Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2026ko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
777

30/2026 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, NBEF eta LGENF Europako funtsen kargura finantzaturiko esku-hartzeak kudeatzeko jarduerak eskuordetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, NBEF eta LGENF Europako funtsen kargura finantzaturiko esku-hartzeak kudeatzeko jarduerak eskuordetzeko. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 16KO 30/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE ORDAINTZAILEAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, NBEF ETA LGENF EUROPAKO FUNTSEN KARGURA FINANTZATURIKO ESKU-HARTZEAK KUDEATZEKO JARDUERAK ESKUORDETZEKO
BILDU DIRA:

Alde batetik, Ingurugune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatu andre txit prestua, Arantzazu Atucha Lejarreta andrea.

Eta bestetik, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu andre txit gorena, Amaya Barredo Martín andrea.

BERTARATU DIRA:

Lehena, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurugune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren izenean eta ordezkaritzan.

Bigarrena, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen izenean (Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila), eta hura ordezkatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak ezartzen du zein diren nekazaritza-politika erkidea NBEF eta LGENF Europako funtsen kargura finantzatzeko oinarriak –2021/2116 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidea finantzatu, kudeatu eta haren jarraipena egiteari buruzkoa, zeinak 1306/2013 (EB) indargabetzen baitu–.

Bigarrena.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak aukera ematen du Europako kide den estatu bakoitzean erakunde ordaintzaile bat baino gehiago eratzeko, eta, horrekin batera, xedatzen zein diren erakunde ordaintzaile horien egitura eta funtzionamendua garatzeko oinarriak.

Hirugarrena.– Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/127 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak osatzen du 2021/2116 (EB) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamendua, zeinak ezartzen baitu zer egitura, funtzionamendu eta baldintza izan behar dituzten erakunde ordaintzaileek, berezkoak dituzten eginkizunak zuzen bete ditzaten.

Laugarrena.– Abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuak ezartzen du zein diren NBEF Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bosgarrena.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduak ezartzen du zer arau bete behar diren nekazaritza-politika erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako (NPBaren plan estrategikoak) laguntza jasotzeko, zeina NBEF Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kontura finantzatzen baita, eta indargabetu egiten ditu 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua.

Seigarrena.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduak xedatzen duenaren arabera, erakunde ordaintzailearen egitekoetatik zenbait eskuordetu daitezke. Hitzarmen honen xedea da Bizkaiko Foru Aldundiari eskuordetuko zaizkion egitekoak zehaztea, eta horiek egiteko baldintzak ezartzea, 2022/127 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren I. eranskinaren 1. puntuko D letrarekin bat.

Zazpigarrena.– 2025eko urriaren 2an, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hitzarmen honen testua onartzeko Erabakia hartu du.

Zortzigarrena.– Era berean, 2025eko abuztuaren 28ko Gobernu Kontseiluak onetsi du.

Bederatzigarrena.– 2025eko irailaren 2an, hitzarmenaren proiektua Eusko Legebiltzarrera igorri zen, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.e) artikuluan ezarritako komunikazioaren ondorioetarako.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean egon behar den lankidetza ezartzea, NBEF eta LGENF Europako funtsen kargura finantzaturiko esku-hartzeei loturik aipatu foru-aldundiak administrazio-kontrolen eskabideak jasotzeko eta kontrol horiek bertatik bertara egiteko jarduerak eskuordetzeari dagokionez, bat etorriz honako hauetan xedatutakoarekin: Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/127 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren I. eranskinaren 1. puntuko D letra; abenduaren 9ko 275/2020 Dekretua, NBEF Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatutako gastuen EAEko Erakunde Ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezartzen duena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 Erregelamenduan (EB) eta Batzordearen 2022/127 Erregelamendu Eskuordetuan ezarritako eremu eta erregulazioaren barruan.

Bigarrena.– NBEFaren konturako esku-hartzeak.

1.– Esku-hartzeak.

Klausula honetako esku-hartzeak NBEFaren konturakoak dira: zuzeneko ordainketak edo esku-hartze sektorialak izan daitezke, mahastia berregituratzera eta birmoldatzera, uzta berdera eta erlezaintza-sektorera bideratzeko.

2.– Jarduera hauek eskuordetu ahalko dira:

– Eskabideak jasotzea.

– Administrazio-kontrolak eta bertatik bertarakoak egitea.

– Bere eskumenen esparruan, baldintzapekotasun-kontrolak egitea bertatik bertara.

– Nekazariei informazioa eta aholkua ematea.

Jarduera eskuordetuak egiteko, indarreko araudia eta erakunde ordaintzaileen jarraibideak bete beharko dira.

3.– Prozedura-eskuliburuak.

Jarduera horiek guztiak erakunde ordaintzaileak ezarritako prozedura-eskuliburuaren arabera egin beharko dira, erakunde hori baita Europako nekazaritza-funtsen kudeaketa eraginkorraren arduraduna. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartuko du eskuliburuok egiten eta eguneratzen.

4.– Jarduera eskuordetuak amaitzearen jakinarazpena.

Erakunde ordaintzaileak ordainketa bat egingo dela adierazten duenean, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinaraziko du zer betetze-egoeratan dauden egin diren jarduerak. Jakinarazpen horretaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak txosten tekniko bat aurkeztuko du, eta bertan zehaztuko ditu espediente bakoitzari buruz egindako kontrolak eta egiaztapenak, eta hautemandako intzidentziak.

5.– Ikuskapena.

a) Erakunde ordaintzaileak jarduera eskuordetuak betetzen diren ikuskatuko du etengabe, erakunde ordaintzaileak berak ezarriko duen laguntza-kudeaketako aplikazio komuneko informazioa erabiliz, edo horretarako duen beste bitarteko baten bidez.

b) Halaber, erakunde ordaintzaileak kontrolatuko ditu jarduera eskuordetuak, laguntza-lerro bakoitzeko espedienteen lagin adierazgarri bat hartuta.

c) Erakunde ordaintzaileak Bizkaiko Foru Aldundiak bertatik bertara egindako kontrolen kalitate-ebaluazioak egingo ditu.

d) Erakunde ordaintzaileak behar diren neurriak hartuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Europako araudian eskatzen diren kontrol-ehunekoak betetzen dituela bermatzeko.

Hirugarrena.– LGENFaren konturako esku-hartzeak.

1.– Esku-hartzeak.

Klausula honetan, laguntza hauek sartzen dira: Bizkaiko Foru Aldundiaren eta LGENFren artean batera finantzatutako neurriak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 Landa Garapeneko Programan jasoak eta 2025eko abenduaren 31rako ordaindu beharrekoak, eta NPEPE Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeak, aipaturiko foru-aldundiak kudeatzen dituenak.

2.– Jarduera hauek eskuordetu ahalko dira:

– Eskabideak jasotzea.

– Administrazio-kontrolak eta bertatik bertarakoak egitea.

– Bere eskumenen esparruan, baldintzapekotasun-kontrolak egitea bertatik bertara.

– Nekazariei informazioa eta aholkua ematea.

Jarduera eskuordetuak egiteko, indarreko araudia eta erakunde ordaintzaileen jarraibideak bete beharko dira.

3.– Ordainketa.

Foru-organoak ebazpen bakarraren bidez ebatziko ditu foru-aldundiak finantzatutako zatia eta LGENFk finantzatutakoa, eta laguntzen onuradun izan daitezkeenei dagokien zenbateko osoa ordainduko die, bai foru-aldundiak finantzatutako zatia, bai LGENFk finantzatutakoa.

4.– Ikuskapena:

a) Banakako onuradunei ordainketa egin eta gero, EAEko Erakunde Ordaintzaileari hauek bidaliko dizkio Bizkaiko Foru Aldundiak: itzulketa-proposamena, egindako kontrolei eta ikuskapenei buruzko txostena; egindako ordainketen zerrenda informatizatua, eta, onuradun bakoitzari ordaindutakoaren kontu-laburpenen zerrenda edo egindako ordainketen ziurtagiria.

b) Halaber, erakunde ordaintzaileak kontrolatuko ditu jarduera eskuordetuak, laguntza-lerro bakoitzeko espedienteen lagin adierazgarri bat hartuta.

c) Erakunde ordaintzaileak Bizkaiko Foru Aldundiak bertatik bertara egindako kontrolen kalitate-ebaluazioak egingo ditu.

5.– Funtsak bidaltzea.

Erakunde ordaintzaileak, kontrolak Europako araudiaren arabera egin direla eta ordainketa zuzen egin dela egiaztatu eta gero, ordainketa betearazteko ebazpena emango du Bizkaiko Foru Aldundiaren alde. Erakunde ordaintzaileak funtsak ez itzultzeko aukera beretzat gordeko du, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ordainketak Europar Batasunak ezarritako elementu beharrezko guztiak ez dituela egiaztatzen badu.

6.– Ordainketa bidegabeak berreskuratzea.

a) Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio aplikatzekoa den araudiaren arabera bidegabe ordaindutako zenbatekoak erreklamatzea, baldintzazkotasuna ez betetzeagatik bidegabe ordaindutako zenbatekoak erreklamatzea izan ezik, hori erakunde ordaintzailearen erantzukizuna izango baita.

Bizkaiko Foru Aldundiak itzulketa-eskaerak izapidetzen dituenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileari jakinarazi beharko zaizkio, eta espedienteetan jasotako dokumentazioa bidali, zehatz adierazita zein diren Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari dagozkion gastuak, eta zein gastu publikoari dagozkionak, erakunde horren Zordunen Liburu Nagusian sartzeko.

b) Behin LGENFri legozkiokeen zenbatekoa eta, halakorik balego, interesak berreskuratuta, zenbateko hori erakunde ordaintzailearen kontu bakarrean sartuko da.

c) Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak erakunde ordaintzaileari jakinaraziko dizkio antzematen diren ustezko irregulartasunak, 2024/205 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren arabera nahitaezkoa den jakinarazpena egin ahal izateko, kasuan kasuko berreskurapen edo zigorren espedienteak irekitzen diren unetik beretik.

7.– Hirugarren klausulan jasotako jarduera guztiak, gastuaren kudeaketari eta kontrolari lotuak, erakunde ordaintzaileak ezarritako prozedura-eskuliburuaren arabera egingo dira. Bizkaiko Foru Aldundiak prozedura-eskuliburuen idazketan eta eguneratzean parte hartuko du.

Laugarrena.– Koordinazioa.

Bizkaiko Foru Aldundiak teknikari bana izendatuko du LGENF eta NBEF funtsetan. Zerbitzuburuaren kargua izango dute, eta haiek bermatuko dute erakunde ordaintzailea eta foru-aldundiko zerbitzuak koordinatuta dihardutela, laguntzak kudeatzeari eta jarduera eskuordetuak zuzen egikaritzeari dagokionez.

Bosgarrena.– Foru Aldundiak informazioa bidaltzea.

Eskatu dion informazioa bidaliko dio Bizkaiko Foru Aldundiak erakunde ordaintzaileari, erakundeak berak finkaturiko data eta epeetan, Europar Batasunaren eskakizunak bete daitezen.

Seigarrena.– Erakunde ordaintzaileak informazioa bidaltzea.

Erakunde ordaintzaileak Bizkaiko Foru Aldundiari behar den aurrerapenaz bidaliko dizkio Hitzarmeneko jarduerak zuzen planifikatzeko eta kudeatzeko behar den informazioa eta hura interpretatzeko irizpide homogeneoak.

Zazpigarrena.– Segurtasun-prozedurak.

Unitate kudeatzaileek informazio-sistemen segurtasun-prozedurak egokituko dituzte ISO/IEC 27002 Arauaren edo Europako Batzordeak baimen dezakeen beste edozein arauren eta erakunde ordaintzailearen Informazioaren Segurtasun Politikaren arabera.

Zortzigarrena.– Datu-baseak eta euskarri informatikoak.

Bizkaiko Foru Aldundiak bermatuko du erakunde ordaintzaileak laguntzak kudeatzeko ezartzen duen datu-baseetako informazioa beti eguneratua egotea, eta laguntzak behar bezala kudeatzeko behar diren datu guztiak eman beharko ditu. Erakunde ordaintzaileak bermatuko du informazioa jasotzeko eta tratatzeko euskarri informatikoak une bakoitzean indarrean diren arauetara eta betekizunetara egokituta eta eguneratuta egotea.

Bederatzigarrena.– Informazioaren segurtasuna eta konfidentzialtasuna eta datu pertsonalen babesa.

Lankidetza-hitzarmen honen garapenean, alderdiek honako arau hauetan jasotako segurtasun-neurriak aplikatuko dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena; SEN-Segurtasun Eskema Nazionalean adierazitakoa, Segurtasun Eskema Nazionala erregulatzen duen maiatzaren 3ko 2022/311 Errege Dekretukoa; eta hitzarmen honen indarraldian aplikatu beharreko datu pertsonalak babesteko beste edozein arau.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute informazioaren segurtasun- eta konfidentzialtasun-politika betetzeko eta administrazioek ezarritako egiaztapen-sistemei men egiteko, kasu bakoitzean aplikatu beharreko estatuko edo autonomia-erkidegoko legeriaren arabera, baita organo eskudunek eranskinean jasotzen den antzeko agiri bat izenpetzeko ere.

Hamargarrena.– Finantza-zuzenketak ezartzea.

Europar Batasunak erakunde ordaintzaileari Hitzarmen honetan jasotako jarduerak ez gauzatzearen edo oker gauzatzearen ondoriozko zuzenketa finantzarioak ezartzen badizkio, tartean dauden administrazioei egotziko zaizkie zuzenketa finantzario horiek, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuan eta hura garatzeko araudian zehaztutakoarekin bat.

Hamaikagarrena.– Betetze-maila egiaztatzea.

Gutxienez, urtean behin elkartuko dira gaian eskumena duen erakunde ordaintzailearen zuzendaria eta foru-aldundien zuzendariak, Hitzarmen hau modu zuzen eta eraginkorrean betetzen dela ziurtatzeko.

Hamabigarrena.– Jarduera eskuordetuak betetzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, aurrekontu-ekitaldiaren hasieran, erakunde ordaintzaileari berretsiko dio eskuordetuta dituen jarduerak betetzen dituela, eta aurreko aurrekontu-ekitaldian egindakoei buruzko txosten bat igorriko du. Txostenean jasoko du, gainera, antolamendu-egitura zein den eta horretarako zer giza baliabide eta baliabide material erabili diren.

Hamahirugarrena.– Gainbegiratzea.

Erakunde ordaintzaileak, aldizka, jarduera eskuordetuak aztertuko ditu, eskuordetutako lana behar bezala eta Europar Batasunaren araudiari jarraikiz egiten dela ziurtatzeko.

Hamalaugarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita. Epea amaitu aurretik, edozein momentutan, alde sinatzaileek erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edota hura azkentzea.

2.– Alde sinatzaileek, idatziz, Hitzarmena azkendu ahalko dute, hilabeteko aurrerapenaz gutxienez.

3.– Hitzarmen hau indarrean jartzen denean, indarrik gabe geldituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Europako NBEF eta LGENF funtsen kontura finantzatutako zuzeneko laguntzak eta landa-garapeneko neurriak kudeatzeko jarduerak eskuordetzeari dagokiona eta 2021eko azaroaren 5ean sinatua.

Hamabosgarrena.– Europar Batasunaren kontrol- eta egiaztapen-misioak.

Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionarioak erakunde ordaintzailekoekin batera arituko dira, eta denek lagunduko diete Europar Batasuneko funtzionarioei jarduera eskuordetuak kontrolatzeko eta egiaztatzeko bisitaldietan. Bizkaiko Foru Aldundiak bisitaldien garapenaren berri izango du une oro, bai eta horien fase ezberdinetako ondorioen berri ere.

Hamaseigarrena.– Izaera.

Hitzarmen hau administratiboa da, interpretatzeko, aldatzeko eta beste edozertarako ahalmenari dagokionez, horrek dakartzan ondorioekin, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioak du indarrean dagoen bitartean hitzarmena aplikatzerakoan sortzen diren gatazkak ebazteko eskumena.

Hamazazpigarrena.– Argitalpena.

Hitzarmen hau bai Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bai Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, bi aldeetako edozeinek hitzarmena azkentzen badu, aipatutako aldizkari ofizialetan emango da horren berri, hamalaugarren klausulan ezarritakoaren arabera.

Eta bi alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, Hitzarmen hau izenpetzen dute, izenburuan esandako tokian eta egunean.

Egoitza elektronikoa, 2025eko urriaren 3a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

Ingurugune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatua,

ARANTZAZU ATUCHA LEJARRETA.

ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA
KONFIDENTZIALTASUNA ETA ZER BETEKIZUN DITUEN FORU ALDUNDIAK DATU PERTSONALEN TRATAMENDUEN ERAGILE GISA

1.– Datu pertsonalen arduraduna izendatzeko akordioa.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarraian zerrendatzen diren tratamendu-jardueren datu pertsonalak tratatuko ditu:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Foru Aldundiak Bizkaiko tratamendu-eragile gisa jardungo du.

Eranskin honek xehetasunez deskribatzen ditu babestu beharreko datu pertsonalak, bai eta egin beharreko tratamendu-eragiketak eta Foru Aldundiak (hemendik aurrera tratamendu-eragilea) ezarri beharreko neurriak ere.

Nolanahi ere, datu pertsonalen tratamendua eskatzen ez duten lanak egitean, debekatuta egongo da datu horiek eskuratzea, eta nahitaezkoa da sekretupean gordetzea jakin ahal diren datuak.

a) Soilik eskuratu edo tratatuko ditu eranskin honetan zehazten diren datu pertsonalak; eta eskuratzen edo tratatzen diren datu pertsonal horiek soilik erabili edo aplikatuko ditu akordio honetan aipatzen den helburua betetzeko.

b) Eranskin honetan jasotzen diren jarraibideak betez tratatuko ditu datu pertsonalak, baita tratamenduaren ardura duen organoak idatziz ematen dizkion jarraibideak betez ere. Baina jarraibideren bati irizten badio une bakoitzean aplikagarria den datu pertsonalak babesteko araudiaren kontrakoa dela, berehala emango dio horren berri tratamenduaren ardura duen organoari.

c) Datu pertsonalak tratatuko ditu segurtasunaren eta arriskuari eusteko irizpideen arabera, DBEOren 32. artikuluan ezarritakoa betez; horrez gain, eskuratzen dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta integritatea bermatzeko behar edo egoki diren segurtasun-neurri teknikoak eta antolaketakoak hartu eta beteko ditu.

d) Konfidentzialtasun osoa gordeko du eskuratzen dituen datu pertsonalen gainean, baita tratamenduaren ondorioz eskuratzen dituenen gainean ere, berdin dio zein euskarritan eskuratu dituen. Betebehar hori hedatuko zaie, halaber, tratamendu-eragilearen kontura datu pertsonalen tratamenduaren faseetako edozeinetan parte hartzen duten pertsona guztiei. Izan ere, tratamendu-eragilearen betebeharra da bere menpeko pertsonei irakastea sekretu-betebehar hori, bai eta betebehar horri eutsi behar diotela ere, are hitzarmena amaitu ostean edo hitzarmenetik kanpo geratu ostean ere.

e) Ez dizkie datu pertsonalak komunikatu edo zabalduko hirugarren batzuei, ez eta datuok gordetzeko ere, non eta aldez aurreko eta berariazko baimenik ez duen, kasu bakoitzean, tratamenduaren ardura duen organoaren aldetik.

f) Ebazpen honen xedea den hitzarmena amaitzen denean, hauek itzuli edo suntsitu egingo ditu –tratamenduaren ardura duen organoak aukeratzen duenaren arabera, aukera hori eranskin honetan zehaztuta–: eskuratu dituen datu pertsonalak, tratamenduaren ondorioz Foru Aldundiak sortu dituenak eta datu horiek jasotzen dituzten euskarriak eta dokumentuak. Alabaina, ez da suntsitu beharrik izango baldin eta legez edo Europar Batasuneko arauz ezartzen bada gordetzeko aukera edo gorde beharra.

Hori gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiak datu pertsonal horiek gorde ditzake tratamenduaren ardura duen organoarekin duen harremanetik erantzukizunen bat ondoriozta daitekeen denboran zehar; kasu horretan, datu pertsonalak ahalik eta denbora laburrenean gordeko ditu, blokeatuta, eta epe hori amaitzen denean modu seguruan eta behin betiko suntsituko ditu.

g) Europako Esparru Ekonomikoaren barruan tratatuko ditu datu pertsonalak, edo aplikagarria den araudiak antzeko segurtasuneko irizten dion beste espazio baten barruan. Ez ditu esparru horietatik kanpo tratatuko, ez zuzenean ez baimendutako azpikontratista baten bitartez, hitzarmenean ezarritakoa betez, salbu eta, Europar Batasuneko edo estatu kideren bateko zuzenbide aplikagarriak horretara behartzen badu, eranskin honetan beste zerbait ezartzen bada edo tratamenduaren ardura duen organoak berariaz hori agintzen badu.

h) Bere kargura dituen datu pertsonalen segurtasunean urraketaren bat gertatu dela jakiten badu, berehala eta arretaz jakinaraziko dio tratamenduaren ardura duen organoari; 72 orduko epea izango du, gehienez, horren berri emateko eta gorabehera dokumentatu eta komunikatzeko garrantzitsua den informazio guztia emango dio. Gauza bera egingo du informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman akatsen bat gertatu denean edo gerta daitekeenean, baldin eta akats horrek datu pertsonalak edo horien integritatea eta erabilgarritasuna arriskuan jarri badu edo jar badezake; eta konfidentzialtasunaren edozein urraketa posibleren aurrean, hitzarmena gauzatzean eskuratu diren datuak eta informazioa hirugarrenei jakinarazi zaizkielako, are konfidentzialtasuna galdu duten interesdunak zein diren zehaztuz. Horrela ezartzen da DBEOren 33. artikuluan.

i) Ahalik eta arinen komunikatuko dio tratamenduaren ardura duen organoari interesdun batek dagokion eskubideren bat baliatzen badu eta betearazteko eskatzen badio. Eskubideak honako hauek dira: datu pertsonalak eskuratu, zuzendu, ezabatu, aurkaratu eta eramatea eta tratamendua mugatzea, bai eta aplikatzeko araudiak aitortutako beste batzuk ere; orobat, banakoen erabaki automatizatuen xede ez izatekoa ere.

Komunikazio hori berehala egin beharko da, dagokion eskubidea baliatzeko eskaera jaso eta hurrengo lanegunean beranduen. Jakinarazpena egitean, gainera, honako hauek eman behar dira: eskubidea baliatu nahi duenaren identifikazio frogagarria eta, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen dokumentazioa eta informazioa.

Tratamenduaren ardura duen organoari lagunduko dio, ahal den guztietan, bere eskubidea egikaritzen duen interesdunari erantzun konplitua ematen.

j) Tratamenduaren ardura duen organoarekin elkarlanean arituko da, segurtasun-neurriei lotuta dituen eginbeharrak betetzeko, segurtasun-neurrien arrakalak (gauzatuak eta saiakera hutsekoak) azaltzeko eta/edo jakinarazteko agintari eskudunei edo interesdunei, datu pertsonalen babesari lotutako inpaktuaren ebaluazioak egiteko, eta horren gaineko aldez aurreko kontsultak egiteko agintari eskudunei. Horretarako, betiere kontuan izango ditu tratamenduaren izaera eta eskura duen informazioa.

Era berean, tratamenduaren ardura duen organoaren esku jarriko du, hark hala eskatuta, beharrezko den informazio guztia, hemen ezartzen diren betebehar guztiak betetzen dituela frogatze aldera, eta lagundu egingo du auditoretzak edo ikuskapenak egiten, tratamenduaren ardura duen organoak halakoren bat burutzen badu.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

1.– Gordetzeko epea:

Datuak zer helburutarako eskatu ziren, helburu hori betetzeko eta balizko erantzukizunak zehazteko behar den denboraz egingo da tratamendua.

2.– Datuen antolaketa, hitzarmena amaitzean:

Hitzarmena amaitzen denean, tratamendu-eragileak tratamenduaren ardura duen organoari itzuli behar dizkio datu pertsonalak eta, egoki bada, datu horiek jasota dauden euskarriak. Datuak itzultzeak berekin ekarriko du datu pertsonal guztiak ezabatzea tratamendu-eragileak erabili dituen ekipamendu informatikoetan. Nolanahi ere, tratamenduaren eragileak kopia bat gorde dezake, datu pertsonalak behar bezala blokeatuta, hitzarmena betetzetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

3.– Aplika daitezkeen pribatutasun-neurriak, mailaka eta dimentsioka:

3/2018 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarriak (Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Legea) xedatzen duenez, sektore publikoak Segurtasun Eskema Nazionalean aurreikusitako segurtasun-neurriak aplikatu beharko dizkie datu pertsonalen tratamenduei; gainera, hirugarren batek zerbitzua emakida-araubidean, kudeaketa-gomendioan edo kontratuan ematen duen kasuetan, segurtasun-neurriak jatorrizko administrazio publikoaren segurtasun-neurri berberak izango dira, eta segurtasun nazionalari egokituko zaizkio. Beraz, tratamendu-eragileak Segurtasun Eskema Nazionalean aurreikusitako segurtasun-neurriak bete beharko ditu (maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretua).

Tratamenduaren arduraduna:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen zuzendaria.

– Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendaria.

Tratamenduaren eragilea:

– Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritzako zuzendari nagusia.


Azterketa dokumentala