
21. zk., 2026ko otsailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 14 orri.)
- EPUB (135 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
474
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Donostiako HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita hirigintza-eremuko «AL.03 Altza Gaina» (Altza) eta Aldakoneako hegaleko «EG.04 Atotxa», «EG.06 Duque de Mandas» eta «EG.08 Aldakonea» (Egia) lurzoruei buruz (Gipuzkoa).
AURREKARIAK
2025eko urriaren 5ean, Donostiako Udalak ingurumen-organoari Donostiako HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera egin zion, hirigintza-eremuko «AL.03 Altza Gaina» (Altza) eta Aldakoneako hegaleko «EG.04 Atotxa», «EG.06 Duque de Mandas» eta «EG.08 Aldakonea» (Egia) lurzoruei buruzkoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa betez. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukia baitzeukan.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko apirilaren 7an, eta espedientean jasota dago emaitza. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Aipatutako Donostiako HAPOren aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak gainditu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.
Lege horren 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, eta egindako kontsulten emaitza kontuan hartuta eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatu behar den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea hirigintza-eremuko «AL.03 Altza Gaina» (Altza) eta Aldakoneako hegaleko «EG.04 Atotxa», «EG.06 Duque de Mandas» eta «EG.08 Aldakonea» (Egia) lurzoruei buruz (aurrerantzean, Plana), honako baldintza hauetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzearen helburu nagusia da Aldakonea eremuko ibilgailuen eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzak hobetzea eta eremuaren hiri-berrikuntza egitea. Bestalde, aldaketak Altzako «Eraikuntzaren Institutua» finkaren zati bat gehituko dio hirigintzako esku-hartzeari, gaur-gaurkoz erabiltzen ez dena, legeriak Aldakonea eremurako eskatzen duen «zuzkidura-bizitokiak» zuzkidura behar bezala ebazteko eta institutuaren finkaren eraikinetako batek behin-behinean hartzen duen udalaren kirol-instalazioa sendotzeko. Gainera, udal-hilerriari esleitutako partzelaren mugak erregularizatzea proposatzen da.
Bi jarduketa-eremuak «Aldakonea» eta «Altza» dira:
«Aldakonea» jarduketa-eremua Urumearen eskuineko ertzean dago, Egia auzoaren mendebaldean, eta Mandasko Dukearen kaletik Aldakoneako bizkarreraino igotzen den hegala hartzen du. Gaur-gaurkoz, hegala urbanizatuta dago, lorategi-guneetako zuhaitz-landaredia duten guneak ditu, eta tipologia irekiko etxebizitzak dira nagusi, lau solairu inguruko blokeetan, bai eta etxebizitza isolatuak ere. Indarrean dagoen HAPOk hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzorua da.
«Aldakonean» honako hauek bereizten dira: behealdea, Mandasko Dukearen kalean, hiri-zabalgunearen erako eraikuntzekin eta hondo handiko eraikuntzekin; Aldakonea kalea, maldan eta estua; Onkologiko zaharraren eremua (eraitsia), irisgarritasun-baldintza eskasekin; San Antonio etxea (Osalan); eta, gainera, Mandasko Dukearen eta Aldakonea kaleen atzeko espazioan kokatutako beste bizitegi-eraikin batzuk eta Onkologikoa, altuera txikikoa eta baratzeetarako partzelak dituena.
«Altza» jarduketa-eremua Altza auzoaren goialdean dago, eta, batetik, «Eraikuntzaren Institutuaren» partzela barne hartzen du. HAPOn ekipamendu komunitarioko sistema orokor gisa (g.00) kalifikatutako hiri-lurzoru finkatua da. Bestalde, udal-hilerriari esleitutako partzelaren mugak erregularizatzea proposatzen da.
Proposatutako aldaketak doikuntzak egitea dakar aztertutako bi eremuetako egiturazko zehaztapenetan, eta, era berean, Altzako Eraikuntzaren Institutuko azpieremurako (AL.03.1) antolamendu xehatu berria egitea.
Altzako jarduketak:
Altzako «Eraikuntzaren Institutuaren» hegoaldean –4.273 m2– zuzkidura-bizitokietarako lurzorua gorde da, eta erreserba hori beharrezkoa da, Aldakonea eremuan bizitegi gehiago izatea baitago proiektatuta (285 m2 inguru).
«Eraikuntzaren Institutuaren» partzelaren zati bat (AL.03.1 azpieremua, «Eraikuntzaren Institutua (Hegoaldea)») azpieremu berri batean sartuko da, eta «AL.03 Atza Gaina» izena izango du.
Gaur egun hutsik dagoen Eraikuntzaren Institutua bost eraikineko multzo batek osatzen du. Proposamenaren helburua da eraikin horietako baten («2» eraikina) beheko solairuan dagoen udal-gimnasioa finkatzea –duela urte batzuk instalatu zen–, eta, horrela, eraikina erabilera horretarako birgaitzea eta berrerabiltzea. Lurzoruen kalifikazioari dagokionez, «G.00 ekipamendu komunitarioko sistema orokor» sailkapenari eutsiko zaio.
Halaber, udal-hilerriari esleitutako partzelaren mugak erregularizatzea proposatzen da, benetan dauden titulartasun-baldintzetara egokitzeko –azalera 1.294 m2 handitzea–.
Aldakoneako jarduketak:
«EG.08.1 Aldakoneako hegala» azpieremu berria –34.803 m2-koa– mugatzen da, eta indarrean dagoen HAPOko «EG.08.1 Onkologikoa» azpieremua –19.920 m2-koa– ordezkatuko du. Eremu horretako helburua da garapen berria Mandasko Dukearen pasealekuko espazioarekin eta hirigunearekin hobeto integratzea. Horretarako, ondoko hirigintza-eremuetako lurzoru batzuk azpieremuan sartu dira: «EG.04 Atotxa» (63 m2), «EG.06 Mandasko Dukea» (5.743 m2) eta «EG.08 Aldakonea» (20.196 m2). Era berean, Maldatxo kaletik hurbil dauden lursail batzuk kanpoan utzi dira, dokumentuetan ezin baita egiaztatu «San Antonio etxea» finkaren jabetzakoa denik –337 m2–.
Honako zonakatze global hau definitu da:
– A.30/EG.08.1 eremua, Eraikuntza irekiko bizitegikoa: 26.009 m2.
– F.10/EG.08.1 eremua, Espazio libreen sistema orokorra: 3.499 m2.
– G.00/EG.08.1 eremua, Ekipamendu komunitarioa (SO): 5.295 m2.
i) G.00/EG.08.1.1 eremua, Nazaret zentroa: 4.847 m2.
ii) G.00/EG.08.1.2 eremua, Aldakonea egoitza (handitzea): 448 m2.
Planak proposatzen du Nazaret zentroko eraikin batzuk, Aldakonea egoitza (bi kasuetan, esku-hartzeak horien funtzionaltasunerako garrantzirik ez daukaten finken zati bati besterik ez dio eragiten), Maldatxo etxea eta, aukeran, «San Antonio etxearen» eraikin nagusia finkatzea. Lehendik dauden gainerako eraikinak «antolamenduz kanpokotzat» hartu dira: 57 etxebizitza, mota askotako lokaletako 8.200 m2(t) inguru, horietako asko «sestra azpian» eta ez-konputagarriak, «Presentación de María ikastetxea», irakaskuntzarako eraikin pribatua –4.192 m2(t)– eta merkataritza-lokaletako 430 m2(t) inguru Mandasko Dukearen pasealekuko 5/7 eraikinetako beheko solairuan eta solairuartean. Antolamenduak, hegalaren erdialdean, oinarrizko zuzkidura batzuk izango ditu: egoteko eremuak, pasealeku publikoak, ekipamendua eta merkataritza-lokalak.
Aldakoneako hegaleko EG.08.1 azpieremuaren antolamendu xehatua hiri-antolamenduko plan berezi bati lotuta dago.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak aldatzen duen HAPOn proposatutako kalifikazio globala errespetatzen du; azpieremuetako baten, Aldakonearen, antolamendurako Plan Berezi bat egitea aurreikusten du, eta Altza auzoko azpieremuetarako aurreikusitako antolamenduaren kasuan zuzeneko egikaritzea egitea. Hala ere, Udalak kontuan hartuko du xehetasun-azterketa bat egin behar den edo, eraikigarritasun fisikoa % 15etik gora handitzea planteatuko balitz, antolamendu-plan berezia egin behar den. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, eraikuntzan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak, eta giza osasunaren gaineko bero-boladen arriskua murrizteko neurriak sar daitezke Planean, iragazkortuz eta espazio publikoak landareztatuz.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste: kultura-ondarea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, kutsadura atmosferikoa, akustikoa eta luminikoa, zarata, hondakinak, isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Eremuak klima epel ozeanikoa eta hezetasun erlatibo handia dauzka, eta euri ugari egiten du urte osoan. Airearen kalitateak, EAEko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko Easoko eta Ategorrietako estazioetan lortutako emaitzen arabera (eremutik 1 kilometrora daude norabide desberdinetan), oso maila ona du –2023an eskuragarri zegoen txostenaren arabera, eta SO2, CO eta PM2,5 datuei dagokienez–, eta PM10erako ezarritako balio objektiboa betetzen du. Aldakonea azpieremuan malda oso handiak daude, eta hegala +5 (Mandasko Dukearen kalea) eta +55 (Konkorrenea kalea) koten artean dago. Altzan topografia erregularra da, lehendik dauden eraikinak garatzeko egin zen berdinketagatik.
Aztergai dugun eremua Donostiako Monoklinala izeneko elementuari dagokio. Egiturari dagokionez, materialak «Donostiako Unitatekoak» dira. Unitate horrek karbonatatutako edo detritiko-karbonatatutako material «flyschoideen» segida bat izatea du ezaugarri, eta horretan, oinarrizko arroka bolkaniko edo bolkanoklastikoen gorputz batzuk tartekatzen dira. Aldakoneako hegala kareharri tupatsuak, kareharrizko margak eta kareharri hareatsuak tartekatzen dituzten materialen gainean dago, pitzaduragatiko iragazkortasun ertaina dauka, eta ipar-mendebaldean azalera txiki bat Urumea ibaiarekin lotutako alubioi-deposituen gainean dago. Altzako azpieremuak litologia homogeneoa dauka: kareharri tupatsuen, kareharrizko margen eta kalkareniten gainean dago osorik, eta pitzaduragatiko iragazkortasun txikia dauka.
Hiri-eremuan dauden lurzoruak Gipuzkoako Mota Agrologikoen Mapako VIII. mota agrologikokoak dira (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1988), eta oso balio agrologiko txikia edo batere ez dute.
Aldakonea azpieremua Urumearen Unitate Hidrologikoan dago (ES111T018010 Urumea trantsizioa), eta Altzako azpieremua ES111O000017 Oiartzun trantsizioko drainatzea ur-masaren arroan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. Marea-zikloen ondoriozko aldaketei lotuta dagoen Urumearen ur-masa ia guztiz bideratuta dago Loiolatik bokaleraino, eta hiri- eta industria-isurketak hartzen ditu. Aldakoneako azterketa-eremuan ez dago ur-ibilgu etengaberik, eta Urumearen ibilgura dagoen distantzia 280 metrokoa da. Altzako eremutik hurbilen dagoen ibaia Larratxo erreka da, Eraikuntzaren Institututik 270 metrora; lurpean igarotzen da eta Pasaiako portuan itsasoratzen da.
Altzako azpieremu hori Oiartzunen estuarioko nutrienteen ekarpenarekiko inguru kalteberen ura hartzeko eremuaren barnean dago (ESCA641), zeina Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan jasota baitago.
Eremua «Zumaia-Irun» (ES017MSBTES111S000015) ur-masaren gainean dago, eta azalera zabaleko masa bat da. EAEko uren egoera zaintzeko sarearen arabera, 2022an egoera kuantitatibo ona eta egoera kimiko ona zituen. Aldakoneako hego-mendebaldeko kanpoko zati txiki bat (Presentación de María ikastetxeko jolastokiarena) interes hidrogeologikoko eremu gisa identifikatuta dago.
Ingurumen-dokumentuak Aldakoneako hegaleko landaredi-unitate hauek bereizten ditu, in situ egindako behaketei esker:
– Hostozabalen masa: Aldakoneako hegaleko azpieremuaren hego-mendebaldean lizarrak (Fraxinus excelsior), ereinotzak (Laurus nobilis), bananak (Platanus x hybrida), astigarrak (Acer pseudoplatanus), sahatsak (Salix atrocinerea) eta beste batzuk daude, hala nola Robinia pseudoacacia eta Ficus carica. Banbu eta zuhaixka-espezie apaingarriak ere ikusi dira. Eremu hori partzialki sartuta dago indarrean dagoen HAPOren c.1.d «Landaredi interesgarriko habitatak. Hiriko zuhaiztiak, parkeak eta lorategiak» baldintzatzailean.
– Lorategi-landaredia, zuhaixka apaingarriak, banana handiak eta San Antonio etxearekin lotutako heskaiak dituzten eremu urbanizatuak. Etxe horrek zuhaitz autoktonoak eta zuhaixkak dituen lorategi bat dauka, eta akanto ugari (Acanthus molli). Lorategi horren zati bat indarrean dagoen HAPOren c.1.d «Landaredi interesgarriko habitatak. Hiriko zuhaiztiak, parkeak eta lorategiak» baldintzatzailean sartuta dago.
– Ezkien (Tilia platyphyllos) landaketa lerrokatuak, Aldakoneako egoitza inguratzen duten ereinotz eta astigarrekin batera. Zuhaitz horiek paisaia-interesa dute, eta, besteak beste, indi gaztainondoak (Aesculus hippocastanum) eta zuhaixka apaingarriak daude, hala nola heriotzorriak, akantoak eta pirakantak. Lorategi-eremuen barruan sartu da.
– Barazkiak eta/edo fruta-arbolak landatzeko baratze-eremuak. Aztergai den eremuan ordezkaritza eskasa dute eta eraikuntza-unitatean sartuta daude.
– Lur irauliak, landaretzarik gabeak, lehen Onkologikoaren eraikinak okupatutakoak. Gaur egun landaredi erruderal-nitrofiloak okupatzen du, eta Buddleia davidii inbaditzailea ere badago.
– Landaredi erruderal-nitrofiloa (sasitza) dago Mandasko Dukearen kaleko eraikinen atzealdean eta Onkologiko zaharrak okupatutako lurretan.
Altzako Eraikuntzaren Institutuaren azpieremuan, landaredi bakarra eraikinak inguratzen dituzten parterreak, zenbait lizar, hiru zedro, pago bat eta bi gorosti dira, bai eta espezie apaingarriak ere, hala nola erramua, gereziondoak, laranjondoak eta Eleagnus ebbingei eta Pittosporum tobira espezietako heskaiak.
Faunari dagokionez, aztertzeko eremuan ez dago habitat esanguratsurik Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko 10x10 UTM 30TWN89 laukian aipatutako espezie gehienentzat. Planaren eremuak ez datoz bat kudeaketa-plana onartuta duten espezieen banaketa-eremuekin. Aldakoneako hegalak Schreiber muskerraren (Lacerta schereiberi) lehentasunezko banaketa-eremuarekin (LBE) egiten du bat, baina uste da ez dela oso gertagarria espezie hori aztergai den eremuan egotea.
Paisaiari dagokionez, bai Aldakonea azpieremua bai Altzako Eraikuntzaren Institutua Pasaiako ikuseremuak dira (465), paisaia-kalitate oso txikikotzat baloratu zen, eta ez zen EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartu. Eremuak dauden paisaia-unitateak «eremu antropogenikoan hiria» izatea du bereizgarri.
Donostiako Eremu Funtzionaleko (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Paisaiaren Katalogoaren eta Zehaztapenen arabera, Aldakoneako hegala paisaia-unitate honetan dago: BU.1 Donostiako badia. Unitate horren helburu orokorra paisaiaren kalitatea hobetzea da, eta, horretarako, neurri zehatzak proposatzen dira, osagai eta elementu apartekoak kontserbatzea barne hartzen dutenak. Aldakoneak ez du kokagune edo elementu esanguratsurik, balio kultural eta/edo naturalengatik, ezta paisaiaren osagai apartekorik ere. Eremuaren paisaia-hauskortasuna ertain-baxu gisa sailkatuta dago, Aldakoneako hegalaren goiko aldea izan ezik; izan ere, azken horrek hauskortasun ertaineko kalifikazioa dauka, muinoaren goialdean dagoelako.
Altzako Eraikuntzaren Institutuaren azpieremuari dagokionez, Paisaiaren Katalogoak BU-2 «Donostiako Ingurabide Periferikoa» eremuan kokatzen du. Katalogoak eremu honetarako proposatzen dituen neurrien artean, kalitate bisual eskaseko bizitegi-kokalekuak hobetzea dago –besteak beste, Altza Gaina eremua–, hiri-birgaitzean eta -berrikuntzan integratzeko eta bisualki hobetzeko irizpideak erabiliz, hiri-egitura degradatuenen balioa nabarmentzera bideratuta.
«EG.08.1 Aldakoneako hegala» azpieremuan, balizko arkeologia-gunetzat aitortutako eremu bat identifikatzen da –San Frantzisko komentua; 23. fitxa, 1997-09-29ko EHAA, 185. zk.–. San Frantzisko komentua 1606an sortu zen eta 1836an erre eta eraitsi egin zuten. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroak adierazi du ez dakiela zehazki zein den komentuaren kokapena; hortaz, arkeologia da komentu zaharraren kokapen zehatza jakiteko aukera bakarra. Adierazi duenaren arabera, interes arkeologikoa azpieremuaren lurpean eta ipar-mendebaldeko egituretan dago, Mandasko Dukea eta Aldakonea kaleen arteko elkargunean, eta uste da komentuaren aztarnak egon daitezkeela.
Aldakonea azpieremuaren ondoan, eta handik kanpo, IV. babes-mailarekin katalogatutako zenbait eraikin daude; maila horretan, kanpoko irudia babesten zaien eraikinak eta eraikuntzak biltzen dira. Hain zuzen, Mandasko Dukearen pasealekuko 7 bizitegi-eraikin dira, kale horretako 11,13, 23, 25, 27, 29 eta 37 zenbakietan daudenak. Planak ez du eraginik izango eraikin horietan.
«AL.03.1 Eraikuntzaren Institutua» azpieremuaren azterketa akustikoan, eguneko eta arratsaldeko aldietako egungo egoeraren emaitzek –muga: 60 dB(A)– adierazten dute ez dela kalitate akustikoaren helburua gainditzen; gaueko aldian, ordea, gainditzen dira –muga: 50 dB(A)–, alboko kaleetako trafikoa dela eta.
Ingurumen-arriskuak:
Ingurumen-dokumentuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen ondoriozko arriskuak aztertzen ditu, eta, Aldakonea azpieremuan, inbentarioan jasotako hiru kokaleku daude, hirurak ere industrialak:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Klima-aldaketari zor zaizkion arriskuei dagokienez, ingurumen-dokumentuak «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» dokumentua hartzen du erreferentziatzat, 2019ko urtarrilean argitaratua. Agiri horrek lehentasunezko inpaktu-kateen kopuru bat identifikatzen du, besteak beste: «Bero-boladen inpaktua gizakion osasunean», «Ibai-uholdeen inpaktua hiri-ingurunean», «Itsasoaren maila igotzean eragindako uholdeen inpaktua hiri-ingurunean» eta «Lehortea handitzearen inpaktua jarduera ekonomikoetan (batez ere nekazaritzan)». Analisian, arriskuak bi agertoki desberdinetan baloratzen dira (RCP 4.5 eta RCP 8.5), berotegi-efektuko gasen emisioaren arabera zehaztuta, eta RCP 8.5 da kaltetuena. Aipatutako arrisku horiek guztiak EAEn eta Donostian handitu egingo direla aurreikusten da.
Planaren eremuak Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuaren kartografiako uholdea jasotzeko arriskua duten guneetatik kanpo daude, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-guneetatik kanpo. Bi eremuek akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso baxua dute, eta Aldakoneako bazterretako eremuak bakarrik sailkatu dira kalteberatasun baxukotzat.
3.– Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak:
Aztergai diren eremuak hiri-inguruneak dira, eta ez da ingurumen-balio adierazgarririk lokalizatu, ezta horri lotutako ingurumen-arrisku garrantzitsurik ere. Aldakoneako hegalean, naturaren ikuspegitik begiratuta, zuhaitz-masa txikiak aipatu behar dira batez ere, hostozabal autoktonoen eta aloktonoen espezieak nahasten dituztenak. Zuhaitz-eremu horietako batzuk HAPOren ingurumen-baldintzatzaileen barruan daude: «C.1d. Hiriko zuhaiztiak, parkeak eta lorategiak». Gune hori Mandasko Dukearen kalearen atzealdearen eta Maldatxo kalearen artean dago, eta Onkologiko zaharreraino igotzen den malda handiko hegala hartzen du.
Honako hauekin lotutako inpaktu negatiboak eragin ditzaketen jarduerak:
– Lurzoruaren okupazioa eta artifizializazioa: Okupazioagatiko inpaktua obren fasean (bateragarria izan arren). Bestalde, hiri-dentsifikazioari mesede egiten dio eta landa-lurzoruen gaineko erasan berriak saihesten ditu.
– Landaredia: Baratzak, lorategiak eta zuhaitz-masak deuseztatzea (inpaktu ez oso esanguratsua). Berrurbanizazioari esker, landaredia sartu ahal izango da diseinuan, eta dauden berdeguneak hobetu.
– Fauna: Habitata galduko da aldi baterako, eta baliteke obrek iraun bitartean hiri-espezieei erasatea.
– Lurpeko urak: Arrisku oso txikia eremu hidrogeologikoan (inpaktu ez esanguratsua).
– Paisaia: Aldi baterako inpaktu negatiboak eraiste-lanak egin bitartean, eta hobetzeko aukera eraikin zaharkituak berritzean eta hiri-sarea osatzean.
– Kutsatuta egon litezkeen lurzoruak: Lur-mugimenduekin lotutako arriskua (bateragarria, araudia betez gero).
– Zarata eta kutsadura atmosferikoa: Aldi baterako handituko da, obrak egin bitartean (neurrizkoa, alderantzikagarria).
– Eraisketetako hondakinak eta soberakinak: Hondakin ugari sortuko dira (neurrizkoa).
– Hondakinak eta baliabideen kontsumoa ustiategian: Kontsumoaren igoera eta hondakinen sorrera (inpaktu mugatua).
– Klima-aldaketa: Aldakonean, «bero-uhartea» efektuari ekarpen txikia egingo zaio (neurrizkoa), eta, aldi berean, aukera izango da arintze- eta egokitze-printzipioak integratzeko, energia-jasangarritasuneko neurriekin.
4.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta esparruaren antolamendurako planetan jasotakoaren arabera gauzatuko dira.
Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako hauek izango dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko babes-neurri eta neurri zuzentzaileak:
a) Kultur ondarea babesteko neurriak:
Planaren ondoriozko jarduketek Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko dute.
Aurreikusitako plangintzan proiektatutako lanen barruan balizko arkeologia-gunearen –San Frantzisko komentua; 23. fitxa, 1997-09-29ko EHAA, 185. zk.– mugaketa-eremuari eragin diezaioketen lur-mugimenduak egin behar badira, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua bete beharko da. Artikulu horretan ezartzen denaren arabera, gutxienez, azterlan arkeologiko bat egin behar da aurretik, eta azterlan horrekin zehaztu beharko du Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu arkeologiko bat egin behar den ala ez.
Aldakonea azpieremuaren mugan, Donostiako Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babestekoa Plan Berezia (HEOBPB) arabera babestutako eraikin batzuk daude: Duque de Mandas pasealekua 11, 13, 23, 25, 27, 29 eta 37. Nolanahi ere, horien gaineko erasanek HEOBPB horretan ezarritakoa bete beharko dute.
b) Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:
Eremuko hiru lurzati lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude (20069-00104, 20069-00105 eta 20069-00132 kodeak). Hori horrela, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.
Aipatutako partzelatakoren batean Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da.
Hondeaketa-lana egin behar bada eta lurzati horietan ateratako materialak 500 m3-ko bolumena gainditzen badu, nahitaezkoa izango da gaika hondeatzeko plan bat aurkeztea, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakunde egiaztatu batek egina. Planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribaturiko edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du lanei ekin aurretik.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu oinarridunak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
c) Paisaiari dagozkion neurriak:
Aldakoneako hegala Donostiako Eremu Funtzionaleko (Donostialdea-Bidasoa Beherea) Paisaiaren Katalogoaren eta Zehaztapenetako BU.1 Donostiako badia paisaia-unitatean dago. Antolamendua garatzeko plangintzak paisaia-erasanen ebaluazioa eta neurri zehatzak jaso beharko ditu, unitate horretarako helburu orokorra lortzeko: paisaiaren kalitatea hobetzea.
BU-2 «Donostiako Ingurabide Periferikoa» paisaia-unitatean, non Altzako Eraikuntzaren Institutuaren azpieremua dagoen, Katalogoak hobekuntza jasotzen du, hiri-birgaitzean eta -berrikuntzan integratzeko eta bisualki hobetzeko irizpideak erabiliz, hiri-egitura degradatuenen balioa nabarmentzera bideratuta.
Irizpideak zehaztuko dira planaren ondoriozko hirigintza-garapenak paisaian integratzeko; horretarako, erabili beharreko espezieak eta birlandatu beharreko azalerak ezarriko dira, eta kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan (Udalsarea, 2017») jasotako gomendio eta neurriak.
d) Beste prebentzio-neurri eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek jardunbide egokien eskuliburuarekin zerikusia izango dute zeregin hauetan guztietan: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla obra-etxolak eta obrako materialak eta hondakinak aldi baterako biltzeko eremuak. Ahal den neurrian, uholde-arriskua duten eremuak saihestuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta hondakin-tipologia horiek isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak bihurtzen badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
Mandasko Dukea kalearen atzealdeko pabiloi batzuetan fibrozementuzko estalkiak daudela antzeman da; hortaz, eraisketak egin aurretik, RERAn (Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroa) inskribatutako enpresa batek lan-plana aurkeztu beharko dio lan-agintaritzari, onar dezan, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.
Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera (Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena).
Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, X(e)ko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez –lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko legea–.
– Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.).
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, lurpera ez iragazteko. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.
Makineriaren eta ekipoen mantentze-lanak obra-barrutian bertan egingo dira, horretarako gaitutako lekuetan, behar bezala kontrolatuta eta egokituta balizko isuriei eusteko. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarretarako lanak, lurpera ez iragazteko eta urak ez kutsatzeko.
Material xurgatzaile espezifikoa (sepiolita edo baliokideak) eduki beharko da, berehala jarduteko olioen, erregaien edo bestelako substantzia arriskutsuen istripuzko edozein isuriren aurrean.
– Airearen kalitatea babestea: Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua–).
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Lanek 6 hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan analizatu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri zuzentzaileak aplikatuz, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Obren eragina jasan duten espazioak lehengoratzea: Obra-proiektuek lehengoratze-proiektu bat izango dute lotuta, eta bertan garatuko dira jarduketak, haiek gauzatzeko behar besteko xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.
Obrak egiteagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren zuhaitzak birjarrita, hala behar bada.
Obren ondorioz eragina jasan duten espazioak leheneratzeko, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» (Udalsarea, 2017) ezarritakoaren arabera. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egina da, eta, besteak beste, landare-espezie autoktonoak erabiltzea sustatzen du, apenas zaindu behar baitira, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta egonik.
Leheneratze-proiektuak bermatu beharko du espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo direla; horrela, higadura-prozesuak ekidingo dira, bai eta solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ere.
Planak jabari publiko hidraulikoan –urbanizazioak, industrialdeak eta hirigintza-garapenek oro har– egingo dituen jarduketek drainatze jasangarriko sistemak ezarri beharko dituzte, eta behar-beharrezkoa den azaleretara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza; hala, jariatze-uren balizko igoera konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko da; halaber, sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko dute, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta plan hidrologikoetan ezarritakoa betez.
Horretarako, gida hau kontuan hartzeko gomendatzen da: «Uholde-arriskura egokitzeko gida: Drainatze jasangarriko hiri-sistemak. 2019. MITECO».
Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, haiek hedatzeko arriskua murriztu beharko da, birlandaketa-lanetan flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu eta landareak berriro sartzen direnean. Kasu horretan, bermatu beharko da birlandatze-lanetan eta lorategiak egiteko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzaileko propagulurik eta ez dela erabiltzen inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik –gomendatzen da honako hau kontuan hartzea: «Espezie apaingarriak hautatzeko gida» (Udalsarea, 2017)–, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Halaber, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
Gainera, flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat txertatuko da, dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko dituena. Ibai-sareari dagokionez, espezie inbaditzaile horiek eskuliburu honetan jartzen duen bezala kudeatuko dira: «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua» (URA, 2021).
– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
i) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.
ii) Energia. Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.
iii) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
iv) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
v) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.
vi) Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.
vii) Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
viii) Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.
ix) Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
x) Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
xi) Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
xii) Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
xiii) Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
xiv) Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusi «AL.03 Altza Gaina» (Altza) eta Aldakoneako hegaleko «EG.04 Atotxa», «EG.06 Duque de Mandas» eta «EG.08 Aldakonea» (Egia) hirigintza-eremuko lurzoruei buruz Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada «AL.03 Altza Gaina» (Altza) eta Aldakoneako hegaleko «EG.04 Atotxa», «EG.06 Duque de Mandas» eta «EG.08 Aldakonea» (Egia) hirigintza-eremuko lurzoruetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 14a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS