Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2026ko urtarrilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
450

10/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Portugaleteko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmena, deribazio judizialaren bidezko familia-elkargune zerbitzua Portugaleten kudeatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Portugaleteko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmena, deribazio judizialaren bidezko familia-elkargune zerbitzua Portugaleten kudeatzeko. Lankidetza hitzarmena hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 23a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 23KO 10/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA PORTUGALETEKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, PORTUGALETEN DERIBAZIO JUDIZIALAREN BIDEZKO FAMILIA ELKARGUNE ZERBITZUA KUDEATZEKO KUDEAKETA INTERSUBJEKTIBOKO GOMENDIOA EGITEKO
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, María Jesús Carmen San José López andrea, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 26. artikuluan eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuaren 4.2.j) artikuluan esleitutako eskumenen arabera.

Eta bestetik, María José Blanco, Portugaleteko Udaleko alkatea, erakunde horren ordezkari gisa.

Bi aldeek elkarri aitortu dizkiote egintza honetan esku hartzeko izaera eta ordezkaritza eta, halaber, agiri hau egiteko legezko gaitasun nahikoa dutenez, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneak arautzen dituen eta azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatu duen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren Zioen Azalpenean ezartzen denez, justiziaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen funtzionamendua sortu eta bermatuko du, erantzukizun publikoko zerbitzu gisa, eta horiek zuzeneko ekintzakotzat joko dira Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bigarrena.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailak ez du baliabide material eta tekniko beharrezko eta egokirik Portugaleten deribazio judizialaren bidezko elkargune-zerbitzua emateko.

Portugaleteko Udalak, bere aldetik, etenik gabe eskaintzen du zerbitzu hori 2005. urteaz geroztik; beraz, baliabideak eta esperientzia ditu, bai eta zerbitzua emateko lokal egokiak ere.

Beraz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, egokia da sail horrek Portugaleteko Udalari udalerri horretan deribazio judizialaren bidezko familia-elkargunearen zerbitzua kudeatzeko lankidetza-hitzarmena sinatzea.

Hirugarrena.– Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 37. artikuluak xedatzen duen bezala, kudeaketa intersubjektiboaren gomendioa lankidetzarako administrazioen arteko hitzarmenen bidez artikulatuko da, eta haren araubide juridikoa jasoko du, honako hauek berariaz aipatuz: zer jarduerari eragiten dion, indarraldia, agindutako kudeaketaren izaera eta norainokoa, eta agindutako organoak edo erakundeak eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere gain hartzen dituzten betebeharrak.

Laugarrena.– Aurreko guztiarekin bat etorriz, bi aldeak ados daude beren interesetan, eta lankidetza-hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Portugaleteko Udalaren arteko lankidetza antolatzea, Portugaleteko udalerrian deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen jarduera egiteko.

Bigarrena.– Portugaleteko udalaren betebeharrak.

Portugaleteko Udalak konpromiso eta betebehar hauek hartzen ditu bere gain:

– Portugaleteko elkarguneak behar bezala eskainiko ditu azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatutako 124/2008 Dekretuaren 5. artikuluan zehaztutako zerbitzuak, dekretu horren 6. artikuluko printzipio orokorrei dagokienez.

– Portugaleteko elkargunean, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Valle de Trápaga-Trapagaranen, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan, Zierbenan, Muskizen eta Enkarterrietan bizi diren familien familia-elkargunean esku hartzeko ebazpen judizialak beteko dira. Enkarterritik datozen familien kasuan, arreta Zallako udalerriko lokaletan eman ahal izango da.

– Portugaleteko Udalari dagokio familia-elkargunea kudeatzeko modua zehaztea.

– Profesionalek dekretu horren 10. artikuluan ezarritako erabiltzaileen eskubideak eta 13. artikuluan adierazitako betebeharrak errespetatuko dituzte. Haurren eta nerabeen interes gorena izango da beti zerbitzuaren funtsezko alderdia.

– Zerbitzua azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatutako 124/2008 Dekretuaren III. kapituluko 2., 3. eta 4. ataletan adierazitako jarduera-protokoloetara, jarduketetara eta esku hartzeko prozeduretara egokituko da.

– Balorazioa eta esku-hartze plana banakakoak izango dira. Antolaketa-egiturak eta profesionalen prestakuntzak emandako zerbitzuaren zuzentasuna bermatuko dute.

– Hiru hilean behin, Portugaleteko Udalak azalpen-memoria bat aurkeztuko du. Memoria horretan, artatutako kasuei buruzko informazio estatistikoa jasoko da, bai eta horietan izandako bilakaera eta gorabehera bereziki interesgarrien balorazioa ere.

– Urte naturala amaitu ondoren eta, hala badagokio, luzapen-urte bakoitzaren amaieran, Portugaleteko Udalak urtean zehar egindako jardueren memoria bat aurkeztu beharko du. Memoria horretan, hiruhileko txostenetan jasotako informazioa bilduko da, eta, bestalde, kudeaketarekin, prestakuntza- edo ikerketa-jarduerekin, zerbitzuaren balorazioarekin eta zerbitzua hobetzeko proposamenekin lotutako alderdien berri emango da.

– Elkarguneko bulegoetan eta erabiltzen diren dokumentuetan, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren logotipoa eta ikurra agertu beharko dira.

– Portugaleteko Udalak Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren aurrean justifikatu beharko du betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, bai eta mandatuaren xede den jarduera edo jarduerak klausula honetan bertan aurreikusitako moduan eta epeetan egin dituela ere.

Nolanahi ere, familia-elkarguneak Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu (dekretu hori azaroaren 22ko 239/2011 Dekretuak aldatu zuen), eta, beraz, Portugaleteko Udalak inguruabar hori egiaztatu beharko du gomendioa egin duen Administrazioaren aurrean.

Betebehar hori betetzen ez bada, mandatua baliogabetu egingo da, seigarren klausulan aurreikusitako moduan.

Portugaleteko Udalak Justizia eta Giza Eskubideen Sailak egin beharreko egiaztapenak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak egingo ditu.

Hitzarmen hau adosteko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko dio Justizia eta Giza Eskubideen Sailari.

Hirugarrena.– Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren betebeharrak.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak konpromisoa hartzen du 2026. urtean 282.000 euro bideratzeko Portugaleteko deribazio judizialaren bidezko elkargunearen funtzionamendutik eratorritako gastuak finantzatzeko. Urte bateko eta besteko zenbatekoa ekitaldi horretako aurrekontu arruntaren kargura ordainduko da.

Zerbitzua emateagatiko ordainketa –2026ko aurrekontuen kargura– honela egingo da:

1.– Lehenengo ordainketa, hitzartutako zenbatekoaren % 50ekoa, urtearen hasieran egingo da.

2.– Bigarren ordainketa, hitzartutako zenbatekoaren % 25ari dagokiona, uztailean egingo da.

3.– Azken ordainketa, Portugaleteko Udalak jasandako gastu errealaren gainerako zenbatekoa, esleitutako urteko zenbatekoaren gehieneko mugarekin.

Ordainketa hori Portugaleteko Udalean fede publikoa duen pertsonak emandako ziurtagiria aurkeztu ondoren egingo da. Ziurtagiri horretan, zerbitzua ematearen ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko da.

Gastuaren ziurtagiriarekin batera, urtean zehar egindako jardueren azalpen-memoria aurkeztu beharko da, lehen zehaztu den bezala.

Ziurtagiria eta azalpen-memoria Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen saileko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio urte bakoitzeko urtarrilaren 10a baino lehen. Luzapenik izanez gero, hurrengo urteetako data hori baino lehen aurkeztu beharko da.

Nolanahi ere, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren ekarpenak 282.000 euroko gehieneko muga izango du 2026. urterako, hitzarmenaren indarraldia amaitu ondoren zerbitzuaren kostua arestian aipatutako zenbatekoa baino txikiagoa dela erabakitzen bada, benetan ordaindu beharreko zenbatekoa likidatuko da, eta, zenbateko horren arabera, administrazio gomendio-emaileak, hala badagokio, egin gabeko ordainketa osoa edo zati bat ordainduko du, edo, hala badagokio, ordainketa hori deuseztatuko du, eta, hala badagokio, hitzarmena sinatzen den unean jasotako zenbatekoaren zati bat itzultzeko eskatuko dio Udalari.

Azkenik, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak konpromisoa hartzen du bere gain hartzeko bere logotipoa eta sinboloa Familia Elkarguneko lokalean eta erabiltzen diren dokumentuetan sartzeko kostuak.

Laugarrena.– Hitzarmenaren kontrola eta jarraipena.

Hitzarmenaren kontrol eta jarraipenaz Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritza arduratuko da.

Era berean, hitzarmen honen Jarraipen Batzorde bat sortzen da, Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuordeak eta Justiziako zuzendariak, Portugaleteko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Haur, Gazteria eta Gizarte Ekintzako Familia Burutzak edo horiek eskuordetutako pertsonek osatua. Batzorde hori urtean behin bilduko da, gutxienez, eta egoki irizten dion bakoitzean.

Batzorde horren oinarrizko eginkizunak honako hauek izango dira:

– Zerbitzua nola ematen den aztertzea, hura zuzena dela bermatzeko.

– Lan-protokoloak ezartzea: dokumentazioa, prozedurak, segurtasuna, lankidetza, etab.

– Kasuistika aztertzea.

– Zerbitzuan eta araudian egin daitezkeen hobekuntzak planteatzea.

– Alderdien arteko eztabaidak ebaztea.

Bosgarrena.– Izaera eta jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, eta apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, ezarritakoaren arabera arautuko da, aplikazioan sortutako auziak ebazteko ondorioekin.

Hitzarmena interpretatzean eta gauzatzean sor daitezkeen eztabaidak alderdien artean adostuta ebatziko dira, bosgarren klausulan aurreikusitako batzordean. Hala ere, eta hitzarmenaren izaera administratiboa dela eta, hitzarmenaren interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen eta alderdien artean ebatzi ezin diren eztabaida guztiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

Seigarrena.– Elkarrikotasuna.

Sinatzen duten bi alderdiek elkarrekiko konpromiso hau hartu dute: hitzarmenarekin zerikusia duten alderdi guztietan aktiboki lankidetzan aritzea, eta dauzkaten informazio, ezagutza eta esperientzia guztiak trukatzea, hitzarmen hau ahalik eta ondoen betetzeko eta baliabideak une bakoitzeko beharretara egokitzeko.

Zazpigarrena.– Hitzarmena azkentzea.

Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik amaitu ahal izango da:

a) Ezarritako epea betetzea.

b) Baliogabetzea, Portugaleteko Udalak hitzarmenean aurreikusitako baldintzak, betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik. Errebokazioa ebazpen arrazoituaren bidez egingo da, eta, aldez aurretik, entzunaldi-izapidea emango zaio aipatutako udalari.

c) Portugaleteko Udalak uko egitea, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren ez-betetzeen ondorioz. Uko egiteko, Sailari entzuteko izapidea egin beharko da. Izapide hori bete ondoren, uko egitea Portugaleteko Udalaren ebazpen arrazoitu bidez egingo da, Udalbatzaren berariazko baimenarekin, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 47. artikuluan aurreikusitako moduan.

d) Bi aldeen adostasunez.

e) Administrazioak zerbitzua erreskatatzea, zuzenean bere baliabideekin kudeatzeko.

Hitzarmena b), c), d) eta e) letretan adierazitako edozein arrazoirengatik azkentzen bada, benetan egindako jarduketak egiaztatuko dira, eta horri buruz zehazten denaren arabera, dagokion likidazio ekonomikoa egingo da. Likidazio horren arabera, honako kasu hauek gertatu ahal izango dira:

– Administrazio gomendio-emaileak Portugaleteko Udalari ordaindu behar izatea ordaintzeke dagoen bigarren ordainketa osoa edo haren zati bat.

– Bigarren ordainketa baliogabetzea.

– Portugaleteko Udalak hitzarmena sinatzean jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzuli behar izatea, eta ordaintzeke dagoen ordainketa deuseztatzea.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau bi alderdiek sinatu ondoren jarriko da indarrean, eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean egindako jarduketak estaliko ditu.

Epe hori amaitu baino lehen, hitzarmena sinatzen duten alderdiek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena urtero luzatzea, beste lau urtez gehienez, edo azkentzea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, eta hartutako konpromisoak eta baldintza jakin batzuk behar bezala betetzen badira.

Hitzarmena edo haren edozein luzapen amaitu aurretik, alderdi sinatzaileetako edozeinek idatziz salatu ahal izango du, horretarako arrazoiak adierazita eta beste alderdiari gutxienez bi hilabete lehenago jakinarazita, jakinarazpen hori egiten den unean abian dauden jarduketak behar bezala amaitu ahal izateko.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz eta ados daudela jasota gera dadin, hitzarmen hau sinatzen dute, ondorio bakarrerako, Vitoria-Gasteizen, sinatzen den egunean.

Bederatzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau aldatzeko, sinatzaileen berariazko adostasuna beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/205 Legearen 49.g) artikuluaren arabera, eta hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen formalizatutako gehigarri aldatzaile egokiaren bidez egingo da.

Egoitza elektronikoa, 2025eko abenduaren 30a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Portugaleteko Udaleko alkate-udalburua,

MARÍA JOSÉ BLANCO.


Azterketa dokumentala