Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2026ko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
736

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 30ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazio­artekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartu, argitaratu eta deitzen baitira Beint 2026 Nazioartekotzeko Beken Laguntza Programaren Oinarri Arautzaileak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Eraldaketa eta Iraunkortasuna Sailaren mende dago. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.

Horrekin lotuta, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako zenbait ekintza garatu ditu. Jarduera horietako batzuk dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau euskal gazteak nazioartekotzean prestatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da, gure enpresei kanpoan laguntzeko profesionalen poltsa bat sortu nahirik.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («20/2023 Legea») 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena zenbait printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, 20/2023 Legearen 8.3 artikuluak ezartzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla dirulaguntza mota edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Beint 2026 Nazioartekotzeko Beken Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia I. eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotzeko Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BAKARRA

Akordio honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango du eragina.

Bilbao, 2026ko urtarrilaren 30a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

NAGORE BONILLA GABARAIN.

I. ERANSKINA
BEINT 2026 NAZIOARTEKOTZEKO BEKEN PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XIII. legegintzaldiko Gobernu Programaren bigarren ardatzak, «Hazkunde- eta ongizate-eredua» izenekoak, 78. konpromisoa jasotzen du: enpresak nazioartekotzea.

Horrela, 80ko hamarkadaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak beka-programa bat bultzatu du gazteak kanpo-merkataritzan trebatzeko eta atzerrian praktikak egiteko. Denbora horretan guztian, prestakuntza-premiek eboluzionatu egin dute, merkatuek eta erakunde globalek eboluzionatu duten bezala. Beint Nazioartekotzeko Beken programak aukera ematen die euskal unibertsitate-tituludun gazteei atzerriko erakunde eta enpresetan nazioartekotzeari buruzko prestakuntza jasotzeko. Programaren helburua gazteek lan-esperientzia eta esperientzia pertsonal paregabea izatea da, aldez aurretik duten prestakuntza akademiko eta profesionala osatzeko.

Giza kapital espezialistaren sorkuntzak eta dinamizazioak onura ekarri behar die euskal enpresei, nazioarteko merkatuetan beren ekimenei berme osoz ekiteko.

Programa hau erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onetsi zen 2026-2028 aldiari begira, eta Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Unibertsitate-titulua duten gazteak nazioartekotzeari buruzko trebakuntza, EAEko enpresek eta beste entitate batzuek profesionalen oinarri bat izan dezaten etorkizunean, ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez heldu ahal izateko».

1. artikulua.– Xedea.

1.– Oinarri hauen xedea Beint 2026 Nazioartekotzeko Beken Programa (aurrerantzean, Beint Programa) arautzea da. Programa horren helburua unibertsitateko tituludun gazteei nazioartekotzeari buruzko prestakuntza ematea da, etorkizunean euskal enpresek eta beste erakunde batzuek profesionalen oinarri bat izan dezaten, ekonomia irekiaren erronkei eraginkortasunez erantzuteko.

2.– Prestakuntza-helburu hori programa honetan parte hartu nahi duten unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetzaren bidez gauzatuko da.

2. artikulua.– Deitutako bekak.

Gehienez ere 60 nazioartekotze-beka emango dira 2026ko ekitaldian.

Onuradunek 1. faseari dagokion prestakuntza teorikoa egingo dute, eta ezarritako baldintzak beteta fasea amaitzen duten pertsonen artean, hurrengo faseetan, A eta B modalitateetan, jarraitzeko bekadunak hautatuko dira, honela:

– Gehienez 45 beka A modalitatean (programaren 1., 2. eta 3. faseak egingo dituzte).

– Gehienez 20 beka B modalitatean (programaren 1. eta 3. faseak egingo dira).

Bi modalitateen batura ezin izango da 60 beka baino gehiagokoa izan.

1. faserako, gehienez ere 20 ordezko aukeratuko dira, ikastaroaren lehen hamar egun baliodunetan gerta daitezkeen uko-egiteak edo bestelako gorabeherak bete ahal izateko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1. faseak 286.400 euroko gehieneko balorazio ekonomikoa du 2026ko ekitaldirako. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako aurrekontu-kredituetan oinarrituta, 2.632.500 euro bideratuko dira, guztira, programaren 2. eta 3. faseetarako, beken zuzkidurak, gizarte-segurantzako ordainketak, aparteko prestakuntza-gastuak eta kontingentziak ordaintzeko, honela banatuta:

– 2026ko ekitaldia: 393.000 euro.

– 2027ko ekitaldia: 1.519.500 euro.

– 2028ko ekitaldia: 720.000 euro.

Deialdi honen kontura emango diren beken zenbateko osoak ezingo du gainditu artikulu honetan esleitutako zenbatekoa.

Ezarritako baliabide publikoen osagarri gisa, programaren 3. fasean parte hartzen duten enpresek eta erakundeek beren gain hartu beharko dituzte bekadunentzat ezarritako helmugara egindako joan-etorriko bidaia baten gastuak, bai eta dagokion bisa lortzeko beharrezkoak diren gastuak eta herrialdean sartzeko beharrezkoak diren osasun-baldintzak betetzeko behar direnak ere.

4. artikulua.– Onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Pertsona fisikoek, nazioartekotzeko bekak jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea.

b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko 12 hilabetetik gorako antzinatasunarekin, edo aurreko 10 urteetan elkarren segidako 5 urtetik gorako antzinatasunarekin.

c) Goi-mailako unibertsitate-titulua, 2026ko maiatzaren 31 baino lehenago lortua eta egiaztatua. Atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetasunarekin batera badatoz.

Lehentasuna izango dute eta bereziki baloratuko dira Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza eta Arkitektura adarretako graduak, 7. artikuluan adierazitakoaren arabera.

d) 2026ko urtarrilaren 1ean 30 urte beteta ez izatea.

e) Gaztelania menderatzea, gutxienez B2 mailaren baliokidea den gaitasuna eskatuz. Elkarrizketa pertsonalean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela, eta B2 mailako gutxieneko maila frogatzen ez duten hautagaiei eskatu ahal izango zaie baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, titulu ofiziala aurkeztuta. Hori guztia Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan (HEEEB) aurreikusitakoaren arabera.

f) Ingelesa jakitea. Gutxienez, B2 mailaren baliokidea den gaitasuna eskatuko da, eta hori ahozko eta idatzizko proben bidez egiaztatu beharko da.

g) Eskabidea aurkezten den unean, eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

h) Antzeko prestakuntza-helburua duten unibertsitateko tituludunentzako laguntza edo beka hauen edo beste batzuen onuradun ez izatea, baldin eta haien ibilbidean aukera eman badute atzerrian praktikak egiteko, 6 hilabetez edo gehiagoz nazioarteko enpresa edo erakundeetan. Zehazki, nazioartekotzeko beka hauez baliatzeko, bateraezina da aurreko deialdietako Beint Programaren beken, Global Training beken, ICEXen edo beste administrazio autonomiko batzuen, merkataritza-ganberen, EBko merkataritza-sustapeneko erakundeen eta antzeko beste erakunde batzuen beken onuradun izatea.

i) Ezingo dira onuradun izan 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Horrela, pertsona edo erakunde eskatzaile edo onuradunek, edo erakunde laguntzaileek dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela ulertuko da, baldin eta ez badute zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein erakunderekin, aldi exekutiboan dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, premiamendu-bidea erabiltzea bidezkoa ez den pertsona edo erakundeen kasuan, borondatezko aldian ordaindu ez diren zorrak, bai eta zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo etetea erabaki denean ere, dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean.

2.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

5. artikulua.– Beken izaera.

1.– Nazioartekotzeko bekak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak arautzen dituen indarreko araudiaren mende egongo dira.

2.– Beka emateak eta baliatzeak ez du inolako kontratu- edo estatutu-harremanik ezarriko bekadunaren eta Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren, edo 3. fasean parte hartzen duten enpresa edo erakundeen artean. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak emandako ebazpenek zehaztuko dute bekadun izaera noiz hasi eta noiz amaituko den.

3.– Oinarri hauetan araututako bekak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, oinarri hauen 7. artikuluan merezimendua eta gaitasuna baloratzeko ezarritako irizpideen arabera. Beka hautaketa-prozesua gainditzen duten hautagaiei bakarrik emango zaie, deialdi honetan adierazitako beka kopurua bete arte, gehienez ere.

6. artikulua.– Baldintzak, dokumentazioa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea, onarpena eta zuzenketa.

1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasiko da, eta 2026ko martxoaren 31n bukatuko da. Dena den, publikoarentzako arreta 2026ko martxoaren 31ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

2.– Eskabideak, eskakizunak, jakinarazpenak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluak ezarritakoaren arabera.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ondorengo izapideak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak egoitza elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: www.spri.eus/Beint. Horretarako, laguntza teknikoa eskatu ahal izango da.

Betetako eskabideak, eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, artikulu honen 4. apartatuan aipatzen den dokumentazio euskarria eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eska dezakeen beste edozein agiri izango ditu, herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, deialdiaren epea amaitu baino lehen datatutako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.1.– Eskatzen den gutxieneko dokumentazioa:

a) Duela gutxi ateratako argazki bat, agiri-tamainakoa, laukizuzena eta atzealde zuriduna.

b) Jaiotza-data egiaztatzen duen dokumentazioa (NAN, jaiotza-agiria, edo hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein).

c) Curriculum vitaea.

d) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa, oinarri hauen 4.1.a) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorririk, eta artikulu honen 5. apartatuan adierazitakoari kalterik egin gabe.

e) Graduko unibertsitate titulazio ofiziala, honako agiri hauetako baten bidez egiaztatuko da:

– Titulua.

– Titulua eskatu izanaren ordezkagiria, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriarekin.

– Ikasketa-espedientean jasotako nota, dagokion titulazio osoa gainditu duela eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela adierazten duena.

Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetasuna aurkeztu beharko da.

4.2.– Aukerako dokumentazioa:

a) Kanpo-merkataritzan, enpresa-kudeaketan, marketinean, nazioarteko harremanetan edo nazioartekotzean egindako unibertsitate-master ofizialen egiaztagiriak. Honako agiri hauetakoren baten bidez egiaztatuko dira:

– Masterraren titulua.

– Titulua-eskaeraren gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzeko dokumentuarekin.

– Ikasketa-espedientean jasotako nota, dagokion titulazioko proba osoa gainditu duela eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela adierazten duena.

Atzerrian lortutako masterrekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetasuna aurkeztu beharko da.

b) Esperientzia profesionala egiaztatzen duten agiriak: Esperientzia profesionala justifikatzeko, gutxienez Gizarte Segurantzak egindako lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, edo, atzerrian lan-esperientzia izanez gero, enpresa eta lan egindako aldia jasotzen dituen ziurtagiri ofizial baliokidea.

c) Euskara-titulu ofiziala, B2, C1 edo C2 mailakoa.

4.3.– Oinarri arautzaile hauen eranskinean ageri den eredu normalizatuaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.

– beka eskatzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

– antzeko beken onuradun ez izatea, oinarri hauen 4.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

– ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

5.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren eskuetan dauden eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea. Kasu horretan, eskabidean adierazi behar da zer organori edo saili aurkeztu zitzaizkion eta zer datatan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluaren d) apartatuan ezarritako baldintzetan.

6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez dezakete laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko Oinarrizko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Frantsesa edo ingelesa ez diren atzerriko hizkuntzetan entregatu beharreko edozein dokumentu EAEko edozein hizkuntza ofizialetara itzulita aurkeztu beharko da.

8.– Eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo eskatzen den gutxieneko dokumentazioa aurkezten ez bada, interesdunari 10 egun balioduneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

9.– Jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez egingo dira.

10.– Zuzenketa-eskabideen jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza, bai eta haren edukian noiz sartu den jakiteko ere, eta une horretatik aurrera egintzat joko da jakinarazpena. Jakinarazpena eskuragarri jarri dela egiaztatu eta hamar egun baliodun igarotzen badira haren edukian sartu gabe, jakinarazpena atzera bota dela ulertuko da, eta izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada sartzeko ezintasun teknikoa edo materiala dagoela.

7. artikulua.– Bekadun izendatzeko hautagai-zerrendak hautatzeko prozedura.

1.– Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, 4. artikuluan zehaztutako bekadun izateko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiak izango dira izangaiak eta hautaketa-probetarako deia egingo zaie. Horretarako, www.spri.eus/beint helbidean deitutako guztien zerrenda argitaratuko da. Zerrenda argitaratu ondoren, alegazioak aurkezteko epea ezarriko da. Epe hori ez da hiru egun baliodunetik gorakoa izango, eta, hala badagokio, alegazioak non aurkeztu behar diren adieraziko da.

Hori amaitutakoan, eta aurkeztutako alegazioak ikusita, hautaketa-probetara deitutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta hautagaien hautaketa-prozesuari hasiera emango zaio. Prozesu horren printzipio gidariak merezimendua eta gaitasuna baloratzea izango dira.

2.– Hautagaien merezimenduaren balorazioa artikulu honen 10. apartatuko taulako haztapenen arabera egingo da, aurkeztutako egiaztagirien arabera:

a) M1: goi mailako graduko unibertsitate-titulu ofiziala.

b) M2: Kanpo-merkataritzako, enpresa-kudeaketako, marketineko, nazioarteko harremanetako edo nazioartekotzeko unibertsitate-master ofiziala (gutxienez 60 ECTS kreditu).

c) M3: Lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren txostenarekin egiaztatua, edo, atzerrian lan-esperientzia izanez gero, enpresa eta lan egindako aldia jasotzen dituen ziurtagiri ofizial baliokidea.

Graduko unibertsitate-titulu ofizialari buruzko 4.1 artikuluaren b) artikuluan xedatutakoa salbu, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik aurkeztutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak baino ez dira baloratuko.

3.– Gaitasuna baloratzeko, honako proba hauek aurrez aurre egin beharko dira:

a) P1: Gai sozioekonomikoei eta gai orokorrei buruzko, irakurmeneko eta arrazoitzeko ezagutza-proba.

b) P2: Ingelesezko ahozko eta idatzizko proba. Proba hau baztertzailea izango da. Gutxienez B2 maila erakutsi beharko da, eta ahozko eta idatzizko batez besteko nota hartuko da kontuan, betiere 10etik 5 edo hortik gorakoa bada (5 B2 mailaren baliokidea izango da eta 10 C2 mailaren baliokidea).

c) P3: Jarraian ageri diren atzerriko bigarren hizkuntza bateko ahozko eta idatzizko proba: alemana, arabiera, mandarin-txinera, koreera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. Gutxienez B2 mailaren baliokidea den gaitasuna frogatu beharko da, eta ahozko eta idatzizko batez besteko nota hartuko da kontuan, betiere 10etik 5 edo hortik gorakoa bada (5 B2 mailaren baliokidea den mailan eta 10 C2 mailaren baliokidea den mailan).

d) P4: Euskarako ahozko eta idatzizko proba. Gutxienez B2 maila erakutsi beharko da, eta ahozko eta idatzizko batez besteko nota hartuko da kontuan, betiere 10etik 5 edo hortik gorakoa bada (5 B2 mailaren baliokidea izango da eta 10 C2 mailaren baliokidea). Bestela, hautagaiek B2, C1 edo C2 mailako euskara-titulu ofizialen eskaerak aurkez ditzakete. Hala bada, 5, 7,5 eta 10 puntuko batezbestekoak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Tituluak aurkeztea erabakitzen duten hautagaiek ezingo dituzte euskarazko ahozko eta idatzizko probak egin. Orobat, euskarazko ahozko eta idatzizko probak egitea erabakitzen dutenek ez dute gerora titulurik aurkezteko eskubidea izango, proban lortutakoa baino maila handiagoa egiaztatu asmoz.

e) P5: Elkarrizketa pertsonala, Beint programarekiko motibazioa eta konpromisoa, heldutasuna, jarrera, komunikatzeko gaitasuna, hautagaiek bekaren faseetan garatu beharko dituzten zereginetara egokitzeko gaitasuna eta gaztelaniaren menderatze-maila baloratzeko.

4.– P1, P2, P3 eta P4 probak (hala badagokio) Hautaketa Batzordeak aurrez ezarritako tokian, egunean eta orduan egin beharko dira ezinbestean.

5.– Hizkuntzen ahozko probak (P2, P3 eta P4, hala badagokio) eta elkarrizketa (P5) grabatu egingo dira, eskatzaileak berariaz uko egiten ez badio. Uko hori idatziz adierazi beharko da proba horiek egiteko unean. Uko egite horrek probak bide horretatik berrikustea eragotziko du.

6.– Atzerriko hizkuntzen probak (P2 eta P3) ebaluatzerakoan, ez dira kontuan hartuko izangaiek izan ditzaketen hizkuntza-tituluak edo -egiaztapenak, eta azterketan erakutsitako maila baino ez da baloratuko.

7.– Elkarrizketa pertsonala Beint Programaren 1. faserako bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuaren azken mugarria da. www.spri.eus/beint helbidean zerrenda bat argitaratuz egingo zaie elkarrizketa pertsonalerako deialdia hautagaiei. Hautagai kopuruak ez du gaindituko deitutako beka kopuruaren bikoitza.

Elkarrizketarako deia hautaketa-prozesuan une horretara arte lortutako puntuazioaren arabera egingo da. Puntuazioetako berdinketak, lehenik eta behin, ingeleseko batez besteko notarik onena kontuan hartuta ebatziko dira; hala ere, berdinketak jarraitzen badu, bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan. Berdindutako hautagaietako batek bigarren hizkuntzaren azterketa egin ez badu edo gainditu ez badu, hura egin edo gainditu duenaren alde ebatziko da berdinketa. Berdindutako hautagaietako inor bigarren hizkuntza batean aztertu ez bada, berdinketa euskara-probako batez besteko notaren arabera ebatziko da.

Elkarrizketak nahitaez aurrez aurre egingo dira, eta ezin izango da data aldatu, ezta esleitutako ordua ere. Behar bezala justifikatutako eta egiaztatutako kasuetan bakarrik, ikasketak atzerrian egiteagatik edo ezinbesteko beste arrazoiren batengatik, Hautaketa Batzordeak elkarrizketa bide telematikoen bidez egitea erraztu ahal izango du.

8.– Hautagai bakoitzari P1, P2, P3, P4 (hala badagokio) eta P5 proba bakarra egingo zaio, eta ez dago aukerarik lortutako puntuazioa berreskuratzeko edo hobetzeko probarik egiteko. Lortutako puntuazioa berrikusteko eskatuz gero, egindako idatzizko probak eta ahozko azterketen eta elkarrizketen grabazioak soilik berrikusiko dira, notak esleitzean ageriko akatsak antzemateko, ez beste ezertarako.

9.– Plaza lortzeko edo ordezko izendatzeko, ezinbesteko baldintza izango da izangaiak P1, P2 eta P5 probetara aurkeztu izana.

10.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatua (HZ) egingo da, merezimenduak eta gaitasuna haztatzeko, taula honi jarraituz:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Gradu edo master bat puntuazioa lor dezaketen adar edo gaietako batekoa izateari buruzko erabakia Hautaketa Batzordeak bakarrik hartuko du.

11.– Interneteko atariaren bidez argitaratuko da zerrenda: www.spri.eus/Beint

Argitalpenarekin batera, berrikuspen-eskaerak aurkezteko epea ezarriko da. Epe hori ez da 3 egun baliodunetik gorakoa izango, eta non aurkeztu behar diren zehaztuko da. Epe hori amaituta eta eskatutako berrikuspenak egin ondoren, hasierako behin betiko zerrenda ordenatua itxiko da.

12.– Hasierako zerrenda ordenatutik (HZ), puntuazio onena duten 80 hautagaiak proposatuko dira bekadun (100etik 0ra bitarteko eskalan, 2 hamartarretara biribilduta). Era berean, puntuazio-hurrenkerari jarraituz, gehienez ere 20 ordezko proposatuko dira 1. faserako.

Puntuazioetako berdinketak, lehenik eta behin, ingeleseko batez besteko notarik onena kontuan hartuta ebatziko dira; hala ere, berdinketak jarraitzen badu, bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan. Berdindutako hautagaietako batek bigarren hizkuntzaren azterketa egin ez badu edo gainditu ez badu, hura egin edo gainditu duenaren alde ebatziko da berdinketa. Berdindutako hautagaietako inor bigarren hizkuntza batean aztertu ez bada, berdinketa euskara-probako batez besteko notaren arabera ebatziko da.

13.– Hautaketa Batzordeak honako osaera eta eginkizun hauek izango ditu:

– Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) programetako teknikaria. Presidente gisa jardungo du: Enbor Barruetabeña. Ordezkoa: Usoa Aguirre, Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Kanpoko Sareko zuzendaria.

– Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Giza Baliabideetako teknikaria. Batzordekide gisa jardungo du: Enara Corredera. Ordezkoa: Leire Intxausti, Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Sare-teknikaria.

– SPRIren Nazioartekotze programen teknikaria. María Iciar Gaviña. Idazkari gisa arituko da. Ordezkoa: Endika Zugasti, Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Sareen arduraduna.

Hautaketa Batzordearen zeregina da eskaerak aztertzea, hautagaien meritu eta gaitasunak baloratzea eta, ondorioz, organo kudeatzaileari fase bakoitzerako bekadunen eta ordezkoen zerrenda ordenatuak ematea, bakoitzari dagozkion modalitate, helmuga eta zuzkidurak zehaztuta. Jasotako eskaerak ikusirik eta eskaerak aurkezteko epea amaituta dagoenean, Hautaketa Batzordeko kideek aztertuko dute ea ezein motatako interes-gatazka dagoen, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte halakorik ez gertatzeko. Era berean, hautaketa-prozesuko proben xede diren gaietako espezialisten aholkularitza eskatu ahal izango du hautagaiak ebaluatzeko.

Hautaketa Batzordea burujabea izango da bere erabakiak hartzerakoan, eta erabakiak bozketa-prozeduraren bidez hartuko dira. Artikulu honetan aurreikusten ez denerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.

8. artikulua.– Faseak.

Beint 2026 Programa gauzatzean hiru fase bereizten dira, denbora-aldi eta prestakuntza-ezaugarri desberdinak dituztenak. Honako hauek dira:

a) 1. fasea: Prestakuntza teoriko espezializatua. Hautaketa-prozesua amaitzen denetik hasita, fase horrek 4 hilabete iraungo du gutxi gorabehera, eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da.

Programaren hasierako fase horretan, izendatutako bekadunek unibertsitate-ikastaro batean parte hartuko dute. Ikastaroaren helburua kanpo-merkataritzan eta nazioartekotzean espezializatutako prestakuntza da, hautagaiek ondorengo faseak behar bezala betetzeko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak eskura ditzaten.

Ikastaroa, ahal dela, nahitaezko modalitate presentzialean emango da, salbuespenezko egoeretan presentzialtasuna saihestea gomendatzen denean izan ezik. Ikastaroan zehar, klase teorikoak osatu ahal izango dira euskal industriarekin lotutako entitate, erakunde eta azpiegiturak bisitatuz.

Ikastaroa egiten den bitartean, Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak zehazten duten irakaskuntza-alderdiari ebaluazioak egingo zaizkio. Horrez gain, unibertsitateek bekadun bakoitzaren jarrerari eta jardunari buruzko balorazio-txosten bat bidaliko diote Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia). Ebaluazio bakoitza gainditzea eta balorazio positiboko txosten bat izatea ezinbesteko baldintza izango dira hurrengo faseetara igarotzeko, baita ikastaroaren titulua lortzeko ere.

Bekadunen unibertsitate-ebaluazioaren erreferentzia gisa, orain arte ikasturtean emandako edukien ebaluazioa egingo da, edo, bestela, orain arte egindako ebaluazio partzial guztien batez bestekoa kalkulatuko da (10 eta 0 bitarteko eskalan eta bi hamartarrekin).

Bekadun bakoitzaren helmuga eta modalitatea aukeratzeko puntuazioa honako bi puntuazio hauen artean bi hamartarretara biribildutako batez bestekoaren emaitza izango da:

– Oinarri hauen 7. artikuluko hautaketa-prozesuan bekadun bakoitzak aldez aurretik lortutako puntuazioa (10 eta 0 bitarteko eskalan eta bi hamartarrekin).

– Helburu honetarako Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) SPRIren sozietate filialak eta inplikatutako unibertsitateko agintari akademikoek adostutako ebaluazioan lortutako puntuazioa (10 eta 0 bitarteko eskalan eta bi hamartarrekin).

Aipatutako puntuazioekin, bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) osatuko da, modalitatea eta helmuga aukeratzeko. Puntuazioetako berdinketak, lehenik eta behin, ingeleseko batez besteko notarik onena kontuan hartuta ebatziko dira; hala ere, berdinketak jarraitzen badu, bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan. Berdindutako hautagaietako batek bigarren hizkuntzaren azterketa egin ez badu edo gainditu ez badu, hura egin edo gainditu duenaren alde ebatziko da berdinketa. Berdindutako hautagaietako inor bigarren hizkuntza batean aztertu ez bada, berdinketa euskara-probako batez besteko notaren arabera ebatziko da.

Behin betiko zerrenda ordenatua (BZ) oinarritzat hartuta, bekadunek modalitatea eta helmugak aukeratuko dituzte, irizpide hauen arabera:

1.– Data horretan erabilgarri daudenen artean, beren lehentasuneko 2. faseko modalitatea eta helmuga aukeratu ahal izango dituzte, betiere beka garatzen den erakundeak ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte.

2.– Erakunde horiek hala eskatuta, postu hutsak hizkuntza, titulazio, gidabaimen edo antzeko beste baldintza jakin batzuk betetzen dituzten bekadunek bakarrik bete baditzakete, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariak postu huts horiek berriro esleitu ahal izango dizkie baldintza horiek bete arren helmuga horiek aukeratu ez dituzten bekadunei. Berresleipen hori loteslea izango da bekadunarentzat.

3.– Beraz, bekadunaren helmuga aukeratzeko ahalmena Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren azken erabakiaren mende egongo da beti. Erabaki horrek zaindu beharko du erakundeek beketan garatzen dituzten eskakizun akademikoak, hizkuntzak edo bestelako baldintzak betetzen direla.

b) 2. fasea: prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa ematen dioten erakundeetan eta atzerriko eskualde-garapeneko beste erakunde batzuetan.

Fase honetan A modalitateko bekadunek parte hartuko dute, aurreko 1. fasea amaitu ondoren. 2. fasea bekadunei nazioartekotzea sustatzeko erakunde publiko eta pribatuetan dauden enpresei, programei eta zerbitzuei laguntzeko tresna publikoak ezagutzera ematera bideratuta egongo da. Prestakuntza hori, batez ere, Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIren kanpo-sareko bulegoetan emango da, atzerriko Espainiako Ekonomia eta Merkataritza Bulegoetan, eta, noizean behin, nazioartekotzea eta eskualde-garapena sustatzeko beste erakunde batzuetan. Bekadunek erakunde horietan eskaintzen diren eta agintzen zaizkien zerbitzuetan lagunduko dute, betiere tutore batek gainbegiratuta.

Fase hori 2027ko lehen egun baliodunean hasiko da, eta 12 hilabeteko iraupena izango du, eta 2027ko abenduaren 31n amaituko da. Lanean hasi eta amaitzeko benetako data entitate parte-hartzaileek, Basque Trade & Investment agentziak eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adostuko dute. Entitate parte-hartzailearen egutegira egokitzeko ahalegina egingo da, eta, ahal dela, bertan egon daitezkeen gainerako bekadunen egutegiarekin bat egingo du. Ados jarri ezin badira, Basque Trade & Investment agentziak eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adierazitako datak nagusituko dira. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia bekan parte hartu duen erakundearenera egokituko da.

2. fasean, eta fasea amaitu baino hilabete eta erdi lehenago gutxienez, hau da, azaroaren 15ean, bekadunek akordioak lortu beharko dituzte enpresekin edo erakundeekin 3. faseko praktika profesionala egiteko. Epe barruan akordioak lortzen ez dituzten bekadunek bekadun izaera galduko dute eta ezin izango dute 3. fasera aurkeztu.

Halaber, 2. fasea amaitzean, dagokion erakundeko arduradunak balorazio-txosten bat egingo du, eta, bertan, honako hauek nabarmenduko ditu, besteak beste: bekadunak prestakuntza jaso duen arloen laburpena, agindutako zereginen aurrean izan duen jarrera eta prestutasuna, eta lortutako betetze-maila.

Eskuragarri dagoen informazioa ikusita, Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erabakiko dute bekadun bakoitzak programaren helburuak behar bezala bete dituen, eta horren arabera erabakiko da programaren hurrengo fasean jarraitzea. Jarraipena, nolanahi ere, enpresa edo erakundea praktika egiteko prest egoteak baldintzatuko du.

c) 3. fasea: praktika profesionala atzerrian dauden enpresa edo erakundeetan.

Fase honetan, bekadunak praktikak egingo ditu, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak baliozkotutako bekadun-eskaera duen enpresa edo erakunde batean.

3. fase honetan sartzeko epea 8 hilabetekoa izango da, eta 2027ko lehen egun baliodunean hasiko da B modalitateko bekadunen kasuan, eta 2028ko lehen egun baliodunean A modalitateko bekadunen kasuan, eta 2027ko eta 2028ko abuztuaren 31n amaituko da, hurrenez hurren. Lanean hasi eta amaitzeko benetako data entitate parte-hartzaileek, Basque Trade & Investment agentziak eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adostuko dute. Entitate parte-hartzailearen egutegira egokitzeko ahalegina egingo da, eta, ahal dela, bertan egon daitezkeen gainerako bekadunen egutegiarekin bat egingo du. Ados jarri ezin badira, Basque Trade & Investment agentziak eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak adierazitako datak nagusituko dira. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia beka garatuko den enpresa edo erakunde laguntzailearenera egokituko da.

B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera sartzeko, ezinbestekoa izango da lankidetza-akordioa izatea 2027ko otsailaren 14a baino lehen, aipatutako bekadun-eskaera baliozkotua duen enpresa batekin. B modalitateko bekadunek aurkeztutako lankidetza-akordioak Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzearen Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzaren onespenaren eta aurrekontu-erabilgarritasunaren mende egongo dira. Onarpenak iritsiera-hurrenkera zorrotzaren arabera egingo dira, eta aukera egongo da zenbait akordio baztertzeko, erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera esleitu ezin diren zuzkidurak badituzte helmuga horietan.

A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasera sartzeko, ezinbestekoa izango da 2. fasean ebaluazio positiboa lortu izana eta 2027ko azaroaren 15a baino lehen dagokion lankidetza-akordioa izatea aipatutako bekadun-eskaera baliozkotua duen enpresa batekin.

A modalitateko bekadunen kasuan, praktikak egingo diren herrialdea 2. fasea egin den herrialde bera izango da, ahal dela.

Hala ere, bekadunek 2. fasea egin duten herrialdeaz bestelako helmugetako enpresa edo erakundeekin lortutako akordioak aurkeztu ahal izango dituzte. Herrialdez aldatzeko, Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak onartu beharko dute, eta aurrekontu-erabilgarritasunaren mende egongo da. Onarpenak iritsiera-hurrenkera zorrotzaren arabera egingo dira, programari esleitutako aurrekontuak zuzkidura handitzea ekarriko duten aldaketa gehiago ahalbidetzen ez dituen arte.

Salbuespen gisa, A modalitateko bekadunen 2. eta 3. faseen iraupena alda daiteke, baldin eta Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen badute, praktika atzerrian hobeto aprobetxatzeko, eta betiere bi faseen guztizko iraupena 20 hilabetekoa bada eta 3. fasearen amaiera 2028ko abuztuaren 31ren ondorengoa ez bada.

3. fasea amaitzean, dagokion enpresako edo organismoko arduradunak balorazio-txosten bat egingo du, eta, bertan, honako hauek nabarmenduko ditu, besteak beste: bekadunak prestakuntza jaso duen arloen laburpena, agindutako zereginen aurrean izan duen jarrera eta prestutasuna, eta lortutako jarduera-maila.

9. artikulua.– Ebazpenak.

1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko iraupena sei hilabetekoa izango da, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaera ezetsi egin dela.

2.– Beken 1. faserako ebazpena.

Oinarri hauen 7. artikuluan deskribatutako hautaketa-prozesua amaitutakoan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak onuradunen eta ordezkoen 1. faseko ebazpena emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Interneteko www.spri.eus/beint atarian argitaratuko da.

3.– 2. eta 3. faseetarako ebazpena.

Oinarri hauen 8. artikuluaren a) apartatuan ezarritakoaren arabera modalitatea eta helmugak aukeratu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, bekadun bakoitzari dagokion helmuga, datak, bekaren zuzkidura eta bekadunek egin beharreko jarduerak behar bezala garatzeko egokitzat jotzen diren gaiak esleituko zaizkie A modalitateko bekadunei.

B modalitateko bekadunen kasuan, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak dagozkion ebazpenak emango ditu bekadunek 3. fasea egingo duten enpresekin edo erakundeekin lankidetza-akordioak sinatu ahala.

4.– Zuzkidura eta helmuga aldatzeko ebazpena.

a) Bekadunei emandako helmuga herrialde bakoitzak eskatutako bisak edo baimenak lortzearen mende egongo da. Bekadunari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik bisa edo baimen horiek lortzea ezinezkoa dela egiaztatzen bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du bekadunari beste helmuga bat esleitzeko, eta, behar izanez gero, esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du.

b) Oinarri hauen 8. artikuluaren c) apartatuan adierazitakoa betez, A modalitateko bekadun batek 3. fasea 2. fasekoa ez den beste helmuga batean egingo badu, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eta aldi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura aldatuko du.

c) A modalitateko bekadun batek 3. fasea 2. fasearen helmuga berean egingo badu, eta bizitzaren kostuan aldaketa nabarmenak egon direla egiaztatzen bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eta aldi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du.

d) Euroaren kanbio-tasaren egoeraren arabera, helmugako lekuen erabilera-dibisa kontuan hartuta, bekaren zuzkidura, edozein fasetan, eguneratu ahal izango da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, betiere kanbio-tasan % 8tik gorako aldaketa ikusten bada eta 12. artikuluaren hasierako paragrafoan xedatutakoa arriskuan jartzen bada. Eguneratze hori aurrekontu-baliabidearen benetako erabilgarritasunaren baldintzapean egongo da.

e) Beka garatzen den erakundeari egotz dakiokeen edo hari eragiten dion arrazoiren batengatik beka betetzeko baldintzak mehatxatuta geratzen badira, edo helmugako lekuan segurtasuna larriki aldatu edo mehatxatu bada, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, dagokion ebazpenaren bidez, helmuga-aldaketa iraunkorra edo aldi baterakoa eman ahal izango du, eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura aldatu. Salbuespen gisa, bekadunari esleitutako helmuga berria Euskadin kokatu ahal izango da, eta zereginak telelanaren modalitatean garatzeko aukera ere egongo da.

f) Ezinbesteko arrazoiak direla-eta bekadunek ezin badute urtarrilean helmugan hasteko betebeharra bete, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eta, behar izanez gero, esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du. Era berean, helmugan egon arren, egoera hori adierazitako moduan eta epean jakinarazten ez bada, zuzkidura zuzendu egingo da, eta jakinarazpen-data laneratze-egun gisa zenbatuko da. Lanean hasi arte, eta salbuespen gisa, beka betetzeko lanak telelanaren modalitatean egin ahal izango dira.

g) Ezinbesteko arrazoiak direla-eta, bekadunek Euskadira aldi baterako edo behin betiko itzuli behar badute, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, esleitutako hasierako zuzkidura zuzentzeko, hala badagokio. Lanera itzuli arte, eta salbuespen gisa, beka betetzeko lanak telelanaren modalitatean egin ahal izango dira.

Berandu lanean hasten diren pertsona guztiak, bai eta aldi baterako edo behin betiko itzulerak eta bekaren zereginak telelanaren bidez betetzeko aukera ere, behar bezala justifikatu beharko dira, aldez aurretik jakinarazi beharko dira eta Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) berariazko oniritzia izan beharko dute, horiek eragin dituzten arrazoiak egiaztatu eta baliozkotu ondoren. Inola ere ez da baimenduko 2. edo 3. faseak osorik telelanaren modalitatean egiteko aukera.

5.– Beka ematearen ebazpena, haren edozein modalitatetan, interesdunei banaka jakinaraziko zaie, eta administrazio-bidea agortzen duen ebazpen horren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Nolanahi ere, emandako laguntzen berri denek izan dezaten, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.

10. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

Beint programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da erakunde laguntzaile batek 1., 2. eta 3. faseetan parte hartzea. Basque Trade & Investment-Nazioartekotze Euskal Agentzia izango da erakunde hori eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du. Hala, eginkizun hauek izango ditu:

a) Bidalitako dokumentazio orokorra aztertzea.

b) Bekadunek egin beharreko jardueren kontrola eta jarraipena.

c) Beken garapenarekin lotuta egoki iritzitako egiaztapenak egitea, eta onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.

d) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen direla ikuskatzea.

e) Egindako ikuskapenen txostenak egitea.

f) SPRIri gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.

Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) SPRIrekin lankidetzan aritzeko, hitzarmen bat egingo da. Halaber, Dirulaguntzak arautzen dituen 20/2023 Legean erakunde laguntzaileentzat ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko ditu.

11. artikulua.– Bekaren garapenean parte hartzen duten eragileak.

Halaber, honako eragile hauek parte hartuko dute bekaren garapen egokian:

1. fasean parte hartzen duten eragileak: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko unibertsitate-agintari akademikoen arteko hitzarmenaren arabera, unibertsitate horiek 1. faseko prestakuntza-ikastaroa emango dute. Hitzarmen horretan, eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak finkatuko dira: edukiak, irakasleen profila, ikastaroaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren beste alderdi guztiak.

2. fasean parte hartzen duten eragileak: Honako hauek hartuko dira halakotzat: Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIren kanpo-sareko bulegoak, Euskadik atzerrian dituen ordezkaritzak, Espainiako merkataritza-bulegoak atzerrian, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzeko beste erakunde batzuk. Parte-hartze hori alderdien arteko harremanak ezarriko dituen eta esleitutako bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko duen akordio baten bidez gauzatu beharko da.

3. fasean parte hartzen duten eragileak: Bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionala errazten dieten enpresak, erakundeak, enpresa-elkarteak eta klusterrak hartuko dira halakotzat.

Praktika profesionaleko eskaintza bat onartu ahal izateko, erakunde interesdunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazioartekotutako entitate bat izatea, kanpo-merkataritzarekin eta nazioartekotzearekin lotutako eta eduki erabat enpresariala duten prestakuntza-praktikak eskaintzea, eta ahal dela, gutxienez merkataritza- edo ekoizpen-establezimendu bat izatea kanpoan; establezimendu horretan, bekaduna aurrez aurre egon ahal izango da enpresako langileekin. Salbuespenezko kasuetan, establezimendurik gabeko enpresen eskaintzak baloratu ahal izango dira, baldin eta eskaintza horiek negozio-zentro batean edo antzeko batean egiten badira eta bekadunak une oro enpresako langileekin batera lan egiten badu.

b) Bekadunaren jarduera- eta prestakuntza-plan bat izatea, praktikaldi osoa jasoko duena, esleitutako eginkizunen eta zereginen xehetasun zehatzekin.

c) Bekadunaren prestakuntzaz arduratuko den tutore bat izatea.

d) Bekadunari ezarritako helmugako herrialderako joan-etorriko bidaia-txartela ordaintzeko prest egotea. Bekadunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik 3. fasea bete aurretik beka amaitzen bada, enpresak edo erakundeak ez du itzulerako txartela ordaindu beharrik izango.

e) Bekadunak eskatutako herrialdean egonaldia formalizatzeko ezinbestekoa den oniritzia edo beste izapideren bat lortzea ezinbesteko baldintza den kasuetan, erakundeak aldez aurretik ziurtatu beharko du dagokion herrialdeak eskatutako baldintzak betetzen dituela, eta bisa edo beharrezko beste izapideren bat lortzen lagundu beharko du, gastuak bere gain hartuz, eta herrialdera sartzeko beharrezkoak diren osasun-baldintzak behar bezala betetzeko beharrezkoak direnak ere bere gain hartuz, beharrezko kudeaketak edo izapideak ere eginez.

f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, hala nola ekipamendu informatikoa (praktikak egiten ari diren bitartean), bulegoko materiala eta dietak, bekadunaren ohiko bizilekutik kanpora joateagatik. Halaber, egokitzat jotzen duen eta erakundeak bekadunari ezarritako jarduera eta jarraibideen ondorioz sortzen den beste edozein gastu-kontzeptu.

g) Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea bekadunaren bilakaera eta ebaluazioa, eta eskatzen zaizkion balorazio-txostenak bidaltzea.

h) Lankidetza-hitzarmena sinatuko duen bekadunak Beint Programaren 3. fasea garatuko den enpresan edo erakundean lanik edo praktikarik egin ez izana.

Azkenik, 3. faseko Beint Programan parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea eta bekadunaren eskaera bidaltzea enpresen eta erakundeen arloaren bidez eskaintzen den plaza bakoitzeko, helbide honetan: www.spri.eus/beintempresas

Bekadunaren eskaera onartzearekin batera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak, erakundeak eta bekadunak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, eta, bertan, esleitutako bekaduna eta aldeek haren prestakuntza-planean egindako ekarpena identifikatuko dira.

2. eta 3. faseetan parte hartzen duten eragileek 8.b) eta 8.c) artikuluetan aipatutako txostenak bidali beharko dituzte Basque Trade & Investment agentziara (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), dagozkien faseak amaitzean.

12. artikulua.– Beken zenbatekoa.

Beken zenbateko ekonomikoa lortu nahi den prestakuntza-helburua betetzeko behar diren gastuak ordaintzeko izango da. Zenbateko horrek bizi-baldintza duinak eta programarako dedikazioa bermatu beharko dizkie onuradunei.

Ordaindu beharreko gastuen artean honako hauek egongo dira: prestakuntza-ikastaroaren kostua, zuzkidura ekonomikoa, bekadunaren prestakuntzako aparteko beste gastu batzuk eta haren aseguramendua. Aparteko prestakuntza-zuzkidurak eta -gastuak modu berezian finkatuko dira, helmuga bakoitzeko bizitza- eta sarbide-baldintzak eta garatu beharreko prestakuntza-programak kontuan hartuta.

1.– 1. faseko zuzkidura ekonomikoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak finantzatuko du 1. faseko prestakuntza-ikastaroaren kostuaren % 100. Bekadunek ez dute zenbatekorik ordaindu beharko eta ez dute zuzkidurarik jasoko 1. fasean.

2.– 2. eta 3. faseetako zuzkidura ekonomikoa.

Oinarri hauen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2. eta 3. faseetara igarotzen diren bekadunek bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat bete beharko dute. A modalitateko bekadunentzat 20 hilabetekoa izango da, eta B modalitateko bekadunentzat, 8 hilabetekoa (3. fasea).

Bekaren zuzkidura ekonomikoa programaren bi faseen artean banatuko da. Horrela, 2. eta 3. faseetako ebazpenetan banakako modalitateak, helmugak eta zuzkidurak adieraziko dira.

Oro har, 2. faserako kalkulatutako zuzkidurak, 12 hilabete dirautenak, 18.000 eta 48.000 euro artekoak izango dira. 3. faserako kalkulatutako zuzkidurak, 8 hilabete dirautenak, 12.000 eta 32.000 euro bitartekoak izango dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, helmugari lotutako kostuen arabera kalkulatua. Diru kopuru hori bekadunak ordaindu beharko du.

Bisa lortzeko gastuak 2. fasea egingo den erakundearen izaeraren araberakoak direnean, zuzkidura desberdinak esleitu ahal izango zaizkie herrialde eta hiri bererako baina erakunde desberdinetarako bekadunei.

Zuzkidurak finkatzerakoan, aurrekontu-erabilgarritasuna hartuko da kontuan.

Zuzkiduraz gain, bekadunek kreditu mugatua izango dute prestakuntza-gastu bereziei aurre egiteko 2. fasean. Kreditu horren kargura, eta Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aldez aurreko baimenarekin, bekadunek honako gastu hauek egin ahal izango dituzte: bekadunek baimendu zaizkien azoka, misio eta ekitaldietara joateko lekualdaketak, ostatuak eta dietak, bekadunaren helmugatik kanpo egiten direnak, bisita-txarteletarako gastuak, xede-herrialdeko hizkuntza ikasteko ikastaroetarako gastuak (ingelesa izan ezik), eta 2. fasean parte hartzen duten erakundeekin une bakoitzean indarrean dauden akordioen arabera (ekipamendu informatikoa).

Kontzeptu horrengatik gehienez ere 2.000 euroko kreditua izango da. Erabili gabeko kreditu-zatiak ez du, inola ere, bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa handituko.

3.– Programan jardutearekin lotutako gastu guztiak, besteak beste, hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua, garraioa eta izan ditzakeen beste gastu batzuk bekadunak ordainduko ditu, bekaren zuzkiduraren bidez. Aldiz, 2. faseko aparteko prestakuntza-gastutzat ezarritakoak eta 3. faseko hegazkin-txartelak, bisak, baimenak edo osasun-baldintzak lortzeko txartelak beka garatzen den enpresaren kontura izango dira.

4.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, Beint Programaren 2. eta 3. faseetako bekadunak Gizarte Segurantzaren erregimenari atxikita egongo dira, eta gertakari arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute, langabeziara kotizatu gabe; halaber, ez dute Soldatak Bermatzeko Funtsari (Fogasa) edo lanbide-heziketari lotutako kotizaziok ere egingo.

5.– Era berean, 2. edo 3. faseko bekadun bihurtzen direnetik programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetarako eta erantzukizun zibilerako aseguru-poliza bat sinatuko du bere mesederako, bekadunen jarduerak hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteen aurrean dituen ondorioengatik, eta bidaiako laguntza-osagarria ere bai.

6.– 3. artikuluan deskribatutako aurrekontuan, kontingentzietarako 500 euroko partida bat jaso da bekadun bakoitzeko.

Partida hori bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik baino ez da erabiliko (gorabehera medikoak, gerra-gatazkak, munduko krisiak, etab.), eta ustekabeko gastuak egiteko beharra sortuko da, aparteko arreta medikoa eskaintzeko, helmugako herrialdeetan bidaia edo gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak helmugan dauden tokitik beren jaioterrira aberriratzeko. Partida horren kargurako gastuak egiteko, Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren baimena beharko da aldez aurretik, eta erabili gabeko zatiak ez du inoiz bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa handituko.

13. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntzako aparteko gastuen kontua ordaintzea.

1.– Ordainketa honela egingo da:

a.1.– 2. fasea.

a.1.1.– Lehenengo ordainketa 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25eko aurrerakina izango da, eta 2026ko abenduan egingo da, bekaduna helmugara bidaiatu aurretik. Gizarte Segurantzan lehen ordainketa hori egin aurretik emango da alta.

a.1.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.

a.1.3.– Prestakuntzako aparteko gastuen eta kontingentzien partidei dagozkien ordainketak likidaziorako dagozkien justifikazioak aurkeztu ahala ordainduko dira. Horri dagokionez, gastuak egin eta gehienez ere hilabete batera aurkeztu beharko dira, likidatzeko.

a.2.– 3. fasea.

a.2.1.– Lehenengo ordainketa 3. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 25eko aurrerakina izango da, eta 2027ko abenduan egingo da A modalitateko bekadunen kasuan, eta B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasean parte hartzen duen enpresa edo erakunde batekin lankidetza-akordioa sinatu ondoren. B modalitateko bekadunen Gizarte Segurantzako alta lehen ordainketa hori egin aurretik egingo da.

a.2.2.– Hurrengo ordainketak hilero egingo dira, eta hileko azken ordainketa egingo da baldin eta 3. faseari dagozkion praktikak amaitu badira eta Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu badute onuradunak aurreikusitako programa behar bezala bete duela, eta oinarri hauen 14. artikuluaren 3. paragrafoaren i) apartatuan adierazitakoaren arabera eskatutako txosten guztiak bidali badira.

a.2.3.– Bekaren zuzkiduraren azken hilekoa ordaintzeko, bekadunek nahitaezko txosten guztiak aurkeztu beharko dituzte epe barruan eta behar bezala beteta. Zehazki, azken txostena behar bezala beteta aurkeztu beharko da, ezinbestean, beka amaitu eta gehienez 5 egun balioduneko epean. Bekaren amaieratik 5 egun baliodun igaro ondoren azken txostena bidali ez duten edo aurreko txostenetan 10 egun baliodun baino gehiagoko atzerapenak izan dituzten bekadunek ez dute zuzkiduraren azken hilekoa kobratuko.

2.– Bekadunak 3. fasea amaitu baino lehen bekari uko egiten badio, azken hileko ordainketa ere artikulu honetako a.2.2 eta a.2.3 puntuetan adierazitako baldintzen mende egongo da.

3.– Dagozkion zerga-arauek eta Gizarte Segurantzakoek edo baliokideek ezartzen dutenaren arabera, zuzkidurarekin dagozkion betebeharrei aurre egingo zaie.

14. artikulua.– Bekadunen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Beka-eskabidea aurkezteak oinarri hauetan xedatutakoa onartzea dakar.

2.– Bekadunek baliatu ahal izango dituzten baimenen eta norberaren aukerako egunen araubidea, kasu bakoitzean, atxikita dauden erakundeak zehaztuko du. Gutxienez hamabost egun ezarriko dira baimen eta norberaren aukerako egun gisa 2. faserako, eta gutxienez hamar egun 3. faserako.

3.– Beken onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, beka eman izanaren ebazpena argitaratutako dataren ondoren bost eguneko epean, onuradunak ez badio espresuki eta idatziz uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

b) Euskal unibertsitate-sistemari atxikitako ondorengo hiru unibertsitateek: Euskal Herriko Unibertsitate Publikoak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak, 1. faseko aurreinskripzioei, inskripzioei eta matrikulei buruz ezarritako jarraibideak eta epeak betetzea, bai eta unibertsitate bakoitzaren barne-arauak eta -erregelamenduak betetzea ere, beren-beregi men eginda.

c) Puntualtasunez agertzea klase guztietara eta 1. fasean antolatzen diren jarduera guztietara, elkarlaneko jarrera izatea irakasle eta ikaskideekin une oro, eta gerta daitezkeen ez-bertaratzeak astebeteko epean justifikatzea, gehienez.

d) Programaren hiru faseetako bakoitzean parte hartzen duten entitateen arauak betetzea eta guztiekin beharrezko errespetua mantentzea, eta Basque Trade & Investment agentziak (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia) eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eskatutako dokumentu guztiak aurkeztea adierazitako epean, helmugan lanean hasteko izapideak egite aldera.

e) 2. eta 3. faseetan, helmugako herrialdeak eskatutako bisa, txertoak edo baimenak lortzea, herrialde horretara bidaiatu baino lehen, eta egonaldi osoan dokumentazio egokia izatea.

f) Bekadunek 3. fasea erakunde multilateraletan egin nahi badituzte, interes hori helmugako tutoreen bidez (Basque Trade & Investment eta SPRI) adierazi eta bideratu beharko dute.

g) Bekaren berezko jardueretan arduraldi esklusiboa izatea eta xede-erakundeen funtzionamendu-arauak betetzea.

h) Helmugako erakundeen laneratzeko epeei eta helburuari, ordutegiari eta lan-egutegiari buruzko jarraibideak onartzea eta betetzea, edo bekaren helburuak betetzera bideratutako beste edozein jarraibide.

i) Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) jakinaraztea bekaren helburu ona lortzeari eragiten dion edozein gorabehera.

j) Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentziari) bidaltzea praktiken garapen egokia egiaztatzeko hark eskatzen duen edozein informazio, egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, garrantzizko alderdi ekonomiko eta komertzialak zehaztuz, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen esportazio-jardueraren sendotzean eta garapenean eragin dezakeen beste edozein ere.

k) Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ezarritako jarraibideen arabera likidatzea eta aparteko prestakuntza-gastuen jatorrizko egiaztagiriak eranstea.

l) Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) ezarritako jarraibideei jarraikiz, atzerriko herrialdeetara egindako bidaien berri ematea, bai praktika profesionalarekin zerikusia duten arrazoiengatik, bai arrazoi pertsonalengatik, aseguru-poliza eguneratzeko eta, horrela, estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) herrialde edo eskualde jakin batean arriskugarritasuna dagoela egiaztatzen badute, bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatu ahal izango da.

m) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.

n) 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.

ñ) Helmugako herrialdera iristean kontsulatuan edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldian bizilekua finkatzeko.

o) Basque Trade & Investment agentziari bere zereginak normaltasunez egitea eragozten dion edozein baja mediko edo bestelako egoera jakinaraztea.

p) SPRIk deitutako laguntza hedatzeko jardueretan parte hartzea.

q) Bekari uko egiten bazaio 2. edo 3. faseetan, ukoa gauzatuko den eguna baino 15 egun natural lehenago eman behar da horren berri, gutxienez. Epe hori betetzen ez bada, egin ez diren egunen zati proportzionala hileko azken soldatatik kenduko da.

r) Bekadunek, hala eskatzen denean, Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eremu pertsonalean argitaratzen dituen komunikazio guztiak berrikusi eta erantzun beharko dituzte, bai eta Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) 1., 2. eta 3. faseetan edozein unetan bidal diezazkiekeen mezu elektronikoak ere.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

Nazioartekotze-beka jasotzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, oinarri hauen 4.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Salbuespen gisa, 1. fasean, bekadunek lan ordainduak egin ahal izango dituzte, betiere lan horiek eskoletara eta jardueretara nahitaez joatearekin gatazkarik sortzen ez badute.

16. artikulua.– Bekadun izateari uztea eta itzultzea.

1.– Bekadun izaera, bekaren programa amaitzeagatik ez ezik, honako arrazoi hauengatik ere iraungi ahal izango da:

a) Bekadunak uko egitea.

b) Oinarri hauen 14. artikuluan deskribatutako betebeharrak ez betetzea.

c) Justifikaziorik gabe, 1. fasean bi eskola edo jarduera baino gehiagotara ez joatea. Hutsegitetzat hartuko da puntualtasun-faltaren ondorioz ikasgelara ez joatea eta ez sartzea.

d) 1. fasean egindako ebaluazio, proba edo azterketen bat ez gainditzea, edo haiietara ez aurkeztea, justifikatutako arrazoirik gabe.

e) 1. fasearen funtzionamendu eta garapen egokia oztopatzen duen edozein jokabide. Portaera txarragatik bi ohartarazpen metatzen dituzten bekadunek berehala galduko dute bekadun izaera.

f) 1. fasean egindako edozein proba, lan edo ebaluaziotan kopiatzea edo plagiatzea.

g) A modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasea egiteko enpresa edo erakunde batekin akordiorik lortu ez izana 2027ko azaroaren 15a baino lehen; kasu horretan, beka abenduaren 31n amaituko da.

h) B modalitateko bekadunen kasuan, 3. fasea egiteko enpresa edo erakunde batekin akordiorik lortu ez izana 2027ko otsailaren 14a baino lehen.

i) Oinarri hauen 9. artikuluaren 4. puntuaren e) apartatuari jarraikiz egindako helmuga-aldaketei men ez egitea.

j) Oinarri hauen 14. artikuluaren k) letraren arabera mugikortasunari ezarritako murrizketei men ez egitea.

k) Beka garatzen den erakunde, enpresa edo erakundeak praktikak aldez aurretik amaitutzat jotzea, bekadunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik. Enpresa edo erakunde laguntzaileak 3. faseko praktikak aldez aurretik amaitutzat jotzen baditu bekadunari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik, bekadunari hilabeteko epea emango zaio beste enpresa edo erakunde bat aurkitzeko. Epe hori amaituta, beste aukerarik aurkitu ez bada, bekadun izateari utziko zaio.

l) 2. edo 3. faseko praktikak egiten diren entitatearen izen ona arriskuan jar dezakeen eta hartan eragina izan dezakeen edozein ekintza edo portaera gauzatzea.

m) 3. faseko bekadunei dagokienez, programan parte hartzen duen entitate, enpresa edo erakunde batek oinarri hauen 8. artikuluaren c) apartatuan adierazitako balorazio negatiboaren txostena emateak, kontuan hartu beharreko gainerako inguruabarren balorazioak hala adierazten badu, itzultzeko arrazoia ekar dezake.

n) DEALen 36. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada.

ñ) Eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunen bat izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikoren bat izatea.

o) Helmugako erakunde edo enpresekin (2. fasea eta 3. fasea) oinarri hauetan jasotakoen aurkako gaiak adostea, edo horietan berariaz jasota ez daudenak, Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) aldez aurretik jakinarazi edo eskatu gabe.

2.– Bekadun izateari uzten badio, galdu egingo du ordaintzeke dauden ordainketak jasotzeko eskubidea, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko dizkio bidegabeki jasotako zenbateko guztiak edo batzuk, bai eta dagozkion berandutza-interesak ere, eska daitezkeen zehapenak gorabehera. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio laguntzak ezeztatzeko eta, hala badagokio, osorik edo zati batean itzultzeko espedienteak hastea eta ebaztea, betiere DEALen 40. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, bekaren eginkizunak bete diren aldia hartuko da kontuan, bekaren guztizko iraupenari dagokionez.

4.– A modalitateko bekadunen batek, artikulu honetako 1. puntuan deskribatutako arrazoiren batengatik, bekadun izaera galtzen badu, eta helmugak esleitu ondoren gertatzen bada hori, baina helmugetan hasi baino lehen, B modalitateko bekadunei esleitu ahal izango zaie plaza, baldin eta oraindik ez badute inolako enpresarekin akordiorik sinatu. Berresleipen hori egiteko, oinarri hauen 8. artikuluaren a) apartatuan aipatzen den BZ behin betiko zerrendaren ordenari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori oinarri arautzaile hauetan adierazitako erakunde laguntzaileari, gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.euskadi.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[izen-abizenak] jaunak/andreak (indarreko NAN zk. [...]), helbidea [helbidea] duenak,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DU HAREN ERANTZUKIZUNPEAN

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:

(i) Beka eskatzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez duela edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez duela.

(ii) Ez dela antzeko beken onuradun izan, oinarri hauen 4.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

(iii) Ez dagoela DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean; hau da:

a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.

b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.

f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoan, aurreikusitakoaren arabera.

h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, DEALen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.

i) Ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunengatik administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

II.– Eskabide honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak direla. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko du bere gain.

III.– Aurreko I. apartatuan egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.

IV.– Badakiela Adierazpen honi laguntzen dion edo Adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo hura Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez badu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.


Azterketa dokumentala