Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2026ko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
471

16/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari Bilboko (Bilbo-Urduña) aldirietako garraio publikoaren C-3 linean irisgarritasun-arloko beharrak aztertzeari eta irisgarritasuna sustatzeari buruzko zenbait lan egiteko gomendioa ematen dion erabakia argitaratzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, 2026ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari Bilboko (Bilbo-Urduña) aldirietako garraio publikoaren C-3 linean irisgarritasun-arloko beharrak aztertzeari eta irisgarritasuna sustatzeari buruzko zenbait lan egiteko gomendioa ematea erabaki zuen. Beraz, beharrezko publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari Bilboko (Bilbo-Urduña) aldirietako garraio publikoaren C-3 linean irisgarritasun-arloko beharrak aztertzeari eta irisgarritasuna sustatzeari buruzko zenbait lan egiteko gomendioa ematen dion erabakiaren testua. Erabaki horren eranskina da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 27KO 16/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI BILBOKO (BILBO-URDUÑA) ALDIRIETAKO GARRAIO PUBLIKOAREN C-3 LINEAN IRISGARRITASUN-ARLOKO BEHARRAK AZTERTZEARI ETA HORIEK SUSTATZEARI BURUZKO ZENBAIT LAN EGITEKO GOMENDIOA EMATEKO DENA

Bidaiariak aldiriko trenbidez garraiatzeko zerbitzuei dagozkien Estatuko Administrazioaren (aurrerantzean, EAO) eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko apirilaren 9ko 368/2024 Errege Dekretuaren bidez (2024ko apirilaren 19an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean), Batzorde Mistoaren erabakia onartu zen –Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren (aurrerantzean, EAEAO) bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldiriko bidaiarien trenbideko garraio-zerbitzuei dagozkien eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eskualdatzekoa. Erabaki hori batzorde horren osoko bilkurak hartu zuen 2024ko martxoaren 11ko bileran, eta erabaki hori aipatutako errege-dekretuaren eranskin gisa transkribatu zen.

Erabaki horretan, eskualdatuko ziren eginkizunak eta eskualdatze hori gauzatzeko baldintzak ezarri ziren. Eskualdatze hori eraginkorra da jada 2025eko urtarrilaren 1etik, 2024ko azaroaren 28an Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (aurrerantzean, EAEAO) eta Renfe Viajeros Sociedad Mercantil Estatal SAren (aurrerantzean, Renfe Viajeros) artean sinatutako subrogazio-akordioa indarrean jarri ondoren.

Transferentziaren helburua da Renfek Euskal Autonomia Erkidegoan ematen dituen zerbitzuen koordinazioa hobetzea, zerbitzu horiek pixkanaka hobetu daitezen. Hobetzeko borondate hori modu formalean gauzatu zen aipatutako eskualdatze-erabakiaren akordio osagarrietan. Erabaki horiek Transferentzien Batzorde Mistoak 2024ko martxoaren 11n egindako osoko bilkuran hartu ziren, zehazki, 2. erabaki osagarrian. Erabaki horren e) apartatuan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak, bere eskumenak baliatuz, indarrean dagoen kontratuan aurreikusitako kalitate- edo zerbitzu-estandarretako batzuk aldatzeko eskatu ahal izango dio Renfe Bidaiariei. Horrek etengabeko koordinazio-lana eskatzen du, apirilaren 9ko 368/2024 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera; izan ere, eskualdatutako eginkizunen artean ez dago Interes Orokorreko Trenbide Sarearen azpiegiturari eragiten dioten funtzioei buruzko eskumena, zeina Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen baitu ADIFen bidez (Trenbide Azpiegituren Administratzailea).

Hala ere, emandako zerbitzuen hobekuntzak azterketa, plangintza eta inbertsioa behar ditu benetan inplementatzeko. Hala, linea horien transferentziarekin batera, ADIFekin konpromiso bat gauzatu zen hobekuntza-inbertsioen arloan. Inbertsio horiek 3. akordio osagarriaren bigarren akordioan eta haren eranskinean daude jasota. Dokumentu horrek ADIFen eskumeneko interes orokorreko araubide-lineen azpiegituretan egindako inbertsioak egiaztatzen ditu, baina ondorioak dituzte eta eragina dute transferitutako trenbideko garraio publikoaren zerbitzuaren kalitatean. Horren jarduketak 400 milioi euro ingurukoak izan ziren. Hala ere, ondorengo negoziazioen ondorioz, inbertsio horien zenbatekoa 494 milioi eurokoa da gaur egun.

Zerbitzua hobetzeko elementu nagusien artean irisgarritasuna dago. Irisgarritasuna ez da alderdi osagarria: erabat eraldatzen du garraio publikoaren zerbitzua emateko modua. Ibilgailuen diseinuari, azpiegiturei, informazioari, eragiketari, mantentze-lanei, inbertsioei, langileei eta erabiltzailearen esperientziari eragiten die. Printzipio legala, teknikoa eta soziala da, eta mugikortasunaren kalitatea, eraginkortasuna eta berdintasuna zehazten ditu. Arau-esparru sendo bati esker –nazionala, Europakoa eta nazioartekoa–, irisgarritasuna betebehar eta funtsezko zutabe bihurtzen da garraio publiko inklusiboa, segurua eta unibertsala bermatzeko.

Zehazki, transferentziaren xede diren lineen artean, Bilboko aldirietako C-3 linea da Bilboko aldirietako herriguneko irisgarritasun-arazoengatik kexa gehien jasotzen dituena (C-1, C-2 eta C-4f lineek ere osatzen dute linea hori), eta, horregatik, lehentasuna eman behar zaio irisgarritasuna hobetzeari dagokionez.

Ildo horretan, irisgarritasunaren arloko araudiari dagokionez, azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da (1544/2007 Errege Dekretua, azaroaren 23koa, desgaitasuna duten pertsonek garraiobideetara iristeko eta horiek erabiltzeko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen dituena), bai eta azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoa ere (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena). Era berean, arau-esparru autonomikoari dagokionez, kontuan hartu behar dira Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legearen 5. artikuluan garraioaren irisgarritasunari buruz jasotako xedapen orokorrak.

Berrikiago, 2023ko azaroaren 23an, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legea argitaratu zen EHAAn, pertsonen eta salgaien garraioak gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-ikuspegietatik mugikortasun jasangarri, osasungarri eta seguru baten garapen integrala lortzeko erantzun behar dituen printzipioak eta helburuak ezartzeko.

Lege horren 3. artikuluak mugikortasun jasangarriaren arloan EAEko administrazio publikoen jarduketak bete behar dituen printzipioak ezartzen ditu. Horien artean, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasun unibertsala nabarmentzen dira, garraio-sistema integratu, efiziente, seguru eta inklusibo batek eskatzen duen eskubide indibidual eta kolektibo gisa.

Bestalde, azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 4. artikuluak mugikortasun-politikaren helburuen artean jasotzen du irisgarritasun unibertsala bermatuko duen garraio publikoaren eskaintza ematea, eta arau beraren 12. artikuluak ezartzen du garraioaren arloan eskumena duten administrazio publikoek bermatuko dutela garraiobide guztiek eta haien azpiegiturek behar diren irisgarritasun-baldintzak betetzen dituztela, pertsona guztiek ulertzeko eta erabiltzeko modukoak izan daitezen, segurtasun- eta erosotasun-baldintzetan eta ahalik eta modurik autonomoenean eta naturalenean, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren XIII. Legegintzaldirako Gobernu Programak («Ongizatean Hazi»), 118. konpromisoaren barruan (Mugikortasun jasangarria, garraio publikoa eta mugikortasun aktiboa bultzatzea), 9. ekimena jasotzen da: garraiobideen eta azpiegituren irisgarritasunaren aldeko apustua egitea, eta hori lortzeko, irisgarritasun unibertsalaren eta desgaitasuna duten pertsonen integrazioaren inguruko neurriak indartzea eta ezartzea aurreikusten du.

Horretatik guztitik ondorioztatu behar da irisgarritasunak konpromiso material eta formal batzuk eskatzen dituela, eta konpromiso horiek benetan eta eraginkortasunez gauzatu behar direla.

Horri dagokionez, RENFEk eta ADIFek dagoeneko garatzen ari ziren irisgarritasuna hobetzeko planak gauzatzea aurreikusita dago epe ertain eta luzera, eta, aurretiazko azterketa bat egin ondoren, ez dirudi eraginkorrenak direnik C3 lineako zerbitzua hobetzeko, zeinak, gizarte-erakarpenaren ondorioz, berehalako jarduketa zehatz bat behar baitu, bai irisgarritasunaren ikuspegitik, bai eragiketa-kostuen ikuspegitik.

Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak une honetan ez dauka baliabiderik C-3an irisgarritasuna hobetzeko irtenbideak aztertzeko edo definitzeko. Horri dagokionez, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Euskal Trenbide Sareak (ETS) langileak eta bitartekoak ditu arazoari aurre egiteko; izan ere, bere sareko irisgarritasunari (100 geltoki inguru), metroaren 1. eta 2. lineei (40 geltoki inguru) eta Vitoria-Gasteizko eta Bilboko tranbiei buruzko gaiak kudeatzen ditu, eta ADIF-RENFErako (Atotxa, Astigarraga eta Loiolako Erriberak) 3 geltoki ari da proiektatzen edo eraikitzen.

Beraz, uste da Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak, EAEko trenbide-azpiegituraren administratzaile gisa, bitartekoak dituela azterlanak egiteko eta horien ondoriozko zereginak sustatzeko eta ezartzeko, beharrezkoak baitira, ondoren, ADIFekin, azpiegituraren administratzaile gisa, dagozkion akordioek ekar ditzaketen neurriak hartzeko, horiek behin betiko garatzeko. Beraz, egokia da ETSri jarduketa horiek egiteko agintzea.

Horregatik guztiagatik, Administrazio honek, titular gisa, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera bidaiarien aldirietako trenbideko garraio-zerbitzua transferituta baitu, beharrezkotzat jotzen du, behar bezala justifikatuta, aipatutako araudian xedatutakoa irisgarritasunaren arloan betetzen dela bermatzeko behar diren ekintzak sustatzea eta egitea. Horretarako, lehenengo urrats gisa, beharrezkotzat jotzen da Bilbo Abando-Urduña C-3 aldirietako linearen oinarri diren azpiegituren irisgarritasunaren egungo errealitatearen diagnostiko zehatza egiteko behar diren azterlanak eta plangintza egitea, eta, ondorioz, egitura horiek indarrean dauden irisgarritasun-eskakizunetara egokitzeko behar diren neurriak hartzea, eta, hala badagokio, inbertsioak lehenestea eta bideratzea, bai propioak, bai aipatutako organo eskudunenak.

Agindu beharreko zereginak azterlanak eta proiektuak idaztean oinarritzen dira, eta, hala badagokio, proba pilotu ez-iraunkorrak egitean. Proba horiek ADIFi eskatzen zaizkio, eta erakunde horrek berariaz baimentzen ditu, eskualdatutako aldirietako zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko. Lan horiek ADIFen beraren eskumeneko azpiegituretan egin beharreko jarduketa zehatz eta iraunkorrak badira, alderdiek beharrezkoak diren negozio juridikoak egingo dituzte, eta, ondorioz, jarduketa horiek benetan eta eraginkortasunez egiteko behar diren eskakizun eta berme juridikoak izapidetu eta errespetatuko dira.

Maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzkoak, 1. artikuluan dio zuzenbide pribatuko ente publikoa dela. Lege horren 5. artikuluaren arabera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen xedea da:

«... 4. Jaurlaritzak agintzen dion beste edozein eginkizun, baldin eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia badu, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta espazio publikoen erabilerari lotuta dauden azpiegiturak kudeatzearekin zerikusia duten eginkizunak, zuzenbidean onartutako edozein negozio juridikoren bidez».

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, trenbideen arloko egitekoak beteko ditu, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion eskumenen barruan; hori guztia, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 1. artikuluarekin bat etorriz.

Horrenbestez, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposatuta, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eskatzea Bilboko (Bilbo-Urduña) aldiriko trenbide-garraio publikoaren C-3 linean irisgarritasunaren eta haren sustapenaren arloan dauden beharrak aztertzeko beharrezkoak diren lanak egiteko. Hori guztia, C-3 linea horretan egin beharreko lanak arautuko dituzten baldintza teknikoak definitu eta zehazteko.

Bigarrena.– Enkargu hori gauzatzeko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean daude jasota.

Hirugarrena.– Enkargu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

ERANSKINA

1.– Aurrekariak.

Bidaiariak aldirietako trenbidez garraiatzeko zerbitzuei dagozkien Estatuko Administrazioaren (aurrerantzean, EAO) eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko apirilaren 9ko 368/2024 Errege Dekretuaren bidez (2024ko apirilaren 19an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean), Batzorde Mistoaren erabakia onartu zen –Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren (aurrerantzean, EAEAO) bigarren xedapen iragankorrean dago aurreikusita–, bidaiarien aldirietako trenbidez garraiatzeko zerbitzuei dagozkien Estatuko Administrazio Orokorraren eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eskualdatzekoa. Erabaki hori batzorde mistoaren osoko bilkurak hartu zuen 2024ko martxoaren 11ko bileran, eta erabaki hori aipatutako errege-dekretuaren eranskin gisa transkribatu zen.

Erabaki horretan, zer eginkizun eskualdatuko ziren eta eskualdatze hori zer baldintzetan gauzatuko zen ezarri zen. Eskualdatze hori benetakoa da jada 2025eko urtarrilaren 1etik, 2024ko azaroaren 28an Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (aurrerantzean, EAEAO) eta Renfe Viajeros Sociedad Mercantil Estatal SAren (aurrerantzean, Renfe Viajeros) artean sinatutako subrogazio-akordioa indarrean jarri ondoren.

Transferentziaren helburua da Renfek Euskal Autonomia Erkidegoan ematen dituen zerbitzuen koordinazioa hobetzea, zerbitzu horiek pixkanaka hobetu daitezen. Hobetzeko borondate hori modu formalean gauzatu zen aipatutako eskualdatze-erabakiaren akordio osagarrietan. Erabaki horiek Transferentzien Batzorde Mistoak 2024ko martxoaren 11n egindako osoko bilkuran hartu ziren, zehazki, 2. erabaki osagarrian. Erabaki horren e) apartatuan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak, bere eskumenak baliatuz, indarrean dagoen kontratuan aurreikusitako kalitate- edo zerbitzu-estandarretako batzuk aldatzeko eskatu ahal izango dio Renfe Bidaiariei.

Aurrekoa gauzatzeko, etengabeko koordinazio-lana egin behar da, apirilaren 9ko 368/2024 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera; izan ere, eskualdatutako eginkizunen artean ez dago Interes Orokorreko Trenbide Sarearen azpiegiturari eragiten dioten funtzioei buruzko eskumena, zeina Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen baitu ADIFen bidez (Trenbide Azpiegituren Administratzailea).

Hala ere, emandako zerbitzuen hobekuntzak azterketa, plangintza eta inbertsioa behar ditu benetan inplementatzeko. Hala, linea horien transferentziarekin batera, ADIFekin konpromiso bat gauzatu zen hobekuntza-inbertsioen arloan. Inbertsio horiek 3. akordio osagarriaren bigarren akordioan eta haren eranskinean daude jasota. Dokumentu horretan ADIFen eskumeneko interes orokorreko araubide-lineen azpiegituretan inbertsioak egin behar direla adierazten da, zeinak ondorioak eta eragina baitute transferitutako trenbideko garraio publikoaren zerbitzuaren kalitatean. Jarduketak horiek 400 milioi euro inguruan balioetsi ziren. Hala ere, ondorengo negoziazioen ondorioz, inbertsio horien zenbatekoa 494 milioi eurokoa da gaur egun.

Zerbitzua hobetzeko elementu nagusien artean irisgarritasuna dago. Zehazki, transferentziaren xede diren lineen artean, Bilboko aldirietako C-3 linea da Bilboko aldirietako erdiguneko irisgarritasun-arazoengatik kexa gehien jasotzen dituena (C-1, C-2 eta C-4f lineek ere osatzen dute linea hori), eta, horregatik, lehentasuna eman behar zaio irisgarritasuna hobetzeari dagokionez. Era berean, aplikatzekoa da azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoa (1544/2007 Errege Dekretua, azaroaren 23koa, desgaitasuna duten pertsonek garraiobideak eskuratzeko eta erabiltzeko irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren oinarrizko baldintzak arautzen dituena), bai eta azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoa ere (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena). Horretatik guztitik ondorioztatu behar da irisgarritasunak konpromiso material eta formal batzuk eskatzen dituela, eta konpromiso horiek benetan eta eraginkortasunez gauzatu behar direla.

RENFE eta ADIF dagoeneko garatzen ari diren irisgarritasuna hobetzeko planak gauzatzea aurreikusita dago epe ertain eta luzera, eta, aurretiazko azterketa bat egin ondoren, ez dirudi eraginkorrenak direnik C3 linearen zerbitzua hobetzeko; izan ere, gizarte-erakarpenaren ondorioz, berehalako jarduketa zehatz bat behar du, bai irisgarritasunaren ikuspegitik, bai eragiketa-kostuen ikuspegitik.

Jarraian, ETSri agindutako lanak egiteko zer baldintza tekniko bete behar diren azaltzen da.

2.– Administrazio Orokorraren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:

Administrazio orokorra:

Eusko Jaurlaritza. Mugikortasun Jasangarriaren Saila. Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza.

Enkarguaren zuzendaria:

Administrazio Orokorrak enkarguaren zuzendari bat izendatuko du, eta Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak gainbegiratuta jardungo du. Lanen konplexutasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak aholkularitza-talde tekniko bat eratu dezake, eta, hala badagokio, hak eskuordetuta jardun dezake.

Euskal Trebide Sarea (aurrerantzean, ETS):

Zuzenbide pribatuko ente publikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalaren parte da eta, gaur egun, Mugikortasun Jasangarriaren Sailari atxikita dago. Enkarguaren xede diren lanak egingo ditu.

ETS-ren ordezkaria:

ETSk izendatutako goi-mailako teknikari bat; lanen koordinazio teknikoaz arduratuko da eta entea ordeztuko du Administrazio Orokorraren aurrean. ETSko talde osoa ETSren ordezkariaren mende egongo da, eta hark zuzenean emango dio horren berri enkargua eman duen zuzendariari, eskatzen zaion guztietan.

3.– ETS-k egin beharreko lanak.

ETSk, enkargu honi jarraikiz, zeregin hauek izango ditu, Bilboko (Bilbo-Urduña) aldirietako trenbideetako garraio publikoaren C-3 lineako irisgarritasunaren eta sustapenaren arloko beharrak aztertzeko. Hori guztia, C-3 linea horretan egin beharreko lanak arautuko dituzten baldintza teknikoak definitu eta zehazteko:

– Gaur egun Bilboko C-3 linean dabiltzan trenen irisgarritasuna hobetzeko azterlanak eta proiektuak.

ETS/RFVk azterlanak eta proiektuak egingo ditu irisgarritasuna hobetzeko eta irisgarritasun-arauak ahalik eta lasterren betetzeko irtenbideak zehazteko, azpiegituraren ezaugarriak eta zuzkidura kontuan hartuta.

– Azterlan horien ondoriozko konponbideak baliozkotzeko beharrezkoak diren probak edo prototipoak egitea.

ETSk irisgarritasuna hobetzeko azterketen fasean definitutako konponbideak homologatzeko behar diren probak zehaztu eta egingo ditu. Besteak beste, ADIFek baimendutako proiektu pilotu bat, irisgarritasuna hobetuko duena nasak partzialki handituz, gaur egun dagoen maila-aldea gainditzeko.

– Europako Trenbide Segurtasuneko Agentziari baimena eskatzeko behar den dokumentazioa prestatzea.

ETSk aurreko faseetan definitutako konponbideak lineako geltoki guztietara hedatzeko behar den dokumentazio guztia prestatuko du, Europako Trenbide Segurtasuneko Agentziaren baimenarekin.

– Laguntza teknikoa prozesuan zehar.

ETSk behar diren txostenak egingo ditu Europako Trenbide Segurtasuneko Agentziak, RENFEk edo ADIFek planteatzen dituzten zalantzak argitzeko.

4.– Egindako lanen balorazioa eta ordainketa.

Gaur egun, ETSk, alderdi horri dagokionez, behar adina baliabide eta langile ditu enkargu honetan jasotako lanak egiteko, eta, beraz, zero euroko (0,00 euro) balorazioa du.

5.– Gauzatzeko epea.

Enkargu hau 2027ko ekainaren 30era arte egongo da indarrean.


Azterketa dokumentala