Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2026ko otsailaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
523

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 7koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez ezetsi egiten baita «Ibatuz. Gobierno Abierto, Participación y Nuevas Tecnologías, S.L.» erakundeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde aitorpena lortzeko aurkeztu duen eskaera.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren bidez, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautu zen, emakumeen eta gizonen berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzeko eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko, gizarte- eta lan-eremuan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatuz.

Bigarrena.– 2025eko uztailaren 16an, Joseba Antxon Gallego jaunak, Ibatuz. Gobierno Abierto, Participación y Nuevas Tecnologías, S.L. erakundearen ordezkari gisa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortzeko eskaera aurkeztu zuen.

Hirugarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, 2025eko abenduaren 19an, erakundeari eskatu zitzaion, jakinarazpen formal bidez, 11/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen zituela egiaztatzeko behar zen dokumentazio gehigarria aurkezteko, bereziki enpresak adierazitako berdintasun-plana egoteari eta haren baliozkotasun juridikoari dagokienez.

Eskatutako dokumentazioaren artean, Berdintasun Plana Enpresen Berdintasun Planen Erregistroan (REGCON) inskribatuta dagoela egiaztatzea zegoen, eta hori ezinbestekoa da Planaren baliozkotasuna egiaztatzeko, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 11. artikuluaren arabera (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

Laugarrena.– Ibatuz. Gobierno Abierto, Participación y Nuevas Tecnologías, S.L. erakundeak ez zuen aurkeztu Berdintasun Plana REGCON erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria. Horren ordez, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen ez duten beste dokumentu batzuk bidali zituen. Era berean, Erregistroaren bilatzaile publikoan (REGCON) kontsulta eginez egiaztatu zen erakundearen berdintasun-plana ez dagoela erregistro horretan inskribatuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari dagokio «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitortzeko prozedura amaitzeko berariazko ebazpena ematea, Balorazio Batzordeak ebaluatu ondoren eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Bigarrena.– 11/2014 Dekretuaren 6. artikuluak zehatz-mehatz ezartzen du zer dokumentazio aurkeztu behar den nahitaez Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortzeko eskabidearekin batera. Dokumentazio horren barruan funtsezko elementu hauek daude:

Diagnostikoaren eta jarduera-planaren memoria.

Diagnostikoaren eta planaren testu osoa, Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako edukien arabera.

Plantillan dauden pertsonen kopurua egiaztatzea.

Plana langile guztiei jakinaraztea.

Gizarte Segurantzan eta, hala badagokio, dagokion erregistro publikoan izena emanda egotea, eta erakundeak berdintasunaren arloan benetan eta eraginkortasunez jardun duela egiaztatzeko beharrezkoa den beste edozein dokumentu.

Dekretu horren 7. artikuluan, akatsak zuzentzeko prozedura arautzen da, baldin eta aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago. Artikulu horren arabera, Emakundek falta den dokumentazioa eskatu beharko du, eta hamar eguneko epea emango du horretarako, eta ohartaraziko zaio ezen, errekerimenduari erantzuten ez bazaio, erakundeak eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Prozedura horren esparruan, erakundeari berariaz eskatu zitzaion Berdintasun Planaren baliozkotasun juridikoa egiaztatzeko, Enpresen Berdintasun Planen Erregistroan (REGCON) izena emanda.

Hirugarrena.– Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak (berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena) 11. artikuluan ezartzen du nahitaez inskribatu behar dela berdintasun-plan guztien erregistro publikoa, nahitaezkoak zein borondatezkoak. Inskripzio hori ezinbesteko baldintza da plana existitzen dela, indarrean dagoela eta baliozkoa dela egiaztatzeko.

Errekerimendua egin arren, erakundeak ez zuen inskripzio-ziurtagiririk aurkeztu, eta REGCONen egindako kontsultari esker egiaztatu ahal izan zen plana ez zegoela inskribatuta. Akats hori ez da zuzendu daitekeen akatsa, eskaeraren betekizun material eta estruktural bati eragiten baitio: inskribatu gabeko berdintasun-plan batek ez du balio juridikorik Administrazioaren aurrean, eta horrek eragotzi egiten du 11/2014 Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eskatutako gutxieneko edukiak betetzen direla egiaztatzea, eta, ondorioz, ezin dira aplikatu arau horretan aurreikusitako balorazio-irizpideak.

Aipatutako oinarriak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ezestea Ibatuz. Gobierno Abierto, Participación y Nuevas Tecnologías, S.L. erakundeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena lortzeko aurkeztutako eskaera, ez duelako egiaztatu Berdintasun Plana Enpresen Berdintasun Planen Erregistroan (REGCON) inskribatuta dagoenik, eta hori ezinbesteko baldintza da Planaren baliozkotasuna egiaztatzeko, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 11. artikuluaren arabera (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena), eta akats hori ez delako zuzendu, 11/2014 Dekretuaren 7. artikuluaren babesean egindako errekerimendua gorabehera.

Inskripzio hori egin ez denez, ezin da egiaztatu 11/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen direla, eta hori ezinbestekoa da aitorpena emateko.

Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 7a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.


Azterketa dokumentala