Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2026ko urtarrilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
248

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Asparrenean, Ametzagatik pasatzean, Arakil ibaiaren ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatu du.

AURREKARIAK

2025eko irailaren 9an, Uraren Euskal Agentziak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Asparrenean, Ametzagatik pasatzean, Arakil ibaiaren ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko urriaren 15ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Ubideratze-obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak, eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masaren edo ibaian beherako beste batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda badezake, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.

Proiektuak 2. irizpide orokorrari erantzuten dio: «Formalki igarobide edo lokailu ekologiko izendatutako azpiegitura berdeko elementuekin gainjartzen diren proiektuak, edo eremu hauetan gauzatu behar direnak: espezie mehatxatuak lehengoratzeko edo kontserbatzeko planen eremu kritikoak edo babes bereziko erregimenean dauden espezieak kontserbatzeko garrantzitsuak diren beste eremu batzuk; Batasunaren intereseko habitatak, baldin eta unitate biogeografikoan kontserbazio-egoera txarra badute; edo arrantzaren edo itsaski-bilketaren xede diren espezieak babesteko agintari eskudunek deklaratutako eremuak; salbu eta espazio hori kudeatzeaz arduratzen den organoak jakinarazi badu proiektuak ez duela kontrako ondoriorik eragiteko potentzialik»; izan ere, antzeman da bateragarritasunak daudela «Ibaiertzeko lizardi eurosiberiarra» (HIC 91E0*) Batasunaren Lehentasunezko Intereseko Habitatarekin eta, gainera, Arabako Lautadako Irla-hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2110013) inguruan 206/2015 Dekretuak (azaroaren 3koa, KBEa izendatzen duena) ezarritako «Nekazaritza arloko Esku Hartzeko Arloarekin».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Asparrenean, Ametzagatik pasatzean, Arakil ibaiaren ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Uraren Euskal Agentziak sustatuta, honela:

A) Proiektuaren helburua da Arakil ibaiak Ametzaga-Asparrena herritik igarotzean duen funtzio hidraulikoa eta urak ateratzeko gaitasuna hobetzea, eta, hala, ibaiaren ezkerraldeko etxebizitzak urpean geratzeko arriskua ezabatzea, errepikatze-denbora laburretarako, eta ibaiaren beraren ingurumena lehengoratzea.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Asparrenean, Ametzagatik pasatzean, Arakil ibaiaren ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuak honako esku-hartze hauek aurreikusten ditu Ametzaga-Asparrena herritik igarotzen den ibai-tartean Arakil ibaiari lotutako uholde-arriskua murrizteko:

– Ametzaga-Asparreneko hirigunera sartzeko zubia eraistea eta ordezkatzea, Asparrondo industrialdetik, dagoen ibilguaren eta ibilgu osagarriaren gainean.

– Ibilgu osagarria egitea, egungo ibilguaren egungo ibilguaren paraleloan berma bat sortuz, ibilgu naturalaren egungo zabalera ez aldatzeko.

– Tartearen puntu kritiko batean luzetarako babesak ezartzea; izan ere, Azterlan Hidraulikoaren eta Alternatiben Azterlanaren arabera ezar daitezkeen neurriak ez dira berez gai proiektuko uholde-arriskua erabat ezabatzeko.

Ametzaga-Asparrena herriko hirigunea eta Asparrena industrialdea lotzen dituen zubia ordezteko, honako esku-hartze hauek egin beharko dira: ur beltzen saneamendua bulkatzeko hodia desbideratzea (gaur egun dagoen zubitik igarotzen dena), hodiratutako ur-hesi bat eta big-bagen bidezko ur-hesi bat jartzea ibilguan, zubia eraistea, hondeaketak egitea, ibilguan ezponda berriz jartzea eta harri-lubeta egitea, pasabide berriaren ezkerreko horma-bularrean mikropiloteak egitea eta pasabide berria muntatzea, bulkatzeko hodia berrezartzea, eta, azkenik, lurra lehengoratzea eta ingurumena lehengoratu eta integratzea.

