Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

21. zk., 2026ko otsailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
470

15/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsarien 2025. urterako igoera onartzen duen Erabakia.

2026ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsarien 2025. urterako igoera onartzen duen Erabakia, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsarien 2025. urterako igoera onartzen duen Erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 27KO 15/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO LANGILEEN ORDAINSARIEN 2025. URTERAKO IGOERA

Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak 19. artikulutik 24. artikulura bitartean xedatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsariak, eta ezartzen da lan-kontratudunak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak aurrekontu-ekitaldian indarrean daudenak izango direla, bat etorriz administrazio publikoetako funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauekin.

19. artikuluko 13. eta 14. apartatuek lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen, parekatuen eta behin-behineko langileen 2025eko ekitaldirako ordainsariak arautzen dituzte; 22. artikuluko 1. apartatuak Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta sektore publikoko partzuergoetako zuzendaritza-kideen ordainsariak aurreikusten ditu; 19. artikuluko 9. apartatuak langile lan-kontratudunen ordainsariak ezartzen ditu, eta, azkenik, Ertzaintzako langileen ordainsariak 20. artikuluan arautzen dira.

Sektore publikoaren eremuko ordainsarien arloko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 2ko 14/2025 Errege Lege Dekretuak % 2,5eko soldata-igoera kontsolidagarria ezartzen du 2025ean, sektore publikoarentzat, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeuden zenbatekoekiko. Zenbateko horiek 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 31/2022 Legearen bidez ezarri ziren, eta ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege Dekretuaren bidez eguneratu (errege lege-dekretu horren bidez, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazketatik eratorritako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dira, eta zerga-, energia- eta gizarte-arloko presako neurriak hartzen).

Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 17.2 f) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionaleko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta gainerako langileen ordainsari-baldintzak aplikatzeko arauak eta jarraibideak urtero ezartzea.

Horregatik, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaio, hark onar dezan, sektore publikoko langileen ordainsarien % 2,5eko igoera osagarria, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko; igoera horrek 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2026ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran, hau

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Baimentzea, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeuden urteko guztizko ordainsarien % 2,5eko igoera orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako lan-kontratudunak ez diren langileentzat, baita lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekoentzat eta behin-behineko langile eta zuzendaritza-kideentzat ere.

Bigarrena.– Honako oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:

a) Soldata eta hirurteko gisa, 2025eko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan (zenbatekoak hamabi hilekori dagozkie):

(Ikusi .PDF Fitxategia)

b) 2025eko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsari bakoitzeko, kopuru hauek jasoko dira soldata eta hirurteko gisa:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Hirugarrena.– Bat etorriz Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 122.2.a).1 artikuluan ezarritakoarekin, hau izango da 12 hilekori dagokion destino-osagarriaren zenbatekoa 2025. urtean, lanpostu-maila bakoitzari dagokiona:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Laugarrena.– Honako hau izango da Ertzaintzako kategoria bakoitzean 12 hilekori dagokion destino-osagarriaren zenbatekoa 2025. urtean:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Bosgarrena.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak, halaber, % 2,5 igoko dira 2024ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzen bada, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatu ostean izandako banakako emaitzen ondorioz.

Seigarrena.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Zazpigarrena.– Behin-behineko langileen ordainsariak % 2,5 igoko dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

Zortzigarrena.– Justizia Administrazioko langileen ordainsariak araudi espezifikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Bederatzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, haren organismo autonomoetako eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudunen ordainsariak % 2,5 igoko dira 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Hamargarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako enteetako langile lan-kontratudunen soldata-masak ezingo dira % 2,5 baino gehiago igo 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2025eko soldata-masaren gehieneko muga, eta negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko da nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.

Hamaikagarrena.– Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, baina 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ezingo dira % 2,5 baino gehiago igo haien zenbateko indibidualak, 2024ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.

Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.


Azterketa dokumentala