
33. zk., 2026ko otsailaren 18a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 2 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
730
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 10ekoa, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita EAEko Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren «IAT-ITV Jarraibidea» deritzon jarraibidearen V.2 bertsioaren 2. berrikuspena.
Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hainbat jarraibide ezarri ditu Euskal Autonomia Erkidegoko ibilgailuen azterketa teknikoko zerbitzuaren enpresa emakidadunek irizpide eta jarduketa berdinak izan ditzaten, eta jarraibide horiek egokitu egin dira ibilgailuekin lotutako Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudietara.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 2014/45/EB Zuzentaraua –ibilgailu motordunen eta haien atoien aldizkako azterketa teknikoei buruzkoa– eta Ibilgailuen Azterketa Teknikoa arautzen duen urriaren 23ko 920/2017 Errege Dekretua indarrean jartzeak aldaketa esanguratsuak eragin zituen ordura arte zeuden jarraibideetan, eta, ondorioz, jarraibide horiek erabat birmoldatu behar izan ziren, eta dokumentu bakar batean sartu, «IAT-ITV Jarraibidea» izenekoan.
Matrikulatu aurreko administrazio- eta kontrol-prozedura bat ezarri behar da hirugarren herrialdeetatik datozen ibilgailuentzat, haien titularrek bizilekua Euskal Autonomia Erkidegora aldatzen dutenerako, ibilgailuaren txasisean edo egitura autosostengatzailean grabatutako identifikazio-zenbakirik ez duten kasuetarako, merkaturatu ziren herrialdean grabaketa hori egiteko betebeharrik ez dagoelako. Horren ondorioz, beharrezkoa da aplikazio-irizpide berri bat onartzea eta aipatutako jarraibidearen X. eranskinean sartzea.
Beraz, «IAT-ITV Jarraibidea» lehen aipatutako eguneraketetara egokitu behar da. Eguneratze horiek Industria Arloari lotutako estamentu teknikoek gainbegiratu dituzte, eta Euskadiko Ibilgailuen Azterketa Tekniko zerbitzuaren enpresa emakidadunei jakinarazi zaizkie.
Horregatik guztiagatik, bat etorriz Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutako eskumenekin, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Euskadiko Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren «IAT-ITV Jarraibidea» deritzon jarraibidearen V.2 bertsioaren 2. berrikuspena, zeina aplikatu beharko baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Ebazpen hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta haren eranskina web-helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ibilgailuen-aldizkako-eta-nahitaezko-azterketa-iat/web01-a2indust/eu/
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Industria Sustatzeko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 10a.
Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendaria,
JOSE LUIS AZKUE ARRASTOA.
RSS