
13. zk., 2026ko urtarrilaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (269 KB - 13 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
271
EBAZPENA, 2025eko abenduaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez formulatzen baita VGP Naves Industriales Península SMk Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremua urbanizatzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2025eko irailaren 24an, Sestaoko Udalak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremua urbanizatzeko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko urriaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago, aipatutako Legearen II.E. eranskineko 7. taldeko a) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako (Industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak). Proiektuak Sestaoko La Naval enpresaren eremu industriala urbanizatzeko zer obra egin behar diren zehazten du.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea VGP Naves Industriales Península SMk sustatutako Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremuaren urbanizazio-proiekturako. Honako hauek dira baldintzak:
A) Proiektuaren xedea da Sestaoko udal-mugarteko La Navalen eremuan urbanizazio pribaturako behar diren obrak diseinatu eta zehaztea.
B) Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektua garatuko den partzela Sestaoko udalerrian dago, Ibaizabal itsas-adarraren ondoan, garai batean La Naval ontziolak zeuden tokian.
Partzelak 279.113,69 m2-ko azalera du guztira, baina proiektu honek urbanizazioaren zatia baino ez du aintzat hartzen, eta bideak, espaloiak, aparkalekuak eta lorategiak definitzen ditu, besteak beste. Zehatz esateko, urbanizazio-proiektua guztira 5.389,63 m2 dituen gainazal batean egingo da, eta ez du eraginik izango eremu pribatuetan eta lehengoratzeko eremu isolatuetan.
Gaur egun La Navalen eraikin gehienak, diseinu arkitektonikoko elementuak eta bideak eraitsita daude, eta interes kulturala dutelako babestuta daudenak bakarrik utzi dira. Eraitsi aurretik hiru zona bereizten ziren partzelan: mendebaldean, eraikuntzako bi harmaila, lantegiak, biltegiak eta bulegoak; erdian, askotariko lantegiak eta nabeak argindarrez elikatzen zituen zentral elektrikoa; eta, ekialdean, bi dike lehor.
Esan beharra dago urbanizazio-proiektuak, batetik, ekialdeko bi dike lehorrak mantendu nahi dituela eta, bestetik, mendebaldeko bi harmailak estali nahi dituela, gutxienez +3,5 m-ko kotaraino beteta. Garai batean dikeak eraiki edo konpontzeko erabiltzen ziren harmaila horiek.
Bide-sarea.
Galtzadak, espaloiak eta bideetako eta hirigintzako bestelako elementuak diseinatu dira.
Eremuko bideen trazadurak 1.089,45 m luzeko ardatz nagusi bat du, errepidearen ipar-mendebaldean hasten da eta eremuaren hego-ekialderaino doa. Bideetako bihurguneak beharrezko gainzabalerarekin diseinatu dira, ibilgailu artikulatuek zirkulatzeko arazorik izan ez dezaten.
Energia elektrikoa.
Sare elektriko berria diseinatu da, etorkizuneko eremuaren barneko kontsumoak hornitzeko. Horretarako, batetik, tentsio ertaineko sare berri bat jarriko da; sarea egungo Maniobra eta Banaketa Zentrotik (MBZ) abiatuko da –zentroa eremuaren erdiko sarbidetik gertu dago eta gaur egun La Navali eskaintzen dio zerbitzua– eta etorkizuneko barne-partzela bakoitzeko sekzionamendu- eta transformazio-zentroetara joango da; bestetik, MBZ horretatik behe-tentsioko sare berri bat abiatuko da, eta dagozkion argiteria publikoko aginte-koadroak elikatuko ditu. Guztira behe-tentsioko hiru hornikuntza aurreikusi dira; bi argiteriarako, eta gehigarri bat, eremuaren barruan etorkizunean aparkaleku bat egitea aurreikusten baita.
Drainatzea.
Kolektoreen sare nagusi bat diseinatu da, eta 11 hargune izango ditu etorkizunean partzela pribatuekin konektatzeko.
Hiru kolektore nagusi aurreikusi dira: COL1 eta COL2 galtzada berriaren azpitik joango dira eta jarduketa-eremuaren barneko urak hartuko dituzte; COL3 kolektoreak, berriz, eremuaren kanpoko urak bildu eta eramango ditu, eta ez du loturarik eremuaren barneko urekin. Kolektore guztietako urak harea eta koipea kentzeko kutxatiletatik igaroko dira, isuri aurretik.
Galtzada drainatzeko, 30 x 65 cm-ko saretak dituzten hustubideak egongo dira, lateralki eta simetrikoki (gehienetan) konektatuta erregistroko kutxatilako kolektore nagusiekin. Galtzadak % 2ko ponpaketa izango du bi aldeetan.
Saneamendua.
Saneamenduak sistema banatzaile bat izango du, eta euri-urak eta hondakin-urak sare independenteetan bilduko dira.
Ur beltzen sareak bi kolektore izango ditu eta grabitatearen bidez hustuko dira Sestaoko Saneamendu Sare Nagusiko hodietara, Bilboko Ur Partzuergoak azaldu bezala.
Bi kolektoreak proiektatutako bidearen azpitik doaz, lehendik dagoen sarearekin bat egin arte, eta bien artean ponpatzeko sistema bat ezarriko da.
Hodiak PVCz diseinatuko dira, 250 mm-ko diametroa izango dute eta fluxuaren abiadura grabitatearen bidez hustea eta finak arrastatzea bermatzeko behar den mailen artean dagoela ziurtatuko da.
Hornikuntza.
Hornikuntza-sarearen diseinua erabilera misto, industrial eta logistikorako izango da, baita berdeguneak ureztatzeko eta suteen aurka babesteko ere.
Hodiak burdinurtu nodularrekoak dira, eta juntura elastikoak dituzte hodien artean eta pieza berezien arteko loturetan. Diametroak 100, 150 eta 200 mm-koak dira. Ebaketa-balbula bidez isolatutako zatietan banatu da sarea, araudi teknikoak adierazi bezala.
Erregistroko kutxatilak Udalak normalizatutako motakoak dira, eta T delakoetan eta ukondoetan jarritako ainguraketak, berriz, indarrean dagoen araudiaren araberakoak.
Egiturak.
Partzelan eusteko egitura, hormak eta eskailerak egingo dira.
Eusteko egiturak 5,20 metro altuko horma bat izango du sekzio aldakorrarekin, mikropiloteen lauza baten gainean zimendatuta egongo dena; horma hori partzelaren mendebaldean eraikitako harmailen betelana eusteko izango da.
Bestelako instalazioak.
Instalazio hauen diseinua ere badu proiektuak: suteen aurkako sarea, ureztatzeko sarea, argiteria, telefonia, gasa eta seinaleak.
Lur-mugimenduak.
Proiektuan guztira 21.577,90 m3 lur erauziko dira, eta sailkatu edo zuzenean zabortegira eramango dira. Obra guztia egiteko 44.946,72 m3 lur erabiliko dira betetzeko, eta horietatik 34.994,76 m3 partzelaren ipar-mendebaldeko eraikuntza-harmailetako betelanenak izango dira.
Gainazalen akaberak.
Urbanizazioaren eremuko gainazalaren akaberak galtzada-harriak, hormigoi leundu mutxardatua, errodadura-geruza, lorategiak, hormigoi armatua eta baldosa podotaktila izango ditu. Hiri-altzariei dagokienez, mota desberdinetakoak izango dira La Navalen urbanizazio-eremu osoan.
Paisaiaren arloko tratamendua.
La Navalen eremuaren barruko lorategiek 3.080,53 m2-ko azalera izango dute guztira, eta zuhaixkak eta zuhaitzak landatuko dira. Gainera, espaloian 1 m x 1 m-ko txorko karratuak egongo dira, eta horien gainean hormigoizko txorkoak eta metro 1eko landare-lurraren gainean dauden zuhaitz espezieak jarriko dira; txorko karratu batetik bestera gehienez ere 7,5 metroko tartea egongo da.
Oinezkoentzako plaza gogorrean zenbait txorko ipini dira estali gabe; 4 m dira zabalean eta askotariko luzerak izango dituzte; metro bateko sakonera izango du betelanak, eta espaloikoak ez bezalako zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira.
Lehendik dagoen zuhaizti bat mantendu egingo da eta landare-lur geruza bat botako zaio, txorkoetan jarriko diren 6 espezie izan ezik.
Ingurumen-dokumentuko «Paisaia lehengoratzea. Oinplano orokorra» planoaren arabera, paisaia lehengoratzeko hidroerein egingo da, lehendik dauden 21 zuhaitzak mantenduko dira eta zenbait espezie landatuko dira; esaterako: Acer x freemanii (85 ale), Acer campestre (83 ale), Betula pendula (81 ale), Liquidambar styraciflua (8 ale), Magnolia grandiflora (12 ale), Tilia cordata (10 ale), Morus alba (12 ale), Quercus alba (15 ale), Ginkgo biloba (13 ale), Pyrus calleryana (16 ale), Abelia grandiflora (15 ale), Ilex crenata (12 ale), Callistemon citrinus (12 ale), Buxus sempervirens (66 ale) eta Buxus sempervirens «variegata» (74 ale).
Proiektuak Hondakinak Kudeatzeko Plana eta Hondeaketa Plana ditu.
Proiektua gauzatzeko, 45 asteko epea zenbatesten da.
Ingurumen-dokumentuak aukera bat jasotzen du, 0. edo «esku-hartzerik ez» aukeraz gain. 0. aukera albo batera utzi da, eremuaren garapenean atzera egingo bailitzateke. Haututako aukera atal honetan deskribatutakoa da, eta eremuaren Plan Berezian hautatutakoa.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektua Sestaoko udalerrian dago, iparraldean muga egiten du Ibaizabal ibaiaren trantsizioko ezkerraldearekin eta industria-arloko enpresez inguratuta dago.
Proiektua Ibaizabalen unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Ibaizabalen drainatze-trantsizioko (ES111O000030) ur-masaren isuri-arroetan dago. La Navalen eremuak ez du ibilgurik barnean, baina iparraldean Ibaizabal ibaiaren trantsizioko ibilguarekin muga egiten du eta hegoaldetik 200 metro ingurura Galindo ibaia dago. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen arloko Plan Sektorialak Ibaizabal ibaiaren trantsizioko ertzak «garatutako eremuetako ertzak» direla dio hirigintzako osagaiari dagokionez, eta osagai hidraulikoaren arabera VI. mailakoak dira (>600 km2). Eremuan ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Gainera, La Naval itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren eta horren bide-zortasun, babes-zorgune eta eragin-zortasuneko eremuen eraginpean dago.
Proiektuaren jarduketa-eremua hegoaldeko antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean dago. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia da.
Litologiari dagokionez, proiektuaren eremua porositateagatiko iragazkortasun ertaineko metakin antropogenikoz osatuta dago. Ukitutako lurzoruen ikuspegitik, eremua ez dago EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak ordenatuta.
Proiektuaren eremuan ez dago Natura 2000 sareko espaziorik, naturagune babesturik, ez eta inbentariatu eta babestutako edo interes naturalistikoko bestelako eremurik ere. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntuekin edo lekuekin, ezta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin ere. Amaitzeko, ez dago EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartutako lekurik eta ez du erabilera publikoko mendiekin bat egiten.
EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, dentsitate handiko herri eta hirietako eraikinak daude La Navalen eremuan. Ingurumen-dokumentuaren arabera, lehen zeuden azpiegiturarik gehienak eraitsi ondoren, gaur egun eraisketen hondarrak eta belar-espezie nitrofiloak eta inbaditzaileak daude. Gainera, eremuaren hego-mendebaldean, bulegoetatik gertu, sei indi gaztainondo (Aesculus hipocastabun) eta erramu bat (Laurus nobilis) daude, ongi kontserbatuta, eta diametro nabarmenekoak. Ez dago Batasunaren Intereseko Habitat katalogaturik, eta, geoEuskadiko kartografiaren arabera, babestutako florarik ere ez.
La Navalen ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den gunerik. Dena dela, Ibaizabal ibaiaren trantsizioa bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa planean hobetzeko zati bezala dago sartuta. Ingurumen-dokumentuaren arabera, La Navalen eremuak inguru desnaturalizatua du, eta ez da espezie asko garatzea ahalbidetzen duen ingurunea.
Barakaldoko ikus-arroan dago eremua, eta ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).
La Navalen eremuan badaude kultura-ondareko inbentariatutako elementuak, baina ez urbanizazioaren jarduketa-eremuan.
La Navalen eremu osoa bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko partzela batekin (kodea: 48084-00027). Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 2022ko otsailean ingurumen-organoak faseka jarduteko proposamena onartu zuen, industria-aurriaren inbentariorako agiri honen bidez: «Hondarren kudeaketarako baimena, eraikuntzako elementuen garbiketa eta agirian jasotako zati bat eraisteari aurka ez egitea. Dokumentu hori jasota dago "Sestaoko (Bizkaia) udal-mugarteko Construcciones Navales del Norte (La Naval) enpresaren garai bateko kokagunearen industria-aurriaren inbentarioa" agirian.»
2023an igorri zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez baimena eman baitzitzaion Urlau Proyectos y Servicios SMU enpresari kutsatzaileak atzeman ziren materialak saneatzeko indusketak egiteko Construcciones Navales del Norte (La Naval) enpresaren garai bateko kokapenean, Sestaoko (Bizkaia) udal-mugartean, ekainaren 25eko 4/2015 Legean, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoan, araututako lurzoruaren kalitatearen gaineko adierazpena egiteko prozeduraren barruan.
2024ko uztailean igorri zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez Sestaoko (Bizkaia) udal-mugarteko Construcciones Navales del Norte (La Naval) enpresaren garai bateko kokapeneko lurzoruaren kalitatea aitortu zen, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera; bertan, lurzoru eraldatutzat hartzen da erabilera industrialerako eta parke publikorako.
Urbanizazio-proiektuak badu «La Navalen eremuko urbanizazioa egiteko eraikuntza-arrazoien ondoriozko hondeaketa-plana», Eusko Jaurlaritzak akreditatutako IDOM, Consulting, Engineering, Architecture SAU enpresak idatzia eta ENAC enpresak ere bai, erakunde-ikuskatzaile gisa, ISO 17.020 arauaren arabera. Plan horretan sartzen dira hondeatu beharreko materialen ezaugarriak, ezaugarri horien emaitzak (zabortegiko kudeaketarako), berrerabiltzeari begira dituzten ezaugarriak, egin beharreko hondeaketaren metodologia, bai eta ingurumen-indarraldiko plana ere.
Uholde arriskuari dagokionez, lehendik dauden eraikuntzako harmailak urak hartu ditzakeen eremuan daude 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborekin, eta I taldeko Bilbo-Erandio uholde-arrisku handiko eremuan (UAHE) dago.
Gainerako ingurumen-arriskuez ari garela, baztertu egin dira sismikotasunarekin, baso-suteekin eta salgai arriskutsuen garraioarekin zerikusia dutenak, bai eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa ere. Egiazko higaduraren RUSLE ereduaren arabera, eremuan higadura-maila txikiko eremuak daude batez ere, nahiz eta erdialdean eta ekialdean muturreko higadura duten eremuak ere izan.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Eremuaren izaera eta proiektuaren ezaugarriak kontuan izanda, inpakturik esanguratsuenak obren fasean izango dira, harmailak betetzeagatik eta eusteko egiturak egiteagatik, bideak egiteagatik eta zerbitzu-sareak instalatzeagatik (argindarra, drainatzekoa, hornidurak, saneamendua...); horien ondorioz sastrakak moztu beharko dira, landaredia kendu eta lurrak mugitu. Obren ondorioz, askotariko afekzioak izango dira eremuan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira, makinak ibiliko dira atzera-aurrera, lurzorua okupatuko da, kutsatutako lurrak egongo dira, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzearen ondorioz atmosferaren kalitatea murriztuko da, landaredian eragina izango da, zaratak izango dira, ustekabeko isurketek eta partikulen garraioak uren kalitateari eragiteko arriskua izango da, etab.
Kutsatuta egon daitezkeen lurrei dagokienez, ekainaren 25eko 4/2015 Legean, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoan, xedatutakoa bete beharko da, eta hondeaketa-planen baimenean ingurumen-organoak ezarriko dituen zehaztapenak bete beharko dira La Navalen eremuan urbanizazio-lanak egiteko, eta lurzoruen kalitatearen adierazpenean esandakoa ere aintzat hartuko da.
Ustiapen-fasean, baliabideen eta energiaren kontsumoa areagotzearekin, argiteria berriak eragindako argi-kutsadura handitzearekin eta bide berrien ondorioz trafikoa areagotzearekin lotutako eraginak espero dira.
Uholde arriskuari dagokionez, lehendik dauden harmailetan proiektatuta dauden betelanak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denbora duten eremuetan egingo dira. Ingurumen-dokumentuak dio azterketa hidraulikoa egin dela, non egungo egoera eta urbanizazioa egin ondorengo etorkizuneko egoera alderatzen diren. Azterketak ondorioztatu zuenez, ontziak egin eta uretaratzeko harmailak +3,50 metroko kotan bete ondoren, esparru hori uholdearen eraginetik kanpo egongo da. Era berean, harmaila-eremua bezala, partzelaren gainerako zatia ere uholdearen eraginetik kanpo kokatzen da, bai orain, bai etorkizunean. Gainera, proiektua garatuko den esparruaren Hiri Antolamendurako Plan Bereziaren ingurumen-izapidearen esparruan, Uraren Euskal Agentziak balidatu egin zuen aurkeztutako azterketa, eta plana bateragarria zela esan zuen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Uholde-arriskua Kudeatzeko Planarekin.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremuaren urbanizazio-proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak, paisaia-integraziokoak barne, obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Gehitu egin beharko dira apartatu hauetan adierazitako neurriak:
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Kontratistaren instalazioguneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen, landare-lurren eta garbiguneen behin-behineko pilaketa-eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uraldien ondoriozko uholde-arriskuguneak okupatzea eta drainatze-sare naturalari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.
Eremu horiek ezin izango dira inola ere Ibaizabal ibaiaren trantsizioko ibaiertzaren ondoko lurretan kokatu.
– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddelia davidii, Phyllostachys aurea edo beste batzuk).
– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie inbaditzaileen haziak edo propaguluak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:
– Proiektuaren eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioan sartutako partzela batean dago (48084-00027 kodea). Horren ondorioz, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak bete beharko dira, eta «La Navalen eremua urbanizatzeko, eraikuntza-arrazoiengatik egindako hondeaketa-plana» baimentzean eta, dagokionean, lurzoruaren kalitatearen adierazpenean ingurumen-organoak ezarritako zehaztapenak ere bai.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– La Naval Ontziolako Monumentu Multzoari lotuta egonik (44. fitxa) Euskal Kultura Ondarearen Zentroak babesteko proposatutako ondare-elementuei dagokienez, Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta Sestaoko (Bizkaia) «La Naval» ontziola monumentu multzoaren kategoriarekin babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen duen maiatzaren 24ko 67/2022 Dekretuan xedatutakoa beteko da. La Naval ontziolako monumentu multzoko babestuko elementuetan egin beharreko esku-hartze oro Bizkaiko Foru Aldundiak baimendu beharko du.
– Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zuzendaritzaren 2025eko urriaren 13ko txostenaren arabera, urbanizazio-proiektuak Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremuaren Hiri Antolamendurako Plan Berezia garatzeko hirigintzako arauetako zehaztapenak beteko ditu, eta, zehatzago esanda, tokiko bide-sistemaren zonako hirigintza-arau partikularraren landatzeko zehaztapenak (11.5) eta urbanizazioaren tratamenduarenak (11.6): NU-SLV La Naval.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:
– Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko babes-zortasuneko guneari eragiten dioten eta hirigintza-tresnan jasota dauden jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko administrazio-baimena beharko dute gauzatu aurretik.
– Oro har, eraikitzeko fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera, batez ere La Navalen ontziak egiteko eta uretaratzeko harmailak betetzerakoan. Ingurumen-agiriaren arabera, uhertasunaren aurkako errezelak jarriko dira eta padurako uhertasuna egunero neurtuko da, harmailen zonako jarduerek irauten duten bitartean. Kontrol horietako emaitzen arabera, obrako zuzendaritzak eta ingurumen-arloko aholkularitzak zehaztuko dute errezel horiek behar bezain eraginkorrak diren edo, aitzitik, neurri zuzentzaile gehigarriak ezarri beharra dagoen.
– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
– Ildo horretatik, aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta hormigoi-upelen kanaletak garbitzearen ondoriozko urak tratatzeko, gailuak jarriko dira obren zonan; hau da, geotestilez estalitako dekantagailuak, errazago garbitzeko eta dekantatutako hondakinak biltzeko. Sistema horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoi-garbiketaren esneak ibaiaren ibilgura isurtzea.
– Nolanahi ere, isuriek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izan beharko ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin. Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak:
– Lanek dirauten bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak:
– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
– Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, izan daitezkeen ihes eta isuriei eusteko ontzi edo sistemen barruan.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, bestalde, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
– Bideek garbi-garbi egon beharko dute beti; horretarako, behar izanez gero, ibilgailuak garbitzeko instalazioak jarriko dira obra-guneen irteeran, solidoak dekantatzeko sistemei konektatuta eta, ahal dela, ura birzirkulatzeko sistemekin. Dekantatutako jalkinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira, eta, hala badagokio, gurpilak garbitzeko sistemaren efluentea isurtzeko baimena eskatuko zaio Uraren Euskal Agentziari. Instalazio horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen bitartean.
– Sarbideak aldizka garbitzekotan, lehentasuna emango zaio eskuzko metodoak edo erratz-makinak erabiltzeari azalerak ureztatu beharrean; hartara, solido esekiz betetako jariaketak sortzea ekidingo da, Ibaizabal ibaiaren trantsizioko uren kalitatean eragina izateko arriskua dago eta.
– Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:
– Berdeguneak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenari jarraikiz landareztatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztearren eta eremuko landaredi potentzialaren berezko espezieak erabiltzeari lehentasuna ematearren.
– Kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak bertan sartu eta heda ez daitezen:
i) Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
ii) Lehengoratzean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin [hala nola budleia (Buddleja davidii), panpa-lezka (Cortaderia selloana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia)] kutsatuta egon litezkeen lurrak, dela jatorria obran bertan dela kanpoan izan.
– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.
– Lur-mugimenduek dirauten artean, landare-lurrari dagozkion geruzak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazteko.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren okupazio-mugak eta makinen zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako baino eremu handiagoa.
– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta urak kutsatzea ere.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakon bat egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen VGP Naves Industriales Península SMk sustatutako Sestaoko (Bizkaia) La Navalen eremuko urbanizazio-proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sestaoko Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 3a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS