
18. zk., 2026ko urtarrilaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (99 KB - 2 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
401
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 13koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, Mundukide Fundazioa erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza erakunde gisa aitor dezaten aurkeztutako eskabidea atzera egindakotzat jotzen duena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren bidez, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen da, emakumeen eta gizonen berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzeko eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko, gizarte- eta lan-eremuan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren alde sor daitezkeen ekimenak sustatuz.
Bigarrena.– 2025eko uztailaren 16an, Mundukide Fundazioak eskaera aurkeztu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitor dezaten. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, 2025eko abenduaren 23an, antzemandako zenbait gabezia zuzentzeko eta falta zen dokumentazioa aurkezteko eskatu zitzaion erakundeari, eta, horretarako, 10 eguneko epea eman zitzaion.
Hirugarrena.– Akatsak zuzentzeko emandako epea amaituta, erakundeak ez du inolako dokumentaziorik aurkeztu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 7. artikuluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena lortzeko prozedura arautzen du. Zehazki, ezartzen du aurkeztutako eskabideak osorik beteta ez badaude edo eskatutako dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, erakunde interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaiola antzemandako akatsak zuzentzeko. Halaber, ohartarazten da ezen, errekerimendu hori betetzen ez bada, erakundeak eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta dagokion ebazpena emango dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Bigarrena.– 39/2015 Legearen 68. artikuluak xedatzen duenez, hasierako eskaerak legezko baldintzak betetzen ez baditu edo nahitaezko dokumentazioa eransten ez bada, organo eskudunak interesdunari errekerimendua egin beharko dio, gutxienez hamar egun balioduneko epean zuzen dezan, eta ohartaraziko dio ezen, betetzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako berariazko ebazpena eman ondoren.
Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.f) artikuluak ezartzen duenez, zuzendaritzari dagokio Emakunderen helburuak lortzeko administrazio-ebazpenak ematea.
Aipatutako oinarriak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deklaratzea Mundukide Fundazioa erakundeak atzera egin duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitor dezaten egindako eskabidean.
Bigarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eta ohartaraztea ebazpenaren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaiola Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluaren 1. eta 4. apartatuetan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 13a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
RSS