Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2026ko urtarrilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
260

4/2025 FORU ARAUA, azaroaren 24koa, zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zergari buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «4/2025 Foru Araua, azaroaren 24koa, zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zergari buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2025eko azaroaren 24a.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

2025eko apirilaren 30ean, argitara eman zen Estatuko Aldizkari Ofizialean apirilaren 29ko 3/2025 Legea, zeinaren bidez aldatzen baita maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duena. Lege horretan jasota gelditzen da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2024ko abenduaren 23ko bilkuran adostutako akordioa, besteak beste zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga ituntzea aurreikusten duena.

Zerga hori ituntzeko arrazoia Ekonomia Itunaren bigarren xedapen gehigarrian bilatu beharra dago. Izan ere, bertan xedatzen da ezen, baldin eta Estatuaren tributuei buruzko ordenamendu juridikoan erreformaren bat egiten bada eta erreforma horrek tributuen ituntzeari eragiten badio, edo araugintzarako eskumenen banaketa aldatzen bada eta aldaketa horrek zeharkako zergapetzearen eremuari eragiten badio, edo figura tributario edo konturako ordainketa berriren bat sortzen bada, bi administrazioek, ados jarrita, ordenamendu horretan izandako aldaketetara egokituko dutela Ekonomia Ituna.

Alde horretatik, adierazi beharra dago 2024ko abenduaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofizialean abenduaren 20ko 7/2024 Legea argitaratu zela, eta haren azken xedapenetako bederatzigarrenean beste figura tributario bat sortu dela, zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga hain zuzen.

Zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga araudi autonomoko tributu itundu gisa eratzen da, eta haren konexio puntuak finkatzeko, araudi aplikagarriari eta ikuskapenari dagokienez, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren araudia hartzen da kontuan, foru lurraldekoa edo lurralde erkidekoa, kasuan kasu. Ordainarazpenari dagokionez, zergaldian zehar lurralde bakoitzean egiten den eragiketa bolumenari erreparatzen zaio, Ekonomia Itunak sozietateen gaineko zergarako ezartzen dituen ordainarazpen arauak aplikatuz.

Tributu hau zuzeneko zerga bat da, aldi baterakoa, zeinaren xedea baita kreditu entitateek, atzerriko kreditu entitateen sukurtsalek eta kredituko finantza establezimenduek lortutako interes eta komisioen marjina positiboa zergapetzea, marjina hori Espainiako lurraldean egindako jardueratik datorrenean. Atzerrian kokatutako sukurtsalei egozgarri zaien marjina kanpo geratzen da, beraz.

Zergaren elementurik esanguratsuenen artean, aipatzekoa da haren oinarri likidagarria kalkulatuko dela zerga oinarriari hainbat murriztapen aplikatuta: 100 milioi euroko murriztapen generikoa, banku fundazioen ongintza eta gizarte ekintzetara bideratutako zenbatekoen murriztapena, eta sozietate kooperatiboen eremuan egiten diren nahitaezko ekarpen jakin batzuen murriztapena.

Bestalde, zergaren eskalan bost karga tasa bereizten dira; hasierako tasa 100eko 1ekoa da, oinarri likidagarriaren lehen 750 milioiei aplikatzen zaiena, eta, altuena, 100eko 7koa, gutxieneko 5.000 milioiko oinarri likidagarrien kasuan aplikatzen da.

Bestalde, finantza entitateak zergarengatik ordaindu beharreko kuota likidoa kalkulatzeko, kuota osotik sozietateen gaineko zergan izandako kuota efektiboaren 100eko 25 gutxituko da; atzerriko kreditu entitateen sukurtsalen kasuan, portzentaje hori ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kuota likidoarena izango da.

Azkenik, kenkari bat ezartzen da finantza baliabideak eskuratzea errazten duten kutxazain automatikoak ezarri eta hobetzeagatik.

Gainera, aparteko kenkari bat aplikatzen da zergadunaren funts propio guztien gaineko errentagarritasunaren adierazlea 100eko 11 baino txikiagoa denean.

Kenkari hauek aintzat hartuko dira ordainketa zatikatuaren zenbatekoa kalkulatzeko garaian, hain zuzen ere, zergadunek uneko zergaldiko abenduaren lehen 25 egun naturalen barruan sartu behar dutena.

Zergaldia bat etorriko da finantza entitatearen ekitaldi ekonomikoarekin, eta zergaren sortzapena zergaldiaren azken egunean gertatuko da. Hala ere, zergaldia lehenago amaitu daiteke kreditu entitateak, finantza establezimenduak edo atzerriko sukurtsalak jarduera uzten duenean.

Zergaren kudeaketari dagokionez, zergadunak behartuta daude zerga autolikidatzera eta zerga zorra ordaintzera zergaldia amaitu ondorengo bederatzigarren hilabetearen lehen 25 egunen barruan. Amaitzeko, argitzen da oinarri likidagarria positiboa ez denean zergadunak ez daudela behartuta autolikidazioa aurkeztera.

Azkenik, foru arau honek 23 artikulu, xedapen iragankor bat eta azken hiru xedapen ditu.

1. artikulua.– Zergaren izaera eta xedea.

Zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, kreditu entitateek, atzerriko kreditu entitateen sukurtsalek eta kredituko finantza establezimenduek lortutako interes eta komisioen marjina zergapetzen duena Espainiako lurraldean egindako jardueratik datorrenean.

2. artikulua.– Aplikazio eremu subjektiboa.

1.– Foru arau honetan xedatutakoa foru arau honen 7. artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren zergadunei aplikatuko zaie, Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 2. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan jasotako arauei jarraituz.

2.– Era berean, foru arau honetan xedatutakoa berdin aplikatuko zaie atzerriko kreditu entitateek Espainiako lurraldean dituzten sukurtsalei, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 2. artikuluko 1. apartatuaren b), c) eta d) letretan aurreikusitako erregelei jarraituz.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.

Zergadunek Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren arabera tributatuko diote beti Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Ondorio horietarako, Gipuzkoan egindako eragiketa bolumena sozietateen gaineko zergaren ordainarazpenerako ezarritakoa izango da.

4. artikulua.– Egoitza fiskala.

1.– Zergadunen egoitza fiskala Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

2.– Atzerriko kreditu entitateek Espainiako lurraldean kokatuak dituzten sukurtsalen kasuan, haien egoitza fiskala Gipuzkoan egongo da Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 11.1 artikuluko a) letran aurreikusitakoaren arabera.

5. artikulua.– Itunak eta hitzarmenak.

Foru arau honetan jasotakoa ez da eragozpen izango Espainiako barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzeko.

6. artikulua.– Zerga egitatea.

Espainiako lurraldean interes eta komisioen marjina positibo bat lortzeak ekarriko du zerga egitatea sortzea.

Alde horretatik, Espainiako lurraldean interes eta komisioen zer marjina lortu den kalkulatzeko, aintzat hartuko dira 7. artikuluaren a) eta b) letretan aipatzen diren zergadunek interes eta komisioengatik izandako diru sarrera eta gastu guztiak, atzerrian kokatutako sukurtsalei egozgarri zaizkienak izan ezik.

Atzerriko kreditu entitateen sukurtsalen kasuan -7. artikuluaren c) letran aipatzen dira horiek–, Espainiako lurraldean interes eta komisioengatik lortu den marjina kalkulatzeko, aintzat hartuko dira sukurtsal horiei Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera interes eta komisioengatik egozgarri zaizkien diru sarrerak eta gastuak.

7. artikulua.– Zergadunak.

Zerga honen zergadunak dira:

a) Espainiako lurraldean kokatuta dauden kreditu entitateak, Kreditu entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1.2 artikuluaren a), b) eta c) letretan aipatuak.

b) Kredituko finantza establezimenduak, Enpresen finantzaketa sustatzeko apirilaren 27ko 5/2015 Legearen 6. artikuluan aipatuak.

c) Atzerriko kreditu entitateek Espainiako lurraldean dituzten sukurtsalak.

8. artikulua.– Zergaldia.

1.– Zergaldia zergadunaren ekitaldi ekonomikoa izango da, eta ezingo du 12 hilabeteko epea gainditu.

2.– Zergaldia beti amaituko da kasu hauetan:

a) Entitatea desegiten denean.

b) Entitateak Espainiako lurraldean kokatuta egoteari uzten dionean.

c) Entitatearen forma sozietarioa eraldatzeagatik, haren estatutua edo araubide juridikoa aldatzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik, zergadun izaera galtzen duenean.

d) Sukurtsalak Espainiako lurraldean jarduteari uzten dionean edo hirugarren bati eskualdatzen zaionean.

9. artikulua.– Zergaren sortzapena.

Zergaldiaren azken egunean sortuko da zerga.

10. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zerga oinarria honako hau izango da: 6. artikuluan ezarritakoaren arabera jarduera Espainiako lurraldean gauzatzeagatik ondorioztatutako diru sarrerak eta gastuak direla eta izandako interesen eta komisioen marjina integratu eta konpentsatzeak dakarren saldo positiboa. Ezinbesteko baldintza da diru sarrera eta gastu horiek agertzea zergadunaren galdu-irabazien kontuan edo, hala badagokio, zergaldiko emaitzen egoera orrian, aplikagarri zaion kontabilitate araudian xedatutakoarekin bat.

Aurreko paragrafoan aipatutako integrazio eta konpentsazioaren emaitzak saldo negatiboa ematen badu, zerga oinarria zero izango da.

2.– Zerga oinarria kalkulatzeko zuzeneko zenbatespenaren metodoa aplikatuko da eta, subsidiarioki, zeharkako zenbatespenaren metodoa, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, 52. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.– Zuzeneko zenbatespenaren metodoan, zerga oinarria kalkulatuko da interesen eta komisioen diru sarrera eta gastuen partidetatik abiatuta, betiere Merkataritza Kodean, zenbatespen horri buruzko gainerako legeetan eta arau horiek garatzeko eman litezkeeen xedapenetan aurreikusitako arauei jarraituz.

11. artikulua.– Oinarri likidagarria.

Oinarri likidagarria kalkulatuko da zerga oinarriari murriztapen hauek aplikatuta:

a) 100 milioi euro.

Zergadunaren zergaldia 12 hilabetetik beherakoa denean, 100 milioiko murriztapena hainbanatu egingo da zergaldiaren egun kopuruaren arabera.

b) 12. artikuluan aurreikusten diren murriztapenak.

Artikulu honetan aurreikusitako murriztapenak aplikatzeak ezingo du berekin ekarri oinarri likidagarria negatiboa izatea.

12. artikulua.– Murriztapenak helburu jakin batzuetarako egindako ekarpenengatik.

1.– Zerga oinarria zehazteko garaian, zergadunek posible izango dute ongintza eta gizarte ekintzetara beren emaitzetatik bideratzen dutenaren pareko kantitate bat murriztea, bat etorriz, horretarako, Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 30. artikuluarekin eta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituen abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauak lehen xedapen gehigarrian jasotakoarekin –banku fundazioen zerga araubidea–.

Ongintza eta gizarte ekintzetara bideratutako zenbatekoen gutxienez 100eko 50 esleitzen diren ekitaldi berean edo haren ondorengoan aplikatu behar dira, dela afektatutako inbertsioak egiteko, dela ekintza horren babespeko instituzio edo establezimenduen gastuak ordaintzeko.

Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta zenbatekoak ez badira aplikatu edo behar ez bezala aplikatu badira, zenbateko baliokide bat sartu beharko da epe hori bukatzen denean amaitutako zergaldiko edo aplikazio desegokia egin den zergaldiko zerga oinarrian, eta ateratzen den kuotari berandutze interesak gehitu beharko zaizkio.

Modu berean jokatuko da entitatea likidatzen den kasuan, ongintza eta gizarte ekintzetara bideratutako zenbatekoetatik aplikatzeko geratzen den zatiari dagokionez, bai eta bat-egiteak, zatiketak edo aktibo eta pasibo osoaren lagapenak egiten direnean ere, non eta banku fundazioak ez duen bere gain hartzen entitate eskualdatzaileak izandako onura kontsolidatzeko betekizunen konplimendua, lehengo entitateak zituen baldintza berberetan.

Murriztapen honen oinarria banku fundazioak ongintza eta gizarte ekintzetara bideratzen dituen gastu eta inbertsioen zenbatekoa izango da, finantza entitatetik jasotako dibidenduek banku fundazioaren sarrera osoetan duten proportzioan, dibidendu horien zenbatekoaren mugaraino.

2.– Zergadunek honako zenbateko hauek ere murriztu ahal izango dituzte beren zerga oinarria zehazteko:

a) Legeak edo estatutuek ezarritako betebeharrengatik kooperatiba-erakundeen Nahitaezko Erreserba Funtsera bideratzen den zenbatekoaren 100eko 50.

b) Kooperatibek kooperatiba heziketa eta sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako nahitaez bideratzen dituzten zenbatekoak, kooperatiben araudi substantibo aplikagarrian eta haien estatutu sozialetan adierazitako baldintzekin.

c) Finantzak saneatzeko edo kooperatibak zein jarduera berriak sustatu eta garatzeko, kooperatibek kooperatiben arteko lankidetza erakundeei ematen dizkieten diru kopuruak. Murriztapen hau aplikatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da Zerga Administrazioak espresuki aitortzea aipatutako erakundeari izaera hori, ekarpena egin aurretik. Ematekotan, aitortza hori diskrezionalki emango da beti.

Ekarpena aplikatzen bada artikulu honen 2. apartatuko a) letratik c) letrara bitartean ezarritakoak ez diren helburuetarako, haren zenbateko baliokide bat sartu beharko da ekarpena bidegabe aplikatzen den ekitaldiko zerga oinarrian, eta ateratzen den kuotari bidezko berandutze interesak gehituko zaizkio.

13. artikulua.– Karga tasak eta kuota osoa.

Kuota osoa lortzeko, hurrengo eskalako tasak aplikatuko zaizkio oinarri likidagarriari:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

14. artikulua.– Kuota likidoa.

1.– Kuota likidoa kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharko da: kuota osoari kendu beharko zaio zergadunak zergaldi bereko sozietateen gaineko zergan edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan izan duen kuota efektiboaren 100eko 25.

Zergaduna talde fiskal bateko kide bada eta talde horrek baterakuntza fiskalaren araubidean tributatzen badu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak VI. tituluko VI. kapituluan jasotako eran, sozietateen gaineko zergaren kuota efektiboa hauxe izango da: zer proportzio hartzen duen kuota horren gainean zergadunaren banakako zerga oinarriak, foru arauaren 89. eta 89 bis artikuluen arabera zehaztuak, foru arau horren 90. eta 91. artikuluetan jasotako deuseztapenak eta eransketak aplikatu ondoren eta zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurretik, talde fiskalak zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurretik izan duen zerga oinarriarekiko.

Aurreko paragrafoan jasotakoaren ondorioetarako, zergadunaren zerga oinarria negatiboa bada, apartatu honetan jasotako gutxipena ezingo da aplikatu.

2.– Artikulu honetan jasotako gutxipenaren ondorioz, kuota likidoa ezingo da negatiboa izan.

15. artikulua.– Aparteko kenkaria.

1.– Zergadunaren funts propio guztien gaineko errentagarritasunaren adierazlea ez bada iristen 100eko 11ko erreferentzia baliora, zergaren kuota likidotik kenduko da adierazle horrek erreferentzia balio horrekiko adierazten duen murrizketaren proportzioa, 3. apartatuan aurreikusitako formulari jarraituz.

2.– Funts propio guztien gaineko errentagarritasunaren adierazlea, aurreko zenbakian aipatu dena, eragiketa honen emaitza izango da: zergaldiko kontabilitate emaitza, zerga honi dagokion gastua sartu gabe, zergaldia amaitzean dauden funts propio guztiekin zatituta ateratzen den zatidura bider ehun.

Aurreko paragrafoan jasotakoaren ondorioetarako, zergadunaren kontabilitate emaitza eta funts propioak aplikagarri zaion kontabilitate araudian xedatutakoaren arabera zehaztuko dira, betiere Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezar ditzakeen berezitasunekin.

3.– Kenkariaren portzentajea kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

4.– Kenkariaren zenbatekoa kalkulatzeko, portzentaje hori kuota osoari aplikatu behar zaio, eta haren emaitza ezingo da izan kuota horren zenbatekoa baino handiagoa.

16. artikulua.– Udalerri txikietan finantza inklusioa bermatzeko eta indartzeko kenkaria.

1.– Finantza bazterkeria jasateko arriskuan dauden udalerrietan kutxazain automatiko berri bakoitzeko 600 euroko kenkaria aplikatzeko eskubidea emango du kuota likidoan, eta haren emaitza ezingo da izan kuota horren zenbatekoa baino handiagoa.

Kenkari hau bateraezina izango da helburu bererako edozein dirulaguntza edo laguntza publiko lortzearekin.

2.– Finantza bazterkeria jasateko arriskuan dauden udalerritzat hartuko dira 1.100 biztanletik beherako zuzenbidezko biztanleria dutenak.

17. artikulua.– Zergaren kengarritasunik eza.

Zerga hau ez da kengarria izango ez sozietateen gaineko zergan ez ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan.

18. artikulua.– Ordainketa zatikatua.

1.– Zergadunek, abenduko lehen 25 egun naturaletan, ordainketa zatikatu bat egin beharko dute, uneko zergaldiari dagokion zergaren konturako ordainketa gisa, Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuak erabakitako eran eta baldintzetan.

Ordainketa zatikatuaren zenbatekoa kalkulatzeko, zergaldiko kuota likidoa 100eko 40ko portzentajearekin biderkatuko da. Kuota hori behin-behinean zehaztuko da, kalkulu metodo sinesgarri baten arabera, edo, hala badagokio, foru arau honetako 15. eta 16. artikuluetan jasotako kenkarietan murriztuta.

Zehazki, aurreko paragrafoan aipatzen den ordainketa zatikatuaren zenbatekoa kalkulatzeko eta foru arau honen 12. eta 14. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako, kontuan hartu ahal izango da zergadunak ordainketa zatikatuaren aurkezpen egunean sozietateen gaineko zergarengatik aurkeztutako azken aitorpena.

Zergaren arauei jarraituz kuota likidoa ez bada positiboa, ez da ordainketa zatikatuaren autolikidazioa aurkezteko betebeharrik izango.

2.– Artikulu honetan jasotako ordainketa zatikatua foru arau honetako 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da.

19. artikulua.– Zergaren kudeaketa, Zerga Administrazio batean baino gehiagotan tributatzen denean.

Zerga Administrazio batean baino gehiagotan tributatzen den kasuetan, erregela hauek aplikatuko dira:

Lehena. Zergaren autolikidazioetatik ateratzen den emaitza kasuan kasuko administrazioei egotziko zaie, zergaldi bakoitzean lurralde batean eta bestean egindako eragiketa bolumenaren arabera.

Bigarrena.– Administrazio batean baino gehiagotan tributatu behar duten zergadunek bidezkoak diren autolikidazioak aurkeztu behar dituzte administrazio horietan, Ogasun eta Finantzetako departamentuko foru diputatuak ezarritako epe eta formalitateak errespetatuta. Autolikidazio horietan, administrazio bakoitzari aplikatu beharreko proportzioa eta dagozkion kuotak eta itzulketak zeintzuk diren zehaztu beharko da beti.

Hirugarrena.– Beharrezkoak diren itzulketak kasuan kasuko administrazioek egingo dituzte, bakoitzari dagokion proportzioan.

20. artikulua.– Autolikidazioa eta zerga zorraren ordainketa.

1.– Zergadunek zerga honen autolikidazioa aurkeztu eta sinatu beharko dute, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zehazten duen lekuan eta moduan.

Autolikidazioa zergaldia amaitu ondorengo bederatzigarren hilabeteko lehen 25 egun naturalen barruan aurkeztuko da. Hala ere, Zerga Administrazioak baimena eman ahal izango du, salbuespenezko kasuetan eta inguruabarrek hala gomendatzen dutenean, epe hori baino lehen aurkezteko.

2.– Oinarri likidagarri positiborik ez duten zergadunek ez dute autolikidaziorik aurkeztu beharko.

21. artikulua.– Ofiziozko itzulketa.

Egindako ordainketa zatikatua autolikidaziotik ateratzen den kuotaren zenbatekoa baino handiagoa denean, Zerga Administrazioak itzuli egingo du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 120. eta 121. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

22. artikulua.– Zergaren ikuskapena.

1.– Zergaren ikuskapena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 132. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera.

2.– Ikuskapen lanak Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudiari lotuko zaizkio, gainerako Zerga Administrazioekin elkarlanean aritzea eragotzi gabe.

Ikuskapen lan horien ondorioz, zorren bat jaso edo kopururen bat itzuli behar dela agertzen bada, eta zor edo itzulketa hori administrazio bati baino gehiagori badagokie, Gipuzkoako Administrazioak egingo du kasuan kasuko kobrantza edo ordainketa, administrazio horien artean bidezko konpentsazioak gero egitea hargatik eragotzi gabe. Ikuskaritzako organoek beren jarduketek izan duten emaitzen berri emango diete ukitutako beste administrazioei.

3.– Ikuskapen jarduketak Gipuzkoako Foru Aldundia ez den beste administrazio batek egiten baditu, ulertuko da jarduketa horiek egin direla Gipuzkoako Foru Aldundiak egiaztapen eta ikerketa arloan dituen ahalmenak eragotzi gabe. Dena den, ahalmen horiek baliatuta Aldundiak egiten dituen jarduketek ez dute inolako ondorio ekonomikorik izango zergadunengan, administrazio eskudunetako organoen lanen ondorioz egindako behin betiko likidazioei dagokienez.

Zehazki, ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari ez dagokionean, Aldundiak zilegi izango du eragiketa bolumenaren kalkuluan eragin dezaketen eragiketa guztiak egiaztatzea, non egin diren kontuan hartu gabe, egindako guztia administrazio ikuskatzaile eskudunari jakinarazteko ez beste ezertarako.

4.– Administrazio eskudunak egiaztapenetan finkatutako proportzioek ondorioak izango dituzte zergadunarekiko, likidatutako betebeharrei dagokienez, baina horrek ez du galaraziko egiaztapen horien ondoren bi administrazioen artean behin betiko beste proportzio batzuk erabakitzea.

23 artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honekin lotuta egiten diren arau-hausteak kalifikatu eta zehatzeko, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, xedatutakoa aplikatuko da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– 2025. urtearen konturako ordainketa zatikatua egiteko epea.

Zergaren foru arauaren 18. artikuluan aurreikusten den konturako ordainketa zatikatua, 2025. urteari dagokiona, foru arau hau indarrean jartzen denetik 2025eko abenduaren 31ra bitartean egin beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzea.

2026ko urtarrilaren 1etik 2030eko abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietan ondorioak izateko, hogeita bederatzigarren xedapen gehigarri berri bat gehitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauari, honela dioena:

«Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria. Aparteko mozkinen gaineko tributazio gehigarria aplikatzeko erregelak.

Foru arau honen 56.7 artikulua aplikatzearen ondorioetarako, 59. artikuluko 3., 4. eta 5. apartatuetan eta 67. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa ez da kontuan hartuko. Ondorio berberetarako, foru arau honen 83. artikuluan definitzen den talde fiskala ere hartuko da zergaduntzat».

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Xedapenak emateko ahalmena.

Diputatuen Kontseiluari eta, hala badagokio, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea eta aplikatzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, eta ondorioak izango ditu Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2024ko abenduaren 23ko bileran zerga ituntzea adostu ondoren hasten den zergaldiaren lehen egunetik zerga Estatuan indarrean dagoen azken zergaldia amaitu arte. Akordio hori jasota ageri da apirilaren 29ko 3/2025 Legean, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna, maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onetsia.


Azterketa dokumentala