
12. zk., 2026ko urtarrilaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 5 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
236
5/2025 FORU ARAUA, abenduaren 22koa, 2/2003ko martxoaren 17ko Gipuzkoako udal-barrutiak erregulatzen dituen Foru-Arauaren zenbait aldaketa onesten dituena.
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «5/2025 Foru Araua, abenduaren 22koa, 2/2003ko martxoaren 17ko Gipuzkoako udal-barrutiak erregulatzen dituen Foru-Arauaren zenbait aldaketa onesten dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2025eko abenduaren 22a.
Gipuzkoako diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
HITZAURREA
2003an onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako udal-barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 foru-araua, lurralde historikoko udal-barrutiak eta udalez gaindiko barrutiak arautzeko.
Foru-arau hori onartu zenetik ia bi hamarkada igarota, ordea, lurraldeko errealitatea aldatu egin da, eta eskari berriak iritsi dira Batzar Nagusi hauetara: Itsasorena eta Angiozarrena, adibidez. Foru-arau hori berrikusi eta errealitate berriei erantzuteko asmoz, 2021eko azaroaren 12an, hain zuzen, Gobernantza batzordeak honako erabaki hau hartu zuen: ponentzia bat sortzea, Gipuzkoako udal-barrutiak erregulatzen dituen foru-arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko helburuarekin. Lan hori eginda, 2022ko azaroaren 23an egindako bileran, 2/2003 foru-arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko ponentziaren txostena onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Ereñotzuko (2010), Itziarko (2015) eta Igeldoko (2025) udalen peko erakundeak eratu zireneko eskarmentua kontuan hartuta, Gipuzkoako interes orokorraren ikuspegitik, momentua da arauak eguneratzeko, hain garrantzizkoak diren ebazpenak juridikoko era seguruenean eta asmatuenean bideratu ahal izateko.
Aipaturiko eguneraketen artean, Itsaso herriaren kasua dago, zeina frankismoaren garaian anexionatu zen, 1965eko otsailaren 19an hain zuzen; 2016. urtean Diputatuen Kontseiluak udalerri berri gisa erdietsi bazuen ere, Estatuko Administrazioak inpugnatu egin zuen, eta ezabatua izan zen, Auzitegi Goreneko 1025/2020 epaiaren bitartez.
Testuinguru horretan, badaude historikoki ezaugarri bereziak dituzten biztanle-guneak ere, herri-nortasun juridikoa izateko baldintzak betetzen dituztenak ekonomia, lege, lurralde eta soziologia aldetik, eta hori lortu ezingo dutenak auzo-udal edo udal peko entitate gisa sortu ezean.
Hori guztia ikusirik, 2/2003 foru-arauaren aldaketa aurkezten dugu aipaturiko ponentziaren txostenak jasotako ondorioek isla izan dezaten eta foru-arau hori egungo behar zein errealitate instituzional berrietara egokitu dadin.
Artikulu bakarra.– Aldatzea martxoaren 17ko 2/2003 foru-araua, Gipuzkoako udal-barrutiak erregulatzen dituena.
Bat.– Honela idatzita geratuko da 8. artikuluaren 1. apartatuko b) letra:
«b) Interesatutako udalak edo udalek. Erabakia udalbatzarrak hartu beharko du, betiere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin.»
Bi.– Honela idatzita geratuko da 8. artikuluaren 2. apartatuko a) letra:
«a) Aldaketak udalaren edo ukitutako udalen hasierako erabakia, betiere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartua. Erabaki hori ez da beharrezkoa izango ekimena udalena beraiena bada».
Hiru.– Honela idatzita geratuko da 25 artikuluko 1. apartatuaren lehen paragrafoa:
«1.– Aurreko artikuluan aipatutako biztanle gune bananduek, ezaugarri bereziak dituztenek, udalerri batean edo gehiagotan kokatuta daudenek, udalez peko erakundeak eratu ahal izango dituzte.»
Lau.– Udalez peko erakundeak bete beharreko beharkizunak arautzen dituen 25. artikuluan apartatu berri bat sortuko da (4 zenbakiduna), honela idatzita geldituko dena:
«4.– Udalez peko erakunde bezala eratu ahal izateko eskatzen diren ezaugarri bereziak betetzen dituzten biztanle guneak, euren herritarren iritzia kontuan izan gabe mila bederatziehun eta hirurogeiko hamarkadan elkartu zituztenak, udal peko erakundeak sortzeko 25. artikuluaren 2. apartatuko a) letran eskatzen den biztanle kopuruaren beharkizuna betetzetik salbuetsita egongo dira».
Bost.– Honela idatzita geratuko da 26. artikuluko b) letra:
«b) Udalak edo dagozkien udalek, betiere, legezko udalkide kopuruaren gehiengo absolutuak aldeko botoa ematen badu».
Sei.– 26. artikuluari (ekimena arautzen duenari) letra bat gehitzen zaio ((c) izenduna), honela idatzita geldituko dena:
«c) Foru Aldunditik edo Batzar Nagusietatik abiatu ahal izango da, Gipuzkoako interes orokorrak hala eskatzen duenean».
Zazpi.– Honela idatzita geratuko da 27. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Ekimena auzotarrena denean eskaera aurkeztu behar dute udalaren edo udalen erregistroan. Eskaerarekin batera azalpen memoria bat aurkeztu behar dute, 25.1 artikuluan aipatzen diren arrazoietatik bat gutxienez zuritzeko».
Zortzi.– Honela idatzita geratuko da 28. artikulua:
«Behin ekimena hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, udalak, udalek edo auzotarrek horretarako izendatutako batzorde sustatzaileak azterketa bat egingo du, erakunde berria eratzea komeni den zehazteko. Azterketan honako hauek zuritu behar dira:
a) Biztanle gune banandua dagoela eta lurraldea mugaturik duela.
b) Interes bereziak edo ezberdinak dituela.
c) Interes horien kudeaketa deszentralizatuak auzotarrei onurak ekarriko dizkiela.
d) Udalez peko erakundeak izango dituen eskumenak.
e) Hala jasotzen bada, erakundearen aurrekontua hornituko duen zuzkidura ekonomikoa, udalek bere aurrekontuan xedatu beharko dutena, zehazteko formula.
f) Ondare banaketa.
g) Bere gain hartuko dituen zerbitzuak emateko bideragarritasun ekonomikoa.
h) Udalerriaren edo ukitutako udalerrien interes orokorrentzako kalterik eza».
Bederatzi.– Honela idatzita geldituko da 29. artikuluko a) letra:
«a) Udalaren edo ukitutako udalen hasierako erabakia, betiere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartua. Erabaki hori ez da beharrezkoa izango ekimena udalarena edo udalena beraiena bada».
Hamar.– Honela idatzita geldituko da 29. artikuluko b) letra:
«b) Formalizatutako espedientea jendaurrean erakutsiko da gutxienez hogeita hamar egunez, udaletxeko edo ukitutako udaletxeetako iragarki tauletan iragarkiak jarrita, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, gutxienez, udalerri horretan edo horietan zabalkunderik handienekoak diren egunkarietako batean argitaratuz».
Hamaika.– Honela idatzita geldituko da 29. artikuluko c) letra:
«c) Jendaurreko erakustaldia amaitu ondoren, udalak edo ukitutako udalek ostera erabakia hartu beharko dute, hasierako erabakirako eskatutako gehiengo berarekin. Erabaki horretan, erakunde berria eratzekoa bidezkoa den ala ez eta aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu. Erabaki hori jendaurreko erakustaldia amaitzen denetik hiru hilabeteko epean hartu behar du edo dute. Epe hori amaitzerako udalbatzarrak edo udalbatzarrek erabakirik hartu ez badute, erakundea eratzearen aldekoa dela ulertuko da».
Hamabi.– Honela idatzita geldituko da 29. artikuluko d) letra:
«d) Aurreko erabakia hartutakoan, Udalez peko Erakundearen oinarri izan behar duen lurraldeko hautesleen iritzi ez-loteslea jasoko du udalak edo jasoko dute ukitutako udalek kontsulta zuzenaren edo beste motaren batekoaren bitartez».
Hamahiru.– Honela idatzita geldituko da 29. artikuluko e) letra:
«e) Foru Arau honen 28. artikuluan aipatu dokumentuez osatutako espedientea izapidetzen amaitutakoan, espediente hori Foru Aldundiari bidaliko zaio; eta Foru Aldundiak honela jokatuko du: udal- edo auzo-ekimenez hasi bada, edo Foru Aldundiaren edo Batzar Nagusien ekimenez tramitazioan ukitutako udalik aurka azaldu gabe, Foru Aldundiak ebatziko du behin betiko espedientea foru dekretu bidez.
Espedientea Foru Aldundiaren edo Batzar Nagusien ekimenez hasi bada eta tramitazioan ukitutako udalerriren bat edo batzuk aurka azaldu badira, Foru Aldundiak dagokion erabaki-proposamena egin eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei helaraziko die, behin betiko ebazpena eman dezaten.»
Hamalau.– Honela idatzita geldituko da 31. artikuluko 1) apartatua:
«1.– Foru dekretua argitaratu ondoren, Gipuzkoako Udal Erakundeen Foru Erroldan jasoko da, eta udalerri interesdunei jakinaraziko zaie, bai eta Autonomia Erkidegoko eta Estatuko administrazioari ere».
Hamabost.– 31. artikuluan apartatu berri bat sortuko da (3 zenbakiduna), honela idatzita geldituko dena:
«3.– Udal ordezkarien hautaketatik bereizita hautatuko dira Tokiko Entitate Txikietako alkateak eta bokalak. Horretarako, udal hauteskundeen egunean, hautetsontzi bereizi bat jarriko da».
Hamasei.– 33. artikuluaren 2. apartatua ezabatu egingo da.
Hamazazpi.– Honela idatzita geldituko da 36. artikuluaren a) letra:
«a) Aldatzeko prozedura honela hasiko da: udalbatzarrak legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren alde emandako botoarekin edota auzo batzarrak hartutako erabakiz».
Hemezortzi.– Honela idatzita geldituko da 41. artikuluko a) letra (herriburua aldatzeko prozedura):
«a) Espedienteari ekiteko udalak hartutako erabakia, betiere, legezko kopuruaren gehiengo absolutuaren aldeko botoarekin hartua».
Hemeretzi.– Xedapen gehigarri berria gehituko da (3 zenbakiduna):
«Hirugarren xedapen gehigarria.
Historikoki auzo alkate, auzo batzar, antzeko organo edo udalerri independente bidez antolaketa eta ordezkaritza politikoko araubide berezia izan duten biztanle-gune bereizietan, ez da eskatuko foru arau honen 25. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako gutxieneko biztanle kopurua».
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean foru arau hau.
RSS