
32. zk., 2026ko otsailaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (158 KB - 8 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
693
12/2026 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Landa Garapenaren Euskal Sarea arautzen duena.
2022ko uztailaren 15ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Landa-ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legea, xede bikoitz batekin. Alde batetik, erregulatzea EAEko landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak gidatuko dituen arau-esparrua; eta, bestetik, ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan politika sektorialak aplikatzean kontuan hartu beharreko gobernantza eta erakundeen arteko elkarlanerako mekanismoak.
Lurralde-kohesioa bultzatzeko ikuspegiarekin, ekainaren 30eko 7/2022 Legeak helburu estrategikoak eta sektorialak birdefinitzen ditu, eta planifikazioko instrumentu berriak gehitu, landa-garapeneko politikaren funtsezko elementu bihurtzen direnak, landaguneak garatzeko egin beharreko askotariko jarduketak aipatu instrumentuen inguruan egituratuko diren neurrian.
Lurralde-kohesioa bultzatzeko ikuspegiak, gainera, lurralde batzuetan eta besteetan landaguneak dauzkan egoera diferenteak kontuan hartzen ditu, egoera horiek guztiak ez direlako berdinak, eta landagunearen garapena ezin delako modu uniformean planteatu. Aipatu esparrua kontuan izanda, II. kapituluak EAEko landagunearen zonakatze berri baterako oinarriak planteatzen ditu.
Gobernantzari dagokionez, 16. artikuluaren bitartez, Landa Garapenaren Euskal Sarea sortzen da. Sarea landa-garapenean parte hartzen duten erakunde eta eragileen arteko lotura, koordinazioa eta lankidetza sustatzeko helburuarekin sortu da. Aipatu manuaren 2. eta 3. apartatuek Sarearen osaerarekin eta funtzioekin lotutako funtsezko elementuak barnebiltzen dituzte, eta, 4. apartatuak, Sarearen egituraren, osaeraren eta funtzioen erregelamendu-garapena antolatzen du. Hori da honako dekretu honen xedea, Legean ezarritakoa betetzea.
Dekretua egiteko lanetan, aintzat hartu da ere Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua.
Arau hau bat dator Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 4. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan xedatzen diren arauen kalitatearen printzipioekin. Hala, premia- eta efikazia-printzipioei dagokienez, araua justifikatuta dago, ekainaren 30eko 7/2022 Legean xedatutako lege-mandatua betetzen baitu. Proportzionaltasun-printzipioa betetzen da, lehen aipatutako premiari erantzuteko beharrezkoa den erregulazioa jasotzen duelako. Arau honek segurtasun juridikoaren printzipioa indartzen laguntzen du, eta, beraz, printzipio hori betetzen du, arlo horretako araudiarekin koherentea delako. Gardentasun-printzipioa arauaren hartzaileei entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapidearen bidez emandako parte-hartzeak betetzen du. Azkenik, eraginkortasun-printzipiora egokitzeko arrazoia da proiektu honek ez duela ezartzen beharrezkoak ez diren administrazio-kargarik edo karga osagarririk.
Hori dela eta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 3an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua eta adskripzioa.
1.– Dekretu honen xedea da Landa Garapenaren Euskal Sarearen egitura, osaera eta funtzioak ezartzea, zeina Landa-ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legearen 16. artikuluan sortu baitzen.
2.– Landa Garapenaren Euskal Sarea landa-garapenaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailari adskribatuta dago, baina horrek ez du esan nahi hango egitura hierarkikoan integratuta dagoenik.
2. artikulua.– Izaera juridikoa eta helburua.
Landa Garapenaren Euskal Sarea herritarrek eta elkarteek parte hartzeko gune egonkor gisa eratzen da, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 19. artikuluan araututakoen artean. Kontsultako, informazioko eta aholkularitzako eremua plural gisa eratzen da, helburu hartuta landa-garapenean inplikatutako erakundeen eta eragileen arteko lotura, koordinazioa eta elkarlana sustatzea.
3. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Landa Garapenaren Euskal Sareari dagokio:
a) Landa-garapenaren arloko Europako esparruari buruzko ezagutzaren antena izatea.
b) Esperientzia eta proiektu berritzaileak ezagutzera eman eta partekatzea, EAEkoak nahiz Europako beste landa-eremu batzuetakoak, eskualde batzuentzako aukera-input gisa.
c) Beharrizan komunen identifikazioa eta horiei ikusmolde orokor batetik ekiteko planteamenduak partekatzea.
d) Foro bat garatzea gai zehatzei ekiteko, hainbat xede kontuan hartuta: proiektuak garatzea, partaideen artean harremana izatea, informazio esanguratsua txertatzea, prestakuntza-ikastaroak egitea eta abar.
