Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2026ko otsailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
560

AGINDUA, 2026ko urtarrilaren 29koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez finkatzen baita zein diren Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia administrazio-organismo autonomoak ematen dituen jardueren prezio publikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren (martxoaren 20ko 1/2025 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen) 30. artikuluak dioenaren arabera, prezio publikotzat joko dira zuzenbide publikopeko jardueren edo zerbitzuen trukean ematen diren diru-sariak, baldin eta, lege horren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, tasa ez badira.

Testu bategin beraren 31. artikuluak ezartzen du ezen ogasun-arloan eskumena duen sailak eta kasuan kasuko sailak, hots, zerbitzuak zuzenean ematen dituen sailak edo zerbitzuak ematen dituen erakundearen gaineko sailak elkarrekin eta dekretu bidez ezarriko dutela zein diren prezio publikoen bitartez ordaindu daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak,.

Aurrekoa betetzeko onartu zen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretua, zeinaren bidez zehazten baita zein diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordaindu daitezkeen zerbitzu eta jarduerak. Eranskinaren 2. puntuan jasotzen da organismo autonomoek zer zerbitzu eta jarduera komunengatik eska ditzaketen prezio publikoak, eta 19. puntuan, berriz, zer zerbitzu espezifikorengatik eska ditzakeen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, zeinaren bidez finkatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak, Segurtasun Sailari atxikitzen dio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia administrazio-organismo autonomoa.

Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 33. artikuluaren eta uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, prezio publikoen zenbatekoa ezartzeko edo aldatzeko, agindua emango du prezioa kobratu behar duen organo edo entearen gaineko sailburuak, organo edo ente horrek proposaturik, ogasun-arloan eskumena duen sailak txosten loteslea egin eta gero.

Azaldutakoaren arabera, Segurtasuneko sailburuari dagokio agindu bidez finkatzea edo aldatzea zein den Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginak emandako ahalmenak erabiliz, eta Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunak aldeko txostena eman ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ezartzea zein den Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa, zeinak agindu honetan zehazten baitira.

2. artikulua.– Prestakuntzarekin lotutako zerbitzuak eta jarduerak.

1.– Hau izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako prestakuntza-jarduerei dagokien matrikularen zenbateko arrunta:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Jarduera espezifikoetarako matrikularen zenbatekoa.

a) Zenbateko hori handitu egingo da, baldin eta, jardueren ezaugarri bereziak direla-eta irakasle eta teknika bereziak (ordenagailuak, bideo-kanoia, aldibereko itzulpena edo material bereziak) behar badituzte eta % 25etik gorako kostu-igoera badute. EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzak zehaztuko du inguruabar hori, eta justifikazio-memoria batean jasoko du zergatik igo behar diren jardueraren kostua eta prezio publikoak. Gainera, prestakuntza horien deialdian jasoko da horren berri.

b) Enpresei eta Administraziokoak ez diren entitateei emandako prestakuntza-jarduerei dagokienez, jarduera eskatu duen enpresak edo entitateak ordaindu beharko ditu, beti, ordainsariak, kalte-ordainak, dietak, bidaiak, lokalen alokairuak eta materiala, bai eta jarduera egiteko beste edozein gastu ere. Enpresak edo entitateak, aipatutako gastuez gain, antolatutako jarduerara joaten den pertsona kopuruaren herenaren, gutxienez, matrikulak ere ordaindu beharko ditu.

3. artikulua.– Hautaketa-zerbitzuak.

Hona zenbat kobratuko duen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak beste administrazio edo entitate batzuei eskainitako hautaketa-zerbitzuengatik:

Teknikariak edo profesionalak emandako zerbitzua: 38,21 euro/ordu, BEZik gabe.

4. artikulua.– Kopien eta bidalketa-gastuen zerbitzua.

1.– Material didaktikoaren eta biltegiratze-euskarria hautatzeko eta saltzeko espedienteen kopiak:

a) Fotokopien prezioa: 0,0497 euro/orri, BEZik gabe.

b) USB biltegiratze-euskarriaren salmenta: 4,88 euro/unitate, BEZik gabe.

2.– Posta bidezko bidalketa-gastuak:

a) Gutun arrunt nazionala (< 100g): 0,89 euro/unitateko, BEZik gabe.

b) Gutun ziurtatu nazionala (< 100g): 4,70 euro/unitateko, BEZik gabe.

c) Pakete estandar nazionala (< 2 kg): 4,55 euro/bidalketako (1 kg-rako zenbatetsia), BEZik gabe.

d) Pakete estandar nazionala (2 – 5 kg): gutxi gorabehera. 5,41 € bidalketako (5 kg), BEZik gabe.

5. artikulua.– Jantoki- eta kafetegi-zerbitzua.

1.– Hauek dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako jantoki-zerbitzuko prezioak, BEZik gabe:

a) Menu osoa (bi plater, postrea eta edaria): 6,36 euro.

b) Menu erdia (plater bat, postrea eta edaria): 3,27 euro.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako kafetegi-zerbitzuko prezioen zerrenda, BEZa barne:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

6. artikulua.– Ostatu- eta mantenu-zerbitzua.

Hauek dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ostatu- eta mantenu-zerbitzuko prezioak, BEZik gabe:

Pentsio osoa: 32,62 euro pertsonako eta eguneko.

7. artikulua.– Salbuespenak.

Salbuespena ezartzen da zerbitzu hauengatik ordaindu beharreko prezio publikoan:

1.– Salbuetsita daude Euskal Poliziako (Ertzaintzako eta udaltzaingoetako) oinarrizko eskalako agenteen kategorian sartzeko hautaketa-jarduerak, harik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Sailak deitutako prestakuntza-ikastaroa hasi arte.

2.– Salbuetsita daude hautaketa- eta prestakuntza jarduerak, hain zuzen ere jasota daudenak Kontseilu Errektoreak onartutako eta urteko jarduera-planean (Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Kontseilu Errektoreak onartutakoa) eta zuzentzen zaizkienak Segurtasun Publikoaren Euskal Sisteman sartutako pertsonei eta antolakundeei, baldin jarduketa horiek sartuta badaude lankidetza-hitzarmenen edo kudeaketa-gomendioren batean.

3.– Salbuetsita daude hautaketa- eta prestakuntza-jarduerak, zuzenduta daudenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean segurtasun-arloko eskumena duen sailak onartzen dituen Ertzaintzako langileei, jantoki-, ostatu- eta mantenu-zerbitzuetako jarduerak barne, baldin eta, dagokion ikasketa-planean ezarritakoaren arabera, barnetegia egitea beharrezkoa bada jarduera horiek gauzatzeko.

8. artikulua.– Epea eta ordaintzeko modua.

1.– Ordaintzeko, bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartu zena; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarrera eta kobrantza automatizatuari dagokionez; horrez gain, une bakoitzean ordainketak egiteko, kontuan izango da zer dioten indarrean dauden gainerako arauek ere.

2.– Galdatu ahal izango da aurretik ordain dadila prezio publikoen guztizko zenbatekoa, eskaera egiteko unean, ondasunak eman aurretik edo aurretiaz ordaintzeko eskatzea justifikatzen duten zerbitzuak ematen hasi baino lehen.

3.– Administrazioak ordainagiria emango du, eta, hala badagokio, bete beharko du indarrean dagoen fakturazio-araudia.

4.– Prezio publikoen zenbateko osoa aldez aurretik ordaintzea eskatzen ez den kasuetan, haien likidazioetan ematen diren ordainketa-frogagiriek jakinarazpenaren ondorio berberak izango dituzte, eta, horretarako, honako hauek ere jaso beharko dituzte: zer aurkaratze-bide erabil daitezkeen, zer organoren aurrean egikaritu behar diren eta zer epetan aurkeztu behar diren, eta zorra non, zer epetan eta nola ordaindu behar den.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetu egiten da Herrizaingoko sailburuaren 2011ko urriaren 26ko Agindua, zeinaren bidez finkatzen baita zein diren Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia Erakunde Autonomoak ematen dituen jardueren prezio publikoak, bai eta beste edozein xedapen ere, agindu honetan xedatutakoaren aurka badoa eta agindu honen maila berekoa edo beheragokoa bada.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 29a.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala