
16. zk., 2026ko urtarrilaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (196 KB - 13 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
337
1/2025 FORU DEKRETU-ARAUA, abenduaren 23koa, zenbait zerga aldaketa onesten dituena.
Foru Dekretu-Arau honen helburu nagusia da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zerga Osagarria onartzen duen azaroaren 24ko 3/2025 Foru Arauan aldaketa berriak sartzea, araua nazioartean onartutako arau eta erregelekin –bai ELGEren eremuan, bai Europar Batasunean– erabat bat datorrela bermatzeko.
Batzordeak aldaketa horiek egiteko beharraz ohartarazi zuen, eta foru araua onartu ondoren helarazi dira, eta aldaketa horiek urtea amaitu baino lehen sartu behar dira indarrean.
Era berean, aldaketa horiek honako hauek aldatzen dituen lege proiektuan ere txertatzea aurreikusita dago: abenduaren 17ko 58/2003 Zergen Lege Orokorra, preskripzioari, zerga bilketari, elkar laguntzari eta informazio betebeharrei dagokienez; azaroaren 28ko 35/2006 Legea, Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari buruzkoa eta Sozietateen gaineko Zergaren, Ez egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren legeak partzialki aldatzen dituena; eta abenduaren 18ko 29/1987 Legea, Ondorengotza eta Dohaintzen gaineko Zergarena. Aldaketa horiek txertatzearen helburua abenduaren 20ko 7/2024 Legea aldatzea da, zeinaren bidez, besteak beste, zerga osagarri bat ezartzen baita talde multinazionalentzat eta tamaina handiko talde nazionalentzat gutxieneko zergapetze maila global bat bermatzeko.
Kontuan hartuta azaroaren 24ko 3/2025 Foru Arauak abenduaren 20ko 7/2024 Legean egindako transposizioaren edukia hartu duela erreferentziatzat eta lege proiektu horren edukia aldatzen duten zenbait zuzenketa gauzatu direla (gehienak teknikoak), 2023ko abenduaren 31tik aurrerako ondorioekin, aldaketa horiek azaroaren 24ko 3/2025 Foru Arauan sartu behar dira, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin.
Puntu honetan, gogorarazi behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoko subjektu pasiboen kasuan, abenduaren 20ko 7/2024 Legea 2024an hasitako zergaldietarako dela aplikatzekoa, bat etorriz, horrela, abenduaren 27ko 2/2024 Foru Dekretu Arauan xedatutakoarekin (2/2024 Foru Dekretu Araua, zeinaren bidez Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendu juridikora ekartzen baita Kontseiluaren 2022ko abenduaren 15eko 2022/2523 (EB) Zuzentaraua, Batasuneko enpresa talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze maila global bat bermatzekoa).
Proposatutako aldaketak funtsean teknikoak direnez, komeni da horiek 3/2025 Foru Arauan sartzea hura aplikatzekoa den lehen ekitalditik aurrera –2025eko ekitalditik aurrera, alegia–, segurtasun juridikoa indartzeko batetik, eta arauaren aplikazioak zergadunen zerga betebeharren konplimendua nahastu eta zailtzea saihesteko, bestetik. Aldaketek ekarritako errealitatea zein den aintzat hartuta eta noiz egin diren ikusita, ezinbestekoa gertatzen da foru dekretu arauaren tresna erabiltzea gure araudian txertatuak izateko.
Azpimarratu behar da hainbat arrazoik eragin dituztela aldaketak, eta honela multzoka daitezkeela: 2. Zutabeko Zuzentaraua gaztelaniara bertsioan izandako akatsak; 7/2024 Legearen idazketatik eratorritako gai argigarriak; eta kontzeptu akatsak, Espainiako araua Zuzentarauarekin eta eredu arauekin bat ez etortzea dakartenak, eta, ondorioz, zerga osagarri nazionalaren eta primarioaren «qualified»-aren kalifikazioa ez eskuratzea ekar dezaketenak. Puntu honetan, gogorarazi behar da 3/2025 Foru Araua idaztean estatuko araudiarekiko koherentziari eusten saiatu zela, betiere araudi hori ELGAren ereduzko arauekin eta Zuzentarauaren xedapenekin erabat bat zetorrela bermatzeko.
Aldaketa teknikoen artean, nabarmentzekoak dira, esanguratsuenak izateagatik, sozietate kooperatibei aplikagarri zaizkien 14. artikuluko 10. apartatua eta 17. artikuluko 6. apartatua ezabatu egiten direla, zerga primarioari eta nazionalari begira kualifikatuen izaera lortu dezaketela bermatzeko. Era berean, aipatzekoa da zergaren foru arauaren lehen xedapen iragankorra ere aldatzen dela, zerga geroratuengatiko aktibo eta pasiboen eta trantsizio zergaldian eskualdatutako aktiboen tratamendu fiskalari buruzkoa, hain zuzen.
Sozietate kooperatiboei dagozkien aldaketekin koherentzia mantentze aldera, ezabatu egiten dira Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan zerga osagarriaren zerga oinarria zehazteko erregelekin lotuta sartu ziren aldaketak.
Bestalde, akats batzuk antzeman direnez berriki onetsi den azaroaren 24ko 2/2025 Foru Arauan, zeinaren bidez Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudia egokitzen baita apirilaren 29ko 3/2025 Legeak Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean sartu dituen aldaketetara eta beste zerga aldaketa batzuk onesten baitira, behar den eran zuzentzen dira.
Zehazki, bi akats hauek zuzentzen dira: batetik, Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 59. artikuluko 3. apartatuaren idazkera berria euskarazko bertsioan, eta, bestetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 90 ter artikuluaren aldaketan antzemandako akatsa.
Era berean, azaroaren 24ko 2/2025 Foru Arauaren bidez sartu diren aldaketen ondorioz, beharrezko ikusi da idazkera egokitzea Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren 51. artikuluko 4. apartatuan eta 60. artikuluko 8. apartatuan. Azaroaren 24ko 2/2025 Foru Araua onartzeak eragindako aldaketekin amaitzeko, foru dekretu-arauaren xedapen iragankor bakarrak 65 bis artikuluaren 6. apartatuak aurreikusitako jakinarazpen epea 2026ko martxoaren 31ra arte luzatzen du, finantzatzaileek garapen jasangarria, ingurumen-inpaktuaren murrizketa, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra bideratzen dituzten proiektuen komunikazio osoa aurkezteko aukera izan dezaten.
Azkenik, aldaketa bat sartzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan, lan etekinen gainean aplikatzen diren atxikipenen kalkuluarekin lotuta, eta helburua da finkatzea zein atxikipen aplikatuko den mutualitateekin hitzartutako aseguru kontratuengatik jasotzen diren erretiro eta baliaezintasun prestazioen kasuan, baldin eta prestazio horiei zergaren foru arauaren zazpigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. apartatuak aplikagarri bazaizkie.
Kontuan hartuta deskribatutako aldaketak 2025eko ekitaldian edo 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzekoak direla, zilegi da foru dekretu arau bat onestea presazko bidea erabilita.
Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen horiek foru dekretu arauak izango dira eta ezin izango dute eraginik izan foru organoen antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan.
Horrela onesten diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, berretsiak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu eta onetsi ondoren, gaurko bileran honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aldatzea azaroaren 24ko 3/2025 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Osagarriari buruzkoa.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira azaroaren 24ko 3/2025 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Osagarriari buruzkoan:
Bat.– 2. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Talde multinazionalak edo tamaina handiko talde nazionalak ez baditu Espainiako lurraldean bi talde fiskal, zerga baterakuntzaren foru araubideari lotuta bata eta zerga baterakuntzaren araubide erkideari lotuta bestea, foru arau honetan xedatutakoa honako hauei aplikatuko zaie:
a) talde multinazional baten edo tamaina handiko talde nazional baten parte diren zergadunei, zergadunaren ordezkoak Gipuzkoan duenean egoitza fiskala.
Hala ere, aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko bi zirkunstantzia hauek betetzen badira:
– Talde multinazionalaren edo tamaina handiko talde nazionalaren parte diren eta Espainiako lurraldean kokatuta dauden entitate eratzaileek aurreko ekitaldian izan duten eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izatea.
– Ekitaldi horretako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egina izatea, edo, bestela, Euskadin egindako eragiketa guztiak lurralde historikoetako batean edo beste bietan egitea.
b) talde multinazional baten edo tamaina handiko talde nazional baten parte diren zergadunei, zergadunaren ordezkoaren egoitza fiskala Araban edo Bizkaian dagoenean, betiere baldintza hauek betetzen badira:
– Talde multinazionalaren edo tamaina handiko talde nazionalaren parte diren eta Espainiako lurraldean kokatuta dauden entitate eratzaileek aurreko ekitaldian izan duten eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izatea.
– Ekitaldi horretan, ez egitea lurralde erkidean eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago.
– Ekitaldi horretan, Euskadin egindako eragiketa guztiak Gipuzkoan egitea, edo Gipuzkoan eta egoitza fiskalekoa ez den beste lurralde historikoan eginak izanik, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoan egina izatea.
– Ekitaldi horretan, eragiketa bolumen osoaren 100eko 75 edo gehiago Euskadin egitea.
– Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa izatea.»
c) talde multinazional baten edo tamaina handiko talde nazional baten parte diren zergadunei, zergadunaren ordezkoaren egoitza fiskala lurralde erkidean dagoenean, betiere baldintza hauek betetzen badira:
– Talde multinazionalaren edo tamaina handiko talde nazionalaren parte diren eta Espainiako lurraldean kokatuta dauden entitate eratzaileek aurreko ekitaldian izan duten eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izatea.
– Ekitaldi horretan, eragiketa bolumen osoaren 100eko 75 edo gehiago Euskadin egitea.
– Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa izatea.»
Bi.– 2. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Zergadun bakoitzaren zerga osagarria, izan nazionala, primarioa edo sekundarioa, ordainaraztea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena izango da:
a) Modu esklusiboan, zergadunaren egoitza fiskala Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean eta aurreko ekitaldian egindako eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan ez denean.
b) Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, zerga osagarriaren sortzapen datan sozietateen gaineko zergarengatik edo, hala badagokio, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarengatik amaitzen den edo amaituta dagoen azken zergaldikoa aintzat hartuta, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan bada.
Aipatu den zergaldi horretan, zergadunek zerga baterakuntzaren araubidea aplikatu badute sozietateen gaineko zergan edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan tributatzeko, talde fiskalaren eragiketa bolumenari erreparatuko zaio beti.
Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, eragiketa bolumenaren kontzeptua eta eragiketak egiteko lekua Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritako terminoetan zehaztuko dira.»
Hiru.– 10. artikuluaren 1. apartatuko b) letraren i) azpiapartatua honela geratzen da idatzita:
«i) Partaidetza ez izatea esanguratsua, eta banatutako dibidenduak edo bestelako mozkinak jasotzen dituen edo jasotzeko eskubidea duen entitate eratzaileak urtebetetik beherako aitzinatasunarekin edukitzea partaidetza ez-esanguratsu hori, mozkina banatzen den egunean;
Partaidetza ez dela esanguratsua ulertuko da baldin eta taldeak entitate batean duen partaidetza portzentajea entitate horren funts propioen edo boto eskubideen 100eko 10 baino txikiagoa bada, dela banatzen den mozkina exijigarria den egunean, dela haren eskualdaketa datan.»
Lau.– 14. artikuluko 10. apartatua ezabatzen da.
Bost.– 17. artikuluko 6. apartatua ezabatzen da.
Sei.– 20. artikuluaren 6. apartatuko f) letra honela geratzen da idatzita:
«f) Aurreko a) letratik e) letrara bitartean deskribatutako errentak sortzen dituzten aktiboetatik eratorritako irabazi garbiak.»
Zazpi.– 29. artikuluko 4. apartatua honela geratzen da idatzita:
«4.– Aurreko 3. apartatuan xedatutakoa aplikagarria ez den kasuetan, behar beste zergapetu gabeko mozkinen erregelaren aplikaziotik ondorioztatzen den zerga osagarria zergapetze maila txikiko entitate eratzaile bati badagokio, haren zenbatekotik murriztuko da zergapetze mailako txikiko entitate eratzailearen zerga osagarritik azken entitate nagusiari edo aurrekoa ez den beste edozein entitate nagusiri egozgarri zaion zatia, betiere errentak integratzeko erregela onargarri baten arabera zergapetu bada zerga osagarri hori.»
Zortzi.– 34. artikuluko 1. apartatua ezabatzen da, eta gainerako apartatuei zenbaki berriak ematen zaizkie, artikulua honela idatzita geratzen delarik:
«34. artikulua.– Zerga osagarria exijigarria ez izatea.
1.– Foru arau honen 6. artikuluko 3. apartatuan adierazitako zergadunek entitate eratzaileak badituzte beste jurisdikzio batean eta entitate horiek zerga osagarri nazional bati lotuta badaude jurisdikzio horretan, zergadun horiei zergaldian aplikatuko zaien zerga osagarri primarioa zero izango da jurisdikzio horrek zerga osagarri nazional onargarri bat exijitzen duenean eta harekin bermatzen denean zerga horri lotutako entitate eratzaileen zerga tasa efektiboak portu seguruei buruzko nazioarteko akordio onargarri baten baldintzak betetzen dituela.
2.– Entitate eratzaileak «portu seguruei buruzko nazioarteko akordio onargarri» baten baldintzak betetzen dituen jurisdikzio batean daudenean, foru arau honen 6. artikuluan adierazitako zergadunei zergaldian aplikatuko zaien zerga osagarria zero izango da, nazioarteko akordio horretan ezarritako terminoetan.
3.– Artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren ondorioetarako, «portu seguruei buruzko nazioarteko akordio onargarritzat» hartuko da jurisdikzio guztiek onartu dituzten nazioarteko arau eta baldintzen multzoa, zeinaren bidez bermatzen baita ELGAren Ereduzko Arauen aplikazio eremuan dauden taldeek portu seguru bat edo gehiago izateko aukera ahalbidetzen dela.»
Bederatzi.– 35. artikuluko 3. apartatua eta 4. apartatuko i) eta ii) letrak honela geratzen dira idatzita:
«3.– Talde bateko kidea ez den entitate batek («entitate eskuratzailea», aurrerantzean) bat egiten badu entitate edo talde batekin («entitate eskuratua», aurrerantzean), eta entitate eskuratuak edo entitate eskuratzaileak ez badu finantza egoera-orri bateraturik formulatu bat-egitea egin den zergaldiaren aurreko lau zergaldi jarraituetako batean, eragiketa horretatik ondorioztatzen den taldea zergaldi horretako zergaren aplikazio eremuan sartuko da, baldin eta epealdi horretako egoera-orri finantzario bakoitzean edo egoera-orri finantzario bateratuetan jasotako negozio zifraren zenbateko garbiaren batura 750 milioi eurokoa edo handiagoa bada.»
«i) Zatiketa eragiketaren ondoren amaitzen den lehen zergaldian, zatitutako taldearen negozio zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa edo handiagoa bada.
ii) Zatiketa eragiketaren ondoren amaitzen diren bigarren zergalditik laugarrenera bitartean, zatitutako taldearen negozio zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurokoa edo handiagoa bada gutxienez hiru zergaldi horietako bitan.»
Hamar.– 36. artikuluaren 1. apartatuko f) letra honela geratzen da idatzita:
«f) Entitate eratzailearen zerga geroratuagatiko pasiboak aldez aurretik sartu badira zerga geroratuengatiko doikuntzaren zenbateko osoan, talde eskualdatzaileak errebertitu egin dituela joko da, eta, aldi berean, ulertuko da horiek talde eskuratzailean sortu direla entitate eratzailea eskuratu den zergaldian. Horrelakoetan, foru arau honen 18. artikuluko 7. apartatuan doikuntzak egiteko aurreikusten den 5 urteko epea berriro konputatzen hasiko da.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa ez da aplikatuko foru arau honen 18. artikuluko 8. apartatuko zerga geroratuagatiko pasiboei dagokienez, errebertitu beharrekoak ez direnean; kasu horretan, zenbatekoa berreskuratzen den zergaldian estalitako zergen zenbatekoa murriztuko dute pasibo horiek.»
Hamaika.– 38. artikuluaren 1. apartatuko a) letraren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«a) «Baterako negozioa»: emaitza finantzarioak azken entitate nagusiaren finantza egoera-orri bateratuetan jasotzeko, baliokidetzan jartzeko metodoa edo integrazio proportzionalarena baliatzen duen entitate oro, betiere azken entitate nagusiak gutxienez 100eko 50eko partaidetza badu entitate horretan, dela zuzenean dela zeharka.»
Hamabi.– 40. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Zergaldian posible izango da aurreko apartatuan aurreikusitako entitateen irabazi onargarrietatik murriztea entitate horietako partaidetzen titularrei esleitu edo egotzi dakizkiekeen irabazi onargarrien zenbatekoa, betiere zirkunstantzia hauetakoren bat betetzen bada:
a) Titular horiei aplikatzen zaien tasa nominala, gutxienez, murriztapena egiten den zergaldia amaitu ondorengo 12 hilabeteen barruan amaitzen den zergaldian dagoen gutxieneko zerga tasa izatea.
b) Arrazoizko eran pentsatzea azken entitate nagusiaren zerga estali doituak eta partaidetzen titularrak irabazi horien gainean ordaindutako zergak agregatuta aterako den zenbatekoa irabazi horiek gutxieneko zerga tasarekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoaren berdina edo handiagoa izango dela murriztapena egiten den zergaldia amaitu ondorengo 12 hilabeteen barruan amaitzen den zergaldian.»
Hamahiru.– 43. artikuluko 6. apartatua honela geratzen da idatzita:
«6.– Artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen den entitatearen zerga osagarria honela kalkulatuko da: entitatearen zerga osagarriaren karga tasa bider entitatearen irabazi onargarrien eta substantzia ekonomikoari lotutako errenten esklusioagatik harentzat kalkulatutakoaren arteko diferentzia.
Artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako entitatearen zerga osagarriaren karga tasa gutxieneko zerga tasaren eta entitate horren zerga tasa efektiboaren arteko diferentzia positiboa izango da.»
Hamalau.– 45. artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Aurreko apartatuan aipatu den banaketa zergapegarriaren metodoak ondorio hauek izango ditu:
a) Inbertsio entitate baten edo aseguruen inbertsio entitate baten irabazi onargarrien banaketak eta ustezko banaketak artikulu honen 2. apartatuan aipatzen den entitate eratzailearen irabazi onargarrietan sartuko dira, entitate horrek banaketa jaso duenean.
b) Inbertsio entitateak edo aseguruen inbertsio entitateak jasandako zerga estalien zenbatekoa kredituaren metodoa aplikatuta kendu bada, haren zerga pertsonalean, artikulu honen 2. apartatuan aipatutako entitate eratzailearen zerga kuotatik, zenbateko hori 2. apartatu horretan aipatzen den eta banaketa jaso duen eratzailearen irabazi onargarrietan eta zerga estali doituetan sartuko da.
c) Inbertsio entitatearen edo aseguruen inbertsio entitatearen irabazi onargarri garbiak ez badira banatu hurrengo 4. apartatuan definitutako terminoetan, artikulu honen 2. apartatuan aipatutako entitate eratzaileak banatu ez diren irabazi onargarri garbi horietan duen partaidetza portzentajea inbertsio entitatearen zergaldiko irabazi onargarritzat hartuko da, baldin eta banatu gabeko irabazi onargarri garbi horiek zergaldia hasi aurreko hirugarren zergaldian lortu badira.
Irabazi onargarri horiek bider gutxieneko zerga tasa eginda ateratzen den zenbatekoa zergaldian zergapetze maila txikia duen entitate eratzailearen zerga osagarritzat hartuko da.
d) Inbertsio entitate baten edo aseguruen inbertsio entitate baten irabazi edo galera onargarriak eta zergaldian irabazi horiei egotzi dakizkiekeen zerga estali doituak, zerga tasa efektiboaren kalkulutik kanpo geratuko dira, foru arau honen VI. tituluan eta 43. artikuluan jasotakoarekin bat, apartatu honen b) letran aipatzen diren zerga estalien zenbatekoa izan ezik.»
Hamabost.– Lehen xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:
«Lehen xedapen iragankorra. Trantsizio zergaldian zerga geroratuengatiko aktibo eta pasiboei eta eskualdatutako aktiboei aplikatuko zaien tratamendu fiskala.
1.– Trantsizio zergalditzat hartuko da foru arau honen 6. artikuluan aipatzen diren zergadunek jurisdikzio bakoitzari dagokionez arau honetan aurreikusitakoa lehen aldiz aplikatu behar duten lehen zergaldia.
Aurrekoa hala izanik ere, trantsizio zergalditzat hartuko da foru arau honen laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa dagokion jurisdikzioan aplikatu behar ez den lehen zergaldia.
2.– Trantsizio zergaldian eta ondorengo zergaldi bakoitzean jurisdikzio bakoitzean aplikatzekoa den zerga tasa efektiboa zehazteko, doitutako zerga estalien ondorioetarako aintzat hartuko da zerga geroratuengatiko aktibo eta pasibo guztien balioa, baldin eta, trantsizio zergaldiaren hasieran, aktibo eta pasibo horiek erregistratuta edo banakatuta ageri badira jurisdikzioko entitate eratzaileen finantza egoera-orri bateratuetan, kontuan hartuta, betiere, hurrengo apartatuetan jasotzen diren salbuespenak.
Balio hori bi hauetako txikiena izango da: aurreko paragrafoan aipatutako egoera-orri finantzarioetan haiei buruz erregistratu edo banakatutakoa, edo gutxieneko zerga tasa aplikatuta egiten den kalkulutik ateratzen dena.
Gutxieneko zerga tasa aplikatuta ateratzen den balioa eragiketa honen emaitza izango da: zerga geroratuagatiko aktiboak, aplikatu gabeko kreditu fiskalei dagozkienak eta finantza egoera-orrietan erregistratu eta banakatuak ageri direnak, zati trantsizioaren aurreko zergaldian horiek erregistratzeko aplikatutako zerga tasa nominala. Balio hori gutxieneko zerga tasa zatidura horrekin biderkatuta aterako da.
Aurrekoa gorabehera, zerga geroratuagatiko aktiboak kontabilizatzeko aplikatu den zerga tasa gutxieneko zerga tasa baino txikiagoa izan bada, posible izango da horiek gutxieneko zerga tasaren arabera baloratzea, baldin eta zergadunak froga badezake aktibo hori foru arau honetan xedatutakoaren arabera onargarria den galera bati egotzi dakiokeela.
Zerga geroratuagatiko aktibo baten kontabilitate balorazioan edo erregistroan egindako doikuntzetatik datozen aldaketak ez dira aintzat hartuko.
3.– Zerga geroratuagatiko aktiboak eratorriak badira foru arau honen IV. tituluan irabazi edo galera onargarriak zehazteko aintzat hartu behar ez diren partidetatik, ez dira kontuan hartuko aurreko 2. apartatuan aipatzen den kalkuluaren ondorioetarako, baldin eta aktibo horiek 2021eko azaroaren 30etik trantsizio zergaldia hasi bitartean egindako transakzio batean sortu badira, edo, hala badagokio, transakzio hori trantsizio zergaldiaren ondoren egina izanik aktibo horiek trantsizio zergaldi horren finantza egoera-orrietan erregistratu edo banakatu badira.
Artikulu honen ondorioetarako, transakziotzat hartuko da agintari eskudun batetik eratorritako edozein ebazpen edo erabaki, lehendik emandako edozein ebazpen edo akordioren aldaketa barne, baldin eta entitate eratzaileari ebazpen edo akordio hori egon ezean izango ez zen onura fiskal bat lortzeko eskubidea ematen badio.
Aurreko 2. apartatuan aipatutako kalkulua egiteko, alde batera utziko dira, besteak beste, zerga geroratuarengatiko aktibo hauek:
a) Agintari eskudunek hartutako erabaki batetik eratorritako zerga geroratuengatiko aktiboak, 2021eko azaroaren 30aren ondoren amaitu edo aldatutako erabaki batetik eratorriak, baldin eta erabaki horri esker entitate eratzaileak posible badu lortzea hura gabe sortuko ez zen onura fiskal bat.
b) Entitate eratzaile batek 2021eko azaroaren 30aren ondoren baliatutako aukera batetik eratorritako zerga geroratuengatiko aktiboak, baldin eta egindako aukera horrek transakzio baten tratamendua aldatzen badu eta horrek lehendik aitortutako zergaldi batean zergapetutako errenta handitzea badakar, edo, bestela, aurkeztutako aitorpen hori dagoeneko Zerga Administrazioak egiaztatu badu.
c) Zerga geroratuagatiko aktiboak edo pasiboak, aktibo edo pasibo baten balio fiskalaren eta kontabilitate balioaren arteko diferentzia baten ondorio direnak, baldin eta balio fiskala enpresa mozkinak zergapetzen dituen zerga baten arabera zehaztu bada, eta zerga hori 2021eko azaroaren 30etik aurrera eta trantsizio zergaldia hasi baino lehen jarri bada indarrean hura aurretik aplikatzen ez zuen jurisdikzio batean.
Zerga geroratuengatiko aktiboak enpresa mozkinak zergapetzen dituen zerga bat indarrean jarri aurreko 5 urteetatik aurrera sortutako galera fiskal baten ondorio badira, horiek ere aurreko 2. apartatuan aipatzen den kalkulutik kanpo geratuko dira, baldin eta zerga hori 2021eko azaroaren 30etik aurrera eta trantsizio zergaldia hasi baino lehen jarri bada indarrean, zerga hori aurretik aplikatzen ez zuen jurisdikzio batean.
Era berean, zerga geroratuagatiko sarrera edo gastua aurreko a), b) eta c) letretan adierazitako zerga geroratuengatiko aktibo edo pasiboen ondorio denean, ez da sartuko ez foru arau honen 18. artikuluan aurreikusitako zerga geroratuagatiko doikuntzaren zenbateko osoan ez eta foru arau bereko laugarren xedapen iragankorrean aipatutako zerga estali sinplifikatuen zenbatekoan.
4.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, aipatutako foru arauaren 18. artikuluan aurreikusitako zerga geroratuagatiko doikuntzaren zenbateko osoa kalkulatzeko eta foru arau bereko laugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren zerga estali sinplifikatuak zehazteko, berezitasun hauek hartuko dira kontuan:
i) Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aurreikusitako zerga geroratuengatiko aktiboen kasuan, beren errebertsioari dagokion zerga geroratuagatiko gastua konputatuko da, baldin eta errebertsio hori 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko urtarrilaren 1era bitartean hasten diren zergaldietan egiten bada, eta zergaldi horiek 2027ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen badira.
Aurreko apartatuko c) letran aurreikusitako zerga geroratuengatiko aktiboen kasuan, beren errebertsioari dagokion zerga geroratuagatiko gastua konputatuko da, baldin eta errebertsio hori 2025eko urtarrilaren 1etik 2027ko urtarrilaren 1era bitartean hasten diren zergaldietan egiten bada, eta zergaldi horiek 2028ko ekainaren 30a baino lehen amaitzen badira.
ii) Zerga geroratuengatik aurreko i) ordinalaren arabera adierazitako epeetan konputa daitekeen gastuaren zenbateko metatua ezingo da izan hasieran erregistratutako eta zerga tasa aplikagarriaren arabera –edo, txikiagoa bada, gutxieneko zerga tasaren arabera– kalkulatutako aktibo horietako bakoitzaren 100eko 20 baino handiagoa.
5.– Aurreko 4. apartatuan aurreikusitakoa gorabehera, zerga geroratuagatiko gastuak zerga geroratuagatiko aktibo baten errebertsio bati badagozkio, gastu horiek ez dira konputatuko aktibo horren sorburua honako hauetako bat bada:
i) 3. apartatuko a) letran aurreikusitako erabakietako bat, agintari eskudunak emana, betiere 2024ko azaroaren 18a igaro ondoren amaitu edo aldatu bada.
ii) entitate eratzaile batek 2024ko azaroaren 18tik aurrera egindako aukera bat, 3. apartatuko b) letran aurreikusitako atzeraeragina duena.
iii) aktibo edo pasibo baten balio fiskalaren eta kontabilitate balioaren arteko diferentzia bat, baldin eta balio fiskal hori enpresa mozkinak zergapetzen dituen zerga baten arabera kalkulatu bada eta zerga hori 2024ko azaroaren 18tik aurrera jarri bada indarrean, 3. apartatuko c) letran ezarritakoarekin bat.
4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, zerga geroratuagatiko gastuaren zenbateko osoa 3. apartatuko a), b) eta c) letretan aurreikusitako zerga geroratuagatiko aktibo baten errebertsioari badagokio, zenbateko horrek ezingo du inola ere gainditu aplikatu beharreko kontabilitate araudiaren arabera eta 2024ko azaroaren 18ra arte lortutako erabakiari jarraituta errebertitu beharko zuen zenbatekoa.
6.– Entitate eratzaileek 2021eko azaroaren 30etik trantsizio zergaldia hasi bitartean eskualdatu badituzte aktiboak, eskuratutako aktiboen balioa entitate eskualdatzailearen finantza egoera-orrietan ageri diren aktibo eskualdatuek eskualdaketaren unean duten kontabilitate balioa izango da. Eskuratutako balio horretan izakinak ez dira sartuko, eta zerga geroratuagatiko aktibo eta pasiboak balio horren gainean zehaztuko dira.
7.– Aurreko apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe, talde multinazionalak edo tamaina handiko talde nazionalak beti hartu ahal izango du kontuan zerga geroratuarengatik sortu den aktibo bat, eskualdaketatik eratorritako errentari lotuta dagoena, baldin eta frogatu badaiteke entitate eskualdatzaileak eskualdaketa horretatik ondorioztatutako errentaren gaineko zerga bat ordaindu duela. 3. apartatuan aipatzen den zerga geroratuagatiko aktiboa ezingo da inola ere sartu, 4. apartatuan xedatutakoa aplikatzekoa denean izan ezik.
Aurreko paragrafoan aipatzen den zerga geroratuagatiko aktiboak ezin izango du bi zenbateko hauetatik txikiena gainditu:
i) Entitate eskuratzailea kokatuta dagoen jurisdikzioko legeriaren arabera aktiboari kalkulatu zaion balioa ken aurreko 6. apartatuan aipatutako balioa eginez ateratzen den emaitza gutxieneko zerga tasarekin biderkatuta lortzen den balioa.
ii) Eskualdaketan lortutako errentarengatik entitate eskualdatzaileak ordaindutako zerga, gehi, hala badagokio, eskualdaketatik eratorritako errenta eskualdaketaren zergaldiko zerga oinarriaren kalkuluan kengarria izan ez balitz, entitate eskualdatzaileak xedapen iragankor honen 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera kontuan hartuko zuen galerari dagokion zerga geroratuagatiko aktiboaren zenbatekoa.
Zerga geroratuagatiko aktiboa, apartatu honetan xedatutakoaren arabera zehaztua, bere balio galera erregistratuari erreparatuta aplikatuko da, edo, bestela, hura eskualdatzen denean edo baja ematen zaionean. Nolanahi ere, zerga geroratuagatiko aktibo hori kontabilizatzeak ez du murriztuko entitate eskuratzailearen zerga estali doituen zenbatekoa.
8.– Foru arau honen 18. artikuluko 5. apartatuaren e) letran xedatutakoa eragotzi gabe, zerga geroratuagatiko aktiboak, trantsizio zergaldiaren hasieran daudenak, entitate eratzailearen finantza egoera-orrietan erregistratuta edo banakatuta dauden kreditu fiskalei badagozkie eta egoera-orri horiek formulatu badira azken entitate nagusiaren finantza egoera-orri bateratuak prestatzeko erabilitako finantza kontabilitateko arau onargarri edo baimenduari jarraituta, aintzat hartuko dira bai trantsizio zergaldiko zerga tasa efektiboa zehazteko eta, hala badagokio, baita hurrengo zergaldietakoa ere kalkulatzeko.
Aurrekoa gorabehera, zerga geroratuagatiko sarrerak edo gastuak aurreko a), b) eta c) letretan adierazitako zerga geroratuengatiko aktibo edo pasiboen errebertsioari badagozkio, ez dira sartuko ez foru arau honen 18. artikuluan aurreikusitako zerga geroratuagatiko doikuntzaren zenbateko osoan ez foru arau bereko laugarren xedapen iragankorrean aipatutako zerga estali sinplifikatuenean, 4. apartatuan xedatutakoa aplikatzekoa denean izan ezik.
9.– Aurreko apartatuan aipatu diren zerga geroratuagatiko aktiboei buruz adierazitako balioa kalkulatu bada gutxieneko zerga tasa baino txikiagoa den zerga tasa bat aplikatuta, zerga geroratuagatiko aktibo horien zenbatekoa entitate eratzailearen finantza egoera-orri bateratuetan aktibo horiei dagokienez ageri dena izango da.
10.– Aurreko 8. apartatuan aipatu diren zerga geroratuagatiko aktiboei buruz adierazitako balioa kalkulatu bada gutxieneko zerga tasaren berdina edo handiagoa den zerga tasa bat aplikatuta, zerga geroratuagatiko aktibo horien zenbatekoa eragiketa honen emaitza izango da: zerga geroratuagatiko aktiboak, aplikatu gabeko kreditu fiskalei dagozkienak eta azken entitate nagusiaren finantza egoera-orri bateratuak formulatzeko erabilitako finantza kontabilitateko arau onargarri edo baimenduari jarraituta prestatutako finantza egoera-orrietan erregistratu edo banakatu direnak, zati trantsizioaren aurreko zergaldian horiek erregistratzeko aplikatutako zerga tasa nominala. Zenbatekoa gutxieneko zerga tasa zatidura horrekin biderkatuta aterako da.
Trantsizio zergaldiaren ondorengo zergaldi batean jurisdikzio bateko zerga tasa aldatzen bada, zerga geroratuagatiko aktiboen zenbatekoa berriro kalkulatu beharko da aurreko paragrafoan adierazitako formula aplikatuta, baina, betiere, aldaketa gertatu den zergaldiaren hasieran azken entitate nagusiaren finantza egoera-orrietan ageri ziren kreditu fiskalak mantenduta. Finantza egoera-orri bateratu horiek azken entitate nagusiaren finantza kontabilitateko arau onargarri edo baimenduari jarraituta egon beharko dute formulatuta. Zerga tasa aldatzeagatik egiten den kalkulu berriak zerga geroratuagatiko aktiboen zenbatekoan eragiten duen bariazioa ez da sartuko zergaldi horretako zerga geroratuagatiko doikuntzaren zenbateko osoan. Kalkulu berria egin den zergaldian eta haren hurrengoetan zerga geroratuengatik zein doikuntza egin behar den zehazteko, kalkulu berritik zerga geroratuarengatik ondorioztatzen den aktiboaren zenbatekoa izango da abiapuntua.
11.– Aurreko 6. apartatuan xedatutakoaren salbuespen gisa, taldeak frogatu badezake entitate eskualdatzaileak zerga bat ordaindu duela 6. apartatu horretan aipatu diren aktiboen eskualdaketan lortutako errentarengatik, eta haren zenbatekoa eskualdaketan lortutako errenta gutxieneko zerga tasarekin biderkatuta ateratzen denaren berdina edo handiagoa bada, hurrengo paragrafoan ezartzen dena aplikatu ahal izango du.
Kasu horretan, eskuratutako aktiboak baloratu ahal izango dira kontuan hartuta entitate eskuratzaileak eskurapenaren datan erregistratutako kontabilitate balioa, entitate eskuratzailearen finantza egoera-orriak prestatzeko erabilitako finantza kontabilitateko arauaren arabera zehaztua betiere, eta aurreko 7. paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko.
12.– Jurisdikzio bateko portu segurutzat kalifikatutako zerga osagarri nazional onargarriaren araudi erregulatzaileak ez badu jasotzen 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitakoa, talde multinazionalak ezingo du pentsatu jurisdikzio horretako zerga osagarri nazionala zero denik foru arau honen 34. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren zentzuan.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, talde multinazionalak foru arau honen 24. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa aplikatu ahal izango du.»
Hamasei.– Laugarren xedapen iragankorraren 3. apartatuko b) eta c) letrak honela geratzen dira idatzita:
«b) Xedapen iragankor honetako 2. apartatuan xedatutakoa ez zaie inbertsio entitateei aplikatuko baldin eta, herrialdez herrialdeko informazio onargarriaren ondorioetarako, ulertzen bada jurisdikzio batean direla egoiliar fiskalak; horrelakoetan, zerga osagarria foru arau honetan jasotakoaren arabera zehaztuko da, non eta:
i) Inbertsio entitatea eta haren partaide diren entitate eratzaile guztiak egoiliarrak diren jurisdikzio berean;
ii) Inbertsio entitate horri dagokionez, ez diren baliatu foru arau honen 44. eta 45. artikuluetan aurreikusitako aukerak.
Gertatzen bada, aurrekoarekin bat etorrita, xedapen iragankor honetako 2. apartatuan jasotakoa aplikatzekoa dela, inbertsio entitateari dagozkion enpresa mozkinak zergapetzen dituen tributua edo izaera bereko edo antzeko zerga bat aplikatu aurreko emaitza, diru-sarrera gordinak eta zerga estaliak, partaidetzen zuzeneko titular direnen jurisdikzioan bakarrik hartu beharko dira kontuan, partaidetza horien proportzioan, herrialdez herrialdeko informazioan inbertsio entitatea zein jurisdikziotan ageri den aintzat hartu gabe.
b) letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, inbertsio entitate batek aseguruen inbertsio entitate bat hartzen du barne.
c) Xedapen iragankor honetako 2. apartatuan ezarritakoa ez da aplikatuko bi kasutan: azken entitate nagusien egoitzako jurisdikzioari dagokionez, baldin eta entitate horiek foru arau honen 40. artikuluan xedatutakoa aplikatzen duten entitate gardenak badira, edo dibidenduen kengarritasun araubide bati atxikitako azken entitate nagusiei dagokienez, foru arau honen 41. artikuluan xedatutakoa aplikatzen badute, salbu eta pertsona onargarriek guztiz partaidetuta badaude.
Azken entitate nagusi batek foru arau honen 40. edo 41. artikuluetan xedatutakoa aplikatzen badu, enpresa mozkinak zergapetzen dituen tributua edo izaera bereko edo antzeko zerga bat aplikatu aurreko emaitza murriztu egingo da pertsona onargarri bati egotzi edo banatu behar zaion proportzioan.
c) letra honetan jasotakoaren ondorioetarako, pertsona onargarritzat hartuko dira foru arau honen 40. artikuluko 2. eta 3. apartatuetako a) eta b) letretan aipatzen direnak, artikulu hori aplikagarria denean, eta foru arau honen 41. artikuluko 4. apartatuko a), b) eta c) letretan aurreikusitakoak, artikulu hori aplikagarria denean.»
Hamazazpi.– Xedapen indargabetzaile bakarra honela geratzen da idatzita:
«Xedapen indargabetzaile bakarra. Araudia indargabetzea.
Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo haren kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.»
2. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, 51. artikuluko 4. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«4.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeak ezin izango du berekin ekarri zerga oinarria negatiboa izatea edo hura handitzea. Guztiarekin ere, kendu ez diren zenbatekoak beti kendu ahal izango dira hurrengo zergaldietan, muga bera errespetatuta, baina, kasu horretan, artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen den bost urteko epea artikulu honetan araututako konpentsazioaren zenbatekoa zerga oinarritik gutxitu den azken zergalditik aurrera konputatuko da.»
Bi.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, 60. artikuluko 8. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«8.– Kendu ez diren zenbatekoak hurrengo lehen hogeita hamar urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietako kuota osoetatik kendu ahal izango dira.
Apartatu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko artikulu honetako 5. apartatuan ezarritakoaren arabera kentzen diren zenbatekoei.»
Hiru.– 2025eko zergaldirako ondorioekin soil-soilik, 59. artikuluko 3. apartatuaren lehen paragrafoaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita:
«3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek, foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan, 64 bis, 65, 65 bis eta 66 bis artikuluetan jasotakoak kanpoan utzita, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 17 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da.»
Lau.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, 59. artikuluaren 3. apartatuko lehen paragrafoaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita:
«3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek, foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan, 64 bis, 65, 65 bis eta 66 bis artikuluetan jasotakoak kanpoan utzita, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 19 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da.»
Bost.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, 65. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita:
«Artikulu honen 2. apartatuko b) letran aipatzen den kenkaria aplikatzeko, ezinbestekoa izango da zergadunak, Zerga Administrazioak eskatuta, ziurtagiri bidez frogatzea letra horretan adierazitako beharkizunak betetzen direla. Ziurtagiri hori Gipuzkoako Foru Aldundian ingurumen gaietan eskumena duen Departamentuak edo hari atxikitako organismo edo entitate batek eman beharko du.»
Sei.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko hogeita hamabosgarren xedapen iragankorraren izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«Hogeita hamalaugarren xedapen iragankorra. Interes ekonomikoko taldeak: zerga oinarri negatiboen egozpena mugatzea.»
3. artikulua.– Aldatzea maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa.
2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, indargabetu egiten da Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauaren II. tituluko VI. kapitulua.
4. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 90 ter artikuluaren izenburua aldatzen da, eta 1. apartatuko lehen paragrafoa berridazten da, jarraian zehazten den eran:
«90 ter artikulua. Kenkaria enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenengatik, sistema horietako partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak direnean, eta enpleguko aurreikuspen sistemei egindako ekarpenengatik, ekarpen horiek beren kargura langilerik ez duten langile autonomoek eginak direnean.
1.– Zergadunek enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egiten dizkieten ekarpenengatik, bai eta Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako sistemetara egindakoengatik ere, 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango da zergaren kuota osoan, sistema horietako partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak direnean.»
5. artikulua.– Aldatzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 99. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, lan errenta jakin batzuei zergaren foru arauaren 19., 19. bis edo 20. artikuluetan aipatzen diren portzentajeak aplikagarri bazaizkie, errenta horien zenbateko osoa portzentaje horiek aplikatuta kalkulatuko da.
Ordaintzaile bera duten lan errenten kasuan, aurreko paragrafoan aipatutako integrazio portzentajeak 100eko 100etik beherakoak direnean, horiek ez dira aplikatuko zergaren foru arauaren 19.2 artikuluan aurreikusitako mugak gainditzen dituzten errenten zenbatekoen gainean.
Era berean, zergaren foru arauaren zazpigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako prestazioei xedapen iragankor horretako 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako integrazio mekanismoa edo integrazio portzentajea aplikagarri bazaizkie, errenta horien zenbateko osoa kalkulatzeko integrazio mekanismo edo portzentaje hori aplikatuko da.»
Xedapen iragankor bakarra
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 65 bis artikuluko 6. apartatuan aurreikusitako komunikazioa aurkezteko epea, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehen zergaldiaren kasuan.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldiaren kasuan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 65 bis artikuluko 6. apartatuan aurreikusitako epea 2026ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartekoa izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduzko xedapenen maila babestea.
Foru dekretu arau honen 5. artikuluan aldatzen den erregelamenduzko xedapena foru dekretu maila duten xedapenen bidez aldatu ahal izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru dekretu arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotako ondorioak eragotzi gabe.
Donostia, 2025eko abenduaren 23a.
Diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.
RSS