e) Sareak landa-garapenaren arloan jorratutako ekimenen, proiektuen eta ekimenen bozgorailu izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
f) Landa-garapeneko askotariko gaien inguruko eztabaida eta hausnarketa bultzatzea.
g) Interes komuneko gaien inguruko ekintzei ekiteko lan-batzordeak sortzea sustatuko duen foru bat izatea.
h) «Rural proofing» berme-mekanismoa aplikatu dadin laguntzea.
i) Beste sare batzuekin loturak indartzea, sinergiak sortuz.
j) Osoko Bilkurak erabakitzen duen beste edozein eginkizun.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako funtzioak emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua kontuan hartuta gauzatuko dira. Horretarako, Sareak behar diren baliabideak eta ezagutzak izango ditu. Zehazki, 5. artikuluan jasotako funtzioak gauzatzeko, berdintasunaren arloko ezagutzak dituzten adituak izango ditu Sareak, bermatzeko Landa Garapenaren Euskal Sarearen jarduerak genero-ikuspegia behar bezala txertatzen duela, eta, beraz, landa-eremuko emakumeen eta gizonen behar, interes, aspirazio eta aukera desberdinak kontuan hartzen dituela.
4. artikulua.– Osaera eta funtzionamendua.
1.– Landa Garapenaren Euskal Sareak osoko bilkuren eta lan-batzordeen bitartez funtzionatzen du, eta funtzionamenduaren kudeaketaz arduratuko den idazkaritza tekniko bat dauka.
2.– Osoko Bilkurak gunea osatzen duten eragile guztiak biltzen ditu, eta presidenteak, presidenteordeak, bokalek eta idazkariak osatuko dute.
3.– Lan-batzordeen osaera, iraupena eta funtzioak osoko bilkurak onartuko ditu, idazkaritza teknikoaren proposamenari jarraituz.
Ez da ordainsaririk jasoko Landa Garapenaren Euskal Sareko kide izateagatik; nolanahi ere, kideek jaso ahal izango dituzte Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren eta indarrean dagoen gainerako legediaren arabera dagozkien kalte-ordainak edo konpentsazioak.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea betez, sareko kideei nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie.
5. artikulua.– Osoko bilkuraren eginkizunak.
Osoko Bilkurak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Landa Garapenaren Euskal Sarearen jarduketa-ildo orokorrak ezartzea.
b) Onartzea idazkaritza teknikoaren proposamenari jarraituz.
c) Helarazten dizkioten proposamenak aztertu eta onartzea.
d) Ekitaldi bakoitzeko jarduketa-plana onartzea.
e) Landa Garapenaren Euskal Sareak egindako lanen eta jardueren gaineko urteko kudeaketa-memoria onartzea.
f) Idazkaritza teknikoak proposatutako bokal berriak onartzea.
g) Dekretu honek edo, hala badagokio eta ezarritako helburuekin bat egiten badu, indarreko legediak esleitzen dion beste edozein funtzio.
6. artikulua.– Deialdia eta saioak.
1.– Landa Garapenaren Euskal Sareak aurrez aurre nahiz urrutitik egin ahal izango ditu honako hauek: saioen deialdiak eta bilerak, erabakiak hartzea eta aktak bidaltzea. Bilerak urrutitik egiten direnean, kideak toki desberdinetan egon ahalko dira, betiere baliabide elektronikoen bidez bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla. Baliabide elektronikoen artean telefonikoak eta ikus-entzunezkoak daude. Baliabide elektroniko baliodunak izango dira, esaterako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.
2.– Osoko bilkura urtean behin bilduko da gutxienez, eta presidenteak egin beharko du ohiko bilkuraren deialdia. Presidenteak, halaber, ezohiko bilkuren deialdiak egin ahal izango ditu, bidezko irizten dionean edo osoko bilkurako kideen herenak hala eskatzen duenean.
3.– Bilkura baliozko moduan era dadin, ondokoak izan beharko dira, aurrez aurre edo urrutitik: presidentea eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkariak), eta, gutxienez, kideen erdiak.
4.– Gai-zerrendan ez dauden gaiei buruzko erabakiak hartu ahal izateko, bilkurako kide guztiak bertaratu beharko dira, eta gehiengoak erabaki beharko du aztergaia presakoa dela.
5.– Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Urrutitik parte hartuz gero, erabakiak presidentea dagoen lekuan hartu direla ulertuko da.
7. artikulua.– Bilkuren aktak.
1.– Idazkariak bilkura bakoitzaren akta egingo du, presidentearen oniritziarekin. Akta horretan, honako hauek zehaztuko dira: bertaratutakoak, bileraren gai-zerrenda, bilera non eta noiz egin den, eztabaiden puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukia.
2.– Akta bilera berean edo hurrengoan onartu ahal izango da, eta kideei baliabide elektronikoen bidez bidaliko zaie, testuarekin ados dauden ala ez adieraz dezaten. Erantzuna baiezkoa bada, bilera berean onartutzat joko da.
8. artikulua.– Presidentea.
1.– Landa Garapenaren Euskal Sarearen presidentea landa-garapenaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendaritzaren titularra izango da.
2.– Landa Garapenaren Euskal Sarearen presidenteak honako eskuduntza hauek ditu:
a) Landa Garapenaren Euskal Sarea ordezkatzea, bai eta bertako bozeramaile gisa jardutea ere.
b) Osoko bilkura ohikoak eta bereziak egiteko deialdia egitea, bai eta bilkuron gai-zerrenda zehaztea ere, bokalek aldez aurretik eta garaiz egindako eskariak kontuan harturik betiere.
c) Bilkuretako buru izan eta bilkurak amaitutzat ematea, baita eztabaidetan moderatzaile-lanak egitea ere.
d) Bozketa erabakitzea berdinketarik badago.
e) Landa Garapenaren Euskal Sarearen erabakien aktak eta egiaztagiriak ikus-onestea.
f) Dekretu honetako xedapenak betetzen direla ziurtatzea.
g) Idazkaritza teknikoaren eskutik, Landa Garapenaren Euskal Sarearen erabakiak egokitzat jotako erakundeei eta instituzioei jakinaraztea.
h) Presidentetzak berezkoak dituen gainerako eginkizunak betetzea.
9. artikulua.– Lehendakariordea.
1.– Landa Garapenaren Euskal Sarearen presidenteorde kargua txandaka beteko dute landa-garapenaren arloan eskumena duten foru-aldundietako zuzendaritzen titularrek. Txandakatze hori urtero egingo da, eta txanda hastea Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiari eta, azkenik, Arabako Foru Aldundiari.
2.– Presidenteordeari dagokio presidentearen eskuduntza guztiak ordezkatzea, hura ez dagoenean.
10. artikulua.– Bokalak.
1.– Hasierako bokalak 2. apartatuan adierazitakoak izango dira, 14. artikuluan ezarritakoaren arabera etorkizunean bokal berriak onartzeko aukera albo batera utzi gabe.
2.– Honako bokal hauek dira Osoko bilkuraren kide:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaria. Kide horrek Landa Garapenaren Euskal Sarearen presidentetza-eginkizunak betetzen ditu.
b) Landa-garapenaren arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendaritzaren titularra.
c) Landa-garapenaren arloan eskumena duen Arabako Foru Aldundiko zuzendaritzaren titularra.
d) Landa-garapenaren arloan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritzaren titularra.
e) EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak izendatutako pertsona bat.
f) ACOA-AKE Arabako Kontzeju Elkarteak izendatutako pertsona bat.
g) Arabako kuadrilla bakoitzak izendatutako pertsona bat.
h) Hazi Fundazioak izendatutako pertsona bat, Lurralde zerbitzukoa.
i) Landa Garapeneko Elkarte bakoitzak izendatutako pertsona bat.
j) Tokiko Ekintzako Talde bakoitzak izendatutako pertsona bat.
k) UAGAk izendatutako pertsona bat.
l) Nekaturrek izendatutako pertsona bat.
3.– Presidenteak egokitzat joz gero, eta betiere ahalik eta informazio onena lortzea helburu hartuta, landa-garapenaren arloan adituak diren beste pertsona, erakunde edo eragile batzuek ere parte hartu ahal izango dute Sarearen bileretan. Erakunde horiek ezingo dute presente egon balizko bozketetan. Osoko bilkurako edozein kidek eskatu ahal izango dio presidenteari adituak egoteko. Eskaera hori idazkaritza teknikoaren bitartez bideratuko da.
4.– Jorratu beharreko auzi baten espezifikotasunak auzian eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendaritzen ordezkarien presentzia eskatzen badu, presidenteak eskatuta parte hartzera deituak izan daitezke, esklusiboki auzi zehatz hori jorratzeko.
5.– Osoko bilkurako bokalek honako eskubide hauek dituzte:
a) Bilkuren deialdiak garaiz jasotzea, gai-zerrenda zehaztuta eta bertan jasotako gaien gaineko informazioa erantsita.
b) Egokitzat jotako puntuak gai-zerrendan sartzeko eskaera egitekoa.
c) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
d) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, boto partikularra emateko aukera izatea, eta emandako botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.
e) Galde-eskeak aurkeztea.
f) Beharrezko informazioa lortzea esleitutako eginkizunak betetzeko.
g) Kontseilukide-karguari datxezkion gainerako eginkizun guztiak.
11. artikulua.– Bokalen iraupena.
1.– Bokalak lau urterako izendatuko dira, salbu eta bokalak izendatu dituzten pertsona, elkarte edo erakundeek berariaz errebokatzen badituzte.
2.– Bokal izateko aldia amaitzen denean, bokalak berriro hautatu ahal izango dira, edo, aldi hori amaitu baino lehen, izendapena egiteko erabilitako prozedura beraren bidez ordezkatu ahal izango dira.
3.– Osoko bilkurako kideen izendapenean, ahalegina egingo da kontuan hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izatea.
12. artikulua.– Idazkari funtzioak beteko dituen pertsona.
1.– Idazkari funtzioak beteko dituen pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak izendatuko du, eta Osoko Bilkurako bertako kide bat izan ahalko da, edo landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren zerbitzurako pertsona bat.
2.– Jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzeaz gain, eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzeaz gain, honako funtzio hauek ere beteko ditu:
a) Bilkuretara joatea, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin, eginkizunak Osoko Bilkurako kide batek betetzen baditu.
b) Bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
c) Kontsulten, irizpenen eta akordioen ziurtagiriak egitea, bai eta idazkaritza teknikoari jakinaraztea ere, hala badagokio, interesdunari komunikatzeko.
d) Osoko bilkuren deialdia egitea presidentearen aginduz, bai eta kideen zitazioak ere.
e) Idazkari karguari dagokion beste edozein.
13. artikulua.– Ordezkapenak.
Osoko Bilkuran parte hartzen duten erakundeen eta eragileen ordezkari jardungo duten pertsonekin batera, horiek ez daudenean beren funtzioak beteko dituzten ordezkoak ere izendatuko dira.
14. artikulua.– Bokal izaera lortzeko prozedura.
1.– Landa Garapenaren Euskal Sarearekin bat egin eta bokal izaera lortu nahi duten izaera publikoko edo pribatuko erakundeek, legalki eratuta izan beharko dute, nortasun juridiko propioa izan beharko dute, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea eta jarduera nagusia bertan gauzatzea.
b) Haren politikek edo jarduketek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-ingurunean eragina izatea.
2.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira 1. apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:
a) Erakundearen estatutuak.
b) Bat egiteko eskaera aurkeztu aurreko ekitaldiko jarduera-memoria.
3.– Idazkaritza teknikoak aztertu eta ebaluatuko ditu eskaerak, eta hark aurkeztuko dio Osoko Bilkurari eskaera onartzeko proposamena. Proposamena egin aurretik, beharrezkotzat jotako informazio guztia bildu ahal izango du, eta beharrezkotzat jotako egiaztapen guztiak egiteko aukera ere izango du.
4.– Bokal-aitorpena Osoko Bilkuraren erabakiz egingo da. Hori onartzeko, beharrezkoa izango da gehiengoaren laguntza (% 51).
15. artikulua.– Idazkaritza Teknikoa.
1.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendaritzako teknikariek osatzen dute idazkaritza teknikoa. Idazkaritza tekniko horrek Hazi Fundazioaren Lurralde zerbitzuaren laguntza izango du, eta sailean dauden giza baliabideek eta baliabide materialek osatuko dute.
2.– Honako funtzio hauek izango ditu idazkaritza teknikoak:
a) Bokalen izendapenak eta errebokatzeak jasotzea, bai eta jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo beste edozein idazki mota edo kudeaketa egitea ere.
b) Osoko Bilkurako bokalen eta ordezkoen izendapenaz arduratzea.
c) Lan-batzordeen eratzea proposatzea osoko bilkurari, bai eta lan-batzordeon iraupena, osaera eta funtzioak zehaztea ere.
d) Landa Garapenaren Euskal Sareko kide izateko jasotako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, eta osoko bilkuran eskaera onartzeko proposamena aurkeztea.
e) Osoko Bilkuran onartzen diren Landa Garapenaren Euskal Sareko proposamenak, erabakiak edo gomendioak eskumena duten administrazio publikoetara bideratzea, presidenteak eskatuta.
f) Landa Garapenaren Euskal Sarearen interesekoak diren auziei helduko dieten lantaldeak sustatzea, betiere ekitaldi bakoitzean onartutako jarduketa-planarekin bat.
g) Landa Garapenaren Euskal Sarea dinamizatzea eta sustatzea, landa-garapeneko proiektuak eta jarduketak egitea proposatuta.
h) Azterlanak eta txostenak egitea.
i) Presidenteari proposatzea landa-garapenaren arloan adituak diren pertsonek, erakundeek eta eragileek Osoko Bilkuran parte hartzea.
j) Idazkaritza teknikoari dagokion beste edozein funtzio.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Osoko Bilkura eratzeko epea.
Honako xedapen hau indarrean jarri eta sei hilabete baino lehenago eratu beharko da lehen aldiz Osoko Bilkura.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS