Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2026ko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
733

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 2koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Vitoria-Gasteizen Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektua».

Vitoria-Gasteizko tranbia 2008ko abenduan Vitoria-Gasteizen martxan jarri zen garraio-azpiegitura da.

Martxan jarri zenetik, Alava Jenerala eta Independentzia kaleetan partekatutako plataformak esku-hartze ugari izan ditu, denbora igaro ahala zorua eta kutxatilak degradatu egin direlako, konponketak etengabe egin behar izanez.

2016an, ETSk kale horietako tranbia-plataforma osorik konpondu zuen, zeuden kutxatilak erabat berregitearekin batera, hormigoi inprimatuzko hasierako zoladura, 7 cm-ko aglomeratu-geruza batez eta 3 cm-ko asfalto urtuaz ordezkatu zen.

Jarduera integral horren ondoren mantentze lanak egiten jarraitu den arren, 2024an berriro «Vitoria-Gasteizko tranbiaren Alava Jeneralaren eta Independentzia kaleetako kutxatilak eta zoladurak berritzeko obra» egitea egokitzat jo da. Obra horretan, lehendik zeuden kutxatila askotan esku hartu zen, eta 7 cm-ko aglomeratua eta 3 cm-ko asfalto urtua kendu zen, hormigoi bituminoso bero motako nahasketa bituminoso bidezko 10 cm-ko errodadura geruzarekin ordezkatzeko (tranbiak eta ibilgailuen trafikoa partekatzen den erreian soilik, aparkalekuetara sartzen diren turismoez gain, batez ere autobus eta banaketako ibilgailuak). Lan horiez gain, bederatzi metroko erreia ordeztu zen tranbia-erabilera esklusiboko bidean, Alava Jenerala, Foruen eta Independentzia kaleen elkargunearen parean, eta, horretarako, hormigoi bituminosoa zabaldu aurretik bide-lauza xehatzea eta berriro jartzea beharrezkoa izan zen.

2025ean, ETSren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean «Tranbia trazaduraren iragazkortasuna eta hirian bertakotzea hobetzeko eta udalerriko barne mugikortasuna hobetzeko (Independentzia kalearen, Bake kalearen eta tranbiaren Legebiltzarreko geltokiaren arteko elkargunea)» hitzarmena sinatu zen.

Hitzarmen horri erantzuteko, 2025eko apirilean, ETSk «Vitoria-Gasteizko Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektua idazteko zerbitzua»-ren kontratua lizitatu zuen, prozedura irekiaren bidez eta Eptisa-Cinsa Ingeniería y Calidad, SAri esleitu zitzaion 2025eko uztailean (ebazpenaren data: 2025eko uztailaren 24a), eta 2025eko abuztuaren 21ean kontratua sinatu zen.

Proiektuaren helburua Alava Jeneralaren eta Independentzia kaleen urbanizazioa definitzea da, zirkulazioa eta garajeetarako sarbidea mantenduz, hori dena tranbia-sistemaren iragazkortasuna eta bertakotzea hobetzeko Independentzia eta Bakea kaleen eta tranbiaren Legebiltzarreko geltokiaren arteko elkargunearen artean dagoen hiri-ingurunean. Zoladurarako irtenbide homogeneo bat bilatuko da, dauden akaberak bateratuz (hormigoi bituminosoa, urtutako asfaltoa eta inprimatutako hormigoia), dauden hiri-elementuak urbanizazio berrira egokituz eta dagoen drainadura birgaituz. Era berean, Independentzia kalea, Alava Jeneralaren kalea eta Foruen kaleen elkargunean bi bideen zati bat berrituko da, bi bideen erreiak nahiko higatuta daudela ikusi baita.

Proiektu hau idatzi aurretik egindako alternatibak aztertu ondoren, bertan ETSk eta Vitoria-Gasteizko Udalak erabaki dute urbanizazioaren sekzio osoaren –Alava Jeneralaren kaleko oinezkoentzako espaloienak izan ezik– gainazaleko akaberak birjartzea planteatzen duen alternatiba garatzea.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi berrehun eta hirurogeita hamar mila ehun eta laurogeita hamar euro eta hogeita bat zentimo (2.270.190,21 euro) da. Lizitazio-oinarriaren aurrekontuaren zenbatekoa hiru milioi berrehun eta hirurogeita zortzi mila zortziehun eta berrogeita sei euro eta laurogeita zortzi zentimo (3.268.846,88 euro), BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: bi milioi zazpiehun eta bat mila bostehun eta hogeita sei euro eta hogeita hamabost zentimotan (2.701.526,35 euro), BEZik gabe.

Obrak egiteko lau (4) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren beharrezko alderdiak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du betetzen duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Vitoria-Gasteizen Alava Jenerala eta Independentzia kaleak urbanizatzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi berrehun eta hirurogeita zortzi mila zortziehun eta berrogeita sei euro eta laurogeita zortzi zentimo (3.268.846,88 euro), eta obrak egiteko epea lau (4) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berarekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik eragotzi gabe aldez aurretik errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Jendaurrean jartzen da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 2a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala