
13. zk., 2026ko urtarrilaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (329 KB - 23 orri.)
- EPUB (461 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
269
2/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiriburuetako udalekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako.
Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 9an aipatutako hitzarmenaren eredua onartu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiriburuetako udalekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako. Hitzarmenaren eredu hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 8a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 8KO 2/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, ERTZAINTZA ETA UDALTZAINGOA ELKARLANEAN ARITZEKO HONAKO HAUEK SINATU BEHARREKOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK (SEGURTASUN SAILAK) ETA _________________________KO UDALAK, _________________________KO LURRALDE HISTORIKOKO HIRIBURUA BERA
..........................(e)n, sinadura elektronikoaren egunean,
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz.
Eta, bestetik, ..................................................... jauna/andrea, ....................................ko alkatea.
Bi alderdiek, dagozkien karguen bidez eta eman dizkieten ahalmenak erabiliz, hitzarmen hau egiteko behar besteko gaitasun juridikoa eta jardutekoa aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal polizia-eredua Euskadiko poliziek osatzen dute, hau da, Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzaren mendeko poliziak, eta euskal udalerrietako udaltzaingoek.
Eredu hori EAEko segurtasun publikoaren eredu orokorrenean sartzen da. Eredu horren helburua da herritarrak mota guztietako arriskuetatik babestea eta eskubideen eta askatasunen erabilera aske eta baketsua bermatzea, segurtasun publikoaren sistemako zerbitzuak koordinatzeko sistema integral batean oinarrituta. Zerbitzu horiek polizia-izaerakoak eta babes zibileko eta larrialdietako azpisisteman integratutako beste batzuk izan daitezke.
Kidego bakoitzari esleitu zaizkion funtzioei dagokienez, eredua koherentea izateko, beharrezkoa da kidegoak elkarren osagarri izateko modua bilatzea, elkarrekiko harremana eta lankidetza erraztuko duten mekanismoen bitartez.
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 42. artikuluaren eta ondorengoen arabera, betebehar hauek dituzte bi polizia-indar horiek: elkarri laguntza eta informazioa ematea; biek erabiltzeko komunikazio-sare bat sortu eta mantentzea eta komunikazio-zentralen interkonexioa erraztea; Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan integratzeko neurriak hartzea; polizia-instalazioen erabilera partekatuari eta zerbitzu komunak sortzeari bidea ematea eta dokumentu, inprimaki eta formulario komunen erabilera sustatzea.
Lankidetza hori errazteko, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeen figura aurreikusten du lege horrek, eta polizia-lankidetzako hitzarmena sinatzea.
Bigarrena.– Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren arteko lankidetza-tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio da:
a) Batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotea. Horren ondorioz, poliziak koordinatu egin behar dira, bitarteko eta baliabideen erabilera arrazionala egiteko eta emaitza eraginkor eta efizienteagoak lortzeko edo baterako ekintza edo operatiboak planifikatu eta egiteko.
b) Lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatea. Horrela, berezko eskumenak gauzatzeko orduan, kontuan hartu behar da horrek besteen eskumenetan zer ondorio izango dituen, eta, horretarako, ezinbestekoa da intereseko informazioa trukatzea.
c) Berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izatea, alde horretatik lankidetza adosteko beharra eragiten duena.
d) Lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko eta beste indar batzuek bakarrik dituzten bitarteko tekniko edo zientifikoak partekatzeko aukera.
Hirugarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 44. artikuluak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sistematizatzen ditu, haien eduki posibleak ezarriz: polizia-indarren artean zerbitzuak mugatzea eta esleitzea legez ezarritako eginkizunen arabera; presentzia polizialaren estandar orokorrak definitzea; batera jarduteko edo baterako kudeaketako zerbitzuak eskaintzeko protokoloak edo planak egitea; udaltzaingoek polizia judizialeko zereginetan ere laguntzea erabakitzeko aukera ematea —adibidez, salaketak jasotzeko lanetan eta zehaztutako legez kontrako egintzei eta arloei buruzko ekintzen ikertze-lanetan laguntzea—; eta emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezartzea.
Horiek horrela, bi aldeek posible den lankidetza eta elkarlanik handiena lortu nahi dute bi administrazioen mendeko polizia-kidegoek dagozkien funtzioak betetzen dituztenean, eta, horretarako, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute. Hona hitzarmenaren edukia:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Esparru-hitzarmen honen xedea Ertzaintza eta Udaltzaingoa lankidetzan eta elkarlanean aritzeko moduak eta prozedurak arautzea da, lurraldean dituzten polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren beharrei zerbitzu hobea emateko.
Bigarrena.– Printzipioak.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza, elkarlana eta koordinazioa Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3. artikuluan zehaztutako printzipioen araberakoak izango dira, eta, zehazki, irizpide hauen araberakoak:
a) Herritarrei bermatzea poliziak sentsibilitate goreneko erantzun azkar, bizkor eta eraginkorra emango diela.
b) Erantzun efizientea eta kalitatezkoa ematea delituaren biktimei arreta emateko eta haiek babesteko orduan.
c) Leialtasun instituzionala izatea eta elkarlanean aritzea: bi kidegoek elkarri laguntza eta babesa emango diote bakoitzari legez esleitu zaizkion funtzioak eta baterako ohiko funtzioak betetzen direla bermatzeko.
d) Gertuen dagoen edo baliabideak berehala mobiliza ditzakeen polizia-kidegoak esku hartu beharra aurrena, ekintza horren gaineko eskumenik izan ez arren, eskumena duen kidegoa iristen den eta horren ardura hartzen duen arte, hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera, eta beste polizia-kidegoarekin lankidetzen aritzea, segurtasun publikoarekin lotutako zereginetan nagusiki, hala eskatzen zaionean.
e) Herritarren segurtasuna eta bizikidetza normala bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia ematea elkarri.
f) Herritarren segurtasunari zuzenean eragiten dioten arazoei erantzuteko orduan parte hartzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.
