
18. zk., 2026ko urtarrilaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (134 KB - 3 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
402
6/2026 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, 2026ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta organismo autonomoetan ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ezarritakoa izango da, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, muga honekin gehitu ahal izango da: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 1.445.000.000 eurotik gora.
Beraz, 2025. urtearen amaieran dauden zorpetze-eragiketak eta 2026. ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatuko den zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 2.323.511.155 eurokoa da. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoak bermatu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzen dela zor publikoari dagokionez, Ekonomia Itunaren 62.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bestalde 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.
Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluak xedatzen du zor publikoaren jaulkipena Gobernu Kontseiluak erabakiko duela, dekretu bidez, zorpetze-arloan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenetan aipatzen ez dituen jaulkipen-ezaugarriak, aldiz, zorpetze-arloan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.
Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-entitateekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.
Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa denez, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-arloan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko baliabide eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.
Horregatik, eta dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartze aldera, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztuko da zer baliabide eta modalitate zehatz erabiliko diren zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko eta zer finantza-baldintza ezarriko diren.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2026ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.
Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea, eta baimena ematea mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, barruan zein kanpoan, bi mila hirurehun eta hogeita hiru milioi bostehun eta hamaika mila ehun berrogeita hamabost euroko (2.323.511.155) zenbatekoan gehienez ere.
2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.
Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:
a) Gehieneko zenbatekoa guztira: 2.323.511.155 euro.
b) Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
c) Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
d) Epea: 50 urte, gehienez.
e) Jaulkipen-modalitateak. Eragiketak era hauetan egin daitezke:
1.– Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen baloreak zirkulazioan jarrita, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.
2.– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.
3. artikulua.– Xedea.
Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.
4. artikulua.– Onurak.
Baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
5. artikulua.– Konputagarritasuna.
Jaulkitako baloreak gaitzat joko dira, erakunde hauen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako: elkar bermatzeko sozietateak, aseguru pribatuko entitateak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten entitateak.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Gaitzeak.
Baimena ematen zaie Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariari erabakitzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Eraginkortasuna.
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko urtarrilaren 20an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS