Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2026ko otsailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
867

AGINDUA, 2026ko otsailaren 16koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, Bachelor of Science in Computer Science and Science and Game Design (BSGD) eta Bachelor of Science in Computer Science in Artificial Intelligence tituluak lortzeko irakaskuntzak ematea baimentzeko DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, S.L. izeneko zentroaren eskaerari buruzkoa.

DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, S.L. ikastetxe horren ezarpena eta funtzionamendua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko martxoaren 29ko Aginduaren bidez baimendu zen. Agindu horretan, baimena ematen zen Bachelor of Science in Real Time Interactive Simulation eta Bachelor of Fine Arts in Production Animation tituluak lortzeko irakaskuntzak emateko. Bi titulu horiek DigiPen Institute of Technology institutu teknologiko pribatuarenak dira, eta egoitza Redmonden dute, Washingtonen.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko urtarrilaren 10eko Aginduaren bidez, 2010eko martxoaren 29ko Aginduaren bidez emandako baimena aldatu zen, eta baimena eman zen Production Animation tituluaren ordez Digital Art and Animation (BFA) titulua jartzeko, eta Real Time Interactive Simulation tituluaren ordez Computer Science in Real Time Interactive Simulation (BSc) titulua jartzeko, 2021-2022 ikasturtetik aurrerako ondorio akademikoekin.

2023ko ekainaren 7an, DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, S.L.-k baimena eskatu zion Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari bere hezkuntza-eskaintza bi gradutan handitzeko: Bachelor of Science in Computer Science and Game Design (BSGD) eta Bachelor of Science in Computer Science in Machine Learning (BSML), DigiPen Institute of Technology, Redmonden egoitza duen institutu teknologiko pribatua, Washingtongo estatua.

2023ko azaroaren 14an, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak bere txostena eman zuen. Txosten horren arabera, emandako informaziotik eta eskuragarri dagoen informazio publikotik, eman nahi diren irakaskuntzek tituluak ematen dituen AEBko ikastetxearenen egitura bera dute, eta egindako aldaketak agentzia egiaztatzaile eskudunak onartu ditu, eta ez dira funtsezkotzat jotzen dagokion arau-esparruan.

2025eko ekainaren 5ean, DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, S.L.-k idazki bat aurkeztu zuen. Bertan, hasierako eskaeraren dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen, eskatutako gradu-programaren izena eguneratzeari buruzkoa, «Bachelor of Science in Computer Science in Machine Learning»-etik «Bachelor of Science in Computer Science in Artificial Intelligence»-ra. Funtsezkoa ez den aldaketa da, eta Accrediting Commission of Career Schools and Colleges (ACCSC) erakundeak aurkeztu eta onartu zuen, 2025eko maiatzaren 30ean. Aldaketa horren ondorioz, tituluaren izen eguneratua hau da: Bachelor of Science in Computer Science in Artificial Intelligence.

Unibasqek dokumentazio hori aztertu ondoren, 2025eko uztailaren 15ean egindako txostenean ondorioztatzen da eskatutako aldaketa bat datorrela 640/2021 Errege Dekretuan ezarritakoarekin; izan ere, eman nahi diren irakaskuntzek tituluak ematen dituen AEBetako ikastetxearen izen eta egitura bera izan behar dute, eta egindako aldaketak agentzia egiaztatzaile eskudunak onartu ditu, eta aldaketa ez-funtsezkotzat jotzen dira dagokion arau-esparruan.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren 2025eko uztailaren 17ko Aginduaren bidez, Bachelor of Science in Computer Science and Game Design (BSGD) eta Bachelor of Science in Computer Science in Artificial Intelligence tituluak emateko baimen baldintzatua eman zen. Ildo horretan, irakaskuntza horiek emango dituzten irakasle guztien behin betiko zerrenda aurkezteko eskatu zen; izan ere, hasierako eskabidean eskuragarri zegoen informazioarekin ezin izan zen baieztatu irakasle eta ikertzaileen artean doktoreen % 50eko gutxieneko ehunekoaren baldintza betetzen zenik, 640/2021 Errege Dekretuak, uztailaren 27koa, Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzekoa eta unibertsitate-zentroen akreditazio instituzionala ematekoa, 7.6 artikuluan xedatzen duen bezala.

2026ko urtarrilaren 23an, DigiPen zentroak eskatutako informazioa aurkeztu zuen, irakasleen behin betiko zerrendaren txosten xehatua aurkeztuz, dedikazio-erregimena eta doktore-izaera adierazita, bai eta izaera hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere. Txosten horren bidez, ikastetxeak ziurtatzen du 2026-2027 ikasturterako doktore-titulua duten irakasleen eta ikertzaileen ehunekoa araudi aplikagarriak eskatutako gutxieneko atalasera iritsiko litzatekeela.

Egindako eskaerari honako hauek aplikatu behar zaizkio: 330/1999 Dekretua, irailaren 21ekoa, Espainian homologatu daitezkeen tituluak lortzera bideratuta ez dauden eta beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemen arabera unibertsitate-mailako ikasketak ematen dituzten zentroak ezartzeko eta jardunean jartzeko baimena emateko prozedura eta baldintzak arautzen dituena; 640/2021 Errege Dekretua, uztailaren 27koa, Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzekoa eta unibertsitate-zentroak instituzionalki egiaztatzekoa.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, S.L. zentroari Bachelor of Science in Computer Science and Game Design (BSGD) eta Bachelor of Science in Computer Science in Artificial Intelligence tituluak lortzeko irakaskuntzak emateko, 2026-2027 ikasturtetik aurrerako ondorio akademikoekin.

Bigarrena.– Gogorarazi behar da titulu horiek emateko behin betiko baimenak ez dakarrela ematen diren ikasketak Espainian automatikoki homologatzeko eskubiderik. Homologazio hori homologazioari buruzko araudi orokorrean xedatutakoaren mende dago. Hori behar bezala jakinarazi beharko da irakaskuntzen publizitatean.

Hirugarrena.– Agindu hau Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan (RUCT).

Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 16a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.


Azterketa dokumentala