Hirugarrena.– Zerbitzuak zedarriztatzea.
1.– Ertzaintzari eta Udaltzaingoari dagozkien polizia-zerbitzuak legez ezarritako eginkizunen banaketaren ondoriozko titulartasun-esleipenaren arabera zedarriztatu eta esleituko dira. Hori bateragarria da bi kidegoek premia-arrazoiak direla-eta hasiera batean nahitaez esku hartu behar izatearekin eta jarduera bateratuak egiteko jarduera-protokoloak ezartzeko beharrarekin.
2.– Ertzaintzak polizia integral gisa lege-ordenamenduak esleitzen dizkion funtzioak betetzen ditu.
3.– Udaltzaingoak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 55. artikuluan jasotako eginkizunak betetzen ditu, bere udalerrian (uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
4.– Eginkizun batzuk biek betetzen dituzte:
a) Hurbileko poliziaren zereginak, herritarrei laguntza ematea.
b) Aurrea hartzeko eginbideak egitea eta delituak eragozteko jarduketa oro egitea.
c) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzeko esku hartzea, eskatzen bazaie.
d) Espazio publikoak eta jendea dabilen leku eta establezimenduak zaintzea, hitzarmen honek –edo berariazko akordioek, holakorik badago– funtzioetan zehaztutako mugen barruan.
e) Istripu, hondamen eta zorigaitz publikoetan laguntza ematea, legean ezarritakoaren arabera parte hartuz babes zibileko planak aurrera eramatean.
5.– Trafikoari, zirkulazioari, bide-segurtasunari eta zirkulazio-istripuei buruzko eskumenei dagokienez, hiri barruko eta hiriarteko bideen mugen arabera zedarriztatu eta esleituko dira Ertzaintzari eta Udaltzaingoari dagozkien polizia-zerbitzuak; muga horiek hitzarmen honi erantsiko zaizkion lurralde-mugaketako eranskinetan jasota egongo dira. Eta zerbitzu horietan, besteak beste, gai hauek sartzen dira:
– Trafikoa antolatzea, arautzea eta kontrolatzea.
– Arau-hausteak salatzea eta zehatzea (berariaz beste administrazio bati esleitu ez bazaizkio).
– Ibilgailuak ibilgetzea eta bidetik kentzea, zirkulazioa oztopatzen edo zailtzen badute edo zirkulazioa arriskuan jartzen badute.
– Kirol-probak, bizikleta-ibilaldiak eta bestelako ekitaldiak.
– Bide-segurtasuna zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak egitea eta gidariei alkohol- eta droga-probak egitea.
– Bideak ixtea hala behar denean.
– Zirkulazio-istripuei buruzko atestatuak eta txostenak instruitzea.
Laugarrena.– Lankidetza-protokoloak.
1.– Tokiko polizia-koordinaziorako batzordearen barruan adostutako protokoloetan edo bi kidegoetako koordinazio operatiboko mahaiak sinatutako aldebiko protokoloetan, gorabeheren zerrendak eta titulartasunen esleipena finkatuko dira herritarren segurtasuna mantentzeko, hurbileko polizia izateko eta polizia judizialaren eginkizunak betetzeko zerbitzuak emateko eta funtzioak betetzeko, hitzarmen honetan eta beronen eranskinean adierazitako irizpideen arabera, kontuan hartuta zer berezitasun dakartzaten lurralde historikoetako hiriburuetako udaltzaingoko kidegoen gaitasunek, bitartekoek, baliabideek, ezagutzak eta esperientziak.
2.– Protokoloak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera integrala, koordinatua eta bateratua izateko dira, nork bere eskumen-esparruan sortzen diren arazoak modu eraginkorragoan konpontzeko, ezarritako eskudantzien arabera.
Bosgarrena.– Dispositiboak, operazioak eta intzidentziak.
1.– Herritarren segurtasunaren arloko polizia-jarduketek polizia-kidego bateko edo besteko titular bat izango dute. Hark aginduko du, hark zuzenduko ditu esku-hartzeak eta hark egingo ditu eginbideak, baina beste polizia-kidegoaren laguntza izango du beharrezkoa denean.
2.– Titulartasuna erabakitzeari dagokionez, poliziaren operatiboak eta esku-hartzeak honela sailkatuko dira:
a) Aurreikusgarritasunaren arabera:
– Dispositiboak: polizia-baliabideak prebentzio-lanetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifiko bat betetzeko asmoz.
– Operazioak: polizia-baliabideak lan betearazleetan era programatuan erabiltzea, lehentasunezko egiteko espezifiko bat betetzeko asmoz.
– Intzidentziak: aurreikuspenik gabe sortzen diren gertaerak, zerbitzu publikorako esanguratsuak direnak.
b) Titulartasunaren arabera:
– Esklusiboak: bere eskumenak betez erakunde bakar batek kudea ditzakeenak.
– Partekatuak: erakunde batek zein besteak kudea ditzaketenak.
– Konplexuak: bere eskumenak betez gutxienez erakunde batek partzialki kudea ditzakeenak.
3.– Bi kidegoen koordinazio operatiboko mahaiak adostutako eta hitzarmenaren jarraipenerako batzorde mistoak berretsitako aldebiko protokoloetan, gorabeheren zerrendak eta titulartasunen esleipena ezarriko dira, hitzarmen honetan adierazitako irizpideen arabera.
4.– Programatutako edozein polizia-dispositibok edo -operaziok behin-behineko titulartasun bat edo aldez aurretik berretsitako bat izango du, irizpide hauen arabera, beheranzko hurrenkeran:
a) Administrazio batek eskumen esklusiboa izatea hura babesteko eta bermatzeko.
b) Administrazio batek lehentasunezko interesa izatea beste baten aldean.
c) Zuzenean eragiten ahal zaien bitartekoak.
d) Dispositiboa edo operazioa gauzatzeko ekimena izatea.
Dispositibo bat antolatu ondoren sortzen diren intzidentziek dispositiboaren behin-behineko titulartasuna izango dute.
5.– Herritarren segurtasunaren arloan programatu gabeko intzidentziak gertatzen badira, titulartasuna esleitzeko, lehentasunezko irizpide hauek erabiliko dira, hurrenkera honetan:
1.a Administrazio batek eskumen esklusiboa izatea intzidentzian.
2.a Administrazio batek lehentasunezko interesa izatea beste baten aldean, biek lehentasunezko izaera hori aurrez zehaztuta.
3.a Intzidentzia gertatzen den eremu geografikoa.
4.a Esleitutako baliabidea hurbil egotea intzidentzia izandako lekutik.
5.a Komunikazioaren hartzailea izatea.
Intzidentzien hasierako faseetan (aurrekariak, sorrera edo jatorria), behin-behineko titulartasun bat esleituko zaie intzidentziei, sinatutako protokoloaren arabera. Titulartasun hori berretsi egingo da haien kontrola lortzen den garapen-fasean.
Intzidentzia baten behin-behineko titulartasuna beste polizia-kidego bati transferitu ahal izango zaio hala komeni denean.
Titulartasun esklusiboko intzidentzietan, irizpide hauen arabera jokatuko da:
– 1., 2. eta 3. faseak (aurrekariak/sorrera/jatorria): intzidenteari 4. irizpidearen arabera erantzungo zaio (hurbilen dagoen edo lehenago helduko den baliabidea, kidegoa edozein dela ere). Ezin bada argi zehaztu zer baliabide dagoen gertuen, premiazko arrazoiengatik, 5. irizpidea aplikatuko da (deia hartu duen kidegoa, bera edozein dela ere).
– 4. fasea (bilakaera): gertakaria egiaztatzen da, eta behin-behineko titulartasuna esleitzen du polizia-kidego jardulearen zerbitzuburuak, 1., 2. eta 3. irizpideen arabera (eskumen esklusiboak, lehentasunezko interesa eta lurralde-eremua).
– 5. fasea (kontrola): lekua babesten da, ebidentziak segurtatzen dira, lekukoak egiaztatzen dira eta atariko informazioa jasotzen da, polizia-kidego jardulearen zerbitzuburuak titulartasuna nori dagokion ebatzi arte; behin-behinekoa berretsiko du edo hura transferitzeko agindu, 1., 2. eta 3. irizpideen arabera (eskumen esklusiboak, lehentasunezko interesa eta lurralde-eremua). Titulartasuna esleitzeko irizpideari buruzko gatazkarik badago, zerbitzuburuak aginduak eskatuko dizkio bere goragoko hurrenari.
Titularra nor den ebazten denean, titularra ez den polizia-kidegoak jarduketak utziko ditu, eta laguntza eskainiko dio besteari, zerbitzuburuak amaitzeko agindu arte.
– 6. fasea (ebazpena): gertakaria zuzenean ezagutzen duen lehen unitatea ordezkatua izango da titularra ez denean, polizia-indar titularraren polizia-etxean berehala haren adierazpenak jasotzeko.
– 7. fasea (dokumentazioa): oro har, kidego titularrari dagokio gertakariari buruzko polizia-jarduketen dokumentazioa.
Titularra ez den kidegoko agenteek, inor atxilotu badute edo beste eginbide batzuk egin badituzte, titularraren polizia-etxera joan beharko dute, eta, han, atxilotuak eta kendutako objektuak aurkeztu, atxiloketen eginbidea egin eta horretarako hasitako atestatuan agertu beharko dute.
Non eta koordinazio operatiboko organo teknikoak ez duen beste irizpide bat hartzen kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta.
6.– Garrantzi juridikoari dagokionez berdinak ez diren egitateak biltzen dituen intzidentzia honela tratatu beharko da, baldin eta egitateak, banaka hartuta, administrazio bakoitzaren eskumen esklusibokoak badira:
a) Intzidentzia batean baino gehiagotan banatuko da, eta bakoitzaren titulartasuna administrazio eskudunari esleituko zaio, ezarritako irizpideen arabera.
b) Egitateen arteko lotura hainbestekoa bada non haiek banaka hartuta ez baitziren gertatuko, jarritako irizpideen arabera egitate larrienaz arduratu den polizia-kidegoari egokituko zaio titulartasuna. Nolanahi ere, polizia-kidego eskuduna titularra izan daiteke lotuta dauden egintzetan; halakoetan, elkarrekin koordinatuta jardun beharko du bakoitzak bere polizia-jarduketetan.
Seigarrena.– Batera jarduteko protokoloak edo planak.
1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu ahal izango dituzte bi polizia-kidegoetako agenteen lankidetza beharrezkoa denean polizia-dispositibo eta -operazioetan polizia eraginkorragoa izateko.
2.– Batera jarduteko protokoloek edo planek helburu hauek izan ditzakete:
a) Polizia-kidego baten edo bestearen titulartasun esklusiboko dispositibo edo operatiboei laguntzea, agenteak gehiagotuz eta babes-baliabide materialak edo teknikoak indartuz.
b) Titulartasun partekatua edo polizia-kidego baten zein bestearen titulartasuna duten dispositibo edo operazioetako jarduketako erantzukizunak banatzea, edo horiek sektorizatzea. Egokia denean, baterako jarduketak proposatu ahal izango dira.
c) Dispositibo edo operazio konplexuen koordinazioa planifikatzea bere eskumenen arabera polizia-kidego bakoitza bestearekin koordinatu beharko den kasuetan.
Zazpigarrena.– Poliziaren presentziaren estandar orokorrak.
1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak koordinaziorako irizpideak zehaztuko dituzte eskura dauden baliabideak era efizientean erabiltzen direla bermatzeko eta udalerri osoan poliziaren presentzia jarraitu eta nabaria egon dadila bermatzeko.
2.– Udaltzaingoak legez ezarrita dauden eginkizunen eta hitzarmen honetan zehaztuta dauden zereginen arabera banatu behar ditu patruilatze jarraituko kideak, eta lehentasuna emango die, gaitasunen eta baliabideen eskuragarritasunaren arabera, eskuduntza esklusiboei dagozkien jarduerei; hori, nolanahi ere, ez da eragozpena izango esleituta dauzkaten segurtasun-poliziaren gainerako eginkizun partekatuak betetzeko.
3.– Ertzaintzak, laguntza emateko betebehar eta funtzioen kalterik gabe, etengabeko patruilatzeari eutsi behar dio, delituzko egitateek, herritarren segurtasunerako arriskuek eta desordena publikoek eragindako premiazko eskaerei berehala eta behar bezala erantzungo zaiela bermatzeko, bai eta horiek prebenituko direla bermatzeko ere, udalerri osoan eskumen-eremu horietan.
4.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, kideen eta baliabideen diseinua eta banaketa egitean, zeregin hauetan ematen diote lehentasuna elkarrekin lan egiteari: gertuko polizia-zereginetan, herritarren lasaitasuna, bizikidetza eta ongizatea arriskuan jartzen dituzten gizalegearen aurkako jokabideak zaintzeko lanean, polizia asistentzialaren gainerako funtzio orokorretan eta biktimei arreta emateko zereginean.
Zortzigarrena.– Informazio-trukea.
1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, delituak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko, informazio erabilgarria emango diote elkarri erregulartasunez.
Horretarako, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan, polizia- eta delitu-jardueren, informazioa, datu estatistikoak eta laburpen periodikoak trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezarriko dira, eta udalerri bakoitzean udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuko dira informazio horietan.
2.– Bi polizia-kidegoek berehala jakinaraziko dizkiote honako hauek elkarri:
a) Manifestazioak, elkarretaratzeak, liskarrak eta desordena publiko handiak, pertsonentzat eta ondasunentzat oso arriskutsuak direnak.
b) Lehergailuak jartzearekin edo intzidentzia terroristekin lotutako mehatxu, abisu eta esku-hartzeak.
c) Pertsonen heriotza itxuraz jatorri naturalekoak ez direnak: giza hilketak, trafiko-istripuak, lan-istripuak.
d) Sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituak.
e) Larderiaz edo indarkeriaz egindako lapurretak; batez ere, su-armak edo biziki arriskutsuak diren bestelako objektuak erabiliz eginikoak.
f) Legez kanpoko atxiloketak eta bahiketak. Adingabeak ostea.
g) Ibilgailu motordunak / ziklomotorrak erabiltzeko lapurretak edo ebasketak, eta haiek aurkitzea.
h) Beste delitu larri batzuk, alarma sozial larria sortu edo hedabideetan oihartzun handia izan dezaketenak.
i) Atxiloketa-aginduak, errekisitoriak, pertsonen desagertzeak eta agertzeak.
j) Ezbeharrak: leherketak, etxebizitzetako edo eraikin industrialetako sute larriak, etxebizitzak behera etortzea.
k) Istripu larriak: garraio publikoak, biktima ugariko istripuak, NEBK-k edo salgai arriskutsuak.
l) Mugikortasunean eta larrialdien arretan eragin larria izan dezaketen ekitaldiak, kirol-probak, bizikleta-martxak, bide publikoaren okupazioak, zirkulazio-mozketak edo segurtasun-kontrolak.
m) Koordinazio operatiboko mahaiak egokitzat jotzen dituen beste egoera batzuk.
3.– Presazko polizia-komunikazioen protokolo bat ezarriko da informazioa trukatzeko. Era berean, zuzeneko harremanak ezarriko dira beste polizia-indarraren lankidetza beharrezkoa den eta ondoren izandako intzidentzien berri eman behar den egoeretarako.
4.– Ekitaldi, egoera edo gorabehera nabarmenetan, bai eta jendetzak parte hartzen duen edo jendetza dagoen ekitaldi, ikuskizun edo jardueretan ere, bi polizia-kidegoetako arduradunek denbora errealean koordinatu behar dute elkarrekin, behar diren lineako loturen sistemen bidez, eta komunikatzeko bide bateratu eta iraunkor bat ezarri ahal izango dute, bai eta Polizia Koordinatzeko Zentro bateratu bat ere.
5.– Bi erakundeek instalatutako bideozaintza-zirkuituak batera erabiltzeko aukera aztertuko da.
6.– Egoki irizten zaion aldizkakotasunarekin, Segurtasun Sailak eta Udaltzaingoak datuak trukatuko dituzte udalerrian delinkuentziak izandako bilakaerari buruzko laburpen bat egiteko bien datuekin. Laburpen horretan, datu hauen xehetasunak emango dira, besteak beste: ezagutzen diren delituen guztizko kopurua; mila biztanleko egindako arau-hauste penalen indize ofiziala; delitu mota bakoitzaren bilakaera; eta abar. Horrela, egoeraren egiazko diagnostikoa egin ahal izango da eta beharrezkotzat jotzen diren politikak eta segurtasun-operatiboak abiarazi ahal izango dira.
Bederatzigarrena.– Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan parte hartzea.
1.– Hitzarmen honetako helburuak errazago betetzeko, eta poliziaren datu-baseen sistema integratu bat artikulatzeko, bi aldeek behar diren neurriak hartuko dituzte Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan integra dadin, dagozkion protokoloak sinatuta.
2.– Integrazio horren helburua hau da: Udaltzaingoari sarbidea ematea sistemak duen informaziora, ezartzen diren segurtasun- eta murrizketa-mailekin, eta herritarren segurtasunerako funtzioak eta polizia judizialaren funtzioak betetzean sortzen duten polizia-informazio guztia Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentro horretan integratzea.
3.– Datu-baseetara sartzea eta kontsultatzea protokolo baten arabera egingo da. Protokolo hori hitzarmen honi atxikiko zaio, eranskin gisa, eta bertan hauek zehaztuko dira: ekipo eta programen ezaugarri teknikoak, sarbide-mailak, datuen konfidentzialtasunaren segurtasun-mailak, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen araudia betetzeko modua eta, beharrezkoa denean, datuak legez hirugarrenei lagatzeko baldintzak. Hori guztia datu pertsonalak babesteko araudiak ezarritako baldintzak betez egingo da.
4.– Herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan udaltzaingoek egiten dituzten jarduerekin lotutako arau-hauste penalen, pertsonen eta ibilgailuen gaineko datuak Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroaren bidez partekatuko dituzte udaltzaingoek, Segurtasun Sailak ezartzen dituen prozedura eta irizpideen arabera.
Hamargarrena.– Koordinazio operatiboa.
1.– Intzidentzia-tipologiak sailkatzeko eta dispositibo eta operazioen titulartasuna esleitzeko koordinazio operatiborako organo tekniko bat antolatuko da, bi erakundeek erdi bana osatua polizia-ordezkariekin.
2.– Organo horrek, oro har, hilero egingo ditu ohiko bilerak, deialdia alderdi batek zein besteak egin eta gero; eta ezohiko moduan, edozein alderdik eskatuta.
3.– Hauek dira haren eginkizunak:
a) Baterako dispositiboak eta operazioak planifikatzea, horien titulartasuna esleitzea, aginte-lanak egitea eta polizia-kidegoen arteko koordinazio eta laguntza antolatzea.
b) Intzidentzien tipologia zehaztea, eguneratzea eta berrikustea eta titulartasunak esleitzea.
c) Titulartasunak transferitzeko protokoloak ezartzea.
d) Aurreikusitako koordinazio-mekanismoak martxan jartzea, haien jarraipena egitea eta bilakaera aztertzea.
e) Koordinazio-sistemetako gabeziak zuzendu eta hobekuntzak ezartzea.
f) Sistema operatiboak analizatzea, ikertzea eta homogeneizatzea.
g) Baliabideen kudeaketa garatzea eta bateratzea.
h) Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak koordinazioaren alorrean hartutako erabakiak gauzatzea.
Hamaikagarrena.– Aginte- eta kontrol-zentroen interkomunikazioa/integrazioa.
1.– Poliziak koordinatzeko zentro integratuak funtsezkoak dira erantzun operatiboa hobetzeko, azkarrago jarduteko, baliabideak modu eraginkorragoan eta efizienteagoan banatzeko, gorabeherak neutralizatzeko eta herritarren segurtasuna areagotzeko.
2.– Horretarako, hala erabakitzen denean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aginte- eta kontrol-zentroak Poliziaren Komunikazio eta Koordinaziorako Zentro Bateratu batean integratzea bultzatuko da.
3.– Nolanahi ere, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren aginte- eta kontrol-zentroak elkarrekin komunikatuta egongo dira zeregin hauetarako:
a) Baliabide operatiboen kokapen geografikoari eta erabilgarritasunari buruzko informazioa trukatzea; aukeran, denbora errealean nahiago.
b) Zerbitzu-unitateez, kideez, esleitutako bitartekoez, indikatiboaz eta patruila-eremuaz informatzea txanda bakoitzaren hasieran.
c) Polizia-intereseko mezuak modu orokorrean edo selektiboan hedatzen laguntzea.
d) Herritarren deiak dagozkien zerbitzuetara bideratu ahal izateko modua egitea, hitzarmen honetan eta ezartzen diren protokoloetan adierazitako irizpideen arabera.
4.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoari jarraituz, alderdi sinatzaileek hitzematen dute behar diren neurri teknikoak hartuko dituztela Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komunikazio-zentralen arteko komunikazioa bermatzeko eta baterako segurtasun-dispositibo espezifiko edo apartekoetan baterako kanalak eta frekuentziak erabiltzen laguntzeko.
5.– Udaltzaingoa SOS-Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren taktika operatiboetan integratuta egongo da, bai eskumen esklusiboei dagokienetan, bai Ertzaintzarekin partekatutakoei dagokienetan. Baliabide operatiboak non dauden eta erabil daitezkeen jakitea komeni den aztertuko da.
Hamabigarrena.– Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea.
1.– Segurtasun Sailak eta hitzarmen hau sinatzen duen udalak adostu dute Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, hitzarmen honetan zehazten den eran, eta helburu hauekin:
a) Udalerrian poliziaren lana hobetzea Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa handituz arau-hauste penalak ikertzearen arloan, herritarren segurtasuna indartze aldera.
b) Udalerrian egiten diren edo jakiten diren delituak ahalik eta hobekien argitzen direla bermatzea.
c) Biktima eta lekukoei lehentasunezko arreta ematea eta salaketak jartzen laguntzea.
d) Polizia-atestatuak kalitate gorenekoak direla bermatzea, prozedura penaletan eraginkorrak izan daitezen, batik bat prozedura azkarreko delitu eta falten kasuan.
2.– Hitzarmen hau garatzeko Jarraipen Batzorde Mistoaren aldebiko akordioetan erabakiko da Udaltzaingoak polizia judizialaren zer eginkizunetan zehazki parte hartuko duen eta arau-hauste penalei buruzko zer eskuduntza, gai eta erantzukizun zehazki hartuko dituen bere gain (salaketak jasotzea, delituak ikertzea, polizia-atestatuak dagozkien epaitegietara eta fiskaltzetara bideratzea, eta abar), kidego bakoitzaren eskumen-esparruan xedatutakoa errespetatuz eta indarrean dauden legeak betez betiere.
3.– Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunak betetzeko jardun-eremua mugatua da, hitzarmen honen jarraipen-batzordeak aldebikotasunez adierazitako eginkizunetara.
4.– Bi polizia-kidegoetako batek klausula honen bigarren apartatuan aipatzen diren aldebiko akordioetan jasotako delitu-egitate batzuk ikertzen baditu beste kidegoak lehendik ikertuak eta judizializatuak dituenak, eginak dituen jarduketak igorri beharko dizkio bigarrenak lehenengoari, non eta koordinazio operatiborako organo teknikoak ez duen batera erabakitzen beste irizpide bati jarraitzea nondik norakoak kontuan hartuta.
5.– Ikerketa bat egin bitartean ikusten bada jarduketak egin behar direla udalerritik kanpo, horren berri emango zaie Ertzaintzako ikerketa kriminalaren eta polizia judizialaren arduradunei, hitzarmen honetan ezarritako bideak erabiliz.
6.– Udaltzaingoak ikerketa bat egiten duen bitartean agertzen diren elementuak edo zantzuak direla-eta komenigarria bada haren lurralde-eremutik kanpo jarduketak egitea, edo udalerria gainditzen duten inplikazio garrantzitsuak atzematen badira, eta azkar ibiltzea funtsezkoa bada ustezko egileak atxilotzeko edo argitzeko orduan ezeren okerrik ez izateko, berehala jakinaraziko zaizkie inguruabar horiek Ertzaintzako ikerketa kriminalaren eta polizia judizialaren arloko arduradunei, ikertzen jarraitzeari utziko zaio eta polizia-kidego horren esku utziko da egindakoa, edo, bestela, elkarrekin jardungo dira ikertzen eta behar diren eginbideak egiten, bakoitza bere funtzio- eta lurralde-eskumenen arabera, koordinazio-organo teknikoak —hala badagokio— erabakitzen duena kontuan hartuta.
7.– Berdin jokatuko da, egindako jarduketen berri emanez, Udaltzaingoaren ikerketan zehar honako hau hautematen denean:
a) Haren eskumen-eremu funtzionalean ez dauden arau-hauste penal batzuk egotea edo horiekin lotuta egotea.
b) Haren espezializazioa eta eskumenak gainditzen dituen konplexutasuna izatea.
c) Gaitasun operatiborik ez izatea argitzeko lanean aurrera egiteko.
8.– Ikerketa jakin baterako komenigarria edo beharrezkoa bada, ikerketa-talde koordinatuak sortu ahal izango dira, bi polizia-kidegoetako kideek osatuak.
9.– Salaketak aurkeztea:
a) Salaketak aurkezten laguntzeko eta herritarrei ematen zaien polizia-arreta hobetzeko, aztertu ahal izango da Ertzaintzako, Udaltzaingoko edo, batera, bi polizia-kidegoetako agenteek osatutako bulego mugikorrak abian jartzea komeni den eta nola jar daitezkeen.
b) Gainera, behar diren neurriak hartuko dira, teknikoki ahal bada behintzat, salaketak telefonoz, bide elektronikoz edo beste edozein bide telematikoren bidez tramitatzeko, eta horiek behar bezala aurkezten direla bermatzeko betiere.
c) Era berean, salaketa-mota jakin batzuk gertakarien lekuan bertan egiteko aukera emateko neurriak ere aztertuko dira; dagokion formularioa eskainiko litzaioke salatzaileari.
10.– Atestatuak egitea eta modu telematikoan transmititzea:
a) Atestatuak eta eginbideak egiteko, indarrean dagoen legedi prozesal eta penalean ezarritako irizpideei jarraituko zaie.
b) Segurtasun Sailak aplikazio eta euskarri dokumental normalizatu eta informatizatuak jarriko ditu Udaltzaingoaren esku atestatuak eta polizia judizialaren zereginei dagozkien beste idazki edo ofizio batzuk egiteko.
c) Behar den informazioa (salaketak, atestatuak, ikerketak, atxilotuak...) polizia-arduradunen artean trukatzeko prozedurak protokolizatuko dira, aipatutako dokumentazioaren transmisio telematikoa barne, eta truke horien aldizkakotasuna eta edukiak ere ezarriko dira. Izendatutako pertsonen artean zuzenean edo polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentroaren bidez trukatzen da informazio hori.
d) Udaltzaingoak izapidetutako atestatuen kopiak Ertzaintzari bidaltzeko, aurreko protokoloari jarraituko zaio.
e) Ikerketak eta atestatuak egitean erabiltzen diren datuen tratamendu informatikoan, datu pertsonalak babesteko araudiko xedapenak hartuko dira kontuan.
f) Egindako atestatu, salaketa eta ikerketei buruzko dokumentazioa helarazteko ezarritako protokoloak, formalizatu ondoren, hitzarmen honi gehituko zaizkio, eranskin gisa, hitzarmenaren zati banaezin gisa.
11.– Euskadiko Poliziaren Polizia Datuak Prestatzeko Zentroan integratzea:
Udaltzaingoaren polizia judizialaren funtzioak indartu eta optimizatzeko, polizia judizialaren ikerketak eta jarduketak egiteko beharrezkoak diren Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroko datu-baseekin interkonektatuko da Udaltzaingoa, hitzarmen honetan ezarritako arau-hausteen alorrean.
Horretarako, Ertzaintzaren informatika-sistemetan integratzeko eta haiekin konektatzeko informatika-aplikazioak instalatzea sustatuko da Udaltzaingoaren bulegoetan, polizia-atestatuak egiteari dagokionez batik bat, Udaltzaingoak polizia judizialaren funtzioak betez egindako jarduketetan lankidetza eta koordinazioa errazteko. Horretarako, datu pertsonalak babesteko arloan indarrean dagoen araudia kontuan izango da.
Sarbide horren bidez, datu-baseetara sartu eta horiek erabiltzeko protokoloan zehazten diren datu-baseetako datu administratibo, polizial eta judizialak kontsultatu eta tratatu ahal izango dira neurri bateraino.
Udaltzaingoak delituak argitzeko hasten dituen ikerketa guztiak, bai agintaritza judizialarentzako atestatuarekin amaitzen direnak, bai artxibatzen direnak, Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroan erregistratuko dira hasiera-hasieratik, beharrezkoak diren jarraibide teknikoen arabera, eta gaituta dauden udaltzainek kontsultatu ahal izango dituzte, segurtasun-baldintzak eta datu pertsonalak babesteko araudia betez.
12.– Polizia judizialaren oinarrizko prozedura operatiboak:
a) Atxilotzea, identifikatzea, erreseina egitea eta beste ikerketa-eginbide batzuk egitea.
Udaltzainek egindako jarduketen ondorioz norbait atxilotzen bada, atxiloketa Udaltzaingoak berak kudeatuko du pertsona hori epailearen eskuetan jarri arte, beharrezkoa izanez gero.
Udaltzaingoak atxilotuak identifikatzeko eta haien datuak hartzeko baliabide propiorik ez badu, atxilotuak ertzain-etxera eraman beharko dira.
Udaltzaingoak identifikatzeko eta datuak hartzeko baliabide propioak baditu, Interafis protokoloa aplikatu beharko da, eta akordioaren eranskin gisa gehituko da.
Udaltzaingoa telefonoak kontrolatzeko Ertzaintzaren sistemara konektatzeko (Komunikazioen Legezko Intertzeptazioa), protokolo bat bete beharko da; akordioaren eranskin gisa gaineratuko da protokolo hori.
b) Atestatuak egitea eta atxilotua epailearen esku uztea.
Udaltzaingoak, polizia judizialaren funtzioak betez, beharrezkoak diren ikerketak eta atxiloketak egingo ditu, Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.
Norbait atxilotutakoan, atestatuaren instruktoreak izango du hura epailearen esku uzteko ardura, edo, hala dagokionean, hura aske uzteko edo legez dagokion egoerara pasatzeko ardura, bai eta atestatua agintaritza judizialari bidaltzekoa ere.
Eginbideak Fiskaltzari eta legeek agintzen duten gainerako organismo publikoei bidaltzeko ardura du atestatuaren instruktoreak.
c) Polizia zientifikoa, kriminalistika eta azterketa teknikoa.
Hitzarmen honen arabera egiazta eta iker ditzakeen delituak ikertzeko, Udaltzaingoak gertakariaren lekuan bertan egingo du begi-ikuskapen teknikoa, eta gertakariak argitzen lagundu dezakeen zantzu edo proba-elementu oro jasoko du.
Begi-ikuskapen teknikoa egiten duten udaltzainek akta bat idatziko dute, eta horri krokisak, argazki- edo bideo-erreportajeak eta bildutako elementuak txertatuko dizkiote. Akta hori polizia-atestatuari gehituko zaio, eta arreta berezia emango zaio zaintza-katea bermatzeari.
Udaltzaingoak, polizia zientifikoko edo peritutzako lan espezializatu jakin batzuk egiteko baliabide propio eta egokirik ez badu, Ertzaintzaren unitate espezializatuen laguntza eta sorospena eskatu ahal izango du, eta agintaritza judizial eskudunari horren berri emango dio.
Udaltzaingoak, baliabide propio eta egokiak baldin baditu polizia zientifikoko edo peritutzako lan espezializatu jakin batzuk egiteko, laguntza eta sorospena eskaini ahal izango dio Ertzaintzari hark behar duenean.
Polizia Zientifikoaren lan espezializatuetan, peritutzako lanetan edo antzekoetan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak duten lankidetza eranskin gisa gehituko zaio akordioari.
13.– Koordinazio operatiboa:
Esku hartzen duten bi aldeen adostasunez, zentro bat sortu ahal izango da polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako. Horren buru bi polizia-kidegoetako alor horretako arduradunak izango lirateke, eta helburua, polizia-jardun koordinatua une oro bermatzea.
Zentro horrek etenik gabe funtzionatu beharko luke, eta bilerak egin beharko lituzke aldian behin, ikerketa kriminaletan polizia eraginkorra dela bermatzeko eta akordio honetan jasotako alor operatibo guztiak betetzen direla ziurtatzeko.
Polizia judizialaren eginkizunak betetzeko egiten diren jarduketa guztiak, Udaltzaingoak parte hartzea adosten den delitu-tipologiaren ingurukoak betiere, egunero jakinaraziko dizkiote bi kidegoek polizia judizialaren arloko koordinazio operatiboko zentroari, dokumentu normalizatu baten bidez, ezartzen diren protokoloen arabera.
Polizia judizialaren arloko koordinazio operatiborako zentroan dauden bi kidegoetako arduradunek elkarrekin har ditzakete 5. klausulako 5. apartatuan (dokumentazio-fasea) eta 12. klausulako 4., 6., 7. eta 8. apartatuetan aurreikusten diren erabakiak, koordinazio-organo teknikoko arduradunek ahalmen hori eskuordetzen dietenean, edo presazko arrazoiak daudenean eta horregatik koordinazio-organo teknikoko arduradunek ezinekoa dutenean erabakiak garaiz hartzea. Jarduketen berri eman beharko diete.
14.– Prestakuntza:
Polizia judizialeko talde edo unitateetan sartzen diren udaltzainek berariaz prestatu behar dute alor horretarako, non eta ez duten egiaztatua badutela behar den eskarmentua edo prestakuntza hori.
Udaltzainak polizia judizialaren alorrean prestatzeko ekintzak sustatuko dira, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira. Prestakuntza-ekintza horiek aurrera eramateko, agintaritza judizialaren eta Fiskaltzaren lankidetza lortzeko ahaleginak egingo dira.
«Polizia judizialean» espezializatzeko hasierako ikastaroak egitea ez da ezinbestekoa izango Udaltzaingoko funtzionarioentzat, baldin eta, hitzarmen hau sinatzen den egunean, eginkizun horietan gutxienez hiru urtez aritu izana egiaztatua badute edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iritziz behar besteko prestakuntza espezializatua egiaztatua badute.
Hamahirugarrena.– Polizia-inteligentzia.
1.– Udaltzaingoak, ikerketa kriminologikoaren arloan bereziki, Ertzaintzaren tokiko inteligentzia-unitateek egiten dituzten polizia-jarduketa operatiboetan txertatu beharko du bere polizia-jarduera operatiboa, antzeko funtzionamendu-jarraibideak hartuta.
2.– Ertzaintzak, dagokion unitatearen bidez, Udaltzaingoari bere eskumenak gauzatzeko informazio operatibo interesgarria bidaliko dio, arlo honekin zerikusia duena eta udalerriaren eremu geografikoari eragin diezaiokeena.
3.– Helburu horrekin, komunikazioen eredu edo formulario ofizialak partekatu ahal izango dira, modu telematikoan ahal dela, bai informazioak bidaltzeko, bai erantzun, abisu eta jakinarazpen operatiboak bidaltzeko.
Hamalaugarrena.– Kriminalitateari buruzko estatistikak.
1.– Lehentasunezkoa izango da arau-hauste penalekin lotutako datuak tipologiaren arabera tratatzea eta atxiloketen eta ikerketen datuak arrazoiaren eta sexuaren arabera tratatzea dena delako udal-barrutian.
2.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak dokumentu, programa edo datu-base bera erabiliko dute, ezartzen diren protokoloen eta akordioen arabera. Dokumentu, programa edo datu-base horretan, arau-hauste penalei buruz beharrezkoa den informazioa sartuko da, tipologiaren arabera, eta atxiloketei eta ikerketei buruzkoa, arrazoiaren eta sexuaren arabera. Informazio horrek emango du kriminalitateari buruzko estatistika. Informazioa sartzeko, segurtasun-irizpide batzuk, murrizketa-mailak eta behar diren sarbideak izango dira. Era berean, HSBLO Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoko arau-hausteen eta zehapen-espedienteen datuak emango dira, ondorio estatistikoetarako.
3.– Bi polizia-kidegoen sistemek uzten duten neurrian, arau-hauste penalei georreferentziak emango zaizkie, egin behar den tratamendu informatikoa egin ahal izateko.
Hamabosgarrena.– Komunikazio instituzionala.
1.– Polizia-kidego bakoitzak bere prentsa-oharrak egingo ditu, informazio-politikaren, irizpideen eta komunikabideekiko harremanen arabera, eta bere jarduketa, estatistika, zerbitzu eta abarrak bakarrik aipatuko ditu horietan, beste polizia-kidegoaren informazio, datu edo esku-hartzeei buruzko aipamenik edo erreferentziarik egin gabe.
2.– Bi polizia-kidegoek elkarrekin esku hartzeagatik egiten diren prentsa-oharrak, zabaldu aurretik, bi prentsa-kabineteen artean trukatuko dira, laguntza eman zuen zerbitzuak ohar horiek osa ditzan, eta gertakariarekiko polizia-erakunde titularrak eman ditzan; nolanahi ere, bi polizia-kidegoek egindako lana aitortu beharko da.
3.– Egokia dela erabakitzen denean, prentsa-ohar bateratuak eman ahal izango dira.
4.– Edonola ere, komunikabideei informazioa eman behar dien polizia-kidegoak arreta jarriko du gertakarien ikerketan eragina izan lezakeen daturik ez emateko.
5.– Zerbitzuei buruz egiten diren estatistika eta ebaluazioak aurretiaz aztertu behar dira tokiko polizia-koordinaziorako batzordean, eta, horiek argitaratu eta komunikabideei zabaltzeko, batzorde horren adostasuna lortu behar da lehenik.
Hamaseigarrena.– Emaitzak ebaluatzeko adierazleak.
1.– Tokiko polizia-koordinaziorako batzordeetan edo, bestela, koordinazio operatiboko organo teknikoan, polizia-lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezarriko dira, irizpide hauek erabilita besteak beste: kriminalitatearen eta indarkeriaren indizeak, segurtasun faltaren pertzepzioa, poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak, poliziaren jarduna eta horren kudeaketa instituzionala.
2.– Adierazle horien helburuak hauek izan daitezke: abiarazi diren baterako programen eragina neurtzea, estrategia baten esparruko emaitzak edo helburu espezifikoak lortu diren neurtzea edo jarritako helburu estrategikoak betetzeko behar diren jarduera espezifikoak inplementatzen zenbat aurreratu den jakitea.
Hamazazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, Jarraipen Batzorde Misto bat eratzen da, sei kidek osatuko dutena. Hiruk Segurtasun Saila ordezkatuko dute, eta beste hiruk, dena delako udala. Segurtasun Saileko ordezkarietako bat izango da batzordeburua.
Batzorde horri dagokio hitzarmena interpretatzean sortzen diren zalantzak argitzea, betearaztean sortzen diren desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren martxa berrikustea eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko proposamenak egitea.
Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, baita aldeetako batek eskatzen duenean ere, eta erabakiak adostasunez hartu beharko dituzte.
Hemezortzigarrena.– Aldaketak egitea.
Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean aldatu ahal izango da, bi alderdiek hala adosten badute, eta erabaki berriak eranskin gisa gehituko zaizkio dokumentu honi.
Hemeretzigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auziak.
Hitzarmen hau administrazio-arlokoa da, eta, interpretatzeko eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko-administratiboari jarraituko zaio.
Hamazazpigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari emandako eginkizunen kalterik gabe, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esku utziko dira hitzarmen hau garatzean eta gauzatzean bi aldeen artean sortzen diren auziak.
Hogeigarrena.– Indarraldia eta azkentzea.
Hitzarmen hau aldeek sinatzen duten egunean jarriko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du egun horretatik.
Aurreko paragrafoan jarritako epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek hura luzatzea adostu ahalko dute aho batez, beste lau urterako gehienez.
Hitzarmena arrazoi hauengatik azkendu daiteke:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.
b) Aldeek aho batez hala erabakitzea edozein unetan.
c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.
Lankidetza-hitzarmen hau irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, alderdiek haren bi ale sinatzen dituzte, testuaren goiburuan aipatutako tokian eta egunean, eta ezarritako klausulekin bat.
.....................................ko Udaleko alkatea,
......................................................... JAUNA/ANDREA.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS