
24. zk., 2026ko otsailaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 5 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
527
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Bilboko portuko erregai-instalazioaren biltegiratze-gaitasuna handitzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena –DBA Bilbao Port SM enpresak sustatu du proiektua Zierbenako udal-mugartean (Bizkaia)–.
AURREKARIAK
2025eko azaroaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, DBA Bilbao Port SMk Zierbenan (Bizkaia) sustatutako Bilboko portuko erregai-instalazioaren biltegiratze-gaitasuna handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren txostena egiteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren indarrez, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko azaroaren 25ean Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, II.E. eranskineko 6. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin bat etor daitekeelako: «Petrolio-produktuak, produktu kimikoak eta petrokimikoak biltegian gordetzeko industria-instalazioak, 100 metro kubikoko edo gehiagoko edukiera baldin badute».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea DBA Bilbao Port SM enpresak Zierbenan (Bizkaia) sustatutako Bilboko portuko erregai-instalazioaren biltegiratze-gaitasuna handitzeko proiekturako, honako honen arabera:
A) Proiektuaren xedea da DBA Bilbao Port SMk Bilboko portuan duen egungo kokapenean erregai-instalazioaren biltegiratze-gaitasuna handitzea.
B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Zierbenan dagoen Bilboko portuan DBA Bilbao Port SMk sustatutako erregai-instalazioaren biltegiratze-gaitasuna handitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Gaur egun, DBA Bilbao Port SM enpresak petrolio-produktuen biltegiratze-terminal bat ustiatzen du Bilboko portuan, Zierbenako udal-mugartean.
Industria-instalazio horretan petrolio-erregai likidoak hartzeko, biltegiratzeko, ontziz aldatzeko eta banatzeko jarduera egiten dute. Instalazioan ez da beste konposatu batzuen eraldaketarik egiten, ezta ekoizpen-prozesurik ere. Egungo instalazioak 54.000 erregai tona biltegiratzeko gaitasuna dauka. Kokaguneak 22.375,34 m2-ko azalera du guztira.
Instalazioetara sartzeko, Bilboko portuko barneko bidea erabili behar da, zeinak industria-partzelarekin muga egiten baitu mendebaldean.
Proiektuaren xedea da instalazioaren egungo gaitasuna handitzea, lau tanga berri instalatuta, horietako bi gasolina biltegiratzeko, 2.500 eta 2.000 m3 -ko edukiera unitariokoak, hurrenez hurren, eta beste 2 tanga, 2.000 m3-ko edukiera unitariokoak, gasolioa biltegiratzeko. Horrela, biltegiratzeko gaitasuna 8.500 m3 handituko da (egungo gaitasunaren % 15).
Tangek betetze-transmisoreak, betetakoan ohartarazteko sistema eta presio-transmisoreak dituzte. Gasolina-tangek sabaia dute, pantaila flotatzaileduna, konposatu organiko lurrunkorren emisio barreiatuak minimizatzeko.
Atxikipen-aska bat eraikiko da, tanga berriak hartuko ditu eta lehendik dagoenarekin konektatuko da, haren gaitasuna partekatzea eta jarduketa optimizatzea lortzeko. Aska hori industria-partzelaren barruan ezarriko da, barne-bideetara bideratutako azaleren erabilerak doitzeari esker. 990 m2-ko barne-azalera eta 2,60 eta 3,00 m arteko horma-altuera ditu.
Produktua portuko pantalanetik zuzenean ponpatzen da edo Bilboko portuan instalatutako hainbat enpresaren erregai-hodien saretik etortzen da, eta zisterna-kamioien bidez ere jaso daiteke. Gasolioa eta gasolina ponpaketa-estazioaren bitartez (lehendik dago) edo errepidez zisternetan garraiatuz bidaltzen dira.
Hona hemen proiektuan jasotako beste jarduketa batzuk:
– Lurrunak berreskuratzeko unitatea (URV) eta kontrol-etxola lekualdatzea.
– Instalazioaren inguruko bidea aldatzea.
– Biltegiratze-tanga berrien arteko lotura-hoditeria, eta horiek zisternak kargatzeko eremuarekin lotzen dituena.
– Erregaien hodien rackak aldatzea instalazioen kanpoko hargunetik biltegiratze-tangetara eta horietatik zisternak kargatzeko eremura.
– Hidrokarburoen bereizgailurako drainatze- eta konexio-hodiak aldatzea.
– Lehendik dagoen instalazio elektrikoa handitzea, prozesuko ekipoak eta kontrol, segurtasun eta argiztapeneko instalazioak elikatu ahal izateko.
– Suteen aurka dagoen babes-sarea handitzea.
– Instalazio berriak egungo kontrol- eta instrumentazio-sarean integratzea.
Jarduketa horiek guztiak industria-partzelaren barruan egiten dira, azalera handitu gabe.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Partzela itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren zortasun-eremuan dago, Bilboko Portu Autonomoaren zerbitzu-eremuaren barruan eta Ibaizabal Unitate Hidrologikoan, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan; zehazki, Nerbioi ibaiaren estuarioan, Nerbioi Kanpoaldeko trantsizioko ur-masan. Ur-masa oso aldatua da.
Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareak babestutako naturagunerik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere; era berean, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko puntu edo lekurik, ez eta EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik ere. Proiektuaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik, eta ez du paisaia-balio inbentariatu edo katalogaturik ere.
Jarduera betelanen bitartez itsasoari irabazitako lurretan dago, eta ez dago garatutako zorurik. Identifikatutako landaredi bakarra landare belarkara erruderalak dira, aztergai den eremuaren gune oso zehatzetan mugatuta. Horrenbestez, ondare naturalerako elementu esanguratsuak egoteko aukera baztertu da.
Lursaila lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago sartuta, industriarako lursail gisa (48913-00030 kodea).
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Arestian esan bezala, jarduketa-eremua Bilboko Portu Autonomoaren portu- eta industria-ingurunean sartuta dago, eta eremua guztiz aldatuta dago. Ia-ia ez dago inpakturik geologian, lurzoruan, landaredian, faunan eta ondarean, eta, nolanahi ere, ez da esanguratsua. Proiektuak ez du eragotziko itsasertzeko dinamikaren bilakaera eta ez du kostaldea aldatuko, dagoeneko urbanizatuta dagoen partzela batean dagoen instalazioa delako eta dikeen eremuan ez delako jarduketarik aurreikusten.
Aztertutako dokumentazioaren arabera, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira lehendik dauden instalazioak desmuntatzean, zoladura eta hormigoizko elementuak eraistean eta tangetako eta atxikipen-askako zimenduak jartzean. Jarduketaren irismena eta hondakinak kudeatzeko aurreikusitako neurriak kontuan hartuta, uste da ez dela inpaktu esanguratsurik sortuko.
Instalazioa eraikitzeko prozesuan zehar, soinu-emisioak partzelaren barruko kamioien joan-etorrien eta obrako makinen funtzionamenduaren ondoriozkoak izango dira. Lanak egingo diren ingurunearen baldintzak kontuan hartuta, ez da inpaktu esanguratsutzat hartzen.
Proiektuak eragindako inpaktu nagusia biltegiratutako produktuek izan ditzaketen ihesekin edo isuriekin dago lotuta. Inpaktu horiek minimizatzeko, atxikipen-askak jarriko dira, tanga guztiek izan ditzaketen ihesak biltzeko. Askan atxikitako urek ustekabeko isurketa batek edo ihes batek sortutako produktu gutxi badituzte, lehendik dagoen hidrokarburo-bereizgailura bidaliko dira, grabitatea baliatuz. Gainera, urak kutsatuta egongo balira, ponpatu egingo lirateke, itsaso eta lehorraren arteko jabarira irits ez daitezen.
Gasolina-tangetatik eta zamalanetatik eratorritako konposatu organiko lurrunkorren emisioak lehendik dagoen URV unitatean tratatuko dira, bi gasolina-tanga berrien emisioak tratatzeko nahikoa gaitasuna baitu, aztertutako dokumentazioaren arabera.
Kutsatutako lurzoruei dagokienez, sustatzaileak adierazi du lurzoruen kalitateari buruzko azterketa bat egin zela, egungo instalazioa eraikitzeko proiektuaren indusketa-prozesuan gauzatu beharrekoa. Azterlan hori egiaztatutako entitate batek egin zuen, eta proposatutako handitze-lanak egikaritzean aplika daiteke.
Arriskuei dagokienez, arrisku nagusia teknologikoa da; izan ere, Zierbenan SEVESO III araudiak araututako bederatzi kokaleku daude, nahiz eta terminala handitzeko proiektuak ez duen SEVESO araudian sartzeko baldintzarik betetzen. Horren harira, Bilboko portuak autobabeserako plan bat dauka, istripu larrien arriskuen inbentarioa, analisia eta ebaluazioa jasotzen dituena, barnean direla udalerrian dauden portu-instalazioen jardueraren ondoriozko istripuenak.
Hortaz, kontuan hartuta proiektatutako handitzearen dimentsioak eta jarduera berdina hartzen duen eta biltegiratze-gaitasun askoz ere handiagoa duen instalazio baten barruan dagoela, ez da espero proposatutako handitzeak ingurumen-inpaktu esanguratsurik ekarriko duenik.
Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuak prebentzio- eta zuzenketa-neurriak zein neurri osagarriak biltzen ditu proiektuak sor ditzakeen inpaktuei dagokienez.
Inpaktu horiek mugatzea, murriztea edo minimizatzea izango da neurri horien xedea, eta, neurri horien artean, azpimarratzekoa da balbula itxiko atxikipen-askak instalatzea; horrela, sor daitezkeen ur kutsatuak ez dira euri-uren sarera bideratuko. Gasolina-tangetatik eta zamalanetatik eratorritako konposatu organiko lurrunkorren emisioak lehendik dagoen URV unitatean tratatuko dira.
Obra-faserako zenbait prebentzio-neurri aurreikusi dira, batik bat sortutako hondakinak modu egokian kudeatzeko, makinek isurketarik ez izatea bermatzeko eta atmosferara igorritako partikulak eta egindako zaratak kontrolatzeko.
Hirugarrena.– Betiere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, DBA Bilbao Port SMk Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Laugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera eta babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta sustatzaileak ezarritako kontrolak ezartzen badira. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea DBA Bilbao Port SM enpresak Zierbenan (Bizkaia) sustatutako Bilboko portuko erregai-instalazioaren biltegiratze-gaitasuna handitzeko proiektuari.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS