
17. zk., 2026ko urtarrilaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
373
EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 19koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez arrantza-kapitainaren titulua lortzeko azterketetarako deialdia egiten baita 2026. urterako, Arrantza Sektoreko Titulu Profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio nautika eta arrantzako gaikuntza profesionala sustatzea, eta eskumen horren arabera eta Arrantza Sektoreko Titulu Profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DU:
Arrantzako kapitainaren titulua lortzeko 2026an zehar egin beharreko azterketa teorikoen 2 deialdi ezartzea. Honako hauek dira:
– 1. deialdia, arrunta eta irekia, 2026ko martxoan: martxoaren 9tik (astelehena) 13ra (ostirala).
– 2. deialdia, arrunta eta irekia, 2026ko urrian: urriaren 19tik (astelehena) 23ra (ostirala).
Azterketen data zehatzak Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHIIko iragarki-taulan eta blasdelezoescuelanautica.com webgunean iragarriko dira, azterketak egin baino astebete lehenago gutxienez.
Honako hauek bete beharko dira:
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– 1.– Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHII ikastetxean egingo dira azterketak.
Era berean, horretarako eratutako epaimahaiek ebaluatuko dituzte, ebazpen honen bigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera eta Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
2.– Azterketak indarrean dauden programei egokituko zaizkie, Arrantza Sektoreko Titulu Profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko APM/243/2018 Aginduaren arabera.
3.– Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHIIko idazkaritzan formalizatuko dira eskabideak.
4.– Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jakinarazten du eskabidetik lortutako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, tratatzeko. Nahi izanez gero, eskatzaileak datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak erabil ditzake, legean ezartzen denez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara idazkia bidali beharko du, bera baita datuen tratamenduaren arduraduna. Hauxe du helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskaera formalizatu ondoren, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren, bizileku-txartelaren edo pasaportearen fotokopia.
– Alturako arrantzako patroiaren titulua edo titulua eskatu izanaren egiaztagiria, alturako patroia (arrantza).
5.– Halaber, azterketa teorikoak egiteko unean, izangaiek indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea eraman beharko dute.
6.– Eskabideak aurkezteko epeak honako hauek izango dira:
– 1. deialdia, 2026ko martxokoa: 2026ko otsailaren 9tik 20ra.
– 2. deialdia, 2026ko urrikoa: 2026ko irailaren 28tik urriaren 9ra.
7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHIIn entregatu ahal izango da.
8.– Azterketara ez aurkezteak ez du eragingo hurrengo deialdi baterako matrikula aldatzea, salbu eta epaimahaiaren iritziz behar bezala justifikatutako arrazoi larriren bat badago.
Bigarrena.– Azterketak epaitzeko epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak izendatuko ditu.
Hirugarrena.– Epaimahaietako buruek ikastegi aztertzaile bakoitzeko iragarki oholean jakinaraziko dituzte deialdiei dagozkien azterketen datak, deialdi honetan aurreikusitako epeen barruan eta lehenengo oinarrian xedatutakoari kalterik egin gabe. Era berean, eta behar besteko aurrerapenarekin, ikastetxe bakoitzeko iragarki-taulan argitaratuko dituzte azterketen orduak, epaimahai aztertzaileen osaera eta onartuen eta baztertuen zerrendak.
Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honen bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai lortutako kalifikazioen zerrendak. Izangaiek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari 5 eguneko epean, aipatutako zerrendak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioek behar bezala arrazoituta egon beharko dute, eta NANaren fotokopiarekin batera bidali beharko zaizkio epaimahaiko idazkariari, datu pertsonalak, helbidea eta herriaren posta-kodea adierazita, idatziz erantzun ahal izateko.
Azterketak bi urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen direnetik aurrera. Salbuespen gisa, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.
Bosgarrena.– Deialdi hau eta beraren ondoriozko administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan eta moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 19a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
IXONE SOROA GUENAGA.
RSS