Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2026ko otsailaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
498

11/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Arabako Foru Aldundiarekin arreta soziosanitariorako sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin arreta soziosanitariorako sinatutako lankidetza-hitzarmena. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 26KO 11/2026 EBAZPENARENA
ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, ARRETA SOZIOSANITARIORAKO

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 28a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ramiro Gonzalez Vicente jauna, Arabako ahaldun Nagusia, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta hura ordezkatuz. Hitzarmen hau formalizatzeko eskumena du Gobernu Kontseiluaren 2025eko apirilaren 11ko erabakia dela bide.

Eta bestetik, Alberto Martinez Ruiz jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua. Martinez jaunak egintza honetarako eskumena du, Gobernu Kontseiluaren 2025eko azaroaren 11ko erabakia dela bide.

Alderdiek beharrezko gaitasun juridikoa aintzatesten dute hitzarmen hau sinatzeko, eta hori dela bide,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, 46.1 artikuluan, honela definitzen du arreta soziosanitarioa: osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena.

Bigarrena.– Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 6. eta 7. artikuluek hauxe ezartzen dute: lehenengoei osasun-laguntzarekin zerikusia duten gaien eskumen esklusiboa dagokie; bigarrenei, beren lurraldearen barruan, gizarte-laguntzaren arloko erakunde erkideen legedia gauzatzea.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak ezarritakoaren arabera, EAEko osasun administrazioari dagokio osasun publikoa oro har babestea, prebentzio-neurrien bidez, osasuna sustatzea, banakako osasun-prestazioak ematea eta prestazio horiek emateko baliabide egokiak bermatzea.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretu bidez garatutakoa, foru-aldundiei dagokie bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak ematea. Zerbitzu horiek bazterkeria, mendekotasun eta babesgabetasun egoeren ondoriozko gizarte-premiak asetzen dituzte.

Hirugarrena.– Arreta soziosanitarioari dagokionez, 12/2008 Legearen 56.3 artikuluak, finantza-lankidetzako formulen artean, arreta soziosanitarioko finantzazioa xede horretarako erabakitzen dituzten hitzarmenen bidez egin daitekeela ezartzen du, administrazio publikoak elkarrekin arituz

Halaber, 56. artikuluko 5. atalean ezartzen da EAEko administrazio publikoek euren artean eta beste erakunde publikoekin izandako lankidetza besteak beste lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatuko dela.

Laugarrena.– Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legea argitaratzeak eta EAEko Arreta Soziosanitarioaren Gidalerroak egiteko Esparru Dokumentua (2011) onartzeak definitzen dute EAEn arreta soziosanitarioa emateko jarduera-esparrua. Ondoren, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak berretsitako dokumentu estrategikoetan garatu da esparru hori: Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak 2013-2016, Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoak 2017-2020 eta, estrategia berriena, Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategia 2021-2024.

Bosgarrena.– Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 46.1 atalean berariaz jasotzen denez, arreta soziosanitarioak honako hauek hartuko ditu: osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketak hartzen ditu arreta soziosanitarioak, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 46.2 atalean arreta soziosanitarioaren esparruan arreta berezia jaso dezaketen kolektiboak sartzen dira, besteak beste:

– Mendetasun-egoeran dauden adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak.

– Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, bereziki gaixotasun mental larria eta kronifikatua dutenak eta droga-mendetasuneko arazoak dituztenak.

– Gaixotasun somatiko kronikoak eta/edo baliogabetzaileak dituzten pertsonak.

– Ospitalean alta eman arren, oraindik autozainketarako autonomia nahikorik ez duten gaixotasunen bat duten pertsonak eta gaixotasun terminalak dituzten pertsonak.

– Bazterkeria-arriskuan dauden beste kolektibo batzuetako pertsonak, bereziki babesgabetasun-egoeran edo -arriskuan dauden edo portaera-arazoak dituzten adingabeak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak edo osasun- eta gizarte-laguntza behar duten etorkinak.

Horrenbestez, arestian zehaztutakoarekin bat, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hitzarmenak honako xedapenak izango ditu.

XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da osasun-prestazioa duten gizarte-zerbitzuak garatzeko lankidetza, Gizarte Zerbitzuen Sistemako baliabide hauetan:

– Egoitza-unitate soziosanitarioak (aurrerantzean, EUS), hitzarmen honen I. eranskinean jasotako zehaztapenen arabera.

– Egoitza-unitateak, laguntzak dituzten etxebizitzak eta eguneko zentroak, gaixotasun mental larria eta kronifikatua duten pertsonentzat, hitzarmen honen I. eranskinean ezarritako zehaztapenekin bat.

– Adineko mendekoentzako eta desgaituentzako egoitzak.

Bigarrena.– Betekizunak, sarbidea eta alta.

Hitzarmen honetan jasotako zerbitzuen onuradunak, bertan jasotako unitateetan sartzeko eta alta emateko irizpideak eta prozedurak Arabako Foru Aldundiaren araudian aurreikusitakora egokituko dira, hau da, Arabako Lurralde Historikoan baliabide horiek eskuratu eta erabiltzeko sistema arautzen duenean aurreikusitakora.

Gainera, hitzarmen honen laugarren xedapenean definitutako Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioko Batzorde Teknikoak aldeko irizpena eman beharko du honako baliabide hauetako bakoitzerako:

– Egoitza-unitate soziosanitarioak (aurrerantzean, EUS).

– Egoitza-unitateak, laguntzak dituzten etxebizitzak eta eguneko zentroak, gaixotasun mental larria eta kronifikatua duten pertsonentzat.

Gizarte-baliabideetatik unitate horietara lekualdatzeko eskaerek lehentasuna izango dute.

Hirugarrena.– Alderdien betebeharrak.

a) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren betebeharrak eta erantzukizunak

1.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari dagokio bosgarren klausulan ezarritako kopurua ordaintzeko betebeharra, han adierazitako moduan.

2.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun-sistema publiko osorako ezarritako jarduera klinikoaren gidak eta protokoloak jarriko ditu Arabako Foru Aldundiaren eskura, zentroetan egiten den osasun arloko laguntza-prestazioan aplika ditzan.

3.– Osasun Sailak erreferentziako pertsonak izendatuko ditu laguntza-mailetan, osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen sistemaren arteko koordinazioan eta lankidetzan aurrera egiteko.

4.– Hitzarmenaren aplikazio-eremuan sartzen diren egoitzetako gizarte-zentroetan emandakoaz kanpoko osasun-laguntza arrunta emateko, egoiliarren osasun-zainketen (medikuak eta erizainak) premiei erantzungo die Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, beren prestazio guztien barruan. Horretarako, egoitza-zentro bakoitzeko erabiltzaileen osasun-txartel indibidual guztiak (OTI) kupo batean sartuko dira, Lehen Mailako Arretako dagokion taldearen ardurapean (medikua/erizaina), baldin eta antolamenduaren aldetik posible bada eta interesdunek aurka egiten ez badute aukeratzeko askatasun-eskubidea erabiliz.

b) Arabako Foru Aldundiaren betebeharrak eta erantzukizunak.

1.– Arabako Foru Aldundiak hartzaileen eskura jarriko du lehen xedapenean deskribatutako baliabideetako plaza-kopurua; hitzarmen honen II. eranskinean adierazten dira.

2.– Arabako Foru Aldundiari baliabide horiek kudeatzea eta antolatzea dagokio, baita erakunde laguntzaileekin kudeatzea ere.

3.– Arabako Foru Aldundiak, legez ezarritako prozedura izapidetu aurretik, plaza esleitzeko eta prezio publikoa emateko ebazpena/foru agindua emango du, dagokion foru dekretu arautzailean ezarritako baldintzen arabera.

4.– Arabako Foru Aldundiak jarduerari buruzko urteko memoria bat aurkeztu beharko du. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira: hitzarmenean aurreikusitako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko behar besteko informazioa; plazen kopurua, okupazioa eta erabilgarritasuna; plazen okupazioaren txandakatzeari, batez besteko egonaldiari, unitate bakoitzean sartzeko batez besteko itxaronaldiari eta abarri buruzko informazioa, eta, horrez gain, hura gauzatzearen ondoriozko gastuen eta diru-sarreren xehetasunak.

5.– Edonola ere, zentroetan egiten den osasun arloko laguntza-prestazioak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sistemak osasun-sistema publiko osorako ezarritako praktika klinikoaren gida eta protokoloei jarraituko die.

6.– Arabako Foru Aldundiak zerbitzua ikuskatu, kontrolatu, jarraipena egin eta etengabe ebaluatuko du, haren kalitatea bermatzeko, bai eta aurreikusitako helburuak lortzeko ere.

7.– Osasun-laguntza ematen duten gizarte-zerbitzuen zentroek dagokien osasun baimena izango dute, abian jartzeko eta ibiltzeko.

c) Laguntzeko betebeharra.

1.– Arabako Foru Aldundiak eta Osasun Sailak bi sareetako profesionalen arteko lankidetza eraginkorra eta koordinazio egokia susta dadin lan egingo dute, osasun-esparruan hitzarmenaren aplikazio-eremuan barne hartzen diren erabiltzaileentzat ezartzen diren interes bereziko programa eta jardueretan.

2.– Arreta medikoa eta/edo erizaintzako zainketak egoitza-zentroetako langileek ematen badituzte, eguneroko laguntza-jardueraren erregistroa sustatuko da Osabide Integra aplikazioan, zentroetako langileen eta Osakidetzako laguntza-sarearen arteko lankidetza eta laguntza-koordinazioa errazteko.

Laugarrena.– Arabako Lurralde Historikoko Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioko Batzorde Teknikoa.

Bigarren xedapenaren bigarren paragrafoan adierazitako zerbitzuen ondorioetarako, Arabako Lurralde Historikoko Balorazio eta Orientazio Soziosanitarioko Batzorde Teknikoaren esparruan jardungo dute Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak elkarlanean eta koordinatuta, kudeaketa tekniko-asistentzialerako eta funtzionamendua kudeatzeko (plazetarako sarbidea, plazen esleipena, diru-sarrerak, itxarote-zerrendak eta beste alderdi batzuk); gainera, unitate bakoitzean sartzeko kasuen balorazioa egin, eta unitate horietan sartutako pertsonen egoeraren jarraipena egingo dute, horretarako ezarritako araudia bete dadin sustatzeko.

Bosgarrena.– Finantza-lankidetza.

1.– 2025etik 2026ra bitarteko ekitaldietan, Osasun Sailak hitzarmen honen III. eranskinean adierazitako zenbatekoak bideratuko ditu hitzarmen honen xedea garatzeko

2.– Osasun Sailak ekitaldi bakoitzerako finkatutako zenbatekoaren % 100 ordainduko du 12 hileko ordainketa berdinetan. Ordainketa hilaren lehen 15 egunen barruan egingo da.

Seigarrena.– Jarraipen batzorde mistoa.

Batzorde misto bat sortuko da, paritarioa, lankidetza-hitzarmen hau garatzeko orduan koordinazio egokia edukitzeaz eta hura gauzatzen dela kontrolatzeaz arduratuko dena.

Batzorde hori sei pertsonaz osatuta egongo da. Horietatik, hiru, alderdi bakoitzak izendatuko ditu.

Arabako Foru Aldundiaren aldetik, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen saileko titularrak egingo ditu izendatzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik, arlo soziosanitarioan eskumena duen zuzendaritzako titularrak egingo ditu izendatzeak.

Kideek egoki baderitzote, hitzarmenean barne hartzen diren gizarte edo osasun zerbitzuetako edo beste erakunde batzuetako ordezkariak sartu ahalko dira, kontsulta-eginkizunetarako. Beraz, hitza izango dute, baina botorik ez.

Batzordea urtean behin bilduko da ohiko izaerarekin, eta, gainera, ezohiko bilerak egin ahal izango dira, alderdietako edozeinek eskatuta. Hitzarmen honetan jasota ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeari eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeari jarraituko die.

Alderdiak ados jarrita hartuko dira batzordearen erabakiak.

Hauexek izango dira batzordearen eginkizun orokorrak:

a) Hitzarmena interpretatzea eta hura betetzen dela zaintzea, eta egin litezkeen ez-betetzeen mailakatzea zehazteko irizpideak ezartzea.

b) Bere funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta egokitzat jotzen dituen aldaketa-proposamenak egitea.

c) Baliabideen okupazio-indizearen eta baliabide-tipologia bakoitzari dagokion itxarote-zerrendaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, Arabako Foru Aldundiak urteko memorian emandako datuekin.

d) Plaza kopurua egokitzeko proposamenak egitea eta, hala badagokio, urteko zenbateko ekonomikoa eguneratzea.

e) Behin betiko likidazioa eta urteko jardueraren memoria onartzea; horretarako, kontuan hartuko da ekitaldi bakoitzean II. eranskinean zerrendatutako plazak benetan erabilgarri dauden.

Zazpigarrena.– Ez-betetzea.

Alderdietako batek hitzarmen honetan jasotako aginduren bat betetzen ez badu, beste alderdiari jakinaraziko dio, modu frogagarrian, eta batzorde mistoari helaraziko dio hori. Ez-betetze hori alderdietako bati egotz dakiokeen ala ez erabakiko du batzordeak, eta, hala bada, seigarren klausulan aurreikusitakoaren arabera hartu beharreko erabakiak hartuko dira. Egoera bideratzeko aukera emango duen irtenbide bat adostea izango da helburua. Akordio hori ezinezkoa bada, hitzarmena suntsiarazi ahal izango da.

Ez-betetzea Arabako Foru Aldundiari egotzi ahal bazaio, ez-betetzea gertatzen den ekitaldiari dagozkion zenbateko guztiak edo zati bat itzuli beharko ditu 30 eguneko epean, eta, hala badagokio, kobratzeke dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko du. Itzulketa partzial bat zehaztu ahal izateko, beharrezkoa da betetze-maila modu esanguratsuan hurbiltzea erabat betetzera, eta Arabako Foru Aldundiak argi eta garbi egiaztatu beharko du bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduera izan duela.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Sinatzen duten alderdiek hitzarmen honen baldintzak alda ditzakete edozein unetan, ados badaude, eranskin bat sinatuz.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau bi alderdiek sinatu ondoren jarriko da indarrean, 2026ko abenduaren 31ra arte. Hitzarmena berariaz bi urte gehiago luzatu ahal izango da bi alderdiak ados jartzen badira, eta ezin izango da gainditu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean aurreikusitako iraupena.

Hamargarrena.– Azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmen honen iraungitzea, ebazpena, ondorioak eta han berariaz arautzen ez den guztian, sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko tituluko IV. kapituluan Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hamaikagarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen hau betetzearen ondorioz ikusten diren informazioa eta datu pertsonalak pertsona fisikoen babesari buruzko 2016ko apirilaren 27ko Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren 2016/679 Arautegian ezarritakoak babestuko ditu, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari (DPBAO) dagokienez, datu pertsonalen babesari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, eta aplikatzekoak diren eskubide digitalen eta gainerako arautegiaren berme gisa. Tratatzen diren datu pertsonalak hitzarmen honen xederako bakarrik erabiliko ditu, eta ez ditu inola ere erabiliko bereak diren beste helburu batzuetarako.

Eta aurretik azaldutako guztiarekin ados egonda, hitzarmen honen bi kopia sinatzen dituzte, goian adierazitako tokian eta egunean.

Arabako ahaldun nagusia,

RAMIRO GONZÁLEZ VICENTE.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

I. ERANSKINA
ZERBITZUEN ZEHAZTAPENAK

1.– Egoitza-unitate soziosanitarioak.

Definizioa:

Egoitza-unitate soziosanitarioak aldi baterako laguntza-baliabideak dira, konplexutasun txikiko eta intentsitate handiko zainketa sanitarioak behar dituzten pertsonei beharrezko prestazioak emateko diseinatuak, baldin eta haien egoera soziofamiliarra dela-eta ezin badituzte adinekoen etxean edo egoitza batean behar bezala aplikatu eta gainbegiratu zainketa horiek, eta, edozein baldintza edo titulu juridikoren pean, Arabako Foru Aldundiaren mende badaude, EAEko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen Zerbitzu eta Prestazioen Katalogoaren esparruan.

Gizarte-zerbitzu horiek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 5eko 185/2015 Dekretuaren barruan garatuko dira, eta foru-aldundiei eskumen osagarriak eta osasun-eskumenak emango zaizkie gizarte-zerbitzuak emateko.

Trantsizio-baliabide gisa, egoitza-unitate soziosanitarioek aldi baterako bizilekua emango diete (berariazko baimenik ezean eta salbuespenezko kasuetan) gizarte- eta osasun-premiak aldi berean dituzten pertsonei.

Egoitza-unitate soziosanitarioen helburuak honako hauek dira: gaitasun funtzionalen hobekuntza sustatzea; bizitzaren azken fasean dauden pertsonen bizi-kalitatea ahal den neurrian erraztea; ospitaleratutako pazienteei arreta ematea, baldin eta, alta klinikoko egoeran egon arren, arreta ezin bada gauzatu hainbat motatako arrazoi soziosanitarioengatik, eta arreta soziosanitario bizia ematea etxean edo adinekoen egoitzetan mantentzea zaila den egoeran dauden pertsonei, arreta soziosanitarioko beharrak dituztelako, baina ezin badira ospitaleratu.

2.– Gaixotasun mental larria eta kronifikatua duten pertsonentzako egoitza-unitateak, laguntzak dituzten etxebizitzak eta eguneko zentroak.

Definizioa:

– Eguneko arreta-zentroak dira, gizarteratzeko zerbitzu bat eskaintzen dutenak. Zerbitzu horrek hainbat eginkizun betetzen ditu eta arreta denbora luzean eskaintzen du. Helburua da erabiltzaileek ez galtzea ingurunearekiko lotura, eta akonpainamendu indibidualizatu bat eskaintzen zaie gizarteratze-ibilbidean, ikuspegi integral batetik uztartuz esku-hartze okupazionalak, hezkuntzakoak, terapeutikoak eta laneratzeko eta gizarteratzeko esku-hartzeak.

– Laguntza duten etxebizitzak, egonaldi luzeak egitekoak, gabezia psikosozialak eta buruko gaixotasun mental larriak eta kronikoak dituzten pertsonei testuinguru komunitarioan bizitzeko aukera emateko, intentsitate ertaineko heziketa laguntza eta laguntza psikosozialarekin.

– Laguntzak dituzten etxebizitzak. Halakoetan arreta ematen zaien pertsonek ez dute behar etengabeko gainbegiratzerik; inklusio-prozesu batean daude, eta, gizarte- eta lan-inklusiora eta bizimodu normalizatura itzultzera bideratutako ibilbide pertsonalizatu baten esparruan, zerbitzutik kanpoko prestakuntzako eta garapen pertsonaleko jardueretan parte hartzen dute, egunean zehar.

– Egonaldi ertainerako egoitza-zentroak, errehabilitazio psikosozialerako, nahasmendu mental larria dutenentzat, tratamendu psikiatrikoan daudenentzat, drogazaletasunak dituztenentzat, errehabilitazio psikosozialaren aldeko pronostikoa duen desgaitasun iraunkorra dutenentzat eta gizarte-euskarri egokirik ez dutenentzat.

– Egonaldi luzerako egoitza-zentroak, egoera kronifikatuan dauden eta gaixotasun mental larria eta kronikoa duten pertsonentzat. Egonaldi luzeko zerbitzua eskaintzen zaie, gizarte-inklusioa eta esku-hartze geldoko erritmoa uztartzen dituen ikuspegia duena.

– Egoitza-zentroak, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko etengabeko gainbegiraketa edo laguntza behar duten pertsonei arreta eskaintzen dietenak. Zaintzaileak dituzte uneoro.

3.– Mendekotasuna duten pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroak.

Definizioa:

Mendekotasuna duten pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroak laguntza-baliabideak dira. Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako –II. eta III. graduetan eta, salbuespen gisa, I. graduan– eta desgaitasuna duten pertsonentzako etxebizitza ohiko edo iraunkor gisa erabiltzeko xedea dute, baldin eta beren beharrizan sozialak eta sanitarioak behar bezala ase ezin badituzte beren ohiko ingurunean –bizileku pertsonala edo familiarra–, zaintzaren intentsitate handia eta arreta integrala, jarraitua eta aldizkako laguntza-mailak behar dituztelako.

Desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroen barruan, bi mota bereizten dira:

– Laguntzak dituzten etxebizitzak. Halakoetan arreta ematen zaien pertsonek ez dute behar etengabeko gainbegiratzerik; inklusio-prozesu batean daude, eta, gizarte- eta lan-inklusiora eta bizimodu normalizatura itzultzera bideratutako ibilbide pertsonalizatu baten esparruan, zerbitzutik kanpoko prestakuntzako eta garapen pertsonaleko jardueretan parte hartzen dute, egunean zehar.

– Egoitza-zentroak, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko etengabeko gainbegiraketa edo laguntza behar duten pertsonei arreta eskaintzen dietenak. Zaintzaileak dituzte uneoro.

Nolanahi ere, hitzarmen hau Bizkaiko Foru Aldundiaren mende dauden izaera edo titulu juridikoa duten zentroei buruzkoa da, Euskadiko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen Zerbitzuen eta Prestazioen Katalogoaren 22. artikuluaren esparruan.

II. ERANSKINA
PLAZA KOPURUA
(Ikusi .PDF Fitxategia)
III. ERANSKINA
FINANTZA-LANKIDETZA
(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala