
22. zk., 2026ko otsailaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 3 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
503
AGINDUA, 2026ko urtarrilaren 30ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez ondoriorik gabe uzten baita 2025eko abenduaren 19ko Agindua, Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen dituena eta zeinaren bidez kautelazko beste neurri batzuk ezartzen baitira.
Dermatosi nodular kutsakorra (DNK) gaixotasun biriko emergente bat da, batez ere bektoreek transmititzen dutena. Gaixotasun honen ezaugarriak dira hedatzeko gaitasun handia duela eta abereei eta truke komertzialei kalte larriak eragiten dizkiela. Hurbileko herrialde eta eskualdeetako egoera epidemiologikoak berriki izan duen bilakaera eta Espainian foku aktiboak agertu direla ikusita, nabarmen areagotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arriskua, batez ere animalien mugimendu handia dagoelako eta abeltzaintzako ustiategi asko daudelako.
Egoera hori izanik, eta prebentzio-neurri proportzionalak eta koordinatuak ezartzeko helburuarekin, 2025eko urriaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (204. zk.) agindu hau argitaratu zen: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko urriaren 24ko Agindua, zeinaren bidez Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen baitira. Neurri horiek 2025eko urriaren 31ko Aginduaren bidez aldatu ziren, zenbait zehaztugabetasun tekniko hauteman zirelako, eta segurtasun juridikoagatik. Agindu horretan bildutako neurriek 2025eko azaroaren 30era arte egon behar zuten indarrean.
Aldi hori amaituta, eta egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, Sailak 2025eko abenduaren 1eko Agindua onartu zuen. Agindu horren bidez, gaixotasunari aurre egiteko indarrean zeuden kautelazko neurriak luzatu eta doitu ziren, eta biosegurtasunaren, mugimendu-kontrolaren eta lekualdaketetan ibilgailuak eta animaliak desintsektatzeko derrigortasunaren errefortzuari eutsi zitzaion, salbu eta zuzenean hiltegira eramateko lekualdaketen kasuan. Agindu horren helburua zen prebentzio-esparruaren jarraipena bermatzea, kaltetutako eremuetako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren inguruko osasun-egoera baloratzen zen bitartean.
Ondoren, datu epidemiologikoak eguneratu eta inguruko eskualdeetan beste foku batzuk detektatu zirenez, babes-neurria berriro berrikusi behar izan zen. Horiek horrela, 2025eko abenduaren 19ko Agindua onartu zen, zeinaren bidez ondoriorik gabe utzi baitziren 2025eko abenduaren 1eko Aginduan ezarritako neurriak, eta zegoen arriskura hobeto egokitzen ziren beste kautelazko neurri batzuk hartu baitziren. Agindu horrek gune mugatuetatik zetozen abereak sartzeko murrizketak irmotu zituen, eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko abereak ekartzen zituzten ustiategiei albaitaritza-zaintza ofizialeko araubide indartu bat ezarri zien, eta, gainera, desintsektatzeko betebeharra mantendu zuen mugimendu guztietarako. Neurri horiek 2026ko otsailaren 26ra arte egon behar zuten indarrean.
Duela gutxi, RASVE – Albaitaritzako Alerta Sanitarioaren Sareko Batzordeak, gaixotasunak Frantziako hegoaldean izan duen bilakaera aztertu ondoren, erabaki du I. txertaketa-eremua (foku deklaraturik ez duten txertaketa-eremuak) handitzea, Frantziako mugatik gertuen dauden Aragoiko, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoak sartuz. Txertaketa-eremu berri horrek –Europako Batzordeari jakinarazi zaio dagoeneko– EAEko eta Estatuko gainerako abereentzako babes-hesi bat sortzea ahalbidetzen du, gaixotasunak Frantziako lurraldean izan dezakeen areagotzeari aurre egiteko. Gaixotasunaren bilakaera epidemiologikoa ikusita eta txertaketa-eremua handituta, orain beharrezkoa da dermatosi nodular kutsakorraren aurrean hartu beharreko neurriak eguneratzea.
Horrenbestez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsulta egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 538/2024 Dekretuan ezarritakoaren babesean, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ondoriorik gabe uztea Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko abenduaren 19ko Agindua, zeinaren bidez Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen baitira.
Bigarrena.– Behi-aziendaren presentzia etetea feria, lehiaketa, txapelketa, herri kirol, erromeria, azoka eta ekitaldi orotan, aldi baterako, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.
Hala ere, foru-aldundiek, salbuespen gisa, ustiategi bereko behi-aziendaren presentzia duten ekitaldiak egiteko baimena eman ahal izango dute, baldin eta, ekitaldiaren ondoren, animaliak jatorrizko ustiategira itzultzen badira eta, osasun-arriskuaren banakako ebaluazioa egin ondoren, gaixotasuna kutsatzeko arriskua mugatzeko baldintza nahikoak daudela egiaztatzen bada.
Hirugarrena.– Abere-mugimendu guztietan, aziendak garraiatzeko ibilgailu guztiak garbitzeko eta desinfektatzeko legezko betebeharra betetzeaz gain, ibilgailu horiek eta lekualdatzen diren animaliak desintsektatu beharko dira nahitaez. Ez da derrigorrezkoa izango animaliak desintsektatzea, hiltegira eramateko lekualdatuko badira.
Partidekin batera aurkeztu beharreko agirien artean, garbiketa- eta desinfekzio-ziurtagiria eskatuko da, horretarako baimendutako zentro batek emana, eta garraiobidearen eta animalien desintsektatzea egin dela dioen erantzukizunpeko adierazpena.
Laugarrena.– Ustiategi guztietara datozen behi-aziendak eta beste espezie sentsible batzuetako abereak, behin betiko edo aldi baterako mugimenduetan ekarritakoak (hiltegietarako lekualdaketetan mugitzen direnak izan ezik), baldin eta abere horien jatorria Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dagoen ustiategi bat bada, lekualdaketaren-arrazoia eta jatorria eta helmuga edozein direla ere, albaitari ofizialen zainpean izango dira 28 egun naturalez, Euskadiko ustiategira iristen diren egunetik aurrera. Aldi hori handitu edo murriztu ahal izango da, kasuan-kasuan, dagokion foru-aldundian animalien osasunaren arloan eskumena duen zerbitzuaren irizpidearen arabera, zer arrisku dagoen ebaluatuta.
Epe horretan, ustiategira ekarritako animaliak desintsektatuta egongo dira.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegora ekarritako behiak eta beste espezie sentsible batzuetako animaliak PCR negatibo batekin batera etorriko dira, animalia horiek azken 60 egunetan fokuak deklaratu diren eremu geografikoetatik badatoz.
Bosgarrena.– Laugarren puntuan aipatutako animaliak ekartzen dituzten abeltzaintza-ustiategiak, edozein motatakoak eta sailkapen zooteknikotakoak direla ere, kautelaz immobilizatuta geldituko dira; hain zuzen ere, dagokion foru-aldundian animalien osasunaren arloan eskumena duen zerbitzuak ezarritako aldian. Lekualdatutako animaliak sartzen diren egunean ustiategian dauden behi-azienda eta beste espezie sentsible batzuetako abere guztiei eragingo die immobilizazioak.
Seigarrena.– Gipuzkoako Lurralde Historikoa I. txertaketa-eremuan dagoenez, eta lurralde horretako ustiategien % 95ek eta aziendako abereen % 75ek txertaketa-estaldura izan arte, jatorria eta helmuga Euskal Autonomia Erkidegoan duten behi-azienden mugimenduak hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak adostutako protokoloaren arabera egingo dira. Behin txertaketa-estaldura hori lortuta, agintaritza eskudunak unean-unean ezarritako protokoloetan ezarritakoa aplikatuko da txertaketa-eremuan.
Zazpigarrena.– Agindu honen bidez hartutako neurriek indarrean jarraituko dute, harik eta agindu hau ondoriorik gabe uzteko edo ordezteko beste agindu bat ematen den arte.
Zortzigarrena.– Agindu hau betetzen ez bada, zehapena ezarri ahal izango da Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Bederatzigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango ditu ondorioak.
Hamargarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 30a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS