Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2026ko urtarrilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
418

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 13koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez ez baita onartzen «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde» gisa aitortzeko aurkeztutako eskaera.

Esp. zk.: 269-2025-EC

Aztertu dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortzeko Irune García Diego andreak aurkeztu duen eskaerari dagokionez izapidetu diren espedienteak.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Irune García Diego andreak, 2025eko ekainaren 20an, banakako eskaera bat aurkeztu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izateko.

Hala ere, otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, aitorpen hori jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garatzen duten entitate juridikoei bakarrik eman dakieke, eta ez pertsona fisikoei. Ondorioz, eskatzailea ez da prozedura hasteko subjektu legitimatua.

Bigarrena.– 2025eko azaroaren 21ean, interesdunak beste eskabide bat aurkeztu zuen haren entitatearen izenean, baina interesdunak berak berariaz egin zion uko bigarren eskaera horri. Horrenbestez, gaur egun ez da baliozko eskabiderik izapidetzen ari entitatearen izenean.

Hirugarrena.– Interesdunak bere izenean aurkeztu zuen lehenengo eskaera ezin da zuzendu; izan ere, akatsa ez da gabezia formal edo dokumental hutsa, baizik eta egiturazko legitimazio-gabezia, eta horrek eragotzi egiten du prozedurarekin jarraitzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. eta 68. artikuluen arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde» izaera aitortzeko prozedura otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan xedatutakoaren arabera arautzen da. Dekretu horren 10. artikuluaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari dagokio prozedurari amaiera emango dion berariazko ebazpena ematea, Ebaluazio Batzordeak eskabideak baloratu ondoren eta bidezko arrazoiak emanda.

Bigarrena.– 11/2014 Dekretuaren 2. artikuluak dio entitate juridikoak baino ezin direla aitortu lankidetza-erakunde gisa, eta kanpoan geratzen direla pertsona fisikoak. Irune García Diego andreak bere izenean aurkeztutako eskaerak, beraz, funtsezko legitimazio-gabezia du, eta, ondorioz, ezin da interesdun izan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. eta 14. artikuluetan ezarri moduan. Gabezia hori akats konponezina da, prozeduraren egiturazko betekizun bati eragiten baitio.

Hirugarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera, akats dokumentalak edo formalak baino ezin dira zuzendu. Ezin da, beraz, zuzentzeko izapiderik egin, eskaerak, kasu honetan bezala, zuzentzeko modukoa ez den legitimazio-gabezia duenean; izan ere, eskatzailea ez dago gaituta 11/2014 Dekretuan ezarritako prozedura hasteko.

Laugarrena.– 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako betebeharra betez, Administrazioa behartua dago ebazpen espresua ematera eskaeraren bat onartzen ez denean; ondorioz, eskaera onartuko ez dela eta artxibatuko dela deklaratzen da, ez direlako betetzen baliozko eran izapidetzeko behar diren betekizunak.

Ikusi dira aipatutako oinarriak eta kasu honetan eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak; horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ez onartzea Irune García Diego andreak «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde» izateko aurkeztutako eskaera, ez delako subjektu legitimatua, eta akats hori funtsezkoa eta zuzendu ezina delako.

Bigarrena.– Prozedura amaitutzat eman eta artxibatzea, ez direlako betetzen baliozko eran izapidetzeko behar diren betekizunak.

Hirugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa betez eta aurreikusitako ondorioak izan ditzan, eta adieraztea ebazpenaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokeela Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakeela jurisdikzio-organo eskudunaren aurrean, bi hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 13a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.


Azterketa dokumentala