
40. zk., 2026ko otsailaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (195 KB - 3 orri.)
- EPUB (158 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
884
ERABAKIA, 2026ko otsailaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko egitura aldatzen baita.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutu Sozialak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak autoantolaketarako eskumenak arautzen ditu eta, zehazki, honako hau ezartzen du lehenengo xedapen gehigarrian: «(...) zuzendaritza eta kudeaketako organoak behin eratu ondoren, langileria egituratzeko eta antolatzeko behar diren erabakiak hartu ahal izango ditu». Bestalde, dekretu horren I. eranskinaren 8. artikuluan ezartzen denez, Administrazio Kontseiluari dagokio, besteak beste, «Ente publikoaren antolakunde nagusiak aurrera egiteko behar dituen egitura organikoa eta jardun–arauak onartzea, zuzendari nagusiaren proposamenez eta Estatutuetan ezarritako arauekin bat. Gainera, ente publikoaren zerbitzu-erakundeari dagokionez Estatutu Sozialek esleitu dizkion antolamendu-garapenerako arauak eta iripideak onartzea».
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialetan jasotako autoantolaketarako eskumenak kontuan hartuta, eta Ente Publikoak eta Osasun Sailak sustatutako helburu estrategikoei eta osasun-sistemaren eraldaketari ekin ahal izateko, eredu jasangarri bat behar da, kalitate handikoa eta epe ertain/luzera efizientea izango dena, sistema sanitario publiko, unibertsal eta bikainekoa bermatuko duena eta osasun mentala eta eraldaketa digitala bezalako erronkei helduko diena.
Hala, erronka horiei aurre egin ahal izateko, ente publikoaren Zuzendaritza Nagusia berregituratu behar da. Horrek berarekin dakar, alde batetik, uneko egitura berrantolatzea; bestetik, bi zuzendariordetza berri sortzea, zeinek lagunduko baitute Osasun Itunean antolakuntza-berrikuntzari dagokionez finkatutako eta onartutako estrategiak betetzen, bai eta egitura-modelo arinago eta eraldatzaileago batera bideratzen ere.
Berregituraketa horrek identifikatutako lau behar handiri erantzungo die:
– Antolakuntza-berrikuntza, sistema arinago eta eraginkorrago bat lortzeko.
– Gobernantza sanitario berria eta denboran iraunkorra den modelo bat.
– Erabakiak hartzeari dagokionez, pazienteen eta herritarren ahotsa eta parte-hartzea sustatzea.
– Eraldaketa digitala eta teknologikoa, arreta hobetzeko giltzarria, osasun-emaitzetara bideratua, politika publikoen arrakasta neurtzeko ardatz bihurtzea.
Azken batean, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak behar dituen antolakuntza-neurri horien bidez, Euskadiko sistema sanitarioa eraldatzen lagundu nahi da, hura etorkizuneko erronketara egokitzeko. Horregatik, Zuzendaritza Nagusiaren zuzendariordetzak berriz doitzea proposatzen da, egungo eta etorkizuneko erronka berrietara egokitzeko, bai eta bi zuzendariordetza berri sortzea ere; bata, Osasun Mentalari eta esparru soziosanitarioari lotuta (eremu horietako arreta integrala indartuko du), eta bestea proiektu estrategikoei, eraldaketari eta komunikazioari.
Egitura berriak ez dakar plantilla handitzea.
Administrazio Kontseilu honek, azaldutakoaren esparruan eta Estatutu Sozialen 8.5 artikuluan esleitutako eskumenei jarraiki, honako erabaki hau hartzen du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Onartzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak Zuzendaritza Nagusiaren uneko egitura berrantolatzeko aurkeztutako proposamena. Proposamena erabaki honi erantsitako organigraman aurkezten da.
Bigarrena.– Baimena ematea Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari neurriak har ditzan, bere eskumenen esparruan, Administrazio Kontseilu honi aurkeztutako memoriarekin bat datorren antolakuntza-egitura berria gauzatzeko.
Hirugarrena.– Indarrik gabe uztea erabaki honen bidez onartutakoarekin bat ez datorren beste edozein antolamendu-egitura.
Laugarrena.– Erabaki honek onartu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidaliko da, argitara dadin; hala ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia osatzen duten zuzendariordetza guztiei jakinaraziko zaie, dagozkion ondorioetarako.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 10a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
RSS