
13. zk., 2026ko urtarrilaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 12 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
272
EBAZPENA, 2025eko abenduaren 18koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, Asfaltos y Hormigones Aubide S.L lantegian fresaketa-hondakinak balorizatzeko proiektu baterako, Asfaltos y Hormigones Aubide S.L.-k sustaturik.
AURREKARIAK
2025eko urriaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuak eskatu zuen, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabidea aurkeztuz, ea hasiko ginen ingurumen-inpaktuaren ebaluaketa sinplifikatua egiten Asfaltos y Hormigones Aubide S.L lantegian fresaketa-hondakinak balorizatzeko proiektu baterako. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen eskabidea, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 45. artikuluak eta hurrengoek araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2025eko urriaren 21ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Hondakinak ezabatzeko edo balorizatzeko instalazioak (ez, ordea, I. eranskinean sartuta daudenak), salbuetsita utziz nork bere hondakin arriskugabeak ezabatu edo balorizatzea sortu diren lekuan bertan.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Aubide asfalto eta hormigoien lantegian fresaketa-hondakinak balorizatzeko proiekturako (Asfaltos y Hormigones Aubide SL-k sustatu du). Honatx txostena:
A) Proiektuaren helburua da aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko prozesuaren barruan beste azpiegitura bat integratzea, Hormigones y Asfaltos Aubide SLren bezeroek bide-zoru eta zoladura asfaltikoetan instalaziotik kanpo sortzen dituzten fresaketa-hondakinak balorizatzeko (EHZ 17 03 02 kodea).
B) Ebazpen honen bidez eman dugu ingurumen-inpaktuaren txostena Asfaltos y Hormigones Aubide S.L lantegian fresaketa-hondakinak balorizatzeko proiekturako (aurrerantzean, proiektua). Horretarako, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu dugu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideak erabiliz:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Asfaltos y Hormigones Aubide SL enpresa aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko prozesua ari da garatzen Zaratamoko instalazioetan. Prozesu horretan, fresaketa-hondakinen balorizazioa ere egin nahi da, eta, horretarako, beharrezkoa da aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko instalazioan beste ekipo bat eranstea % 25eko Fresaketa Ekarpena egiteko (EAF25).
% 25eko Fresaketa Ekarpena egiteko ekipo horrek elementu hauek izango ditu:
– Fresaketa elikatzeko tobera: 0,22 kW-eko bibragailua; 3 aurpegiko handitzea; parrilla; 500 mm-ko igoera; eta 17,3 m3 edukiera.
– Uhal elikatzailea: maiztasun-aldagailua; 5,5 kW-ko motor-murriztailea; 650 mm-ko zabalerako banda; 4.500 mm-ko luzera danborren artean; oraska gisako estazioak; eta bideragailuak luzera osoan.
– Baheketa egiteko: 0,3 kW-ko 2 motobibragailu; 4 malguki; 40 mm-ko argi-sarea.
– Bazter fresaketarako kanaleta.
– Putzupadak jasotzeko gailua: 80 tona orduko eta 12,5 kW-eko potentzia.
– Xurga-hodi bat nahasgailutik lehortegira: zilindrikoa, 600 mm-koa; eta balbula pneumatikoa duena.
– Ekarpen-dorre osoa:
a) 3.500 litroko edukiera nominala duen itxarote-tobera.
b) 1.900 litroko edukiera nominala duen baskula.
c) Nahasgailua elikatzeko zinta: 5,5 kW-eko potentziako motor-murriztailea; kable-tiratzailea; eta banda antikalorikoa (650 mm-ko zabalera eta 2.750 mm-ko luzera danborren artean).
Instalazio berria eraikitzeko, lehenik, zolata egin behar da, eta haren gainean oinarritu ekipoak eta arrapala txiki bat, ere, pala kargatzailea elikatze-toberara irits dadin. Zehazki, proiektuan ageri denez, zolata hori HA-25/B/20 IIa motako hormigoizko 4 m x 4 m-koa izango da; arrapalak, berriz, % 25eko malda izango du, eta 5 metroko luzera; eta HA-25/B/20 IIa motako hormigoiz egingo da.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, kalkulatzen da fresaketa-hondakinen balorizazioa 10.000 tona ingurukoa izango dela urtean.
Fresaketa balorizatzeko prozesuan urrats hauek egingo dira:
– Obratik datozela fresaketa garraiatzen duten kamioiak baskulatik igaroko dira, pisatu, eta zenbat material dakarten ikusiko da. Puntu horretan, kamioiaren kargaren lehen ikuskapena egingo da, begiz, ea materiala egokia den balioztatzeko.
– Lantegiko instalazioetan fresaketa onartu ondoren, eta sarrera erregistratu ostean, berariaz atonduko den 130 m2ko plataforma baten gainean metatutuko da (gehienez ere 4 metroko goitasuna). Metatzeko ahalmena 520 m3 da, hau da, guztira, ustea da 1.300 tona metatutako direla. Metaketa-eremuan, beste azalera txiki bat ere prestatuko da, balorizatu ezin den materiala pilatzeko (baheketaren errefusa); material hori zabortegira bidaliko da.
– Materiala onartu ondoren, bigarren begi-ikuskapen bat egingo da, egokia den zehazteko.
– Onartutako materiala elikatze-toberan sartzen da pala kargatzaile baten bidez. Toberaren goiko aldean bada sareta bat. Handik ez sartzen 100 mm baino gehiagoko materialik.
– Toberaren behealdean banda gisako elikagailu bat dago, abiadura aldakorrekoa, asfalto berriaren ekoizpenaren arabera behar den fresaketa-kantitatea emateko balioko duena.
– Banda gisako elikagailuak bahe batera bideratzen du materiala, eta, han, materialaren tamainaren bigarren hautaketa bat egiten da, sarearen arabera. Sarea zeharkatu ondoren, fresaketa putzupada-jasogailu batean sartzen da, eta, hortik, dorrearen baskulara joango da. Hor, nahasgailura sartuko da, nahasketa bituminosoa fabrikatzeko beharrezkoak diren gainerako produktuekin bat eginez.
– Toberak abio-gelditze automatikoko sistema bat izango du, dorrearen baskulan eduki duen mailak emana. Nahasketa dosifikatzearren, nahasketan zer fresaketa-ehuneko nahi dugun programatu egingo da (asfaltoa oinarri-geruzetarako edo tarteko geruzetarako baldin bada, ez du % 15 gaindituko). Horrela, instalazioak nahasgailua bere kasa erregulatuko du, agregakinen dosifikazio bakoitzeko espezifikazioaren arabera. Aldi berean, nahasgailutik lehortegira bitarteko xurgatze-sistema ireki egingo da, sortzen diren gasak atera eta tratatzeko.
Nahasketa bituminoso berria (fresaketatik datorren materiala eta guzti) kamioi batean kargatuko da eta obran erabiltzeko puntura eramango da, zoruaren zoladuran baliatzeko.
Jarraian, ikus dezagun, labur-labur, Asfaltos y Hormigones Aubidek gaur egun zer ekoizpen-instalazio dituen:
– Aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko lantegia:
INTRAME markako RM-200 modeloa da. Ekoizpen nominala eta maximoa, hurrenez hurren, 200 eta 220TM/h. Eredu geldikorra da; beroan eta etenez eten fabrikatzeko modukoa. Aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko eremuak 1.860 m2 inguruko azalera dauka.
Erabilitako lehengaia harrobietako erauzketatik datozen agregakinak dira. Siloan jaso eta pilatzen dira. Agregakinak lotzeko, betuna erabiltzen da. Betun hori 140 ºC inguruko tenperaturan jasotzen da zisternetan, eta 55 TMko biltegi kalorifugatuetan biltegiratzen da. Biltegiek barne-zirkulazio bertikala eta horizontala dute, dekantazioa eta craqueoak saihesteko. Tenperatura aldaketarik gabe mantentzen da, galdaratik biltegietako hodibihurretara doan fluido termiko baten bidez. Biltegi bakoitzak tenperaturaren eta deskarga-prozesuaren erregulazio automatikoa du. Hodien eta ponpaketa-ekipoen sare osoa erabat bero-isolatuta dago.
Aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko prozesua hasteko, agregakinak tobera batzuetan uzten dira, hotzean (instalazioak 6 tobera ditu; guztira, 4 m3-ko edukiera). Tobera bakoitzean, tamaina jakin bateko agregakina dago. Handik, lehortegira igaroko da, fabrikatu beharreko produktuaren formulak eskatzen duen proportzioan.
Lehortegira zinta batetik iristen dira. Lehortegitik 180 ºC-200 ºC inguruko tenperaturan ateratzen dira agregakinak. Jarraian, beroan dauden agregakinen jasogailura pasatzen dira, eta, han, putzupadetan batzen dira. Putzupadek agregakin beroak lehorgailutik baheketa-unitatera eramaten dituzte, bertikalki eta itxian. Putzupada batzuk kate baten gainean muntaturik: horixe da jasogailua. Putzupadetatik, agregakina dosifikagailu-nahasgailu unitatera pasatzen da. Hor, agregakinak atzera berriro bahetu egiten dira, berotan. Nahasketaren hurrenkera zehazturik dago, osatu den formula bakoitzak zer eskatzen duen gorabeheran, hartara, zabalduko den nahasketa bakoitzean proportzio egokiak ziurtatzarren.
Materiala bahetu ondoren, betuna gehitzen zaio, injekzio industrialeko sistema baten bidez. Betun-ekarpen hori sistema trinko baten bidez egiten da. Sistema horretan, bada industria-kubo bat ere, aire bidezko berokuntzarako ganbera bat duena; eta karga- eta deskarga-balbulak, pneumatikoki dabiltzanak.
Nahasketari ekarpen-fillerra edo berreskuratutako hautsa gehi dakioke. Nahasketa nahasgailu elektriko batean homogeneizatzen da (deskarga-uhate pneumatikoa du), eta kamioietan garraiatzen da, 165.ºC-ko gutxieneko tenperaturan, obran behar bezala jarriko dela bermatuz.
– Leblan hormigoi prestatua dosifikatzeko eta oratzeko lantegia:
«Leblan» hormigoi prestatua ekoizteko instalazioak 80 m3/orduko ekoizpena du benetan, eta elementu nagusi hauek osatzen dute:
a) 4 m3-ko bolumena duen oragailua: besodun oragilua, ardatz horizontal bikoitzekoa.
b) Agregakinen aurredosifikazio-unitatea: agregakinak kargatzeko ahoa, pala kargatzaileak puntu horretatik elikatzen ditu toberak, agregakinak garraiatzeko uhala eta 5 toberaz osatutako multzoa, 100 m3-ko biltegiratze-ahalmena duena.
c) Zementua aurredosifikatzeko unitatea: 4 zementu-silo, 60 tonakoak, torloju amaigabe dosifikatzaileak eta guzti. Bada gora igotzeko torloju amaigabe bat, 10 CV-koa.
d) Gehigarrien unitate prosifikatzailea; 4 depositu eta hiru dosifikazio-ekipo ditu.
e) Ura dosifikatzeko unitatea, ponpa, presio-ekipoa (2-4 kg), betetze-hodiak, etab.
f) ARCO programa dosifikatzailea. Haren bitartez, plantilstak ekoizpen-prozesu osoa informatikoki kontrolatzen du fabrikazio-kabinatik.
g) Oragailuko zaintza-kamera, une oro prozesuaren funtzionamendua egokia den ikusteko.
h) Beste elementu osagarri batzuk, hala nola instalazioa eta elektrizitate guztia, ekipo pneumatikoak, mekanikoak, etab.
– Liebherr hormigoi prestatua dosifikatzeko eta oratzeko lantegia:
Liebherr lantegia, dorre motakoa, bi plataformaz osatuta dago: bata oragailurako eta bestea baskuletarako. Plataformen gainetik agregakinen toberak daude: 180 m3-ko edukiera. Plataformen ondoan 100 tm-ko 4 zementu-silo daude.
Liebherr fabrikazio-lantegia Betomat II-235 modelokoa da, eta 110 m3/h-ko ekoizpena du. Jarraian, ikus dezagun atalez ata:
a) Agregakinen aurredosifikazio-atala: agregakinetarako 5 gela, edukieraz guztira 180 m3-koak; karga-zelulak dituen agregakin-baskula; 4 kW-eko potentzia duen karga-zinta; eta 45 kW-eko potentzia duen putzupada-jasogailua.
b) Zementuaren aurredosifikazio-atala: 3 zementu-silo (bakoitza 100 tm-koa, baina silo horietako bat 50 t-ko bitan banaturik dago); 9,2 kW-ko torloju amaigabea; 11 kw-ko hiru torloju amaigabe; eta karga-zelulak dituen zementu-baskula.
c) Uraren dosifikazio-atala: 4-6 bar-eko presio konstantea du, 5,5 CV-ko hiru ponpak emana; eta karga-zeluladun baskula.
d) Gehigarriak dosifikatzeko atala: 5 gehigarri-depositu, eta emari-neurgailu bidezko kontrola duten 2 dosifikazio-ponpa, bakoitza 0,3 kW-koa.
e) Oratze-atala: erdiko ardatz bikoitzeko oragailu bat, DW 3.0 modeloa, horizontala, DIN459 arauaren arabera, 55 Kw-ko bi motorduna; estalkia, eskuz irekitzeko bi aterekin, segurtasun pneumatikoak eta bi mikroetengailu.
f) Garbiketa-sistema automatikoa: presiopeko ura darabil, 18,5 kW-ko ponpa batekin.
g) Atal pneumatiko bat, 5,5 kW-ko konpresore batez osatua, haizea helarazteko 10 bar-etara, instalazio guztiko ireki- eta itxi-balbulei pneumatikoki eragiteko.
h) Dosifikazio-prozesuetarako ARCO kudeaketa- eta kontrol-atala, (9000 B. V.3.O) instalazioko informatika-zentrorako; eta 4 bideo-kamera.
Asfaltos y Hormigones Aubide instalazioak AKDJ baimena dauka (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak, ingurumen-dokumentuaren II.1 eranskina). Han daude jasota instalazioak bete behar dituen eskakizunak eta baldintzak. Gainera, instalazioak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren ustiapen-emakida ere badu, Emandotroka errekatik 0,72 l/s hartzeko industrian erabiltzeko. Baimena du orobat Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera isurtzeko. Baimen horretan, isurketen banakapena egiten da, ezarri beharreko neurri zuzentzaileak eta kontrolak zehazten dira, bai eta azken isurketak bete beharreko baldintzak ere.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuko I. eranskinean datoz zehazturik, hor ezarri baitziren jarduera horien zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak (eranskin hori gerora aldatu egin zen, azaroaren 2ko PRA/1080/2017 Aginduaren bidez). Bada, aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko jarduera ere lurzorua kutsa dezaketen jardueren artean dago, Lurzatiak badu berrikuspen bat egina lurzoruaren kalitatearen egoerari buruzko txostenarena (Dinam, 2020ko urria). Ingurumen Sailburuordetzari 2007an bidalitako lurzoruaren egoerari buruzko txostenaren eduki guztien berrikuspen zehatza da.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak 0 alternatiba edo «jardunik ez» alternatiba (1. alternatiba) jorratzen du, alegia, instalazioa orain arte bezala mantentzea, hau da, fresaketa-hondakinak balorizatzeko eta instalazioaren ekoizpen-prozesuan integratzeko azpiegitura berririk sartu gabe; 2. alternatiba: asfalto-aglomeratua fabrikatzeko instalazio berri bat eraikitzea beste kokaleku batean, fresaketaren balorizazio-azpiegitura barne; eta 3. alternatiba: Asfaltos y Hormigones Aubide SL asfalto-aglomeratua fabrikatzeko instalazioa erabiltzea, dagoeneko eraikita baitago, eta behar diren elementuak txertatzea, prozesuan fresaketa ere sartzeko baldintza egokietan. 3. alternatiba aukeratu da, ez delako nahi lurzoru naturala industriarako artifizialdu, eta lehenagotik abian den ekoizpen-prozesuan integratuz jarduera berria, ingurumen-inpaktuak gaur egun daudenen parekoak izango direlako.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Asfaltos y Hormigones Aubide SLren lurzatia 11.671,49 m2-koa da, oso-osorik industria-jarduera garatzeko dago okupaturik, eta Iragorri auzotik 600 metro ingurura eta Zaratamoko hirigunetik 800 metro ingurura dago, Moiordin-Barrondo (BI-3702) errepidearen ondoan.
Eremua Ibaizabal Unitate Hidrologikoan dago kokatuta. Instalazioen azpitik, lurpetik, Emando erreka eta haren adarra, Errekatxu erreka, igarotzen dira. Eremuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Litologiari dagokionez, limolitak daude, porositateagatik iragazkortasun txikia dutenak. Lurzoruak artifizializaturik daude, eta ez dute balio agrologikorik.
«Hegoaldeko antiklinorioaren» lurpeko ur-masaren gainean dago eremua eta, oro har, egoera onean dago. Eremua ez dator bat lurpeko ur-masen sektoreekin, ezta interes hidrogeologikoko eremuarekin ere. Akuiferoen kutsadura-arriskua oso txikia da.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), kokalekua hiri-zonek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta ingurumen-dokumentuak berresten du hori.
Faunari dagokionez, kokalekura doan erreka-sarea «hobetu beharreko tarte» gisa dago sailkatuta bisoi europarra (Mustela lutreola) kontserbatzeko, espezie hori Bizkaian Kudeatzeko Planaren arabera (ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu). Kokalekuaren inguruan ez da identifikatu eremurik kudeaketa-plan onartu hauetan ageri denik: mehatxatutako fauna kudeatzeko planetan; Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planetan; Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako eremuak kudeatzeko planetan. Ziurrenik, eremuan dagoen fauna hiri-eremuetara egokitutako espezie arruntek osatzen dute.
Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik, ez eta katalogaturiko edo sailkaturiko paisaia-baliorik ere. Proiektuak ez du ukitzen EAEko korridore ekologikoen sareko edo LAGetako azpiegitura berdeko elementurik, baina Gorbeia-Urdaibai korridorearen ondoan dago (PTP-BM), eta korridore hori Bizkaiko Azpiegitura Berde-Urdinean dago. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik, ezta kultura-ondareko elementu kalifikaturik edo sailkaturik ere.
Bestalde, ingurumen-arriskuei dagokienez, begira dezagun lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioan, eta ikusiko dugu Proiektuaren eremua 48097-00030 kodea duen kokalekuan dagoela. Aztertu dugu Asfaltos y Hormigones Aubide SL enpresako lurzoruaren kalitatearen egoerari buruzko txostenaren berrikuspena (Dinam, 2020ko urria). Ingurumen-dokumentu honetan jasota dago: «... hormigoi eta aglomeratu asfaltikoa eta zabaldua fabrikatzeko Aubideren lantegian (Moiordin 29, Zaratamo, Bizkaia), lurzoruaren kalitatea zuzena». Nolanahi ere, aipatutako txostenak honako hau adierazten du:
«[...]
– Kokalekuaren kalteberatasuna baxua da, lurzatia dagoen lekuan akuiferoen zaurgarritasuna ere baxua delako, kalitate baxuko azal-ur batzuetatik hurbil.
– Kokalekuari kalitate baxukoa irizten zaio, lur azpian badagoelako biltegi bat 20 urte baino zaharragoa.
– Bada foku bat IIIko arrisku-maila duena. Horrek esan nahi du hobekuntza-neurriak hartu behar direla, baldin eta bideragarria bada eta teknikoki eta ekonomikoki arrazoizkoa.
– Beste 6 fokutan arrisku-maila IVkoa da, hots, egindako azterketaren arabera, ez da beharrezkoa esku hartzea.
– Badira beste 3 foku historiko gaur egun ezetsita daudenak, baina lurzoruaren kalitatea aztertzen denean, kontuan hartu beharko dira.
Ekarri duten dokumentazioaren arabera, begizko ikuskapenean ez zen kutsadura-arrastorik atzeman, zolatan zeuden orban txiki batzuk besterik ez, isurketa txiki batzuek utzita inondik ere. Zer arrisku dagoen kontuan hartuta, ez dugu uste zuzentze-neurririk hartu behar denik.»
Beste ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibaien uholde-arriskuaren arazorik, ez eta sismikotasunetik edo baso-sutetik eratorritako arriskurik ere; era berean, ez da identifikatu salgai arriskutsuak errepidez edo trenbidez garraiatzearen ondoriozko arrisku handirik, ez SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasunagatik, ez akuiferoak kutsatzeko arriskuagatik.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Asfalto-aglomeratua fabrikatzeko instalazioari beste ekipo bat gehitzeko eta, horrela, % 25eko fresaketa eransteko (EAF25), obra batzuk egin beharko dira, baina proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez da espero afekzio aipagarririk. Inpaktu esanguratsuenak fresaketa-hondakinak balorizatzeko prozesuan sortuko dira, eta fase horretan urak kutsatzeko arriskua handitu egingo da, gainazalean pilatutako fresaketa-materialetatik etor daitezkeen lixibiatuengatik. Ildo horretan, kontuan hartu behar da proiektuaren eremua bat datorrela Emando errekaren lurpeko ibilguarekin. Bada irekiune bat ibilgu horretara doana, enpresak egina hango ura hartzeko puntuan. Aipatutako lixibiatuez gain, lurrazaleko uren kalitatea murriztu ahal izango da balorizazio-prozesuan erabilitako makinen ustekabeko isurien ondorioz eta/edo pilaketa-eremuetan sortutako jariatzeetatik datozen solido esekien ondorioz. Horregatik, oro har, ibai-sareari lotutako faunaren habitataren kalitateari eragiteko arriskua handituko da. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, gaur egun, jariatze-ura dekantazio-putzu batera bideratzen da. Putzu horretako urak aldizka aztertzen dira (3 hilean behin), eta, ondoren, udal-kolektorera isurtzen dira.
Bestalde, Fresaketaren Ekarpen Ekipo berria (% 25) eta balorizazio-jarduera berria IHOBEk inbentariatutako lurzoru batean jarriko dira, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituztelako. Instalazioak badu Lurzoruaren Aurretiazko Txostena (IPS), 2007an egina eta ingurumen-organoari eta IHOBEri aurkeztua, bai eta 2020an txosten horri egindako Berrikuspena ere (Dinam Ingeniería SL). Berrikuspen horretan, gomendio osagarri batzuk jasotzen dira, jarduera garatzeko jada hartuta dauden prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hobetzearren. Kontua oraingo jarduera hedatzea da, baina orain bertan betetzen dituen mugen barruan, eta, horregatik, salbuetsita egongo litzateke Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpenaren prozedura hastetik, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 25.1.c) artikuluaren arabera.
Atmosferaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, jarduera berriak ez du airean hauts eta partikula esekien presentzia areagotuko; izan ere, material fresatuak agregakin lodia ordeztuko du, eta ez da aldatuko ekarritako lehengaien estadio fisikoa. Nolanahi ere, fresatzeko materiala gehitze hori eta jarduera osagarriak eranste hori jakinarazi egin behar da, instalazioaren AKDJ jarduerak erregularizatzeko, 2020-06-23ko AKDJ baimena aldatzea baitakarte.
Egoera akustikoari dagokionez, ez da aurreikusten jarduera berriaren ondorioz egungo zarata-mailak nabarmen aldatuko direnik. Agirietan ondo arrazoiturik dago, kalkuluak eginda, betetzen direla zarata-immisiorako ezarrita dauden muga-balioak. Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan datoz zehazturik.
Bestalde, eragindako administrazio publikoei egin beharreko kontsulten izapidean, Udalak ere egin du bere txostena, eta, han agerian uzten denez, instalazioak gaur egun usainak sortzen ditu, eta bizilagun batzuk kexatu egin dira. Hala ere, ez da aurreikusten produkzio-prozesuan material fresatua sartzeak usain horiek nabarmen handitzea ekarriko duenik.
Azkenik, aipatu behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak badakartzala zenbait alderdi positibo, hala nola materialak berrerabiltzea eta, ondorioz, lehengai naturalen erabilera murriztea, ez bakarrik asfalto-ekoizpenean erabilitako materialei dagokienez, baita birziklatu nahi diren agregakinak deuseztatzeko eremu txikiagoa beharko delako ere.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Asfaltos y Hormigones Aubide S.L. lantegian fresaketa-hondakinak balorizatzako proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.
Ura babesteko neurriak.
Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren isurtze-baimenak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:
i) Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.
ii) Instalazioaren gainazal osoak hormigoizko edo aglomeratu asfaltikozko zoladura eduki beharko du, baldintzarik onenetan, arrakalarik gabe edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskugunerik gabe.
iii) Instalazioko euri-ur guztiak, metaketa-eremukoak barne, arazketa-sistemara konektatutako drainatze-azpiegituren bidez bildu beharko dira. Arazgailuak isurketa motarako egokiak izan beharko dira eta solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko kalkulu hidraulikoen eta isurien nahitaezko baimenean ezartzen diren emari-mugen eta parametro fisiko-kimikoen araberakoak.
iv) Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, eta balizko jarioetarako babesak izango dituzte, eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.
v) Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
vi) Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.
vii) Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremuetan), edo jabari horretan bertan, egin behar den edozein jarduerak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eduki beharko du, Uraren Euskal Agentziaren bidez izapidetuta.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
– Proiektua dela eta, erabilitako agregakin naturalaren zati bat errepideetako asfaltoaren fresaketaren hondakinez ordeztuko da, % 25eko proportzioan. Sustatzaileak, ildo horretan, proposatu den aldaketaren berri eman beharko dio (horretarako gaitutako bitartekoen bidez) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako Aire Zerbitzuari, hark, bere aldeteik, egin beharreko oharrak egin ditzan, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak (AKDJ) garatzeko eman den baimenari buruz (Asfaltos y Hormigones Aubide SLri eman zaio, aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko instalazio bat egiteko Zaratamoko udalerrian). Baimen hori Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen bidez dago emanda (Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpena, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Asfaltos y Hormigones Aubide SLri, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko, hartara nahasketa bituminosoak eta hormigoi prestatua fabrikatzeko, Zaratamoko udal-mugartean (Bizkaia)).
– AKDJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko dira, bai konfinatuak, bai barreiatuak, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, garraioan eta pilatze-lanetan sortutako emisio lausoak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira. Horretarako, neurri hauek hartuko dira aintzat:
i) Emisioak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira, eta instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak eta kamioien zamalanetarako guneak). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak aldizka garbituko dira, eta ibilgailuen abiadura mugatuta egongo da.
ii) Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.
iii) Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
iv) Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.
v) Pilaketa-eremua hezetzeko eta kamioiak igarotzen diren eremuak ureztatzeko sistemak izango dira.
vi) Lantegiko instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egin beharko dira aldian behin, arestian deskribatu diren prebentzio-neurri horien betetze-maila egiaztatzeko.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makinak behar bezala mantendu beharko dira, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, ekoizpenari zein ingurumen-arloari dagokienez egoera ezin hobean funtzionatzen dutela bermatzeko.
– Jarduerak, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan (I. eranskineko F taulan) ezarritako zarata-foku berriei aplikatu behar zaizkien zarata-immisioaren muga-balioak bete beharko ditu.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, horien tipologia dela eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Jarduera uztea.
– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
– Jarduera uzten denean – Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.c) artikuluan jasotako lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren kasuan –, dagokion prozedura hasi beharko da, lege horren 7.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera; eta, 31. artikuluaren arabera, jarduera edo instalazioa behin betiko uzten denetik gehienez ere bi hilabeteko epean, jardueraren edo instalazioaren titularrak uzte horren berri eman beharko dio autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari.
Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hortaz, ez da beharrezkotzat jotzen Asfaltos y Hormigones Aubide S.L.k asfalto eta hormigoien lantegian fresaketa-hondakinak balorizatzeko sustatu duen proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete bahar izatea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 18a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS