Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2026ko urtarrilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
270

EBAZPENA, 2025eko urriaren 26koa, Ingurumeneko sailburuordearena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena eta ingurumen-baimen integratua ematen duena, Urteaga Química SLk Vitoria-Gasteiz udalerriko (Araba) Bergarako atea 27 helbidean produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko instalazioa egiteko.

AURREKARIAK

2024ko abenduaren 19an, Urteaga Química SLk ingurumen-baimen bateratua eta ingurumen-inpaktuaren nahitaezko adierazpena eskatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen-organo honetan, produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko instalazioa egiteko (Arabako Vitoria-Gasteiz udalerriko Bergarako atea 27 helbidean), Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, agiri tekniko hauek aurkeztu zituen:

– Administrazio-datuak.

– Planoak.

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, ingurumen-baimen bateraturako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenerako.

– Laburpen ez-teknikoa.

– Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, Vitoria-Gasteizko Udalak 2023ko uztailaren 12an emandakoa.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko urtarrilaren 10eko iragarkiaren bidez, Urteaga Química SLk produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana eta proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, epe horren barruan egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2025eko urtarrilaren 28an.

Jendaurrean jartzeko epea amaitu ostean, alegazioak aurkeztu direla egiaztatu da. Haiei ebazpen honetan erantzuten zaie.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2025eko otsailaren 5ean, txostenak eskatu zizkien Vitoria-Gasteizko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, URA-Uraren Euskal Agentziari, IHOBEri eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.

2025eko otsailaren 25ean Kultura Ondarearen Zuzendaritzari errekeritutako txostena jaso zen.

2025eko apirilaren 4an Vitoria-Gasteizko Udalari helarazi zizkioten jendaurrean jartzeko epean jasotako alegazioak, udal-txostenean gehitzeko.

2025eko apirilaren 25ean, Vitoria-Gasteizko Udalari errekeritutako txostena jaso zen.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikulua aplikatuz, 2025eko martxoaren 21ean eta maiatzaren 22an, organo substantiboak aldez aurreko izapideetan jasotako txostenak igorri zituen, egoki bazen, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko.

2025eko maiatzaren 23an instalazioa ikuskatu zen, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eraikita eta hornituta daudela egiaztatzeko, bai eta 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz ere (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa).

2025eko abuztuaren 28an enpresari errekerimendua egin zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalak igorritako txostenean (2025eko apirilaren 25ean jaso zen) aipatzen zen alderdi bat argitu zezan, saneamendu-sarearen isurketei buruz.

2025eko irailaren 5ean aurretik aipatutako errekerimenduaren erantzuna jaso zen.

2025eko urriaren 10ean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Urteaga Química SLren esku utzi zen espedientea, eta espedientean dago horren emaitza.

2025eko urriaren 21ean, sustatzaileak jakinarazi zuen ez zuela alegaziorik aurkeztuko ebazpen-proposamenaren aurka.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.

Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean ezarritako administrazio-prozedurak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta ezabatu egiten ditu jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridiko eta administratiboak.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. artikuluan ebazten denaren arabera, lege horren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzea edo, hori ezinezkoa denean, gutxi eta kontrolpean kutsatzea. Horretarako, ingurumen osoak babes-maila handia izatea dela xede, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriko da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 1. eranskinean dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurien, isurketen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Urteaga Química SL enpresak Vitoria-Gasteizen produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko proiektua Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen I. eranskineko 5.1.b) atalean sartzen da, bai eta I.A eranskineko 5.1.b) atalean ere. Beraz, jarduera hori egin ahal izateko, ingurumen-baimen bateratua lortu behar du.

Urteaga Química SL enpresak Vitoria-Gasteizen produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko proiektua, halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskineko D.8.c) taldean dago; hortaz, ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura aplikatu behar zaio.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.

Urteaga Química SLren kasuan, baimen horiek, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak ekoizteari eta kudeatzeari, kolektorera isurtzeari eta atmosferara isurtzeari buruzkoak dira. Gainera, egiaztatu da espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Hala, ingurumen-baimen integratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.

EAEko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokituko da.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 11.4 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte jarduketa hauek ingurumen-baimen bateratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko: ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 43.4 artikuluaren arabera, ingurumen-baimen bateratuaren mendeko jarduera ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende badago, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren berezko alderdiak jasoko ditu. Aipatutako abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan adierazten denez, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak prozeduraren mugarri nagusien laburpena jasoko du, eta zehaztuko du, ingurumen-efektuei begira, proiektua egitea bidezkoa den ala ez, eta, hala badagokio, zer baldintzatan gara daitekeen. Besteak beste, hartu beharko diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta jarraipena egiteko neurriak jasoko ditu.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko zein pribatuei. Urteaga Química SLk Vitoria-Gasteizen produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko proiektua D.8.c) taldean jasota dago (Hondakin arriskutsuak balioztatzeko industria-instalazio finkoak, olio erabilien kudeaketa barne, egunean 10 tona baino gehiago onartzeko edukiera dutenak).

Era berean, aipatutako abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokionean, eta jarduera ingurumen-baimen bateratuaren erregimenaren eraginpean dagoenean, ingurumen-baimen bateratuaren prozedura eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bateratu egingo dira. Gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia ingurumen-baimen bateratuaren parte izango da, eta egintza administratibo berean egingo dira bi adierazpen horiek.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipatutako prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen bateratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean. Ebazpen honetan ere sartuta dago ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aipatutako prozesuaren emaitza. Horretarako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten du lehenengo atalean, aldeko irizpenarekin, eta aukeratutako kokapenean proiektua bideragarria dela adierazten du, ingurumen-ondorioei soilik erreparatuta; proiektua zer baldintzatan gauzatu behar den ere ezartzen du, eta baldintza horiek koherenteak dira abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina aplikatuz proiektuari ezarriko zaizkion zuzenketa-neurriekin.

Azkenik, instalazioan jatorria izan lezaketen substantzia kutsagarrien emisioen eta isurien muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak.

Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean jasotako informazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, Urteaga Química SLk produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak erantsita, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan jasotako entzunaldi-izapidea alde batera utzi gabe.

Aipatu dugunaren arabera, goian adierazitako izapideak amaitu dira eta entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

Ingurumen Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: Ebazpena, 2025eko urriaren 10ekoa, Sailburuordetzarena; 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Urteaga Química SLk produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko sustatutako jarduera instalatzeko Vitoria-Gasteiz udalerriko Bergarako atea 27 helbidean, ebazpen honetako eranskinetan ezarritako baldintzen arabera.

Bigarrena.– Urteaga Química SLri aldeko ingurumen-baimen integratua ematea (egoitza soziala Vitoria-Gasteiz udalerriko Bergarako atea 27 helbidean eta IFK: B01271261) produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko sustatutako jarduera instalatzeko Vitoria-Gasteiz udalerriko Bergarako atea 27 helbidean, ebazpen honetako eranskinetan ezarritako baldintzen arabera.

Hirugarrena.– Ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ezartzea Vitoria-Gasteiz udalerrian (Araba) Urteaga Química SLk sustaturiko produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko sustatutako jarduera instalatzeko egokitze-obrak egiteko, ustiatzeko eta eteteko.

Laugarrena.– AAI00477 erregistro-kodea eta 0100012918 IIZ esleitzea Urteaga Química SLk Bergarako atea 27 helbidean ustiatutako instalazioari. Instalazio horren kokapena hau da: UTM X: 528918,787, Y: 4747000.349.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen bateratua jaso duen jarduera hasteko epea bost urtekoa da.

Instalazioaren titularrak jarduera gauzatu ahal izango du, legez eska daitezkeen gainerako baimenak lortzea edo legez eska daitezkeen erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpen sektorialak bidaltzea ezertan eragotzi gabe.

Zazpigarrena.– Urteaga Química SLri eskatzea erantzun bat eman diezaiela, adierazitako epean, gai hauei:

– Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, eta, hala badagokio, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eduki beharko ditu dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:

• Ingurumen-arriskuen analisia (IAA) eta, hala badagokio, ingurumen-erantzukizunari buruzko araudiko finantza-bermea eratu izanaren egiaztagiria.

• Lurzoruen txosten bakarra:

○ Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, «as built» proiektuan oinarrituta.

○ Oinarrizko txostena

○ Lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.

Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo horrelakorik aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe.

Zortzigarrena.– Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan adierazi bezala beteko dira babes- eta zuzenketa-neurriak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta jarraian jasotako eranskinetan ezarritakoari jarraituz. Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroek bete beharreko mugak ere, hala komeni bada araudi berria indarrean jarri delako edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitu beharra dagoelako. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Bederatzigarrena.– Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sistema, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.

Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko dokumentazioaren kasuan, ingurumen-organoak aztertu eta kalifikatu egingo du eskatutako aldaketa, eta funtsezkoa den edo ez ebatziko du.

Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formulario hau sartu behar da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194158899905/accreditations/acc_202566125317569/es_def/adjuntos/Formulario_MNS.docx

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurra kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldeko erabakia eman beharko du hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioaren prozedurak emana, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hamargarrena.– Urteaga Química SLk Administrazioarekiko harremanen goi-mailako tituludun arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio ingurumen-organo honi.

Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.

Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak eragindako kutsaduraren ondorioz ezarritako isurpenen edo isurien mugako balioak berrikustea edo berriak hartzea komeni denean.

b) Isuriak nabarmen murriztu daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c) Arroko organismoak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen bateratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean hasteko aldaketa-prozesua.

d) Prozesuaren edo jarduketaren funtzionamenduaren segurtasunagatik beste teknika batzuk erabili behar direnean.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, beharrezkoa bada ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea.

f) Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa denean, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.

g) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen denean.

h) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten denean, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

i) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak aski ez direla egiaztatzen bada.

j) Aldaketa beharrezkoa denean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44. artikuluko 1. atalean ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.

Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legearen 28.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Urteaga Química SLk sustaturiko produktu kimikoak merkaturatzeko eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko sustatutako jardueran gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio ingurumen-organo honi, azken horrek onar dezan.

Hamahirugarrena.– Baimen hau iraungita geratuko da kausa hauengatik:

– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zortzigarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatu gabe.

– Ebazpen honen zazpigarren atalean xedatutako bost urteko epean ez bada abiarazten baimendutako jarduera, non eta interesdunak ez duen epea luzatzeko eskatzen, behar bezala justifikatuta.

– Urteaga Química SL enpresaren nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Hamalaugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea, ingurumenean edo herritarren osasunean duen eraginaren arabera, arau-hauste oso astun, astun edo arin gisa tipifikatuta dago EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamabosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Urteaga Química SLri, Vitoria-Gasteizko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Hamaseigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.

Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 26a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSU BILBAO BEGOÑA.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala