalkulatzeko, kalifikazio literalen bihurketa hauek aplikatuko dira: «Gutxiegi (IN)», 3; «Nahikoa (SU)» 5; «Ondo (BI)», 6; «Oso ongi (NT)», 7,5; eta «Bikain (SB)», 9.
Zortzigarrena.– Prozesuari buruzko informazioa.
Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleei eta haien guraso eta legezko tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan jarriko dute:
a) Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan ikasleak onartzeko araudia.
b) Ikastetxearen eragin-eremuak eta haien mugakideak.
c) Eskabideak egiteko epeak.
d) Prozesuaren egutegia.
e) Ikastetxeko eskola-kontseiluak edo ordezkaritza-organo borenak baremoaren apartatuan ezarritako puntuazioa emateko askatasunez erabakitako irizpideak zehazten dituen agiria.
f) Eskabideak aurkezteko aldian, zer egutegi eta ordutegi izango dituen ikastetxeko idazkaritzak jendaurreko arreta-zerbitzua emateko.
g) Onartzeko prozesuari buruz maiz egiten diren galda-erantzunen agiria.
Bederatzigarrena.– Ikastetxean bertan plaza erreserbatzeko eskaerak, Batxilergoko 1. mailarako, eta bermatzea Batxilergoko 1. mailan matrikulatutako ikasleek jarraituko dutela.
1.– Zazpigarren instrukzioan ezarritako kasuetan, ikasketak egungo ikastetxean jarraitzeko aukerari eutsi nahi diotenek, onarpen-eskaerarik aurkeztu gabe, berariaz eskatu beharko dute hori 2. artikuluan horretarako ezarritako epean, ezarritako prozedurari jarraituz; hargatik eragotzi gabe beste ikastetxe batean onartzeko eskabidea ere aurkezteko eskubidea, horretarako eranskin honen hamargarren instrukzioan. Batxilergoko 1. mailan matrikulatzeko erreserba eskatu ahal izango da soilik 2025-2026an DBHko 4. maila egin den ikastetxean bertan, Zientzien modalitatean, Humanitate eta Gizarte Zientzien modalitatean, edo Orokorrean, ikastetxeak eskaintzen badu. Ikastetxeak Batxilergoko DBHko 4. mailan egindako hizkuntza-eredu bera eskaintzen badu, hizkuntza-eredu bererako erreserbatuko da; Batxilergoko DBHko 4. mailan egindako hizkuntza-eredu bera eskaintzen ez badu, erreserbatu ahal izango da ikastetxean Batxilergoko 1. mailarako eskaintzen den edozeinetarako. Ikastetxean, ezin izango da erreserbarik eskatu Batxilergoko 1. maila egiteko Arteen modalitatean edo Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programan.
2.– Plaza erreserbatzeko eskabidea ikastetxeko idazkaritzan bertan aurkeztu ahal izango da, edo telematikoki, Hezkuntza Sailak horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bidez.
3.– 1. paragrafoan aurreikusitako plaza erreserbatzeko nahiz hamargarren jarraibidean xedatutakoaren arabera beste aukera batzuetan onartzeko eskabidea aurkeztuz gero, onarpen-eskabidean jasotako aukerak lehentasunezkotzat joko dira ikastetxean bertan erreserbatutakoarekiko, eta hori kudeatuko da, onarpen-ondorioetarako, eskatzailearen azken aukera bezala.
4.– Ikastetxean bertan plaza erreserbatzeko eskaeran atzera egin ahal izango da. Atzera egite horrek ez du inolako ondoriorik izango hamargarren instrukzioan aurreikusitakoaren arabera aurkez zitekeen onarpen-eskaeran.
5.– 2025-2026an Batxilergoko 1. maila egiten ari diren ikasleek bermatuta dute Batxilergoko 2. mailan jarraituko dutela ikastetxe, modalitate eta hizkuntza-eredu berean, inolako erreserba-eskaerarik egin gabe; hala ere, beste ikastetxe edo modalitate edo hizkuntza-eredu batean onartzeko eskabidea ere aurkez dezakete, hamargarren jarraibidean ezarritako prozedurari jarraituz.
6.– Ikastetxeek onarpen- eta matrikula-aplikazioan adierazi beharko dute zenbat plaza gorde behar dituzten 1. eta 2. maila errepikatuko duten ikasleentzat. Erreserba hori beti egingo da ikasleak 2025-2026an egindako modalitate eta hizkuntza-eredu berean.
Hamargarrena.– Onarpen-eskabideak.
1.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada eta ez badago legez emantzipatuta, ikaslearen aitak, amak edo tutorea den pertsona edo erakundeak aurkeztu behar du eskabidea. Banandutako edo dibortziatutako familiak izanez gero, eskabidea aurkezten duen pertsonak beste gurasoaren baimena izan beharko du, edo, halakorik ezean, eskabidea bermatzen duen ebazpen judizial bat. Eskabidea egiteko unean ikaslea adinez nagusia bada edo legez emantzipatuta badago, ikasleak berak aurkeztuko du eskabidea.
2.– Epez kanpo ez da eskabiderik onartuko, ez epea hasi aurretik egindakorik, ez epea amaitu ostean egindakorik. Ikastetxeek onartu eta izapidetu beharko dituzte epean aurkeztutako matrikula-eskabide guztiak, eta, hala behar bada, barematu.
3.– Eskabidea egitean, edo, nolanahi ere, eskabideak egiteko ezarrita dagoen epean, dokumentazioa aurkeztu beharko da, egiaztatuko duena zer egoera barematu behar diren. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren, ez da beste agiririk onartuko.
4.– Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, hark gorde ditzan haiei dagozkien plazak eta jarri dezan behar duten laguntza berezia.
5.– Pertsonako, eskabide bakarra egin ahal izango da, onartzeko agindu honen 2. artikuluan ezarritako epean, hargatik eragotzi gabe eskabidea epe horretan aldatzeko aukera dagoela hamahirugarren instrukzioan ezarritako baldintzetan. Horretarako, Hezkuntza Sailak diseinatutako eskabideak eta matrikula kudeatzeko aplikazio informatikoak eragotzi egingo du bikoiztasunak gertatzea.
Bikoiztasunak zenbatzeko, ez da onarpen-eskaeratzat hartuko bederatzigarren instrukzioko 1. paragrafoan plaza erreserbatzeko aipatutako eskaera, bi eskabideak bateragarriak baitira.
6.– Eskabidean, gehienez, hogeita lau eskabide egin ahal izango dira, lehentasunaren arabera antolatuta. Eskaera bakoitzean, ikastetxe, hizkuntza-eredu eta Batxilergo mota bana aukeratuko dira, ikastetxeak hizkuntza-eredu hori eskaini ala ez. Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programa eskaintzen duten ikastetxeen kasuan, aukera horietako bat izango da, eta lotuta egongo da agindu honen III. eranskinean ikastetxe bakoitzerako ezarritako gure hezkuntza-sistemaren modalitateari.
7.– Ikastetxe batek ez badu eskaintzen lehenengo eskabideko hizkuntza-eredua, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aztertuko du ea aukerarik dagoen maila eta eredu horretako taldea sortzeko ikastetxean bertan edo inguruan, betiere behar adina eskabide badaude eta plangintzak posible egiten badu. Dena den, ikasleak parte hartuko du onartzeko prozesuan, eskaintzen diren ereduetan egin dituen gainerako eskabideekin.
8.– Agindu honen 2. artikuluan ezarritako egunean, eskatzaileen zerrenda argitaratuko da, maila, mota eta hizkuntza-ereduen arabera antolatuta. Agindu honen III. eranskinean zerrendatutako ikastetxeen kasuan, bereiziko da zein den Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programarako plaza eskatzen dutenen berariazko taldea.
9.– Onartzeko prozesuan, atzera egin ahal izango da agindu honen 2. artikuluan ezarritako egunera arte. Atzera egiteak eragina du eskabidean jasotako aukera guztietan. Eskabidea linean izapidetuta badago, hala egingo da atzera ere, Ikasgunea atarian sartu ondoren. Eskabidea aurrez aurre izapidetuta badago, eskatzaileak idatzi bat aurkeztu beharko du atzera egiteko, eskabidea aurkeztu zuen ikastetxean. Ondoren, ikastetxeak idazki hori artxibatuko du, egin zen eskabidearekin batera. Onartzeko eskabidean atzera egiteak ez du inolako ondoriorik bederatzigarren instrukzioan aurreikusitakoaren arabera aurkez zitekeen plazak erreserbatzeko eskabidean.
10.– Eskabideak aurkeztu ahalko dira honako bi moduetako batean:
– Online, Hezkuntza Sailak horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bitartez. Eskabideak online egin ahal izango dira agindu honen 2. artikuluan eskabideak aurkezteko ezarritako azken eguneko 23:59ak arte. Ordutik aurrera, aplikazioa ez da aktibo egongo. Aplikazioan sartzeko, «Ikasgunea» ataria erabili beharko da (https://ikasgunea.euskadi.eus).
– Interesdunak aukera izango du eskabidea bete ahal izateko lehen aukeran jarritako ikastetxeko idazkaritzan, eta idazkaritza horrek sartuko ditu eskatzaileak eskabideari buruz emandako datuak Hezkuntza Saileko aplikazio informatikoan.
Hautatutako ikastetxean egiten bada eskabidea, interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztu beharko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Horrez gain, aukeratutako ikastetxean entregatu beharko ditu kasuan-kasuan egoki diren dokumentu guztiak.
Eskabidea linean eginez gero, beharrezkoak diren dokumentuak eskaneatuta erantsi beharko dira, bai nahitaezkoak, bai baremazio-prozesuan puntuak egiaztatzen dituztenak. Eskabidea bete eta gorde ondoren, lehenengo tokian hautaturiko ikastetxera bidaliko du informatika-aplikazioak, eta ikastetxe horrek bideratuko du. Eskatzaileak nahi duenean jaso ahal izango du eskabidearen frogagiria, eta zirriborrotzat hartuko da ikastetxeak izapideak egin arte.
Hamaikagarrena.– Eskabidea zuzentzea.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako nahitaezko dokumentu guztiak ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko; eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.
Hamabigarrena.– Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.
Eskabidea ikastetxe batean aurkeztuz gero, eskabidearen datuak sartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikastetxeak eskatzaileari inprimaki bat erakutsiko dio; bertan, honako datu hauek jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskabideak, baremaziorako argudiatu diren arrazoiak eta aurkeztutako agiriak.
Eskatzaileak, berriz, aztertuko du zer datu sartu diren, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu, eta grabatu egingo ditu aurretik sartutako datuak. Inprimaki hori izango da, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskabideen frogagiria eta egiaztagiria.
Eskabidea sistema informatikoan grabatutakoan, haren izapideen jarraipena bi erara egin ahal izango da: aurrez aurre edo linean.
Hamahirugarrena.– Eskabidearen datuak aldatzea.
Eskatzaileek aukera izango dute grabatutako daturen bat aldatu edo zuzentzeko, agindu honen 2. artikuluan eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken egunera arte (egun hori barne). Egun hori igarota, ez da aldaketarik edo zuzenketarik onartuko.
Eskabidea linean eginda badago, eskabideari alta eman ondoren, eskatzaileek aplikazioaren bidez aldatu edo zuzendu ahal izango dituzte grabatutako datuak agindu honen 2. artikuluan eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken egunera arte. Lehenengo aukera modura eskatutako ikastetxea eskabidea izapidetzen hasi delako, aldaketarik edo zuzenketarik ezin bada egin, ikastetxe horrekin jarri beharko da harremanetan.
Eskabidea hautatutako ikastetxean eginda badago, eskabidea aldatu nahi dutenek ikastetxera bertara joan, eta bertan eskatu beharko dute aldaketak egitea.
Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eman zitzaion jatorrizko inprimakia sinatuta eta zigilatuta aurkeztea. Egin beharreko zuzenketak egin ondoren, beste inprimaki bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; orduan, zaharra apurtu eta datu berriak balidatuko dira.
Eskabideko datuak grabatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz grabatu zenean ausaz esleitu zitzaiona.
Hamalaugarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Nahitaezko agiriak, ikaslearen adina edozein izanda ere.
– Ikaslearen NANaren edo AIZren fotokopia. Ez da aurkeztu beharko, baldin eta on linean izapidetu bada eta agiri hori nortasun-datuak kontsultatzeko zerbitzuak balidatu badu.
b) Nahitaezko dokumentuak ikaslea adingabea bada.
– Ikaslearen Erregistro Zibileko ziurtagiri indibidualaren fotokopia, edo jatorrizko herrialdeko beste egiaztagiri ofizial baliokidea, zeinean agertzen baita nor diren gurasoak edo tutoreak. Familia-harreran dauden ikasleek, familia-harrera egoeraren ziurtagiri ofiziala.
– Eskabidea egiten duen pertsonari (aita edo ama) dagokion Erregistro Zibileko ziurtagiri indibidualaren fotokopia, edo jatorrizko herrialdeko beste egiaztagiri ofizial baliokidea, zeinean agertzen baia nor diren gurasoak ala tutoreak.
– Eskabidea egiten duen amaren, aitaren edo tutorearen NAN edo ANT fotokopia. Ez da beharrezkoa dokumentua aurkeztea izapideak online eginez gero, eta nortasun-datuak kontsultatzeko zerbitzuak agiri hori baliozkotzen badu. Aipatutako dokumenturen bat ez baduzu, honako hauetakoren baten kopia aurkeztu beharko duzu: pasaportea, gidabaimena edo edozein dokumentu ofizial, jatorrizko herrialdeko agintari eskudunak emandakoa eta identifikatzeko balio duena. Zalantzarik izanez gero, dagokion kontsuletxeko agintaritzak egiaztatuko du. Nolanahi ere, erabilitako dokumentuak argazkia eta sinadura izan beharko ditu.
– Banandutako edo dibortziatutako familiek dokumentu bat aurkeztu beharko dute, egiaztatzen duena betetzen dutela Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa (ezkontide ohiaren baimen idatzia, ebazpen judiziala edo eskabidea bermatzen duen behin-behineko neurria, etab.).
c) Halaber, baremoko edozein apartaturen puntuazioa eskatzen denean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Apartatu edo azpiapartatu batean puntuatzeko balio duten dokumentuetako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da apartatu edo azpiapartatu hori. Horrek ez du eskabidea baliogabetuko, ezta gainerako apartatuetako edo azpiapartatuetako puntuaziorik ere.
– Eskatzailea EAEn bizi bada, ofizioz egiaztatuko da erroldatze-agiria, horretarako baimena ematen badu. Bestela, berak aurkeztu beharko du udalak emandako ohiko bizilekuaren (ikaslearena, aitarena, amarena edo tutorearena) errolda kolektiboaren ziurtagiria.
– Derion (901), Arrigorriagan (011), Berangon (016), Galdakaon (036), Leioan (054), Ortuellan (083) eta Mungian (069) erroldatutako eskatzaileek –bai eta EAEtik kanpo bizi direnek ere– aurkeztu beharko dute aurreko paragrafoan aipatutako ohiko bizilekuaren errolda kolektiboaren ziurtagiria.
Ziurtagiri horrek, gehienez, hiru hilabeteko antzinatasuna izango du.
2.– Aurrez aurreko izapideetan, dokumentazio guztia aurkeztu beharko da (bai nahitaezkoa bai baremazioan puntuak lortzeko beharrezkoa dena) lehenengo eskatu den ikastetxean, salbu beste edozein ikastetxek baremazio-puntuak egiaztatzeko eman beharreko dokumentazioa. Hori ikastetxe bakoitzaren idazkaritzan aurkeztu beharko da, lehenengo eskatu den ikastetxean eskabidea erregistratu ondoren. Horretarako, eskabidean adierazita egon behar da baremoko zer apartatu eskatzen den barematzeko ikastetxe bakoitzean.
Familia-bizilekuari edo lantokiari dagozkion puntuak egiaztatzeko, aski izango da behar diren ziurtagiriak aurkeztea lehenengo eskabidean aukeratutako ikastetxean, eta eskabide guztietarako baliagarriak izango dira, puntuazioa guztietan alda daitekeen arren. Ziurtagiriak kontuan hartuta, aplikazio informatikoak puntuazio hoberena emango du eskabide bakoitzeko. Udalak familia-bizilekuari buruz egindako ziurtagiria gehienez hiru hilabete lehenago egindakoa izango da.
3.– Internet bidezko izapideetan, dokumentazio guztia eskaneatu beharko da, eta, ondoren, eskabidearekin batera bidali beharko da Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazio telematikoaren bitartez.
4.– Hezkuntza-administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ea benetakoak diren ekarri zaizkion dokumentuak.
Hamabosgarrena.– Baremazioa.
1.– Ikastetxeak ez du eskabideak barematzeko betebeharra, ez hezkuntza-laguntzen premia bereziak dituzten ikasleentzat gordetako plazetan, ez gainerako plazetan, baldin eta, lehentasun-hurrenkera edozein izanda ere, baldin eta maila, mota eta hizkuntza-eredu baterako jasotako eskabideen kopurua txikiagoa bada kasu bakoitzean eskuragarri dagoen plaza-kopurua baino.
2.– Aitzitik, baldin eta maila, mota eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskabideen kopurua –haien lehentasun-ordena edozein dela ere– plaza eskuragarrien kopurua baino handiagoa bada, ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenak edo itunpeko ikastetxeen titularrak, ikastetxearen eskola-kontseiluak gainbegiratuta, barematu beharko ditu jaso dituen eskabideak, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan aipatzen diren baremoaren arabera eta hori aplikatzeko arauen zein jarraibide hauen arabera.
Lehenengo eskatu den ikastetxeak barematu beharko ditu apartatu guztiak. Bestalde, eskabidean aipatu diren gainerako ikastetxeek barematu beharko dituzte agindu honen V. eranskineko baremoaren a), b), d), k) eta l) apartatuak.
Hamaseigarrena.– Eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulatuta dauden neba-arrebak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzaileak neba-arreba bat edo gehiago dituenean matrikulatuta eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean. Apartatu honetan soilik hartuko da kontuan zer neba-arreba dauden matrikulatuta Hezkuntza Sailak arautako onarpen-prozesuko mailaren batean.
2.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, egoera hori gertatu beharko da ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturte berean, hau da, 2025-2026ko ikasturtean.
3.– Senidea dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da.
4.– Apartatu honi dagokion puntuazioa ematean, neba-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edo behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.
5.– Era berean, apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da ikaslearen gurasoetako edonoren legezko bikotea. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori egiaztatzeko, baliatuko da hamalaugarren jarraibidean deskribatutako prozeduraren bidez lortutako erroldatzeari buruzko informazioa.
6.– Ziurtatzeko nor den gurasoaren bikotekidea, aurkeztu behar da familia-liburua, elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duena, edo ziurtagiri ofiziala, adierazten duena izatezko bikote direla.
Hamazazpigarrena.– Ikaslearen edo aitaren, amaren edo legezko tutorearen familia-bizilekuaren edo lantokiaren gertutasunari dagokion baremoko apartatuari aplikatzeko arauak.
1.– Atal honi dagokion puntuazioa emateko, soilik hartuko da kontuan agindu honen V. eranskinean zehazten diren azpiataletako bat. Eskatzaileek azpiatal horietako bat aukeratu beharko dute puntuazioa lortzeko.
2.– Eskaera egiteko unean ikaslea adingabea bada eta ez badago legez emantzipatuta, familia-egoitzatzat hartuko da zer tokitan bizi den ikaslea aitarekin edo amarekin edo legezko tutorearekin. Familia-bizilekua egiaztatzeko, baliatuko da hamalaugarren jarraibidean deskribatutako prozeduraren bidez lortutako erroldatzeari buruzko informazioa.
Aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, aurkeztu beharko da sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala.
Eskaera egiteko unean ikaslea adinez nagusia bada edo legez emantzipatuta badago, ikasle eskatzailea bera non bizi den, toki hori hartuko da familia-bizilekutzat. Horrelakoetan familia-egoitza egiaztatzeko, baliatuko da hamalaugarren jarraibidean deskribatutako prozeduraren bidez lortutako erroldatzeari buruzko informazioa, eta, ziurtagiri horretan, ikaslearen egoitza agertu beharko da, eta, hala dagokionean, emantzipatua denaren ziurtagiri ofiziala.
3.– Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak esleituko zaizkio Errolda erregistroan ageri den bizilekuari, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu -jarraian adieraziko dena aplikatuta- puntu horiek ez direla eman behar.
Aurkako frogarik ezean, erroldatzeak bizilekuaren presuntzio balioa du. Badira froga-elementu batzuk presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta bestelako dokumentu publiko edo pribatu batzuk ondorioztatzera eraman diezaguketenak egiazko bizilekua ez datorrela bat eta errolda-ziurtagirian adierazitakoarekin.
Baldin eta ikastetxe edo maila bateko onartze-prozesuan parte hartzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten badu hezkuntza-administrazioaren aurrean beste parte hartzaileren batek bizilekuaren gertutasunaren apartatuan jasotako puntuazioarengatik, erreklamazioan adierazi beharko du zer arrazoi eta zantzu dagoen hori jartzeko. Ondoren, hezkuntza-administrazioak, puntuazioari buruzko zalantzarik badu, eskatzaileari eskatuko dio dokumentuak edo bestelako elementuak aurkezteko, bizilekua egiaztatzeko.
Errekerimendua jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da deklaratzeko ez dela bidezkoa aipatutako puntu horiek esleitzeko; betiere, errekerimenduaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak ebazpen espresua emango du adierazteko ezin direla esleitu bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak.
Ebazpen horrek adieraziko du zer zio konkretutan oinarritzen den, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.
4.– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dagoenean ikaslearen edo ikasle adingabearen aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, eskabidea aurkeztean, eskatu ahal izango da egoera hori baloratzea bizilekuaren gertutasunaren ordez.
Horrela egiten bada, besteen konturako langileen kasuan, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, ikasleak, aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiten duen enpresako titularrak edo arduradunak egina eta egoera horren berri ematen duena.
Jarduera norbere kontura egiten bada, lantokia egiaztatuko da ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiriaren bidez. Indarreko araudiari jarraikiz, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea nahitaezkoa ez bada, aurkeztu beharko da dagokion udalak egindako irekitze-baimenaren fotokopia konpultsatua.
5.– Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzean, gurasotzat hartuko da ikaslearen gurasoetako edozeinen ezkontidea edo izatezko bikotekidea.
Ikaslearen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, beste pertsonarekin ezkonduta dagoela jasotzen duen familia-liburuaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo izatezko bikotea edo haren edozein gurasoren ezkontidea agertzen den ziurtagiri ofiziala.
6.– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean dagoenean ikaslearen, aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, ez da kontuan hartuko.
7.– Eskatzailearen lantokia edo aitarena, amarena edo legezko tutorearena ikastetxetik gertu egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizilekuaren gertutasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.
8.– Eragin-eremuaren kontzeptu horietako bakar bategatik ere punturik lortu ez dutenek, baldin eta ikastetxea kokatuta dagoen udalerrian bizi badira, eskubidea izango dute puntu bat lortzeko apartatu honetan. Bizilekua EAEren barruan badute, baina ikastetxea dagoen udalerritik kanpo, puntu erdi emango zaie.
9.– Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako egin behar diren distantziei buruzko zehaztapen guztietarako, erabiliko dira Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) erreferentziazko geoatarian (geoEuskadi) dauden datuak.
Hemezortzigarrena.– Familia-unitatearen urteko errentei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak, eta seme-alaben kopuruaren eragina.
1.– Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2024ko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkienak. Baremoko apartatu honetan punturik lortzeko, batura horrek ez du gainditu beharko 15.876,00 euroko muga. 2024ko lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Horren ondorioz, puntu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hezkuntza-administrazioari baimena eman beharko diote hori egiaztatu dezan dagokion foru-ogasunean.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileek familia-unitateko diru-sarreren puntuak lortzeko eskubidea eskuratu nahi badute, familia-unitateko kide guztien 2024ko banakako errenta-aitorpenen kopia aurkeztu beharko dute edo, hala badagokie, baterako aitorpena. Familia-unitateko kideren batek, zerga-araudiari jarraituz, urte horretan errenta-aitorpena egin ez badu, ogasunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da egiaztatzeko aitorpena ez dela egin.
3.– Jarraibide honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko dira hala adingabea bera bera, onartzeko eskatzen dena, nola haren gurasoak, ageri direnak onarpen-eskabidearen helburu den adingabearen familia-liburuan; salbu hitzarmen arautzaile baten bidez egiaztatzen bada banatua dagoela adingabearen zaintzaren gaineko ardura.
Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen bizikidetza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, soilik hartuko da aintzat ikaslearen zaintza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen jagoletza. Edozein administrazio publikok tutoretza badauka, irizpide horretan, gehieneko puntuazioa ezarriko da.
4.– Neba-arreben kopurua egiaztatzeko, baliatuko da familia-liburua, jaiotza-agiria edo beste dokumentu ofizial baten kopia, harreman hori egiaztatzen duena. Bakarrik hartuko dira kontuan adingabeko neba-arrebak.
5.– Gurasoaren bikotearen bikotea nor den egiaztetzeko, familia liburua baliatuko da, jasotzen duena guraso norekin dauden ezkonduta, edo ziurtagiri ofiziala, jasotzen duena nor den guraso bietako edozeinen izatezko bikotea edo emaztea edo senarra.
Hemeretzigarrena.– Eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean lan egiten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aitak edo amak edo legezko tutoreak lan egiten badu eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean. Bi egoerak gertatu arren, bakarragatik emango da puntuazioa.
2.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, egoera hori gertatu beharko da ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean, hau da, 2025-2026ko ikasturtean.
3.– Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia aurkeztu beharko da, edo dagokion ziurtagiri ofiziala.
4.– Apartatu honi dagokion puntuazioa ematean, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da izatezko bikotekidea edo ikaslearen gurasoetako edonoren ezkontidea den pertsona. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori egiaztatzeko, baliatuko da hamalaugarren jarraibidean deskribatutako prozeduraren bidez lortutako erroldatzeari buruzko informazioa.
5.– Gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, beste pertsonarekin ezkonduta dagoela jasotzen duen familia-liburuaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo izatezko bikotea edo haren edozein gurasoren ezkontidea dela adierazten duen ziurtagiri ofiziala.
Hogeigarrena.– Ikaslearen desgaitasunari, edo aita, ama edo legezko tutorearen, edo anai edo arrebaren baten desgaitasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da V. eranskinean aurreikusitako bi aukeretako edozeinengatik:
2.– Puntuazio hori emango da, baldin eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu. Nahiz eta bi edo gehiago izan desgaitasuna duten eta horrenbestez kontzeptu honengatik puntuazioa lortzeko aukera ematen duten pertsonak, haietako bakar batengatik baino ez dira emango puntuak.
3.– Lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte-ekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan, legez onartuko da eragindako pertsonak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.
4.– Anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
5.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, neba-arrebatzat joko dira familia-unitate berean legezko tutoretza-egoeran edo behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.
6.– Era berean, apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da ikaslearen izatezko bikotekidea edo ikaslearen gurasoetako edonoren ezkontidea.
Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori egiaztatzeko hamalaugarren jarraibidean deskribatutako prozeduraren bidez lortutako erroldatzeari buruzko informazioa erabiliko da.
7.– Gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edo izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.
Hogeita batgarrena.– Familia-unitatea arrazoi hauengatik lekuz aldatzeari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.
1.– Puntuazio hori emango da epigrafean adierazitako edozein gertakarirengatik.
2.– Egoera hori dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.
Hogeita bigarrena.– Familia ugariko kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Eskatzailea EAEn bizi bada eta familia ugariko kidea dela adierazten badu, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari galdetuko zaio kategoria hori lortzeko, eta ondoren emango zaio dagokion puntuazioa. Egoera hori egiaztatu ezin bada, eskatzaileak ezarritako epean aurkeztu beharko du frogagiria «Ikasgune» atarian, izapidea linean egin bada, eta lehenengo eskaria egin duen ikastetxean, eskaria aurrez aurre izapidetu bada.
2.– Eskatzaileak EAEn bizi ez badira, familia ugaria dela egiaztatzeko, bizi diren autonomia-erkidegoak emandako titulu ofiziala aurkeztuko da.
Hogeita hirugarrena.– Guraso bakarreko familiako kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, guraso bakarreko familia izango da ikaslearen guraso-ahala pertsona bakar batek duenean edo bi pertsonek izan arren, ikaslearekin bizi den beste gurasoarekiko urruntze-agindua duenean, betiere ikaslearekin bizi den eta guraso-ahala duen gurasoak ez badu legezko bikotekidea den beste hirugarren pertsona batekin lotura berririk.
2.– Erregistro Zibileko ziurtagiri indibidualaren, urruntze-aginduaren kopia edo beste agiri ofizial batzuen bidez egiaztatuko da.
Hogeita laugarrena.– Familia-harrerako egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzailea familia-harreran bizi bada emango da.
2.– Egoera hori egiaztatzeko, dagokion foru-aldundiko gizarte-politiketan eskumena duen Sailaren ziurtagiria aurkeztuko da.
Hogeita bosgarrena.– Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa erditze berean jaiotako seme-alaba kopuruaren arabera emango da, baldin eta eskabide guztientzako ikastetxe berean eta ordena berean egiten bada.
2.– Egoera hori egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia, jaiotze-agiria edo beste agiri ofizial batzuk aurkeztuko dira.
Hogeita seigarrena.– Ordezkaritza-organo gorenak edo ikastetxeko eskola-kontseiluak ezarri duen beste edozein egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo eorenek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako eskola-kontseiluek irizpide bat edo bat baino gehiago ezarri ahal izango dute, hala nahi izanez gero, eskatzaileei gehienez puntu osagarri bat emateko.
2.– Puntuazio osagarria emateko bete behar diren irizpideak objektiboak izan behar dira. Irizpideak eta egiaztatzeko baldintzak ikastetxearen organo eskudunak onartu, eta aditzera emango dira eskabideak bidaltzeko epea hasi baino lehen.
Era berean, aplikazio informatikoan, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du Agindu honen 2. artikuluan ezarritako eguna baino lehen. Dokumentu horretan puntuazioa emateko irizpideak egongo dira zehaztuta, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eskura eduki ahal izateko. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da ikastetxeko iragarki-oholean.
3.– Puntuazioa kontzeptu batengatik edo bat baino gehiagorengatik eman ahal izango da. Hainbat kontzepturengatik ematen denean, kontzeptu horien artean banatu ahal izango da, edo zuzenean eman horietako bat betetzen bada.
4.– Puntuazio osagarri hau emateko irizpideak desberdinak izan daitezke kurtsoko edo hezkuntza-mailako.
5.– Apartatu honen puntuazioa emateko bete behar diren irizpideen artean, baremoaren beste apartatuei dagozkien kontzeptu bat edo bat baino gehiago sar daitezke. Horrela, horien puntuazioak gora egingo du nahi den neurrian, kontuan hartuta, guztira, apartatu horrengatik ezin dela puntu osagarri bat baino gehiago eman.
6.– Apartatu horretarako onartu diren irizpideen artean ezin dira ezarri jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian, edo beste egoera edo baldintza pertsonal edo sozial batzuetan oinarritutako irizpide baztertzaileak. Gainera, ezingo da puntuaziorik eman horretarako antolatutako proben edo azterketen ondorioz. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak balidatu beharko ditu ikastetxe bakoitzeko irizpideak. Balidazio hori egiteko epea Agindu honen 2. artikuluan adierazitako egunean amaituko da. Ikastetxeak onartutako irizpideren batek aurreko baldintzak betetzen ez baditu, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak irizpide hori aldatzeko eskatuko dio ikastetxeari. Aldaketa hori egiteko eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak agiri berria balidatzeko epea egun horretan bertan amaituko da.
7.– Hezkuntza Sailaren mendeko Ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen eskola-kontseiluek ezarri behar dituzte bete behar diren baldintzak, apartatu honetan ezarri diren irizpide guztiak bete direla onartu ahal izateko.
8.– Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.
Hogeita zazpigarrena.– Kooperatiba-bazkide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aita edo ama edo legezko tutorea eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide bada.
2.– Egoera horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Hogeita zortzigarrena.– Espediente akademikoari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da, baldin eta eskatzaileak DBHko azken mailan amaitutako espediente akademikoan baremoan adierazitako bi aukeretako baten pareko nota edo handiagoa badu.
2.– Eskatzaileak ez badu DBH EAEn egin, espediente akademikoaren kopia edo egoera horren ziurtagiria aurkeztuko da.
Hogeita bederatzigarrena.– Genero-indarkeriaren biktimei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta eskatzailea edo eskatzailearen ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima bada.
2.– Genero-indarkeriaren biktima izatearen baldintza egiaztatzeko, Genero-indarkeriaren aurka babes integrala emateko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aipatutako moduetatik edozein erabili ahal izango da. Artikulu horretan xedatutakoaren arabera, genero-indarkeriako egoerak honela egiaztatuko dira: genero-indarkeriako delitu batengatiko epai kondenatzaile batez, babes-agindu batez edo biktimaren alde kautelazko neurri bat agintzen duen beste edozein ebazpen judizialen bitartez, edo, bestela, Fiskaltzaren txosten baten bitartez, zeinean adierazten baita aztarna batzuk badaudela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten dutenak. Genero-indarkeriaren egoera egiaztatu ahal izango da, halaber, gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen txostenaren bidez.
Hogeita hamargarrena.– Terrorismoaren biktimei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak.
1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da eskatzailea edo aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima bada.
2.– Egoera hori egiaztatuko da Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren edo Estatuko edo beste autonomia-erkidego bateko antzeko erakunde baten ebazpen bidez.
Hogeita hamaikagarrena.– Errentari buruzko datuen egiaztapena.
Errentaren datuen egiaztapenaren emaitzak lortzean, horrela jokatu beharko da:
1.– Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, puntuazioa egiaztapena baimendu duten pertsonei dagokiela ulertuko da, baina, egiaztapen hori egin ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak osatzeko, aldaketak egin ahal izango dira.
2.– Egiaztapenen emaitzak jaso ondoren, Ogasunaren ziurtagiriak ontzat emango dira errenta balioesteko.
3.– Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasotzen badira, egoera hau kontuan hartuko da behin betiko zerrendak egitean.
Hogeita hamabigarrena.– Onartuta dauden eta itxarote-zerrendan dauden ikasleen zerrendak.
1.– Barematu behar ziren eskabideei baremoa ezarri ondoren, ikastetxe bakoitzean jaso diren eskabide guztiak horrela ordenatuko dira:
a) Lehenik, eranskin honen zazpigarren jarraibideko 4,5 eta 6 apartatuetan ezartzen diren lehentasunak betetzen dituztenak.
b) Ondoren, beste eskabide guztiak.
Aipatutako bi talde horietako bakoitzaren barruan, eskabideak ordenatzeko, lortutako puntuazioa hartuko da kontuan; berdinketarik badago, baremoko irizpideetan lortutako puntuaziorik handienari erreparatuko zaio, banaka alderatuta eta hurrenkera honetan:
– Puntu gehien lortu duena eskatutako ikastetxean neba-arreba bat edo gehiago izateari dagokion apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikaslearen bizilekuaren gertutasuna, edo eskatzailearen beraren lantokiarena, edo haren aita, ama edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna.
– Puntu gehien duena familia-unitatearen urteko errentaren apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena eskatutako ikastetxean lan egiten duen senideren bat izateari dagokion apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasleak desgaitasunen bat izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo neba-arrebaren batek izatea.
– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.
– Familia ugariaren apartatuan lortutako puntuaziorik handiena.
– Puntu gehien lortu duena guraso bakarreko familiako ikasleen apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.
– Puntu gehien lortu duena erditze anizkoitzean jaiotako ikasle apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena eskola-kontseiluak edo ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak askatasun osoz zehaztutako irizpideen apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena ikastetxeko kooperatiba-bazkide izatearen apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena espediente akademikoaren apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena genero-indarkeriaren biktima apartatuan.
– Puntu gehien lortu duena terrorismoaren biktimen apartatuan.
Antolamendu honen arabera, Hezkuntza Saileko aplikazio informatikoak adieraziko du zein pertsonak duen plazak okupatzeko eskubide handiena. Horretarako, ikastetxe, maila, mota eta hizkuntza-eredu konbinazio bakoitzerako jasotako eskabide guztiak izango ditu kontuan, lortutako puntuazioaren arabera.
2.– Ondoren, ikastetxeko organo eskudunak baietsiko ditu onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendak eta jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako egunean eta tokian argitaratuko dira.
Jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako epean aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak eta behin-behineko zerrenda onartu zuen organo berak ebatziko ditu. Ikastetxeak egoki iritziz gero, dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintza Lurralde Buruzagitzara igorriko du kontsulta.
Ikastetxeko organo eskudunak baietsiko ditu onartutakoan eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak. Jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako egunean eta tokian argitaratuko dira zerrenda guztiak.
Onartutako eta argitaratutako zerrendek jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako argibideak izan beharko dituzte.
3.– Onartutako pertsonek automatikoki galduko dute Batxilergoa beren ikastetxean egiteko zuten plaza-erreserba. Egoera hau kontuan hartuko da aurreko prozesuan.
4.– Eskatutako plazarik lortu ez duten ikasleek edo lehentasun gutxiagoko plaza lortu dutenek itxarote-zerrendan jarraituko dute. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskabide guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskabideetan jarritako ikastetxeetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira.
Hogeita hamahirugarrena.– Erreklamazioak.
Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioak egin daitezke, ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenean edo eskola-kontseiluan aurkeztuta, agindu honen 2. artikuluan xedatutako epean. Erreklamazioa Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazioaren edo Interneten bidez egingo da, edo aurrez aurre. Aurrez aurreko erreklamazioaren kasuan, izapidea lehenengo eskabidean eskatutako ikastetxean (baremoaren edozein apartaturako) egin ahal izango da, edo eskatutako beste edozein ikastetxetan (horri dagozkion baremoko apartatuetarako). Hori horrela izan arren, erreklamazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa erreklamatzen den zerrendari dagokion ikastetxean entregatu beharko da.
Erreklamazioa aurkezten den ikastetxeak jaso beharko du dagokion aplikazio informatikoan. Ostean aurkeztutako erreklamazioaren kopia bat inprimatu, zigilatu eta erreklamazioa aurkeztu duen pertsonari eman beharko dio, erreklamazio hori aurkeztu izanaren egiaztagiri modura.
Behin betiko zerrendaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.
Aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak bildu ahal izango ditu Administrazioak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikaslea behar bezala eskola daitekeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena, eta azken horrek administrazio-bidea agortuko du.
Hogeita hamalaugarrena.– Matrikula formalizatzeko epeak.
Ikastetxe bateko onartuen behin betiko zerrendan agertzen direnek, bai eta plaza bat erreserbatuta dutenek ere, onarpen-prozesuan parte hartu beharrik izan gabe (ikasturtea errepikatzen duen ikastetxean matrikulatutako ikasleak edo DBHko 4. mailatik Batxilergoko 1. mailara edo Batxilergoko 1. mailatik 2. mailara igarotzen diren ikasleak, eranskin honetako zazpigarren eta bederatzigarren jarraibideetan plaza erreserbatzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte), online agindu honen 2. artikuluan ezarritako matrikulazio-aldi arruntean formalizatu beharko dute matrikula, edo, aurrez aurre, ikastetxeko idazkaritzan.
Plaza izateko eskubide duen pertsona batek ez badu bere matrikula ezarritako epean formalizatzen, galdu egingo ditu esleitu edo gorde zitzaion plazaren gaineko eskubide guztiak.
2.– Agindu honen 2. artikuluan ezohiko matrikulaziorako ezarritako aldian, libre dauden eskola-plazak eskainiko zaizkie itxarote-zerrendan daudenei, hurrenkera onenen arabera.
3.– Itxarote-zerrendakoei plaza horiek eskaini ondoren, onartu ezean, Agindu honen 2. artikuluan ezarritako ezohiko matrikulazio-aldiaren azken egunera arte, ikastetxeak matrikula egin ahal izango die hala eskatu eta eskakizunak betetzen dituztenei.
4.– Agindu honen 2. artikuluan ezarritako ezohiko matrikulazio-aldia amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, matrikulak formalizatzeko, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 18., 22. eta 23. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da. Batxilergoan, ikastetxeek ezin izango dute matrikulatu inor askatasun osoz. Norbaitek data hori igaro ondoren Batxilergoan matrikulatu nahi badu, dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintza Lurralde Buruzagitzari eskatu beharko dio. Ordezkaritzan bertan zuzenean egin dezake eskabidea, edo matrikulatu nahi duen ikastetxearen bidez.
Behar bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan baino ez du emango Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde Burutzak, Agindu honen 2. artikuluan ezarritako ezohiko matrikulazio-aldia amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, Batxilergoan inor matrikulatzeko baimena. Ikastetxeek ezingo dituzte pertsona horiek matrikulatu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurretiazko baimenik gabe.
Hogeita hamabosgarrena.– Matrikula baieztatzea.
Pertsona baten matrikula egin ostean, ikastetxeak berretsiko du eta, aurrez aurre matrikulatuz gero, ikastetxeak aplikazio informatikoak emandako inprimakia inprimatu eta ikasleari emango dio. Inprimaki hori zigilatu ostean, behin-behineko matrikularen egiaztagiri modura erabili ahalko da.
Hala ere, ikasleak behin betiko matrikula egiteko, mota eta hizkuntza-eredu horretan talde bat eratzeko beharrezkoa den gutxienezko ikasle kopurua lortu beharko da. Era berean, hasieran hautatutako aukerako ikasgai bakoitzean matrikulatu ahal izateko, ikasgai jakin horretan talde bat eratzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle kopurua lortu beharko da.
Ikasgairen batean taldea eratzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle kopurua lortzen ez bada, ikastetxea ikasgai hori hautatutako pertsonekin harremanetan jarriko da, hasierako hautaketa alda dezan. Ikastetxeak behin betiko matrikula egiaztatzeko beste inprimaki bat emango dio ikasleari.
Hogeita hamaseigarrena.– Matrikula ezeztatzea.
Aurreikusitako eskolatze urteak ez agortzeko, ikasleek ikasten ari diren ikastetxeko zuzendariari matrikula ezeztatzeko eskatu ahal izango diote egoera hauetan: gaixotasuna, lanpostu batean hasi edo ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten betebehar pertsonal edo familiarrak izatea.
Ezeztatzeko eskabideetarako epea Agindu honen 2. artikuluan ezarritako egunean amaituko da. Eskabideak ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio eta nahitaezko ziurtagiriak atxiki beharko dira.
Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak ebatziko du eskabidea, eta aldekoa izango da, baldin eta soilik aurrez azaldutako egoeraren bat badago.
Ebazpena ikaslearen dokumentazio ofizialean idatzita geratuko da. Ikastetxea pribatua izanez gero, ebazpenaren berri emango zaio atxikitako ikastetxe publikoren zuzendariari.
II. ERANSKINA
JARRAIBIDE OSAGARRIAK, 2026-2027KO IKASTURTEAN HEZKUNTZA SAILAREN MENDEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN EGUNEKO IKASKETA-ERREGIMENEKO AURREZ AURREKO IKASKUNTZAKO BATXILERGOKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURA INFORMATIKOARI BURUZKOAK
Lehenengoa.– Prozedura informatikoaren nahitaezkotasuna.
Agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailak horretarako berariaz diseinatu duen prozedura informatiko zehatzaren bidez gauzatu beharra dago 2026-2027ko ikasturterako Batxilergoko ikasleen onarpena.
2026-2027ko ikasturtean ikasketa horiek emango dituzten Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak beharturik daude hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera, betiere, jarraibide hauetan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetan.
IKASTETXE, IKASTURTE, BATXILERGO MOTA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEKO PLAZEN ESKAINTZAREN DEFINIZIOA
Bigarrena.– Eskaintzaren datu orokorrak sartzea.
Aplikazio informatikoan, Hezkuntza-administrazioak Agindu honen 2. artikuluan horretarako ezarritako eguna baino lehen sartuko ditu Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko nahiz itunpeko ikastetxe pribatuen eskaintzari buruzko datuak, eta Batxilergoko maila bakoitzerako zehaztuko du zer batxilergo-mota eta zer hizkuntza-eredutan eskaintzen duten ikastetxeek, baita zenbat talde eskainiko diren guztira maila bakoitzean.
Datu horiek hezkuntza-administrazioak berak baino ezin ditu aldatu Agindu honen 2. artikuluan horretarako ezarritako egunera arte.
Hirugarrena.– Eskaintzaren banaketa, moten eta hizkuntza-ereduen arabera.
Talde kopuru maximoak zehaztuko du ikastetxe bakoitzaren hasierako plazen kopuru maximoa ikasturte bakoitzerako. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan 27 plaza izango dira talde bakoitzeko, bi mailatan, eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 35 plaza talde bakoitzeko, bi mailetan.
Ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu bakoitzari dagokio ezartzea eta aplikazio informatikoan sartzea ikasturte bakoitzerako plazen guztizko kopuruaren banaketa, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzaren arabera. Horretarako, kontuan izan beharko da mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean den eskaria.
Agindu honen III. eranskinean zerrendatutako ikastetxeetan, eskaintzaren banaketak ezarriko du Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programako talderako berariaz planifikatutako plaza-kopurua.
Laugarrena.– Plazak gordetzea maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean.
Ikastetxe bakoitzari dagokio bere ikasleentzako plazen erreserba epearen barruan kudeatzea, agindu honen I. eranskineko bederatzigarren jarraibidean aurreikusitakoaren arabera. Onarpen eta Matrikularen aplikazio informatikoak ikastetxean bertan tokia gordeko die, automatikoki, agindu honen I. eranskineko zazpigarren jarraibidean horretarako ezarritako baldintzak betez, hala eskatu dutenei.
Era berean, onarpen- eta matrikula-aplikazioak automatikoki jasoko du ikastetxe bakoitzean Batxilergoko 2. mailan gordeko den plaza-kopurua, modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean, Batxilergoko 1. mailako ikasle guztien jarraipena bermatzeko.
Halaber, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek gorde beharko dute, izena aurrez emateko eta matrikulatzeko epea amaitu arte, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak eskolatzeko Hezkuntzako lurralde ordezkariak zehaztutako plaza kopurua.
Eskaintza modalitateen eta hizkuntza-ereduen artean banatzeari eta horietako bakoitzean plazak erreserbatzeari buruzko datu guztiak aplikazio informatikoan jaso beharko dira agindu honen 2. artikuluan ezarritako epea amaitu baino lehen, Administrazioak ikastetxe, ikasturte, batxilergo modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen hasierako eskaintza alda dezan.
Bosgarrena.– Eskaintzaren behin betiko egituraketa.
Ikastetxe bakoitzean ikasturte, Batxilergoko mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaintzen diren plazak kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharra dago: kendu behar zaio ikastetxeak modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskainitako plaza-kopuruari plaza gordeen kopurua (plaza gordeak dira: ikasle errepikatzaileentzako plazak + aurreko mailako ikasleentzako plazak + hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako plazak).
Seigarrena.– Eskainitako plazak berrestea.
Agindu honen 2. artikuluan ezarritako epea amaitu aurretik, Administrazioak ikastetxe, ikasturte, batxilergo modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen hasierako eskaintza alda dezan, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko guztiek eta itunpeko pribatu guztiek bermatu beharko dute behar bezala jasota daudela plazen eskaintzari eta erreserbari buruzko datuak.
Agindu honen 2. artikuluan baremazioa egiteko ezarritako epea amaitu baino lehen, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde burutzek berrikusi beharko dituzte beren lurralde historikoko ikastetxeek sartu dituzten datu guztiak, eta zuzendu beharko dituzte ikastetxearen baimenarekin bat ez datozenak. Zuzenketarik eginez gero, kasuko ikastetxea jakinaren gainean jarri beharko dute.
IRAKASGAI-BLOKEAK DEFINITZEA
Zazpigarrena.– Ikastetxeek zenbait irakasgai-bloke definitzeko aukera.
Nahi duten ikastetxeek aplikazio informatikoan defini ditzakete ikasgai zehatzez osatutako irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago. Definizio hori guztiz aukerakoa izango da ikastetxeentzat, eta xede bakarra izango da ikastetxeari erraztea ikasle bakoitzak egingo dituen irakasgaiei buruzko datuak sartzea.
Horrela, datu horiek sartzen badira pertsona baten eskabidean edo azken horren matrikula formalizatzean, nahikoa izango da irakasgaien bloke aukeratua zehaztearekin bloke horretako ikasgai guztiak automatikoki jasotzeko, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izango horiek banan-banan zehaztea.
Irakasgaien blokeak definitu nahi dituzten ikastetxeek aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte blokeak Agindu honen 2. artikuluan ezarritako ohiko matrikulazio aldia amaitu baino lehen.
Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programa eskaintzen duten ikastetxeek ezarriko dute programa horretako ikasleek ikasiko duten ikasgai-multzoa.
ONARPEN-ESKABIDEAK
Zortzigarrena.– Onarpen-eskabidea aurkeztea.
Eskabidea ikastetxe batean aurkeztuz gero, interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Horrez gain, aukeratutako ikastetxean entregatu beharko ditu kasuan-kasuan egoki diren agiri guztiak.
Bederatzigarrena.– Eskatzailea bilatzea aplikazioaren datu-basean.
Datuak sartzea errazte aldera, eskabideko datuak sartzen dituzten ikastetxeko langileek egiaztatu egin beharko dute pertsona eskatzailea aplikazio informatikoko datu-basean dagoen. Horretarako, pertsona hori bilatu beharko dute haren daturik bereizgarrienak oinarri hartuta: NAN, izena, abizenak, jaiotze-data eta sexua.
Bilaketa egindakoan, aplikazio informatikoak ekarriko du sartutako datuekin bat datorren pertsonaren edo pertsonen zerrenda. Zerrendan ageri bada eskatzailearen izena, hura aukeratuko da, eta ez da beharrezkoa izango dagoeneko datu-basean jasota dauden pertsona horren datuak berriz sartzea.
Aitzitik, bilaketa egin eta aplikazio informatikoak ez badakar emaitzarik edo ekarri dituenak ez badagozkio eskatzaileari, erregistro berria zabaldu beharko da pertsona horrentzat, eta haren datu guztiak sartu.
Hamargarrena.– Eskabidearen datuak sartzea.
Eskatzaileak edo eskabidea jaso duen ikastetxeak honako datu hauek sartu beharko ditu, ezinbestez, aplikazio informatikoan:
a) Eskatzailearen datu pertsonalak.
b) Egindako eskabide guztiak, lehentasunen arabera ordenatuta.
c) Eskatzaileak alegatutako inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har daitezen.
d) Eskatzaileak aurkeztutako agiriak.
Hamaikagarrena.– Eskatzailearen datu pertsonalak.
Honako datu hauek sartu behar dira:
– Eskatzailearen Hezkuntza Nortasun Agiriaren zenbakia (HNA).
– Eskatzailearen NANaren zenbakia edo beste identifikazio-agiriren batena, espainiar nazionalitatea ez badu.
– Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzailearen nazionalitatea ez bada espainiarra eta bigarren abizenik ez badu, inguruabar hori jaso beharko da.
– Eskatzailearen sexua, jaioteguna eta jaioterria, helbidea eta telefono-zenbakia.
– Eskatzailea eskabidea egin duen unean eskolatua dagoen ikastetxea, maila eta ikasturtea.
– Eskatzaileak hezkuntza-laguntzako premia bereziren bat badu, inguruabar hori jasoko da.
– Eskatzailea adingabea bada, gutxienez pertsona arduradun baten datuak (aitarenak, amarenak edo legezko tutorearenak).
Hamabigarrena.– Pertsona eskatzailearen eskabideak, lehentasunen arabera ordenatuta.
Lehendabizi, aplikazio informatikoan sartu behar dira eskatzaileak ikasi nahi duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).
Ondoren, eskatzaileak gehienez 24 eskabide egin ditzake, lehentasun hurrenkeran zenbakiak jarrita. Eskaera bakoitzean zehaztu beharko dira ikastetxea, ikasturtea, Batxilergo-mota eta hizkuntza-eredua. 2025-2026ko ikasturtean Batxilergoa ikasten ari direnek plaza eskatu ahal izango dute, edo hurrengo mailara igotzeko bakarrik, eskaera guztietan, edo gaur egun eskaera guztietan egiten ari diren ikasturtea errepikatzeko bakarrik. Hala badagokio, aukeratutako ikastaroak bat etorri beharko du ikastetxean bertan plaza erreserbatzeko eskaerarekin.
Aurreko elementuetako batekin (ikastetxea, mota edo hizkuntza-eredua) bat ez datorren eskabidea egiteko, eskabide berria egin beharra dago. Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programa eskaintzen duten ikastetxeen kasuan, aukera horietako bat izango da, eta Agindu honen III. eranskinean ikastetxe bakoitzerako ezarritako gure hezkuntza-sistemaren modalitateari lotuta egongo da.
Hamahirugarrena.– Ikasgaiak aukeratzea.
Hala nahi duten ikastetxeek eskatzaileak egiten dituen eskabideetatik lehenengoan sar ditzakete egin nahi dituen aukerako ikasgaiei buruzko datuak. Aplikazio informatikoan irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago aurretiaz definitu dituzten ikastetxeetan, bloke horiek erabil daitezke aukeratutako ikasgaiak sartzeko.
Ikastetxeentzat guztiz borondatezkoa izango da aipatutako datuak sartzea, eta horren helburu bakarra izango da ikastetxeak aurretiaz edukitzea ikasle bakoitzak lehentasunez egin nahi dituen ikasgaiei buruzko informazioa. Datu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko plazak esleitzeko prozesuan.
Eskatzaileak eskabidea egiteko unean aukeratutako ikasgaiek ez dute eraginik izango azkenean matrikulatuko den ikasgaietan, matrikula formalizatzeko unean aukeratu beharko baititu.
III. eranskinean zerrendatutako ikastetxeen kasuan, Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programako taldeko eskaeretan irakasgaien blokean sartutakoak jasoko dira.
Hamalaugarrena.– Eskatzaileak alegatutako inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har daitezen.
Honako datu hauek sartu behar dira aplikazio informatikoan:
1.– Baremoko A apartatuari buruzko datuak.
– Eskatzaileak eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean neba-arreba bat edo gehiago baditu matrikulatuta, marka jarri beharko da dagokion laukian.
2.– Baremoko B apartatuari buruzko datuak.
– Baremoko B apartatuko puntuak lortzeko eskatzaileak alegatu dituen helbideak zehaztuko dira (eskatzailearen bizilekua edo aitaren, amaren, legezko tutorearen edo ikaslearen beraren lantokia).
3.– Baremoko C apartatuari buruzko datuak.
– Eskatzaileak alegatzen badu 2024. urteko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez dituela gainditzen 15.876,00 euro, ezaugarri hori jasoko da. Errenta-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu bada, eskatzaileak hezkuntza-administrazioari baimena emango dio baieztapen horren egiazkotasuna egiazta dezan Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan. Aitzitik, errenta-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin bada, 2024. urteari dagokion aitorpenaren fotokopia aurkeztu behar da, eta aipatutako datua dagokion laukian markatu.
– Alegatuz gero eskatzaileak neba-arreba adingabeak dituela, zenbat dituen adierazi behar da.
4.– Baremoko D apartatuari buruzko datuak.
– Alegatuz gero eskatzailearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duela, marka jarri beharko da dagokion laukian.
5.– Baremoko E apartatuari buruzko datuak.
– Eskatzaileak desgaitasunen bat duela alegatuz gero, marka jarri beharra dago dagokion laukian.
– Eskatzailearen aitak, amak, legezko tutoreak edo neba-arrebetako batek desgaitasunen bat duela alegatuz gero, marka jarri beharko da dagokion laukian.
6.– Baremoko F apartatuari buruzko datuak.
– Arrazoi hauengatik familia-unitatea lekualdatzea alegatuz gero: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.
7.– Baremoko G apartatuari buruzko datuak.
– Adierazi beharra dago eskatzailearen familia ugaria den ala ez. Hala bada, zehaztu beharra dago familia ugari orokorra ala berezia den.
8.– Baremoko H apartatuari buruzko datuak.
– Adierazi beharra dago eskatzailea guraso bakarreko familiakoa bada.
9.– Baremoko I apartatuari buruzko datuak.
– Adierazi beharra dago eskatzailea harrera-familia batean badago.
10.– Baremoko J apartatuari buruzko datuak.
– Adierazi beharra dago eskatzailea erditze anizkoitzean jaioa bada eta onarpen-eskabidea erditze berean jaiotako neba-arrebaren batekin batera egiten badu.
Ikaslearen «anaia/neba» edo «arreba/ahizpa» diren pertsonak esleitzeko prozesuak aurkituko ditu sisteman. Eskabidea egindako ikastetxe bakoitzean «erditze anizkoitz» irizpideagatik emango den puntuazioa, egun berean jaio eta ikastetxe horretan eskabidea egin duten neba-arreben araberakoa izango da.
Eskabideak irizpide honetan zuzen barematzeko, lehenengo hautatu den ikastetxeak behar bezala jaso beharko du erditze berean jaiotako neba-arreben arteko ahaidetasuna ikaslearen fitxako «zerikusia duten pertsonak» apartatuan.
11.– Baremoko K apartatuari buruzko datuak.
– Zehaztu beharra dago Eskola Kontseiluak edo ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez zehaztutako irizpideetatik zein alegatzen dituen eskatzaileak, eta irizpide horien arabera eskatzaileari zer puntuazio dagokion.
12.– Baremoko L apartatuari buruzko datuak.
– Eskatzailearen familiako kideren bat eskatu den ikastetxeko bazkide kooperatibista bada, marka jarri beharko da dagokion laukian.
13.– Baremoko M apartatuari buruzko datuak.
– Eskatzailea EAEn ari bada DBH egiten edo egin badu, sistema informatikoak kalkulatuko du DBHko amaitutako azken mailaren batez besteko nota.
– Eskatzaileak DBH ez badu EAEn egin, espediente akademikoa aurkeztu beharko du, eta ikastetxeak kalkulatu eta sartuko du DBHko amaitutako azken mailaren batez besteko nota.
– Batez bestekoa kalkulatzeko, kalifikazio literalen bihurketa hauek aplikatuko dira: «Gutxiegi (IN)», 3; «Nahikoa (SU)» 5; «Ondo (BI)», 6; «Oso ongi (NT)», 7,5; eta «Bikain (SB)», 9.
Esleipen-prozesuak batez besteko nota horren arabera emango du espediente akademikoaren puntuazioa.
14.– Baremoko N.1 apartatuari buruzko datuak.
– Zehaztu beharra dago emakumezko eskatzailea edo eskatzailearen ama edo legezko tutorea den emakumezkoa genero-indarkeriaren biktima bada.
15.– Baremoko N.2 apartatuari buruzko datuak.
– Zehaztu beharra dago eskatzailea edo aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima bada.
Hamabosgarrena.– Eskatzaileak aurkeztutako agiriak.
Eskatzaileak aurkeztutako agiri bakoitzari dagozkion laukiak markatuko dira.
Hamaseigarrena.– Eskabideetako datuak sartzeko epea.
Agindu honen 6. artikuluan ezarritako eguna baino lehen amaitu beharko dute Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek eskabideei buruzko datuak sartzen. Ordura arte ikastetxeek datu berriak sartu ahal izango dituzte aplikazio informatikoan, baita sartutako datuetan egin beharreko zuzenketak egin ere.
ESKABIDEEN BAREMAZIOA ETA PROZEDURA
Hamazazpigarrena.– Eskabideen baremazioa.
Agindu honen 2. artikuluan ezarritako eskabideak aurkezteko aldiaren lehen egunetik aurrera, aplikazio informatikoari esker, ikastetxe bakoitzak une oro jakin ahal izango du zer-nolako eskari dagoen maila, batxilergo-mota eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazetarako, eta eskari horren banaketa alderatu ahal izango du ikastetxe bakoitzak eranskin honetako bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren jarraibideetan ageri den prozedurari jarraituz zehaztutako eskaintzaren banaketarekin. Datu horiei esker, ikastetxeak eskaintzako hasierako datuak aldatu ahalko ditu posible den guztietan, benetan dagoen eskabidera egokitzeko. Aurrez zehaztu bezala, Agindu honen 2. artikuluan, Administrazioak ikastetxe, ikasturte, batxilergo modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen hasierako eskaintza alda dezan ezarritako epea amaitu arte egin ahal izango dira aldaketak.
Momentu horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskariaren datuetan aldaketak egiteko epea bukatu ostean, maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzerako aurkeztutako eskabide guztiak onar daitezkeen edo ez zehaztuko du aplikazio informatikoak. Onartu ahal badira, ez da beharrezkoa izango aurkeztutako eskabideak barematzea.
Ezin badira onartu, hau da, maila, mota eta hezkuntza-eredu batean eskaintza baino eskabide gehiago badago, ikastetxeak eskabide guztiak barematu beharko ditu, eskatzaileek aurkeztutako agiriak aztertu ondoren. Eskabideko lehenengo aukera ikastetxe bera bada, apartatu guztiak barematu beharko ditu, baina lehenengo aukera beste ikastetxe bat bada, baremoko a), b), d), k) eta l) apartatuak barematu beharko ditu.
Ikastetxeak ezin izango du aldatu eskatzailearen familia-unitatearen errenta-aitorpenari dagokion apartatua, betiere, eskatzaileak hezkuntza-administrazioari baimena eman badio datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan egiaztatzeko. Kasu horietan hezkuntza-administrazioak aldatuko du baremazioaren apartatua, betiere, Ogasuneko datuek ez badute erakusten 2024. urteko errenta-aitorpeneko zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren batura 15.876,00 eurotik gorakoa ez dela.
Bestetik, ikastetxeak apartatu bakoitza barematzerakoan agindu honetako I. eranskinaren jarraibideetan ezarritako baremazio-arauak aplikatu beharko ditu.
Barematu beharra daukaten ikastetxe guztiek Agindu honen 2. artikuluan ezarritako epean bukatu beharko dute prozesua.
Hemezortzigarrena.– Prozedura.
Agindu honen 2. artikuluan onartutako eta itxaron-zerrendan dauden pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratzeko ezarritako eguna baino lehen, Hezkuntza Saileko aplikazio informatikoak adieraziko du zeinek duten plazak okupatzeko eskubide handiena. Horretarako kontuan izango ditu sartutako datu guztiak eta indarrean den araudiak ezarritakoa aplikatuko du, jarraian azalduko den bezala.
Hasteko, aplikazio informatikoak kontuan izango ditu agindu honetako I. eranskineko zazpigarren jarraibideko 4. 5. eta 6. apartatuetan ezarritako lehentasunak.
Horren ondoren, aplikazio informatikoak eskabideak barematuko ditu agindu honetako V. eranskinean ezarritako baremoaren arabera, eta lortutako guztizko puntuazioaren eta agindu honen I. eranskineko hogeita hamabigarren jarraibidean berdinketa hausteko ezarritako irizpideen arabera ordenatuko ditu. Irizpide horiek ezarri ondoren ere berdinketarik badago, eskabide bakoitzari ausaz emandako ordena zenbakiaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera. Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea ez oztopatzeko, bi neba-arreba hezkuntza-maila berean daudenean eta baremo-puntuazio bera dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerrena lortu duen neba-arreba emaitza onena atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.
Gehienez plaza bat esleituko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskabideen ordena errespetatuz.
ONARTUTAKOEN ETA ONARTU GABEEN ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK
Hemeretzigarrena.– Onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen zerrendak.
Aplikazio informatikoak emango ditu onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendak.
Baremaziorik egin behar izan ez den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak onartutakoen zerrenda osatuko du Batxilergoko mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordena alfabetikoan egongo da (lehen abizena, bigarren abizena eta izena). Agindu honen III. eranskinean zerrendatutako ikastetxeen kasuan, Nazioarteko Batxilergoko Diplomaren programan onartutako pertsonen talde espezifikoa bereiziko da.
Baremazioa egin behar izan den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak onartutakoen zerrenda osatuko du Batxilergoko mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean, baremoko guztizko puntu kopuruaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera, eta berdinketa hausteko ezarritako irizpideekin bat. Zerrenda horrek baremoko apartatu eta azpiapartatu bakoitzean pertsona bakoitzak lortutako puntuazioa zehaztuko du, baita berdinketak hausteko esleitutako ausazko zenbakia ere.
Hogeigarrena.– Erreklamazioak aurkeztea.
Pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean Agindu honen 2. artikuluan horretarako ezarritako epean, ikastetxeak pertsona horri dagokion «Erreklamazioak» pantailara joko du, eta erreklamazioaren xede diren baremoaren apartatuak, erreklamazioa aurkeztu duen pertsonak emandako arrazoiak eta aurkeztutako dokumentuak sartuko ditu bertan. Ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia inprimatu beharko du, eta, zigilatu ondoren, erreklamazioa egin duen pertsonari eman beharko dio.
Hogeita batgarrena.– Erreklamazioak ebaztea.
Ikastetxeak Agindu honen 2. artikuluan horretarako ezarritako eguna baino lehen ebatzi beharko ditu aurkeztutako erreklamazio guztiak.
Horretarako, aplikazio informatikoan erreklamazioa aurkeztu duen pertsonari dagokion «Erreklamazioen ebazpena» pantailara jo beharko du. Pantaila horretan agertuko da erreklamazioa baremoko zein apartatuaren aurka aurkeztu den. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, osorik edo zati batean. Horretarako, aplikazio informatikoko eremu egokiak markatu beharko ditu, eta, egokia bada, baremoko dagokion apartatuan edo azpiapartatuan emandako behin-behineko puntuazioa aldatuko du.
Erreklamazioa osorik edo zati batean onartzen bada, erreklamaziogilearen baremoan dagokion puntuazioa aldatuko da.
Hogeita bigarrena.– Onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak.
Aplikazio informatikoak onartutako eta itxarote-zerrendako pertsonen behin betiko zerrendak emango ditu. Zerrenda hauek berdin ordenatuta egongo dira, zehaztapen berberak izango dituzte eta behin-behineko zerrenden modu berean argitaratuko dira.
Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean plaza eskuragarririk ez daukaten ikastetxeetan, eskatutako plazak lortu ez dituzten ikasleen edo lehentasun txikiagoko plaza lortu duten ikasleen itxarote-zerrendan sartuko dira. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskabide guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskabideetan jarritako ikastetxeetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira. Itxarote-zerrendaren iraunaldia amaituko da agindu honen 2. artikuluan ezarri den datan.
MATRIKULA FORMALIZATZEA
Hogeita hirugarrena.– Matrikula egitea.
Batxilergorako aplikazio informatikoaren bitartez egin beharko dira matrikula guztiak, nahiz ohiko epekoak nahiz hau amaitu ondorengoak. Matrikulatutako pertsonaren datu guztiak eta matrikularen berrespena sartu beharko dira aplikazio horretan.
Matrikulatuko den pertsona ez bada ageri aplikazioaren datu-basean, ikastetxeak erregistro berria ireki beharko du pertsona horrentzat, eta lehenik haren datu pertsonalak sartu beharko ditu, eta, ondoren, matrikulazioari dagozkionak.
Gehien-gehienetan, matrikulatuko den pertsona aplikazio informatikoaren datu-basean ageriko da, bai sartzeko eskabidea aurretiaz egin duelako, bai 2025-2026ko ikasturtean ikastetxean edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxeren batean matrikulatua egon delako. Kasu horretan, matrikulazioari buruzko datuak soilik sartu beharko dira, hau da:
– Zein mailatan matrikulatu den.
– Egingo duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).
– Matrikulatuko den hizkuntza-eredua.
– Zehaztu beharra dago eskatzaileak Lanbide Heziketako Teknikari edo Goi-mailako Teknikari titulua edo Dantza edo Musika ikasketa profesionaletako Teknikari titulua badu edo lor badezake (bai ala ez). «Bai» markatuz gero, bi aukeretako bat adierazi behar da.
– Batxilergoko 1. mailan matrikulatzen bada, zehaztu beharra dago pertsona horrek maila errepikatuko duen ala ez (bai ala ez).
– Matrikulatzen den Batxilergoko mota zehaztu beharra dago (Arteak: Arte Plastikoak, Irudi eta Diseinua bidea edo Musika eta Arte Eszenikoak bidea; Zientziak eta Teknologia, Orokorra; Giza eta Gizarte Zientziak).
– Zehaztu beharra dago ikaslea zer irakasgai-bloketan matrikulatzen den, eranskin honetako zortzigarren arauan xedatutakoa aplikatuz irakasgai-blokeak zehaztu dituzten ikastetxeetan baino ez. Irakasgaien blokea markatuz gero, pertsona automatikoki matrikulatuko da bloke horretako ikasgai guztietan, banan-banan markatu beharrik gabe.
– Zehaztu behar dira ikaslea matrikulatu den ikasgai guzti-guztiak (komunak eta aukerakoak). Mailako ikasgai guztietan matrikulatu direnak automatikoki matrikulatuko dira ikasgai komun guztietan, eta ez dira banan-banan markatu beharko.
– Modalitateko ikasgai bakoitzean, modalitateko derrigorrezko ikasgaia izan ezik, ikasleak matrikula egiten duenean, zehaztu beharko da ikastetxean bertan egingo duen edo urrutiko modalitatean egingo duen Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan (UHEI). Urrutiko ikaskuntza aukeratu ahal izango du soilik ikasleak ikasgai batean matrikulatu nahi badu eta ikastetxeak ezin badu eskaini, dela antolakuntzaren eraginez, dela dagokion taldea osatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua bildu ez duelako. Ikasleei ez zaie baimenik emango urrutiko modalitatean matrikulatzeko ikastetxean ematen den ikasgai batean.
– Batxilergoko 2. mailako ikasleen matrikuletan zehaztu behar dira, hala badagokio, gainditzeke izan eta matrikulatzen den lehenengo mailako ikasgai guztiak.
Hogeita laugarrena.– Aurkeztutako agiriak.
Ikastetxeak, halaber, aplikazio informatikoan adierazi beharko ditu matrikula egitean pertsona bakoitzak aurkeztu dituen agiriak.
Hogeita bosgarrena.– Matrikula baieztatzea.
Ikastetxeko idazkaritzan aurrez aurre kudeatutako matrikulen kasuan, matrikularen datu guztiak sartu ondoren, ikastetxeak matrikularen grabazioa egingo du. Ondoren, aplikazio informatikoak ematen dion inprimakia inprimatuko du, eta ikasleari emango dio.
Halaber, ikastetxeak eskatzaileak zuzenean online izapidetutako matrikulak baieztatuko ditu.
Geroago egindako matrikulazioan aldaketarik gertatuz gero, berehala jaso beharko dira aplikazio informatikoan. Era berean, behin betiko matrikula justifikatzeko beste inprimaki bat eman beharko zaio ikasleari.
Hogeita seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuetako eta atzerriko ikastetxeetako Batxilergoko ikasleen matrikulazioko datuak sartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa eskaintzen duten itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuak eta atzerriko ikastetxeak ez daude behartuta aplikazio informatiko hori erabiltzera ikasleak hartzeko prozesuan.
Nolanahi ere, ikastetxe horiek guztiek aplikazio informatiko horretan sartu beharko dituzte ikastetxean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea Agindu honen 2. artikuluan ezarritako ezohiko matrikulazio-aldiaren azken egunean amaituko da.
MATRIKULA EZEZTATZEA
Hogeita zazpigarrena.– Matrikula ezeztatzea.
Matrikula bat ezeztatzeko eskabide bat onartzen denean, ikastetxeak inguruabar hori aplikazio informatikoan jaso beharko du. Kudeaketa hori egiteko epea Agindu honen 2. artikuluan ezarritako egunean amaituko da.
ESTATISTIKA-DATUAK BALIDATZEA
Hogeita zortzigarrena.– Estatistika-datuak balidatzea.
Agindu honen 5. artikuluan xedatu bezala, ikastetxeek artikulu horretan adierazitako egunera arteko epea izango dute, Batxilergoan egindako ohiko aldiko matrikulazioari buruzko datu globalak aplikazio informatikoan balidatzeko.
Halaber, aplikazio informatiko horretan, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean balidatu beharko dituzte Batxilergoko matrikularen behin betiko estatistika-datuak.
RSS