Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2026ko urtarrilaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
342

5/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Urduñako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Urduñan gazteria biziberritzeko proiektu integral pilotu bat garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Urduñako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Urduñan gazteria biziberritzeko proiektu integral pilotu bat garatzeko. Lankidetza-hitzarmena hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 16KO 5/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA URDUÑAKO UDALAREN ARTEKOA, URDUÑAN GAZTEAK BIZIBERRITZEKO PROIEKTU INTEGRAL PILOTU BAT GARATZEKO

Urduñan, sinadura elektronikoko datan.

Alde batetik, Nerea Melgosa Vega andrea, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 29/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 16ko bilkuran hartutako erabakiak ematen dion ahalmenaz baliatuz.

Eta, bestetik, Iker Santocildes Perez jauna, Urduñako Udaleko alkate-udalburua.

Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar betebeharrak hartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Gazteriaren legeak, martxoaren 10eko 2/2022 Legeak (aurrerantzean, Gazteria Legea edo GL), 9.1.i).1 artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dio emantzipatzeko informazioa, dokumentazioa, orientazioa eta laguntza ematea, bai eta Gazteriaren Sisteman sartzen diren gainerako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak ere, edo izaera pilotukoak, gazteen emantzipazioa sustatzera zuzenduak, betiere biztanleria-sektore horretan espezializatuta dagoen eta Euskal Autonomia Erkidego osora iristen den eta hartara proiektatzen den politikaren esparruan, eta eragotzi gabe gainerako administrazioekin –hau da, foru- eta toki-administrazioekin– izan litekeen elkarlana.

Bigarrena.– Gazteria Legearen 11.e) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei esleitzen die gazteen emantzipazioa bultzatzeko eginkizuna, udal-eremuan bertan nahiz udalerria baino lurralde-eremu handiagoan, foru-aldundiekin eta gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin koordinatuta, 9. artikuluan aurreikusitakoa bete beharrez.

Hirugarrena.– Gazteria Legearen 23. artikuluak Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortu zuen. Sare horren barruan, 9.1.i).1 artikuluan aipatutako Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko jarduerak eta zerbitzuak daude, bai eta EAEko gainerako administrazio publikoetan gazteen emantzipazioa laguntzera zuzendutakoak ere, biztanleria-sektore horretan espezializatutako politika baten esparruan eta haien eskumeneko eremu geografikoan.

Laugarrena.– Artikulu horrek Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailari esleitzen dio: a) gazteen emantzipaziorako eta mugikortasunerako online zerbitzu bat bultzatzea, informazioa, orientazioa, bitartekotza, aholkularitza eta laguntza integral, jarraitu eta pertsonalizatua emateko, itzultzea barne; b) aurrez aurreko arreta eskainiko duen gazteen emantzipaziorako zentroen sare bat sustatzea eta koordinatzea, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentazioko Sarearekin, Gazteen Informazio eta Dokumentaziorako Euskadiko Zentro Koordinatzailearekin eta lurralde-zentroekin antolatuta; c) Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea koordinatzea, zeinak espazio birtual bat izango baitu gazteen emantzipazioaren inguruko ekosistema bat dinamizatzeko, sail, erakunde eta sektore arteko ikuspegiarekin, eta gazteak eremu horretan ekimenak dituzten sektore eta gizarte-eragile guztiekin konektatuko ditu.

Era berean, laugarren apartatuak ezartzen du Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen esparruan –Eusko Jaurlaritzan gazteen arloan eskumena duen sailak koordinatuko du–, beste laguntza batzuk sustatuko direla emantzipazioa bultzatuko duten faktoreetan eragiteko, eta, halaber, emantzipatzeko batez besteko adina gutxitzen zenbat lagundu duten ebaluatuko dela eta jardunbide egokiak sistematizatuko direla, emantzipaziorako politika eta laguntza espezifikoei buruzko ezagutza partekatua sortzeko.

Bosgarrena.– Gazteriaren Legearen 20.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak programa bat bultzatuko du gazteen mugikortasunari eta migrazioei dagokienez, eta programa horrek eragina izango du gazteen atxikipenean, beste erkidego eta herrialde batzuetan gazteak erakartzean, itzultzean eta konektatzean ere, bertakoak izan zein ez.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailari esleitzen dizkio gazteriaren eta emantzipazioaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.

Urduñako Udalak, bestalde, gazteentzako hainbat zerbitzu lotuko ditu programa honekin, gazteak atxikitzeko eta erakartzeko, haien emantzipazioa sustatuz eta erronka demografikoaren aurka borrokatuz, ikuspegi integral batetik: etxebizitza, enplegua, kultura, partaidetza, identitatea eta kidetza.

Seigarrena.– Urduñako Udalak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Urduñan eta EAE osoan trantsizio sozial eta demografikoko politikak hedatzeko, proiektu pilotu honetan lagundu nahi dute, erronka demografikoaren arazoei aurre egiteko, gazteen atxikipena eta erakarpena sustatzeko, Urduñan gazteen emantzipazioa sustatzeko eta abar ikuspegi integral batetik (etxebizitza, enplegua, kultura, parte-hartzea, identitatea eta kidetza).

Proiektu pilotu honen helburua eredu eraginkorra izatea da, beste landa-udalerri batzuetara eskalatzeko modukoa, betiere testuinguru bakoitzari egokituta.

Azaldutako guztiagatik, lankidetza-hitzarmena sinatzea adosten dute. Hona hemen hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzak eta Urduñako Udalak proiektu integral pilotu bat abian jartzeko konpromisoa hartzeko baldintzak finkatzea, Gazteriari buruzko martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9. artikuluko 1.i) 1 idatz-zatian ezarritakoaren arabera, erronka demografikoaren arazoei aurre eginez, gazteen atxikipena eta erakarpena sustatuz, eta Urduñan gazteen emantzipazioa ikuspegi integral batetik sustatuz.

Urduñan bizi, ikasi edo lan egiten duten edo egin nahi duten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago proiektua, Gazteriaren Legearen 3.3 artikuluan zeharkako gazte-politikei buruz aurreikusitakoaren arabera, hala nola emantzipazio-politikari buruz. Beraz, ikuspegi irekia eta eragin zabala izango du.

Proiektu pilotu hori Urduñan ezarriko da, ebaluaziotik abiatuta eredu eraginkor bat sistematizatzeko, EAEko beste udalerri batzuetan helburu berberak dituzten proiektuak diseinatzeko balioko duena, ebaluazio-prozesuen bidez (proiektu osoa sistematizatuz eta mailakatuz).

Bigarrena.– Zerbitzuak eta programak.

Honako zerbitzu eta programa hauek osatuko dute proiektua:

1.– Emantzipazioari laguntzeko zerbitzua.

Zerbitzu horrek gazteentzako etxebizitza eskuragarrien eta egokituen alternatibak eskainiko ditu, etxebizitza hutsak birgaitzeko alokairu eta erosketa eskuragarrien eskaintza garatuz, aldi baterako lagapenak eginez, jabeekin hitzarmenak eginez, zuzeneko laguntzak emanez edo «coliving» edo «cohousing» bezalako eredu berritzaileak sustatuz.

Zerbitzu horren bidez, legezko laguntza teknikoa emango da sor daitezkeen kudeaketa- eta finantza-kontuetarako (alokairua, erosketa, eskura dauden laguntzak, maizterraren eskubideak, etab.).

Horretarako, gazteen etxebizitzarako udal-bulego bat sortuko da.

2.– Gazteen osasun mentala eta ongizate emozionala indartzeko programak.

Kontzientziatzeko, sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta trebetasun emozionalak garatzeko kanpainak egingo dira, gazteen artean bizimodu independente eta orekatua sustatzeko. Horretarako, laguntza psikologikorako sarbidea bermatuko da, eta hitzaldiak eta tailerrak emango dira osasun-sistemarekin koordinatuta.

Landa-eremuetako gazteen bizi-ibilbideei laguntzeko zerbitzua emango da.

3.– Tokiko enplegu-, prestakuntza- eta ekintzailetza-programak.

Programa horien bidez, enplegu duina sustatuko da, prestakuntza espezializatua eskainiko da, gazteen ekintzailetza bultzatuko da dirulaguntzen bidez, «coworking» guneak jarriko dira gazteen eskura eta gazteak proiektu komunitarioetan inplikatuko dira.

Zerbitzu eta programen ezaugarriei, ekipamenduari eta Gazteriaren Udal Zerbitzuaren presentziari esker, Urduñako Udala berrikuntza-laborategi bat izango da Gazteriaren Legearen eta Gazteriaren Euskal Sistemaren helburuekin bat datozen politika berrietan: diseinua, garapena, ebaluazioa eta komunikazioa, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, bereziki gazteen emantzipazioaren eta mugikortasunaren esparruan. Gainera, ebaluazioaren, sistematizazioaren eta eskalatzearen bidez, proiektuak landa-eremuetarako proiekzio baliagarria izango du.

Gainera, programa eta zerbitzu horiek honako printzipio gidari hauen arabera antolatuko dira:

– Genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala:

Zerbitzu eta programa guzti-guztietan, genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala da oinarria. Helburua da ahaleginak egiteak denek beren emantzipazio-prozesua aukera berdinekin eraman dezaten, alegia, edozein generotakoak direla ere, eta inongo diskriminazio-faktore tartean sartu gabe eta, are gehiago, gogotik saiatuz diskriminazio askotarikoa jasaten dutenei laguntzen.

– Belaunaldien arteko ikuspegia:

Hemen biltzen diren udal-zerbitzuek eta -programek, denek ere, gizarte-antolaketa erantzukide eta solidarioa dute helburu, premia hori bete nahian dabiltza, belaunaldi batzuk eta besteak aintzat hartuz: adibidez, elkarri laguntzeko jarduerak antolatuko dira (adinekoen mentoretza gazteei laguntzea, gazteei adinekoei laguntzea) eta belaunaldien arteko elkarrizketa eta topaketa bideratuko dira. Gainera, belaunaldien arteko ikuspegia hartzeak esan nahi du jarduera batzuk adina alde batera utzita diseinatuko direla, belaunaldi ezberdinetakoek parte hartzeko moduan, gazteek zein helduek.

Hirugarrena.– Izaera Juridikoa.

1.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 47. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-esparrutik kanpo geratzen da.

2.– Hitzarmen honen interpretaziotik, ondorioetatik edo suntsiarazpenetik sor daitekeen edozein auzitarako, alderdiek adostu dute hitzarmen honetan araututako Jarraipen Batzordearen esanetara jartzea; hala ere, adostasunik lortu ezean, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren betebeharrak.

Gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak betebehar hauek ditu:

– Udalarekin koordinatzea hitzarmena gauzatzeko behar den guztian.

– Zerbitzu eta programak gauzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak proiektuaren esku jartzea, II. eranskinean zehaztutako konpromiso programatiko espezifikoen arabera.

– Urduñako Udalarekin batera, zerbitzuen eta programen jarraipena egitea, zerbitzu eta programa horiek behar bezala hedatzen eta gauzatzen direla ziurtatzeko behar diren neurriak hartzeko, eta Jarraipen Batzordearen esku jartzea beharrezkoak diren memoriak, txostenak eta dokumentuak.

– Proiektuaren baterako finantzaketa, I. eranskinean jasotako konpromiso ekonomikoei buruzko klausulan aurreikusitakoaren arabera.

– II. eranskinean programa bakoitzerako deskribatutako konpromiso espezifikoak betetzea.

Bosgarrena.– Urduñako Udalaren betebeharrak.

Urduñako Udalaren betebeharrak dira:

– Eusko Jaurlaritzarekin koordinatzea hitzarmena gauzatzeko behar den guztian.

– Zerbitzu eta programa guztiak diseinatzea, ebaluatzea eta sistematizatzea, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.

– Proiektua osatzen duten zerbitzu eta programa guztiak gauzatzea, hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera.

– Zerbitzu eta programa horiek gauzatzeko beharrezkoak diren langileak eta ekipamendua proiektuaren esku jartzea, II. eranskinean zehaztutako programa-konpromiso espezifikoen arabera.

– Lankidetzan, zerbitzuen eta programen jarraipena egitea, eta horiek behar bezala hedatzen eta gauzatzen direla ziurtatzeko neurri egokiak hartzea.

– Jarraipen Batzordeari beharrezkoak diren memoriak, txostenak eta dokumentuak ematea, eta, hala eskatzen zaionean, ekintzen gastuak justifikatzea.

– Proiektuaren baterako finantzaketa, I. eranskineko konpromiso ekonomikoei buruzko klausulan aurreikusitakoaren arabera.

– II. eranskinean deskribatutako programa eta zerbitzu bakoitzaren konpromiso espezifikoak betetzea.

Seigarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.

1.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortuko da, alde sinatzaileen ordezkari hauek osatua:

a) Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi ordezkari; horietako bat batzordeko lehendakaria izango da.

b) Urduñako Udalak izendatutako 2 ordezkari.

Jarraipen Batzordea sei hilean behin bilduko da, edo biltzeko premia dagoen bakoitzean.

Jarraipen Batzordeak eskura dauka egoki irizten dituen adituak eta teknikariak gonbidatzea bileretara, aztergaiei buruzko aholkuak emateko Batzordeari.

2.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak honako eskuduntza hauek izango ditu:

– Hitzarmenaren eta proiektuaren jarraipena egitea, eta, besteak beste, alderdi hauei erreparatzea:

– helburu orokorrak eta operatiboak versus emaitzak;

– xedeko hartzaileak versus erabiltzaileak;

– jardueren programa eta egutegia versus jarduera gauzatzea;

– ezarpen-plana versus plana gauzatzea;

– behar diren baliabideak, finantzaketa-plana, bi alderdien konpromisoak versus baliabideen eskuragarritasuna eta konpromisoak betetzea;

– aurreikusitako gazteen komunikaziorako eta partaidetzarako tresnak versus hedapena;

– aurreikusitako erakunde publiko eta pribatu kolaboratzaileak versus elkartuak.

– Lankidetzarako espazioak proposatu eta dinamizatzea, Hitzarmenaren eta proiektuaren aurreikuspenak bultzatzeko, eta, azkenik, Gazteria Legea hedatzeko.

– Hitzarmenak dakartzan interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea. Halaber, sinatu duten alderdiei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea.

Ordezkatutako alde guztiak ados jarrita hartuko dira erabakiak. Klausula honetan berariaz ezarri ez denarekin lotuta, Batzordearen funtzionamendua eta araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Zazpigarrena.– Konpromiso ekonomikoak.

Programa garatzeko aurreikusitako gastu-aurrekontua 250.000,00 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak ordainketa bakarrean emango ditu 250.000 euroak, hitzarmen hau sinatzeko, Urduñako Udalak hitzarmen honetan ezarritakoaren truke.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Eusko Jaurlaritzak 2025ean transferituko dizkio Urduñako Udalari hitzartutako zenbatekoak. Era berean, Urduñako Udalak aurrekontu-kreditu nahikoa izango du hitzarmen hau sinatzean hartutako betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

Bi alderdiek kanpoko ekarpenak erabili ahal izango dituzte beren konpromiso ekonomikoak finantzatzeko. Ekarpen horiek ez dituzte hitzarmenaren baldintzak aldatuko proiekturen batean gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, beste alderdiari jakinaraziko zaio, eta jarraipen-batzordea bilduko da. Hitzarmena zortzigarren klausularen arabera berrikusi ahal izango da.

Zortzigarrena.– Aldaketa-araubidea.

Edozein alderdik noiznahi proposatu ahal izango du hitzarmena berrikustea, egokitzat jotzen dituen aldaketak egiteko.

Klausulak berrikusten badira, dagozkion aldaketak eranskin bidez erantsiko dira. Alderdiek sinatu beharko dute eranskin hori.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena iraungitzea.

Hitzarmena azkendu egingo da helburua betetzeko jarduerak bete direlako edo suntsiarazteko arrazoi hauetakoren bat baldin badago:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko akordiorik gabe.

b) Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileetako batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.

Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat egin ahal izango dio adostutakoa hautsi duen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako obligazio edo konpromisoak. Errekerimendu hori hauei komunikatuko zaie: hitzarmena betearazteko jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei.

Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak alde sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoia, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

d) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

e) Parte hartzen duten alderdietako batek berariaz salatzen badu, indarraldia amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez.

Hamargarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia 2 urtekoa da, sinatzen den egunetik kontatzen hasita.

Indarraldian dagoen bitartean, bi aldeetako edozeinek salatu dezake hitzarmena berariaz

Egoitza elektronikoa, 2025eko abenduaren 23a.

Urduñako Udaleko alkate-udalburua,

IKER SANTOCILDES PEREZ.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

I. ERANSKINA
AURREKONTUA
GUZTIRA €/ Eusko Jaurlaritzak ordainketa bakar batean bideratuko ditu 250.000 euro horiek, hitzarmen hau sinatzean, Urduñako Udalak landa-eremuetan gazteen emantzipazioa sustatzeko programa pilotu bat egitearen truke.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
II. ERANSKINA
ZERBITZU ETA PROGRAMA PILOTUAK
LANDA-EREMUETAKO GAZTEEN BIZI-IBILBIDEEI LAGUNTZEKO ZERBITZUA

Zerbitzu pilotua eta doakoa, pertsona edo pertsona-taldeentzako sarbide unibertsalekoa eta arreta presentzialekoa, Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarean integratua, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonei informazioa, orientazioa, bitartekotza, aholkularitza eta laguntza integrala eta pertsonalizatua eskaintzen diena, banaka zein taldeka, emantzipaziora, osasun mentala eta ongizate emozionala indartzera bideratutako ibilbideetan, bai eta eremu errularretan dauden gazteei tokiko enplegu-, prestakuntza- eta ekintzailetza-programak ematea ere.

Gazte-sistemako beste zerbitzu batzuekin konektatuko da, bai OMIJkoekin, bai, bereziki, gazte-informazioko zerbitzuekin, 2/2022 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Nori zuzentzen zaio: Urduñan bizi, ikasi, lan egin edo nahi luketen 16-30 urteko pertsonei, haien administrazio-egoera edozein dela ere.

Prestazioak: informazioa, orientazioa, bitartekotza, aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua (ikus definizioak eranskinetan).

Jarduera eremuak: prestakuntza, enplegua, ekintzailetza, etxebizitza, gizarte- eta integrazio-baliabideak, ongizate emozionala, autonomiarako gaitasunak, mugikortasuna, itzulera barne... Emantzipazioaren arloko premiak eta eskaerak ezagutuz eta aztertuz gero, hobekuntzak eta ekimen berriak bultzatuko dira, eta hobekuntzak proposatuko zaizkie erakunde eskudunei.

Helburu orokorrak: Urduñan bizi diren gazte emantzipatuen tasa handitzea eta emantzipatzeko batez besteko adina murriztea, faktore objektiboetan (informazioa) eta subjektiboetan (ahalduntze pertsonala eta emantzipatzeko trebetasunak eskuratzea) eraginez.

Helburu operatiboak: gazteek informazio eguneratua, hurbila eta kalitatezkoa izatea aipatutako eremuetan, eskura dituzten baliabideak eskura izatea beren beharretara egokitzeko, bai eta beste laguntza pertsonalizatu batzuk ere (orientazioa, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza), jarraituak eta proaktiboak ibilbideak diseinatzeko eta hedatzeko.

Ezaugarri orokorrak: Doako eta sarbide unibertsaleko zerbitzua, erabiltzaileen egoera edozein dela ere, eta, beraz, profil (adina, generoa, jatorria...) eta egoera desberdinetako gazteei egokitua: familiaren laguntzarik gabe, emigranteak eta itzulera-prozesuetan, jatorrizko lekura itzultzea, etab.

Zerbitzua bereziki prestatutako eta prestazioetan eta jardun-esparruetan prestatutako profesionalek emango dute.

Alderdien konpromisoak (zehazki, zerbitzuarenak eta programarenak).

Eusko Jaurlaritza arduratuko da:

– Zerbitzuaren diseinuan, lehen instalazioan, programazioan eta komunikazioan laguntzea.

– Programaziotik eratorritako gastuak, I. eranskinean zehaztutako zenbatekoen arabera.

Urduñako Udalari dagokio:

– Aurrez aurreko zerbitzua kontratatzea, Urduñako Udaleko Gazteria Zerbitzuak gainbegiratuta.

– Pertsonek zerbitzua nola erabiltzen duten kudeatzea.

– Beharrezko ekipamendua zerbitzuaren esku jartzea. Zerbitzuaren esku jartzen diren instalazioek irisgarritasun-arauak beteko dituzte eta beren funtzioa betetzeko beharrezko ekipamendua izango dute.

– Elektrizitatearen, klimatizazioaren, telefoniaren, Interneten eta garbiketaren kontsumoak eragindako gastu arruntak, zerbitzuan diharduten langileen orduei dagozkienak, I. eranskinean zehaztutako zenbatekoen arabera.

– Programaziotik eratorritako gastuak, I. eranskinean zehaztutako zenbatekoen arabera.

III. ERANSKINA
PRESTAZIOAK

– Informazioa: profesional bat ematea gazte bati, bere emantzipazio-aukerak eta egin nahi duen ibilbidean aurrera egiteko eskura dituen baliabideak edo laguntzak ezagut ditzan.

– Orientazioa: profesional batek gazte bati eskaintzen dion prestazioa, emantzipaziora eta mugikortasunera bideratutako bizi-ibilbideak diseinatzen eta kontrastatzen laguntzeko, arretaz entzunez, gazteak izan nahi duen agertokiak diseinatzen lagunduz eta kasu bakoitzean horiek gauzatzeko bideragarriak diren ekintza-ikastaroak identifikatuz.

Helburua da gazteak helduaroari laguntzea emantzipazio-ibilbide bat planifikatu ahal izateko, eta, ahal bada, haien nahietara, eskura dituzten baliabideetara, aurretiazko ibilbidera eta eskura dituzten aukeretara egokitutako mugikortasun bat planifikatzeko. Horretarako, lantaldeko kide batzuek gaitasun espezifikoak izango dituzte mugikortasun-proiektuak dituzten pertsonei laguntzeko.

– Bitartekotza: profesional batek gazte bati ematen dion prestazioa, aurreikusitako ibilbidea garatzeko dauden baliabideak edo laguntzak errazago konektatzeko.

– Aholkularitza: profesional batek gazte bati ematen dion prestazioa, arlo jakin batean ezagutzak eta gaitasunak dituzten kontsulta espezifikoei erantzutean datza, edo, batzuetan, beste espezializazio bat duen profesional bati laguntza eskatzean edo kontrastatzean. Zerbitzu honek emantzipazioarekin eta mugikortasunarekin lotutako aholkularitza juridikoa ere eskainiko du. Aholkularitza-lan horrek ez du barne hartzen legezko prozesu edo prozeduretan laguntzea. Idatziz egindako kontsultei baino ez zaie erantzuten.

– Laguntza: profesional batek gazte bati ematen dion prestazioa, lehen aipatutako prestazio-paketea etengabe eta modu proaktiboan eskaintzean eta haren ibilbideen jarraipen proaktiboa egitean datzana.


Azterketa dokumentala