Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2026ko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
472

17/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Tolosako Udalarekin sinatutako hitzarmena, Tolosako udalerrian lokal jakin bat erabiltzeko baldintzak adostekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Tolosako Udalarekin sinatutako hitzarmena, Tolosako udalerrian lokal jakin bat erabiltzeko baldintzak adostekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 27KO 17/2026 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA TOLOSAKO UDALAREN ARTEKOA, ZEINAREN BIDEZ TOLOSAKO UDALERRIAN LOKAL JAKIN BAT ERABILTZEKO BAIMENAREN BALDINTZAK HITZARTZEN BAITIRA
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 26. artikuluan eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuaren 4.2 j) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.

Bestetik, Cristina Pelaez Errazquin andrea, Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzu eta Osasun saileko zinegotzi delegatua, bat etorrita Toki-Araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 eta 21.3 artikuluetan ezarritakoarekin, eta 2023/1695 Alkatetza Dekretuak, 2023ko ekainaren 30ekoak, zinegotzi delegatuei emandako eskumenez baliatuta, erakunde horren ordezkari gisa.

Bi aldeek elkarri aitortu dizkiote egintza honetan esku hartzeko izaera eta ordezkaritza eta, halaber, agiri hau egiteko legezko gaitasun nahikoa dutenez, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren xedapen gehigarriak (azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori) ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloko eskumena duen sailaren bidez, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneko zerbitzuak jarriko ditu abian, biztanle gehien dituzten udalerriak lehenetsiz eta dagoen eskariari erantzunez.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Esku-hartze Sozialerako Bizgarri Elkartearekin egindako kudeaketa-kontratu baten bidez, Donostian egoitza duen Donostiako Familia Elkargunea kudeatzen du. Elkargune horretan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren pertsonek judizialki zehaztutako bisitak artatzen dira.

Hirugarrena.– Familia Elkarguneen erabiltzaileei ematen zaien arreta hobetzeko, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailari eta Tolosako Udalari interesatzen zaie zerbitzu horiek Tolosako Udalaren bulegoetan eman ahal izatea. Tolosaldean, eta etorkizunean baliabidean sartzea eska dezaketen hurbileko beste udalerri batzuk osatzen dituzten udalerrietan bizi diren pertsonei emango zaizkie zerbitzu horiek.

Laugarrena.– Tolosako Udala da udalerri honetako Gorosabel eraikinaren titularra (Rondilla kalea 34B).

Lokal horrek betetzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren IV. kapituluan eskatzen diren ezaugarriak.

Bosgarrena.– Administrazio publikoen arteko lankidetza haien arteko harremanak arautzen dituzten printzipio orokorren barruan sartzen da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3.1.k) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horretarako, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 100.1 artikuluan ezartzen du lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango direla beren artean edo gainerako administrazioekin, kudeaketa publiko efizientea lortzeko eta administrazio-bikoiztasunak saihesteko edo ezabatzeko.

Aurrekoarekin batera, aipatutako Legearen 100.2 artikuluak zehazten duenez, lankidetza-hitzarmen horien bidez, alderdiek aukera izango dute sektore edo biztanleria berari zuzendutako sustapen-politikak koordinatzeko, alderdietako baten eskumeneko obrak edo zerbitzuak gauzatzeko, lege horretan definitutako eskumenak garatzeko beharrezkoak diren egoitzak, lokalak edo eraikinak partekatzeko (propioak, transferituak, eskuordetuak edo aurrekoez bestelakoak), ondare-ondasunen erabilera lagatzeko eta lagatzeko onartzeko, prestazio-jarduerak garatzeko, hala badagokio, obren, ondasunen eta zerbitzuen administrazio-kontratazioa arrazionalizatzeko eta zentralizatzeko mekanismoak gaitzeko, administrazio-zerbitzuak elkartzeko edo aurrekoen antzeko edukia duen edozein helburu lortzeko neurri egokiak hartzeko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak 38.2 c) artikuluan ezartzen du doako erabilerarako baimenak lortzea behar duen sail edo erakundeari dagokiola. Kasu honetan, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari.

Bestalde, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onartzen duen 1372/1986 Errege Dekretuaren 77. artikuluak ezartzen du jabari publikoko ondasunen ohiko erabilera erkide berezia lizentzia bidez egingo dela.

Horregatik guztiagatik, alderdiei hitzarmen hau sinatzea interesatzen zaie. Administrazio publikoen arteko lankidetza arduratsua du helburu, eta adierazitako lokalak erabiltzeko baimena emango dio Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailari, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Tolosako Udalaren arteko lankidetza antolatzea, Tolosako udalerrian deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen jarduera egiteko.

Bigarrena.– Izaera juridikoa.

1.– Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritakoaren arabera arautuko da, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-eremutik kanpo geratuko da, 6.1 artikulua, aipatutako lege-testuarena.

2.– Hitzarmena interpretatzean eta gauzatzean sor daitezkeen eztabaidak alderdien arteko adostasunez ebatziko dira, bosgarren klausulan aurreikusitako batzordean. Hala ere, hitzarmena administratiboa denez, hura interpretatzean eta aplikatzean sor daitezkeen eztabaidak, alderdien artean konpondu ezin direnak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, hura arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Tolosako udalaren betebeharrak.

Tolosako Udalak honako betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

1.– Tolosako Udalak baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzan Justizia-arloko eskumena duen Sailari, ekitaldi honetan zehaztutako denborarako, hitzarmen honen laugarren azalpenean deskribatutako finka modu partekatuan erabil dezan, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargune gisa jarduteko. Erabilgarritasun hori, Jarraipen Batzordeak alda dezake bi alderdiak ados jarrita, eta, hasiera batean, honako egun eta ordu hauek ezartzen ditu:

Asteazkenak: 16:00etatik 20:00etara

Ostiralak: 16:00etatik 20:00etara

Larunbatak: 9:00etatik 14:00etara

Igandeak: 9:00etatik 14:00etara

2.– Lokalaren erabileraren izaera kontuan hartuta, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legearen 92.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, baimena doakoa izango da.

3.– Tolosako Udalak erabilera-arauak emango ditu, eta instalazio horien zuzeneko erabilera arau horietara egokitu beharko dute Eusko Jaurlaritzan Justizia-arloko eskumena duen Sailak edo, hala badagokio, zerbitzuaren adjudikaziodun diren erakundeek, sail horrek hasitako edo izapidetu ditzakeen administrazio-kontratazioko espedienteen arabera.

4.– Espazio hori Familia Elkarguneko Zerbitzuarekin bateragarriak diren beste jarduera batzuekin bakarrik erabili ahal izango da, hala nola Familia Bitartekaritzako Zerbitzuarekin, premia bereziak dituzten familia edo adingabeen arretarekin eta abarrekin. Zerbitzuen egokitasuna (bateragarritasuna) bermatzeko, gune horretarako sarbidea Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak gainbegiratuko du.

5.– Lokalaren erabileren ardura duten administrazioek neurri egokiak hartuko dituzte pertsona fisikoen babesa bermatzeko, haien datu pertsonalen tratamenduari dagokionez.

6.– Tolosako Udala lokala egokitzeko obrak egiteaz arduratuko da.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailaren betebeharrak.

Eusko Jaurlaritzan Justizia-arloko eskumena duen Sailak betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

1.– Baimendutako erabilera duen lokala deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargune gisa erabiliko du.

2.– Tolosako Udalak aldez aurretik ezarritako araudiaren arabera kudeatuko ditu baimendutako espazioak.

3.– Urtean gehienez ere 10.000 euro bideratuta, honako hauetan lagunduko du, besteak beste:

a) Kudeaketa egokirako behar diren hornidura- eta garbiketa gastuak.

b) Espazioen erabiltzaile gisa dagozkion kontserbazio- eta mantentze-gastu arruntak; bereziki, beharrezkoak diren konponketa arruntak egingo ditu, espazio hori dagokion erabilerarako erabilgarri egon dadin.

c) Lokalaren erantzukizun zibileko aseguruari dagokion prima, edukitzailearen gainekoa bada, eta edukitzailearen edukia aseguratzea.

e) Espazioa familia-elkargune gisa gaitzeko altzari espezifikoen gastuak.

d) Lokala erabiltzetik erator daitekeen beste edozein gastu (adibidez, Internet bidezko telebista-zerbitzuaren hornidura, ez baitago telebista-antenarik).

4.– Hitzarmena amaitzen denean lokala erabiltzeari utziko dio, eta berriz ere Tolosako Udalaren esku jarriko du, erabiltzeko baimena eman zen baldintza berberetan.

5.– Lokala erabiltzeagatik sortutako gastuak ordainduko ditu, Hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak erabakitzen duen ehunekoaren proportzioan. Ordainketa Udalaren gastuen ziurtagiria aurkeztu ondoren egingo da, indarrean dagoen ekitaldiko abenduaren 31 baino lehen.

6.– Hala ere, hitzarmen hau eta bere finantzaketa beti egongo dira kreditu egoki eta nahikoaren baldintzapean.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarraipena eta kontrola egiteko araubidea.

1.– Hitzarmen hau sinatzean, Jarraipen eta Kontrol Batzorde bat sortuko da, eta hari egokituko zaio hitzarmenean ezarritakoaren garapena koordinatzea, kontrolatzea, gainbegiratzea eta informatzea.

2.– Jarraipen Batzordea kide anitzeko organo mistoa izango da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera. Erabakiak adostasunez hartuko dira, ahal bada. Bestela, kideen gehiengoaren botoarekin eta, berdinketa gertatuz gero, presidentearen boto erabakitzailea gailenduko da.

3.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea, alderdi sinatzaile bakoitzaren bi ordezkarik osatuko dute. Sinatu ondoren, alderdi bakoitzak bere lehenengo ordezkariak izendatuko ditu.

4.– Presidentea Justizia Zuzendaritzako titularra edo hark eskuordetutako pertsona izango da, eta idazkaria, berriz, Justizia Zuzendaritzako teknikarien ordezkari bat.

5.– Jarraipen eta Kontrol Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, Justizia Zuzendaritzaren ekimenez, eta alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatzen duen guztietan.

Batzordearen bileretara, aztertu beharreko gaiaren arabera, aholkulariak joan ahal izango dira, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

6.– Hauek izango dira Batzordearen zeregin nagusiak:

a) Hitzarmen honen xede diren jardueren eta betebeharren garapena eta betetzea sustatzea, eta alderdiek beren betebeharrak betetzen dituztela zaintzea.

b) Alderdi sinatzaileen arteko harremanak errazteko koordinazio-mekanismoak ezartzea.

c) Hitzarmenaren xedea hobeto lortzeko egokitzat jotzen diren zabaltzeak eta hobekuntzak proposatzea.

d) Hitzarmena indarrean dagoen bitartean sortzen diren zalantzak, hutsuneak eta auzi gatazkatsuak interpretatzea eta, hala badagokio, ebaztea.

e) Tolosako Udalak eta Eusko Jaurlaritzan Justizia-arloko eskumena duen Sailak lokala erabiltzen duten ehunekoa egiaztatzea, azken horri dagozkion gastuen zenbatekoa zehazteko.

f) Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatzea, alderdi sinatzaileek hala adosten badute. Adostutako aldaketak eranskin gisa gehituko zaizkio hitzarmenari.

Seigarrena.– Elkarrekikotasuna.

Sinatzen duten bi alderdiek konpromisoa hartzen dute, elkarrekin, hitzarmenarekin zerikusia duten alderdi guztietan aktiboki lankidetzan aritzeko. Dituzten informazio, ezagutza eta esperientzia guztiak trukatuko dituzte, hitzarmen hau ahalik eta ondoen betetzeko eta baliabideak une bakoitzeko beharretara egokitzeko.

Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiaraztea.

Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik suntsiaraziko da:

1.– Bi aldeek horixe adostea.

2.– Hitzarmen hau sinatzean bere gain hartutako betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian ez betetzea.

3.– Dagokion ekitaldi ekonomikorako kreditu egoki eta nahikorik ez dagoelako.

4.– Indarrean dagoen legerian kontratua suntsiarazteko aurreikusitako beste edozein arrazoi gertatzeagatik.

5.– Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onartzen duen 1372/86 Errege Dekretuaren 111. eta 150. artikuluetan eta Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legean ezarritako arrazoiengatik.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen hau 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, edo alderdiek sinatzen duten egunean, hura geroago sinatzen bada, eta 2029ko abenduaren 31n amaituko da. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmen honen sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena beste 4 urte arteko aldi baterako luzatzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago, hartutako konpromisoak behar bezala betetzen badira eta Tolosako Udalak higiezinaren erabilera beste jarduera baterako berreskuratu behar ez badu.

2.– Hitzarmena suntsiarazten bada, alderdiek dagozkien betebeharrak bete beharko dituzte suntsipena gertatzen den egunera arte edo hartutako betebeharrek ondoriorik izateari uzten dioten egunera arte.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz eta ados daudela jasota gera dadin, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, hasieran adierazitako tokian eta egunean.

Egoitza elektronikoa, 2025eko abenduaren 30a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzu eta Osasun saileko zinegotzi delegatua,

CRISTINA PELAEZ ERRAZQUIN.


Azterketa dokumentala