
23. zk., 2026ko otsailaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 6 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
HEZKUNTZA SAILA
515
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 26koa, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariarena, itunpeko irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egiten duena 2026. urterako.
47/1993 Dekretuak (1993-04-02ko EHAA) irakasleen HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunak ezarri zituen. Gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (1994-01-26ko EHAA) Irale programaren ebaluazioa eta hizkuntza-eskakizunen azterketetako edukia eta forma arautu zituen. 1998ko urriaren 22ko Aginduak (1998-11-05eko EHAA) azterketaldi irekiko kalifikazio-sistema ezarri zuen. Era berean, apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuak (2005-04-14ko EHAA) HLEA hizkuntza-eskakizuna sortu eta arautu zuen Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langileentzat.
Aurreko paragrafoan jasotako araudiak erreferentzia egiten dio irakaskuntza publiko zein pribatuko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko araudiari. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da abenduaren 1eko 11/2022 Legeak, Euskal Enplegu Publikoarenak, 189. artikuluan ezartzen duela IVAP izango dela euskal administrazio publiko guztietako langileen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaituta dagoen organismo bakarra, eta, horretarako, IVAPen erantzukizuna izango dela euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatzea eta aldian-aldian proba horietarako deialdiak egitea. Hortaz, Hezkuntza Sailak ez du eskumenik izango irakaskuntza publikoko langileen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketak egiteko 2026. urterako deia egitea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Baimena ematen zaio Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariari neurriak har ditzan ebazpen honetan ezarritakoa garatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, ebazpena argitara eman eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 26a.
Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendaria,
JOSUNE ZABALA ALBERDI.
ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIAREN EBAZPENAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Deialdiaren helburua.
Ebazpen honen xede nagusia da itunpeko irakaskuntzako 1. HE, 2. HE eta HLEA hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2026. urterako deia egitea.
2026. urtean, Hezkuntza Sailak hizkuntza-eskakizunen bi deialdi egingo ditu, biak itunpeko irakaskuntzako langileentzat, Irale programaren bidez liberatuta egon ala ez egon. Ebazpen honetan zehazten da zein diren deialdi honetan matrikulatzeko baldintzak. Lehenengo deialdia otsailean izango da, eta bigarrena, irailean. Bigarren deialdi horren berri Hezkuntzako webgunean emango da (www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara).
2. oinarria.– Nork parte hartu ahal duen deialdian.
Honako hauek matrikulatu ahal izango dira 1HE eta 2HE hizkuntza-eskakizunetan: itunpeko irakaskuntzako langileak (2025-2026 ikasturtean Irale programan liberatuta egon ala ez hizkuntza-eskakizuna lortzeko). Zehazki, honako hauek: irakasle eta heziketa-langileak, 2024-2025 edo 2025-2026 ikasturteetan lan egin dutenak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten zentroetakoak barne. Beharrezkoa da egiaztatzea gutxienez egun batez lan egin dela adierazitako ikasturteetan.
Honako hauek matrikulatu ahal izango dira Hezkuntza Bereziko HLEA eskakizuna lortzeko: Gizarteratzeko edota Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulazioa edo baliokidea dutenak, bai eta Fisioterapeuta, Gizarte-langile, Lanbidezko Terapeuta eta Zeinu Hizkuntzako Interprete titulazioa dutenak ere, betiere itunpeko irakaskuntzakoak badira. Horrez gain, nahitaezkoa izango da egiaztatzea gutxienez egun batean lan egin dutela Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langile modura Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan, 2024-2025 edo 2025-2026 ikasturteetan.
3. oinarria.– Izena ematea eta jarraipena egitea.
Arau orokor gisa, izangaiak hizkuntza-eskakizun bakar batean matrikulatu ahal izango dira Hezkuntzako 2026ko deialdi bakoitzaren barnean.
2026ko lehenengo deialdian matrikulatzeko epea 10 egun naturalekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Bigarren deialdian izena emateko epea, berriz, Hezkuntzaren webgunean adieraziko da, bere garaian.
Matrikula formalizatzeko, eskabide normalizatua egin beharko da Interneten bidez, helbide honetan: https://ikasgunea.euskadi.eus. Horrez gainera, hezkuntza-administrazioan jasota ez badago zer zerbitzu eman diren, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza batean edo aplikazioan bertan egiaztatu beharko da dokumentazioa, egiaztatzen duena zer zerbitzu eman diren. EAEko hezkuntza-sare pribatuko langile finkoek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar, baldin eta datu horiek Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzaren Institutuan jasota agertzen badira. Nolanahi ere, sare pribatuko aldi baterako langileen kasuan, edota dokumentazio hori Hezkuntza Ordezkaritzan ez dagoen beste kasu batzuetan, interesdunak dokumentu horiek aurkeztu beharko ditu matrikula formalizatzeko. Izen-ematea bide telematikoz egin arren, arauz ezarritako epearen barruan aurkeztu beharko da gainerako dokumentazio guztia.
4. oinarria.– Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariak.
Azterketak egiteko egokitzapenen bat behar duten azterketariek eskaera-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak eta abar), eta mediku-txostena aurkeztu behar dute, eskaera oinarritzen duena. Datu horiek babestuta egongo dira, deialdi honen 15. oinarrian jasotzen den bezala. Azterketak egokitu egingo dira, betiere proben edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.
5. oinarria.– Azterketaldia. Azterketa idatzia eta ahozko azterketa.
Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu, idatzia eta ahozkoa, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, ezinbestekoa da azterketa idatzia gaindituta izatea ahozko azterketan parte hartzeko.
6. oinarria.– Azterketa idatzia.
Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan, trebetasun bi neurtuko dira: ulermena eta idazmena. Berariazko probak egingo dira trebetasunak neurtzeko.
7. oinarria.– Ahozko azterketa.
Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta azalpen- eta elkarrizketa-ariketak egingo dira mintzamena neurtzeko. Ahozko proba ofizioz grabatuko da, azterketen material-erregistro osagarria eskuratu ahal izateko. Baldin eta azterketariak ez badu nahi ahozko azterketa grabatzea, errenuntzia sinatu beharko du; erabaki hori dela medio, erreklamaziorik aurkeztuko balitz, ezingo delako berrikusi ahozko proba.
Ahozko azterketa gainditzeko, azalpena eta elkarrizketa gainditu behar dira.
8. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak.
Hizkuntza-eskakizunen azterketen ebaluazio-irizpide orokorrak izango dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduaren I. eranskinean ezartzen direnak (1994-01-26ko EHAA). HLEArako, bestalde, aintzakotzat hartuko da zer irizpide ezartzen diren hizkuntza-eskakizunen apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan (2005-04-14ko EHAA). Deialdi hau arautuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduan (1998ko azaroaren 5eko EHAA) ezarritako kalifikazio-sistemaren arabera. HLEA profilaren idatzizko faseko eskema eta kalifikazio-sistema bat etorri beharko dira 1. hizkuntza-eskakizunaren eskemarekin, eta haren ahozko fasekoak, 2. hizkuntza-eskakizunekoarekin.
Era berean, arau nagusi horiek garatze eta zehazte aldera, Irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunen batzorde bateragileak zer orientabide eta irizpide osagarri ezartzen dituen, haiek bete beharko dira.
9. oinarria.– Azterketa-egunak eta toki-orduak.
Hezkuntza Saileko webgune ofizialean argitara emango da zer lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren azterketak, bai lehenengo deialdikoak, bai bigarrenekoak: https://www.euskadi.eus/irakasleen-hizkuntza-eskakizuna-eusk/web01-a2heusk/eu/
10. oinarria.– Azterketa idatziaren emaitza gordetzea.
Idatzizko azterketa gainditu baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei edo ahozkora aurkezten ez direnei azterketa idatziaren emaitza gordeko zaie hurrengo deialdirako, eta deialdi horretan ere izena eman beharko dute dagokion epean.
11. oinarria.– Azterketaren emaitzak.
Helbide honetan argitaratuko dira aurkeztu diren azterketarien kalifikazioak: https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/inicio. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen bat lortu dutenen datuak integratu egingo dira Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko ziurtagirien fitxategian eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan, eta pertsona horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan eskuratu ahal izango dute ziurtagiria.
12. oinarria.– Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.
Lortutako emaitzarekin konforme egon ezean, azterketari orok dauka eskubidea idatzizko erreklamazioa aurkezteko, dagokion proba berriz zuzendu dadin. Horretarako, Lurraldeko Azterketa Batzordearen buruari zuzendu beharko zaio erreklamazioa, eta Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariari aurkeztu webgune honetan: https://ikasgunea.euskadi.eus; edo, bestela, Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzan entregatu. Azterketa Epaimahaiak, beranduenez, hilabeteko epean argitaratu beharko ditu berrikustearen ondoriozko kalifikazioak. Era berean, Azterketa Epaimahaiak gutun pertsonal bidez erantzun ahal izango die zenbait erreklamaziori, egoki irizten badio.
13. oinarria.– Intzidentziak azterketetan.
a) Prozesutik baztertuta geldituko da azterketetan iruzur egiten edo eragiten duen edozein azterketari, edota bidezko ez diren laguntzak erabiltzen dituen nornahi, eta ordura arteko kalifikazioak baliogabetuta geratuko dira; hori gorabehera, haren jarduerak erantzukizunak sortu ahal izango ditu.
b) Edozein azterketatan, lurraldeko azterketa-batzordearen buruari dagokio erabakitzea ea azterketariren bat baztertu behar den ala ez, batzordeko epaimahaikideek proposatuta, interesdunari entzun ondoren.
14. oinarria.– Azterketetan erabilitako materialak.
a) Azterketa-material guztiak –alegia, idatzizko erantzunak, audio grabazioak eta partezko zein guztizko emaitzak– Hezkuntza Sailak gordeko ditu, emaitzak argitara eman eta handik urtebeteko epean gutxienez.
b) Bermatu beharko da material horiek isilpean daudela, eta ezin izango da haien kopiarik egin, ez bada Azterketa Batzordearen balioespen-lanerako eta gainerako zereginetarako.
15. oinarria.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabili egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Akreditazio probak.
– Arduraduna: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Hezkuntza Saila.
– Helburua: Hizkuntza Eskakizunen akreditazioa.
– Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak:
Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
– Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050200-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
ID: 0502
RSS