Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2026ko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
473

18/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Ogasun Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, kontratazio publikoaren arlokoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Ogasun Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, kontratazio publikoaren arlokoa. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 28KO 18/2026 EBAZPENARENA
HITZARMENA, OGASUN MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, KONTRATAZIO PUBLIKOAREN ARLOARI BURUZKOA
BILDU DIRA:

– Batetik, Lidia Sánchez Milán andrea, Ogasuneko idazkariordea, apirilaren 2ko 357/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua, hitzarmen hau sinatzeko eskumena duena abenduaren 29ko HFP/1500/2021 Aginduaren 7.4.a) artikuluaren arabera (HFP/1500/2021 Agindua, abenduaren 29koa, eskumenak eskuordetzeari buruzkoa, eta aurrekontu-kudeaketako eta dirulaguntzak eta laguntzak emateko estatu-idazkaritzen titularren eskumenen mugak ezartzen dituena).

– Bestetik, Almudena Otaola Urquijo andrea, Ondare eta Kontratazioko zuzendaria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ordezkatuz, urriaren 15eko 301/2024 Dekretuaren bidez izendatua (urriaren 18ko EHAA, 204. zk.), hitzarmen hau sinatzeko eskumena duena.

ADIERAZTEN DUTE:

Kontratazio publikoaren printzipioekin bat etorriz, eta 2015eko uztailaren 21ean egindako hitzarmenaren jarraipen gisa, bi administrazioek adierazi dute elkarlanean jarraitu nahi dutela sektore publikoko kontratuen legeriarekin zerikusia duten bi eremu hauetan, eskumen konkurrenteak baitituzte: Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformak, bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez, kontratuen publizitatea kudeatzeko eremua, eta Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroaren eremua.

Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak (aurrerantzean, SPKL), Espainiako ordenamendu juridikora Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duenak, 347. artikuluan, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma arautzen du, Ogasuneko Ministerioaren Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak sektore publikoko kontratazio-organo guztien eskura jartzen duen plataforma elektroniko gisa, zeinak aukera emango baitie Interneten bidez beren kontratatzaile-profilak zabaltzeko, bai eta datu horien tratamendu informatikoari lotutako beste zerbitzu osagarri batzuk emateko ere.

Aipatutako artikuluaren 3. apartatuak, lehen paragrafoan, hau xedatzen du: «Autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoek Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren antzeko informazio-zerbitzuak ezarri ahalko dituzte, eta haietan ostatatu beharko dituzte kontratatzaile-profilak bai haien kontratazio-organoek beraiek, bai haiei lotutako edo haien mendeko ente, organismo eta entitateen kontratazio-organoek ere, eta zerbitzu horien bitartez bakarrik kudeatu eta zabalduko dituzte. Zerbitzu horiek, gainera, kasuan kasuko autonomia-erkidegoari atxikitako ente, organismo eta entitateen profiletara sartzeko gune bakarra izango dira».

SPKLren 347. artikuluaren 3. apartatuaren hirugarren paragrafoan xedatzen da, halaber, autonomia-erkidegoek eta hiri autonomoek, plataforma propio bat egitea erabaki ala ez, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman lizitazio guztien deialdiak eta emaitzak argitaratu beharko dituztela, dela zuzenean, dela informazioa metatzeko gailu elektronikoen interkonexioaren bitartez, baldin eta beren informazio-zerbitzuak badauzkate. Ondorioz, bi plataformen arteko lankidetza beharrezkoa izango da.

SPKLren 347.3 artikuluaren lehen paragrafoan xedatuta dagoenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren antzeko informazio-zerbitzu bat du ezarrita, eta, bertan, nahitaez, bere kontratazio-organoen eta hari lotutako edo haren mendeko ente, organismo eta entitateen kontratazio-organoen kontratatzaile-profilak jasotzen dira. Profil horiek plataforma autonomikoaren bitartez bakarrik kudeatzen eta zabaltzen dira, eta plataforma hori da autonomia-erkidegoari atxikitako ente, organismo eta entitateen kontratatzaile-profiletara sartzeko gune bakarra.

Bere aldetik, SPKLren 337. artikulutik 345.era bitartekoek Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofiziala arautzen dute, eta, zehazki, 341. artikuluak hau dio: «Autonomia-erkidegoek lizitatzaileen eta enpresa sailkatuen beren erregistroak eraman ahalko dituzte, eta haietan inskribatuko dituzte 81. artikuluaren bigarren paragrafoan aipatzen diren sailkapenak, bai eta, nolanahi ere, beren organo eskudunek, beren lurralde-eremuko toki-entitateenek edo batzuen zein besteen mendeko organismo eta entitateenek deklaratzen dituzten kontratatzeko debekuak ere».

Ondorioz, bi administrazioek, sektore publikoko kontratazioaren esparruan kudeaketa publikoaren efizientzia hobetzeko, bitarteko eta zerbitzu publikoen baterako erabilera errazteko, onura publikoko jarduerak egiten laguntzeko eta aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasangarritasunari buruzko legeria betetzeko, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Ogasun Ministerioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa kontratazio publikoaren arloan lankidetzan aritzea, SPKLn ezarritakoaren arabera, eremu hauetan:

1.– Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma eta Kontratazio Publikoa Euskadin izeneko plataforma interkonektatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren artean antzeko atari edo sistema informatikoen artean informazioa trukatu, eta kontratazio-prozedurei buruzko informazioa Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman finkatzeko. Bi administrazio publikoen eskumena da hori.

2.– Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa Lizitatzaile eta Sailkatuen Erregistroaren arteko lankidetza ezartzea.

Hitzarmen honek ez dakar, inola ere, alderdi sinatzaile bakoitzari dagokion eskumenaren titulartasuna lagatzea.

Bigarrena.– Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformari buruzko lankidetza.

SPKLren 347.3 artikuluaren lehen paragrafoan xedatuta dagoenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren antzeko informazio-zerbitzu bat du ezarrita, eta, bertan, nahitaez, bere kontratazio-organoen eta hari lotutako edo haren mendeko ente, organismo eta entitateen kontratazio-organoen kontratatzaile-profilak jasotzen dira. Horiek plataforma autonomikoaren bitartez bakarrik kudeatzen eta zabaltzen dira, eta plataforma hori da autonomia-erkidegoari atxikitako ente, organismo eta entitateen kontratatzaile-profiletara sartzeko gune bakarra.

Horiek horrela, alderdiek erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegoak jarrai dezala lizitazio-deialdi guztiak eta haien emaitzak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman argitaratzen, informazioa metatzeko gailu elektronikoen interkonexioko mekanismoa erabiliz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ardura izango da Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformara bidaltzen dituzten kontratazio-prozedurei dagozkien datuen zuzentasuna bermatzea, informazioa metatzeko gailu elektronikoekiko interkonexioaren bidez argitaratzeko. Edozein inguruabar dela medio, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak metatze bidez argitaratutako informazioan akatsen bat edo inkoherentziaren bat hautematen badu, Euskal Autonomia Erkidegoari aztertzeko eskatuko dio, eta, hala badagokio, zuzentzeko. Hori gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoak eskaerari erantzun beharko dio eta, datuak zuzendu ostean, berriro bidali beharko ditu.

Estatuko Administrazio Orokorrak guztiz doan eskainiko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren zerbitzuak.

Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformak herritarrei eta enpresei lagunduko die argitaratutako informazio guztiaren bilaketa globala egiteko eta interkonektatutako plataformetako argitalpenetan sartzeko lanetan.

Hirugarrena.– Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialari buruzko lankidetza.

Euskal Autonomia Erkidegoak, dagozkion eskumenak erabiliz, Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro propioa du, enpresaburuek kontratatzeko dituzten gaitasun-baldintzak jasota uzteko, baldin eta hala eskatzen badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordearen sailkapena badute edo kontratatzeko debekuren baten eraginpean egon eta adierazpena egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoen zein Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko toki-entitateen ardurapekoa izan bada.

Euskadiko Kontratazioaren Aholku Batzordeak enpresen sailkapenari buruz hartutako erabakiak Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialari jakinaraziko zaizkio, bi erregistroen artean adosten diren mekanismoen eta formatuen arabera.

Bi erregistroen artean informazioa trukatzeko zerbitzuak doan emango dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu du, eta, behar izanez gero, aurrerantzean ere bere gain hartuko du bere informazio-sistema propioekin Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa mantentzeko beharrezkoak diren garapen informatikoen kostua, bai eta Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialarekin informazioa trukatzeko garatu behar den interkonexioa ere, hala badagokio.

Laugarrena.– Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoa.

I.– Hitzarmen honetan jasotako klausulak behar bezala betetzen direla zaintzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori lau kidek osatuko dute: horietako bik Ogasun Ministerioa ordezkatuko dute, eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu; eta beste biak Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak izendatuko ditu. Batzordearen lehendakaria urtero txandakatuko da, eta administrazio publiko baten edo bestearen ordezkariari egokituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaria izango da lehena.

II.– Jarraipen-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

– Hitzarmenaren betearazpenaren eta alderdi sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipena, zaintza eta kontrola egitea.

– Hitzarmen honen ondoriozko interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.

III.– Jarraipen-batzordearen jarduketari ezartzekoak izango dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutako kide anitzeko organoen osaerari eta jarduerari buruzko arauak.

Bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.

I.– Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen honetan jasotzen diren datu pertsonalak edo hitzarmena garatzean alderdiek eskura ditzaketen datu pertsonalak honako hauek xedatutakoaren arabera tratatzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; aurrerantzean DBEO–, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, edo hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean datu pertsonalak babestearen arloan hura ordeztu, aldatu edo osa dezakeen beste edozein legeria.

II.– Hitzarmen honen xedea dela-eta datu pertsonalak tratatzea beharrezkoa da, hala badagokio, tratamenduaren arduradunari aplikatu beharreko lege-betebehar bat betetzeko (DBEOren 6.1.c) artikulua) edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak burutzeko (DBEOren 6.1.e) artikulua), eta haren lege-oinarria SPKL da.

III.– Hala badagokio, eta hitzarmen hau gauzatzearen ondorioz datu pertsonalak tratatzen badira, autonomia-erkidegoko erabiltzaileek Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformara edo Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialera egindako sarbideak kudeatzetik eratorrita, Kontratazio Elektronikoa Koordinatzeko Zuzendariordetza Nagusia eta Kontratistak Sailkatzeko eta Kontratuak Erregistratzeko Zuzendariordetza Nagusia izango dira tratamenduaren arduradunak, hurrenez hurren, biak ala biak Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak.

IV.– Autonomia-erkidegoko organoek Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma erabiltzen badute edo Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialeko inskripzioa egiten badute, baliteke pertsona fisikoen datuak tratatu behar izatea; halakoetan, autonomia-erkidegoko kontratazio-organoak izango dira datu horien tratamenduaren arduradunak, eta lehen aipatutako zuzendariordetzak, berriz, tratamenduaren eragileak. Datuen tratamendua DBEOren 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko da, eta, zehazki, tratamendu-eragile diren zuzendariordetzek hauek egingo dituzte:

a) Hitzarmen honetan jasota dauden arduradunaren jarraibideei soilik jarraituko diete datu pertsonalak tratatzeko.

b) Bermatuko dute datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konpromisoa hartu dutela konfidentzialtasuna errespetatzeko, datu horiei buruzko sekretu profesionala gordeko dutela eta ez dizkietela hirugarrenei jakinaraziko, legea zorrotz betez egin behar denean izan ezik.

c) Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte, DBEOren 32. artikuluaren arabera.

d) Tratamenduaren arduradunari lagunduko diote, hark interesdunen eskubideak baliatzeko eskaerei erantzuteko duen betebeharra bete dezan.

e) Tratamenduaren arduradunak hartzen duen erabakiaren arabera, datu pertsonal guztiak ezereztu edo itzuliko dituzte tratamenduaren zerbitzuen prestazioa amaitutakoan, eta dauden kopiak ezabatuko dituzte, noiz eta Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbideak ez duen datu pertsonalak kontserbatzea eskatzen.

f) Artikulu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko behar den informazio guztia jarriko dute tratamenduaren arduradunaren esku, bai eta arduradunak edo hark baimendutako beste auditore batek auditoriak, ikuskapenak barne, egin ditzan ahalbidetzeko eta laguntzeko ere.

V.– Hitzarmen honen bidez, autonomia-erkidegoak baimen orokorra ematen du tratamendu-eragileek beste tratamendu-eragile batzuengana jo ahal izan dezaten hitzarmen honetan aurreikusitako helburuak betetzeko, baina, horretarako, nahitaezkoa izango da haiei ere hemen hitzartutako betebehar berberak ezartzea, kontratu bidez edo beste egintza juridiko lotesle baten bidez. Tratamendu-eragileei buruzko informazioa Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman eta Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean egongo da eskuragarri.

VI.– Hitzarmen honen xede diren sistemei eragiten dieten segurtasun-gorabeherak gertatuz gero, alderdiek konpromisoa hartzen dute ahalik eta lasterren informatzeko, erabakitzeko ea kontrol-agintaritzari eta ukitutako pertsonei gorabeheraren berri eman behar zaien, betiere DBEOren 33. artikuluan aurreikusitako 72 orduko muga gainditu gabe. Orobat, bi alderdiek hitzematen dute gorabehera konpontzen lagunduko dutela eta antzeko gertakaririk ez errepikatzeko behar diren bitartekoak jarriko dituztela.

Seigarrena.– Eraginkortasuna eta indarraldia.

I.– Hitzarmen hau bi alderdien adostasunarekin burutzen da, eta eraginkorra izango da Estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatutakoan, formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean. Halaber, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

II.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, eraginkor egiten den egunetik aurrera, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da. Luzapena ere Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu.

Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmenaren edukia aldatzeko, bi alderdiek ahobatezko erabakia hartu beharko dute, eta berariaz jasoko da aldaketa, dagokion eranskina sinatuta. Eranskin hori urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluaren arabera izapidetuko da. Sinatu ondoren, aldaketa eraginkorra izango da eranskina Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik aurrera. Eranskina Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzea.

I.– Xedetzat dituen jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoia dagoenean azkenduko da hitzarmena.

II.– Hauek dira kontratua suntsiarazteko arrazoiak:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

b) Bi alderdiek aho batez hala erabakitzea.

c) Alderdietako edozeinek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, ez-betetzea detektatu duen alderdiak errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio betebeharrak bete ez dituen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromiso horiek. Errekerimendu horren berri emango zaio hitzarmenaren jarraipen-batzordeari. Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura igorri zuen alderdiak ez-betetzea egin duen alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da, ebazpena Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoari jakinarazten zaionetik aurrera. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsiarazteak berekin ekar dezake kalte-ordaina ordaindu behar izatea, eta hitzarmenaren jarraipen-batzordeak erabakiko du kalte-ordain hori zenbatekoa izango den.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala ematea.

e) Indarrean dagoen legedian ezarritako beste edozein kausa gertatzea.

III.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiren bat gertatzean gauzatzen ari diren jarduketak badaude, alderdiek, hitzarmenaren jarraipen-batzordearen proposamenez, egoki irizten dituzten jarduketak adostu beharko dituzte, abian diren jarduketekin jarraitu eta amaitzeko, eta epe egoki eta bideragarriak ezarri beharko dituzte amaitzeko.

Bederatzigarrena.– Izaera juridikoa eta gatazkak ebazteko araubidea.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluaren arabera arautuko da.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmen hau garatzean, interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen desadostasunak modu lagunkoian konpontzen ahalegintzeko, hitzarmenaren jarraipen-batzordearen bitartez. Ezinezkoa bada konponbide lagunkoia ematea, eta, hala, auzi judizialari bide ematen bazaio, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du gai horietaz arduratzeko eta ebazteko eskumena, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen arabera.

Eta ados daudela adierazteko, hitzarmen hau sinatzen dute, sinadura bakoitzean adierazten diren egunetan, eta azken sinatzailearen data hartuko da hitzarmenaren burutze-datatzat.

Egoitza elektronikoa, 2026ko urtarrilaren 13a.

Ogasun Ministerioaren aldetik.

Ogasuneko idazkariordea,

LIDIA SÁNCHEZ MILÁN.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik.

Ondare eta Kontratazioko zuzendaria,

ALMUDENA OTAOLA URQUIJO.


Azterketa dokumentala