Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2026ko otsailaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
500

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 26koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez onartzen baita Butroe SL enpresak aurkeztutako atzera egiteko eskaera, proiektu hau egiteko baimen-eskaerari dagokiona: «Zapata» baterietan energia biltzeko eta sortzeko proiektua, 2 MW potentzia izendatua duena eta Oyón-Oiongo udalerrian kokatuta dagoena (Araba).

Espediente zk.: 01GEY 202500020.

AURREKARIAK

2025eko maiatzaren 14an, Butroe SL enpresak aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena eskatu zituen, proiektu hau egiteko: «"Zapata" baterietan energia biltzeko eta sortzeko proiektua, 2 MW potentzia izendatua duena eta Oyón-Oiongo udalerrian kokatuta dagoena (Arabako Lurralde Historikoa)».

2025eko abenduaren 10ean, Butroe SL enpresak Oyón-Oiongo Udalak emandako hirigintza-bateragarritasunaren aurkako txostena jaso zuen, non ezartzen baita, besteak beste, proiektuak Baso Intereseko Eremu gisa sailkatutako azalera saihestu beharko lukeela, eta, hain zuzen ere, halako eremu batean dago kokatuta instalazioa.

2025eko abenduaren 18an, Butroe SL sustatzaileak atzera egiteko eskaera aurkeztu zuen «"Zapata" baterietan energia biltzeko eta sortzeko proiektua, 2 MW potentzia izendatua duena eta Oyón-Oiongo udalerrian kokatuta dagoena (Arabako Lurralde Historikoa)» proiektuaren administrazio-espedientean, eta gordailututako bermeak itzultzeko baimena emateko eskatu zuen, 23/2020 Errege Lege Dekretuaren 1.2 artikuluan eta 1183/2020 Errege Dekretuaren 23.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, zeren eta ezin baita proiektua egikaritu Oyón-Oiongo Udalak emandako hirigintza-bateragarritasunari buruzko aurkako txostenean oinarrituta.

2026ko urtarrilaren 8an, I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAUk emandako sarbide- eta konexio-baimena ezerezteko dokumentua aurkeztu zuen sustatzaileak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Espediente hau izapidetzean, martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuan ezarritako preskripzioak bete dira. Dekretu horren bidez, energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dira.

Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 23.6 artikuluak ezartzen duenez, instalazioa baimentzeko organo eskudunak gordailututako bermearen exekuzioa salbuetsi ahal izango du, baldin eta sarbide- eta konexio-baimenak iraungi badira administrazio publiko baten txosten edo ebazpen batek eraikuntza hori eragotzi duelako eta hark hala eskatu duelako.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikatu behar diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– «"Zapata" baterietan energia biltzeko eta sortzeko proiektua, 2 MW potentzia izendatua duena eta Oyón-Oiongo udalerrian kokatuta dagoena (Arabako Lurralde Historikoa)» izeneko proiektuari dagokionez, Butroe, SL enpresak aurkeztutako baimen-eskaeretan atzera egin duela jotzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailututako bermeak itzultzeko agintzea.

Bigarrena.– Dagokion espedientearen artxibatzea agintzea.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Deskarbonizazioko zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 26a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,

JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.


Azterketa dokumentala