Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2026ko urtarrilaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
300

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 8koa, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearena, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2025eko ekainaren 11ko Aginduaren babesean aurkeztutako dirulaguntzen eskabideak ebazten dituena. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan establezimenduren bat duten entitate edo pertsona autonomoei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartu ziren, eta 2025erako deialdia egin zen.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2025eko ekainaren 11ko Aginduaren bidez (2025eko uztailaren 7ko EHAA, 127. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko entitate edo pertsona autonomoei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartu ziren, bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko, eta 2025erako deialdia egin zen.

Eskaera egiteko epea irailaren 30ean amaitu zen, eta, guztira, 18 eskabide aurkeztu ziren.

Aginduaren 11. oinarrian adierazitako emakida-prozedurarekin bat etorriz, Balorazio Batzordea 2025eko azaroaren 19an bildu zen, banan-banan ebaluatzeko jasotako eskabideak. Halaber, txosten bat egin zuen, batetik, 12. oinarrian zehaztutako balorazio-irizpideen arabera egindako ebaluazioaren emaitza jakinarazteko eta, bestetik, proiektu teknikoan puntuazio handiena lortu zuten entitateak onuradun gisa proposatzeko, aurrekontu-kreditua agortu arte.

Balorazio Batzordeak egindako txostenean adierazitakoaren arabera, 18 entitate aurkeztu ziren guztira deialdira, eta, horietatik, 16 eskabide onartu ziren. Atzera bota ziren 2 eskabideei dagokienez, batek ez zuen lortu 11. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa, eta beste entitateari 2024ko deialdian eman zitzaion laguntza, eta, beraz, ezin da onuradun izan 3. oinarriaren arabera. 16 entitate onuradunek eskatutako zenbatekoak bat datoz aginduan adierazitako parametroekin.

2025eko ekainaren 11ko aginduan oinarrituta, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 15.1 artikuluak zehazten duenez, Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritza da laguntza hau kudeatzeko organo eskuduna.

Balorazio Batzordearen txostenarekin bat etorriz, proposatutako zenbatekoen guztizko batura dirulaguntzen lerroari esleitutako aurrekontu-kreditua baino txikiagoa dela egiaztatu ondoren, eta aginduan ezarritako prozedurari jarraituz, Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak, 2025eko abenduaren 2an, behin betiko ebazpen-proposamena egin zuen. Proposamen horretan, onuradun gisa proposatutako entitateak ezarri ziren, lortutako puntuazioaren eta bakoitzari emandako zenbatekoaren arabera ordenatuta (II. eranskinean zerrendatu dira).

Ebazpen-proposamen hori banan-banan jakinarazi zitzaien entitate onuradun guztiei abenduaren 9an. Jakinarazpena egin ondoren, 10 eguneko epea ireki zen entitate onuradunek eman zaien laguntza onartzen zutela jakinaraz zezaten. Halaber, hala egin ezean, onuradun gisa proposatutako entitateak laguntzari uko egiten ziola ulertuko zela adierazi zen.

Ebazpen honen egunean, entitate onuradun guztiek berariaz adierazi dute laguntza onartzen dutela.

Beraz, Haur, Nerabe eta Familien zuzendariak emandako behin betiko ebazpen-proposamena onartuta, eta entitate onuradun guztiek berariaz onartu dutenez laguntza, dirulaguntzak ebazteko organo eskuduna naizen aldetik, 2025eko ekainaren 11ko Aginduaren 14. oinarrian xedatutakoaren arabera eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 15.1 artikuluarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baztertzea I. eranskinean zerrendatzen diren eskabideak, eranskinean bertan zehazten diren arrazoiengatik.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatzen diren entitate eskatzaileei ematea bertan zehazten diren zenbatekoak, bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko laguntza moduan.

Hirugarrena.– Laguntzak ordaintzeko agintzea; ordainketa zatikatua izango da. Lehenengo zatia, emandako dirulaguntzaren % 50ari dagokiona, dirulaguntza ematen den unean ordainduko da; gainerako % 50a, aldiz, jarduketa guztiak egin eta sortutako gastu guztiak 2025eko ekainaren 11ko Aginduaren 16. oinarrian zehaztutako moduan justifikatu ondoren ordainduko da, 2026ko ekainaren 30a baino lehen.

Laugarrena.– Entitate onuradunek agindu arautzailean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan oro har indarrean dauden gainerako baldintza guztiak ere.

Bosgarrena.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzea (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa), zeinak jakinarazpen-ondorioak izango dituen.

Era berean, dirulaguntzaren onuradun diren entitateen zerrenda EHAAn argitaratuko da, izaera orokorreko publizitatea emateko.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 8a.

Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea,

XABIER LEGARRETA GABILONDO.

I. ERANSKINA
BAZTERTUTAKO ESKABIDEEN ZERRENDA
(Ikusi .PDF Fitxategia)
II. ERANSKINA
ONARTUTAKO ESKABIDEEN ZERRENDA
(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala