Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2026ko urtarrilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
422

7/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko egin beharreko zenbait lanetarako Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa zazpigarren aldiz aldatzea baimentzen duen Erabakia argitaratzea xedatzen duena.

Gobernu Kontseiluak, 2025eko abenduaren 22an, Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko egin beharreko zenbait lanetarako Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa zazpigarren aldiz aldatzea baimentzen duen Erabakia onartu zuen, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko egin beharreko zenbait lanetarako Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa zazpigarren aldiz aldatzea baimentzen duen Erabakiaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean jasota baitago.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 21EKO 7/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENTZEN BAITA BILBOKO HEGOALDEKO TRENBIDE-SAIHESBIDEA ERAIKITZEKO EGIN BEHARREKO ZENBAIT LANETARAKO RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI EGINDAKO KUDEAKETA-GOMENDIOA ZAZPIGARREN ALDIZ ALDATZEA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 16. artikuluak Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.

Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio autonomia-erkidego bat baino gehiagoren lurraldeak hartzen dituzten interes orokorreko herri-lanen eta trenbideen eta lurreko garraioen gaineko eskumen esklusiboa, hala xedatzen baitute Espainiako Konstituzioaren 149.1.21 eta 149.1.24 artikuluek.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du erkidegoaren intereseko obra publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoa soilik hartzen duten trenbide eta garraioen gainean, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egiteko eskumenak eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainekoak ere, hala xedatzen baitute Autonomia Estatutuaren 10.25, 10.31, 10.32 eta 10.33 artikuluek.

2017ko maiatzaren 23an eginiko bileran, Gobernu Kontseiluak baimena eman zuen lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko Sustapen Ministerioarekin, Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin eta ADIF-Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin, Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko egin beharreko zenbait lan garatzeko baldintzak ezartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari honako lan hauek burutzeko kudeaketa-gomendioa egiteko: Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbideko obrak egikaritzeko beharrezkoak diren informazio-azterlanen idazketarako, trenbide bikoitzarentzako plataforma eraikitzeko proiektuaren idazketarako, lanak kontratatzeko eta egikaritzeko, desjabetze-espedienteen kudeaketa administratiborako lankidetzarako eta obra-zuzendaritzarako eta bestelako ezein zerbitzutarako lanak. Hitzarmen hori 2017ko uztailaren 12an sinatu zen.

Hegoaldeko trenbide-saihesbidearekin lotuta agindu diren lan horiek bi fasetan banatu dira:

– Lehen fasea Serantesko tunelaren eta Olabeagaren arteko tarteari dagokio, hau da, gutxi gorabehera, 0+000 eta 12+200 KP artean dagoen tarteari.

– Bigarren fasea Barakaldo-Basauri tarteari dagokio, 9+750 eta 19+500 KP artekoari, gutxi gorabehera.

Sinatutako lankidetza-hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera, Sustapen Ministerioak eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kargu utzi dituen lanak administrazio horrek zuzenean edo Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS) zuzenbide pribatuko ente publikoaren bitartez gauzatu ahal izango ditu. Maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak sortutako erakundea da ETS, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dago, eta haren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren trenbide-azpiegituren proiektuak egitea, azpiegiturak eraiki, kontserbatu eta mantentzea, eta haiek administratu eta kudeatzea, Euskal Administrazio Orokorraren organo eskudunak hala erabakitzen badu.

Kudeaketa-gomendioaren erabakian adierazitako baldintzen arabera, erabaki zen, interes publikoak modu eraginkorragoan lortzeko, egokia zela Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea Bilboko hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko egin beharreko lanen enkargua, hori guztia Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoa oinarri hartuta. Gomendio hori Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 2017ko uztailaren 26an egindako bilkuran, eta, ondoren, aldatu egin zen Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 26an eta 2020ko apirilaren 14an egindako bilkuretan.

2017ko uztailaren 12an sinatutako hitzarmenak 4 urteko indarraldia ezartzen zuen. Hala ere, eta aipatutako hitzarmenean ezarritako baldintzetan lan egiten jarraitzeko eta, horrela, hitzarmenaren xede diren obrak gauzatzeko azterlanak eta proiektuak definitzen jarraitzeko, 2021eko uztailaren 8an luzapen- eta aldaketa-gehigarri bat sinatu zen, eta hasierako hitzarmenaren indarraldia beste 4 urtez luzatzeaz gain, zenbait aldaketa egin ziren.

Hori guztia dela eta, hirugarren aldiz aldatu behar izan zen Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako kudeaketa-gomendioa, zeina 2021eko irailaren 28an onartu baitzen. Ikusi zen zer bide zeramaten informazio-azterlanek eta, batez ere, Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko lanek, eta, horregatik, gomendioa laugarren eta bosgarren aldiz aldatu beharra egon zen. Aldaketa horiek Gobernu Kontseiluaren 2022ko uztailaren 26ko eta 2023ko irailaren 19ko bilkuretan onartu ziren. Aurreikusi zen azken aldaketa horretan jasotako jarduketek kostu hau izango zutela: laurehun eta berrogeita hamar milioi hamabi mila hirurehun eta hemezortzi euro eta hirurogeita bederatzi zentimo (450.012.318,69 euro).

Ikusten baldin badugu azkenekoz zer aurreikuspen egin zituen Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (ETS) ente publikoak, konturatuko gara nahiko zuzen zehazturik dagoela –aurreikuspena den arren– ziurrenik zer bide eramango duten bai 1. faseko informazio-azterlanaren aldaketan jasotako espedienteek (Serantesko tunela – Olabeaga), bai eta fase horretan sartutako eta 4 sortatan banatutako eraikuntza-proiektuetan jasotakoek ere. Ondorio horiek, era berean, 2. faseko (Barakaldo-Basauri) informazio-azterlanaren garapenera estrapola daitezke.

Aitzitik, eta 1. faseari dagozkion obren epigrafeari dagokionez, gaur egun, estimazio guztiak nahiko hipotetikoak dira, ez baitago aurrekontu itxirik, ezta obra horien plangintza argirik ere. Datu azpimarragarri bat: 2024ko apirilaren 16an, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak «Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidearen informazio-azterlana. 1. Fasea»ri buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen.

Aurrekontuaren ikuspegitik, obren urteko zenbatespena jasotzeko ahalegina egin da, bai EAEko Administrazio Orokorrean, bai ETSn, 2025eko ekitaldirako onartutako aurrekontuetan jasotakoa islatuz.

Ondorio horiek guztiak direla-eta, 2024an onartutako seigarren aldaketan aurreikusitako urterokoak, orain, zazpigarren aldiz aldatu behar dira, hartara aurrekontu-banaketa adostua lanen exekuzio-mailara egokitzeko, baina hasieran aurreikusitako eta luzapen- eta aldaketa-gehigarrian sinatutako kostu osoa gainditu gabe.

Horrenbestez, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposaturik, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako gomendioko puntu hauek aldatzea: 4.– Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra eta 7.– Lanen balorazioa eta ordainketa, Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko egin beharreko zenbait lan egiteko. Kudeaketa-gomendioa 2017ko uztailaren 26an onartu zen, eta 2018ko abenduaren 26an, 2020ko apirilaren 14an, 2021eko irailaren 28an, 2022ko uztailaren 26an, 2023ko irailaren 19an eta 2024ko ekainaren 4an aldatu.

Bigarrena.– Erabaki horren eranskinean jasota datoz aipatutako kudeaketa-gomendioaren aldaketa egiteko baldintza zehatzak.

Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

ERANSKINA
4.– Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.

2017ko uztailaren 12an, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Sustapen Ministerioak, Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIF-Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra lankidetzan arituko da Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta ADIFekin, 1. faseko informazio-azterlanari eginiko alegazioei erantzuteko, eta, hala badagokio, haren aldaketa idazteko ardura hartuko du, bai eta 2. faseko informazio-azterlana idaztekoa ere: plataforma eraikitzeko proiektua idaztea, lanak kontratatu eta egikaritzea, desjabetze-espedienteen kudeaketa administratiborako lankidetza, obra-zuzendaritza eta bestelako zerbitzuak; horiek guztiak beharrezkoak dira Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbideko obren lehenengo fasea egikaritzeko.

Bilboko hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikitzeko lan horiei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ekingo die, honako fase hauetan:

– Lehen fasea Serantesko Tunelaren eta Olabeagaren arteko tarteari dagokio, hau da, gutxi gorabehera, 0+000 eta 12+200 KP artean dagoenari.

– Bigarren fasea Barakaldo-Basauri tarteari dagokio, 9+750 eta 19+500 KP artekoari, gutxi gorabehera.

Era berean, eta hitzarmenak aurreikusten duen moduan, Sustapen Ministerioak eta ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kargu utzi dituzten lanak Administrazio horrek zuzenean edo Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS) zuzenbide pribatuko ente publikoaren bitartez gauzatu ahal izango ditu. Maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak sortutako erakundea da ETS, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren trenbide-azpiegituren proiektuak egin, haiek eraiki, kontserbatu eta mantendu, eta haien administrazioa eta kudeaketa gauzatu beharko ditu, Euskal Administrazio Orokorraren organo eskudunak hala erabakitzen badu.

Kudeaketa-gomendioan jasotako jarduera eta obra guztien gutxi gorabeherako kostua, lehen faseari zein bigarrenari dagokienez, 464,21 milioi eurokoa da (BEZa barne), ondoren adierazitako kontzeptuen eta urteko ordainketen arabera. 12/2002 Legeak, maiatzaren 23koak, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duenak, laugarren xedapen gehigarrian esaten duenari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak kupoa gutxituko du 1. faseko obretarako gastuei dagozkien zenbatekoen ordainetan, baita 2017ko uztailaren 12ko hitzarmenaren ondorioz –zeina 2021eko uztailaren 8an aldatu eta luzatu baitzen– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak bai 1. fasean bai 2. fasean bere gain hartuko dituen zerbitzuen kostuen zenbatekoan ere, obra edo zerbitzuen kasuan kasuko ziurtagiriak aurkeztu ostean, 1. faseko informazio-azterlanaren aldaketari dagokion kostua izan ezik:

1. fasea (Serantesko Tunela – Olabeaga).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2. fasea (Barakaldo – Basauri).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Hitzarmenean ezarritakoaren arabera, Administrazio Orokorrak bere finantza-baliabideen kontura egingo dio aurre lehen faseko informazio-azterlana aldatzeari: Serantesko Tunela – Olabeaga. Informazio-azterlanaren aldaketa idazteko kostua 746.615,61 eurokoa dela kalkulatzen da (BEZa barne).

7.– Lanen balorazioa eta ordainketa.

Gomendioan emandako lanen balorazioa laurehun eta hirurogeita lau milioi berrehun eta bederatzi mila seiehun eta berrogeita lau euro eta berrogeita hiru zentimokoa (464.209.644,43 euro) da, kontzeptu hauetan oinarrituta:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Gomendioan emandako lanei lotutako konpromiso-kredituak, lehenengo faseko informazio-azterlana (Serantesko tunela – Olabeaga) aldatzeari buruzkoak izan ezik, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen aurrekontuetan daude. Aurrekontu horiek, ETS zuzenbide pribatuko ente publikoa denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartzen dira, eta lege bidez onartzen dira aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako.

Gomendio honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. ETSk faktura aurkeztu eta Administrazioak fakturarekiko adostasuna agertutakoan egingo dira ordainketa guztiak.


Azterketa dokumentala