Ibilguaren hoditeria polietilenozko DN1000ko bost hodiren bidez egingo da, eta ibilgua landugabeko harriez beteko da, plataforma bat osatuz, eta plataforma horretatik egingo dira eraisteko lanak. Lan egiteko plataforma hori eraikitzerakoan eta eraisterakoan ingurune hidrikora ahalik eta material xehe gutxien isurtzeko materialez osatuta egongo da. Ildo horretatik, plataformaren oinarria material lodiarekin edo harri-lubetazko harriekin egitea gomendatzen da, geotestil batez estalita, eta horren gainean betelana lurrez edo zabor-legarrez egitea. Eraisten hasi aurretik, sedimentuak atxikitzeko hesi bat jarriko da plataformaren muturrean, eta uhertasunaren aurkako hesi eseki bat ibaian behera, egungo ibilgua obra-lanetatik babesteko.

Eraisten amaitu ondoren, hoditeria eta material guztia kenduko dira ubidetik, eta big-bagen bidezko ur-hesiak egingo dira bi muturretan, ibilgutik kanpo hondeatzeko eta pasabide berriaren horma-bularrak egiteko. Ezkerreko horma-bularra herriaren aldeko sarbidetik egingo da, eta tarteko euskarria eta eskuineko horma-bularra poligonotik obrara sartzeko bide nagusitik eraikiko dira.

Arakil ibaiaren gaineko pasabide berriaren diseinuaren neurriek libratu egiten dituzte dagoen ibilguaren baoa, tarteko lur-zerrenda eta ibilgu osagarri berria. Pasabide berriak 39 metroan izango du argia, eta euskarri bat izango du ibilgu naturalaren eta ibilgu osagarriaren arteko lur-zerrendan. Bi baoko pasabidea da, 2,5 m-ko zabalera konstantea duena. Horizontalean joango diren euskarri-ardatzen arteko argia 15,6 m eta 23,4 m-koa da. Pratt sareta motako metalezko egitura batek osatzen du pasabidea. Pasabideko oholei dagokienez, 12 cm-ko ertza duen forjatu kolaboratzaile bat egingo da, 1 mm-ko lodierako txapa profilatua, ř8-ko luzetarako armatua eta #15x15 ř10-eko sare elektrosoldatua dituena. Hormigoiak akabera desaktibatua izango du. Horma-bularrak eta erdiko euskarria hormigoi armatuzko habe etzanak dira, eta meteorizatu gabeko arrokan sartutako 2. horma-bularra sakonki zimendatzen da sei mikropiloten bidez, eremuko urbanizazioari eta eraginpeko zerbitzuei ahalik eta kalterik txikiena egiteko; 1. horma-bularra eta erdiko euskarria, berriz, meteorizatutako arrokaren gainean bermatuta daude, hormigoi ziklopeozko putzuen bidez.

Gainera, proiektuan aurreikusten da Arakil ibaian ibilgu osagarri bat egitea, eremuaren uholde-arriskua murrizteko. Ibilgu osagarriaren trazadura Arakil ibaiaren eta Magalondo errekaren elkargunean hasten da; hainbat erradiotako zuzengune eta bihurguneen segida du, eta Arakil ibaiaren antzeko trazadura du haren paraleloan. Altxaeran, proiektuak uholde-arriskua hobetzeari buruzko helburuak lortzeko, ibilguaren hondoaren kota ibilgu naturalaren kota baino 0,6 metro beherago diseinatu da. Ondoriozko maldak -% 0,83koak izan dira hasierako zatian, ibaian gora, eta -% 1,07koak azken zatian; bi tarteak -% 0,48ko aldapa konstantearen bidez komunikatzen dira.

Ibilguaren inguruko hondeaketa-lanak egiteko, ibilgutik urrunen dagoen eremutik hondeatuko da ibaiertz alderantz, hondeaketa gehienak defentsa bat edo ibilgua babesteko hesi bat izan dezan. Horrek erraztu egiten du lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea. Ibaiertz aldea jarduketaren amaieran hondeatuko da, betiere ibilguaren kanpoaldetik.

Ibilgu osagarria bi eremutan banatuta egingo da: ekialdeko eremua, non ibilgu berria irekitzeko lanak hasiko baitira, eta mendebaldekoa. Ekialdeko eremuak, hau da, zubitik ibaian behera egin beharreko lanak hartzen dituen eremuak, badu berezitasun bat: irteera eman beharko zaio jarduketa-eremu horretan ura isurtzen duen errekari, hodi baten eta kamioientzako pasabide baten bidez, zeinak irteera hori babestuko baitu. Horrez gain, eremuaren lotura-lanak amaieran egingo dira, uraren eraginik gabe lan egin ahal izateko.

Mendebaldeko eremuan, zubitik ibaian gora egin beharreko lanak sartzen dira. Lanak bi fasetan banatuko dira, eta ibilgu osagarriaren hasierako lotura amaieran egingo da, hau da, gainerako jarduketa guztiak amaitu ondoren, bai eta kamioiak pasabidearen azpitik igarotzeko eremua egin ondoren ere.

Lurpeko uren eraginik gabe lan egiteko, eta ibilgu osagarriaren lurrak mugitzeko lanek planaren bide kritikoa markatzen ez dutenez, proiektuak aurreikusten du ekialdeko eta mendebaldeko eremuetako lanak erregulatzea, eremuaren maila freatikoaren arabera.

Bestalde, luzetarako babesa Arakil ibaiaren ezkerraldearen eta Ametzaga-Asparrena hirigunearen artean egingo da. Luzetarako babesa 100 metro inguruko luzera duten lur-muinoen antzekoa izango da, eta hasieran eta amaieran jarritako hormigoizko bi hormek mugatuko dute; helburua da, ibilgutik gertu dauden eremu urbanizatuak babestea Arakil ibaiaren uraldiek eragindako uholde-arriskutik; izan ere, 50 urteko errepikatze-denborako uraldiari eutsi diezaioke.

Lur-muinoa egiteko, ezkerraldeko ezpondaren goialdearen eta hormaren errematearen kanpoko mugaren artean 5 metroko distantzia mantendu da. Geometriari dagokionez, 0,5 metroko altuera du lurraren kotatik, luzera osoan zehar, eta metro bateko zabalerako errematea buztinezko gune iragazgaitzean. Gune hori xafla geotestil batez estaltzen da, eta 2H:3V ezpondekin beheratzen da. Ezponda horiek hondeaketako materialez egindako betelan batek estaltzen ditu, eta 3H:2V ezpondak osatzen dira. Lur-muinoaren errematea landareztatzeko landare-lurrezko zati batekin egingo da. Lur-muinoaren muturretan hormak proiektatzen dira, goragunea dauden hormekin lotu eta lotura iragazgaizteko.

Proiektua gauzatzeko egin beharreko jarduketek bide berdearen zati bati (oinezkoak, txirrindulariak eta zaldiak ibiltzeko bidea) eragingo diote. Proiektuan, obrek iraun bitartean, aurreikusten da behin-behineko desbideratze bat egitea eta obrak amaitu ondoren lehengoratzea.

Proiektua garatzeko, 12.717,511 m2-ko behin betiko okupazioa aurreikusten da, eta 5.507,542 m2-ko aldi baterako okupazioa (obrara sartzeko eremuak, hondeaketa-materiala pilatzeko eremuak, obrako instalazio osagarriek okupatutako eremuak eta oinezkoak behin-behinean desbideratzerako eremuak).

Obran, mota guztietako lurzoruen 17.495,66 m3 hondeatzea aurreikusten da, honako hauek barne: kanalizazioaren hondeaketa, pasabideen horma-bularrak, eta hormen eta zerbitzu-zangen zimenduak barne. Kontuan hartu da obran bertan betelanetarako 2.737,39 m3 berrerabiliko direla.

Zortzi hilabetekoa izango da proiektua gauzatzeko epea.

Proiektua definitzeko, 0 alternatibaz edo «esku ez hartzeko» alternatibaz gain, esku hartzeko bi alternatiba aztertu dira.

0 alternatiba baztertu egin da, egungo ibilguaren sekzio txikiak ibaiaren erregimen hidrikoan eragiten duen afekzioagatik eta, ondorioz, 10 urteko errepikatze-denborako uraldiek Ametzaga-Asparreneko hiriguneko etxebizitzei eragiten dietelako.

1. alternatibak proposatzen du tarte batean (zubitik ibaian gora) ibilgu osagarri egitea, eta beste tarte batean (zubitik ibaian behera) berma baten bidez ibilgua handitzea. Alternatiba horretan planteatzen da ibilgu osagarria eskuineko ertzean, zubitik ibaian gora, egitea, eta gutxi gorabehera bost metroko zabalera duen lur-zerrenda bat egoera naturalean mantentzea ezpondaren goialdean; eremu horretan ondo zaindutako ibaiertzeko landaredia antzeman baitzen. Horrez gain, pasabidea kentzea edo ordeztea ere aztertzen da.; izan ere pasabide horrek ibaian gora ur-geruza txikiagotzen du, baina, jarraian, zubitik ibaian behera gehiegi goratzen jarraitzen du.

2. alternatibaren proposamena da ibilgu nagusitik bereizitako ibilgu osagarri bat egitea jarduketaren luzera osoan, eta hori izan da proiektuak garatutako irtenbidea, egokiena izan baita.

Proiektuaren garapenean zehar, gauzatu beharreko ibilgu osagarrirako behar diren dimentsioen alternatiben azterketa egin da. Alternatibak aztertzeko, HEC-RAS softwarea erabiltzen da. Prozesu horretan, ibilgu berriaren eredua egiten da, azterketa-eremuaren gaitasun hidraulikoa hobetzeko irtenbiderik egokiena zein den ikusteko, eta, aldi berean, ingurumen-eraginak eta jarduketaren kostua minimizatzeko.

Horretarako, zenbait iterazio egin dira Arakil ibaiaren proiektuaren jarduketa-eremuan. Lehendik dagoen ibilguarekiko paraleloa den ibilgu bat proiektatu da, eta gutxi gorabehera bost metroko zabalera duen lur-zerrenda bat egoera naturalean mantenduko ezpondaren goialdean, ibaiertzeko landaredia ondo zaintzeko. Horrela, guztira 12 eredu egin dira, ibilgu berriranzko adarkatzea egiteko ibilgua zabaltzetik abiatuta, lehen deskribatutako dimentsioak dituen ibilgu berria eta bokale berri egiteko.

Eredua egiteko alternatiba guztiek aurreikusten dute geometrian aldaketa hau: eskuineko ertzean, zubitik ibaian behera, ibilgu berrien eta lehendik dagoenaren arteko bermaren gainean geratzen diren betelanak kentzea.

Emaitzek erakusten dute hondoaren zabalera aldatzeak hobekuntza nabarmenagoa dakarrela hondo-koten arteko aldeak baino, batez ere herriaren eremuan; beraz, komeni da eskuragarri dagoen gehieneko zabalera aukeratzea, inguruaren baldintzen arabera.

Ibilgu berriari uraldietan soilik kargan sartzen laguntzeko, hondoaren kotan zenbat eta alde handiagoa utzi, orduan eta txikiagoa izango da ingurumen-eragina. Gainera, lortutako emaitzen arabera, eta hondoen koten artean ahalik eta alde txikiena mantentzeko, babes-horma bat jarri behar da Arakil ibaiaren ezkerraldean, etxebizitzak ibaiaren gainezkatzeetatik babesteko.

Ingurumen Dokumentuan egindako alternatiben ingurumen-balorazioaren arabera, 2. alternatibak aukera ematen du helburu hidraulikoak lortzeko, uholde-arriskua hobetzeari dagokionez, eta, aldi berean, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko. 2. alternatiban honako abantaila hauek nabarmentzen dira:

– Jarduketa-eremua ia osorik geratzen da intereseko habitat gisa izendatutako eremutik kanpo, salbu eta jarduketaren hasiera eta amaiera eta zubiaren ordezkapena.

– Arakil ibaiaren funtzionamendu hidraulikoa mantentzen da agorraldian eta ohiko emari egoeretan; hortaz, ibilgu osagarria uraldietan baino ez da jartzen martxan.

– Ibaia eta ibaiertza egoera naturalean mantentzen dira: ezpondak, ibilguaren hondoa eta bost metroko lur-zerrenda eskuinaldeko ezpondaren goialdetik aurrera.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren (ES091) Arakil Unitate Hidrologikoan (UH) dago, eta bat dator Arakil ibaiarekin, haren ibaiadarrarekin (izenik gabeko 13208 erreka), eta Magalondo ibaiaren eta Arakil ibaiaren elkargunearekin. Arakil ibaiaren Altzaniarainoko ur-masak (ES091549) egoera ekologiko, kimiko eta global ona du 2024ko balorazio urterako; urte anitzeko egoera globala, berriz, ona baino okerragoa da 2020-2024 urte anitzeko balorazio-aldirako. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak honela sailkatzen ditu Arakil ibaiaren ertzak: ingurumen-osagaiaren arabera, «lehengoratu beharreko ertzak», eta, hirigintza-osagaiaren arabera, ezkerraldean, «eremu garatuetako ertzak» eta eskuinaldean «garapen berriak egiteko potentziala duten ertzak» eta «landa-eremuko ertzak». Aipatutako Lurralde Plan Sektorialaren osagai hidraulikoaren arabera, Arakil ibaia I. mailan (10<C<50 km2) sailkatzen da proiektuaren eremuan. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroak Arakil ibaiaren Altzaniarainoko ur-masa «hornidurako hartuneak dituen masatzat» hartzen du. Plangintza egiteko eskumenen esparruei dagokienez, proiektuaren inguruko sare hidrografikoa erkidego arteko arroen barruan dago, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak du uren arloko eskumena.

Litologiari dagokionez, proiektatutako jarduketek bat egiten dute porositateagatiko iragazkortasun ertaina duten metakin alubioiekin eta alubioi-kolubialekin, eta, tarteka, pitzaduragatiko iragazkortasun txikiko tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien, eta kalkareniten alternantziarekin. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eremuko baldintza geoteknikoak oso kaltegarriak dira, eta arazoak daude, hala nola, istiltzeko arriskua, nahiz sostengu-ahalmenak eta asentuek eragindako arazoak.

Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Kuartango-Aguraingo lurpeko ur-masaren gainean dago (ES091MSBT013), zeinak 2018-2022 urteen arteko aldirako egoera global «ona» baitu. Proiektua Iparraldeko Antiklinorioko Jabariko Kuartango Agurain Sektore Kuaternarioaren gainean dago, eta bat dator interes hidrogeologikoko eremuarekin. Hala ere, proiektuaren eremuan, akuiferoen kalteberatasuna ez da nabarmena tuparri-kareharriak eta tuparriak nagusi diren eremuetan, eta txikia da metakin alubioiek eta alubio-kolubialek osatutako azaleretan.

Proiektuan ez dago ez Natura 2000 Sareko espazioekin ez beste gune babestu batzuekin bat datorrenik. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioko interes geologikoko puntu edo lekuekin, ez eta kultura-ondareko elementuekin edo katalogatutako paisaia-balioekin ere, nahiz eta Aguraingo arroa, non proiektua kokatzen baita, EAEko Paisaia Berezien eta Nabarmenen Katalogoaren Inbentarioan sartu (EJ, 2005).

Aipatu behar da, proiektua ibaian gora gauzatuko denez, Arakil ibaia ES2110023 Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) bertan dagoela, gutxi gorabehera 1,2 km-ra. Gainera, Arakil ibaia EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinean sartzen da.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektuak bat egiten du lizardi-haltzadiarekin (HIC 91E0* Ibaiertzeko lizardi eurosiberiarra), zereal, patata eta erremolatxa laboreekin eta Brachypodium pinnatumaren albitz-belardiarekin edo beste larre mesofilo batzuekin. Ingurumen Dokumentuaren arabera, ibaiertzeko landaredian makal handiak dira nagusi (Populus nigra), eta Populus x canadensis espezie hibridoa ere identifikatzen da. Horien ondoan, lizar (Fraxinus excelsior), astigar eta hurritz batzuk ere badaude, eta, noizean behin, haltzen bat (Alnus glutinosa). Horrez gain, proiektuaren eremuan eta haren ingurunean, Ingurumen Dokumentuak landa-lanaren bidez identifikatu diren landaredi-unitate hauek ere badaudela aipatzen du: Sasiak eta zuhaixkak, hostozabalen mosaiko mistoa (horietan nagusi dira Populus nigra makalak, Populus x canadensis, eta astigar arrunta), belardiak, laboreak, ortuak eta fruta-arbolak, duela 15 bat urte egindako hostozabalen baso-berritzeak eta -sailak, non hauek identifikatzen baitira: basarrosa (Rosa canina), astigarrak (Acer campestre), elorri zuria (Crataegus monogyna), hurritzak (Corylus avellana), erkametzak (Quercus faginea) batez ere baso-berritzearen mendebaldean, edo hostazuriak (Sorbus aria), ibaiertzeko landaredia eta landaredi erruderal nitrofiloa. Bestalde, jakinarazi da landa-bisitetan ez dela antzeman flora aloktono inbaditzailearen taxonik, ez eta mehatxatutako flora-espezierik ere.

Faunari dagokionez, ez du ukitzen fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planen xede den beste eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoena ere. Halaber, ez da identifikatu Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak (2016/05/23ko EHAA, 96. zk.) hegazti-fauna babesteko izendatutako beste eremurik ere. Ingurumen Dokumentuak dio ezen, Eusko Jaurlaritzak «Euskadiko ibaietako naiade eta odonato larben behaketa» lanen esparruan argitaratutako informazioa kontsultatu ondoren, proiektuaren eremuan ez dela aipatzen halako fauna-talderik ikusi denik. Era berean, «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» (Eusko Jaurlaritza) kontsultatu ondoren, ez da baso-igel jauzkariaren (Rana dalmatina) aipamenik identifikatu. Hala ere, landa-bisitetan, igel arrunta (Pelophylax perezi) aurkitu da Magalondo ibaian. Aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, ez da aurreikusten proiektuaren esparruan intereseko fauna-taxonik aurkituko denik, ez bada hegan ari direla edo Arakil ibaiaren eta haren ertzen egungo ibilguan zehar. Proiektutik ibaian behera 1,2 km-ra dagoenez, bisoi europarra (Mustela lutreola) kontserbatzeko interes bereziko eremua aipatu behar da, Arakil ibaiarekin bat egiten duena, Arabako Lurralde Historikoan bisoi europarra Kudeatzeko Planaren arabera.

Ingurumen-arriskuei begira, proiektuak ez ditu zuzenean ukitzen Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzoruak. Nolanahi ere, proiektuaren barruan, Arriko enpresa zaharraren atzealdean dagoen eta proiektatutako uraldien ibilgu osagarriarekin (proiektuaren ekialdeko eremua) bat egiten duen partzelaren azterlan bat egin da, egiaztatzeko lurzoru naturalak nagusi direla, eta betelanak eta haiekin kontaktuan dagoen material naturala karakterizatzeko, horiek kudeatze aldera. Egindako azterlanean egiaztatu da aldatu gabeko lurzoru naturalek 1.579 m2-ko azalera hartzen dutela, eta 344 m2 lurzoru naturalaren gaineko betelanak dituen eremukoak direla. Baieztatu da hidrokarburoak kutsatu egin dituela betelanetarako materialak.

Bestalde, adierazi behar da jarduketak 10 urteko errepikatze-denborako uraldiek eragindako uholde-arriskuko eremuan egingo direla, eta haiek Ametzaga-Asparrena hirigunean Arakil ibaiaren ezkerraldean dauden etxebizitzei eragiten dietela, uholde-arriskua murriztea baita proiektua bera gauzatzearen xede. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren babes zibileko arrisku-mapek agerian uzten dute baso-suteak izateko arrisku handia duten eremuak bat datozela zuhaitzak dituzten azalera batzuekin.

Beste arrisku batzuei dagokienez, alde batera utzi dira sismikotasunari lotutakoak, bai eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiarekin edo oso handiarekin lotutakoak ere. Era berean, baztertu egin dira salgai arriskutsuen errepideko edo trenbideko garraioko istripuekin lotutako arrisku handiak, bai eta SEVESO III araudiari lotutako enpresen hurbiltasunarekin lotutakoak ere.

3.– Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan izanda, hauek izango dira inpaktu nabarmenenak obra fasean gertatuko dira, eta, nagusiki hauen ondorioz: Arakil ibaiaren gainean dagoen zubia eraistea, pasabide berri egitea, ibaiaren paraleloan ibilgu osagarria hondeatzea, eta Ametzaga-Asparrena hirigunea ibaiaren uholdeetatik babesteko luzetarako hesi bat edo lur-muino bat egitea. Horrez gain, honako lan hauek eragindako afekzioak gehitu behar dira: ibilguaren hodiratutako ur-hesi eta big-bagen bidezko ur-hesia jartzea, ibilguan ezponda berriz jartzeko hondeatzea eta harri-lubeta egitea, pasabide berriaren ezkerreko horma-bularrean mikropiloteak egitea eta pasabide berria muntatzea. Gainera, obrak egin ahal izateko, eremu bat egokituko da instalazio osagarrietarako. Aurreikusitako jarduketak egiteko, lur-mugimenduak egin beharko dira (17.495,66 m3 guztira; horietatik 2.737,39 m3 obran berrerabiliko dira), landaredia kenduko da, ibilgailuak eta obrako makinak ibiliko dira, obra-materialen zamalanak egingo dira eta zerbitzuak etengo dira. Horrek guztiak eragina izan dezake ibaiaren morfologian, landaredian, faunan (bereziki, ibaiari lotutakoan), lurzoruetan, kalitate atmosferikoan, egoera akustikoan, paisaian, eta ibai-uren kalitatean, bai solido esekiak handitzeagatik, bai erabilitako makinek eta giza habitatak istripuzko isuriak egiteagatik.

Ingurumen Dokumentuak aipatzen duen «Garai batean Arriko enpresak (Asparrena, Araba) okupatutako partzelarekin bat datorren hondeatu beharreko eremuan jatorri antropikoko materiala karakterizatzeko txostenaren» arabera (Talantia, 2025eko iraila), ibilgu osagarria egiteko hondeatu beharreko materialaren zati bat hidrokarburoak kutsatu du; ondorioz, aurreikusitako jarduketek Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko dute.

Proiektuaren eremuan HIC 91E0* Ibaiertzeko lizardi eurosiberiarra egoteari dagokionez, Ingurumen Dokumentuak adierazten du aldizka egiten duela bat proiektatutako jarduerekin eta proiektuaren muturretan baino ez dela gertatzen, hau da, ibilgu osagarriaren eta Arakil ibaiaren ibilguaren elkargunean eta Ametzagara sartzeko bidearen inguruan.

Ingurumen Dokumentuak ingurumena berreskuratzeko eta integratzeko jarduerak definitzen ditu, hauek barne: tratamenduen deskribapena, erabili beharreko espezieen osaera (landaketetan zein ereite hidraulikoan), kartografia eta aurrekontu banakatua.

Egoera akustikoari dagokionez, Ingurumen Dokumentuak azterlan akustiko bat jasotzen du obra-faserako. Azterlan horrek ondorioztatzen du biztanleriak jasan beharko dituen zarata-mailak, batez ere obretatik gertuen dauden eraikinetan, bizitegi-erabilerarako gehieneko immisio-balioak gaindi ditzakeela, nahiz eta soilik eguneko orduetan eta obrek irauten duten bitartean gainditu.

Ustiapen-fasean, proiektatutako obrek murriztu egingo dute uholde-arriskua jarduketa-tartean.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Asparrenean, Ametzagatik pasatzean, Arakil ibaiaren baiaren ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin bat:

a) Ibaia goratzen bada eta obren fasean urak ibilgu osagarrira sartzen badira, arrain-fauna harrapatuta gera daiteke atxikitako uretan obrak amaitu arte, ibaiarekin loturarik ez badu. Arrain-faunako teknikari espezialista bat obran bertan egotea gomendatzen da, ibaia goratuz gero, arrain-aleak lekualdatzea komeni den ala ez erabaki dezan.

b) Proposatzen da faunako teknikari espezialistak azterketa bat egitea belar-sastrakak garbitu eta moztu aurretik, une horretan espezie mehatxatu edo interesgarrien habiarik edo gordelekurik dagoen egiaztatzeko.

c) Ingurumena eta paisaia lehengoratzeko neurrien kasuan, gomendatzen da sahats-aldaxkatzeak ibilgu osagarri berriaren ezpondetara nola hedatzen diren baloratzea, ibilgu horren hasierako eta amaierako muturrak alde batera utzita, zeinetan egokitzat jotzen baita ezpondak adar-esteraren eta koko-sarearen bidez egonkortzea. Gomendatutako sahats-aldaxkatzeak landare-estaldura trinkoa garatzen lagunduko du, bai eta Arakil ibaiaren eta ibilgu osagarriaren arteko ibaiertzeko landaredia lehengoratzen ere.

d) Ereite hidraulikorako proposatutako eremuen kasuan, baloratu egin beharko da ea landare igokariak landatu daitezkeen, hau da, huntz arrunta (Hedera helix); batez ere ibilgu osagarri berriaren ezpondak integratzeko, baldin eta aurreko puntuan proposatutako aldaxkatzea ezin bada egin.

e) Landaketen berme-aldia 3 urtera luzatu beharko da, landareak behin betiko sustraitu daitezen bermatzeko.

– Obrak egiteko ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Ustekabeko kalterik egiten bada eremu horretatik kanpo, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.

Ibaiertzeko landaredia duten natura-interes handiko eremuetan (91E0* Ibaiertzeko lizardi eurosiberiarra lehentasunezko BIHa), kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitz-aleak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemari kalterik ez izateko. Aipatutako eremu sentikorren zuinketa-fasean eta lanak egitean, ingurumen-aholkularitzak bertan egon beharko du.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:

Babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

– Ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira obrak.

– Makinek beti erabiliko dute proiektuan deskribatutako ur-hesiak sortutako plataforma, eta, nolanahi ere, ibilgutik zirkulatzea saihestuko dute.

– Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Alde horretatik, ingurumen-dokumentuan deskribatutakoaren arabera, zubi berriaren horma-bularrak hormigoitu eta mikropiloteak egin aurretik, dekantazio-sistemak instalatuko dira, polietilenozko xafla iragazgaitz batez hornitua, gehiegizko hormigoi-esnea jaso ahal izateko. Halaber, harri-lubeta zimendatzeko ibai-ibilguan egindako indusketetako urak xukatzeko, dekantazio-putzuak jarriko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko.

Dekantazio-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, bai eta eurite handiak direnean ere, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.

Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako sedimentuak, gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzukoak barne, aldian-aldian bildu eta behar bezala kudeatuko dira, bakoitzaren karakterizazioaren arabera. Bestalde, putzuetako urei jarraipen analitikoa egingo zaie. Isurketa-baimenetan ezarritako mugak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.

Ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak eraginkorrak diren aztertuko da, eta haiek indartu edo sistema eraginkorragoekin ordeztu behar diren aztertuko da.

Lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako –edo berariaz diseinatutako instalazioetan–, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

Obrako makinen parkerako eta haien mantentze-lanetarako azalera drainatze naturaleko eremutik isolatuta utziko da. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

– Obretan, hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura (biribilki modukoa, material pikortatua eta abar), istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak, bai eta garbigunea ere, ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira.

– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean izan ditzaketen ondorioak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisiko-kimikoari buruzko egoera zehaztu beharko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pH-a, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.

– Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta lanak egin aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horietan lortutako emaitzen arabera, uren kalitateari eragiten diola hautemanez gero, horren arrazoia identifikatu eta neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira (dekantazio-sistemen dimentsionamendua berraztertzea, ur-hesiaren egoera aztertzea eta abar).

Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:

– Proiektatutako jarduketek bat egiten dute Arriko enpresaren atzealdean eta hidrokarburoek kutsatuta dauden gainazaleko betelanekin. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, betelanetarako materiala hondakin gisa duen sailkapenaren arabera (EHZ 17 01 07 Hormigoi, adreilu, teila eta zeramikazko materialen nahasketak, 17 01 06 kodean zehaztutakoak ez direnak) baloriza daiteke, eta, material hori zabortegian uztekotan, materiala hondakin ez-arriskutsuen zabortegi batean kudeatu beharko da.

Edonola ere, kontuan izan beharko da, obrak egin bitartean, proiektuaren beste eremu batzuetan lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaiela, berehala, Asparreneko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Hauts-emisioak murrizteko neurriak:

– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta ukitutako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Obra-guneen irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ahal dela zirkuitu itxikoak, solido esekien karga handia duten urak ibaira ez isurtzeko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-fase osoan zehar.

– Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35. bis artikuluan aurreikusitakoa.

– Egunez bakarrik egingo da lan:

Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta arroka-soberakinak izango direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.

– Lehengoratze-lanak egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraituko zaio.

– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilgura solido-arrasteak ekiditeko, eta espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.

– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Lehengoratzean, ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin (hala nola budleia [Buddleja davidii], panpa-lezka [Cortaderia selloana], sasiakazia [Robinia pseudoacacia]) kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izan.

– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren okupazio-mugak eta makinen zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako baino eremu handiagoa.

– Interes handiko landaretza-eremuen (lizardi-haltzadia) gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.

Garbiketa eta obra bukatzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.

Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Asparrenean, Ametzagatik pasatzean, Arakil ibaiaren ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko Uraren Euskal Agentziak sustatutako proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urte igaro baino lehen. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala