Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2026ko otsailaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
524

AGINDUA, 2026ko urtarrilaren 26koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, goi-mailako teknikariaren izaera galdu dela deklaratzen duena.

Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuak –indarrean dagoela Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legearen aurka ez doan guztian– 11.1.b) artikuluan ezartzen duenez, goi-mailako kirolari, teknikari edo epailearen izaera galtzen da arau-xedapen horretan hura emateko ezarritako baldintzaren bat gerora desagertzen denean, hau da, besteak beste, euskal herritar izaera politikoa galtzen denean.

Gainera, goi-mailako teknikari izateko eskatzen diren baldintzen artean, dekretu horren 6.1.e) artikuluan ezartzen da eskatzaileak egiaztatu beharko duela goi-mailako kirolari deklaratutako pertsona baten kirol-prestakuntzaren arduradun tekniko nagusia dela, eta horretarako, goi-mailako kirolari horrek egindako zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko duela. Kasu honetan, goi-mailako kirolari deklaratutako Virginia Diaz Rivasek galdu egin du goi-mailako kirolariaren izaera, eta, ondorioz, Marcos Cesar Morales Sarmientok ere, haren arduradun tekniko nagusia zela egiaztatu zenez, galdu egingo du goi-mailako teknikariaren izaera.

Uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 11. artikuluko 2. apartatuan adierazten denez, goi-mailako kirolari, teknikari edo epailearen izaera kentzeko, administrazio-espedientea eta ebazpen arrazoitua beharko dira. Espediente hori kontraesaneko erara izapidetuko da, hau da, interesdunari entzunaldia emanez ebazpen-proposamena egin aurretik. Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuak ebatziko du espedientea, agindu bidez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordeak entzunaldia eman dio Marcos Cesar Morales Sarmiento jaunari, egiazta dezan benetan eta egiazki duela ohiko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean, errolda-ziurtagiri bat edukitzeaz gain. Marcos Cesar Morales Sarmiento jaunak bere ohiko bizilekua zein den egiaztatzeko egokitzat jo duen guztia jakinarazi eta eman ahal izan dio Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordeari.

Lortutako informazioa eta, batez ere, Marcos Cesar Morales Sarmiento jaunak berak aurkeztutakoa eta adierazitakoa oinarri hartuta, teknikari horrek goi-mailako teknikariaren izaera galtzea proposatu dio Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordeak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Nahiz eta Marcos Cesar Morales Sarmiento jaunak errolda-ziurtagiri bat izan Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean, teknikari horrek ez du egiaztatu lurralde horretan bizi denik –benetan eta egiazki–, administrazio-egoitza arautzen duen administrazio-legeriarekin bat datozen baldintzetan.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Goi-mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, Marcos Cesar Morales Sarmiento jaunak goi-mailako teknikariaren izaera galdu duela deklaratzea.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta interesdunari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango ditu ondorioak izaera galtzeak.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 26a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala