
21. zk., 2026ko otsailaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 9 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
465
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 23koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2026ko lehenengo ohiko deialdiko azterketetarako deia egiten duena.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak ezartzen dute Administrazio Publikoaren Euskal Institutua izango dela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaikuntza duen organismo bakarra. Horretarako, aurreikusten da IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldizkako deialdiak egingo dituela, ohikoak eta bereziak.
Halaber, 19/2024 Dekretuak ezartzen du euskal sektore publikoaren zerbitzuko funtzionarioei aplikatuko zaizkiela, bai eta haren zerbitzuko langile lan-kontratudunei ere, hala dagokionean. Zehazki, 2. artikuluak haren aplikazio-eremu subjektiboa zehazten du, eta euskal sektore publikoan sartzen diren entitateak mugatzen ditu dekretuaren ondorioetarako.
Hartara, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartzeko aukera ematen zaie administrazio publiko ez izan arren euskal sektore publikoaren barruan dauden entitateetako langileei. Zentzu horretan, IVAPeko zuzendariaren 2024ko abenduaren 20ko ebazpenaren bidez (EHAA, 251. zk.) ezarri zen zer betekizun bete behar dituzten aipatutako erakundeek beren enplegatuek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte hartu ahal izan dezaten.
Era berean, aipatutako dekretuaren 2.4 artikuluak beste langile-kolektibo batzuk zehazten ditu, eta horiei ere aplikatuko zaizkie dekretu horren xedapenak, beren legeria edo araudi espezifikoak hala xedatzen duenean.
Gainera, aplikagarriak dira, alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, eta, bestetik, Justizia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren artean sinatutakoa. Hitzarmen horien bidez, Karrera Judizialeko kideei, Karrera Fiskaleko kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren letraduen kidegokoei aukera ematen zaie hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.
Bestalde, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak 16. artikuluan adierazten du enplegatu publikoek, EAEko sektore publikoan duten lanpostuko eginkizunak betetzen dituztenean, eta enplegatu publiko izateagatik egiten dituzten izapide eta jarduketetan, nahitaez izan beharko dituztela harremanak bitarteko elektronikoen bidez. Beraz, aipatutako dekretuan xedatutakoari jarraituz, ebazpen honetan onartzen den deialdian egin beharreko izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez burutu beharko dira.
Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketak egiteko 2026ko lehenengo ohiko deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duen IVAPeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 23a.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
LEIRE CORRALES GOTI.
ERANSKINA, HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIAREN EBAZPENARENA
OINARRIAK
1. oinarria.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honek aukera ematen du Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan xedatutako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, hau da:
A2B1
B1B1 (lehengo 1. HE)
B1B2
B2B2 (lehengo 2. HE)
B2C1
C1C1 (lehengo 3. HE)
C2C1
C2C2 (lehengo 4.HE)
Konbinazio horietan, lehenengo osagaia idatzizko trebetasunei dagokie (irakurmena eta idazmena), eta bigarrena ahozko trebetasunei (entzumena eta mintzamena). Hizkuntza-eskakizunen gaitasun-mailak bat datoz Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuan xedatutakoarekin.
Interesdunek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.
B1B2 hizkuntza-eskakizunean izena emateko, eskatzaileak egiaztatuta izan beharko du B1B1 hizkuntza-eskakizuna.
B2C1 hizkuntza-eskakizunean izena emateko, eskatzaileak egiaztatuta izan beharko du B2B2 hizkuntza-eskakizuna.
C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizunetan izena emateko, eskatzaileak egiaztatuta izan beharko du C1C1 hizkuntza-eskakizuna.
2. oinarria.– Deialdian parte hartu dezaketenak.
Hauek aurkeztu ahal izango dira deialdi honen bidez deitutako azterketetara:
– Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 2. artikuluan araututako aplikazio-eremuan sartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzuko langileak. Administrazio publiko ez izan arren euskal sektore publikoaren barruan dauden entitateetako langileak, baldin eta entitate horiek IVAPeko zuzendariaren 2024ko abenduaren 20ko Ebazpenean (EHAA, 251. zk.) ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
– deialdi honetan izena emateko epean Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoren batean zerbitzuan diharduten irakasle eta heziketa-langileak.
– Entitate hauen zerbitzuan diharduten langileak, hala xedatzen badu haien legeria edo araudi espezifikoak:
Eusko Legebiltzarraren eta Arartekoaren erakundearen zerbitzuko funtzionarioak.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren zerbitzuko funtzionarioak.
Lurralde historikoetako Batzar Nagusien zerbitzuko funtzionarioak.
Ertzaintzako funtzionarioak.
Autonomia Erkidegoaren kudeaketaren mende dauden Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Karrera Judizialeko kide eta kidegaiak, behin-behineko epaileak, ordezko magistratuak, ordezko epaileak eta bake-epaileak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Karrera Fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren letraduen kidegoko kide eta kidegaiak, eta Justizia Administrazioaren behin-behineko letraduak, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.
3. oinarria.– Izena ematea eta jarraipena.
Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskaerak Azternet Interneteko aplikazioaren bidez kudeatuko dira (www.ivap.euskadi.eus/Azternet). Interesdunek eskaera aurkeztu behar izango dute, deialdiaren oinarri honetan bertan adierazten den moduan.
Deialdi honen aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonek Azternet aplikazioaren bidez egin beharko dute eskaera.
www.ivap.euskadi.eus/azternet helbide elektronikoan sartu beharko dira, onartuta dagoen ziurtagiri digitalen baten bidez identifikatuta (ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
Azterneten identifikatu ostean, urrats hauek bete beharko dituzte eskaera egin ahal izateko:«Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabide berria».
Eskatzailearen entitateak oniritzia eman beharko dio eskaerari, Solaskidegune plataformaren bitartez. Horretarako, entitate bakoitzak arduradunak izendatuko ditu, IVAPeko teknikariekin batera eskaerak kudeatu ditzaten.
Ez da onartuko gorago zehaztu ez den beste modu batean aurkeztutako eskaerarik.
Deialdi honetan parte hartzearekin lotutako izapide guztiak Azterneten bidez egin eta kontsultatu beharko dira. Hartara, onartuta dagoen ziurtagiri digitalen baten bidez identifikatu beharko dira (ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
4. oinarria.– C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizunetara aurkeztuko direnak.
C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizunetako azterketa egin ahal izango dute, alde batetik, lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori esleitua duten langileek eta, bestetik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, C1C1 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu edo horren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat lortu duten langileek.
Lehen aldiz aurkeztu eta C1C1 hizkuntza-eskakizunaren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat dutenek horren kopia ere bidali beharko dute eskaerarekin batera, baldin eta titulu edo ziurtagiri hauetakoren bat bada:
– EAEtik kanpoko hizkuntza-eskola ofizialek emandako euskara-ziurtagiriak.
– Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
– Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
Era berean, C2C1 edo C2C2 hizkuntza-eskakizunetako azterketara aurkeztu ahal izango dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan xedatutakoa betez. Horretarako, azterketa egitetik salbuesten dituzten ikasketak egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, dagokion unibertsitateak emana, aipatutako dekretuko 2. artikuluan eta 5. artikuluko 3. atalean zehazten den moduan.
5. oinarria.– Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonak.
Azterketak egiteko egokitzapenen bat behar dutenek eskaera-orrian adierazi beharko dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak eta abar), eta eskaeraren oinarri den mediku-txostena ere aurkeztu beharko dute. Datu horiek deialdi honen 21. oinarrian jasotzen den bezala egongo dira babestuta. Azterketa-egokitzapena egingo da, betiere proben edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.
6. oinarria.– Deialdira onartutakoen zerrenda.
Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta horiek aztertu ondoren, deialdira behin-behinean onartutako eskaerak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da IVAPen webgunean (https://www.ivap.euskadi.eus). Eskatzaileek Azterneten kontsultatu beharko dute haien eskaeraren egoera, onartu ala baztertu den jakiteko; hemen: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2026-01-23) < Eskaeraren datuak».
Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek bost egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak idatziz aurkezteko IVAPeko zuzendariari. Erreklamazioak Azterneten bidez aurkeztu beharko dira; hemen: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2026-01-23) < Erreklamazio edo errekurtso berria».
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, behin betiko onartutako eskaeren berri ematen duen IVAPeko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da IVAPen webgunean. Interesdunek Azterneten kontsultatu beharko dute haien eskaeraren egoera.
7. oinarria.– Epaimahaia.
IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira azterketak kalifikatuko dituzten epaimahaikide titular eta ordezkoak. Ebazpen hori IVAPen webgunean argitaratuko da, behin betiko onartutakoen ebazpenarekin batera.
Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da epaimahaia. Epaimahaikide gehienak karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira, eta C2C2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
Era berean, epaimahaian emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua izango dela bermatze aldera, gutxienez % 40ko ordezkaritza izan beharko du sexu bakoitzak.
Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide bezala aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.
Epaimahaiak IVAPeko langile baten laguntza izango du idazkari lanetarako.
Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bertako kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.
Epaimahaiaren jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.
8. oinarria.– Azterketa-fasea. Idatzizko azterketa eta ahozko azterketa.
Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu, idatzizkoa eta ahozkoa, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, ezinbestekoa da idatzizko azterketa gainditzea ahozko azterketan parte hartu ahal izateko. B1B2 edo B2C1 hizkuntza-eskakizunetara aurkezten direnek ahozko azterketa baino ez dute egin beharko; C2C1 hizkuntza-eskakizunera aurkezten direnek, berriz, idatzizko azterketa baino ez dute egin beharko.
9. oinarria.– Idatzizko azterketa.
Lehenengo azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egongo da. Idatzizko azterketa gainditzeko, trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Irakurmen-probak eta idazmen-probak bina ariketa izango dituzte.
10. oinarria.– Ahozko azterketa.
Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta mintzamena eta entzumena neurtuko dira. Mintzamen-proba grabatu egingo da, ez bada azterketariak, berariaz eta idatziz, horretarako baimenik ematen ez duela. Epaimahaiak aurrez aurreko mintzamen-proba ebaluatuko du betiere, eta ez grabazioa, halakorik dagoenean. Entzumena mintzamen-probarekin batera neurtuko da, berariazko entzumen-probarik egin gabe. Epaimahaikideek mintzamenaren eta entzumenaren ebaluazio-fitxetan jasoko dituzte haien irizpenak.
Ahozko azterketa gainditzeko, entzumena eta mintzamena gainditu beharko dira.
11. oinarria.– Azterketen egunak, lekuak eta orduak.
Eskaera kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta onartuko ditu IVAPek azterketen egutegia eta azterketak egiteko lekuak. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, aukera egongo da azterketa bat baino gehiago egiteko egun eta ekitaldi bakarrean.
IVAPen webgunean argitaratuko dira azterketen egunak, lekuak eta orduak. Webgune horretan argitaratutako egun eta lekuak ofizialak dira; beraz, deitutako pertsonek onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera bakoitzari egokitu zaion egunean eta lekuan baino ezin izango dute egin azterketa.
Hala ere, izena ematean ahozko azterketa egiteko aukeratu zuten lurralde historikoa aldatzeko eskatu ahal izango dute interesdunek, seigarren oinarrian aurreikusitako 5 egun balioduneko epean (deialdira onartutakoen behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epean). Hortik aurrera, ez da horrelako aldaketarik onartuko. Horretarako, nahi duten aldaketa arrazoitzeko idazki bat aurkeztu beharko dute Azterneten bidez.
Azterketa egin ahal izateko, nahitaez aurkeztu beharko da NANa, pasaportea edo gidabaimena.
12. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.
Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagutza-maila neurtzeko, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan. Marko Bateratuko A2, B1, B2, C1 eta C2 mailen deskribapena IVAPen webgunean dago ikusgai.
13. oinarria.– Azterketak kalifikatzeko modua.
Trebetasun bakoitzaren emaitza (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzarena bai prozesu osoarena, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai».
14. oinarria.– Trebetasunei dagozkien probak zuzentzeko hurrenkera.
Irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena baztertzaileak dira; beraz, emaitzak «gai» izan behar du trebetasun bakoitzari dagokion proban, hurrengo trebetasunaren proba zuzendu ahal izateko.
15. oinarria.– Idatzizko azterketaren emaitza gordetzea.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko zuzendariaren 2025eko abuztuaren 1eko deialdian idatzizko azterketa (irakurmena eta idazmena) gainditu baina ahozko azterketa (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten azterketariak, edo aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik. Hortaz, zuzenean joango dira ahozko azterketara. Hala ere, egoera horretan dauden azterketari guztiek ezinbestean eman beharko dute izena deialdi honetan, dagokion epearen barruan.
Era berean, deialdi honetan idatzizko azterketa gainditu baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei, edo aurkezten ez direnei, idatzizko azterketaren emaitza gordeko zaie IVAPen 2026ko bigarren deialdi orokorrerako. Kasu horretan ere, dagokion epean eman beharko dute izena deialdi horretarako.
C2C2 hizkuntza-eskakizunera aurkezten diren eta idatzizko azterketa egitetik salbuetsita daudenen kasuan, bi deialdien arteko denbora-tartean lanpostuz aldatu izanez gero, mintzamen-probako lehenengo ariketan aritzeko aukeran izango dituen gaiak berdin izan daitezke azterketariak gaur egun duen lan-esparruari buruzkoak zein aurreko deialdian izan zuen lan-esparruari buruzkoak.
16. oinarria.– Idatzizko azterketaren emaitzak eta erreklamazio-epea.
Epaimahaiak idatzizko azterketaren behin-behineko emaitzak onartu ondoren, IVAPen webgunean adieraziko da interesdunek Azterneten ikusi ahal izango dituztela beren emaitzak; hemen: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2026-01-23) < Emaitzak».
Idatzizko azterketa gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko azterketa. Idatzizko azterketaren behin-behineko emaitzen kontra erreklamazioa aurkeztu nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitzak argitaratu arte itxaron beharko du, hau da: fase honetan ezin izango da erreklamaziorik aurkeztu. Erreklamazio-fasearen ondoren aldaketarik egongo balitz idatzizko azterketan kalifikazioan (Ez Gai – Gai), ahozko azterketa egiteko deia egingo zaie interesdunei, behin betiko emaitzak argitaratu baino lehen.
17. oinarria.– Ahozko azterketaren emaitzak eta behin-behineko emaitza orokorrak.
Epaimahaiak ahozko azterketaren behin-behineko emaitzekin batera onartuko ditu prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak. Interesdunek Azterneten kontsultatu ahal izango dute behin-behineko emaitza orokorra; hemen:«Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2026-01-23) < Emaitzak». Behin-behineko emaitza horiek IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko dira, institutu horren webgunean eta EHAAn argitaratuz. Deialdi honetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari buruzko ondorioak argitalpen horretatik aurrera sortuko dira.
18. oinarria.– Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.
EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko. Azterneten aurkeztu beharko dira erreklamazioak.
Erreklamatzen diren probak berriro zuzenduko dira, eta berrikusketaren emaitza (Gai / Ez gai) behin betiko kalifikazioak argitaratuz jakinaraziko da. IVAPek ez du zuzenketaren inguruko azalpen pertsonalizaturik emango. Entitate honek darabilen ebaluazio-mota ziurtatze-entitate eta ziurtatze-prozedura bati dagokiona da; alegia, barne begirakoa (ebaluazio sumatiboa) eta ez kanpora begirakoa (ebaluazio formatiboa).
Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu. Behin-behineko emaitzak bezala, behin betiko emaitza orokorra ere Azterneten kontsultatu behar du interesdun bakoitzak.
Behin betiko emaitza orokorrak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpena EHAAn eta IVAPen webgunean argitaratuko da.
Prozesuaren behin betiko emaitzak jakinarazten dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera. Errekurtso hori Azterneten aurkeztu beharko da.
19. oinarria.– Argitaratzea.
Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPen webgunean argitaratuko dira; era berean, behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak onartzeko ebazpenak EHAAn argitaratuko dira.
20. oinarria.– Ziurtagiriak jasotzea.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketaren bat gainditzen dutenek Azterneten eskuratu ahal izango dute IVAPeko zuzendariaren ziurtagiria (kontsultak/IVAP HE ziurtapenak), inprimatzeko moduko formatu digitalean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere eskuratu ahal izango da ziurtagiri digitala (www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), Nire Karpeta atalean. Ziurtagiriek behin-behineko emaitzak argitaratu zireneko data izango dute, baina ez dira eskuragarri egongo harik eta behin betiko emaitzak argitaratu arte.
21. oinarria.– Datuen babesaren inguruko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Arduraduna: IVAP.
Helburua: Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko kudeaketa eta jarraipena (ohiko deialdietarako eskaerak kudeatzea; baliozkotzeak kudeatzea; hautaketa-prozesuak kudeatzea). Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen erregistroa eta salbuespenen erregistroa sortzea. Eskatzaileak, historiak, ziurtagiriak eta egiaztapenak kudeatzea. Ikerketak eta estatistikak egitea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Foru-aldundiak; toki-administrazioko beste organo batzuk; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; EAEn langileen arloan eskumena duten erakundeak; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua); Aldizkari Ofiziala.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak, eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia (https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021700-capa2-eu.shtml).
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS