
32. zk., 2026ko otsailaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 4 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
706
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 5ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ukatzen baita Rapid Reaction Systems SLU enpresak Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako (Bizkaia) udal-mugarteetan sustatutako «El Roble» parke eolikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena.
Espediente zk.: 48-GE-Y-2023-00034.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2023ko azaroaren 29an, Rapid Reaction Systems SLUk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako (Bizkaia) udal-mugarteetako «El Roble» parke eolikoaren proiekturako, maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoen bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioak baimentzeko prozedura arautzen duenak, xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.– Dekretu horretan aurreikusitako eskumen-prozeduraren ondorioetarako, jendaurrean jarri zen eskaera hori. Iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 18an.
Hirugarrena.– Organo honek aurkeztu ziren lehia-eskaerak baloratu ondoren, Rapid Reaction Systems SLUk aurkeztutako aurreproiektua hautatu zen, Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2024ko apirilaren 12ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren bidez, proiektu horretarako aurretiazko administrazio-baimena eskatzeko lehia-prozedura ebatzi zen.
Laugarrena.– 2025eko martxoaren 13an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2025eko otsailaren 20ko iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitziren Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako (Bizkaia) udal-mugarteetako «El Roble» parke eolikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskaerak. Halaber, 2025eko martxoaren 17an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Alegazioak aurkeztu zituzten honako elkarte hauek: Azpigorri Kultur Elkartea, Galdames Bizirik, Otsoaren Taldea, Enkarterrin Mendiak Aske, Enkarterri Bizirik, Zalla Bai Auzokide Elkartea; eta hainbat partikularrek.
Bosgarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsulta egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, oinarrizko proiektuari eta ingurumen inpaktuaren azterlanari buruz. Zuzenean eragiten zaien ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio edo organismoen kasuan, dagokion separata bidali zen, baldintza teknikoak emateko.
Kontsulta egin zitzaien Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako udalei; Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari, eta Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari, Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari; eta Ura-Uraren Euskal Agentziari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, Ihoberi, Itelazpiri, Aireko Segurtasuneko Estatu Agentziari eta Geografia Institutu Nazionalari.
Halaber, separatak bidali zitzaizkien honako hauei: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU eta Cellnex Telecom.
Eta Ingurumen-prozeduran interesdun direnei: Eguzkizaleak Elkartea, Ekologistak Martxan Bizkaia, Izate Ingurumen Elkartea, Itsas Enara Ornitologia Elkartea eta SEO/Birdlife Espainiako Ornitologia Elkartea.
Seigarrena.– Kontsultak eta jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, jasotako alegazio eta txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion sustatzaileari, erantzuna eman ziezaien.
Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena, EAEn Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planari buruzkoa (BFA 83/2015 Foru Dekretua). Txosten horretan, Neophron percnopterus (sai zuria) espezie mehatxatuaren gaineko eraginari buruzko alderdiak aipatzen dira (espezie hori kaltebera da habitataren aldaketekiko, eta sartuta dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan). Horren arabera, proiektuak zuzenean eragin diezaioke Natura 2000 Sarearen zati den Ordunte KBEaren osotasunari, eta haren kontserbazio-helburuak arriskuan jar ditzake, espezie giltzarri horren populazioak behera egin dezakeelako. Proiektuaren eragina zuzena eta asumiezina izango litzateke, eta eragin kritiko hori ezin da zuzendu obran zehar edo parke eolikoaren funtzionamenduan zehar gauzatu daitezkeen neurrien bidez, ezta konpentsazio-neurri alternatiboen bidez konpentsatu ere. Ondorioz, ez du bateragarritzat jotzen biodibertsitatea babestea eta «El Roble» parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuaren aurretiko administrazio-baimena ematea.
Era berean, honako hauen txostenak helarazi zitzaizkion sustatzaileari: Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako udalenak; Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarena, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarena, eta Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzarena; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzarena, Lurralde Garapenerako Zuzendaritzarena, Berrikuntza eta Errepide Kudeaketako Zuzendaritzarena eta Ingurumenaren Kalitatea Zaintzeko Zerbitzuarena; baita Ura-Uraren Euskal Agentziarena, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarena, Geografia Institutu Nazionalarena eta Cellnex Telecomena ere.
Zazpigarrena.– 2025eko azaroaren 20an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-167 erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan, honako hauek barne hartuta: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak.
Zortzigarrena.– 2025eko abenduaren 15ean, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak aurkeztutako eskaera izapidetzea ez onartzeko; eskaera hori Rapid Reaction Systems SLUk enpresak Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako (Bizkaia) udal-mugarteetan sustatutako «El Roble» parke eolikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko zen.
Eskaera hori izapidetzea ez onartzearen arrazoia honako hau da: espedientean Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak egindako nahitaezko txosten loteslea dagoela, eta, txosten horren arabera, proiektua eta biodibertsitatearen babesa bateraezinak dira, eta horrek eragotzi egiten du aldez aurreko administrazio-baimena ematea. Ondorioz, eta txosten hori loteslea denez, ingurumen-organoak ondorioztatzen du ez dela bidezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedurarekin jarraitzea.
Ebazpen hau honako hauetan oinarritzen da,
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan.
Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, honako hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 1/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; eta 115/2002 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan parke eolikoen bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena.
Hirugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazioa egin behar zaien proiektuak ezin izango dira baimendu edo onartu prozedura hori aldez aurretik amaitu gabe. Kasu honetan, ingurumen ebaluazioaren eskaera ez onartzeak berekin dakar nahitaezko ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpenik ez egotea, eta horrek juridikoki eragozten du maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuan araututako aldez aurreko administrazio-baimena ematea, eta, beraz, ukatu egin behar da.
Laugarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluak adierazten du administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahal izango duela soilik aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamenduan eragin negatiboa duenean, eta, kasu honetan, ez da bete nahitaezkoa den ingurumeneko lege betekizun bat.
Aipatutako lege-manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ikusita, eta ordezkaritza honetako Energia Arloak egindako proposamenarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Aurretiazko administrazio-baimena ukatzea Rapid Reaction Systems SLUk enpresak Galdames, Güeñes, Sopuerta eta Zallako (Bizkaia) udal-mugarteetan sustatutako «El Roble» parke eolikoaren proiektuari, nahitaezko ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpenik ez dagoelako, ingurumen-ebaluazioaren eskaera ez onartzearen ondorioz.
Bigarrena.– Ebazpen hau irmoa denean, itxi eta artxibatu bedi erreferentziako espediente elektronikoa.
Hirugarrena.– Prozedurako interesdun guztiei ebazpen hau jakinaraztea.
ERREKURTSOAK
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Jarritako errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.
Bilbao, 2026ko otsailaren 5a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.
RSS