
20. zk., 2026ko urtarrilaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 9 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
454
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 15ekoa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren edo Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko 2026ko probetarako deialdia egiten duena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 69.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, Batxilergoko titulua edo lanbide-heziketako tituluak zuzenean lortzeko probak antolatuko dituzte, aldian-aldian, Gobernuak araudi bidez ezarritako baldintza eta ezaugarriei jarraikiz».
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan, lanbide-heziketako irakaskuntzen antolaketa otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuaren bitartez arautu zen, zeinaren bidez aldatzen baita otsailaren 26ko 32/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren antolaketa orokorra ezartzen duena.
Proba hauei dagokienez, 659/2023 EDren 140.c) artikuluak adierazten du lanbide-heziketako tituluak, ziurtagiriak eta akreditazioak eskuratzeko bideetako bat dela «Teknikariaren edo Goi-mailako Teknikariaren tituluetan barne hartutako lanbide-moduluak gainditzeko proba libreak gainditzea.». Halaber, Errege-Dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-administrazioek, aldian-aldian, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako probak antolatu behar dituzte, Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko, eta, era berean, bertan ezartzen denez, gutxienez urtean behin egingo dira deialdiak. Era berean, zehazten du hezkuntza-administrazioek, zehaztu egin behar dutela heziketa-zikloetako zer lanbide-ziklotarako egiten diren probak eta zein den matrikula egiteko epea. Eta hezkuntza-administrazioek ezarriko dute zein ikastetxe publikotan egingo diren probak.
Bestalde, 14/2016 Dekretuan eta hori garatzeko emandako arauetan, mugatu egiten da ikasleak erregimen presentzialean aurkez daitezkeen deialdien kopurua. Honek ekarriko du heziketa-zikloak erregimen presentzialean egin dituzten zenbait ikaslek ezin ikasketekin jarraitu ahal izatea, ezarritako gehieneko deialdi kopurua gainditua dutelako.
Honako hau ezartzen da Lanbide-heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean, Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) heziketa-zikloei dagokienez: aurrerantzean ere probak egingo dira Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko, bai Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikotik –LOGSE ordezten duenak– eratorritako heziketa-zikloak ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan. Hartara, titulua lortzeko aukera emango zaie LOGSEtik eratorritako heziketa-zikloak hasi baina amaitu gabe dituztenei, modalitatea zeinahi dela ere. Halaber, aldi horretan heziketa-ziklo horiek eskaintzen jarraitu ahal izango da, eskaintza partzialaren modalitatean.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko probak.
Azkenik, abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuaren bidez arautzen dira Espainiako hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako tituluetako lanbide-moduluen baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak.
Beraz, helburutzat hartuta pertsona guztiek aukera izan behar dutela bizitza osoan zehar prestakuntza jasotzeko, eta, era berean, administrazio publikoek, hezkuntza-sistemaren bidez, sustatu behar dutela herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondoko prestakuntza-maila edo parekoa lortzea, eta 659/2023 Errege Dekretuaren arabera hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako titulu berriak ezartzeko aldi iragankorrean, bada, egin beharra dago Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko probetarako aparteko deialdia, goian deskribatutako egoerak kontuan hartuta, deialdi honetan aurkezten diren zikloan aurretik matrikulatuta egon diren pertsonentzat, aukera izan dezaten titulu bat lortzeko.
Iragankortasun-egoera hori dela eta, probak egiteko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua aplikatuz ezartzen ari diren aldaketen aurreko planetako curriculumak erabiliko dira.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren edo Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko 2026ko probetarako deialdia egitea, dagokion artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonentzat.
2. artikulua.– Deialdiaren esparrua.
1.– Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babespean (LOGSE) ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak.
1/1990 Lege Organikotik eratorritako heziketa-ziklo horiek, modu presentzialean emandakoak izan daitezke, edo iraungitze-fasean egon daitezke, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako titulu berriak ezarri direlako.
Horrenbestez, LOGSE ziklo hauetarako deitzen dira proba libreak:
• 2025-2026 ikasturtean modalitate presentzialean ematen direnak:
– Erizaintzako Zaintza Osagarriak (Lanbide-arloa: Osasungintza).
– Dietetika (Lanbide-arloa: Osasungintza).
• Iraungitze-fasean dauden zikloak. Ziklo horietarako deialdiak egingo dira bai ziklo horien ordezko LOE heziketa-zikloak ezartzen diren ikasturtean bertan, bai hurrengoan, hala adierazten baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko otsailaren 19ko Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean:
– Iraungitzen hasita dauden LOGSE zikloak: Laneko Arriskuen Prebentzioa (Lanbide-arloa: Instalatze eta Mantentze-Lanak).
– Iraungitzea amaituko duten LOGSE zikloak: ez dago halakorik.
2.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) babespean ezarritako lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko probak, lege horretatik eratorritako lanbide-heziketako titulu bat eskuratzeko interesa dutenei zuzenduak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako eskaintza osoko erregimen presentzialeko hezkuntza-eskaintzaren parte direnak 2025-2026 ikasturtean.
3. artikulua.– Prozesuaren garapena.
Pertsona bakoitzak heziketa-ziklo bateko moduluetan baino ezin izango du aurrematrikulatu. Edozein arrazoirengatik bi matrikulatan matrikulatzen bada, bakarrik aurrematrikularen sortze-data lehenagokoa duena izango da baliozkoa.
Probetan parte hartzeko, aurrematrikulazio-aldi bat irekiko da. Aurrematrikulazio hori EAEko sare publikoko ikastetxeetan egin ahal izango da, ezartzen diren modulu eta hizkuntza-ereduetan (2025-2026 ikasturteko Lanbide Heziketako eskaintzan sartuta egon beharko dute).
Litekeena da eskabideak gehiago izatea eskaintzen diren plazak baino; horregatik, baremoa ezarriko zaie eskabideoi, ebazpen honetan ezarritako irizpideak erabiliz.
Prozesu honetako datuak oinarri hartuta, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ezarriko du zer ziklo eta modulu sartuko diren deialdi honetan eta sare publikoko zer ikastetxetan egin ahal izango diren.
Zikloen eta moduluen eskaintza argitaratu ondoren, plazak esleituko dira, baremazio-ordenari jarraituz. Esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute esleipendunek, eta, horrela, gauzatu egingo da matrikula.
Matrikulazio-prozesua amaitzeko, prezio publikoa ordaintzetik erabat salbuetsita daudenek baieztatu egin beharko dute probak egin nahi dituztela. Horretarako, Ikasgunea baliatu edo proba horiek egingo diren ikastetxeko idazkaritzara jo dezakete. Matrikula berresten ez badute, haien matrikula osatu gabe geratuko da, eta, beraz, prozesutik kanpo geldituko dira.
Egutegiari eskainitako artikuluan prozesu guztia biltzen da, eta, hor, adierazita daude data guztiak, azterketen egun zehatzak izan ezik, ikastetxe bakoitzak dagokion epearen barruan zehaztuko baititu azken horiek.
Ebazpen honetan araututako prozesuan sortzen diren zerrendak kontsultatzeko, aurrematrikulazioa egin den ikastetxeko idazkaritzara jo beharko da, eta han identifikatu. Ondoren, probak egin behar diren ikastetxean kontsultatu ahal izango dira zerrendok, bai eta Ikasgunean ere, eta, horretarako, beharrezkoa izango da erabiltzailea eta pasahitza izatea.
Abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuaren arabera, ezin izango da moduluen baliozkotzerik eskatu proba horietan.
4. artikulua.– Eskakizunak.
1.– Teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, ezinbestekoa da gutxienez hemezortzi urte izatea 2026ko abenduaren 31 baino lehen; Goi-mailako Teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, berriz, gutxienez hogei urte izatea, 2026ko abenduaren 31 baino lehen, edo hemeretzi urte izatea, Teknikariaren titulua baldin badute.
2.– 659/2023 Errege Dekretuaren 141.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, proba horiei dagokienez, pertsona batek ezingo du titulu bat lortzeko probetan matrikula egin, lanbide-modulu berean edo beretan, edozein modalitatetan eta edozein autonomia-erkidegotan, ohiko moduan matrikulatuta dagoen urte akademikoan.
Bikoiztasun hori identifikatuz gero, inplikatutako administrazio eskudunek matrikula guztiak baliogabetuko dituzte. Eskakizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko da matrikula eskatzeko dokumentuan.
Bateraezintasun hori ez zaie aplikatuko 2025-2026 ikasturtean matrikulatutako ikasleei, baldin eta, aurrematrikulazio-epea bukatu baino lehen, lanbide-moduluren batean agortu badute uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 18.13 artikuluan ezarritako gehieneko deialdi kopurua.
3.– Interesdunek, ebazpen honen xede diren probak egin ahal izateko, Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 16ko Aginduan ezarritako sarbide-eskakizunak (I. eranskineko hirugarren jarraibidea) bete beharko dituzte, agindu horren bidez ezartzen baitira 2025-2026 ikasturterako izena emateko eskaerak aurkezteko, horiek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna.
4.– Aurrematrikulatzen diren zikloko modulu onartuak edo baliozkotzeko moduko moduluak izan beharko dituzte, gutxienez 500 ordukoak, Erizaintzako Zaintza Osagarriak zikloaren kasuan izan ezik, azken horretan 350 ordukoak izango baitira.
Gainditutako eta baliozkotutako moduluen orduak zenbatzeko, konpetentzia-estandarrei edo lanbide-profilari lotutako moduluak hartuko dira kontuan. Zeharkako moduluak, ordea, ez dira kontuan hartuko; zehazki honako hauek: Kalitatea eta etengabeko hobekuntza; Lan-giroko harremanak; Lantaldeko harremanak; Laneko prestakuntza eta orientabidea; Enpresa eta ekimen sortzailea; Hizkuntza teknikoa: euskara; Hizkuntza teknikoa: alemana; Hizkuntza teknikoa: frantsesa; Hizkuntza teknikoa: ingelesa; Frantses teknikoa; Ingeles teknikoa, eta beste erkidego batzuetako berezko moduluak.
Ordu kopuruaren baldintza hori ez zaie eskatuko Konpetentzia Profesionalak Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Prozeduratik datozen pertsonei.
5.– Aurrematrikula-epea amaitu arte egiaztatu ahal izango dira eskakizunak, hurrengo paragrafoan adierazitakoa salbu.
6.– Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako Konpetentzia Profesionalak Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Prozeduraren deialdietatik datozen pertsonek proba libreak egiteko deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, nahiz eta aurrematrikula egiteko epean lehenago aipatutako sarbide-eskakizunak ez bete; azterketak egiteko, ordea, sarbide-eskakizun horiek bete beharko dituzte, eta probak egin aurretik justifikatu beharko dute eskakizunok betetzen dituztela. Aipatutako deialdietatik datorren pertsona batek modulu bat edo gehiago egin eta gainditzen baditu eskakizun horiek bete gabe, haren matrikula automatikoki ezereztuko da, eta egindako azterketak baliogabetuko dira.
5. artikulua.– Curriculuma.
659/2023 Errege Dekretuaren 141.3 artikuluak ezartzen duenez, ebaluazio-probak lanbide-moduluka egingo dira, eta proben diseinua indarrean dauden curriculumei buruzkoa izango da. Hala ere, errege-dekretu hori egun ezartzeko trantsizio-aldian dagoela-eta, deialdi honi dagokionez, probak egiteko oinarri izango diren curriculumak planen aplikazioan sartzen ari diren aldaketen aurreko planetakoak izango dira.
6. artikulua.– Aurrematrikulazioa.
1.– Aurrematrikula egin beharra dute deialdi honetan araututako probak egiteko interesa duten guztiek.
2.– Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira aurrematrikulak:
• Presentziala: hezkuntza-administrazioaren mende dagoen lanbide-heziketako ikastetxe publikoren batean. Aurrematrikulazioa gauzatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak erabiltzailea eta pasahitza duela Ikasgunean, eta, halakorik izan ezean, une horretan bertan eskuratu ahal izango ditu.
• Online: horretarako, https://ikasgunea.euskadi.eus helbidean sartu behar da, Hezkuntza Sailak horretarako diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez.
3.– Heziketa-zikloaren modulu baterako edo gehiagotarako egingo da aurrematrikula, salbu eta Proiektuaren eta Lantokiko Prestakuntzaren (LP) moduluak; izan ere, bi horiek modalitate presentzialean egin behar dira, heziketa-zikloaren gainerako moduluak gainditu ondoren, eta dagokion urteko aginduan zehazten den matrikulazio-epean (agindu horren bidez, egutegi komun bat ezartzen da, non jasotzen baita zer epe dauden izena emateko eskaerak aurkezteko, onartzeko eta matrikulatzeko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan).
Hala ere, behin modulu guztiak gaindituta, Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea eskatzen duten ikasleek, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkezten badute, ebazpen honetan ezarritako aurrematrikulazio-aldian gauzatu ahal izango dute matrikula.
Lantokiko Prestakuntzaren (LP) modulutik salbuesteko aukera lortzeari dagokionez, proba horietan LP moduluan ez ezik beste batzuetan ere matrikulatuta dauden pertsonei LPtik salbuesteko aukera soilik aztertuko zaie, baldin eta matrikulatuta dauden gainerako moduluak gainditu badituzte, eta, betiere, dagokien zikloko modulu horiek bakarrik geratzen bazaizkie gainditzeko.
Proiektuaren moduluari dagokionez, egoera hori salbuespenezkoa denez, modulu guztiak gainditu ondoren eta erabateko salbuespena Lantokiko Prestakuntzako moduluari badagokio edo aldez aurretik egin bada, modulu horretan matrikulatu ahal izango da, gainditzeko eta ondoren titulua lortzeko.
Kasu horietarako, deialdi honetan matrikulatu den ikastetxean informazio-saio bat egingo da, eta bertan, prestatu beharreko kasuari, lanari edo simulazio-ariketari buruzko beharrezko informazioa emango da.
Ikastetxe bakoitzak erakusketa- eta defentsa-data edo -datak ezarriko ditu.
4.– Gehienez, aukera dago 4 modulutan aurrematrikulatzeko, 800 ordutik gorakoak ez badira. Moduluen eta orduen zenbaketan ez dira sartzen Lantokiko Prestakuntzako eta Proiektuko moduluak. Modulu bakoitzeko ordu-kopurua dagokion tituluaren dekretuan adierazten da, edo, dekreturik ez badago, errege-dekretuan.
Pertsona bat 4 modulu baino gehiagotan edo 800 ordu baino gehiagoko moduluetan aurrematrikulatuta badago, hurrenkera honetan ordenatuko dira: lehenengo tokian, konpetentzia-estandarrei lotutako moduluak; bigarren tokian, lanbide-profilari lotutako moduluak; hirugarren tokian, ordu-kopuru handienetik txikienera; eta laugarren irizpide bat behar izanez gero, alfabeto-ordenaren arabera. Matrikula lehenengo modulutik laugarrenera egingo da, edo 800 orduak gainditzen dituen moduluaren aurrekora arte.
5.– Honako datu hauek adieraziko dira aurrematrikulazioa egitean:
a) Probetarako sarbidea, baremazioa egiteko erabiliko dena; hauetako bat izango da:
I.– Eskaeraren heziketa-zikloan aldez aurretik matrikulatu izana, eskaintza osoan edo urrutikoan.
II.– Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia.
III.– Profesionaltasun-ziurtagiria edo C Gradua (Ziurtagiri profesionala).
b) Lurralde historikoa.
c) Zer ziklotan egin nahi den matrikula.
d) Zer modulutan egin nahi den azterketa.
e) Proba zer hizkuntzatan egin nahi den: ziklo bakoitzerako, aurrematrikula modu presentzialean eta eskaintza osoko modalitatean egin den ikastetxean eskaintzen diren hizkuntzak izango dira erabilgarri dauden hizkuntzak, hots, euskara eta/edo gaztelania, eta, bi aukerak badaude, haietako bat aukeratuko da, eta berdina izango da aurrematrikulatutako zikloko modulu guztietarako.
6.– Aurrematrikulazioa egitean aurkeztu beharreko dokumentazioa:
• Erroldatze-ziurtagiria: eskatzailea EAEn bizi bada, ofizioz egiaztatuko da erroldatze-agiria, horretarako baimena ematen badu. Bestela, aurkeztu beharko du.
Basauri (015), Bermeo (017), Leioa (054), Ortuella (083), Mungia (069) eta Usansolon (916) erroldatutako eskatzaileek, bai eta EAEtik kanpo bizi direnek ere, beti aurkeztu beharko dute aurreko paragrafoan aipatutako erroldatze-ziurtagiria.
Ziurtagiri horrek, gehienez, hiru hilabeteko antzinatasuna izango du.
Edozein kasutan, agiri hau ez aurkezteak ez dakar berekin prozesutik kanpo geratzea. Izan ere, baremazioari baino ez dio eragingo.
• Ikasketa-espedientea edo sarbide-eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentua: beharrezkoa izango da sarbide-betekizunak betetzen direla egiaztatzeko eta baremazioan lehentasuna izateko aukera izateko (Oharra: EAEn 2015-2016 ikasturtetik aurrera, ikasturte hori barnean dela, lanbide-heziketako heziketa-zikloak egin dituztenek ez dute ikasketa-espedienterik aurkeztu behar).
• Moduluen eta prezio publikoaren salbuespenak eta hobariak justifikatzeko dokumentazioa.
7. artikulua.– Baremazioa.
Aurrematrikulazio-epea amaitu ondoren, eskabideen baremazioa egingo da. Lurralde historikoaren, zikloaren eta azterketak egiteko hizkuntzaren arabera gauzatuko da prozesu hori. Honako irizpide hauen arabera egingo da baremazioa, jarraian adierazten den lehentasun-hurrenkera honetan:
1.– EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietan parte hartu duten pertsonak, deialdi horretan gutxienez lanbide-kualifikazio bat lortu duten zikloetarako, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.
2.– EAEko eskaintza partzialean aurrematrikulatzen den heziketa-zikloa egin duten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.
3.– Aurrematrikula egin den moduluetako batean edo batzuetan (EAEn egindako heziketa-zikloetakoak) deialdiak agortuak dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.
4.– EAEn egindako heziketa-zikloetan lehendik matrikulatua egon diren eta zenbait modulu gainditu gabe dituzten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.
5.– EAEn, Profesionaltasun-ziurtagiria edo C gradua (Ziurtagiri profesionala) lortu duten pertsonak, gainditu gabeko moduluak dituztenak, gainditu gabeko modulu gutxien dutenetatik gehien dutenetara ordenatuta.
6.– EAEn erroldatuta dauden gainerako pertsonak.
Oharra: «gainditu gabeko moduluen kopurua» da aurrematrikula egiteko unean hezkuntzaren arloan eskumena duen administrazioak gainditutzat jotzen ez dituen moduluen kopurua, edo, Profesionaltasun-ziurtagiriaren edo C graduaren bidez sartzen den kasuetan, egiaztatutako konpetentzia-atalekin bat ez datozen moduluen kopurua da.
Lehentasun-irizpide horiek berak aplikatuko zaizkie, ondoren, lanbide-heziketako ikasketak EAEtik kanpoko ikastetxeetan egin dituztenei, edo lan-esperientziaren bidez edo beste autonomia-erkidego batzuetako prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietan parte hartu dutenei, edo EAEn baliozkotasunez erroldatuta ez daudenei.
Lehenik eta behin, ahalegina egingo da eskatutako zikloa ematen duen ikastetxearen lurralde historikoan dagoen ikastetxe batean plaza esleitzeko, eskatutako hizkuntzan (euskaraz ala gaztelaniaz). Plaza librerik ez badago, beste lurralde historikoetan plaza esleitzeko ahalegina egingo da.
Aurreko irizpideetako bakoitzaren barruan, berdinketarik izanez gero, ausazko prozedura bat baliatuko da, plazak esleitzeko prozeduran erabilitako aplikazio informatikoak egina. Eskabidea grabatzeko unean, aplikazio informatikoak hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari, ausaz esleitu ere: 1aren eta 99999aren arteko zenbaki oso bat, alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.
Pertsonaren bat adierazitako irizpide batean baino gehiagotan sartzen bada, aukerarik onena aplikatuko zaio.
8. artikulua.– Eskaintza zehaztea eta plazak esleitzea.
1.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta, jasotako eskaria kontuan hartuta, zehaztuko du deialdia zer ziklotarako eta zer modulutarako egingo den, sare publikoko zer ikastetxetan, eta probak zer hizkuntzatan egingo diren. Ondoren, plazak esleituko ditu, baremazio-hurrenkeraren arabera, eta esleipendunen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, haietako bakoitzean adierazita zer ikastetxe esleitzen den hasiera batean; esleipendunek ikastetxe horietan egin beharko dituzte probak, matrikulazio-prozesua osatzen badute.
2.– Erreklamazioak egin ahal izango zaizkie zerrenda horiei, eta, hala badagokio, eskabideari dagokion prezio publikoari ere bai, baldin eta okerra bada, hala presentzialki, nola Ikasgunean, egutegian adierazitako epearen barruan. Erreklamazioak aztertu ondoren, esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, hau da, ordainketa egin aurrekoak, probak zer ikastetxetan egin behar diren zehaztuta; Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak ofizioz aldatu ahal izango du ikastetxea, azkenean zenbat lagun matrikulatu diren kontuan hartuta.
9. artikulua.– Prezio publikoa ordaintzea.
1.– Esleipendunen behin betiko zerrendak, ordainketa egin aurrekoak, argitaratu ondoren, prezio publikoa ordaintzeko epea irekiko da. Matrikula ez da gauzatuko, harik eta ordainketa egin arte. Ordaintzetik erabat salbuetsita daudenek, matrikulazio-prozesua amaitu eta azterketak egin ahal izateko, ordainketarik egin behar ez badute ere, matrikula berretsi beharko dute, Ikasgunearen bidez edo izena eman duten ikastetxeko idazkaritzan.
2.– Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietatik datozen pertsonak heziketa-zikloetan sartzeko probak gainditzeko zain badaude sarbide-eskakizunak bete ahal izateko, proben emaitza jakin ondoren egingo dute ordainketa, erantsitako egutegian adierazten den egunean.
3.– Ziklo bakoitzeko 18 euro izango da Lanbide Heziketako Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak eskuratzeko probei aplikatu beharreko prezio publikoa, hala ezarrita baitago Hezkuntzako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 5. artikuluan. Agindu horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira.
4.– Azterketa-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoen Legearen testu bategina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak ezarritako moduetan ordaindu ahal izango dira. Ordainketa epe barruan egiten ez bada, probetan parte hartzeari uko egin zaiola ulertuko da.
5.– Ezingo da dirurik berreskuratu.
6.– Salbuespenak eta hobariak:
• Honako egoera hauetako batean dauden ikasleek ez dute prezio publikoa ordaindu beharrik izango:
– Kategoria bereziko familia ugarietako kide izatea.
– Genero-indarkeriaren biktimak eta haien seme-alabak, azken horiek 25 urtetik beherakoak badira eta haiekin bizi badira.
– Azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako egoeraren batean egotea (dekretu horren bidez, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen da).
• Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako kide diren ikasleek.
10. artikulua.– Proben emaitzak eta erreklamazioak.
1.– Azterketak egiteko egutegia ikastetxe bakoitzak ezarriko du, horretarako ezarritako epean.
2.– Erreklamazioei erantzuteko, dagokion ikastetxeko Antolakuntza- eta Jarduera-Araudia (AJA) aplikatuko da.
11. artikulua.– Egutegia.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 15a.
Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,
NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.
RSS