Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2026ko otsailaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
525

AGINDUA, 2026ko urtarrilaren 27koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2026ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLIII. edizioaren deialdia egiteko.

Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak emandako definizioaren arabera, eskola-adineko jarduera fisiko eta kiroltzat hartzen da 16 urtera bitarteko ikasleek eskola-orduetatik kanpo egiten duten jarduera antolatua.

Legearen II. tituluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eskumena da eskolako jarduera fisikoaren eta kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak arautzea, bai eta haien kirol-arloko diziplina-araubidea eta lehiaketak arautzea ere. Bestalde, Lege honen 62.3 artikuluak dioenez, autonomia mailako lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina da.

Eskolako kirolari buruzko uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuak, lehen indarrean zegoen Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean jasotakoa garatu arren, indarrean jarraitzen du Lege berrian xedatutakoaren kontrakoak ez diren neurri guztietan. Zentzu honetan, indarrean jarraitzen du Dekretuak bere 3. artikuluko 7. paragrafoan ezartzen duenak; alegia, Euskadiko Eskolako Kirol Txapelketak Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen saileko sailburuaren aginduz arautuko direla.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da agindu baten bidez Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLIII. edizioa arautzea eta deialdia egitea,

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLIII. edizioan gutxienez hiru lurralde historikoetatik bitan –eta betiere eskola-kirolaren programen barruan– lurralde-mailako lehiaketa izaten duten kirol modalitate, disziplina eta kategoria guztiak deituko dira. Lurralde-mailako lehiaketa bakoitzean gutxienez 6 kirolari edo taldek hartu beharko dute parte.

Baldin eta kirol modalitateren batean Eusko Jaurlaritzak aurrez baimenik eman badu 2025-2026 ikasturtean zehar autonomía-erkidego mailako lehiaketaren bat egiteko eskola-lizentziarekin, lehiaketa hori ez da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen baitan antolatuko.

2. artikulua.– 2026ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako kirolariek, teknikariek eta talde eta/edo selekzio ordezkariek parte hartuko dute.

3. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Kirolariek baldintza hauek bete beharko dituzte parte hartzeko:

a) Hiru Foru Aldundietako batek emandako eskola-lizentzia izatea.

b) Ordezkatzen duten ikastetxe edo klubean inskribatuta egotea. Selekzioko jokatzea onartzen duten kirol modalitateetan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak onartutako araudi teknikoan ezartzen diren irizpide espezifikoak erabiliko dira selekzio horiek osatzeko.

c) Kirolariek ikasturtean zehar Foru Aldundien eskola-kiroleko programetan izandako baldintza beretan parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru foro-aldundiek erabakitako partaidetza-irizpideak errespetatu beharko dituzte.

d) Jokoak egiten diren urtean, kirol-joko hauetan parte hartzen duten kirolariek 12 urte beteak izan behar dituzte, eta 14 urte gehienez.

Oro har, parte hartzeko kategoria haur-kategoria deritzona izango da (2012an eta 2013an jaiotako eskola-umeak).

2.– Salbuespenez, beste adin batzuetako kirolarien parte hartzea ere onartuko da, betiere gorabehera hori dagokion modalitatearen araudi teknikoan jasotzen bada (kimu-kategoriako lehen maila, 2014 urteetan jaiotako kirolariak).

3.– Edozein eskola-ume kirolarik aukera izango du kirol modalitate batean baino gehiagotan batera parte hartzeko. Aldi berean bi lehiaketatan parte hartzea suertatzen bazaio, baten edo bestearen artean aukeratu beharko du.

4. artikulua.– Noiz eta non egingo den.

1.– 2026ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLIII. edizioa Gipuzkoako Lurralde Historikoan jokatuko da, Bidasoladea eta Oarsoaldean ia oso-osorik, argitaratuko den programaren arabera.

2.– Neguko modalitate bakarra, krosa, 2026ko martxoaren 1ean izango da, Arrasaten. Judo modalitatea martxoaren 28an izango da. Eskubaloi txapelketa apirilaren 18 eta 19ko asteburuan izango da, eta Saskibaloiko haur mailako errendimendu ibilbideko lau jardunaldiak maiatzaren 9, 10, 16 eta 17an izango dira. Gainerako kirol-lehiaketak 2026ko maiatzaren 23, 30 eta 31, eta ekainaren 6an izango dira.

Edonola ere, data horiek behin-behinekoak izango dira, behin betiko kirol egitarauak onartu arte. Kirol modalitate bakoitzaren behin betiko programa gutxienez 15 egun aurretik jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen Sailak hiru foro-aldundiei eta inplikatutako euskal kirol federazioei.

5. artikulua.– Foru-aldundiek Jokoak hasi baino 4 egun lehenago aurkeztu behar dituzte beren lurralde historikoetako izen-emateak Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan.

6. artikulua.– Lehiaketak hasi baino lehen, kirol-taldearen ordezkariek edo kirolariek berek 2025-2026 ikasturteko eskola-kiroleko lizentzia edo zirtagiria aurkeztu beharko dute.

Kirolariek nor diren identifikatzeko agiria aurkeztu beharko dute, eta foro-aldundiek Eusko Jaurlaritzari bidalitako parte hartzaileen zerrendan agertu beharko dira.

7. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hiru foro-aldundiekin batera adostutako araudi teknikoan egongo da jasota nola garatuko den kirol-modalitate bakoitza. Araudi tekniko hori garaiz zabalduko da, eta parte hartzaileek, behin inskribatuz gero, hari men egin beharko diote.

8. artikulua.– Alderdi teknikoari dagokionez, euskal kirol-federazioak izango dira kirol-modalitate bakoitzak egoki funtziona dezan beharrezkoa den laguntza emango dutenak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ikuskatuta eta ontzat emanda.

Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzentzea, koordinatzea eta haien jarraipena egitea.

Halaber, lehiaketen aktak ere egingo dituzte. Akta horiek ekintzaren bukaeran sinatu beharko dituzte lehiatu diren taldeetako teknikariek, ordezkariek eta kapitainek.

9. artikulua.– Lehiaketak jokatzen diren instalazioetan beti egongo dira, lehiaketak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren ordezkari bat eta instalazioan jokatutako kirol horren federazioko kide bat.

10. artikulua.– Kirol-diziplinako arauak.

1.– Lehikateko epaile bakarra egongo da: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak izendatuko du, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetarako. Hark ebatziko ditu idatziz aurkeztutako kexa guztiak eta funtzio hauek izango ditu:

a) Parte hartzaileen gaineko diziplina-ahalmena erabiltzea, lehiaketan epaileek izandako jokamoldeari buruzko erreklamazioak ebatziz.

b) Diziplinakoak ez diren erreklamazio guztiak ebatziko ditu.

2.– Behin kirol jardunaldia bukatu eta gero, lehikaeta-epaile bakarrak ebazpena emango du, betiere Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari men eginez eta pertsona interesdun guztiei entzuteko aukera bermatuz beti.

3.– Arau-hausterik gertatzen bada, lehiaketa-araudiaren bidez zigortuko da. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak argitaratuko du, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLIII ediziorako. Modalitate bakoitzak berea izango du.

4.– Zigorrei dagokienez Lehiaketa epaile bakarrak hartzen dituen erabakien aurkako errekurtsoa jarri ahalko da Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean.

11. artikulua.– Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, paperean edo euskarri digitalean. Horretarako, inprimaki-eredu bat jarriko da pertsona interesdunen esku Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLIII. edizioaren Idazkaritza Teknikoan, nahiz eta bestelako idazkirik ere onartuko den, baldin eta ebazteko ezinbestekoak diren elementuak baditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik Aurrera; edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 27a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala