
13. zk., 2026ko urtarrilaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 4 orri.)
- EPUB (209 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
273
AGINDUA, 2026ko urtarrilaren 9koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalak aukeratzeko hauteskundeetarako deia egiten duena.
Ordezkaritza duten lau erakunde sindikalek proposamena egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (abuztuaren 6ko EHAA, 153. zk.), eta Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak hautatzeko prozedura arautzen dituen martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren babesean (martxoaren 18ko EHAA, 53. zk.), zeina urriaren 11ko 392/1994 Dekretuak (urriaren 25eko EHAA, 203. zk.) eta otsailaren 5eko 18/2019 Dekretuak (otsailaren 12ko EHAA, 30. zk.) aldatu baitzuten, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalak aukeratzeko hauteskundeetarako deialdia egitea. Hauteskunde horiek uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluko VII. kapituluan (abuztuaren 6ko EHAA, 153. zk.) eta martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuan aurreikusitako araubidearen arabera egingo dira (50/1993 Dekretua, Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak, Ertzaintzaren Kontseiluaren osaera eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak hautatzeko prozedura arautzen dituena, martxoaren 18ko EHAAn argitaratua, eta urriaren 11ko 392/1994 Dekretuak –urriaren 25eko EHAA, 203. zk.– eta otsailaren 5eko 18/2019 Dekretuak –otsailaren 12ko EHAA, 30. zk.– aldatua).
Bigarrena.– Deialdi honen bidez deitutako hauteskundeak 2026ko martxoaren 26an egingo dira.
Hirugarrena.– Hauteskunde-barrutiak Agindu honen eranskinean ezartzen diren hauteskunde-atal eta -mahaietan antolatzen dira.
Laugarrena.– Errolda osoa, hauteskunde-barrutika, honela geratuko da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Bosgarrena.– Hauteskunde-barruti bakoitzean hautatu beharreko ordezkari-kopurua, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 119. artikuluan (abuztuaren 6ko EHAA, 153. zk.) eta martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuaren 2.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, honako hau izango da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Seigarrena.– Hauteskunde-kanpaina 2026ko martxoaren 10ean hasi eta 2026ko martxoaren 24an amaituko da.
Zazpigarrena.– Hauteskunde Administrazioko organoetako kideek, bilkuretara joaten direnean, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan aurreikusitako kalte-ordainak jasoko dituzte.
Zortzigarrena.– 1.– Segurtasun Sailak bermatuko du behar beste hauteskunde-agiri jarriko direla eskuragarri, eta Hauteskunde Batzordeari emango zaizkiola, ondoren hauteskunde-mahaietara bidaltzeko.
2.– Segurtasun Sailak hauteskunde-administrazioko organoen esku jarriko ditu hautestontziak, kabinak eta hauteskunde-prozesua garatzeko behar diren gainerako baliabide materialak eta giza baliabideak.
3.– Segurtasun Sailak hauteskunde-prozeduran dagozkion funtzioak eta erantzukizunak bete ahal izateko behar den hauteskunde-dokumentazioa jarriko du aldarrikatutako hautagai-zerrendak dituzten erakunde, federazio eta konfederazio sindikalen eskura, hala eskatzen badute.
Bederatzigarrena.– Hauteskunde Batzordearen egoitza Erandion dago: Larrauri Mendotxe bidea 18.
Hamargarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
Hamaikagarrena.– Agindu honek indarrik gabe uzten du Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egiten duen Segurtasuneko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 2ko Agindua.
Hamabigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 9a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS