Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2026ko otsailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
651

23/2026 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuarekin eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako lankidetza-protokoloa, euskararen sustapenari buruzkoa, 2021-2025 epealdirako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-protokoloa sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuarekin eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako lankidetza-protokoloa, Euskararen sustapenari buruzkoa, 2021-2025 epealdirako. Lankidetza-protokolo hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 4KO 23/2026 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAREN KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILAREN, NAFARROAKO GOBERNUAREN HERRITARREKIKO HARREMANETAKO DEPARTAMENTUAREN, ETA EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN ARTEKO LANKIDETZA PROTOKOLO OROKORRA EUSKARAREN SUSTAPENARI BURUZKOA, 2021-2025 EPEALDIRAKO

Baiona, 2021eko urriaren 22a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, 2021eko uztailaren 20ko Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakiarekin bat.

Beste alde batetik, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Nafarroako Gobernuak 2021eko uztailaren 28an hartutako Erabakiarekin bat.

Eta bestetik, Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, 2021eko urriaren 14ko Biltzar Nagusiak hartutako Erabakiarekin bat.

Hiru aldeek, beren erakundearen ordezkari moduan jarduten dute, egintza hori gauzatzeko ahalmena dute eta ondorio horretarako,

ADIERAZTEN DUTE:

– Espainiako Konstituzioak, Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Komunitateari aukera ematen diela euskararen arloan elkarlanean aritzeko.

– 2004an frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak, Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatuak eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak, Euskararen Erakunde Publikoa sortu zutela, 6 urterako, honen eginkizuna izanik, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea, definitzea eta obratzea; 2010ean, beste sei urterako berritu zutela; 2017an Euskararen Erakunde Publikoa berriztatu zela, berriz ere 6 urterako, 2017ko urtarrilaren 1ean sortu den Euskal Hirigune Elkargoa integratuz Ipar Euskal Herriko herrien ordezkari gisa, Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatuaren eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren ordez.

– Euskal Autonomia Erkidegoaren Gobernuak, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanaren bidea aukeratu dutela, beti abiatuz erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan.

– Euskara sustatzeko eta garatzeko bidean komeni dela hiru erakundeak elkarlanean aritzea, beharrezkoak ez diren bikoiztasunak eta gastuak saihesteko eta ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko.

– Horiek horrela, 2017ko uztailaren 3an, Iruñean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren, eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lehenengo Lankidetza Hitzarmena sinatu zela.

– Hitzarmen honen balorazio positiboa egin ondoren, eta alde guztien interesak kontuan hartuta, hiru aldeek erabaki dutela Lankidetza Protokolo Orokor hau berrestea eta honako klausula hauek betetzea.

KLAUSULAK

Lehena.– Xedea.

Lankidetza Protokolo Orokor honen xedea da hiru sinatzaileen arteko lankidetza bultzatzea euskararen sustapenari dagozkion alderdi jakin batzuetan. Erakunde bakoitzak protokolo honetan bildutako programak egin edo garatuko ditu, nork bere ahal ekonomikoen heinean.

Bigarrena.– Ezarpen esparruak:

Ezarpen-esparruak ondoko hauek dira:

1.– Hezkuntza eta helduen euskalduntzea.

1.1.– Hezkuntza.

Hiru aldeak ados daude euskarazko irakaskuntzan garatzeko egiten dituzten ekintzetan lankidetza bultzatu behar dela. Horretarako honako esparru hauek lantzeko asmoa adierazten dute:

a) Ikasleen mugikortasuna eta trukeak sustatzea; lurralde batetik bestera ikasleak mugitzeko programak bultzatzea.

b) Goi-mailako ikasketak beste lurralde batean egin nahi dituzten ikasleentzat eskoletako eta unibertsitateetako sarbide aukerak eta moduak aztertzea.

1.2.– Helduen euskalduntzea.

Hiru aldeak ados daude helduentzako euskararen irakaskuntza arloan obratzen dituzten politika eta dispositiboen inguruan lankidetzan jarduteko, bereziki honako arloetan:

a) Helduei euskara irakasteko curriculumaren garapena eta materialen prestaketa eta hedapena, lurralde bakoitzaren beharrak eta berezitasunak kontuan hartuz.

b) Irakaskuntza horretan aritzen diren irakasleen berariazko prestakuntza bultzatzea.

c) Dauden praktikei buruzko informazioa trukatzea, hala nola, dirulaguntza dispositiboei eta ikasleen eta prestakuntza-zentroen jarraipenerako eta ebaluaziorako tresnei buruz.

1.3.– Hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapena.

Elkarlanean arituko dira hiru aldeak euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri harturik, eta hiru aldeek luzatutako ziurtagiriek elkarrekiko onespena izan dezaten.

2.– Euskararen erabilpenaren sustatzea.

2.1.– Aisialdian.

Eskolatik kanpo, aisialdiaren arloan bereziki haur eta gazteei zuzendutako egitasmoak sustatu eta garatuko dira (hizkuntza egonaldiak, udalekuak...) lurralde ezberdinetako haur eta gazteen arteko trukerako bideak aztertzen jarraituz.

2.2.– Kirolean.

Kirol arloan, hiru eremuetan euskara sustatzeko dauden estrategiak eta baliabideak partekatuko dira, eta aukera izanez gero proiektuak elkarren artean obratzeko paradak aztertuko dira, bereziki haur eta gazteei zuzendutako egitasmoak.

2.3.– Ingurune digitalean.

Hiru aldeek ingurune digitalaren esparruan dauden euskarazko baliabideen inguruko informazioa partekatuko dute, baliabide horiek euskaraz sortu edo egokitzeko ahaleginetan bikoiztasunik egin ez dadin.

Bestalde, hiru aldeak hizkuntza teknologiak garatzeko eta bultzatzeko lankidetzan arituko dira; sortutako corpusak eta baliabideak partekatuko dira.

2.4.– Arlo sozioekonomikoan.

Hiru aldeek arlo-sozioekonomikoan euskara sustatzeko diren praktikak eta esperientziak partekatuko dituzte. Era berean enpresetan euskara sustatzeko elkarlanean garatzeko egitasmoak bultzatuko dituzte.

Bestalde erakunde publiko zein pribatuetan euskararen erabilera plan ereduak aztertuko dira eta esperientziak partekatzeko modua sustatuko da.

2.5.– Euskarazko hedabideetan.

Hiru eremuetan euskarazko hedabideak sustatzeko dauden praktikak eta estrategiak partekatzeaz gain, euskarazko hedabideen gaineko ikerketak elkarlanean bultzatuko dira.

3.– Euskarari buruzko gogoeta, sustapena eta prestakuntza.

3.1.– Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta sustapena.

Hiru aldeak elkarlanean arituko dira euskararen aldeko sentsibilizazioa eta sustapeneko programak egiten edo haietan parte hartzen. Hiru aldeek antolaturiko ekitaldietan parte hartzea sustatuko da, eta, egokitzat jotzen denean, sortutako materialen hedapena bultzatuko da.

3.2.– Gogoeta guneak eta prestakuntza.

Gogoetarako alde batek sortutako gune, batzorde edo foroan beste alde biek parte hartzeko modua egingo da, beti ere hizkuntza politikaren arloan interes komuneko gaiak aztertzen direnean.

Hizkuntza Politikaren gainean alde bakoitzak antolatzen dituen berariazko prestakuntza partekatzeko aukerak aztertuko dira.

4.– Ikerketak eta hizkuntzaren corpusa.

4.1.– Ikerketa soziolinguistikoak.

Hiru aldeak elkarlanean arituko dira datu bilketa lanetan, euskararen eremu osorako bateragarriak izan daitezen eta aldi berean lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak.

Hala, azterlan eta ikerketa soziolinguistikoen gaineko informazioa elkarri trukatuko diote eta esperientziak partekatuko dituzte, adierazle soziolinguistikoen sistemak eta hizkuntza politika prestatzeari eta garatzeari dagokienez.

Euskararen egoera eta bilakaera ezagutzeko interesgarri jotzen diren bestelako ikerketa bide berriak proposatu eta aztertuko dira.

4.2.– Hizkuntzaren corpusa.

Hiru aldeek egokia ikusten dute hizkuntzaren corpusaren alorrean elkarlana sustatzea; horretarako, eremu horri lotutako beharrizanei erantzuteko modua egingo da, itzulpen memoriak, terminologia bankuak, hiztegigintza eta antzekoetan.

5.– Lankidetza Europako markoan.

Hiru aldeak lankidetzan arituko dira, aukeren arabera proiektuak Europear finantzaketetan aurkezten jarraitzeko eta POCTEFAren etorkizuneko programa operatiboetan hizkuntza politika integratzeko.

Hirugarrena.– Indarraldia.

Lankidetza Protokolo Orokor honek sinatzen den unean hartuko du indarra, eta lau urteko indarraldia izango du. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, protokolo hau sinatzen dutenek aho batez hitzartu ahal izango dute protokoloaren luzapena beste lau urterako, edo haren iraungitzea.

Laugarrena.– Lankidetza Protokolo Orokorraren kudeaketa eta jarraipena.

a) Protokoloaren kudeaketa.

Lankidetza Protokolo Orokor honen kudeaketaren arduradunak, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira.

b) Jarraipenerako batzordea.

Lankidetza Protokolo Orokor honen betetze-mailari jarraipena egiteko, aldeek adostu dute hiru aldeko Batzorde Mistoa eratzea. Batzorde horrek sei kide izanen ditu: bi, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak izendatuak, beste bi, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak izendatuak, eta beste biak Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak izendatuak.

Batzorde horretan parte har dezakete Eusko Jaurlaritzako beste Sail edo erakunde baten ordezkariek landu beharreko gaiak haiek egotea eskatzen duenean.

Batzorde horretan parte hartu dezakete Nafarroako Gobernuko beste Departamentu edo erakunde baten ordezkariek, landu beharreko gaiak haiek egotea eskatzen duenean.

Halaber, gaiak horrela eskatzen duenean bestelako entitateak parte hartzeko bidea egingo da.

Batzordeak, izango dituen egitekoak gauzatzeko, alde bakoitzaren zerbitzu teknikoen laguntza izango du. Hala ere, jarduerak garatzeko, beharrezkoa denean, batzorde teknikoak eratuko dira, eta alde bakoitzak ordezkariak izendatuko ditu.

Batzordeak idazkari teknikoa izendatuko du urtero, urtearen hasieran, eta idazkariak bilera bakoitzeko akta idatziko du.

c) Jarduteko modua.

Batzorde mistoa bilduko da, gutxienez urtean behin eta alde bakoitzak eskatzen duen guztietan.

Batzorde mistoari dagozkio ekitaldi bakoitzean egin beharreko jarduera zehatzen azterketa eta jarduera planaren proposamena egitea bai eta erabakien balorazioa egitea ere. Jarduera plan hori partaide bakoitzaren erabaki guneetan onartuko da.

Lankidetza Protokolo Orokorraren ildotik burutzen diren egitasmoak aurkezteko, garatzeko eta komunikatzeko unean, hiru aldeen parte hartzea, presentzia eta irudia bermatuko dira, elkarlanaren eta lankidetzaren printzipioak azpimarratuko direlarik.

AZKEN XEDAPENA

Lankidetza Protokolo Orokor hau alda daiteke hiru aldeak aldaketarekin ados badaude; horretarako behar den eranskina gehituko zaio protokoloari.

Aurrekoarekin bat eginez, Berariazko Lankidetza Protokolo Orokor hau izenpetu dute, euskaraz, gaztelaniaz, zein frantsesez, hiru aletan, gorago aipatutako lekuan eta egunean.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren izenean,

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren izenean,

Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria,

ANA OLLO HUALDE.

Euskararen Erakunde Publikoaren izenean,

Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria,

ANTTON CURUTCHARRY.


Azterketa dokumentala