
23. zk., 2026ko otsailaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (343 KB - 24 orri.)
- EPUB (161 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
514
120/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025. urteetako deialdietako hautaketa-prozesuak arautzen dituzten oinarri orokorrak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2023ko urriaren 31ko Erabakiaren bidez, Ente Publikoaren 2023ko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen (2023ko azaroaren 24ko EHAA, 225. zk.). Eskaintza horretan 1.265 lanpostu sartu ziren estatutupeko langile finko izateko, txanda ireki bidez zein barne-sustapen bidez, eta bi prozesuak lehiaketa-oposizioko hautaketa-sistemaren arabera garatuko zirela ezarri zen.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2024ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez, Ente Publikoaren 2024ko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen (2024ko abenduaren 26ko EHAA, 250. zk.). Eskaintza horretan 1.896 lanpostu sartu ziren, 1.205 lanpostu berritze-tasarako eta 691 plaza behin-behinekotasuna murriztera bideratutako tasa espezifikorako. Estatutupeko langile finko bihurtzea txanda irekiko prozesuaren bidez zein barne-sustapeneko prozesuaren bidez egingo dela ezarri zen, eta bi prozesuak lehiaketa-oposizioko hautaketa-sistemaren arabera garatuko zirela ere.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2025eko abenduaren 2ko Erabakiaren bidez, Ente Publikoaren 2025eko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu da (2025eko abenduaren 2ko EHAA, 247. zk.). Eskaintza horretan 2.433 lanpostu sartu dira guztira; horietatik, 1.247 lanpostu langileen berritze-tasari dagozkio, eta 1.186 lanpostu behin-behinekotasuna murrizteko tasa espezifikoari. Estatutupeko langile finko bihurtzea txanda irekiko prozesuaren bidez zein barne-sustapeneko prozesuaren bidez egingo dela ezarri da, eta bi prozesuak lehiaketa-oposizioko hautaketa-sistemaren arabera garatuko direla ere.
Bestalde, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 540/2025 Ebazpenaren bidez, onartu egin ziren estatutupeko langile finko izateko 2025. urterako lehiaketa-deialdiaren oinarri orokorrak, betetzeko zailak diren lanpostuak hornitzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen horren arabera, 169 lanpostu eskaini ziren, langileen berritze-tasari dagozkionak.
Berariazko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren bidez adimen-desgaitasunaren kupoan parte hartzen duten pertsonentzat gordetako lanpostuen deialdia egingo da, eta 2023-2024-2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren barruan gutxienez 25 lanpostu izango dira, adimen-desgaitasunaren tasari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko.
Langile lan-kontratudunen erretiro partzialaren arautegia aplikatuz (11/2024 Errege Lege-dekretua), erantzun egin behar zaio langile lan-kontratudunen erretiro partziala ordezkoen laneratzearekin lotzeko beharrari, dagokion enplegu publikoaren eskaintzaren bidez. Horretarako, enplegu publikoaren eskaintza hau gauzatzean, ordezko horiek lanean hasi ahal izango dira, betiere aplikatu beharreko araudia betetzeko behar den habilitazioa baldin badago. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorraren akordioa behar da eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez onartu beharko da. Gai hau Osasuneko Mahai Sektorialaren eremuan negoziatuko da.
Hortaz, 2023-2024-2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren arabera deitzen diren hautaketa-prozesuetan eta, hala badagokio, 2026. urtean betetzeko zailak diren lanpostuak hornitzeko estatutupeko langile finko izateko iragartzen den lehiaketa-prozesuan, guztira, 5.425 lanpostu sartuko dira.
2025. urtean, Osasuneko Mahai Sektorialak negoziazio-prozesuari ekin zion Ente Publikoan egin beharreko enplegu publikoaren eskaintza berria onartzeko. Prozesu horrek hainbat bilera ekarri zituen, eta alderdiek enplegu publikoaren eskaintzarako eredu berri baten gaineko akordioa erdietsi zuten.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiek, zeinek 2023, 2024 eta 2025. urteetarako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu baitzuten, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eman zioten iragarritako hautaketa-prozesuak oinarri orokorren eta espezifikoen arabera kudeatzeko ardura, baita deialdiak gauzatzeko beharrezko ebazpenak emateko ere, deialdietako lanpostuak zehazteko, epaimahai kalifikatzaileak izendatzeko, eta deialdiak ebatzi eta destinoak esleitzeko ahalmena barne.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-Estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea, I. Eranskinean jasotakoak.
Bigarrena.– Kontuan izanik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun Zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan jasotakoak, Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 28a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI OROKORRAK
1.– Xedea.
1.1.– Oinarri hauen xedea da arau orokorrak ezartzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lehiaketa-oposizioko sistemaren bidez lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituztenak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langileen kategorietan eskainitako destinoak betetzeko.
1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan arautuko dira. Ebazpen horietan, hauek jasoko dira beti:
– Deitutako lanpostuen kopurua.
– Eskabideak aurkezteko epea.
– Sartzeko behar den titulazioa.
– Baloratu daitezkeen merezimenduak eta horien baremoa.
– Deitutako lanpostuen eskakizun espezifikoak.
– Gai-zerrenda espezifikoa.
2.– Hautaketaren arau orokorrak.
Deialdiak eta bere oinarriak lotesleak dira deialdia egin duen administrazioarentzat, lehiaketa-oposizioa kalifikatzeko ardura duen epaimahaiarentzat eta lehiaketa horretan parte hartzen dutenentzat. Oinarri hauetan jasota ez dagoena arau aplikagarriek arautuko dute.
3.– Sartzeko txandak: irekia eta barne-sustapena.
Hautaketa-prozesuan, sartzeko bi txanda egongo dira: txanda irekia eta barne-sustapena. Izangaiek aipatutako bi txandetako batean baino ezin izango dute parte hartu.
Bi txandetan gordeko da desgaitasuna (beste desgaitasun batzuk) duten pertsonentzako kupoa. Beraz, bi txandetan egongo dira sarbide orokorreko modalitatea eta desgaitasuna (beste desgaitasun batzuk) duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatea.
Izena emateko epea amaitu ondoren, ezingo da aldatu aukeratutako sarbide-modalitatea.
Barne-sustapeneko txandarako erreserbatutako destinoak ezin badira bete, destino horiek txanda irekira pasako dira.
4.– Hautaketa-sistema.
Estatutupeko langile finkoak hautatzeko prozesua lehiaketa-oposizioko sistemaren bidez egingo da.
5.– Eskainitako destinoak.
Deialdiaren helburua da oinarrizko lanpostuak behin betiko esleitzea.
Oinarri espezifikoetan adieraziko da txanda bakoitzean deitutako lanpostu kopurua zein den, eta, hala badagokio, desgaitasuna (beste desgaitasun batzuk) dutenek betetzeko gordetako lanpostu kopurua ere.
Eskainitako destinoen % 7 erreserbatuko da % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat. Pertsona horiek destino horiek beteko dituzte, baldin eta aipatutako desgaitasun-maila eta kasuan kasuko lanpostuari dagozkion zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.
Desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako destinoak zenbatzean, deialdiaren xede den kategoria profesional bakoitzeko eskaintzen diren destinoen guztizko kopurua hartuko da kontuan. Horrenbestez, destino bat erreserbatuko da eskainitako hamalau lanpostuko. Kategoriaren batean ez badira guztira hamalau destino eskaintzen, erreserbatu beharreko lanpostuen portzentajea lanbide-talde bakoitzaren arabera doituko da. Nolanahi ere, bai barne-sustapeneko deialdian, bai txanda irekikoan % 7ko erreserba errespetatuko da.
Hautaketa-probek eduki bera izango dute izangai guztientzat, hargatik eragotzi gabe oinarri hauetan aurreikusitako egokitzapenak. Prozesua amaitzean, zerrenda bakar bat egingo da, eta zerrenda horretan sartuko dira hautaketa-proba guztiak gainditu dituzten hautagai guztiak, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta, parte hartu duten txanda bakoitzeko modalitatea edozein dela ere.
Desgaitasun-kupoan parte hartzeko eskaera hautaketa-prozesuan izena emateko unean egin beharko da, eta berariaz adierazi beharko da eskatzen den baldintza betetzen dela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Egoera hori egiaztatzeko, administrazioaren organo eskudunak (Foru-Aldundien sail eskudunak, Imsersok edo baliokideak) emandako desgaitasuneko aitorpen-ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan.
Era berean, desgaitasuna legez aitortuta duten pertsonek eskabidean adierazi beharko dituzte hautaketa-probak egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten egokitzapen teknikoak, eta uztailaren 23ko PJC/804/2025 Aginduaren Eranskinean jasotako aurreikuspenak aplikatu ahal izango dira (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikora sartzeko hautaketa-prozesuetan baliabideak eta denbora egokitzeko eta zentzuzkoak diren beste egokitzapen batzuk egiteko irizpide orokorrak ezartzen dira), betiere desgaitasuna zuzenean lotuta badago egin beharreko probarekin.
Desgaitasuna legez aitortuta duten pertsonak gainerako izangaien baldintza berdinetan onartuko dira hautaketa-prozesuan.
Izangai batek beste desgaitasun batzuen kupoan ematen badu izena eta ez badu desgaitasuna egiaztatzen ezarritako baldintzetan eta epean, sarbide orokorreko modalitatera pasako da, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.
Era berean, desgaitasuna deklaratzeko prozesuan (artean ebatzi gabe) dagoen pertsonak izena ematen badu desgaitasuna (beste desgaitasun batzuk) dutenen kupoan, eta, azkenean, dagokion ebazpena eman ondoren, % 33ko desgaitasuna lortzen ez badu, sarbide orokorreko modalitatera pasako da, horretarako baldintzak betetzen baditu.
Desgaitasuna duten langileentzat erreserbatutako destinoak ez badira betetzen hautagai nahikorik ez duelako gainditu hautaketa-prozesua, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.
6.– Eskainitako destinoen ezaugarriak.
Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren egingo da deialdi honen xede diren destinoen identifikazioa, eta horien kategoria eta lanpostu funtzionalaren nahiz lanpostuen ezaugarri eta betekizunen zehaztapena ere hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data barne.
7.– Lan-harremanaren izaera juridikoa eta baldintzak.
Hautaketa-prozesu honen bidez sartzen diren pertsonak lotzen dituen harremanaren izaera juridikoa estatutupekoa izango da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen eta horretatik eratorritako garapen-arauen arabera. Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen indarreko Akordioa aplikatuko da.
8.– Izangaiek bete beharreko baldintza orokorrak.
8.1.– Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, izangaiek, oinarrietan aurreikusitako salbuespenak kenduta, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte zehaztutako eskakizunak, eta, gainera, eskakizun horiek kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte bete beharko dituzte.
8.2.– Hauek dira lehiaketa-oposizioko prozeduraren bidez deitutako destinoak lortzeko baldintzak:
a) Nazionalitatea: Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak egindako eta Espainiako Estatuak berretsitako Nazioarteko Itunaren arabera langileen joan-etorri askea aplika dakiokeen Estaturen bateko nazionalitatea izatea.
Era berean, onartuak izan daitezke aurreko paragrafoan aipatzen diren nazionalen ezkontideak, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta izangaiaren eta bere ezkontidearen ondorengoak ere, baldin eta bi ezkontideak ez badaude zuzenbidez bananduta, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere euren kargu bizi badira.
b) Adina: 16 urte beteta izatea eta legez indarrean dagoen nahitaezko erretiro-adina ez gainditzea.
c) Titulazioa: deialdian eskatzen den titulazioa izatea edo titulu hori jasotzeko eskubideak ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan.
Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki behar da, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, edo titulua ondorio profesionaletarako aitortuta eduki behar da, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (otsailaren 21eko 103/2014 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori).
Homologazio- edo aitorpen-prozesuaren ondoren lortutako titulazioak geroago aurkeztea onartuko da, betiere homologazio- edo aitorpen-eskabidea hautaketa-prozesu honetan izena emateko epea amaitu baino lehen egin bada. Egoera horretan dauden eta destinoa lortzeko aukera duten izangaiek destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen egiaztatu beharko dute eskatutako titulazioa.
d) Gaitasun psikofisikoa: esleitutako destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa izatea. Gaitasun hori lanpostua betetzeko gaitasunaren balorazioari buruzko 19. oinarrian zehaztutako moduan eta unean egiaztatuko da.
e) Deialdiaren aurreko sei urteetan edozein osasun-zerbitzutatik edo administrazio publikotik diziplina-espediente baten bidez kenduta ez egotea, eta funtzio publikoak betetzeko edo, hala badagokio, dagokion lanbiderako desgaituta ez egotea.
f) Epai irmo bidez kondenatuta ez egotea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik, Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako edozein deliturengatik, edo Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan aipatutako delituren batengatik. Egoera hori egiaztatzeko, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.
Bestalde, a) paragrafoan aipatutako beste estatu batzuetako nazionalitatea duten pertsonen kasuan, edo Espainiakoaz gain beste nazionalitate bat dutenen kasuan, eskatuko da desgaituta edo egoera baliokidean ez egotea, eta beren jatorrizko herrialdean edo nazionalak diren herrialdean Funtzio Publikoan sartzea eragozten duen diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatea. Era berean, beren jatorrizko herrialdean edo nazionaletan epai irmo bidez kondenatua ez izatea eskatuko da, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan aipatzen diren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean xedatutakoaren arabera adingabeekin lanbidean aritzea eragozten duten delituengatik.
g) Esleitutako destinoan lanean hasteko unean izangaia ezin da egon indarreko araudiaren araberako ezintasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta; hala ere, ez da eragozpen izango interesdunak araudi horrek ematen dion aukera egin dezan. Esleitutako destinoaz jabetu aurretik agintaritza eskudunak izangaiak izena eman duen kategoriarekin eta lanpostu funtzionalarekin bat datorren ohiko lanbideari dagokion ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun iraunkor osoa aitortzen badio izangaiari, ez da beteko apartatu honetan ezarritako eskakizuna.
Egoera horretan dagoen pertsonak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio egoera hori, ezintasun iraunkorra aitortzeko jakinarazpena jasotakoan. Ezintasuna berrikus daitekeen kasuetan, epea emango da destinoen hautaketa ireki arte, berrikuspen-prozedura baten ondorioz lanpostura itzultzea erabaki dela ziurtatzeko.
h) Ez izatea estatutupeko langile finkoa lortu nahi den kategoria berean, edozein dela ere haren administrazio-egoera.
Hautaketa-prozesu hau garatzen den bitartean, izangaiak Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batean kategoria eta lanpostu funtzional bereko estatutupeko langile finko gisa lanpostua jabetzan hartzen badu, horren berri eman beharko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
i) Izena emateko eskubideak ordaintzea: izena emateko eskubideak ordainduta izatea dagokion kategoriarako eskabideak aurkezteko epearen barruan.
j) Oinarri espezifikoetan ezarritako gainerako eskakizunak betetzea, hizkuntza-eskakizuna barne hura lanpostura sartzeko baldintza den kasuetan, oinarri hauetan ezarritako eran.
9.– Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzeko eskakizun espezifikoak.
Hautaketa-prozesuetan barne-sustapeneko txandaren bidez parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da, eskakizun orokorrak betetzeaz gain, beste hauek ere betetzea:
a) Langile finkoa izatea eta zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egotea aukeratu duen kategoria ez den beste kategoria eta lanpostu funtzional batean egotea, betiere lanpostua lortzeko eskatzen den titulua jatorrizko kategoriaren kategoria berekoa edo goragokoa bada, eta egoera horretan jarraitzea esleitzen zaion destinoaz jabetu arte.
b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko jatorrizko kategorian eta lanpostu funtzionalean bi urteko zerbitzua bete izana langile finko gisa.
Ezin izango dute txanda honetan parte hartu kategoria eta lanpostu funtzional bereko langile finkoak diren izangaiek.
Izangaiak ez baditu betetzen txanda honetan parte hartzeko eskakizunak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean, bere eskabidea txanda irekian sartuko da automatikoki.
10.– Eskabideak.
10.1.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.
Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek Interneten bidez egin beharko dute eskabidea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean dagoen eskabidea betez. Hauxe da horretarako helbidea: www.osakidetza.euskadi.eus
Prozesuan onartua izateko, eskabideak epe barruan eta behar den eran aurkeztu behar dira, eta izena emateko eskubideak ordaindu behar dira.
10.2.– Izena emateko eskubideak ordaintzea.
Izena emateko eskubideak dirulaguntzak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira, honako erakunde laguntzaileetako edozeinetan: Kutxabank, Euskadi Kutxa/Caja Laboral, La Caixa eta BBVA.
Erakunde horien sukurtsaletan ordaindu nahi izanez gero, eskabide-orria aurkeztu beharko da finantza-erakunde laguntzailean, eta erakunde horrek, dirua sartu ondoren, mekanikoki baliozkotuko du ordainketa.
Internet bidez ordaintzea aukeratuz gero, eskabidean inskripzio-eskubideak ordaintzeko aurreikusitako atalak bete beharko dira.
Eskabidea osatzeko, izena emateko eskubideari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoak jasotzen dituen Ebazpenean xedatutakoaren arabera eta arlo horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.
Izena emateko eskubideak eskabideak aurkezteko epearen barnean ordaindu ezean, izangaia prozesutik kanpo geratuko da. Aurrekoa gorabehera, izangaiak 12.1 oinarrian aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen duen Ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen azken egunera arte zuzendu ahal izango du ordaindutako zenbatekoan egindako akatsa.
10.3.– Epea.
Izangaiek 20 egun balioduneko epea izango dute eskabidea aurkezteko eta izena emateko eskubideak ordaintzeko, EHAAn argitaratutako deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehazten den egunetik aurrera. Epe hori azken eguneko 14:00etan amaituko da, 10.1 eta 10.2 oinarrietan xedatutakoaren arabera.
10.4.– Oposizio-fasea zein hizkuntza ofizialetan egin nahi den aukeratzea.
Izangaiek eskabidean adierazi beharko dute oposizio-faseko probak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituzten, eta aukera hori loteslea izango da. Izangaiak ez badu atal hori betetzen, probak gaztelaniaz egin nahi dituela ulertuko da.
10.5.– Eskabidean adierazitako jakinarazpenetarako eta harremanetarako baliabideak.
Eskabidean ageri den helbidea bakarrik hartuko da kontuan jakinarazpenetarako.
Eskabidean helbide elektronikoa edo telefono mugikorreko zenbakia adierazten duten izangaiek baimena ematen diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari hura erabiltzeko, hautaketa-prozesuetan zehar egin beharreko jakinarazpenetarako.
Adierazitako helbidean, helbide elektronikoan eta telefono-zenbakian akatsak badaude, izangaiarena izango da erantzukizuna, eta, datu horiek aldatzen badira, berarena ere izango da aldaketa hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinarazteko ardura.
10.6.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.
Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuan parte hartzeak berekin dakar eskabidean jasotako eta eskatzaileak prozesuaren askotariko faseetan adierazitako datu pertsonalak tratatu eta egiaztatzea.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzake eskatzaileak adierazitako datu pertsonalak zuzenak direla egiaztatzeko, izangaiak deialdietan parte hartzeko eskakizunak betetzen dituela zehazteko eta nortasun-datuak, prestakuntza-maila eta euskara-maila egiaztatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.
Eskatzaileak aukera du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari baimenik ez emateko deialdiko oinarri orokorretan eta espezifikoetan eta aplikatu beharreko bestelako araudietan ezarritako eskakizunak betetzen dituen egiaztatzeko datuak eta dokumentuak kontsultatzeko, eta uko hori eskabidean adierazi beharko du. Halakoetan, gainera, izangaiak egiaztatu beharreko eskakizunen frogagiriak aurkeztu beharko ditu, oinarrietan ezarritako moduan eta epean. Uko eginez gero, komeni da interesdunak aurka egiteko arrazoiak justifikatzea (Datuak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduaren (EB) 21. Artikulua).
Bestalde, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskubidea izango du interesdunari eskatzeko oinarrietan eta aplikatzekoak diren beste arau batzuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, baldin eta ezinezkoa izan bada bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzea.
Hautaketa-prozesuaren faseen behin-behineko eta behin betiko emaitzen jakinarazpena Aldizkari Ofizialetan eta webgunean argitaratuko da. Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuak publizitatearen printzipioaren bidez arautzen dira.
Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoa betez, informazio hau ematen da oinarriotan aipatzen diren hautaketa-proben esparruan tratatzen diren datu pertsonalen inguruan:
– Tratamenduaren izena «Selección y Provisión de Puestos de Trabajo» da.
– Tratamenduaren arduraduna hau da: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua / Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba k. 45, 01006 Vitoria-Gasteiz.
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Datuak Babesteko ordezkariaren harremanetarako datuak hauek dira: Araba k. 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, DBO-DPD@osakidetza.eus
– Tratamenduaren helburua da lanpostuen hautaketa eta horniketa kudeatzea.
– Datuak gordetzeko epea iraunkorra da.
– Tratamenduaren oinarri juridikoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoaren arabera.
– Hartzaileak dira beren erregistroetan izangaiek eskabidean eta prozesuaren askotariko faseetan adierazitako datu pertsonalen zehaztasuna egiazta dezaketen administrazioak. Egiaztapen hori deialdietan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez zehazteko egiten da.
– Interesdunak datuetara sartzeko, haiek zuzendu edo ezabatzeko eta haien tratamendua mugatzeko edo tratamendu horri uko egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu idazki bat bidalita helbide honetara: Osakidetza – Giza Baliabideen Zuzendaritza, Araba k. 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Idazkiarekin batera, NANaren edo beste nortasun-dokumentu baliokide baten kopia bidali beharko du.
– Datu pertsonalak biltzen zaizkien pertsonek Datuak Babesteko ordezkariarengana jo dezakete, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan organo arduradunaren edo tratamenduaren arduradunari erreklamazio bat aurkeztu aurretik.
Interesdunak, halaber, eskubidea du Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean erreklamazioa aurkezteko.
Webgune honetan dago Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoak egiten duen datuen tratamendu horri eta datu pertsonalen babesari buruzko bestelako informazio interesgarria:
11.– Hautaketa-prozesutik baztertzeko kasuak.
Eskabidean edo aurkezten den dokumentazioan datu faltsuak ematen badira, edo edozein jarduketa bidegabe egiten bada, zigorra ezarriko zaio interesdunari, kontraesaneko espedientea ostean. Hain zuzen, zigor gisa, dagozkion bestelako legezko neurriei kalterik egin gabe, izangaia baztertu egingo da izena eman duen deialdi honetako hautaketa-prozesu guztietatik eta eskaintza honetatik eratorritako aldi baterako kontratazioko zerrendetatik, eta parte hartu duen faseetako edozeinetan lortutako emaitzak baliogabeak izango dira.
Informazio faltsua ematen den kasuetan, lanpostuaz jabetzeko ekitaldira arteko epean emandakoa ez ezik, orobat hartuko da baztertzeko kasutzat izangaiak ekitaldian zehar eman duenekoa ere.
12.– Hautaketa-prozesuan onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak.
12.1.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak Ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko da, bai eta izangai bakoitzak zer txanda eta oposizio-fasea egiteko zer hizkuntza ofizial aukeratu duen ere. Ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du erreklamazioak aurkeztu eta eskabideak zuzentzeko. Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.
12.2.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak Ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko da, bai eta izangai bakoitzak zer txanda aukeratu duen ere. Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.
12.3.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena. Dokumentazioa aurkeztea.
Onartuen behin betiko zerrendan daudenek, baita baztertuen zerrendan daudenek ere, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu badute edo jarriko badute horretarako ezarritako epearen barruan, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren eskakizunak eta merezimendu baloragarriak alegatzeko eta horiek egiaztatzeko agiriak Curriculum Vitaen eransteko, oinarri hauetan, oinarri espezifikoetan eta kategoria bakoitzeko oposizio-fasea gainditu dutenen zerrenda jasotzen duen Ebazpenean zehazten den moduan.
Ez da beharrezkoa izango eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztea, baldin eta dagoeneko jasota badaude Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren informazio-sistemetan, eta, gainera, baliozkotuta badaude eta, beraz, curriculum vitae aplikazioaren bidez kontsultatu ahal badira.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren informazio-sistemetan erregistratutako informazioan jasota ez dauden eskakizunak eta merezimenduak curriculum vitae aplikaziora igo beharko dira, behar bezala digitalizatutako egiaztagiriekin batera.
Prestakuntza-ziurtagirien eta kontsulta eta baliozkotze telematikoa ahalbidetzen duen egiaztapen-kode bat edo identifikazio elektronikoko sistema bat duten beste dokumentu batzuen kasuan, ez da beharrezkoa izango egiaztagiriak fisikoki aurkeztea.
Gainerako kasuetan, egiaztatu ezin diren dokumentuak badira, horien kopia konpultsatua aurkeztu beharko da erregistro ofizialetan, baliozkotu ahal izateko. Izapide hori egiteko, epe bat jarriko da hautaketa-proben emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskakizun eta merezimendu hauek alegatu eta egiaztatu beharko dira:
Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko da. Beste hizkuntza batean idatzitako dokumenturen bat kontuan hartzea nahi bada, zinpeko itzulpenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da dokumentuarekin batera.
a) Kategoria eta lanpostu funtzional bakoitzean sartzeko eskatzen diren titulazioak, oinarri espezifikoetan eskatzen denaren arabera, edo, hala badagokio, hautaketa-prozesu honetan kategoriako/lanpostu funtzionaleko eskabideak aurkezteko epearen barruan horiek emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.
Titulua ondorio profesionaletarako homologatzeko edo aitortzeko prozesuan dauden pertsonek —8.2.c) oinarrian ezarritakoaren arabera— homologazio-edo aitortze-eskabidearen fotokopia sinplea aurkeztu beharko dute, eskabidea hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin zela frogatzeko.
b) Hizkuntza-eskakizuna.
Hizkuntza-eskakizuna honela tratatuko da hautaketa-prozesuan:
– Merezimendua: oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko da. Merezimendu gisa baloratuko da dagokion deialdian onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jasotzen duen Ebazpenean ezarritako epean behar bezala egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
– Eskakizuna: derrigortasun-data iraungita duten lanpostuak eskuratzeko baldintzatzat hartuko da, eta hautaketa-prozesuko ohiko faseko destinoak aukeratzeko epea amaitu arte aurkeztu ahal izango da.
Ikasketa ofizialak euskaraz egin dituztela eta euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuetsita daudela alegatzen dutenek, salbuespen-ziurtagiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, euskaraz eginiko ikasketa ofizialak aitortzen dituen 47/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Euskara-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasun-araubidea eta euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuesteko kasuak honako hauek dira: 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa; 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; 187/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko Dekretua aldatzen duena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.
c) Lan-esperientzia, jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko kopia aurkeztuta. Egiaztagiriak zehaztapen hauek jaso beharko ditu: kategoria, lotura juridikoa, taldea, lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu sanitarioetako erakundeak edo organo eskudunek emandakoa izan beharko du, Ebazpenaren II. eranskineko ereduari jarraituz edo dagokion Administrazio Publikoak horretarako duen ereduaren arabera, eta betiere arestian ezarri den bezala xehaturik eduki beharko ditu lan egindako aldien hasiera eta amaierak. Bestalde, dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako batean egin ez denean, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz.
Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan emandako zerbitzuak baloratzeko, erakunde horretako organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, ziurtagiri horretan, zerbitzu sanitarioetako erakundea osasun-sistema publikokoa dela jaso behar da.
Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan sartzen ez diren erakundeetako langile lan-kontratudunek emandako zerbitzuak –aipatutako Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen direnak– baloratzeko, erakundeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, erakundea Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikoko erakunde gisa kalifikatzen duen araudi espezifikoa aipatuta.
d) Deialdietako oinarri espezifikoetan jasotako baremoen arabera balora daitezkeen gainerako merezimenduak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritzak eta epaimahai kalifikatzaileek alegatutako eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio osagarria eskatu ahalko diete izangaiei hautaketa-prozesuaren edozein unetan.
e) Beste eskakizun batzuk: parte hartzen den kategoria edo lanpostu funtzionala betetzeko oinarrietan edo indarreko araudian eskatzen den beste edozein betekizun.
13.– Hautaketa-prozesuaren garapena.
Hautaketa-sistema lehiaketa-oposizioa izango da.
14.– Oposizio-fasea.
14.1.– Oposizio-fasearen edukia.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazitako probak osatuko du oposizio-fasea. Oinarri espezifikoetan zehaztuko da oposizio-faseko probarako oinarritzat hartuko den gai-zerrenda.
Oposizio-fasea bat bera da sartzeko bi txandetarako, txanda irekian eta barne-sustapeneko txandan.
Oinarri espezifikoetan adierazitako hautaketa-proba ezagutza-test bat izango da. Test horretan, galdetegi bati erantzun beharko zaio, eta emango diren lau erantzun alternatiboetatik bakarra izango da zuzena. Galderak gai-zerrenda komunaren edukiari eta deitutako kategoria bakoitzeko gai-zerrenda espezifikoari buruzkoak izango dira.
Probak zati teorikoa eta zati praktikoa izan ditzake. Proba praktikoa egitea eskatzen duten kategorien kasuan, zati praktikoko galderak galdera-sorta berean sartuko dira, oposizio-proba bakarra izan dadin.
Oposizio-proba prestatzeko, deitutako kategoria bakoitzari dagozkion galdera-sortak emango dira, gutxienez 12 aste lehenago.
14.2.– Hautaketa-probak egitea.
Dagokion hautaketa-proba egiteko deialdia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean eta hedapen handiena duten komunikabideetan argitaratuko da, eta bertan eguna, ordua eta tokia adieraziko dira.
Deialdi bakarra egingo da hautaketa-proba egiteko. Epaimahai kalifikatzaileak, hautaketa-proban aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, deialdiaren baldintzak egokitzeko aukerak baloratuko ditu, bai haurdunaldia, erditzea, susperraldia edo bestelako osasun-eragozpen larriak direla-eta probara joan ezin diren pertsonentzat, bai premia bereziko egoeran egonik probara joan daitezkeen pertsonentzat. Izangaiek proba egin aurretik jakinarazi beharko diote epaimahaiari egoera hori, eta egiaztagiri mediko baten bidez frogatu beharko dute.
Onartuen eta baztertuen behin betiko Ebazpenaren arabera prozesuan onartutakoen artean agertzen diren izangaiak joan ahal izango dira probara, bai eta baztertutakoen artean egon arren probaren egunean gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela egiaztatzen dutenak ere, aurkaratzearen Ebazpen irmoan zehazten denaren zain. Gora jotzeko errekurtso horrekin batera, eskabidearen kopia eta izena emateko eskubideengatiko ordainketa gisa egindako diru-sarreraren egiaztagiria aurkeztu beharko dira.
Izangairen bat onartutakoen eta baztertutakoen zerrendan azaltzen ez bada, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta izena emateko eskubideengatik egindako diru-sarreraren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko ditu errekurtsoarekin batera. Identifikatzeko, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute.
Izangaiak, azterketa-gunean identifikatu ondoren, ezin izango dira atera azterketa-gunetik erantzun-orria entregatu gabe.
14.3.– Oposizio-fasearen balorazioa.
14.3.1.– Oposizio-faseko balorazio orokorra.
Ariketa nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, eta 0 eta 100 puntu arteko balioa izango du. Horietan, gutxienez, 50 puntu lortu beharko dira gainditzeko.
Aukerako erantzunak dituen galdera sorta bat erantzun beharko da. Okerreko erantzunek ez dute zigorrik jasoko.
Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa ezin izango da aplikatu oposizio-fasea gainditzeko.
14.3.2.– Oinarri espezifikoetan proba teorikoa eta praktikoa dituzten deialdien oposizio-fasearen balorazioa.
Kategoria/Lanpostu funtzional baten oinarri espezifikoetan zehazten bada oposizio-faseko probak eskainitako destinoen funtzio espezifikoei lotutako bi ariketa izango dituela (bata teorikoa eta beste praktikoa), probaren azken puntuazioa bi ariketen arteko batezbesteko haztatua izango da; hain zuzen, puntuazioaren % 65 ariketa teorikoarena izango da, eta % 35 ariketa praktikoarena.
Horretarako, formula honen arabera lortuko da batezbesteko haztatua:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Ariketa praktikoan, galdera sorta bati erantzun beharko zaio. Galderek kasu praktiko bat edo batzuk azalduko dituzte eta aukerako erantzunak izango dituzte. Ariketa teorikoan bezala, erantzun okerrengatik ez da zigorrik ezarriko.
Oposizio-fasea gainditutzat emateko, bi ariketen batezbesteko haztatuak 100 puntutik 50 puntukoa izan beharko du gutxienez.
14.4.– Hautaketa-proben emaitzak argitaratzea.
Hautaketa-proba egin eta epaimahai kalifikatzaileak zuzendu ostean, Giza Baliabideen Zuzendaritzak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko ditu izangaien emaitzak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko informazio-sistemetan erregistratutako informazioan aldez aurretik jasota ez zeuden eskakizunei eta merezimenduei dagokienez, hau da, curriculum vitae aplikaziora behar bezala digitalizatutako egiaztagiriekin 12.3 oinarrian aurreikusitako baldintzetan igo direnei dagokienez, egiaztatu ezin diren dokumentuak direnean, epe bat jarriko da, hautaketa-proben emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erregistro ofizialetan horien kopia konpultsatua aurkezteko, baliozkotu daitezen.
14.5.– Oposizio-fasea gainditu dutenen zerrenda.
14.5.1.– Argitaratzea.
Hautaketa-proba egin ondoren, epaimahaiak fase hau gainditu dutenen puntuazioaren araberako zerrenda sortu eta onartuko du. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak zerrenda hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratzeko aginduko du.
Izangai interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erreklamazioak aurkezteko Giza Baliabideen zuzendariari zuzendutako idazki baten bidez. Epaimahai kalifikatzaileak nahitaezko txostena eman ondoren, Giza Baliabideen zuzendariak ebatziko ditu erreklamazioak.
Erreklamazio horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren Ebazpen baten bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek izangaien behin-behineko zerrendaren ebazpena argitaratzeko aginduko du.
14.5.2.– Nota hurrengo prozesurako gordetzeko aukera.
Hautaketa-prozesu honetako oposizio-fasean lortutako puntuazioa automatikoki gordeko da hurrengo hautaketa-prozesurako, baldintza hauek betetzen dituzten izangaiei dagokienez:
2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditu izana.
Hurrengo hautaketa-prozesuan izena eman izana eta dagozkion tasak ordaindu izana.
Bi hautaketa-prozesuetan parte hartzea, txanda berean, txanda irekian edo barne-sustapeneko txandan, eta modalitate berean, sarbide orokorrean edo beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonentzat erreserbatutako kupoan.
Nahi duten izangaiek hautaketa-prozesu berriari dagozkion oposizio-faseko probak egin ahal izango dituzte, eta, ondoren, lortutako nota altuena esleituko zaie, izangaiak gainditu ez badu izan ezik; kasu horretan, nota hori hartuko da kontuan.
15.– Lehiaketa-fasea.
Egiaztatutako merezimenduak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoekin batera doan baremoaren baldintzen eta mugen arabera baloratuko dira, honako irizpide orokor hauekin bat:
15.1.– Laneko esperientzia.
Oro har, izangaiak parte hartzen duen kategoria eta lanpostu funtzional berean egindako zerbitzuak baloratuko dira, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetako laneko esperientziaren baremoan ezarritakoaren arabera.
Soilik baloratuko dira dena delako kategorian eta lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den titulazioa lortzen den egunetik aurrera egin diren zerbitzuak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 20 urteetan egindakoak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ez diren beste Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako lanpostuak ez diren horietan emandako zerbitzuak baloratuko dira, baldin eta oinarri hauetako 12.3.c) apartatuan ezarritako moduan eta epean egiaztatzen bada lanpostu hori lortu nahi den kategorian eta lanpostu funtzionalean sartzen dela edo horren baliokidea dela.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetako laneko esperientziaren baremoan ezarritakoaren arabera baloratuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko eta Gizarte Segurantzako zerbitzu sanitarioetako erakundeetako edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileek, funtzionarioek eta langile lan-kontratudunek emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandako zerbitzuak ere.
Osasun Sistema Nazionala osatzen duten osasun-zerbitzuetako erakundetzat hartuko dira Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren osasun-zerbitzuetako zentro eta erakunde sanitarioak.
Zerbitzuak Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan eman badira, oinarri hauetako 12.3.c) apartatuan ezarritako moduan eta epean egiaztatu beharko da esperientzia.
Administrazio publikoko funtzionarioek eta langile lan-kontratudunek emandako zerbitzuak deialdi bakoitzaren lan-esperientziaren baremoan ezarritakoaren arabera baloratuko dira. Ondorio horietarako, administrazio publikotzat hartuko dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren erakundeak, zuzenbide pribatuko ente publikoak ere administrazio publikotzat joko dira.
Era berean, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluan sartuta ez dauden erakundeetako langile lan-kontratudunek emandako zerbitzuak baloratuko dira, baldin eta egiaztatzen bada, oinarri hauen 12.3.f) apartatuan ezarritako moduan eta epean, Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikokoak direla, eta erakundeko langileen hautaketa-prozesuei buruzko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52., 53., 54., 55. eta 59. artikuluetan jasotako printzipioak aplikatzen direla.
15.2.– Prestakuntza.
Prozesuan parte hartu dutenek alegatutako prestakuntza-merezimenduak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritako moduan baloratuko dira, eta, hala badagokio, eskabideak aurkezteko epearen azken egunaren aurreko 10 urteetan egindako etengabeko prestakuntzari, irakaskuntza-jarduerei eta zientzia-jarduerei eta ezagutzaren hedapenari buruzkoak izan beharko dute.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoak arautzen dituzten ebazpenetan zerrendatutakoa izango da baloratuko den prestakuntza.
15.3.– Euskara.
Oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzetan baloratuko da. Merezimendu gisa baloratuko da epearen barruan eta 12.3 eta 14.4 oinarrietan horretarako aurreikusitako baldintzetan behar bezala alegatu eta egiaztatu den hizkuntza-eskakizuna.
Izangaiek duten titulazioaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, prozesua arautzen duten oinarrietan aurreikusitakoaren arabera, eta 12.3 apartatuan ezarritakoaren arabera nahitaezkoa den kasuetan soilik.
Goian xedatutakoaren babespean dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten izangaiei oinarri espezifikoetan aurreikusitako puntuazioa emango zaie.
15.4.– Hizkuntza-eskakizunak baloratzeko arauak.
Euskararen ezagutza eskakizuna ez den lanpostuetarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira deialdian eskainitako lanpostuek izango dituzten hizkuntza-eskakizunak.
Hizkuntza-eskakizun horien balorazioari dagozkion puntuak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitako ehunekoak izango dira, prozesuaren gainerakoan lor daitekeen gehieneko puntuazioari dagokionez.
Era berean, dagokion lanbide-taldeari ezarritako hizkuntza-eskakizunetik beherako egiaztapenak aurreko paragrafoaren arabera dagokion ehunekoarekin baloratuko dira.
Edonola ere, euskararen ezagutzaren balorazioak dagokion lanpostu funtzionalari ematen zaion ehunekoa izango du muga, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Hizkuntza-eskakizun horien baliokidetza-erregimena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan jasotakoa izango da, bai eta azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan jasotzen dena ere.
Izangaiek duten titulazioaren edo egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute, prozesua arautzen duten oinarrietan aurreikusitakoaren arabera, eta 12.3 apartatuan ezarritakoaren arabera nahitaezkoa den kasuetan soilik.
Goian xedatutakoaren babespean dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie.
15.5.– Oinarri espezifikoetako baremoei buruzko eranskinetan jasotako merezimenduak baloratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izangaiak 10. oinarrian ezarritako eskabideak aurkezteko epearen barruan jaulkitako agirien bidez egiaztatzea merezimendu horiek, hurrengo paragrafoan zehaztutako salbuespenean izan ezik.
Merezimendu gisa baloratuko da 12.3 oinarrian aurreikusitako dokumentazioa aurkezteko epearen azken eguna baino lehen lortutako hizkuntza-eskakizuna.
16.– Izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazioaren arabera.
16.1.– Argitaratzea.
Epaimahaiak izangaien azken puntuazioaren araberako behin-behineko zerrenda egin eta onartuko du, oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioak bereizita.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako kalifikazioen batura izango da. Esperientzia, prestakuntza eta euskara merezimenduak biltzen ditu horrek.
16.2.– Berdinketa.
Izangaien artean berdinketa gertatuz gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera dagozkion lanbide-kategoria eta lanpostu funtzionaletan.
Bere horretan jarraitzen badu, oposizio-fasean lortutako puntuaziorik handiena hartuko da kontuan.
Berdin jarraituz gero, laneko esperientziagatik lortutako puntuei begiratuko zaie.
Berdinketak jarraitzen badu, oinarri espezifikoetan zerrendatutako merezimenduen baremoko atal bakoitzean guztizko puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, atal horietan adierazitako hurrenkeraren arabera.
Irizpide horiek guztiak aplikatuta ez bada berdinketa desegin, dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean lehenago lanean hasi zen hautagaiaren alde erabakiko da, haren lan-harremana edozein dela ere.
Azkenik, aurreko irizpideak aplikatuta berdinketa ez bada desegin, lehenago jaio den izangaiaren alde erabakiko da.
16.3.– Destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzea.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak behin-behineko Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen bakoitzak lau eranskin izango ditu. I. eranskinean, destinoa lortzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrenda jasoko da; II. eranskinean, destinoa lortzeko aukerarik ez duten izangaien zerrenda; III. Eranskinean, prozesutik baztertutako pertsonen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita; eta IV. Eranskinean, deialdiko destinoen zerrenda.
Eskainitako destino guztiak benetan bete ahal izateko, eskainitako lanpostuak baino izangai gehiago sartu ahal izango dira I. eranskinean, baina ezin izango dira, inola ere, deialdian zehaztutako destinoak baino gehiago esleitu. Era berean, II. eranskinean dauden izangaiei destinoak hautatzeko eskatu ahal izango zaie, puntuazio-ordenaren arabera.
Hautaketa-prozesua bizkortzeko, deialdiko destinoen kopurua eta oposizio-fasea gainditu duten parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta, epaimahai kalifikatzaileak mugatu ahal izango du prestakuntza-atala zenbat izangairi baloratzen zaion. Nolanahi ere, laneko esperientziaren eta euskararen atalei dagokien puntuazioa argitaratu egingo da.
16.4.– Erreklamazioak.
Izangaiek 10 egun izango dituzte, Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak jartzeko. Horretarako, epaimahai kalifikatzaileko buruari zuzendutako idazkia baliatuko dute. Erreklamazio horiek izangaien behin betiko Ebazpena argitaratzearekin bat onartu edo baztertuko dira. Halaber, epe horretan, eskakizunei eta merezimenduei buruzko dokumentazioa zuzendu ahal izango da, baldin eta aldez aurretik oinarri hauetan ezarritako epean alegatu bada.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan zuzendu ahalko ditu, bai ofizioz bai interesdunek hala eskatuta, beren egintzetako akats materialak edo aritmetikoak.
Interesdunek alegatutako merezimenduen balorazioaren xehetasunak ezagutu ahal izateko, Giza Baliabideen Zuzendaritzak beharrezkoak diren baliabide teknikoak jarriko ditu, eta epaimahai kalifikatzailearen dokumentuak, erabakiak edo akten laburpenak emango ditu, eskatzaileari buruzkoak soilik.
16.5.– Destino-hautaketa.
10 egun balioduneko epe berean, I. eranskinean agertzen diren izangaiek destinoa aukeratu beharko dute. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean eskura izango duten eskabide-eredua bete beharko dute.
I. eranskineko izangaiek aukeratu ahal izango dituzten eskainitako destinoetan, informazio hau eman beharko da, gutxienez: kategoria, lanpostu funtzionala, zerbitzu-erakundea, zerbitzu-erakundeko atxikipen-zentroa, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data.
16.6.– Dokumentazioa ez aurkeztearen ondorioak.
Deialdian parte hartzeko eskatzen diren eskakizunen egiaztagiriak eta 12.3 eta 14.4 oinarrietan adierazitako denboran eta moduan baloratu daitezkeen merezimenduak aurkeztu ez dituzten izangaiak ez dira kontuan hartuko inolako ondoriotarako, salbu eta dokumentazio hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren curriculum vitaean jasota badago.
16.7.– Desgaitasun-kupoko izangaiak.
Bi txandetako edozeinetan desgaitasun-kupoaren bidez parte hartzen duten izangaiek destinoa aukeratu ahal izango dute lehiaketa-fasearen kalifikazioa jaso ondoren, baldin eta oposizio-fasean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu badute:
Puntuazio-ordenaren arabera dagokien lekuan, horretarako lanpostua betetzen badute.
Kupoko gainerako plazak agortu aurretik, haien lanpostua azpitik badago.
Hori txanda irekian zein barne-sustapenean aplikatuko da, langile horientzat gordetako destinoen kupo osoa bete arte.
Desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako kupoa agortu ondoren kupo horretan parte-hartzaile gehiago badaude, puntuazioak ematen dien lanpostua beteko dute dagokien txandan, eta sarbide orokorreko sisteman eskainitakoen artean lortu ahal izango dute destinoa.
17.– Izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena. Izendapena.
17.1.– Erreklamazioak ebatzi ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira, zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena, beharrezkoak diren eskakizunak egiaztatu dituztenen artean. Ebazpen horrek hiru eranskin izango ditu: I. eranskinean, destino baten esleipena lortu duten pertsonen zerrenda egongo da; II. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda agertuko da, zeinean bereiz egongo baitira destinoa hautatzeko aukera dutenak eta ez dutenak, eta, III. eranskinean, berriz, baztertutako izangaiak jasoko dira, baztertzeko arrazoia adierazita.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan zuzendu ahalko ditu, bai ofizioz bai interesdunek hala eskatuta, beren egintzetako akats materialak edo aritmetikoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ebatzitako erreklamazioetatik ondorioztatutako puntuazio-aldaketak kontuan hartuta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak behin-behineko Ebazpen bat eman ahalko du zuzendari nagusiak izangai hautatuen behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena adierazten dituen Ebazpena eman baino lehen. Hala, behin-behineko Ebazpen horren bidez, oposizio-faseko eta lehiaketa-faseko emaitzak argitaratuko dira, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.
Aurreko paragrafoan aipatutako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren esleipendunak estatutupeko langile finko izendatuko dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez.
17.2.– Eskainitako destinoak betetzeko beharra. Deialdiko destino guztiak bete egingo dira, baldin eta izangaiek oinarri hauetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte eta hautaketa-prozesua gainditu badute.
17.3.– Hautaketa-probetan parte hartzetik eratorritako eskubideak galduko dituzte aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera destinoa garaiz eta behar bezala eskatzen ez duten izangaiek, eskatutako destinoen artean destinorik lortzen ez dutenek, eta lehiaketa-oposizioan lortutako puntuazioa dela-eta eskainitako destinorik ez dagokien izangaiek.
17.4.– Destinoak izangaiei eskatutakoaren eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera esleituko zaizkie, 1. oinarrian azaldutako irizpideekin bat etorriz.
18.– Esleipenaren erresulta-fasea.
Deialdiko lanpostu guztiak betetzen direla ziurtatzeko, sartzeko baldintzak betetzen dituen hautagairik badago, izangaien behin betiko zerrendan ezarritako lehentasun-ordenaren arabera esleituko dira, behin bakarrik, lanpostu hutsak.
Beraz, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu ondoren, hutsik dauden destino hauek esleituko dira:
– Esleitu ez diren destinoak.
– Esleitu diren baina izendatutako izangaiek aurreikusitako epean jabetzan hartu ez dituzten destinoak.
– Geratzen diren destinoak lanpostuaz jabetu arren esleipenduna benetan lanean hasi ez bada esleitutako destinoan, eta esleipenduna ez badago lanpostua gordetzeko eskubidea ematen dion egoeraren batean.
Destino huts horiek esleitzeko, ez da epe berririk irekiko destinoak aukeratzeko; aldiz, izangaien behin betiko zerrendan ezarritako lehentasun-ordenaren arabera esleituko dira, bere garaian egindako aukeraren arabera, betiere lanpostu huts guztien esleipena bermatzeko nahikoak badira. Ez badira, destinoak aukeratzeko beste epe bat irekiko da.
Nolanahi ere, ezin izango dute esleipen-fase honetan parte hartu:
– Dagoeneko argitaratuta dagoen I. eranskinean agertzen diren pertsonak, destino-esleipendunen zerrendari buruzkoan.
– III. eranskinean baztertutzat agertzen diren pertsonak.
– Egin behar zuten arren, destino-aukeraketarik egin ez dutenek, edo, eskatutako baldintzak betetzen zituzten destino guztiak ez aukeratzearen ondorioz, aurreko fasean destinorik lortu ez dutenek.
19.– Lanpostuan jarduteko gaitasuna baloratzea.
Esleipendunek, lanpostuaz jabetzeko unean, lanpostuko zereginak normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa izan beharko dute.
Baldintza hori betetzen dela jasota gera dadin, lanpostuaz jabetzeko izapidea egiteko unean erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi beharko dute ez dutela esleitutako lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dien gaixotasunik, akats fisikorik edo psikikorik. Adierazpen hori deklarazio-egilearen gaitasun eta gaitasun-baldintza horiek izatearen presuntzioa izango da.
Kasu horretatik salbuetsita daude jarraian adierazten diren esleipendunak, zeinek osasun-azterketa / azterketa medikoa egin beharko baitute esleitutako destinoko zerbitzu-erakundean, lanpostuaz jabetu aurretik, esleitutako lanpostuko zereginak behar bezala betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko:
Desgaitasuna duten esleipendunek osasun-azterketa bat egin beharko dute, lanpostuan edo lanpostuko zereginetan egokitzapenak egin behar diren ala ez zehazteko.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aurretiazko lan-esperientziarik ez duten esleipendunek hasierako osasun-azterketa egin beharko dute.
Esleipendun diren kategoriarako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan osasun-azterketa espezifikorik eginda ez dutenek azterketa espezifiko bat egin beharko dute lanpostuaren arriskuen arabera.
20.– Lanpostuez jabetzea.
Esleipendunak esleitutako destinoaz jabetuko dira, bere garaian horretarako argitaratzen den ebazpenean ezartzen den moduan.
Ebazpen horretan, lanpostuaz jabetzeko epea eta modua adieraziko dira, bai eta horretarako aurkeztu behar den dokumentazioa ere.
Ezarritako egunean aurreikusitako ebazpenean adierazitako moduan jardun ez dutenek, edo, dokumentazioa aztertu dutenen kasuan ondorioztatzen baldi bada kategorian/lanpostu funtzionalean sartzeko eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela, ezin izango dute esleitutako estatutupekoaren destinoaz jabetu, eta beren jarduketak baliogabetuta geratuko dira, hargatik eragotzi gabe izan dezaketen erantzukizuna.
Ondoriorik gabe geratuko da lanpostu bat esleitzen zaien esleipendunak lanpostuaz jabetzea, baldin eta haien eginkizunek, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenaren bigarren instrukzioan xedatutakoaren arabera, 18 urtetik beherakoekin ohiko harremana izatea badakarte eta ez badituzte betetzen oinarri hauen 8.2.f) apartatuan ezarritako baldintzak.
Horrez gain, interesdunak lanpostuaz jabetzeko ekitaldia dagokien epearen barruan egin ezean (edo, hala badagokio, emandako luzapenean), galdu egingo dituzte hautaketa-probei buruzko ebazpenetan aitortu zitzaizkien eskubideak.
Arestian azaldutakoaren arabera lanpostuaz jabetzen diren izangaiak dagokion zerbitzu sanitarioetako erakundean sartu beharko dira, eginbidea bete eta hurrengo egunean edo esleitutako lanpostuaz jabetzeko modua zehazten duen ebazpenean adierazten den egunean.
Lanpostuaz jabetzeko unean agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– NANa, pasaportea edo gidabaimena edo dokumentu baliokidea Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea dutenek, edo Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalek.
Parte hartzeko eskubidea izanik espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu behar dute, eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen norbaitekiko ahaidetasun-lotura izan edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, zuzenbidez bananduta ez daudela adierazteko, eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo bere kargura dagoela adierazteko.
– Elkargokide izatearen ziurtagiria, deialdiaren oinarri espezifikoetan hala eskatzen denean.
– Diziplina-espediente bidez izangaia administrazio publikoetako zerbitzuetatik kanporatuta ez dagoela eta eginkizun publikoetarako ezgaituta ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena edo hitzematea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, espainiako Estatuari buruzko deklarazioaz gain, zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu behar dute, esanez ez daudela eginkizun publikoetarako desgaituta edo antzeko egoera batean, eta orobat ez dutela haien Estatuan, baldintza beretan, funtzio publikora sartzea eragozteko moduko diziplina-zehapen edo baliokiderik.
– Zinpeko aitorpena edo hitzematea, bateraezintasun-kausa legalik ez dutela adierazteko.
– Destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa dutela adierazten duen zinpeko aitorpena.
– Erantzukizunpeko adierazpena, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzeari buruzkoa, eta Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiria lortzeko baimena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean xedatutakoaren arabera.
Atzerritarrek, edo espainolaz gain beste nazionalitate bat dutenek, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiritik aparte, jatorrizko herrialdeko zigor-aurrekarien egiaztagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulita eta legeztatuta. Horretarako, 13.5 artikuluan jasotako delituak baino ez dira baloratuko.
Zigor-aurrekarien erregistrorik ez duten herrialdeetako atzerritarrek, egiazkotasuna egiaztatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari berariazko baimena ematen dion adierazpenaz gain, jokabide onaren kontsul-ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.
21.– Epaimahai kalifikatzaileak.
21.1.– Izendapena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak hautaketa-prozesua kalifikatuko duten epaimahaiak izendatuko ditu.
21.2.– Osaera.
Epaimahai bakoitzak 6 epaimahaikide titular izango ditu: lau epaimahaikide, idazkari bat eta presidentea. Ordezko epaimahaikide kopuru bera izendatuko da.
Epaimahaiak ebaluatuko duen kategoriako errolda osatzen dutenen artean, epaimahaikideak jendaurrean egindako zozketa bidez hautatu eta izendatuko dira.
Epaimahaikide guztiek administrazio publikoetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionarioak edo estatutupeko finkoak edo, bestela, Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako lan-kontratuko langileak izan beharko dute, eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautaketa-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eduki beharko dute.
Epaimahai kalifikatzaileko kide guztiak norbanako gisa izango dira epaimahaikide.
Idazkariak Zuzenbideko titulua izan beharko du. Idazkari izendatutako pertsona epaimahaiko kide izango da, eta hitza eta botoa izango ditu.
Epaimahaiaren osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta epaimahaikideek inpartzialtasun- eta profesionaltasun-printzipioak beteko dituzte.
Zuzendari nagusiak Ebazpen bidez jakinaraziko du epaimahaia nork osatuko duten. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
21.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.
Epaimahaiko kideek abstenitu egin beharko dute, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan jasotako kasuren batean badaude, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu horietan ere, interesdunek edozein unean eman ahalko dute errekusatzea, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
21.4.– Jarduteko arauak.
Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 24. artikulura bitartekoetan ezarritako arauetara egokituko du bere jarduna.
Epaimahaia presidentearen aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta, eratu ahal izateko, presidenteak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dute.
Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Epaimahaiko kide guztiek, idazkaria barne, hitza eta botoa izango dute.
21.5.– Eskumenak.
Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduz eta horren objektibotasuna bermatzeko arduraz.
Epaimahaiak oinarriok aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta oinarriotan aurreikusi ez diren kasuekin lotuta hartu beharko diren irizpideak ezarriko.
21.6.– Zerbitzuagatiko kalte-ordaina.
Epaimahaikideek zerbitzua dela-eta dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, asistentziagatikoak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan araututakoarekin bat etorriz. Era berean, epaimahaiari aholkuak emanez edo zaintza lanetan arituko direnek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek.
22.– Publizitatea.
Deialdi hau eta prozesua garatzeko ematen diren Ebazpenak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean jarriko dira, oinarri hauen eta onartzen diren oinarri espezifikoen arabera.
23.– Egoitza.
Ondorio guztietarako eta hautaketa-prozesu honen ondoriozko jarduketa guztietarako, eskumen jurisdikzionala esleitzekoa barne, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia hartuko da egoitzatzat (helbidea: Araba k. 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).
24.– Errekurtsoen araubidea.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, errekurtsoen araubide hau ezartzen da:
24.1.– Giza Baliabideen zuzendariak emandako behin betiko Ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zuzendari nagusiak emandako Ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
24.2.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
RSS