Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2026ko otsailaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
529

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 27koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aldez aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitira «VTE LAMT Laguardia-Elciego entre apoyos 5 y 228» proiektuari dagokion instalaziorako, Laguardia udalerrian, Arabako lurralde historikoan, eta onura publikokoa dela deklaratzen baita.

Espediente zk.: 01ATY 202400029.

AURREKARIAK

1.– 2024ko uztailaren 16an, I–De Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk aldez aurretiko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta onura publikokoa dela deklaratzea eskatu zituen «VTE LAMT Laguardia-Elciego entre apoyos 5 y 228» proiektuari dagokion instalaziorako, Laguardia udalerrian, Arabako lurralde historikoan.

2.– Jendaurrean erakusgai jarri ziren delako proiektua eta aipatu eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin zen, xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak; Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak, eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua.

3.– Horretarako, jendaurreko informazioaren izapidearen barruan, iragarkia argitaratu zen Laguardiako Udalaren iragarki-taulan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2025eko otsailaren 4an), Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (2025eko otsailaren 14an) eta El Correo egunkarian (2025eko otsailaren 4an). Halaber, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean ere argitaratu ziren iragarkia eta proiektuaren dokumentuak, interesdunek eta herritarrek aztertu ahal izan zitzaten.

4.– Jendaurreko informazioaren izapidea egin zen aldi berean, 2025eko otsailaren 4an, sail honek dagokion separata bidali zion Laguardiako Udalari, eskuragarri egon zedin udaletxean.

5.– Kontsulta hauek egin zitzaizkien ukitutako ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio, organismo eta zerbitzu-enpresei, eta dagozkien separatak bidali zitzaizkien:

– Nekazaritza Saila. Nekazaritza Garapenerako Zerbitzua. Arabako Foru Aldundia.

– Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saila. Arabako Foru Aldundia.

– URA – Uraren Euskal Agentzia.

Txosten hauek jaso ziren:

– Ura – Uraren Euskal Agentziaren txosten bat jaso zen, 2025-02-07koa. Organismo horrek ez zion eragozpenik ikusi ez eroalea ordezteari, ez aurreikusitako euskarriak ordezteari, ez eta Rioseco ibaiaren gainean proiektatutako gurutzatzeei ere, egiaztatu baitzen proiektuak mantendu egiten duela lehendik dagoen trazadura eta errespetatu egiten dituela Jabari Publiko Hidraulikoaren araudiak ezartzen dituen gutxieneko distantziak.

Kontsultetan ezarritako epez kanpo, txosten hauek jaso ziren:

– 2025-03-12an, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garapenerako Zerbitzuak jakinarazi zuen proiektatutako aireko lineak ez diola eragiten erakunde horren Landa Bideen Erregistroan inskribatutako bide bati ere ez.

– 2025-04-11n, Errepideen Zerbitzuaren txosten teknikoa jaso zen. Bertan ondorioztatu zen aireko linea berritzeko proiektuak ez dituela betetzen hainbat arau-eskakizun, eta ez dela behar bezain zehatza, bereziki gutxieneko distantziei, foru-errepideetan duen eraginari eta A 124 errepidearen etorkizuneko saihesbideari dagokienez. Gabezia horien ondorioz, ezin da zehatz egiaztatu lehendik dauden euskarrien eta proiektatuko euskarrien kokapen eta bideragarritasun zehatza, eta ezin da ziurtatu eskatzen diren atzeraemanguneak eta segurtasun-baldintzak betetzen diren.

Sustatzaileak, hasieran, ados zegoela adierazi zuen (2025-05-08an). Hala ere, geroago, 2025-07-08ko komunikazio batean, jakinarazi zuen etorkizuneko A 124 errepidearen saihesbideak artean ez zuela ez proiekturik ez aurreproiekturik, eta azterketa- edo plangintza-fasean baino ez zegoela. Hortik ondorioztatu zuen saihesbidea ez zegoela behar bezala zehaztuta, ez behintzat jarduketa gauzatzea eragozteko beste. Erantzun hori Arabako Foru Aldundiko Errepideen Zerbitzura bidali zen, eta hark ez zuen aurkakotasunik adierazi.

– Laguardiako Udalaren txostena jaso zen, 2025-06-06an sinatuta. Erakunde horrek aldeko irizpen baldintzatua eman zuen, ondorioztatu baitzuen jarduketa bateragarria dela indarrean den hirigintza-araudiarekin.

2025-06-27an, sustatzaileak adierazi zuen onartu egiten zituela bai txosten hori, bai Ura – Uraren Euskal Agentziak emandakoa.

2025-03-05ean, ezarritako epearen barruan, pertsona hauen alegazioak jaso ziren:

– Sara M.ª Beistegui Vallejo eta Olga Beistegui Vallejo. Adierazi zuten ingeniaritza-enpresak eta Administrazioak emandako informazioa ez zela nahikoa eta sakabanatuta dagoela, eta komunikazio oro idatziz eta modu ofizialean bidaltzeko eskatu zuten. Era berean, adierazi zuten ez zeukatela aurreikusitako obra-planaren berri. Halaber, alegatu zuten akats bat egin zela 1696 zenbakidun partzelaren sailkapenean; hala, egiaztatu zuten legearen arabera landatutako tempranillo-mahasti bat dela, eta ez otalurra. Halaber, aurreko titularraren heriotza-ziurtagiria ere aurkeztu zuten, beren legitimazioa justifikatzeko.

Alegazio horri erantzunez, 2025-03-25ean sustatzaileak adierazi zuen Boslan ingeniaritza-enpresak une oro izan zuela etengabeko komunikazioa kaltetutako finken titularrekin, zegokien informazioa bidaliz, haien kontsultei erantzunez eta bisita bat eginez in situ. Era berean, garaiz jakinarazi zitzaien proiektua Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zela.

Bestalde, aipatutako ingeniaritza-enpresak bere burua eskaini du, interesdunek nahi izanez gero, bileraren bat egiteko, instalazioan aurreikusitako aldaketak xehetasunez azaltzeko eta egokitzat jotzen dituzten gai guztiak argitzeko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

2.– Xedapen hauetan jasotako erregelamenduzko izapideak bete dira espedientean: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1954ko abenduaren 16ko Legea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzkoa; 1957ko apirilaren 26ko Dekretua, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duena; 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak, eta martxoaren 8ko Ebazpena, Energia eta Meategien zuzendariarena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena.

3.– Aplikagarria da 1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, Goi-tentsioko linea elektrikoen kontra talka egitearen eta elektrokutatzearen kontra abifauna babesteko neurriak jartzen dituena.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– I–De Redes Eléctricas Inteligentes, SAUri aldez aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea «VTE LAMT Laguardia-Elciego entre apoyos 5 y 228» proiektuari dagokion instalaziorako, Laguardia udalerrian, Arabako lurralde historikoan.

2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau aipatutako 48/2020 Dekretuan ezarritakoarekin eta baldintza orokor hauekin bat eman da:

1.– Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.

3.– Obrak amaitzean, horren berri eman beharko dio instalazioen titularrak Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari, behin betiko errekonozimendurako eta martxan jartzeko akta egiteko.

4.– Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak errespetatuz ematen da ebazpen hau. Izan ere, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da, eta jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 27a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,

JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.


Azterketa dokumentala