
16. zk., 2026ko urtarrilaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (332 KB - 38 orri.)
- EPUB (143 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
336
2/2025 FORU ARAUA, azaroaren 24koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendua apirilaren 29ko 3/2025 Legeak Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean sartu dituen aldaketetara egokitu eta beste zerga aldaketa batzuk onestekoa.
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «2/2025 Foru Araua, azaroaren 24koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendua apirilaren 29ko 3/2025 Legeak Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean sartu dituen aldaketetara egokitu eta beste zerga aldaketa batzuk onestekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2025eko azaroaren 24a.
Gipuzkoako diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
HITZAURREA
Euskal Autonomia Erkidegoarekin indarrean den Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, Autonomia Estatutuan tributuen arloan aurreikusten diren harremanak arautzen ditu, eta bigarren xedapen gehigarrian dio ezen, Estatuaren tributuei buruzko ordenamendu juridikoan erreformaren bat egiten bada eta erreforma horrek tributuen itunari eragiten badio, edo araugintzarako eskumenen banaketa aldatzen bada eta aldaketa horrek zeharkako zergen eremuari eragiten badio, edo figura tributario edo konturako ordainketa berriren bat sortzen bada, bi administrazioek, ados jarrita, ordenamendu horretan izandako aldaketetara egokituko dutela Ekonomia Ituna.
Aurreikuspen hori betez, eta kontuan hartuta Itunaren azken aldaketaz geroztik zerga ordenamenduak zenbait aldaketa izan dituela eta aldaketa horiek ezinbesteko egiten dutela hura berriro egokitzea, apirilaren 29ko 3/2025 Legeak, zeinaren bidez aldatu baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, hainbat aldaketa sartu ditu zerga itunduekin lotuta, eta aldaketa horiek eragina dute bai araudi autonomoko zergetan eta bai Estatuko arau substantibo eta formalei jarraituz arautu beharrekoetan.
Aldaketa horien artean nabarmendu beharra dago batzuek zenbait tributuren araudi substantiboan dutela eragina –sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga, balio erantsiaren gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga dira ukitutako tributuak–, ahaztu gabe beste batzuek hiru zerga berri sartzen dituztela Ekonomia Itunean: zerga osagarria, zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga, eta zigarro elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga.
Zerga berri horiek Gipuzkoako ordenamendu tributarioan txertatzeko garaian, araugintzako prozedura bereiziak erabiliko dira.
Bestalde, 3/2025 Legearen bidez onetsitako aldaketak zerga ukituetan jasota gera daitezen, komenigarri gertatzen da foru arau bat izapidetzea esandako aldaketak sartzeko bai sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren foru arauetan eta bai balio erantsiaren gaineko zergaren foru dekretu arauemailean.
Aldaketa horiek zerikusia dute foru lurraldeek aipatutako zergak ordainarazi eta ikuskatzeko duten gaitasunarekin, eta, kasu batzuetan, baita zerga horiek arautzeko ahalmenarekin ere.
Hala, sozietateen gaineko zergan eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan 10 milioi eurotik 12 milioi eurora igo da eragiketa bolumenaren atalase maila araudi aplikagarria zein den eta zergak ikuskatzeko eta ordainarazteko eskumena nori dagokion zehazteko. Gainera, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kasuan, zerga ituntzeko era aldatu da; izan ere, Estatuak une bakoitzean ezarritako arau substantibo eta formalen arabera arautu beharrean, araudi autonomoko tributu itundu gisa eratzen da orain zerga, bai establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarrentzat bai establezimendu iraunkorrik ez dutenentzat, eta, gainera, ituntze arau bereziak ezartzen dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak zergapetzen diren kasuetarako. Balio erantsiaren gaineko zergan ere aldaketa bera egin da eragiketa bolumenaren ordainarazpenari eta ikuskapenari dagokienez.
Ekonomia Itunaren aldaketak eragin dituen aldaketa horiez gain, zeinak foru arau honen I. kapituluan jasotzen baitira, beste aldaketa batzuk ere sartu behar dira araudian, nagusiki pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari, sozietateen gaineko zergari eta Zergen Foru Arau Orokorrari eragiten dietenak.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan egiten diren aldaketei dagokienez, aurrenik adierazi eta nabarmentzekoa da zergan salbuetsita geratzen dela ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuan amiantoaren biktimentzat aurreikusten diren konpentsazio ekonomikoetatik datorren errenta, Dekretu horrek ezartzen du zer baldintza bete behar diren eta zer prozedurari jarraitu behar zaion amiantoaren biktimei konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortzeko, hori guztia amiantoaren biktimentzat konpentsazio funts bat sortzen duen urriaren 19ko 21/2022 Legearen garapen gisa. Horrekin erantzun egiten zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusien 6/2023 Ebazpenari, zeinean Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu baitzaio ezen, behin erregelamendu hori onetsi eta argitaratu ondoren, zerga araudian ezartzea amiantoaren biktimei ematen zaizkien konpentsazioek epai judizial bidez jasotzen diren kalte-ordainen tratamendu fiskal bera izango dutela, hau da, zerga horretan salbuetsitzat jo daitezela.
Aipatutako 3/2014 Foru Arauan ere beste aldaketa batzuk sartzen dira, teknikoak neurri handi batean, eta, gainera, aplikazio data desberdinak dituztenak. Horien artean, aipatzekoa da araubide iragankor bat ezartzen dela enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei soberan egindako ekarpenei aplikatzeko, soberakin horiek 2025a baino lehenagoko zergaldietan murriztu ez direnean. Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta beste zerga aldaketa batzuk onesten dituen maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauak ekarpen horien araubidean sartu duen aldaketagatik ezartzen da araubide iragankor hori.
Orobat, nabarmentzekoa da balorazio arau espezifiko bat sartzen dela kriptoaktibo suntsikorren kostu bidezko eskualdaketetan, eragiketa horietatik ondorioztatzen den ondare galera edo irabazia kalkulatzeko, bai eta kautela bat ere aktibo horien eskualdaketei dagokienez.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren aldaketei dagokienez, esan beharra dago kasu honetan sartzen diren aldaketak ere teknikoak direla gehienbat. Horrela, kautelazko erregela bat ezartzen da emakumeen eta 36 urtetik beherakoen enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkari berriak, lehen aipatutako 1/2025 Foru Arauaren bidez onetsiak, kontratuen iraupenari buruz eta plantillako langileen kopuruari buruz eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituen kasuetarako.
Nabarmentzekoa den beste aldaketa lotuta dago ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzeko pizgarriekin eta ikus-entzunezko lanak eta arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizunak finantzatzeko proiektuekin. Izan ere, proiektu bi horietarako, kautela batzuk ezartzen dira finantzaketa kontratuaren egituraketan bitartekari lanak egiten dituenaren ordainsariak mugatzeko. Horrela, 64 bis eta 66 ter artikuluetan xedatutakoa aplikatzeko baldintza izango da proiektua egiten duen zergadunak jasotzen duen finantzaketa garbia, bitartekariaren ordainsariak deskontatu ondoren, proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak frogatu dezakeen kenkariaren 100eko 78 edo gehiago izatea. Aldaketa horrek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako finantzaketa kontratuetan izango ditu ondorioak.
Bestalde, Kontseiluaren 2023ko urriaren 17ko (EB) 2023/2226 Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena (DAC 8, aurrerantzean) indarrean jarri izanak berekin ekarri du estatu kideak behartuta geratzea beharrezkoak diren lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak eman eta argitaratzera, 2025eko abenduaren 31n beranduenik, Zuzentarauan ezarritakoa betetzeko.
DAC 8ak bi helburu nagusi ditu: batetik, 2011/16/EB Zuzentarauaren xedapenak indartzea, finantza kontuei buruz eman beharreko informaziori eta egoki jarduteko arauei dagokienez, eta, bestetik, ordainketa eta inbertsio modu alternatiboen erabilera gero eta handiagoak dakartzan erronka berriei aurre egitea, kontuan hartuta bitarteko alternatibo horiek (kriptoaktiboak, diru elektronikoa eta banku zentraletako diru digitala, esate baterako), ez zeudela sartuta DACaren esparruan eta zergarik ez ordaintzeko arrisku berriak planteatzen dituztela.
Finantza kontuei buruz eman beharreko informaziori eta egoki jarduteko arauei dagokionez, DAC 8ak zabaldu egiten ditu Kontseiluaren 2014ko abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentarauak bere unean ezarri zituen betebeharrak, eta, zehazki, banku zentraletako diru elektronikoa eta diru digitala ere sartzen ditu informatu beharrekoak diren gaien esparruaren barruan. Zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu zuen zerga informazioaren nahitaezko truke automatikoari dagokionez. Alde horretatik, DAC 8ak Europar Batasunaren esparrura ekartzen ditu Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA, aurrerantzean) Informazioa komunikatzeko estandar erkidean («Common Reporting Standard») izeneko dokumentuan sartu dituen azken aldaketak.
Kriptoaktiboei buruzko informazio truke automatikoari dagokionez, DAC 8ak hainbat obligazio ezartzen ditu kriptoaktiboen hornitzaile jakin batzuentzat; batzuk informazioa emateko obligazioak dira, beste batzuk, egoki jardutekoak eta, hala dagokionean, baita erregistrokoak ere, eta, haien ondorioz, hornitzaile horiek behartuta geratzen dira kriptoaktiboak erabiltzen dituztenen identitatea eta egoitza fiskala komunikatzera eta haiekin egindako eragiketa jakin batzuen berri ematera. Hala, DAC 8ak ELGAren Kriptoaktiboei buruzko Informazio Trukearen Esparrua ere ekartzen du Europar Batasunaren eremura («Crypto-Asset Reporting Framework»). Bestalde, informazio betebehar horiekin lotuta, DAC 8ak erreferentzia ugari egiten dizkio Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2023ko maiatzaren 31n kriptoaktiboen merkatuei buruz onetsitakoko (EB) 2023/1114 Erregelamenduari, hura baita arau esparru berria kriptoaktiboen merkatuetan, arlo finantzarioari dagokionez. Erregelamendu horrek 1093/2010 (EB) eta 1095/2010 (EB) Erregelamenduak eta 2013/36/EB eta 2019/1937 Zuzentarauak aldatu zituen.
Aurrekoa kontuan hartuta, bereziki aldatzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren hamabosgarren xedapen gehigarria, elkarlaguntzaren esparruan finantza kontuei buruz informatzeko eta egoki jarduteko obligazioei dagokiena, eta helburua da bertan erreferentzia egitea bai DAC 8ak arlo horretan sartutako aldaketari eta bai agintari eskudunen artean azken aldaketen indarrez nazioarteko informazio trukea babesten duen tresna juridikoari. Era berean, zerga arloko arau-hausteen konfigurazioan aldaketa bat sartzen da, egoki jarduteko arauen ez-betetzea ulertzeko moduan tipifikatzeko.
Horrez gain, foru arau berean jasotzen da erregelamenduz garatuko den beste xedapen gehigarri bat, zeinean ezartzen baita zein diren kriptoaktiboei buruz informatzeko obligazioak, egoki jardutekoak eta, kasua bada, erregistro obligazioak eta haien ildo orokorrak. Era berean, zehapen araubide bat arautzen da, eta neurriak aurreikusten dira egoki jarduteko obligazioaren testuinguruan irregulartasun jakin batzuk gertatzen direnean aplikatzeko. Azkenik, ezartzen da behartuta dauden subjektuek bidezkoa den dokumentazioa gorde beharko dutela, eta pertsona fisikoei jakinarazi behar dietela berengandik jasotzen duten informazioa Zerga Administrazioari helaraziko diotela DACarekin eta datu pertsonalak babesteko araudiarekin bat etorriz.
Azkenik, foru arau honek zenbait doikuntza tekniko sartzen ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onesten dituen maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauaren edukietako batzuetan; besteak beste, nabarmentzekoa da 7. artikuluko laugarren eta hamalaugarren apartatuak aldatzen direla, haien idazketa hobetzeko eta nola aplikatu behar diren argitzeko (2026ko urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean). Laugarren apartatuan egindako aldaketarekin, etekina kalkulatzeko unea zehazten da, eta kontingentzia gertatzen den momentuan edo prestazioetarako eskubidea sortzen den zirkunstanzia gertatu unean finkatzen da, kobratzeko unea edozein dela ere. Gainera, ezartzen da ezen etekinek eskubide ekonomiko guztiekiko hartzen duten proportzioa une horretan finkatuko dela, eta proportzio hori mantenduko dela eskubide ekonomikoak errenta moduan jaso edo kapital moduan jaso. Bestalde, hamalaugarren apartatuaren edukia egokitzen da testuan sartu zen berrogeita bigarren xedapen gehigarriarekin lotuta, eta argitzen da ezen bertan ezartzen den kalkulu erregela aplikatzekoa izango dela entitateek ez dituztenean eskura, osorik edo partez, behar diren datuak etekina pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru arauaren 37. artikuluko e) letraren arabera kalkulatzeko. Horrela zehaztutako portzentajeak jasotzen den prestazio osoari aplikatuko zaizkio.
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ZERGA ARAUDIA APIRILAREN 29KO 3/2025 LEGEAREN BIDEZ ONETSITAKO EKONOMIA ITUNAREN ALDAKETETARA EGOKITZEA
1. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen dira 2. artikuluko 1.etik 3.era bitarteko apartatuak:
«1.– Zerga egoitza Gipuzkoan duten zergadunei aplikatuko zaie foru arau honetan xedatutakoa.
Hala ere, zergadunak aurreko paragrafoan xedatutakotik kanpo geratuko dira bi egoera hauetan sartuta badaude:
– Aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin dutenean, edo Euskadin egindako eragiketa guztiak beste bi lurralde historikoetako batean edo bietan egin dituztenean.
2.– Zerga egoitza Araban edo Bizkaian duten zergadunei ere foru arau honetan xedatutakoa aplikatu zaie, baldin eta ondoko baldintza hauek betetzen badira:
– Aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan, eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin ez dutenean.
– Ekitaldi horretan, Euskadin egindako eragiketa guztiak Gipuzkoan egin direnean, edo Gipuzkoan eta zerga-egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean eginak izanik, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari dagokionean.
3.– Orobat, zerga egoitza lurralde erkidean duten zergadunei ere foru arau honetan xedatutakoa aplikatu zaie, hiru baldintza hauek betetzen dituztenean.
– Aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Eragiketa bolumenaren ehuneko 75 edo gehiago Euskadin egin dutenean, salbu eta zergadunak talde fiskal baten parte badira, zeren eta, horrelakoetan, foru araudia aplikagarria izango baita baldin eta ekitaldi horretan eragiketa guzti-guztiak Euskadin egin badira.
– Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 3. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Zerga ordainaraztea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio:
a) Berari bakarrik, zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean eta aurreko ekitaldian izan duen eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa ez denean.
b) Ekitaldian zehar Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan bada.»
Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 132. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu hauetan egingo du zergaren ikuskapena:
a) Zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoan dagoenean, salbu eta zergadunak aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan duenean eta ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin duenean edo, bestela, Euskadin egindako eragiketa guztiak beste bi lurralde historikoetako batean edo bietan egin direnean.
b) Zergadunaren zerga egoitza Araban edo Bizkaian dagoenean, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan bada, ekitaldi horretan ez badu egin lurralde erkidean bere eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago, eta ekitaldi horretan Euskadin egin dituen eragiketa guztiak Gipuzkoan egin badira, edo, Araban eta zerga egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean egin baditu, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari badagokio.
c) Zergadunaren zerga egoitza lurralde erkidean badago, aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan bada, ekitaldi horretan bere eragiketa guztien 100eko 75 edo gehiago Euskadin egin baditu eta, gainera, ekitaldi horretan Gipuzkoan egindako eragiketei beste bi lurralde historikoetan egindakoei baino proportzio handiagoa badagokie. Salbuespena izango da zergadunak talde fiskal bateko parte direnean, zeren eta, horrelakoetan, ikuska-tzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da bakar-bakarrik, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa guztiak Euskadin egin badira, eta, ekitaldi horretan Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioa handiagoa bada beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino.»
2. artikulua.– Aldatzea abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarena.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 2. artikulua:
«2. artikulua.– Aplikazio eremua eta ordainarazpena.
1.– Foru arau honetan xedatutakoa honako hauei aplikatuko zaie:
a) Espainiako lurraldean egoiliar ez diren eta establezimendu iraunkorrik gabe diharduten pertsona fisikoek eta entitateek Gipuzkoan lortutako errentak, foru-arau honetako 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hala ere, aipatutako 13. artikuluko 4. apartatuan aurreikusten diren kasuetan, foru arau honetan xedatutakoa bakar-bakarrik aplikatuko da baldin eta errentak ordaintzen dituzten entitate edo establezimendu iraunkorrei aplikagarri bazaie Gipuzkoako Lurralde Historikoko sozietateen gaineko zergaren araudia, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 2. artikuluan jasotakoaren arabera, edo, bestela zerga honen araudia, apartatu honetako b), c) eta d) letretan xedatutakoarekin bat.
b) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoei eta entitateei, errentak Gipuzkoako Lurralde Historikoan helbideratutako establezimendu iraunkorraren bidez lortzen dituztenean, salbu eta haiengan bi zirkunstantzia hauek gertatzen badira:
– Aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin dutenean edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eragiketa guztiak beste bi lurralde historikoetako batean edo bietan egin dituztenean.
c) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoei edo entitateei, errentak Araban edo Bizkaian helbideratutako establezimendu iraunkorraren bidez lortzen dituztenean, baldin eta hiru zirkunstantzia hauek gertatzen badira:
– Aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Ekitaldi horretan lurralde erkidean egindako eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago egin ez dutenean.
– Ekitaldi horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eragiketa guztiak Gipuzkoan egin direnean edo, bestela, Gipuzkoan eta zerga egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean eginak izanik, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari dagokionean.
d) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisikoei eta entitateei, errentak lurralde erkidean helbideratutako establezimendu iraunkorraren bidez lortzen dituztenean, baldin eta hiru zirkuntanstzia hauek gertatzen badira:
– Aurreko ekitaldian 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumena izan dutenean.
– Eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan egin dutenean, salbu eta zergadunak talde fiskal baten parte badira, zeren eta, orduan, foru araudia aplikagarria izango baita, soil-soilik, baldin eta ekitaldi horretan eragiketa guzti-guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egin badira.
– Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena beste lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean.
2.– Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren araudian ezarritako baldintzak betetzearen ondorioz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan tributatzearen aldeko aukera Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean gauzatuko da. Horretarako, lurralde historiko horretako araudia aplikatuko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan lortutako errenta Espainian lortutako errenta osoaren zatirik handiena bada, eta, Euskal Autonomi Erkidegoan lortutako horretatik, Gipuzkoan lortutakoak beste bi lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoa gainditzen badu.
Zergadunak itzulketarako eskubidea badu, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo dio itzulketa, errentak Espainiako lurraldearen barruan non lortu diren kontuan hartu gabe.
3.– Gipuzkoako Foru Aldundiari honako kasuotan dagokio zerga ordainaraztea:
a) Espainiako lurraldean egoiliar ez diren pertsona fisikoek edo entitateek establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak badira, errenta horiek Gipuzkoan lortutakotzat jotzen direnean, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Lurralde espainiarrean egoitzarik ez duten pertsona fisiko edo entitateek establezimendu iraunkorraren bitartez lortutako errentak badira:
a’) Ordainarazpena Aldundiari bakarrik dagokio zergadunaren zerga helbidea Gipuzkoan dagoenean eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan ez denean.
b’) Ordainarazpena Aldundiari bakarrik dagokio zergadunak Gipuzkoan bakarrik jarduten duenean eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan denean, zerga egoitza edonon dagoela ere.
c’) Ekitaldiaren barruan Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, zergadunak Gipuzkoan ez ezik beste lurralde batean ere jarduten duenean, lurralde erkidea izan edo foru lurraldea izan, eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumen osoa 12 milioi eurotik gorakoa izan denean, zerga helbidea edonon dagoela ere.
4.– Zergadunak lurralde batean edo bestean diharduela ulertuko da, ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak bertan egiten dituenean Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 6. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Ondasun entrega eta zerbitzu prestaziotzat joko dira balio erantsiaren gaineko zergaren legerian halakotzat definituta dauden eragiketak.
5.– Eragiketa bolumentzat hartuko da zergadunak, bere jardueraren barruan egindako ondasun entrega eta zerbitzu prestazioak direla-eta, ekitaldi batean lortutako kontraprestazioen zenbateko osoa, balio erantsiaren gaineko zerga eta, halakorik bada, baliokidetasun-errekargua kenduta.
Ekitaldian zehar lurralde bakoitzean zer eragiketa bolumen egin den kalkulatzeko, aplikatuko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 6. artikuluan ezartzen dituen erregelak, eta proportzioa ehunekotan adieraziko da, biribilduta eta bi hamartarrekin.
Aurreko ekitaldia urtebetekoa baino laburragoa izan bada, ekitaldian egindako eragiketak urtera eramanez kalkulatuko da eragiketa bolumena.
6.– Jarduera ekitaldian hasi denean, ekitaldi horretan egindako eragiketa bolumenari begiratuko zaio, eta, ekitaldi hori urtebetekoa baino laburragoa izan bada, ekitaldian egindako eragiketak urtera eramanez kalkulatuko da eragiketa bolumena. Harik eta ekitaldi horretako eragiketa bolumena zein den eta horiek non egin diren jakin arte, halakotzat hartuko dira, ondorio guztietarako, zergadunak, jardueraren hasierako ekitaldian egitea espero dituen eragiketen arabera, aurrez kalkulatzen dituenak.»
Bi.– Edukirik gabe uzten da 13.2 artikuluaren j) letra.
Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 14.1 artikuluaren a) letra:
«a) Urtarrilaren 17ko 3/2024 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 9. artikuluan aipatutako errentak eta 17. artikuluko 2. apartatuan zerrendatutako gauza bidezko lan etekinak, baldin eta pertsona fisikoek jasotakoak badira, bai eta urtarrilaren 11ko 8/2008 Dekretuak, atzerrian egoiliar diren espainiarrek eta atzerritik itzulitakoek premiazko arrazoiengatik jasotzekoa den prestazioa arautzen duenak, ezarritakoari jarraituz aitortutako premiazko arrazoiengatiko prestazioak ere.»
Lau.– Honela idatzita gelditzen da 14.1.b) letraren 3. zenbakia:
«3.– Entitate ez-egoiliarren kasuan, eskualdaketak betetzen ez baditu Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 34. artikuluan entitateetako partaidetza eskualdatuz lortutako errenten zergapetze bikoitza ezabatzeko ezarritako zerga-oinarrian ez sartzeko araubidea aplikatzeko baldintzak.»
Bost.– Honela idatzita gelditzen da 14.1 artikuluaren k) letra:
«k) Pertsona fisikoek Administrazio Publikoetatik jasotzen dituzten bekak eta bestelako diru-kopuruak, baldin eta kultura, hezkuntza eta zientzia alorrean izenpeturiko nazioarteko lankidetza-akordio eta -hitzarmenen ondorioz edo Garapenerako Lankidetzaren EAEko Planaren edo antzeko planen ondorioz ordaindu bazaizkie.»
Sei.– Honela idatzita gelditzen da 24. artikulua:
«24. artikulua.– Zerga oinarria.
1.– Izaera orokorrez, zerga honen zergadunek establezimendu iraunkorrik gabe lortzen dituzten etekinen zerga oinarria haien zenbateko osoa izango da. Aipatutako zenbatekoa kalkulatzeko, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, ezarritako arauak erabiliko dira. Dena den, 100eko 100etik beherako integrazio portzentajeak ez dira aplikatuko.
2.– Zerbitzu prestazioetan, laguntza teknikoan, ingeniaritzako kontratuetatik eratorritako instalazio edo muntai lanetan eta, oro har, establezimendu iraunkorrik gabe egindako jarduera edo ustiapen ekonomikoak direnean, zerga oinarria kalkulatzeko, sarrera osoei kenduko zaizkie obra, lan edo hornidurei atxikitako langileriaren eta material horniduraren gastuak, erregelamendu bidez jarritako baldintzetan.
3.– Berraseguru eragiketetatik eratorritako etekinak direnean, berriz, zerga oinarria berraseguratzaile ez-egoiliarrari berraseguruan lagatutako primen zenbatekoak izango dira.
4.– Ondare irabazien zerga oinarria kalkulatzeko, ondare aldaketa bakoitzari IV. tituluaren V. kapituluan jasotako arauak aplikatu behar zaizkio, 41. artikuluko 1 apartatua eta 48. artikuluko 1. apartatua izan ezik, bai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 52. artikuluan ezarritako arauak ere.
Entitate ez-egoiliarren kasuan, ondare irabazia kosturik gabe egindako eskurapenetik datorrenean, zerga oinarriaren zenbatekoa elementuaren merkatuko balio normala izango da.
Foru arau honek 13. artikuluaren 2. apartatuko k) letraren c’) letran aipatzen dituen ondare irabaziak direnean, lurralde gipuzkoarrean kokatutako ondasun higiezinek edo ondasun horien gaineko eskubideek eskualdaketaren momentuan duten merkatu balioaren proportzioan zehaztuko da eskualdaketa balioa, baldin eta estatu espainiarrarekin zerga arloko informazio trukerik egiten ez duten herrialde edo lurraldeetan egoiliar diren entitateen eskubide edo partaidetzak eskualdatzetik eratortzen badira –Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren hamargarren xedapen gehigarrian jasotzen da informazio truke hori–.
5.– Egoitza Europar Batasuneko beste estatu kide batean duten zergadunak direnean, erregela berezi hauek aplikatuko dira:
1.a Establezimendu iraunkorrik gabe lortzen dituzten etekinen zerga oinarria kalkulatzean, honako hauek kendu ahal izango dira:
a) Pertsona fisikoak izanez gero, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak jasotako gastuak, baldin eta zergadunak frogatzen badu Espainian lortutako etekinekin zuzenean lotuta daudela eta Espainian egindako jarduerarekin lotura ekonomiko zuzena eta banaezina dutela.
b) Entitateak izanez gero, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak jasotakoaren arabera kengarriak diren gastuak, baldin eta zergadunak frogatzen badu Espainian lortutako etekinekin zuzenean lotuta daudela eta Espainian egindako jarduerarekin lotura ekonomiko zuzena eta banaezina dutela.
2.a Ondare irabazien zerga oinarria kalkulatzeko, ondare aldaketa bakoitzari IV. tituluaren V. kapituluan jasotako arauak aplikatu behar zaizkio, 48. artikuluaren 1 apartatua izan ezik, bai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 52. artikuluan ezarritako arauak ere.
Apartatu honetan ezartzen dena aplikatuko zaie gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duen Europako Esparru Ekonomikoko estatu bateko zergadun egoiliarrei ere. Hain zuzen, 2005eko martxo aren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek.»
Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 26. artikuluaren a) letra:
«a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 90. artikuluan jasotakoaren arabera emariengatik egin daitezkeen kenkarien zenbatekoak.»
Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 27. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Hona hemen noiz sortuko den zerga:
a) Etekinak badira, exijigarriak direnean edo, bestela, kobrantzaren egunean data hori lehenagokoa bada.
b) Ondare irabaziak badira, ondarearen bariazioa gertatu denean.
c) Gainerako kasuetan, errentak exijigarriak direnean.»
Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 30. artikuluko 2. apartatua:
«2.– Establezimendu iraunkorrik gabe diharduten zergadunen errentei dagozkien atxikipenak eta konturako sarrerak, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bakarrik eskatuko ditu, foru-arau honetan xedatutakoaren arabera, ulertzen denean errenta horiek Gipuzkoan lortu direla, 13. artikuluan jasotakoaren arabera.
Aurreko paragrafoan jasotakoa jasota ere, 13. artikuluko 2. apartatuaren f) eta g) letretan eta h) letrako a’) letran eta k) letrako a’) eta c’) letretan eta 3. apartatuan aipatutako kasuetan, atxikitzera behartutakoari dagokion eta Gipuzkoan lortu den eragiketa bolumenaren proportzioan exijituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Itunaren I. kapituluko 3. sekzioaren berariazko erregelak aplikatuz. Kasu horietan, atxikipenak Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudiari jarraituz ordainduko dira, entitate edo establezimendu ordaintzaileari Gipuzkoako Lurralde Historiko araudia aplikatu behar bazaio, zehazki, sozietateen gaineko zergari buruzkoa edo zerga honi buruzkoa.»
Hamar.– Honela idatzita gelditzen da 40. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Zerga honen zergadunak, Europar Batasuneko estatu kide batean egoitza duen pertsona fisikoa izanik, frogatzen badu bere ohiko helbide edo bizilekua Europar Batasuneko estatu kide batean finkatua duela, Gipuzkoan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadun gisa tributatzea hautatu ahal izango du, baldin eta jarraian aipatzen diren errentak ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan zergapetu badira zergaldiaren barruan, eta gainera, zirkunstantzia hauek betetzen badira:
a) Ekitaldian, Espainian, lanaren eta jarduera ekonomikoen etekinengatik gutxienez bere errenta osoaren 100eko 75 lortzea.
b) Ekitaldian, Euskadin lortutako errenta Espainian lortutako errenta osoaren zatirik handiena izatea.
c) Ekitaldian, Gipuzkoako Lurralde Historikoan lortutako errenta beste bi lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoa baino handiagoa izatea.
Aurreko a), b) eta c) letretan jasotakoaren ondorioetarako, errentak beren zenbateko garbien arabera kalifikatu eta konputatuko dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak jasotakoari jarraituz.»
Hamaika.– Honela idatzita gelditzen da zazpigarren xedapen gehigarriko 2. apartatua:
«2.– Aurreko apartatuan jasotakoa aplikatzeko, kontuan hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 49. artikuluan eta hura garatzeko araudian jasotakoa.»
Hamabi.– Honela idatzita gelditzen da lehen xedapen iragankorra:
«Lehen xedapen iragankorra.
Pertsona fisikoak diren establezimendu iraunkorrik gabeko zergadunei Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak lehen, zazpigarren eta zortzigarren xedapen iragankorretan jasotakoa aplikatuko zaie.»
3. artikulua.– Aldatzea uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Balio Erantsiaren gaineko Zergarena.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailean:
Bat.– Honela idatzita gelditzen dira 2 bis artikuluko bat eta bi apartatuak:
«Bat.– Zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du, jarraian zehazten diren arauen arabera:
1.a Aurreko urtean 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumen osoa izan ez duten subjektu pasiboek Gipuzkoan baldin badute zerga egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiari ordainduko diote zerga, eragiketak egiten diren lekua edozein dela ere.
2.a Aurreko urtean subjektu pasiboek 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumen osoa izan dutenean eta eragiketak Gipuzkoan bakarrik egiten dituztenean, Gipuzkoako Foru Aldundiari tributatuko diote oso-osorik, zerga egoitza non duten kontuan hartu gabe.
3.a Subjektu pasiboak aldi berean Gipuzkoan eta beste lurralde batean edo batzuetan jarduten badu, eta aurreko urteko eragiketa bolumen osoa 12 milioi eurotik gorakoa izan bada, Gipuzkoako Foru Aldundiari ordainduko dio zerga, Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, zerga egoitza non duen kontuan hartu gabe. Eragiketa bolumena zehazteko, artikulu honetan ezartzen diren konexio puntuak aplikatuko dira.
Bi.– Eragiketa bolumen osotzat hartuko da subjektu pasiboak bere jardueraren barruan egindako ondasun entrega eta zerbitzu prestazioetan lortzen dituen kontraprestazioen zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga eta, egonez gero, baliokidetasun errekargua alde batera utzita.
Jarduera hasten den kasuan, 12 milioi euroko kopurua zenbatzeko, lehenengo urte naturalean egindako eragiketa bolumena hartuko da kontuan. Jardueran emandako lehen urtea ez badator bat urtebete naturalarekin, kopuru hori zenbatzeko, jardueraren hasieratik egindako eragiketak urtebetera eramango dira.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen dira 167. artikuluko hiru, lau eta zazpi apartatuak:
«Hiru. Honako hauek daude behartuta autolikidazioa Gipuzkoako Foru Aldundian soilik aurkeztera:
1.a Zerga egoitza Gipuzkoan duten subjektu pasiboak, aurreko urtean izan duten eragiketa bolumen osoa 12 milioi eurotik gorakoa izan ez bada, eragiketak non egin diren kontuan hartu gabe.
2.a Zerga egoitza Gipuzkoan duten subjektu pasiboak, aurreko urtean 12 milioi eurotik gorako eragiketa bolumen osoa izan dutenean, eragiketa guztiak Gipuzkoako Lurralde Historikoan egin badira.
3.a Zerga egoitza Gipuzkoan duten subjektu pasiboak, eragiketak nonahi eginda ere eta haien zenbateko ekonomikoa edozein dela ere, jarduera hauei dagokienez:
a) Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza edo arrantzako ustiategiek eta arrantzuntzietako armadoreek beren labore, ustiategi edo harrapaketetatik zuzenean etorritako produktu naturalak inolako eraldaketa prozesutik pasatu gabe egiten dituzten entregak.
b) Garraio zerbitzuak, bai eta etxez aldatzeko zerbitzuak, atoi zerbitzuak edo garabi zerbitzuak ere.
c) Garraiobideen errentamenduak.
4.a Europar Batasunaren barruan garraiobide berriak eskuratzeagatik balio erantsiaren gaineko zergatik erabat salbuetsitako edo zergapetu gabeko eragiketak egiten dituzten partikularrak edo pertsonak edo entitateak, garraiobide horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan behin betiko matrikulatzen direnean.
5.a Aurreko ordinalean xedatutakoa eragotzi gabe, zerga osoa edo haren zati bat kentzeko eskubiderik ematen ez duten eragiketak soilik egiten dituzten subjektu pasiboak, bai eta enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak ere, Batasunaren barruan egiten dituzten eskurapenak zergari lotuta badaude hala aukeratzeagatik edo foru dekretu arauemaile honen 14. artikuluko bigarren apartatuan ezarritako muga kuantitatiboa gainditzeagatik, eta haien zerga egoitza Gipuzkoan badago.
6.a Araubide sinplifikatura, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezira edo baliokidetasun errekarguaren araubidera bildu diren subjektu pasiboak, Batasunaren barruan egindako eskurapenengatik, haien zerga egoitza Gipuzkoan badago.
Lau.– Subjektu pasiboek Gipuzkoan ez ezik beste lurralde batzuetan ere jarduten badute eta aurreko urtean lortu duten eragiketa bolumena 12 milioi eurokoa baino handiagoa izan bada, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta jardun duten beste lurraldeetako administrazioei aurkeztu beharko diete autolikidazioa. Horretarako, erregela hauek aplikatuko dira:
1.a Subjektu pasiboak lurralde batean baino gehiagotan jardun badu eta izan duen eragiketa bolumenagatik administrazio batean baino gehiagotan tributatzea badagokio, zergaren likidazioaren emaitza administrazio eskudunei egotziko zaie, subjektu pasiboak urte naturalean lurralde bakoitzean egindako ondasun entrega eta zerbitzu prestazioengatik (zergapetutako zein kenkarirako eskubidea sortzen dutenengatik) lortutako kontraprestazioen bolumenaren proportzioan, balio erantsiaren gaineko zerga alde batera utzita.
2.a Urte natural bakoitzean behin-behinean aplikatu beharreko proportzioak aurreko urteko eragiketen arabera zehaztuko dira.
Jarduera hasten den lehen urteko likidazio aldietan behin-behinean aplikatu beharreko proportzioa subjektu pasiboak berak kalkulatuko du bere ustez lurralde bakoitzean egingo dituen eragiketak kontuan hartuta, amaieran behar den erregularizazioa egitea galarazi gabe.
Aurreko paragrafoan jasotakoa gorabehera, behin-behineko beste proportzio bat aplikatu ahal izango da kasu hauetan:
a) Bategiteak, zatiketak edo aktiboen ekarpenak egiten direnean.
b) Lurralde erkidean edo foru lurraldean jarduera hasi, utzi, zabaldu edo murriztean, baldin eta 2. erregela honen lehen paragrafoan ezarritako irizpidearen arabera kalkulatu den proportzioa nabarmen aldatzea badakar.
Aldaketa nabarmena dela joko da lurraldeetako edozeini aplikatu beharreko proportzioa 15 puntu portzentual edo gehiago aldatzen bada.
Beste proportzio bat aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik subjektu pasiboak horren berri ematea Ekonomia Itunaren III. kapituluko 2. sekzioan aipatzen den Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordeari, foru administrazioetan eta administrazio erkidean tributatu behar izanez gero. Foru administrazioetan bakarrik tributatu behar den kasuetan, komunikazio hori subjektu pasiboa ikuskatzeko eskumena duen administrazioari egin beharko zaio.
3.a Urte natural bakoitzeko zergaren azken autolikidazioan, subjektu pasiboak behin betiko proportzioak kalkulatu beharko ditu epealdi horretan egin dituen eragiketen arabera, eta administrazio bakoitzarekin aurreko likidazio aldietan egindako aitorpenak erregularizatuko ditu.
4.a Subjektu pasibo horiek aurkezten dituzten autolikidazioetan, administrazio bakoitzaren aurrean aplikatuko diren proportzioak eta ateratzen diren kuotak jaso beharko dira beti.»
«Zazpi.– Zergaren ikuskapena irizpide hauen arabera egingo da:
1.a Lurralde Historiko honetako Zerga Ikuskaritza arduratuko da ikuskapenaz, kasu hauetan:
a) Subjektu pasiboek Gipuzkoako Foru Aldundian bakarrik tributatu behar dutenean.
b) Subjektu pasiboek lurralde desberdinetan tributatu behar dutenean haietan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan eta zerga egoitza Gipuzkoan dutenean, lurralde erkidean egindako eragiketengatik Estatuko Administrazioarekin lankidetzan aritzea eragotzi gabe. Ikuskapenak administrazio eskudun guztien aurrean izango ditu ondorioak, baita haiei tributazioan dagokien proportzioan ere.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, subjektu pasiboak aurreko ekitaldian eragiketen 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin baditu, ezarrita dauden lotura puntuen arabera, eskumena Estatuko Administrazioak izango du, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza galarazi gabe. Ikuskapen jarduketetatik ondorioztatzen bada badagoela ordaindu beharreko zor bat edo itzuli beharreko zenbateko bat administrazio bati baino gehiagori dagokiona, zenbateko hori Gipuzkoako Administrazioak kobratu edo itzuliko du, administrazioen artean zilegi diren konpentsazioak eragotzi gabe. Ikuskaritzako organoek beren jardunaren emaitzen berri emango diete ukitutako beste administrazioei.
c) Zergadunaren zerga egoitza Araban edo Bizkaian dagoenean, betiere baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa bolumena 12 milioi eurotik gorakoa izan bada, ekitaldi horretan ez badu egin lurralde erkidean bere eragiketa bolumenaren 100eko 75 edo gehiago, eta ekitaldi horretan Euskadin egin dituen eragiketa guztiak Gipuzkoan egin badira, edo, Gipuzkoan eta zerga egoitzarik ez duen beste lurralde historiko batean eginda, eragiketa bolumenaren proportziorik handiena Gipuzkoari badagokio.
d) Subjektu pasiboek lurralde batean baino gehiagotan tributatzen dutenean beren eragiketa bolumenaren proportzioaren arabera, baldin eta egoitza fiskala lurralde erkidean badute, aurreko ekitaldian beren eragiketen 100eko 75 edo gehiago euskal lurraldean egin badute eta euskal lurraldean eginiko eragiketa bolumen guztiak edo proportziorik handiena Gipuzkoan egin badituzte. Dena den, horrek ez du Estatuko Administrazioaren lankidetza eragotziko eragiketak lurralde erkidean egiten direnean, eta ikuskapenak ondorioak izango ditu administrazio eskudun guztien aurrean, baita haiei tributazioan dagokien proportzioan ere.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, entitate taldeen araubide berezira bildutako entitateen kasuan, ikuskapena Lurralde Historiko honetako Zerga Ikuskaritzak egingo du entitate horiek EAEn egin badituzte eragiketa guztiak aurreko ekitaldian, lotura puntuen arabera, eta EAEn egindako eragiketen bolumen proportziorik handiena edo dena Gipuzkoan egin bada.
2.a Ikuskapen jarduketak Gipuzkoako Foru Aldundia ez den beste administrazio batek egiten baditu, ulertuko da Gipuzkoako Foru Aldundiari egiaztapen eta ikerketa arloan dituen ahalmenak eragotzi gabe egiten direla. Dena den, Aldundiaren jarduketa horiek ez dute edukiko ondorio ekonomikorik zergadunen aurrean, administrazio eskudunetako organoen jarduketen ondorioz egiten diren behin betiko likidazioei dagokienez.
Zehazki, ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari ez dagokionean, Aldundiak zilegi izango du eragiketa bolumenaren kalkuluan eragin dezaketen eragiketa guztiak egiaztatzea, non egin diren kontuan hartu gabe, egindako guztia administrazio eskudunari jakinarazteko ez beste ezertarako.
3.a Administrazio eskudunak egiaztapenetan ezarritako proportzioek ondorioak izango dituzte subjektu pasiboarentzat likidatutako betebeharrei dagokienez, nahiz eta horrek ez duen eragotziko egiaztapen horien ondoren bestelako proportzioak adostea administrazioen artean.»
II. KAPITULUA
ZERGA ARLOKO BESTE ALDAKETA BATZUK
4. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Lehena. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 30.3 artikuluko lehenengo paragrafoa:
«3.– Hala ere, baldin eta foru arau honen 32. artikuluanren 5 apartatuan aipatzen diren etekinak bi urtetik gorako epean sortu badira eta ez badira lortu aldian-adian edo modu errepikatuan, etekin osoa 100eko 60ko integrazio portzentajea aplikatuta kalkulatuko da. Etekinen sorreraldia bost urtetik gorakoa denean edo, erregelamendu bidez, denboran zehar era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen direnean, portzentaje hori 100eko 50ekoa izango da.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 42.1 artikuluaren f) letraren bigarren paragrafoa:
«Zergadunak foru arau honen 9. artikuluko 38. zenbakian jasotako salbuespena ere aplikatzen badu, apartatu honetako lehen paragrafoan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa 9.38 artikuluko lehen paragrafoan aurreikusitakoarekin batera aplikatuko da.»
Hiru.– i) letra berri bat gehitzen zaio 43. artikuluari, jarraian jasotzen den edukiarekin; eta artikulu horren azken paragrafoa aldatzen da, honela idatzita gelditzen dena:
«i) Kriptoaktibo suntsikorren eskualdaketetatik eratorritakoak, baldin eta zergadunak mota bereko aktiboak eskuratu baditu eskualdaketa horien aurreko edo ondorengo bi hilabeteetan.
Aurreko g), h) eta i) letretan jasotako kasuetan, ondare galerak zergadunaren ondarean irauten duten aktiboak eskualdatu ahala integratuko dira.»
Lau.– e) letra berri bat sartzen da 47.1 artikuluan, jarraian ematen zaion edukiarekin, eta indarrean dauden e)-tik ñ)-ra bitarteko letrak f)-tik o)-ra bitarteko letra gisa berrizendatzen dira:
«e) Kriptoaktibo suntsikorrak kostu bidez eskualdatzean, irabazia edo galera eskurapen balioaren eta eskualdaketa balioaren arteko diferentziaren arabera konputatuko da. Eskualdaketa hori gertatzen den unean eskaintzaren eta eskariaren emaitza gisa merkatuan finkatutako erreferentzia balioaren arabera zehaztuko da diferentzia hori, edo, bestela, erreferentzia balio hori baino handiagoa denean, itundutako prezioaren arabera, hargatik eragotzi gabe apartatu honen j) letran ondasunak eta eskubideak trukatzeko eragiketetarako jasotakoa.»
Bost.– Honela idatzita gelditzen dira 47. artikuluko 2. eta 3. apartatuak:
«2.– Aurreko apartatuko a), b), c), d) eta e) letretan xedatutakoaren ondorioetarako eta letra horietan adierazitako aktibo berberen kostugabeko eskualdaketen ondorioetarako, balore homogeneoak eta mota bereko kriptoaktibo suntsikorrak daudenean, zergadunak eskualdatutakoak lehenik eskuratutakoak direla ulertuko da.
Erabat liberatutako akzioak direnean, haien sorburu diren akzioei dagokien antzinatasuna hartuko da kontuan.
Foru arau honetan jasotako ondorio horietarako, mota bereko kriptoaktibotzat hartuko dira protokolo informatiko berean jatorria duten eta ezaugarri berak dituzten unitateak edo unitate frakzioak.
3.– Artikulu honetako 1. apartatuaren f), g) eta j) letretan baloreen trukerako xedatutakoak ez du eragotziko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarenak, VI. tituluaren VII. kapituluan ezarritakoa.»
Sei.– Honela idatzita gelditzen dira 71.3 artikuluaren lehenengo bi paragrafoak:
«3.– Aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemei ekarpenak egin dizkieten bazkide, partaide, mutualista edo aseguratuek hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango dituzte, ezarrita dauden mugak errespetatuz, artikulu honen 1. apartatuko a) eta c) letretan aurreikusitako gehieneko mugak gainditzeagatik murriztu ezin diren zenbatekoak, betiere, murriztapenaren ekitaldian erretiro egoeran ez badaude.
Modu berean jokatu ahal izango da ekarpenek eta kontribuzio enpresarialek artikulu honen 1. apartatuko b) letran aurreikusitako muga gainditzen dutenean eta apartatu horretako d) letran aipatzen den baterako muga aplikatzekoa den kasuetan.»
Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 87. artikuluko 3. apartatua:
«3.– Zergadun bakoitzak aurreko 1. apartatuan aipatu diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan egindako kenkarien batura ezingo da izan 36.000 euro baino handiagoa, behin zifra horretatik kopuru hau gutxituta, hala badagokio: foru arau honetako 49. artikuluan ezarritako berrinbertsioagatik edo foru arau bereko 42.1 artikuluaren b) eta c) letretan jasotakoa aplikatzeagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziari 100eko 18 aplikatu ondoren ateratzen den emaitza.»
Zortzi.– 87 bis artikuluaren amaieran beste paragrafo bat gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«Artikulu honetan xedatzen den kenkariari dagokionez, arestian aipaturiko zenbatekoei kendu egin beharko zaie zergadunak zaharberritzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoa, zeinak salbuetsirik egongo baitira zerga honen arautegi erregulatzailearen arabera.»
Bederatzi.– 88. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Zerga honen zergadunek kenkari portzentaje eta muga berdinekin aplikatu ahal izango dituzte Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren V. tituluko III. kapituluan eta hogeita seigarren, hogeita zazpigarren eta hogeita zortzigarren xedapen gehigarrietan aktibo ez-korronte berrietan inbertsioak pizteko eta zenbait jarduera eta jarduketa egitea sustatzeko aurreikusten diren kenkariak.»
Hamar.– Honela idatzita gelditzen da 90 bis.1 artikuluaren c) letraren gaztelaniazko testua:
«c) Cuando el conjunto de las aportaciones y contribuciones empresariales realizadas sean iguales o superiores al 8 por 100 del salario bruto anual total en la entidad empleadora, o la persona contribuyente sea menor de 36 años a fecha de devengo del impuesto, el porcentaje de deducción será del 25 por 100.»
Hamaika.– Honela idatzita gelditzen da 90 ter artikulua:
«90 ter artikulua. Kenkaria enpleguko gizarte aurreikuspen sistemei egindako ekarpenengatik, sistema horietan partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak bakarrik direnean, edo enpleguko aurreikuspen sistemei egindako ekarpenengatik, ekarpen horiek egiten dituztenak beren kargura langilerik ez duten norberaren konturako langileak edo langile autonomoak direnean.
1.– Zergadunek enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemei egiten dizkieten ekarpenengatik, bai eta Europar Batasuneko edo Europako Espazio Ekonomikoko beste estatu kide batzuetako legeriaren babesean sortutako sistemetara egindakoengatik ere, 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango da zergaren kuota osoan, sistema horien partaideak edo bazkide osoak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak bakarrik direnean.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako portzentajea 100eko 15ekoa izango da ekarpenak egiten dituen pertsonak 36 urte baino gutxiago baditu zergaren sortzapenaren egunean edo ekarpenak borondatezko aurreikuspeneko entitateetan sartutako lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko planei egindakoak badira.
Aurreko paragrafoetan jasotako kenkaria aplikatuko da, halaber, beren kargura langilerik ez duten norberaren konturako langileek edo autonomoek enpleguko aurreikuspen sistemetarako egindako ekarpenak direnean.
2.– Kenkariaren oinarria zergadunak egindako ekarpenen batura izango da, betiere ekarpen horiek zerga oinarria murriztu badute foru arau honek 71.1.c) artikuluan aurreikusitako terminoetan.
3.– Kuota osoa nahikoa ez izateagatik aplikatzen ez diren kenkariak hurrengo lehen 5 zergaldi jarraituetako autolikidazioetan aplikatu ahal izango dira.
Kenkaria hurrengo ekitaldietako bakoitzak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan egin beharko da, eta ezingo da 5 urteko epe horretatik kanpo egin geroko ekitaldietan aplikatzeko dauden kenkariei metatuz.
4.– Aurreko 3. apartatuan xedatutakoa kuota osoa nahikoa den lehen zergaldian aplikatuko da, baina betiere egin gabeko kenkariak osorik edo partez aplikatuko diren zergaldian kontzeptu horiengatik sortutako kenkaria aplikatu aurretik.»
Hamabi.– Honela idatzita gelditzen da 98.2 artikuluaren g) letraren lehen paragrafoa.
«g) Foru arau honen 92 bis.1 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuetan, aplikatu gabeko kenkariak aplikatuko diren zergaldian batera aitortzea aukeratzen bada eta kenkari horiek aplikatzeko eskubidea hainbat pertsonak badute, batzuk 36 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, 92 bis artikulu horren 1. apartatuan xedatutakoa aplikatuko da.»
Hamahiru.– Xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita hemezortzigarrena, honela dioena:
«Hogeita hemezortzigarren xedapen iragankorra. 2025aren aurreko zergaldietan kenkaririk izan ez duten gizarte aurreikuspeneko sistemen aldeko ekarpen soberakinen araubide iragankorra.
2020, 2021, 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietako enpleguko gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako gehiegizko ekarpenak, baldin eta foru arau honetako 71.1 artikuluaren a) letran (2024ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazketa) jasotako muga gainditzeagatik zerga oinarri orokorrean murriztu ezin izan badira eta 2025eko urtarrilaren 1era murrizteke badaude, murriztu ahal izango dira betiere foru arau honetako 71.1 artikuluaren a) letran jasotako mugak errespetatuz.»
Bigarrena.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 19. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute oro har.
Partikularki, osorik konputatuko dira, batetik, foru arau honetako 18. artikuluaren a) letran aipatutako prestazioen zatia, baldin eta hura ez badagokie foru arau honetako 37. artikuluaren e) letran ezarritako etekinei, betiere prestazio horiek errenta moduan jasotzen direnean eta, bestetik, zerga oinarria murrizten duten kontribuzio enpresarial egotziak. Era berean, osorik konputatuko dira langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, errenta moduan jasotakoak, baldin eta zerga honetatik salbuetsita dauden zenbatekoak gainditzen badituzte, hurrengo 19 bis artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.»
Bi.– Bigarren paragrafo bat gehitzen zaio hamargarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuari, eduki hau duena:
«Kriptoaktiboaren kontzeptua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2023ko maiatzaren 31ko (EB) 2023/1114 Erregelamenduaren 3.1.5) artikuluan definitutako eran ulertuko da. Erregelamendu hori kriptoaktiboen merkatuei buruzkoa da, eta 1093/2010 (EB) eta 1095/2010 (EB) erregelamenduak eta 2013/36/EB eta 2019/1937EB zuzentarauak aldatzen ditu.»
Hiru.– Berrogeitalaugarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela gelditzen da idatzita:
«Berrogeita laugarren xedapen gehigarria. 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen kobratzen hasi diren errenta erako prestazioak.
Foru arau honen 9. artikuluaren 39. zenbakian, 37. artikuluaren e) letran eta berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa errenta gisako prestazioei aplikatuko zaie, baldin eta 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen kobratzen hasi badira.
Ondorio horietarako, foru arau honen 37. artikuluko e) letran aipatzen diren etekinek prestazio osoarekiko hartzen duten proportzioa prestazioa eragin duen kontingentzia edo zirkunstantzia gertatu den unera atzeratuko da, eta errentaren iraupen epea hura eratu den unetik aurrera konputatuko da.»
Lau.– Honela idatzita gelditzen da hogeita zazpigarren xedapen iragankorra:
«Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra. Aurreikuspen entitateetatik kapital moduan jasotzen diren bigarren edo ondorengo prestazioak integratzea.
Foru arau honetako 19. artikuluko 2. apartatuko b) letran aurreikusitako % 70eko integrazio portzentajea aplikatzeko lehen prestaziotzat jotzeko, eta ondorio horietarako bakarrik, ez dira kontatuko kapital moduan 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen jasotako prestazioak.
Aurrekoa hala izanik ere, 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen kontingentzia berdinagatik prestazioak kapital moduan jaso badira, aurreikusitako 100eko 70eko integrazio portzentajea aplikatu ahal izateko, beharrezkoa izango da ekarpenek eta, hala badagokio, kontribuzioek behar adinako aldizkakotasun eta erregulartasuna izatea.
Ulertuko da ekarpenek eta, hala badagokio, kontribuzioek behar adinako aldizkakotasun eta erregulartasuna dutela, baldin eta, prestazioaren sortzaile diren ekarpenen eta, hala badagokio, kontribuzioen batez besteko iraunaldia handiagoa bada denbora tarte honen erdia baino: prestazioaren dataren eta prestazioaren sortzaile den lehenengo ekarpenaren dataren artean dagoen denbora.
Ekarpenen eta, hala badagokio, kontribuzioen batez besteko iraupen naldia kalkulatzeko, ekarpen eta kontribuzio bakoitza bere iraunaldiko urte kopuruarekin biderkatu behar da lehenik, guztien batura egin, eta emaitza ekarpenen eta, hala badagokio, kontribuzioen batura osoarekin zatitu.
Ekarpen eta kontribuzioen batez besteko iraunpen aldia zehazteko, jaso beharreko prestazioa gizarte aurreikuspeneko planean gordailututako eskubide ekonomiko guztiekin bat ez datorrenean, prestazioa sortu dutenak bakarrik hartuko dira kontuan, hau da, kontsumitu ez diren ekarpen edo kontribuzio zaharrenak.
Orobat, xedapen honetan kontingentzietatik eratorritako prestazioetarako ezarritakoa aplikatuko zaie, modu berean, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsen Erregulazioari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 8. artikuluko 8. apartatuan ezartzen diren kopuruei, bai eta estalitako kontingentzien edo 8.8 artikulu horretan ezarritako egoeren arrazoietatik bestelakoak diren arrazoiengatik jasotako lehendabiziko kopuruari ere.»
Hirugarrena.– Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 35.4 artikuluaren bigarren paragrafoa:
«Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da kostugabeko eskualdaketa komisarioak testamentu ahalordea erabilita edo uneko eraginkortasuna duen edozein oinordetza titulu bidez egiten denean ere. Ondorio horietarako, oinordetza tituluak izango dira martxoaren 10eko 2/2022 Foru Arauak, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarenak, 5. artikuluan jasotako tituluak.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 47. artikuluko 1. apartatuaren d) letraren bigarren gidoia:
«- Kotizazio balioa Finantza tresnen merkatuei buruzko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan definitutako bigarren mailako balore merkatu ofizialetan eta, bereziki, Balore Merkatuei eta Inbertsio Zerbitzuei buruzko martxoaren 17ko 6/2023 Legearen 3. artikuluko 3. apartatuan jasotakoaren arabera baimendutako baloreen negoziazio sistema antolatuetan, eskualdaketa egunean.»
Hiru.– Honela idatzita gelditzen da hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua:
«3.– Epe luzerako aurrezki kontu indibiduala diruaren gordailu kontratu bat da, zergadunak kreditu entitate batekin egiten duena. Haren kargura diru gordailu bat edo gehiago eratu daitezke, bai eta azaroaren 8ko 814/2023 Errege Dekretuak, finantza tresnei, negoziaziorako onarpenari, balore negoziagarrien erregistroari eta merkatu azpiegiturei buruzkoak (Balore Merkatuari eta Inbertsio Zerbitzuei buruzko martxoaren 17ko 6/2023 Legea garatzen duenak), definitzen dituen finantza tresnak ere, baldin eta haien baldintzetan zehazten bada bai ekarpenak bai mugaegunean egingo den likidazioa dirutan eta dirutan bakarrik egingo direla. Epe luzerako aurrezki kontu indibiduala ireki duen kreditu entitate berarekin kontratatu behar ditu zergadunak finantza gordailu eta kontratu horiek. Kontuaren etekinak, nahitaez, kontu indibidualean sartuko dira, eta ez dira konputatuko aurreko 1. apartatuaren c) letran ezarritako mugaren ondorioetarako.
Epe luzerako aurrezkirako kontu indibiduala bereziki identifikatu behar da, beste ezarpen modu batzuetatik bereizita. Gainera, kontuan sartuta dauden finantza gordailu eta kontratuon identifikazioan kontuari berari buruzko aipamena jaso behar da.
Kontratuaren baldintzetan berariaz eta modu nabarmenean adierazi behar da epe luzerako aurrezkirako kontu indibidual bat dela. Plan horren siglak (ELAKI) gordeta gelditzen dira 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatzen diren kontratuetarako, foru arau honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta bertan sartuko dira egun horretatik aurrera kontratatutako finantza gordailu eta kontratuak.»
Lau.– Honela idatzita gelditzen da lehen xedapen iragankorraren bat apartatuko 1. erregelaren b) letra:
«b) Eskualdatutako ondare elementuak ondasun higiezinak, haien gaineko eskubideak edo Balore Merkatuari eta Inbertsio Zerbitzuei buruzko martxoaren 17ko 6/2023 Legeak 338. artikuluan aipatutako entitateen baloreak badira –kanpoan utzita higiezinen merkatutan inbertitzeko sozietate edo funtsen kapital sozialaren edo ondarearen akzio edo partaidetzak–, murriztapena 100eko 11,11 izango da, aurreko letran adierazitako iraupen aldiko urte kopurua bi baino handiagoa den urte bakoitzeko.»
Laugarrena.– 2025eko zergaldirako ondorio bakarretarako, 71.1 artikuluaren d) letra: gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«d) 1. apartatu honen aurreko a), b) eta c) letretan jasotakoa jasota ere, eta betiere letra horietan ezarritako mugak errespetatuta, gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenengatik eta enpresen kontribuzioengatik aplika daitezkeen murriztapenek 12.000 euroko baterako muga izango dute urtean, eta enplegu sistemetara egindakoei emango zaie lehentasuna.»
Bosgarrena.– 2025eko irailaren 18tik aurrerako ondorioekin, 40 zenbaki bat gehitzen zaio 9. artikuluari:
«40.– Amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoak, ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuan jasotakoak (ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretua, Amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortzeko baldintzak ezarri eta prozedura arautzen duena, Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat sortzeko urriaren 19ko 21/2022 Legea garatzeko).»
5. artikulua.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:
Lehena. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldien ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 13. artikuluko 4. apartatuaren azken paragrafoa:
«Inoiz ez dira enpresa jardueretatik eratorritako errentatzat hartuko, baldin eta errentak lortzen badira ondasun higiezinak lagatzeagatik edo haien gaineko eskubide errealak eratzeagatik, haien errentamendu edo azpierrentamendua edo haien gaineko erabilera edo gozamen eskubide errealen eraketa edo lagapena barne, izena edo izaera edozein dutela ere, salbu eta higiezinen errentamendu edo salerosketa ustiapen ekonomiko bati atxikita badaude, foru arau honetako hamargarren xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera.»
Bi.– 14.2 artikuluaren c) letrako lehen paragrafoa honela idatzita gelditzen da:
«Era berean, ondasun higiezinak ez dira hartuko jarduera ekonomikoei atxikitako ondasuntzat, haien gaineko eskubide errealak laga edo eratu direnean, barruan sartuta haien errentamendua, azpierrentamendua edo erabilera nahiz gozamen eskubide edo ahalmenen eraketa edo lagapena, edozein izanda ere duten izena edo izaera, salbu eta zirkunstantzia hauetako edozein gertatzen bada:»
Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 25. artikuluko 4. apartatua:
«4.– Merkataritza funtsaren eskualdaketan sortutako errentekin foru arau honetako 36. artikuluan aparteko mozkinen berrinbertsioari buruz xedatzen dena egiten bada, honako errenta honek bakarrik izango du zerga onura hori: bere eskualdaketa balioaren eta kontabilitateko balioaren arteko diferentziak, foru arau honetan jasotakoa aplikatuz bidezkoak diren doikuntzekin zuzendu ondoren.»
Lau.– 64 bis artikuluaren 3. apartatua jarraian zehazten den eran aldatzen da, eta edukirik gabe uzten da 6. apartatua.
«3.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izango da ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duten zergadunak eta haren finantzaketan parte hartzen duenak finantzaketa kontratu bat izenpetzea, eta kontratu horretan honako alderdiak zehaztea, besteak beste:
a) Proiektuan parte hartzen duten zergadunen identitatea.
b) Ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuaren deskribapena.
c) Proiektuaren aurrekontua.
d) Proiektua finantzatzeko modua, bereizita adieraziz zer zenbateko jarriko dituen proiektua egiten duen zergadunak, zeintzuk jarriko dituen proiektuaren finantzaketan parte hartzen duenak, eta zer zenbateko dagozkien finantza entitateen kredituei, dirulaguntzei eta bestelako laguntza neurriei.
e) Erregelamenduz zehazten diren gainerako kontuak.»
Bost.– Aldatu egiten da 66 octies artikuluko 3. apartatua, eta 6. apartatuari bigarren eta hirugarren paragrafo batzuk gehitzen zaizkio, bai eta 9. apartatu berri bat erantsi ere. Hona hemen beren edukiak:
«3.– Artikulu honetan araututako kenkaria aplikatzeko, kontratazioaren unean, kenkarirako eskubidea sortzen duen pertsonaren soldatak lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 10 gainditu beharko du gutxienez, eta, kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu eta hurrengo 3 urteetan amaitzen den zergaldia amaitutakoan jasotzen den soldatak une horretan indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 70 gainditu beharko du gutxienez.»
«Lan kontratu mugagabea duten langileen kopurua mantentzeari buruz ezarritakoa bere osoan betetzen ez den kasuetan, zirkunstantzia hori gertatzen den zergaldiko kuotari hauxe gehitu beharko dio zergadunak: mantendu ez diren langileen kopuruari edo frakzioari dagokion kenkariaren zati proportzionala gehi dagozkion berandutze interesak.
Langile kopurua kalkulatzeko, lanaldi partziala duten lan kontratu mugagabedunak haien lanaldiak lanaldi osoarekiko hartzen duen proportzioan konputatuko dira.»
«9.– Kenkari hori bateraezina da foru arau honetako 66. artikuluan jasotako kenkariarekin.»
Sei.– Honela idatzita gelditzen da 104. artikuluaren edukia:
«104. artikulua.– Ekarpenaren kontraprestazio gisa jasotako akzio edo partaidetzen balorazio fiskala.
Jarduera adar baten ekarpenaren ondorioz jasotako akzio edo partaidetzak baloratzeko, unitate ekonomiko autonomoaren balio fiskala hartuko da aintzat.
Nolanahi ere, foru arau honetako 102. artikuluko 2. apartatuan jasotzen den uko egiteko aukera gauzatzen bada, jasotako akzioak edo partaidetzak foru arau honetako 40. artikuluan zehaztutako erregelen arabera baloratuko dira.»
Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 128.1 artikuluaren u) letra:
«u) Gizarte aurreikuspeneko planei hogeita seigarren eta hogeita zazpigarren xedapen gehigarrietan jasotako kontribuzio jakin batzuengatik aplikatzen diren kenkariak.»
Zortzi.– Edukirik gabe uzten da hogeigarren xedapen iragankorra.
Bederatzi.– Bost paragrafo berri gehitzen dira, 55. artikuluaren 1. paragrafoaren ondoren, jarraian zehazten den eran:
«Hala ere, zergadunak aurreko paragrafoan aipatzen den 100eko 50eko muga kalkulatzeko aukera izango du kasu honetan ere: konpentsazio horren aurretik ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke batean sortzen diren zerga oinarri positiboen baturaren gainean. Kasu horretan, lehenengo 4 ekitaldietako bakoitzean sortutako zerga oinarri positiboen 100eko 100era arte konpentsatu ahal izango da; blokearen bosgarren eta azken zergaldian, berriz, zergadunak jarraian xedatzen den moduan jardun beharko du:
a) Aurreko 4 ekitaldietan konpentsatutako zerga oinarri negatiboen zenbatekoaren baturak ez badu gainditzen uneko zergaldian eta aurreko 4 zergaldietan sortutako zerga oinarri positiboen baturaren % 50ari dagokion zenbatekoaren muga, zergadunak gerakina konpentsatu ahal izango du, halakorik balego, muga horretaraino, bosgarren zergaldian sortutako zerga oinarri positiboarekin.
b) Aurreko 4 ekitaldietan konpentsatutako zerga oinarri negatiboen zenbatekoaren baturak gainditzen badu uneko zergaldian eta aurreko 4 zergaldietan sortutako zerga oinarri positiboen baturaren 100eko 50ari dagokion zenbatekoaren muga, zergadunak zerga oinarriaren doikuntza positiboa egin beharko du, bosgarren zergaldian, muga horren gainean konpentsatutako soberakinaren zenbatekoan, zenbateko horren 100eko 15 gehituz muga horri.
Zergadunak aukeratzen badu apartatu honetan aipatzen den muga ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke batean sortutako zerga oinarri positiboen batura gainean kalkulatzea, aukera hori aplikatuko den lehen zergaldiko autolikidazioa aurkezten duenean adierazi beharko du aukera hori baliatu nahi duela. Ondorio horietarako, apartatu honetan aipatzen diren ondoz ondoko 5 zergaldiko blokeetako bat osatzen duten ekitaldiak ezingo dira beste bloke horietako baten parte izan.
Era berean, zergadunak aukeratzen badu apartatu honetan aipatzen den zerga oinarri negatiboen konpentsazioaren muga zein foru arau honen 67.1 artikuluan aipatzen den kuota likidoan kenkariak aplikatzeko muga ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke baten arabera kalkulatzea, bi kontzeptuak zergaldien bloke berari aplikatu beharko zaizkio»
Hamar.– 67. artikuluko 1. apartatuaren amaieran bost paragrafo gehitzen dira, eta 2. apartatua aldatzen da, jarraian zehazten den eran:
«Hala ere, zergadunak kalkulatu ahal izango ditu aipatutako 100eko 35eko, 100eko 50eko eta 100eko 70eko mugak, aurreko paragrafoetan adierazitako baldintzetan, kasu honetan ere: ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke bati dagokion kuota likidoaren baturaren gainean. Kasu horretan, kenkariaren zenbatekoa lehenengo 4 ekitaldietako bakoitzari dagokion kuota likidoaren 100eko 100era artekoa izan ahal izango da; blokearen bosgarren eta azken zergaldian, berriz, zergadunak jarraian xedatzen den moduan jardun beharko du:
a) Kapitulu honetan ezartzen diren eta aurreko lau ekitaldietan aplikatu diren kenkarien zenbatekoen baturak ez baditu gainditzen uneko zergaldiari eta aurreko 4 zergaldiei dagokien kuota likidoaren baturaren 100eko 35eko, 100eko 50eko eta 100eko 70eko muga horiek, zergadunak gerakina kendu ahal izango du, halakorik balego, bosgarren zergaldiko kuota likidotik, muga horretaraino.
b) Kapitulu honetan ezartzen diren eta aurreko lau ekitaldietan aplikatu diren kenkarien zenbatekoen baturak gainditzen baditu uneko zergaldiari eta aurreko 4 zergaldiei dagokien kuota likidoaren baturaren 100eko 35eko, 100eko 50eko eta 100eko 70eko muga horiek, zergadunak bosgarren zergaldiko kuota likidoari gehitu beharko dio muga horretatik kendutako soberakinari dagokion zenbatekoa, zenbateko horren 100eko 5 gehituz muga horri.
Zergadunak aukeratzen badu apartatu honetan aipatzen den muga 5 zergaldiko bloke bati dagokion kuota likidoaren batura gainean kalkulatzea, aukera hori aplikatuko den lehen zergaldiko autolikidazioa aurkezten duenean adierazi beharko du aukera hori baliatu nahi duela. Ondorio horietarako, apartatu honetan aipatzen diren ondoz ondoko 5 zergaldiko blokeetako bat osatzen duten ekitaldiak ezingo dira izan beste bloke horietako baten parte.
Era berean, zergadunak aukeratzen badu apartatu honetan aipatzen den kuota likidoan kenkariak aplikatzeko muga zein foru arau honen 55. artikuluan aipatzen den zerga oinarri negatiboen konpentsazioaren muga ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke baten arabera kalkulatzea, bi kontzeptuak zergaldien bloke berari aplikatu beharko zaizkio».
«2.– Kendu ez diren zenbatekoak ondoz ondoko hurrengo hogeita hamar urteetan amaitzen diren zergaldietako likidazioetan aplikatu daitezke, baina muga berak errespetatuz.
Kapitulu honetako kenkariak aplikatzeko kontuan hartzen diren epeen konputua atzeratu egin daiteke, preskripzio-epearen barruan emaitza positiboak gertatzen diren lehen ekitaldira arte, hain zuzen.»
Hamaika.– 92. artikulua honela geratzen da idatzita:
«92. artikulua.– Zerga oinarri negatiboen konpentsazioa.
1.– Talde fiskalaren zerga oinarria zehazteko aplikatu beharreko arauei jarraituz zerga oinarri negatiboa ateratzen bada, haren zenbatekoa foru arau honetako 55. artikuluan ezarritako moduan konpentsatu ahal izango da talde fiskalaren zerga oinarri positiboekin.
Ondorio horietarako, foru honen 55. artikuluan aipatzen den 100eko 50eko muga kalkulatu ahal izango da konpentsazio horren aurretik ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke batean sortutako zerga oinarri positiboen baturaren gainean ere. Kasu horretan, taldeak lehenengo 4 ekitaldietako bakoitzean sortutako zerga oinarri positiboen 100eko 100era arte konpentsatu ahal izango da; blokearen bosgarren eta azken zergaldian, berriz, jarraian xedatzen den moduan jardun beharko da:
a) Taldeak aurreko 4 ekitaldietan konpentsatutako zerga oinarri negatiboen zenbatekoaren baturak ez badu gainditzen uneko zergaldian eta aurreko 4 zergaldietan taldeak sortutako zerga oinarri positiboen baturaren 100eko 50ari dagokion zenbatekoaren muga, gerakina konpentsatu ahal izango da, halakorik balego, muga horretaraino, taldeak bosgarren zergaldian sortutako zerga oinarri positiboarekin.
b) Taldeak aurreko 4 ekitaldietan konpentsatutako zerga oinarri negatiboen zenbatekoaren baturak gainditzen badu uneko zergaldian eta aurreko 4 zergaldietan taldeak sortutako zerga oinarri positiboen baturaren 100eko 50ari dagokion zenbatekoaren muga, taldearen zerga oinarriaren doikuntza positiboa egin beharko da, bosgarren zergaldian, muga horren gainean konpentsatutako soberakinaren zenbatekoan, zenbateko horren 100eko 15 gehituz muga horri.
2.– Talde fiskalean sartzean konpentsatzeko dauden edozein entitateren zerga oinarri negatiboak haren zerga oinarrian konpentsatu ahal izango dira, entitatearen beraren zerga oinarri indibidualaren 100eko 50eko mugarekin, hala badagokio, eta entitate horri dagozkion ezabatzeak eta txertatzeak kontuan hartuta, foru arau honen 90. eta 91. artikuluetan ezarritakoaren arabera.»
Bigarrena.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– 64 bis artikuluko 5. apartatuari edukia ematen zaio, eta honela idatzita gelditzen da:
«5.– Finantzaketa kontratuaren egituraketan hirugarren baten bitartekaritza gertatzen den kasuetan, baldin eta jasotzen dituen ordainsariei dagokien kostua ikerketa, garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektua egiten duen zergadunak bere gain hartzen badu, artikulu honetan xedatutakoa aplikatu ahal izateko, zergadunak jasotzen duen finantzaketa garbia, ordainsari horiek deskontatutakoan, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz finantzaketan parte hartzen duen zergadunak egiaztatu ahal izango duen kenkariaren zenbatekoaren 100eko 78 izan beharko da gutxienez.
Nolanahi ere, pertsona edo entitate bitartekariak jaso beharreko ordainsariak ezin izango dira subjektu independenteen artean merkatuko baldintza normaletan adostutakoak baino handiagoak izan.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 66 ter artikuluko 8. apartatua:
«8.– Artikulu honetan aurreikusitako kenkariari heldu nahi dioten zergadunek, finantzaketa kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu eta hurrengo hilabetean beranduenik, komunikazio bat aurkeztu beharko diote Zerga Administrazioari, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.
Komunikazioarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira gutxienez:
a) Aurreko 3. apartatuan aipatutako finantzaketa kontratua.
b) Obraren izaera kulturala frogatzen duen ziurtagiria, erregelamenduz ezarriko den eran luzatua, eta halakorik oraindik eman ez bada, hura eskatu izanaren frogagiria.»
Hiru.– 9. apartatu bat gehitzen zaio 66 ter artikuluari, eduki hau duena:
«9.– Finantzaketa kontratuaren egituraketan hirugarren baten bitartekaritza gertatzen den kasuetan, eta jasotzen dituen ordainsariei dagokien kostua arte eszenikoen eta musikalen ikus-entzunezko lana produzitzen edo zuzeneko ikuskizunak produzitzen eta erakusten dituen zergadunak bere gain hartzen duenean, zergadunak jasotzen duen finantzaketa garbia, ordainsari horiek deskontatutakoan, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz finantzaketan parte hartzen duen zergadunak egiaztatu ahal izango duen kenkariaren zenbatekoaren 100eko 78 izan beharko da gutxienez.
Nolanahi ere, pertsona edo entitate bitartekariak jaso beharreko ordainsariak ezin izango dira subjektu independenteen artean merkatuko baldintza normaletan adostutakoak baino handiagoak izan.»
Lau.– Azken paragrafo bat gehitzen zaio 73.1.b) artikuluaren b’) letrari, eduki hau duena:
«Hala ere, ez dira bazkideen likidazioan sartuko ikerketa eta garapen jardueretatik, berrikuntza teknologikotik, ikus-entzunezko lanen ekoizpenetatik edo arte eszeniko eta musikaletako zuzeneko ikuskizunetatik eratorritako zerga oinarri negatiboak, bazkide horiek interes ekonomikoko taldeei egindako ekarpenak ezaugarri bereziko ondare tresnatzat kalifikatu behar direnean, kontabilitate irizpideen arabera.»
Bost.– Beste xedapen iragankor bat sartzen da testuan, hogeita hamabosgarrena, honela dioena:
«Hogeita hamabosgarren xedapen iragankorra. Ekonomia intereseko taldeak: zerga oinarri negatiboen egozpena mugatzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendua apirilaren 29ko 3/2025 Legeak Euskadiko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean sartu dituen aldaketetara egokitu eta beste zerga aldaketa batzuk onesten dituen azaroaren 24ko 2/2025 Foru Arauaren onarpen egunean interes ekonomikoko taldeen bazkideak kontabilitate irizpideen arabera ondare tresna berezitzat kalifikatu behar diren partaidetzen titular badira, bazkide horiei ez zaie aplikatuko foru arau honen 73.1.b) artikuluko b´) letraren -azken paragrafoan xedatutakoa, baldin eta egotzi beharreko zerga oinarri negatiboak ekarri dituen ikus-entzunezko ekoizpena edo arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizunaren ekoizpena eta erakustaldia, bai eta ikerketa eta garapen proiektua edo berrikuntza teknologikokoa ere, aipatutako foru araua onetsi aurretik hasi badira.»
Sei.– 59. artikulua honela geratzen da idatzita:
«59. artikulua.– Kuota efektiboa eta gutxieneko tributazioa.
1.– Kuota efektiboa kalkulatuko da kuota likidotik titulu honetako III. kapituluan aurreikusitako kenkarien zenbatekoa kenduta.
2.– Kuota efektiboa ezingo da negatiboa izan, inola ere.
3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek, foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan eta 65., 65 bis eta 66 artikuluetan jasotakoak kanpoan utzita, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 19 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da.
Hala ere, aipatutako kenkariak aplikatuta murrizten de kuota likidoak ezingo du berekin ekarri kuota efektiboa jarraian aipatzen den portzentajea baino txikiagoa izatea:
a) Enpresa txikien edo mikroenpresen kasuan, beren zerga oinarriaren 100eko 15.
b) Foru arau honen 56. artikuluko 3. apartatuan ezarritako karga tasaren arabera zergak tributatzen duten entitateen kasuan, beren zerga oinarriaren 100eko 11,75.
c) Foru arau honen 56. artikuluko 6. apartatuan ezarritako karga tasaren arabera zergak tributatzen duten entitateen kasuan, beren zerga oinarriaren 100eko 20,25.
4.– Foru arau honen 56. artikuluko 1. apartatuko a) letran ezarritako karga tasaren arabera tributatzen duten entitateen kasuan, aurreko apartatuko lehenengo paragrafoan adierazitako portzentaje orokorra 100eko 17koa izango da, baldin eta, kontratatutako pertsonak edukita, entitate horiek lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa mantentzen edo handitzen badute aurreko ekitaldiarekin aldean, edo, bestela, foru arau honen 61etik 65era bitarteko artikuluetan aipatzen diren kenkarietarako eskubidea ematen duten inbertsioetako bat egiten badute zergaldian zehar.
Entitate horiek 100eko 15eko portzentajea aplikatuko dute bi zirkunstantzia hauetakoren bat betetzen denean:
a) Kontratatutako pertsonak edukita, lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa mantentzea aurreko ekitaldiarekin alderatuta eta, gainera, foru arau honen 61etik 65era bitarteko artikuluetan aipatzen diren kenkarietarako eskubidea ematen duten inbertsioetako bat egitea zergaldian.
b) Lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa handitzea aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
5.– 56. artikuluaren 1. apartatuko a) letran ezarritakoa ez den karga tasa baten arabera tributatzen duten entitateen kasuan, aurreko 3. apartatuan aipatutako portzentajeak 100eko 11, 100eko 13, 100eko 9,75 eta 100eko 18,25 izango dira, hurrenez hurren, baldin eta entitateak, kontratatutako pertsonak izanik, lan kontratu mugagabea duten langileen batez bestekoa mantentzen edo handitzen badu aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
6.– Aurreko bi apartatuetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko foru arau honetako 56. artikuluko 2., 4. eta 5. apartatuetan ezarritako karga tasen arabera tributatzen duten entitateei, ez eta talde multinazionalei eta talde nazional handiei gutxieneko zergapetze maila global bat bermatzeko zerga osagarria ordaindu behar duten entitateei ere (baldin eta zerga horren ondorioetarako salbuetsitako entitatetzat jotzen ez badira).
7.– Gertatzen bada zergadunak, kuota likidoko kenkarien aplikazioari begira, aukeratu duela foru arau honen 67. artikuluan aipatutako muga kalkulatzea ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke baten arabera, artikulu honen aurreko apartatuetan aurreikusitakoa aipatutako 5 urteko blokea erreferentziatzat hartuta kalkulatuko da, eta, hala badagokio, zergadunak bosgarren zergaldiko kuota likidoari beharrezko zenbatekoa gehitu beharko dio eskatutako gutxieneko tributazioa lortzeko, zenbateko horren 100eko 5 gehituta.»
Hirugarrena.– Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, 111.1.c) artikuluaren a’) letra aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:
«a’) Zer entitateren kapital sozialaren ordezkagarri diren, ekarpenaren zergaldian entitate horri aplikagarria ez izatea Espainiako edo Europako interes ekonomikoko taldeen eta aldi baterako enpresa batasunen araubide berezia, foru arau honetako VI. tituluaren III. kapituluan arautua, eta, halaber, foru arau honetako 14. artikuluan aipatzen den ondare sozietatetzat hartua ez izatea ekarpena egin aurretik amaituta dagoen azken zergaldian edo ekarpena egiten den zergaldian.»
Laugarrena.– 2025eko zergaldian ondorioak izateko soil-soilik, 59. artikuluaren 3. apartatuko lehen paragrafoa eta 5. apartatua jarraian zehazten den eran aldatzen dira, eta 6. apartatu berri bat gehitzen zaio artikulu horri, eduki honekin:
«3.– Zerga oinarri positiboak lortzen dituzten zergadunen kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek, foru arau honen 62tik 64ra bitarteko artikuluetan eta 65., 65 bis eta 66. artikuluetan jasotakoak kanpoan utzita, ezingo dute berekin ekarri kuota efektiboa, oro har, zerga oinarriaren zenbatekoaren 100eko 17 baino txikiagoa izatea. Foru arau honen 56.1 artikuluko c) letran aipatzen diren entitateen kasuan, portzentaje hori 100eko 13koa izango da.»
«5.– Aurreko bi apartatuetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko foru arau honetako 56. artikuluko 2., 4. eta 5. apartatuetan ezarritako karga tasen arabera tributatzen duten entitateei, ez eta talde multinazionalei eta talde nazional handiei gutxieneko zergapetze maila global bat bermatzeko zerga osagarria ordaindu behar duten entitateei ere (baldin eta zerga horren ondorioetarako salbuetsitako entitatetzat jotzen ez badira).»
«6.– Gertatzen bada zergadunak, kuota likidoko kenkarien aplikazioari begira, aukeratu duela foru arau honen 67. artikuluan aipatutako muga kalkulatzea ondoz ondoko 5 zergaldiko bloke baten arabera, artikulu honen aurreko apartatuetan aurreikusitakoa aipatutako 5 urteko blokea erreferentziatzat hartuta kalkulatuko da, eta, hala badagokio, zergadunak bosgarren zergaldiko kuota likidoari beharrezko zenbatekoa gehitu beharko dio eskatutako gutxieneko tributazioa lortzeko, zenbateko horren 100eko 5 gehituta.»
Bosgarrena.– 2025eko urtarrilaren 1etik 2035eko abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietan ondorioak izateko, manu hauek aldatzen dira:
Bat.– 21. artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Ibilgetu materialeko elementu berriak, kanpoan utzita artikulu honen 4. apartatuko lehen eta bigarren paragrafoetan ezarritakoak, hurrengo a) eta b) letretan aipatzen diren zergadunek eskuratzen badituzte letra horietan ezarritako baldintzetan, funtzionamenduan jartzen direnetik aurrera amortizatu ahal izango dira foru arau honetako 17. artikuluan jasotzen den taulako gehieneko amortizazio koefizientea bider 1,5 eginez ateratzen den koefizientea aplikatuta. Barruan sartuta geratzen dira enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak eta zergaldian zehar sinatutako obra kontratuen bidez enkargatutakoak, betiere kontratua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan jartzen badira enpresaren esku.
Apartatu honetan xedatutakoa honako hauek aplikatu ahal izango dute:
a) Foru arau honen 13. artikuluan aipatzen diren enpresa ertainak.
b) Aurreko a) letran sartuta ez dauden zergadunak, foru arau honen 65. artikuluan aipatzen diren ibilgetu materialeko aktibo berriei dagokienez soil-soilik, baldin eta apartatu honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte eta amortizazio askatasuna ez bada aplikatzen aurreko 1. apartatuko e) eta f) letretan xedatutakoaren arabera.
Bereziki, bateriako ibilgailu elektriko berrietan (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoetan (REEV), erregai pilako ibilgailu elektrikoetan (FCV), erregai pilako ibilgailu elektriko hibridoetan (FCHV) eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura berrietan egiten diren inbertsioak, foru arau honetako 13. artikuluan aipatzen diren enpresa ertainek eginak, amortizatu ahal izango dira, foru arau honetako 17. artikuluan jasotzen den taularen arabera dagokion gehieneko amortizazio koefizientea 1,5ekin biderkatuta ateratzen den koefizientearen arabera, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren irailaren 13ko 2023/1804/EB Erregelamenduan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu hori erregai alternatiboetarako azpiegitura bat ezartzeari buruzkoa da, eta 2014/94/EB Zuzentaraua indargabetzen du.
Nolanahi ere, foru arau honen 31. artikuluko 3. apartatuan jasotako turismo ibilgailuei, atoiei, ziklomotorrei eta motozikletei dagokienez, aurreko paragrafoetan aipatutako koefizientea inbertsioaren zenbatekoari aplikatuko zaio, betiere xedapen horretan kontzeptu horrengatik aurreikusitako mugak aplikatu ondoren, hala badagokio.»
Bi.– 65. artikulua honela geratzen da idatzita:
«65. artikulua.– Garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzea helburu duten proiektuetan egiten diren inbertsio eta gastuen kenkaria.
1.– Zergadunek gastu eta inbertsioen zenbatekoaren 100eko 35 kendu ahal izango dute kuota likidotik, gastu eta inbertsio horiek tipologia hauetakoak badira:
a) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, aktibo horiek iturri berriztagarriak, hidrogeno berdea edo erregai berriztagarriak erabiliz energia sortzeko instalazioak badira.
b) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, aktibo horiek iturri berriztagarrien energia, hidrogeno berdea edo erregai berriztagarriak kontsumitzen dituzten instalazioak edo haiei lotutako ekipamendu energetikoki efizienteak badira.
c) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako gastu eta inbertsioak, aktibo horiek iturri berriztagarrien energia, hidrogeno berdea eta erregai berriztagarriak bakarrik garraiatzeko eta banatzeko instalazioak eta haiei lotutako ekipamendu energetikoki efizienteak badira.
d) Teknologia Garbien Euskal Zerrendan sartutako ekipamendu eta instalazioetan egindako inbertsioak.
e) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, aktibo horiek gasak eta emisioak atzitzeko (halakoak erabili, banatu, garraiatu, likidotu, biltegiratu edo transmititzeko) instalazioak eta haiei lotutako ekipamendu energetikoki efizienteak badira, betiere helburua energia berriztagarriak sortzea, biltegiratze geologiko iraunkorra egitea edo prozesu berriztagarrietan erabiltzea bada.
f) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, aktibo horiek ekonomia zirkularra sustatzea eta hondakinak murriztu, birziklatu eta balorizatzea xede duten instalazioak edo haiei lotutako ekipamendu energetikoki efizienteak badira.
2.– Zergadunek hurrengo inbertsioen zenbatekoaren 100eko 35 kendu ahal izango dute kuota likidotik:
a) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko organismo ofizialek onarturiko proiektuak gauzatzeko ekitaldian lur kutsatuak garbitzeko izandako gastuak.
b) Ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak, aktibo horiek ondoren adierazten diren helburuetako bat edo batzuk dituzten proiektuak gauzatzeko beharrezkoak badira:
a') Balorizazio materiala eduki ezin dezaketen hondakinen balorizazio energetikoa; ondorio horietarako, ezabatze eragiketak kanpoan geratzen dira.
Jarduera komertzial edo profesional nagusia hondakinen kudeaketa duten zergadunek ezin izango dute aplikatu apartatu honetan aurreikusitakoa a´) letra honetako inbertsioei dagokienez.
b´) Natura guneetako ingurumena berroneratzea, konpentsazio neurriak edo bestelako borondatezko ekintzak gauzatuta, naturan oinarritutako soluzioetan arreta berezia jarriz, ekosistemak berroneratzeko mekanismoak diren aldetik.
Ondorio horietarako, ulertuko da jarduketak ez direla borondatezkoak administrazio ebazpen lotesle edo nahitaezko baten ondorio direnean. Nolanahi ere, administrazio ebazpenagatik nahitaezkoa den jarduketa gainditzen duten inbertsioen zatiak emango du kenkarirako eskubidea.
c’) Ur kontsumoa minimizatzea eta ura araztea.
d`) Egungo ekipamendu eta instalazioen ordez energia eta baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzen dituzten instalazioak jartzea eta ekipamendu eta instalazio berriak erostea, zeinek teknika erabilgarri onenak (TEO) edo teknika emergenteak (TE) aplikatzen baitituzte dagozkien erreferentziazko dokumentu sektorialetan (BREF), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauan edo arau baliokideetan ezarritakoaren arabera.
e`) Mugikortasuna eta garraio jasangarria, lehorreko garraioa alde batera utzita, salbu eta trenbidez edo tranbiaz eginikoa.
3.– Foru arau honetako 67. artikuluan xedatutakoa xedatuta ere, kenkariaren oinarritik gutxituko da kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsio eta gastuak finantzatzeko jasotako dirulaguntzen zenbatekoa.
4.– Artikulu honen 1. apartatuko d) letran aipatzen den kenkaria zergadunak aplikatuko du, baina, horretarako, ezinbestekoa izango da zergadunak, Zerga Administrazioak aurrez eskaturik, txosten arrazoitua aurkeztea harekin frogatzeko egindako inbertsioak bat datozela Teknologia Garbien Euskal Zerrenda onesten duen Eusko Jaurlaritzaren Aginduan aipatzen diren ekipo osoekin. Txosten arrazoitu hori Eusko Jaurlaritzan eskumena duen Sailak edo hari atxikitako organismo edo entitate batek eman beharko du.
Artikulu honen 1. apartatuko a), b), c), e) eta f) letretan aipatzen diren kenkariak eta 2. apartatuko a) letran jasotakoa aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da zergadunak frogatzea, Zerga Administrazioak hala eskatuta, egindako inbertsioek letra horietan ezarritako tipologiak eta xedeak betetzen dituztela. Hori frogatzeko, txosten arrazoitu bat aurkeztu beharko du, Eusko Jaurlaritzan eskumena duen Sailak edo hari atxikitako organismo edo entitate batek emana, edo, bestela, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere eskumenetan oinarrituta emandako ziurtagiria.
Artikulu honen 2. apartatuko a) letran aipatzen den kenkaria aplikatzeko, ezinbestekoa izango da zergadunak, Zerga Administrazioak eskatuta, ziurtagiri bidez frogatzea letra horretan adierazitako beharkizunak betetzen direla. Ziurtagiri hori Gipuzkoako Foru Aldundian ingurumen gaietan eskumena duen Departamentuak edo hari atxikitako organismo edo entitate batek eman beharko du.
5.– Foru arau honen 67. artikuluko 5. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, iritziko da ez dagoela desafektaziorik artikulu honetan araututako kenkarira biltzen diren aktiboak hirugarrenei lagatzen zaizkienean legeak hala aginduta.
Era berean, finantza errentamenduko araubidean egindako inbertsioak ere kenkari honetara bildu ahal izango dira.
6.– Artikulu honetan arautzen diren kenkariak zerga honen edo establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren beste zergadun batzuei transferitu ahal izango zaizkie, foru arauaren 65 bis artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kenkariak transferitzen badira, horiek sortu dituzten zergadunek ezingo dute kenkaririk aplikatu transferitutako zenbateko osoari edo partzialari dagokionez.
7.– 67. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren kenkariak bateraezinak izango dira euren artean. Era berean, bateraezinak izango dira 1. apartatuan aipatutako kenkariak eta artikulu honen 2. apartatuko a) eta b) letretan aipatutakoak.
8.– Erregelamendu bidez zehaztu ahal izan da zein kasutan izango den aplikagarria kenkari hau, eta hura aplikatzeko prozedura arautuko da.»
Hiru.– 65 bis artikulua gehitzen da, eduki honekin:
«65 bis artikulua. Garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzen dituzten proiektuetan parte hartzea.
1.– Zerga honen zergadunek edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek (establezimendu iraunkorraren bidez dihardutenek) parte hartzen badute garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzea helburu duten proiektuen finantzaketan, eskubidea izango dute beste zergadun batzuek foru arau honen 65. artikuluaren arabera sortutako eta 65. artikuluko 6. apartatuaren arabera haiei transferitutako kenkariak eskuratu eta aplikatzeko.
Ondorio horietarako, ulertuko da zergadun batek beste zergadun baten proiektuan parte hartzen duela (garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzea helburu duen proiektu batean), diru-kopuruak jartzen dituenean proiektuaren kostuak osorik edo partez ordaintzeko, proiektua egiten duen zergadunak kopuru horiek zertan itzuli gabe.
2.– Eskuratutako kenkaria artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera aplikatzeko, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak eta foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuaren arabera hari lotuta dauden pertsonek edo entitateek, parte hartu gabeak izan behar dute, zuzenean edo zeharka, proiektua egiten duen entitatean, kenkaria aplikatu baino lehen.
b) Proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak eta foru arau honen 42. artikuluko 3. apartatuaren arabera hari lotuta dauden pertsonek edo entitateek, ezin dute eduki zuzeneko edo zeharkako partaidetzarik proiektua egiten duen entitatean, ez proiektua egiten den bitartean ez hura amaitu ondorengo hiru urteetan.
c) Proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak eta hari lotutako pertsona edo entitateek ezin izango dute eskuratu jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubiderik edo beste ezein motatakorik proiektuaren emaitzei dagokienez, eta proiektua egiten duen zergaduna izango da beti horien jabea.
d) Garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzea helburu duen proiektua egiten duen zergadunak foru arau honen 65. artikuluko 4. apartatuan aipatzen den txosten arrazoitua eduki beharko du.
Kontratua formalizatzen den egunean txosten arrazoitu hori jaso gabe badago, kenkari hau ez da aplikatuko hura jaso arte.
3.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izango da proiektua egiten duten zergadunak eta haren finantzaketan parte hartzen duenak finantzaketa kontratu bat izenpetzea, eta kontratu horretan honako alderdiak zehaztea, besteak beste:
a) Proiektuan parte hartzen duten zergadunen identitatea.
b) Garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzea helburu duen proiektuaren deskribapena.
c) Proiektuaren aurrekontua.
d) Proiektua finantzatzeko modua, bereizita adieraziz zer zenbateko jarriko dituen proiektua egiten duen zergadunak, zeintzuk jarriko dituen proiektuaren finantzaketan parte hartzen duenak, eta zer zenbateko dagozkien finantza entitateen kredituei, dirulaguntzei eta bestelako laguntza neurriei.
e) Erregelamenduz zehazten diren gainerako kontuak.
4.– Artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera eskuratzen den kenkariak ezin izango du gainditu proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunak ordaindutako zenbatekoak bider 1,20 eginez ateratzen den emaitza.
Soberakina garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzen duen proiektua egiten duen zergadunak aplikatu ahal izango du.
Apartatu honetan ezarritako muga proiektua garatzen den zergaldi guztietarako aplikatuko da.
Hala ere, finantzaketan parte hartzen duen zergadunak zergaldian jartzen dituen zenbatekoek ahalbidetzen badute kenkari aplikagarria proiektua egiten duenak sortutakoa baino handiagoa izatea, soberakina hurrengo zergaldietan aplikatu ahal izango da, apartatu honetan aurreikusitako mugarekin.
5.– Baldin eta finantzaketa kontratuaren egituraketan hirugarren bat bitartekari aritzen bada eta garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzen duen proiektua egiten duen zergadunak bere gain hartzen badu hirugarren horrek jasotzen dituen ordainsariei dagokien kostua, artikulu honetan xedatutakoa aplikatu ahal izateko, beharrezkoa izango da zergadun horrek jasotzen duen finantzaketa garbia –ordainsari horiek deskontatuta– artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeagatik finantzaketan parte hartzen duen zergadunak frogatu dezakeen kenkariaren zenbatekoaren 100eko 78koa izatea, gutxienez.
Nolanahi ere, pertsona edo entitate bitartekariak jaso beharreko ordainsariak ezingo dira izan subjektu independenteen artean merkatuko baldintza normaletan adostutakoak baino handiagoak.
6.– Artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera kenkariak eskuratu eta aplikatu nahi dituzten zergadunek, finantzaketa kontratua formalizatzen den zergaldia amaitu eta hurrengo hilabetean beranduenik, komunikazio bat aurkeztu beharko diote Zerga Administrazioari, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan.
Komunikazioarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira gutxienez:
a) Aurreko 3. apartatuan aipatutako finantzaketa kontratua.
b) Aurreko 2. apartatuko d) letran aipatzen den txosten arrazoitua, edo, halakorik oraindik egin ez bada, hura eskatu izanaren frogagiria.
7.– Garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzen duen proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzea oinordetza unibertsaleko kasuetan bakarrik egin ahal izango da.
Dena den, finantzatzailearen kaudimenarekin lotuta dauden salbuespen kasuak gertatzen badira, Zerga Administrazioari baimena eskatu ahal izango zaio garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzen duen proiektua finantzatzeko asmoz jada formalizatuta dauden kontratuetan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzeko.
Orobat, gerora sortutako zirkunstantzia tekniko edo ekonomikoak gertatzen badira, zergadunek baimena eskatu ahal izango diote Zerga Administrazioari garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa edo ekonomia zirkularra sustatzeko asmoz jada abiatu diren proiektuen finantzaketa kontratuak aldatzeko, ordainketen eta gastu eta inbertsioen egutegia zirkunstantzia horietara egokitu dadin.
Baimen eskaerak ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko 44. artikuluan jasotako prozeduraren arabera izapidetuko dira. Eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, aurreko paragrafoetan aipatutako zirkunstantziak gertatzen direnetik aurrera.»
Lau.– 67.1 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:
«b) 65., 65 bis eta 66 bis artikuluetan jasotakoak, zeinen muga kuota likidoaren 100eko 50 izango baita.»
6. artikulua.– Aldatzea martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra.
Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:
Lehena. Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da 96. artikulua, euskarazko bertsioan:
«96. artikulua.– Zerga arloko prozedurak amaitzea.
1.– Zerga prozedurak amaitu daitezke ebazpena emateagatik, interesatuak bere asmoan atzera egiteagatik, eskaera oinarritzen duen eskubideari uko egiteagatik, ustekabeko arrazoiak direla-eta prozedurekin aurrera jarraitzea materialki ezinezkoa gertatzeagatik, iraungitzeagatik, errekeritutako obligazioa betetzeagatik edo ordenamendu juridikoan aurreikusten den beste edozein arrazoirengatik.
2.– Ebazpentzat hartuko da amaitzeko era hau aurreikusita duten prozeduretan Zerga Administrazioak modu automatizatuan ematen duen erantzuna.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen da 148. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoa, euskarazko bertsioan:
«Egiaztapen eta ikerketa prozeduraren ondorioak foru arau honen 137. artikuluko 2. apartatuan aipatutako ikuskapen akten bidez dokumentatuko dira.»
Bigarrena.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira:
Bat.– Honela idatzita gelditzen da hamaikagarren xedapen gehigarriaren f) letra:
«f) Erregelamenduz ezartzen diren eta zergapekoak bere titulartasunpean atzerrian dituen kriptoaktiboei buruzko informazioa, bai eta onuradun edo baimendu gisa agertzea edo beste moduren batean xedatzeko ahalmena izatea dakartenei buruzkoa ere, baldin eta gako kriptografiko pribatuak hirugarrenen izenean babesteko zerbitzuak ematen dituztenek zainduta badaude, kriptoaktiboak mantendu, biltegiratu eta transferitzeko. Kriptoaktiboen kontzeptua artikulu honetan jasotakoaren arabera ulertuko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 31ko 2023/1114/EB Erregelamenduak, kriptoaktiboen merkatuei buruzkoak eta 1093/2010/EB zk. eta 1095/2010/EB zk. Erregelamenduak eta 2013/36/EB eta 2019/1937/EB Zuzentarauak aldatzen dituenak, jasotako 3.1.5) artikulua.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako betebeharrak Kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeari buruzko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4.2 artikuluaren arabera titular erreal direnei ere aplikatuko zaizkie.»
Bi.– Honela idatzita gelditzen dira hamabosgarren xedapen gehigarriaren 1., 3., 4. eta 5. apartatuak:
«1.– Finantza erakundeek egoki jarduteko arauak aplikatu beharko dituzte kontuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonen kontu finantzario jakin batzuei dagokienez, eta Zerga Administrazioari kontu horien inguruko informazioa eman behar diote, xedapen hauek jasotakoari jarraituz: Kontseiluaren otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentaraua (Kontseiluaren abenduaren 9ko 2014/107/EB Zuzentarauaren bidez aldatua), fiskalitatearen arloan informazio truke automatikorako obligazioari buruzkoa; Kontseiluaren urriaren 17ko 2023/2226/EB Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena; eta Finantza kontuen informazio truke automatikoari buruz agintari eskudunen artean adostutako Akordio Aldeaniztuna, eta haren Gehigarria.
Era berean, kontu finantzarioen titulartasuna edo kontrola duten pertsonek egoki jarduteko arauen aplikaziotik eratorritako obligazioak bete beharko dituzte, kontu horietan irekitzeko erabili dituzten finantza erakundeen aurrean, beren identifikazioari eta zerga egoitzari dagokienez.
Erregelamenduz garatuko dira egoki jarduteko arauak, bai eta finantza erakundeek kontu finantzarioen titulartasuna edo kontrola duten pertsonek haietan irekitako kontu finantzarioei buruz informatzeko dute betebeharrak ere.»
«3.– Zerga arloko arau haustetzat hartuko da honako hauei buruz egoki jarduteko arauetatik eratorritako obligazioak ez betetzea edo behar ez bezala betetzea:
a) Pertsona fisikoen informazioa jakinarazi behar duten kontu finantzarioak identifikatzea.
b) Entitateen informazioa jakinarazi behar duten kontu finantzarioak identifikatzea.
Apartatu honetan jasotako zerga arloko arau haustea 200 euroko isun finkoarekin zehatuko da ez-betetzea gertatu den pertsona bakoitzeko.
Finantza erakunde batek kanpoko zerbitzu emaile batez baliatzen denean informazioa emateko eta behar bezalako arduraz jokatzeko betebeharrak betetzearren, erakunde horren erantzukizuna izaten jarraituko dute betebehar horiek.
4.– Zerga arau haustea da kontuen titulartasuna edo kontrola duten pertsonek finantza erakundeari datu faltsuak, osatugabeak edo zehaztugabeak komunikatzea, finantza erakundeak aurreko apartatuan aipatutako egoki jarduteko arauak aplikatuz eratorriak diren obligazioak betetzen dituztenean.
Apartatu honetan jasotako zerga arau haustea 300 euroko isun finkoaz zehatuko da.
5.– Kontu finantzarioa irekitzeko momentuan lortu beharko dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera edo, Kontseiluaren urriaren 17ko 2023/2226/EB Zuzentarauak kontu finantzarioen identifikazioari eta egoitza fiskalari buruz egindako aldaketei bakarrik jarraituz xedapen gehigarri honetan jasotako ondorioetarako halakotzat hartutako kontu finantzarioetarako, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera irekitako kontu finantzarioen titulartasuna edo kontrola duten pertsonei beren identifikazioaren eta zerga egoitzaren inguruan exijigarriak zaizkien aitorpenak. Kontua irekitzeko eskatu denetik aurrera 90 eguneko epean aitorpenak finantza erakundeari ez aurkezteak berekin ekarriko du entitateak kontuan kargurik, abonurik eta bestelako eragiketarik ez egitea harik eta aitorpenak aurkeztu arte.»
Hiru.– Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, hogeita bigarrena, honela dioena:
"Hogeita bigarren xedapen gehigarria.– Elkarrekiko laguntzaren eremuan, «informatu beharra duten kriptoaktiboen zerbitzu hornitzaileen» informazio aitorpen informatiboari buruz informatzeko eta egoki jarduteko betebeharrak.
1.– «Informatzera behartuta dagoen kriptoaktiboen zerbitzu hornitzailetzat» hartzen diren pertsonek edo entitateek egoki jarduteko arauak aplikatu beharko dituzte, eta informazioa emateko eta, hala badagokio, erregistratzeko obligazioak bete beharko dituzte, eta Kontseiluaren otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis quinquies artikuluan eta VI. eranskinean xedatutakoaren arabera (zuzentarau hori fiskalitatearen arloko lankidetza administratiboari buruzkoa da, eta Kontseiluaren urriaren 17ko 2023/2226/EB Zuzentarauaren bidez aldatutako 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen du), bai eta agintari eskudunen arteko akordio aldeaniztunean (informazio truke automatikoari buruzkoa) xedatutakoaren arabera ere, kriptoaktiboei buruzko informazioa trukatzeko esparruarekin bat etorriz, eta helburu berarekin sinatutako nazioarteko beste akordio batzuetan, xedapen honetan eta erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.
Era berean, «kriptoaktiboen erabiltzailetzat» hartzen diren pertsonek edo entitateek eta, entitateen kasuan, erabiltzaile horien «kontrola egiten duten pertsonek» egoki jarduteko arauak aplikatzearen ondoriozko obligazioak bete beharko dituzte identifikazioari eta egoitza fiskalari dagokienez, aurreko paragrafoan aipatzen den araudiari jarraituz.
Erregelamendu bidez garatuko dira egoki jarduteko arauak eta prozedurak, bai eta apartatu honetan aipatzen diren informazioa erregistratzeko eta emateko betebeharrak ere.
Xedapen gehigarri honetan eta hori garatzeko araudian erabilitako terminoek erregelamenduz ezarritako esanahia izango dute, besterik ezarri ezean.
2.– Xedapen honetan jasotakoaren ondorioetarako, «informatu beharreko erabiltzailea» eta «informatu zio komunikazioaren mende dagoen pertsona» terminoak Espainiako egoiliarrei edo egoiliar ez direnei buruzkoak izango dira, erregelamendu bidez ezartzen diren salbuespenekin.
3.– Informazioa emateko eta, hala badagokio, erregistratzeko obligazioak ez betetzearen ondoriozko arau hausteak eta zehapenak, 1. apartatuan jasotakoak, IV. tituluan xedatutakoari jarraituz arautuko dira, xedapen honetan ezarritako berezitasunekin.
4.– Zerga arloko arau haustetzat hartuko da honako hauei buruz egoki jarduteko arauetatik eratorritako obligazioak ez betetzea edo behar ez bezala betetzea:
a) «Kriptoaktiboak erabiltzen dituen pertsona fisikoa» «informatu beharreko erabiltzailea» den ala ez zehaztea.
b) «Kriptoaktiboak erabiltzen dituen entitatea» «informatu beharreko erabiltzailea» edo «entitatea» den, «baztertutako pertsona» edo «entitate aktiboa» ez dena, non «kontrola egiten duten pertsona» bat edo gehiago «informatu beharreko pertsonak» diren.
Apartatu honetan jasotako zerga arloko arau haustea 200 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko da pertsona bakoitzeko, baldin eta pertsona horri dagokionez egoki jarduteko arauak aplikatzearen ondoriozko obligazioak bete ez badira.
«Informatzera behartuta dagoen kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaile» batek kanpoko zerbitzu emaile bat baliatzen duenean egoki jarduteko obligazioak betetzeko, obligazio horiek hornitzaile horren erantzukizuna izaten jarraituko dute.
5.– Zerga arloko arau haustea da informazio faltsua, osatugabea edo zehaztugabea ematea «kriptoaktiboen erabiltzaileek» edo erabiltzaile horien «kontrola egiten duten pertsonek» «informatzera behartuta dauden kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaileei», hornitzaileak aurreko apartatuan aipatzen diren egoki jarduteko arauak aplikatzetik eratorritako obligazioak betez.
Apartatu honetan jasotako zerga arloko arau haustea 300 euroko diruzko isun finkoarekin zehatuko da.
6.– «Kriptoaktiboen erabiltzaile» batek edo, entitateen kasuan, erabiltzaile horren «kontrola egiten duten pertsonek» egoki jarduteko arauei jarraituz eskatzen den informazioa ematen ez badiote «informatzera behartuta dagoen kriptoaktiboen zerbitzu hornitzaileari», hornitzailearen hasierako eskaeraren ondoren bi oroigarri jaso badira eta hasierako eskaeratik 60 egun naturaleko epea igaro bada, hornitzaile horrek «kriptoaktiboen erabiltzaileari» galaraziko dio «informatu beharreko eragiketak» egitea.
7.– Zerga Administrazioak erabakiko du «informatzera behartuta dagoen kriptoaktiboen hornitzailea» den «kriptoaktiboen operadoreari» kautelazko baja ematea dagokion erroldan, baldin eta bi errekerimenduren ondoren ez badu betetzen 1. apartatuan aipatzen den informatzeko obligazioa. Baja gehienez ere 90 egun naturaleko epean egingo da, bigarren errekerimendutik aurrera, baina inoiz ez 30 egun natural igaro baino lehen.
Baja erabaki ondoren, operadoreak alta berriro egiteko aukera izango du, baldin eta Zerga Administrazioari berme egokiak ematen badizkio informazio obligazioa betetzeko konpromisoa hartzeko, bete gabe dauden informazio hornidurak barne. Ondorio horietarako, Zerga Administrazioak berme egokitzat jo ahal izango du erantzukizunpeko adierazpen bat edo zerga araudian jasotako beste edozein berme. Zerga Administrazioak berme horiek egokitzea erabaki ahal izango du, hala badagokio, errolda egoera egiaztatu ondoren, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamenduaren 76. artikuluan eta ondorengoetan aipatzen diren errolda egiaztapeneko jarduketa eta prozeduren bidez.
8.– «Kriptoaktiboen erabiltzaileei» eta, entitateen kasuan, erabiltzaile horien «kontrola egiten duten pertsonei» eska dakizkiekeen aitorpenak, xedapen gehigarri honetan aipatzen diren egoki jarduteko arauak aplikatzeko eta informazioa emateko eta, hala badagokio, erregistrorako obligazioak betetzeko erabilitako dokumentu frogak, erregistroak eta edozein informazio gorde eta Zerga Administrazioaren esku utzi beharko dira erabiltzaile horien «informatu beharreko eragiketei» buruzko informazioa eman behar den urtearen ondorengo bosgarren urtea amaitu arte.
Foru arau honetako arau orokorrei jarraituz xedapen gehigarri honetan aipatzen diren informazioa emateko eta, hala badagokio, erregistratzeko betebeharrak egiaztatzeko eta ikertzeko ahalmenak alde batera utzi gabe, Zerga Administrazioak egiaztatu eta ikertu ahal izango du «informatzera behartuta dauden kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaileek» aplikatu behar dituzten egoki jarduteko arauak betetzen diren.
9.– «Informatzera behartuta dagoen kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaile» orok informazioa komunikatzera behartuta dagoen pertsona fisiko bakoitzari informatu beharko dio xedapen honetan aipatzen den informazio hori Zerga Administrazioari emango zaiola eta dagokion Estatuari transferituko zaiola, 2011/16/EB Zuzentarauaren eta xedapen honetan adierazitako nazioarteko akordioen arabera. Era berean, «informatzera behartuta dagoen kriptoaktiboen zerbitzuen hornitzaileak» behar besteko aurrerapenarekin emango dio pertsona fisikoari jasotzeko eskubidea duen informazio guztia, bere datu pertsonalak babesteko eskubidea baliatu ahal izan dezan, eta, nolanahi ere, bildutako informazioa Zerga Administrazioari eman aurretik."
7. artikulua– Aldatzea maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onestekoa.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren erreforma eta zerga arloko beste aldaketa batzuk onesten dituen maiatzaren 9ko 1/2025 Foru Arauan:
Bat.– 7. artikuluko laugarren apartatua honela geratzen da idatzita:
"Lau. 37. artikuluari e) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«e) Gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenetatik eta kontribuzio enpresarialetatik zuzenean eratorritako etekin positiboak, foru arau honen 18. artikuluko a) letran aurreikusitako prestazioak eragiten dituen kontigentzia edo zirkunstantzia gertatzen denean agerian jarritakoak. Kanpoan geratzen dira prestazio hauek: artikulu horretako 1., 2. eta 4. zenbakietan jasotakoak -azken kasu horretan, gizarte aurreikuspeneko mutualitateek langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen bereziaren sistema alternatibo gisa jarduten dutenean– eta 6. zenbakian aipatutakoak.
Ondorio horietarako, etekintzat hartuko da zergadunaren eskubide ekonomikoen eta egindako ekarpen eta kontribuzioen arteko diferentzia positiboa.
Letra honetan aurreikusitako etekinek eskubide ekonomiko guztiekiko hartzen duten proportzioa prestazioa eragiten duen kontingentzia edo zirkunstantzia gertatzen den unean kalkulatuko da, eta aldaketarik gabe mantenduko da prestazioa jasotzen den denbora osoan, kobratzeko era edozein dela ere.»"
Bi.– 7. artikuluko hamargarren apartatua honela geratzen da idatzita:
"Hamar. 104.1 artikuluari m) letra gehitzen zaio, eduki honekin:
«m) 19.2 artikuluko b) letran aurreikusitako araubidearen aplikazioa, 2025eko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketa (hogeita hamazazpigarren xedapen iragankorrean jasotakoa) aintzat hartuta.»"
Hiru.– 7. artikuluko hamalaugarren apartatua honela geratzen da idatzita:
"Hamalau. Berrogeita bigarren xedapen gehigarri bat sartzen da testuan, honela dioena:
«Berrogeita bigarren xedapen gehigarria. Gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenetatik eta kontribuzio enpresarialetatik zuzenean eratorritako etekin positiboak.
Aurreikuspen sistemari egindako lehen ekarpena 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen egin bada, eta behartutako entitateek oraindik ez badute ezagutzen gizarte aurreikuspeneko sistemetan integratutako eskubide ekonomikoen zein zati dagokion foru arau honen 37.e) artikuluan aipatzen den etekinari, eta, beraz, datu hori Zerga Administrazioaren esku jartzen ez badute, aipatutako etekina honako hau izango da: prestazioak jasotzen dituen pertsonak aurreikuspen sisteman duen antzinatasun urte bakoitzagatik jasotako prestazioaren zenbateko osoari 100eko 1eko portzentajea aplikatzearen emaitza, prestazio horien 100eko 35eko mugarekin.
Prestazioak jasotzen dituenak aurreikuspen sisteman duen antzinatasuna zehazteko, prestazioaren arrazoia den kontingentzia edo zirkunstantzia gertatu arte igarotako urte kopurua konputatuko da.
Behartutako entitateek ez badute ezagutzen zein antzinatasun duen jasotzaileak gizarte aurreikuspeneko sisteman, eta, beraz, datu hori ezin badute jarri Zerga Administrazioaren esku, xedapen gehigarri honetako lehen paragrafoan aipatzen den etekina jasotako prestazioaren zenbateko osoari 100eko 25eko portzentajea aplikatuta kalkulatuko da.
Erregelamendu bidez, bestelako erregelak ezarri ahal izango dira xedapen gehigarri honetan xedatutakoa aplikatzeko.»"
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Hirugarren baten bitartekaritza finantzaketa-kontratu baten egituraketan.
64 bis artikuluko 5. apartatuan eta 66 ter artikuluko 9. apartatuan aurreikusitako beharkizuna, finantzaketa kontratuaren egituraketan hirugarren baten bitartekaritza gertatzen denean jaso beharreko gutxieneko finantzaketa garbiari buruzkoa (foru arau honek emandako idazketa aintzat hartuta), ez zaie aplikatuko 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen izenpetutako finantzaketa kontratuei.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2025ean diru birtualari buruz informatzeko obligazioak.
2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko epealdian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarriko 6. eta 7. apartatuen edukia Zerga iruzurra prebenitzeko eta haren aurka egiteko neurriak onesten dituen abenduaren 20ko 4/2022 Foru Arauaren 2. artikuluko hirugarren apartatuaren bidez ezarritakoa izango da.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2025ean moneta birtualekin egindako eragiketei buruz informatu beharra.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarriaren 7. apartatuak moneta birtualekin egindako eragiketei buruz informatzeko ezarritako obligazioa, erregelamenduz finkatutako terminoetan bete beharko da 2025. urtean egindako eragiketei dagokienez.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira foru arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.
Zehazki, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, indarrik gabe geratzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hamargarren xedapen gehigarriaren 7. apartatua, foru arau honetako bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa eragotzi gabe.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.
Foru arau honen bitartez, partzialki ekartzen da Gipuzkoako ordenamendu juridikora Kontseiluaren 2023ko urriaren 17ko (EB) 2023/2226 Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.
Diputatuen Kontseiluari eta, hala badagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.
RSS