
23. zk., 2026ko otsailaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (197 KB - 10 orri.)
- EPUB (158 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
517
22/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiarekin, Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioarekin eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, kanpoko praktikak egiteko epaitegi zein auzitegietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiarekin, Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena, kanpoko praktikak egiteko epaitegi zein auzitegietan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 30a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 30EKO 22/2026 EBAZPENARENA
HITZARMENA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN, PRESIDENTETZA, JUSTIZIA ETA GORTEEKIKO HARREMANETARAKO MINISTERIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, EPAITEGI ZEIN AUZITEGIETAN KANPOKO PRAKTIKAK EGITEKO
BILDU DIRA:
Miguel Hernández Serna jauna, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkuraren 2025eko urtarrilaren 29ko Erabakiaren bidez izendatua (2025eko urtarrilaren 30eko BOE). Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ordezkari gisa dihardu, eta egintza honetarako berariazko ahalmena du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak 2025eko azaroaren 28an sinatzeko eskuordetze-erabakiaren bitartez, eta hitzarmen hau sinatzeko behar den legezko gaitasun osoa aitortzen zaio.
Justiziako estatu idazkari Manuel Olmedo Palacios jauna, azaroaren 28ko 949/2023 Errege Dekretuarekin bat, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2g) artikuluaren arabera aitortutako eskumenak baliatuz.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, María Jesús Carmen San José López andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluaren arabera, bai eta lehendakariaren ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuaren artikulu bakarraren arabera ere (34/2024 Dekretua, ekainaren 24koa, lehendakariarena, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua izendatzeko dena), Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak ematen dizkion ahalmenak baliatuz (2024ko abenduaren 19ko EHAA, 246. zk.), eta 2025eko uztailaren 28ko Gobernu Kontseiluaren erabakiz egintza honetarako ahaldunduz, hitzarmena egitea baimentzen duena.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Jose Ramon Bengoetxea Caballero jauna, unibertsitate horren izenean eta hura ordezkatuz. Gaitasun hori urtarrilaren 20ko 1/2025 Dekretuaren arabera eman zitzaion (2025eko urtarrilaren 27ko EHAA), bai eta Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50.1 artikuluan xedatutakoaren eta otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuen 178. artikuluan (2011ko otsailaren 24ko EHAA) jasotako ahalmenen arabera.
Alderdiek gaitasun osoa aitortzen diote elkarri legezko ordezkari gisa jardunez hitzarmen hau sinatzeko, eta, horretarako, honako hau
AZALDU DUTE:
Lehenengoa.– Estatuak eskumen esklusiboa du Justizia Administrazioaren arloan, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 5. atalaren arabera.
Bigarrena.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia haren gobernu-organoa da, Espainiako Konstituzioaren 122.2 artikuluaren arabera. Haren eskumenak Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 558. artikulutik 565. artikulura bitartean arautzen dira.
Hirugarrena.– Botere Judizialaren Lege Organikoaren 435. artikuluak eta horrekin bat datozenek zehazten dute Bulego Judiziala dela epaitegi eta auzitegien jurisdikzio-jarduerari euskarria eta laguntza ematen dion erakunde instrumentala eta Zerbitzu Erkide Prozesalen zuzendaritza Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoari dagokiola. Funtzionario publiko horiek goi mailako kidego juridikoa osatzen dute, bakarra, estatu mailakoa eta Justizia Administrazioaren zerbitzura daude, Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren mende, eta agintaritza gisa betetzen dituzte beren eginkizunak, Bulego Judizialaren zuzendaritza dutelarik.
Laugarrena.– 1684/1987 Errege Dekretuak, azaroaren 6koak, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeari buruzkoak, eranskineko B) atalean ezartzen duenez, «Justizia Auzitegiek Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko behar dituzten baliabide materialen plangintza, programazioa eta kontrol administratiboa» eta «Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten organo judizialek erabili beharreko higiezinak, altzariak eta tresnak erostea» erkidego horri dagozkio. Horrez gain, eranskin horretako E) atalak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunei lotutako ondasun, eskubide eta betebeharrak.
Bosgarrena.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak 2000ko uztailaren 26an onartutako Auzitegietako Gobernu Organoen 1/2000 Erregelamenduak 4.ñ) artikuluan xedatzen duenez, eraikin judizialetan edo horien bulegoetan funtzio judizialarekin zerikusirik ez duten jarduerak ezin izango dira gauzatu Gobernu Salaren, eraikinaren titulartasuna duen Administrazioaren eta eskumen konkurrenteak dituzten gainerako administrazioen (halakorik balego) adostasunik gabe.
Seigarrena.– EAEko Autonomia Estatutuaren 13.1 artikuluak ezartzen duenez, Justizia Administrazioari dagokionez, eta jurisdikzio militarra salbuetsita, Euskal Autonomia Erkidegoak gauzatuko ditu, bere lurraldean, Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoek Gobernuari aitortzen, gordetzen edo esleitzen dizkioten ahalmenak.
Era berean, Autonomia Estatutuaren 35.4 artikuluak adierazten duenez Autonomia Erkidegoak eta Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioak beharrezkoa den lankidetza izango dute Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eskumena modu ordenatuan kudeatzeko.
Halaber, azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretu horretatik eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 Errege Dekretuen bitartez egindako eskualdaketetatik eratortzen diren aurreikuspenek posible egiten dute Justizia Administrazioaren garapen egokiagoa premia horietarako, bai eta autonomia-erkidegoari esleitzen zaizkion eskumenen koordinazioa eta plangintza orokorra ere, auzitegi, epaitegi eta fiskaltzekiko harremanari dagokionean.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) 20.1 artikuluan ezartzen duenez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eginkizunen artean daude Botere Judizialarekiko harremanak zaintzea eta Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak hornitzea.
Zazpigarrena.– Euskal Herriko Unibertsitatearen xedeetako bat ikasleen hainbat esparru eta diziplinetako prestakuntza akademikoa eta profesionala da, eta, xede hori betetzeko, onuragarria da ikasgeletan eskuratutako ezagutzen osagarri izango diren kanpoko praktikak antolatzea.
Zortzigarrena.– Erakunde sinatzaileek adierazten dute bat datozela interes komuneko hainbat helburutan; horietako bat da unibertsitate-ikasleen prestakuntza integrala, teoria eta praktika uztartzen dituen prestakuntzaren bidez.
Bederatzigarrena.– Uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak unibertsitate-ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen ditu, eta zenbait alderdi zehazten, hala praktiken helburuak, nola erakunde laguntzaileak eta hezkuntza-lankidetzako hitzarmenen hartzaileak, baldintzak, tutoretzak eta edukiak. Gainera, araudi horrek administrazio publikoen eremuan praktiketako ikasleak sartzea sustatu behar du, etorkizuneko profesionalen enplegagarritasuna bultzatuz, ekintzailetza-, sormen- eta berrikuntza-gaitasuna sustatuz eta ezagutzaren gizartea oinarri duen eraldaketa ekonomikoarekiko konpromisoari erantzunez.
Hamargarrena.– Hitzarmen hau bat dator Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak onartua duen Practicum Hitzarmenaren ereduarekin.
Hamaikagarrena.– Erakunde sinatzaileek kanpoko praktikak antolatu nahi dituzte epaitegi eta auzitegietan, hitzarmen honen xedapen-zatian zehazten den eran, uste baitute jarduera hori oso interesgarria izan daitekeela etorkizunean Justizia Administrazioari lagundu nahiz zerbitzua eman diezaioketen profesionalak prestatzeko, horrek jardueraren kalitatea hobetzea ekarriko duelarik.
Lankidetza hori gauzatzeko, Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten diharduten ikasleek kanpoko praktikak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegietan, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea eta alderdien konpromisoak.
Hitzarmen honen xedea da Euskal Herriko Unibertsitateak irakasten dituen gradu edo masterreko ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleek curriculumeko eta curriculumetik kanpoko praktikak (aurrerantzean, kanpoko praktikak) egin ahal izatea Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegietan, betiere Justizia Administrazioko lanbideekin lotura duten titulazioetan.
Alde batetik, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen xede diren kanpoko praktikak egiten uzteko, bai eta ikasleei epaitegien eta auzitegien egoitzetarako sarbidea errazteko ere.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa hartzen du organo judizialean praktiken tutoretza betetzen duen pertsonak edo pertsonek honako eskubide hauek izan ditzaten, Euskal Herriko Unibertsitatearen araudi propioaren esparruan:
a) Lankidetzan egindako lanaren aitortza, praktiketako ikasleen tutore gisa egindako jarduera egiaztatzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko ziurtagiriaren bidez.
b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari buruzko informazioa jasotzea, bai eta prestakuntza-proiektuari eta hura garatzeko baldintzei buruzkoa ere.
c) Unibertsitaterako irispidea izatea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza lortzeko.
d) Unibertsitateko langileek dauzkaten abantaila berberak izatea liburutegietara, kirol-instalazioetara edo kultura-jardueretara, besteak beste, sartzeari dagokionez.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak ematen duten lankidetza kanpoko praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegiaren premien eta prestasunaren pean egongo da beti, eta, hortaz, premiaren bat edo prestasunik eza sortuko balitz, hitzarmena eten egingo da, egoera horiek irauten duten bitartean edo, hala badagokio, iraungi egingo da, eta ez da beharrezkoa izango aurrez horren inguruko salaketarik egitea, eta Euskal Herriko Unibertsitateak ez du eskubiderik izango inolako erreklamaziorik egiteko edo bere aldeko kalte-ordainik edo konpentsaziorik jasotzeko.
Era berean, Unibertsitateak konpromisoa hartzen du, bere prestaeraren arabera, Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioarekin eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetzan aritzeko, ikasgelak lagaz, alegia, ikasgelak doan erabiltzeko baimena emanez, unibertsitateak kudeatzen dituen espazioen barruan eta bere irakaskuntza-premien arabera. Salbuespen izango dira gerta daitezkeen aparteko gastuak, hala nola segurtasun-gastuak, atezaintza, garbiketa, ahots- eta datu-lineak, argiztapena edo zaintza, Justizia Administrazioaren zerbitzura funtzionarioak sartzeko hautaketa-prozesuei dagozkien probak egiten direnean, bai eta karrera judizial eta fiskalera sartzekoetan ere.
Alderdiek adostuko dute zenbat ikaslek egingo dituzten praktikak epaitegi zein auzitegietan.
Bigarrena.– Praktikak egiteko baldintza eta betekizun orokorrak.
1.– Kanpoko praktikek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere, eta, bereziki, Unibertsitate-ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa.
Ikasle bakoitzak hitzarmen honen I. eranskineko dokumentua sinatu beharko du praktiken hasieran.
2.– Kanpoko praktiken bi modalitate ezartzen dira, konkurrenteak izan daitezkeenak:
a) Curriculum-praktikak: bere oinarria ikasketa-planetan duten praktikak dira, eta nahitaezkoak dira eskatutako titulazioa lortzeko.
b) Curriculumetik kanpoko praktikak: ikasleek beren prestakuntza-aldian borondatez egiten dituzten praktikak dira, eta, helburu berak izan arren, ez daude ikasketa-planetan sartuta, hargatik eragotzi gabe gerora Tituluaren Gehigarri Europarrean aipatzea.
3.– Ikasleak, matrikulatuta dagoen Unibertsitateko kanpoko praktiken programaren arduradunak proposatuko ditu.
4.– Praktikak egiten diren lekuan tutoretza betetzen duen pertsonak edo pertsonek ezarritako antolaketa-premietara egokituko dira ikasleen kanpoko praktikak, hango eginkizunak normaltasunez betetzea ez oztopatzeko.
Ikasleek irispidea izango dute jarduketa judizialetara, prozeduraren egoerak ahalbidetzen duen neurrian, sekretu-deklarazioa dagoen ala ez, eta isilpekotasun-betebeharraren pean, isilpean gorde beharko da, eta, kasu guztietan, inplikatutako pertsonen edo alderdien identitatea gorde.
Euskal Herriko Unibertsitateak zehaztuko duen kanpoko praktiken iraupena, eta goizez egingo dira epaitegi edo auzitegietan. Kasu batean nahiz bestean, haien arduradunak zehaztuko ditu, jurisdikzio-organoaren funtzionamendu egokienari erreparatuta.
Ikasleen puntualtasunik eza, bertaratzerik eza, portaera desegokia edo kanpoko praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegiaren funtzionamendu normalaren nahasmendurik maiz gertatzen bada, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoak edo eragindako epaitegi eta auzitegiek berehala eta kautelaz eten ahal izango dituzte praktika horiek, eta unibertsitateari jakinarazi beharko diote, egoki jotzen dituen neurriak har ditzan.
5.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak ez dute inolako erantzukizunik izango ikastaroko ikasleekiko, kanpoko praktikak akademiko hutsak baitira. Inola ere ez da ulertuko alderdien artean merkataritzako, arlo zibileko edo laneko kontratu-harremanik ezartzen denik, eta harreman horien edukiak ezin izango du ekarri lanpostuen lan-prestazioaren beraren ordezko izatea, Justizia Administrazioaren ohiko beharrak betez, eta, horrela, prestakuntza praktiko egokia jaso ordez, zeregin horiek betetzea esleituta duten lanpostuak bete beharko lituzketen langile publikoak kaltetuz, hori guztia legeek eskatzen dituzten baldintzak ez betetzeagatik. Hori horrela, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez daude behartuta inolako kontraprestazio ekonomikorik ematera.
Praktikak egitea ez da merezimendutzat hartuko funtzio publikoan sartzerakoan, eta ezin izango da zenbatu antzinatasun gisa edo administrazio publiko guztietan aurretik egindako zerbitzuen aitorpen gisa.
Hirugarrena.– Arriskuen estaldura.
Hitzarmen honetan aipatzen diren kanpoko praktikak egin bitartean ikasleek izandako edo eragindako istripuen kontingentzia Euskal Herriko Unibertsitateak bakarrik hartuko du bere gain, Gizarte Segurantzak estaltzen ez dituen kasuetan.
Unibertsitateak aseguru-poliza bat kontratatu beharko du kanpoko praktiketan parte hartzen duten ikasleek eragin ditzaketen edozein motatako kalteak estaltzeko, bai eta ikasleek istripuren bat izanez gero izan ditzaketen kalteak estaltzeko ere, praktikaldiak irauten duen bitartean, betiere Gizarte Segurantzak bere gain hartzen ez duen kasuetan.
Laugarrena.– Kanpoko praktiken baldintza espezifikoak.
1.– Ikasleek betebehar hauek izango dituzte:
a) Kanpoko praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegiak ezarritako ordutegiak eta arauak betetzea.
b) Esleitzen zaizkien zereginekiko jarrera aktiboa izatea, hautatuak izan diren prestakuntza-ildoei erabat atxikitzen zaizkielako.
c) Harremanetan egotea tutoretzaz arduratzen den pertsonarekin edo pertsonekin eta kanpoko praktiken programaren arduradunarekin, halakorik izendatzen bada, ezartzen den eran.
d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak betetzea.
e) Sekretu- eta konfidentzialtasun-betebeharra mantentzea baliabide, prozesu edo kanpoko praktiken ondorioz ezagututako jarduera judizial edo administratiboekiko, praktikak egiten diren epaitegi edo auzitegian egon bitartean, baita praktikak amaitu ondoren ere. Horretarako, hitzarmen honen eranskina sinatu beharko du.
f) Hala ezarrita badago, amaierako memoria aurkeztea unibertsitateko tutoreari, aurreikusitako epean, curriculumeko kanpoko praktikak gainditu ahal izateko, eta aldeko aipamena egiteko curriculumetik kanpoko kanpo praktiketan.
2.– Praktikak egiten dituzten ikasleek ez dituzte beteko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476., 477. eta 478. artikuluek Justizia Administrazioaren zerbitzupeko kidego orokorrei esleitutako eginkizunak.
3.– Ikasleek eskubide hauek dituzte:
a) Praktiken jarduera garatzea, ezarritako ordutegian.
b) Jardueraren garapenari eta lortutako aprobetxamendu-mailari buruzko azken ziurtagiria lortzea.
c) Eragiten dioten ebaluazio-deialdietara joateko baimena lortzea.
4.– Kanpoko praktikak egiten diren epaitegiak edo auzitegiak haien tutoretza beteko duen pertsona edo pertsonak izendatuko ditu. Tutoretza hori Justizia Administrazioko magistratuak, epaileak edo letraduak egin ahal izango dute. Tutoretza egiteko izendatutako pertsonak bateragarritasun-adierazpena lortu behar du jarduera egin aurretik. Pertsona horien eginkizuna honako hau izango da:
a) Ikasleen lan-plana finkatzea.
b) Zalantzak eta zailtasunak argitzeko orientabideak ematea.
c) Ikaslearen jarduera ebaluatzea, txosten baten bidez.
Tutoretza mistoa ezarri ahal izango da, epaile edo magistratuak eta Justizia Administrazioaren letraduak osatua.
5.– Kanpoko praktikaldia amaitzen duten ikasleek epaitegiak edo auzitegiak emandako ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri horretan, egindako orduak, jardueren izaera eta lortutako maila jasoko dira, praktiken tutoretza betetzen duen pertsonaren edo pertsonen ikuspegitik.
Euskal Herriko Unibertsitateak egiaztagiri bat emango dio tutoreari, hala eskatzen badu, kanpoko praktiken programan emandako laguntza ziurtatzeko.
Bosgarrena.– Datuen babesa.
Hitzarmen honen eraginpeko guztiek honako hauetan ezarritako xedapenak eta eskakizunak bete beharko dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta arlo horretan indarrean dauden gainerako xedapenak.
Seigarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez dakar alderdien arteko finantza-betebeharrik edo kontraprestazio ekonomikorik.
Ikasleak ikasten ari diren Euskal Herriko Unibertsitateari dagokio Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak betetzea, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuaren b) letraren arabera.
Zazpigarrena.– Zabalkundea.
Hitzarmen hau sinatzeari dagokionez publizitatearen eta gardentasunaren arloan aplikatu beharreko xedapenak betetzeari kalterik egin gabe, Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa hartzen du bere urteko memorian eta hitzarmen honen xede diren jarduerak hedatzeko egiten dituen ekintza guztietan nabarmentzeko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta eragindako auzitegi eta epaitegiek emandako lankidetza.
Zortzigarrena.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea.
1.– Hitzarmen honetan ezarritako gaien jarraipen, koordinazio, kontrol eta interpretazio egokia egiteko, jarraipen-batzorde paritarioa sortzen da, erakunde sinatzaile bakoitzak izendatutako bi kidek eta Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzako kide batek osatua. Kide hori Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren ordezkarietako bat izango da batzorde horretan. Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, eta alderdiek zehazten dutenean.
Jarraipen-batzordearen barruan, akordioak hitzartu ahal izango dira prestakuntza gauzatzeko eraz eta edukiaz, Bolonia Plana garatuz, betiere hitzarmenaren gutxieneko eta funtsezko edukiari eragiten ez bazaio, gerora hitzarmenaren eranskin gisa sartu beharko ez delarik.
2.– Batzordeak, funtzionamenduari, bileren aldizkakotasunari eta erabakien loturari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoa beteko du, zeinak kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen baitu.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren ondorioak eta aldaketa.
1.– Hitzarmen honek lau urte naturaleko iraupena izango du, eta ondorioak izango ditu, Estatuko sektore publikoko lankidetza-organo eta -tresnen Estatuko erregistro elektronikoan inskribatzen denetik aurrera, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Amaitu ondoren, luzatu ahal izango da, berariazko akordio baten bidez, aldi bererako. Akordio hori hitzarmena amaitu baino lehen formalizatu beharko da.
Era berean, alderdi sinatzaileetako edozeinek berariaz salatu ahal izango du, hitzarmena iraungi nahi den egunetik gutxienez hiru hilabete lehenagoko epean.
2.– Alderdi sinatzaileek edozein unetan aldatu ahal izango dituzte hitzarmen honen baldintzak, elkarrekiko adostasunez, eta, horretarako, eranskin gehigarri bat sinatu beharko dute.
Hamargarrena.– Azkentzeko arrazoiak.
1.– Hitzarmenak azkentzen dira hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direlako edo suntsiarazteko kausa dagoelako.
2.– Hitzarmen hau suntsitutzat joko da honako arrazoi hauetako bat gertatuz gero:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.
b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio ez-betetzea egin duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan bete gabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen- eta kontrol-batzordeari eta gainerako alderdi sinatzaileei jakinaraziko zaie.
Errekerimenduan adierazi den epea igaro eta ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak alderdi sinatzaileei jakinaraziko die badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoirik, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horrengatik suntsiarazten bada, eragindako kalteak ordainarazi ahal izango dira, hala aurreikusi bada.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
e) Hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusitako beste edozein arrazoi.
3.– Hitzarmena suntsiarazteko erabakia hartzen denetik edo azkentzeko borondatea jakinarazten denetik, klausula honetan ezarritakoari jarraituz, lankidetzari eutsi egingo zaio, eta erreferentziako dataren aurretik hasitako praktika-jarduerek amaitu arte jarraituko dute, betiere hitzarmen honen lehen klausularen laugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera.
Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren izaera eta eztabaidak ebaztea.
Hitzarmen hau juridiko-administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babesean egin da.
Hitzarmen honen interpretazioari, aldaketari, gauzatzeari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz sor daitezkeen eztabaidak modu adiskidetsuan ebatziko dituzte alderdiek, zortzigarren klausulan aurreikusitako batzordean.
Administrazio-izaera duenez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenak izango du alderdien artean sor daitezkeen auziak ebazteko eskumena, hori guztia jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 1. eta 2. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Eta, aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaile bakoitzari legez dagozkion ahalmenak baliatuz eta, hartara, ordezkatzen dituzten erakundeak behartuz, hitzarmen hau elektronikoki sinatzen dute.
Egoitza elektronikoa, 2026ko urtarrilaren 19a.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia,
MIGUEL HERNÁNDEZ SERNA.
Justiziako estatu-idazkaria,
MANUEL OLMEDO PALACIOS.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
Errektorea,
JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.
RSS